38. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ILTZARBE

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Iltzarbeko Kontzejuko Batzarrak, 2019ko uztailaren 25ean egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

2019ko 182. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 16an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iltzarben, 2020ko urtarrilaren 30ean.–Kontzejuko burua, Iñaki Yaben Amezqueta.

Iltzarbeko Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Kontzeju honen herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Hauek dira herri-lurretako ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, 280/1990 Foru Dekretuak onartutako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua, eta gainerako erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Herri-ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Iltzarbeko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den gisan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du, eta, hori baino lehen, Iltzarbeko Kontzejuak justifikatu beharko du dena delako xedea ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula jasoko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Iltzarbeko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Iltzarbeko Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen die pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dieten bestelako ekintzei.

8. artikulua. Iltzarbeko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Iltzarbeko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren finken hedadura soberakina dela-eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horiei buruzko erabakia.

10. artikulua. Iltzarbeko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarri bezala.

11. artikulua. Baimen, kontzesio edo beste edozein titulu dela-eta herri-ondasunen gainean sortu diren eskubideak iraungitzeko, eta haiek ekarritako okupazioak ere iraungitzeko, Iltzarbeko Kontzejuak beti erabiliko du administrazio bidea, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina emanen da edo ez, zuzenbideak ezartzen duena.

12. artikulua. Iltzarbeko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Iltzarbeko Kontzejuak herri-lurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da, legez zehaztuko den gisan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-larreen aprobetxamenduak.

b) Epaitzen aprobetxamenduak.

c) Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua.

1. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adin nagusikoa izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Iltzarbeko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urtebete.

c) Iltzarben urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Iltzarbeko Kontzejuan eta Ollarango Udalean ordaindu beharreko zergak ordainduak izatea.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherakoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Iltzarbeko Kontzejuak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

Herri-larreen aprobetxamenduak

16. artikulua. Iltzarbeko Kontzejuaren herri-lurretako larreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da, lehentasun ordena honi jarraikiz:

a) Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

1. ATALA

17. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa.

1. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nafarroako Gobernuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agerrarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

18. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan ematea edo lagatzea.

19. artikulua. Adjudikazioa 8 urterako izanen da. Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioaren bidez ez badira herri-larre guztiak adjudikatzen, soberan gelditu direnak enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, zortzi urteko eperako.

20. artikulua. Iltzarbeko Kontzejuak kalkulatu duenez, herri-larreetako hektarea bakoitzak jasan dezakeen abere-zama hau da:

–Ardi-aziendako 10 buru.

Honi dagokionez, Iltzarbeko Kontzejuak baliokidetza hauek egin ditu:

a) Zaldi-azienda bakoitzeko 8 ardi.

b) Behi-azienda bakoitzeko 8 ardi.

c) Ahuntz-azienda bakoitzeko ardi 1.

21. artikulua. Kontuan harturik jasan daitekeen abelburu kopurua, larreen kopurua eta kalitatea eta haien eskuragarritasuna, Kontzejuaren osoko bilkurak abelburuko kanona ezarriko du merkatuko prezioaren arabera. Nolanahi dela ere, bai abelburuko kanona, espezieen araberakoa, bai adjudikazio prezioa ez dira izanen larreen balio errealaren %80 baino txikiagoak, ezta haren %90 baino handiagoak ere.

22. artikulua. Adjudikazioaren prezioa lehen urtetik aurrera igoko da; horretarako, bizitza kostuaren igoera, onetsitako indize ofizialen araberakoa, gehituko zaio.

23. artikulua. Epe bakar batean ordainduko da urte bakoitzari dagokion kanonaren edo adjudikazioaren zenbatekoa, urte bakoitzeko azaroan.

24. artikulua. Onuradunak urteko prezioaren %10 jarri beharko du fidantza gisa, bost eguneko epean, adjudikazioaren egunetik hasita.

25. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, horrela egiaztatuko baita Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eta aplikatzen den gainerako araudian eskatzen diren baldintzak betetzen direla, eta foru lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak bete beharko ditu.

2. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

26. artikulua. Iltzarbeko Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu, eta Iltzarbeko Kontzejuaren iragarki-taulan iragarkia agertuta, 15 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

27. artikulua. Eskaerei honako alderdi hauei buruzko zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Iltzarbeko bizilaguna izatea eta Udalaren biztanleen erroldan bizilagun gisa iskribatua egotea.

b) Iltzarbeko Kontzejuarekiko eta Ollarango Udalarekiko zerga beharkizunak beteak izatea.

c) Abelburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria.

d) Osasun ziurtagiria.

e) Erabili nahi diren eremuen zerrenda ordenatua.

28. artikulua. Iltzarbeko Kontzejuak osoko bilkuran onetsiko du onartutakoen zerrenda. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da. Onartutakoen behin-behineko zerrenda Iltzarbeko Kontzejuaren iragarki-taulan jarriko da hamar egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da, besterik gabe.

29. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Iltzarbeko Kontzejuak horien gaineko ebazpena emanen du, eta behin betiko zerrenda onetsiko.

30. artikulua. Iltzarbeko Kontzejuak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, honako baldintza hauek kontuan harturik:

–Kontzeju guztia bazkaleku bakarra baita, bazkalekuak, hartzen ahal duten abelburu kargaren arabera adjudikatuko dira, abelburu kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean.

–Bazkaleku bat bera abeltzain bat baino gehiagori adjudikatzen ahal zaie, guztiek dituzten abelburuen kopurua bazkalekuak hartzen ahal duen kopurua baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan, kanona azienda buru bakoitzeko ezarriko da.

31. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan adjudikatuko dira 8 urterako, egungo araudia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez; orobat, Iltzarbeko Kontzejuak ezartzen dituen baldintzak beteko dira.

II. KAPITULUA

Epaitzen aprobetxamendua

32. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Iltzarbeko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

33. artikulua. Iltzarbeko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako. Nolanahi ere, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Legearen 163. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa bete beharko da.

34. artikulua. Egur epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

35. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du etxerako egurraren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona.

36. artikulua. Epaitzak hartutzat ematen dira:

a) Markaketa eremutik baztertuta daudenean.

b) Zatituta eta metatuta daudenean.

c) Ezin dira hondar horiek metatu bideetan, mendiko pistetan edota bertatik igarotzea galarazten duten tokietan; gainera, zehatz-mehatz bete beharko dira basozainek agindutako jarraibideak.

d) Epaitzak gehienez ere urtebetez uzten ahal dira mendian, zatituta eta metatuta.

e) Epaitzak ateratzean alanbre-hesiak hondatuz gero, konpondu egin beharko dira.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.

III. KAPITULUA

Herri-ondasunen bestelako aprobetxamenduak

37. artikulua. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, indarrean dagoen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta haren osagarri direnetan ezarritakoari segituz arautuko da.

38. artikulua. Iltzarbeko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza.

Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. TITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

39. artikulua.

1. Iltzarbeko Kontzejuak indarrik gabe uzten ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xede hau baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, laguntza eman dakien inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela frogatzen duten herritarrei.

2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

3. Kasu horietan, prozedura honi jarraituko zaio:

a) Iltzarbeko Kontzejuak hartutako erabakia, zeinak proiektua onetsiko baitu, eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.

b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuaren erabakia aurkeztutako alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

40. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondotik.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

41. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrendako aprobetxamendua.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

f) Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatua ez betetzea.

g) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

h) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo egintza oro.

42. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

Arau-hausteek berekin ekarriko dute ondoko hau: adjudikazioa galtzea, ezarritako fidantza galtzea (halakorik ezarri bazen), Iltzarbeko Kontzejuak zehazten duen kalte-ordaina, kaltea konpondu nahiz lehengoratzeko behar den kopurua kontuan izanik, deusetan galarazi gabe Nafarroako Gobernuko organo eskudunek jar ditzaketen zehapenak eta 200 eta 3.000 euro arteko zehapena.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2001571