37. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

49E/2020 EBAZPENA, otsailaren 7koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzetarako 2020ko gastua baimentzen duena. DDBN identifikazioa: 494339.

Azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enplegurako prestakuntza; lanbide orientazioa; enpresekin bitartekari eta aholkulari lanak egitea; lana aurkitzea; enplegua sustatzea; nork bere lana sortzeko eta ekintzailetzarako aholku ematea; lan sustapena; aukera berdintasuna eta laneratzea; eta enpleguaren egoeraren eta enplegu politiken azterketa Nafarroan; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko. Dirulaguntza horien oinarri arautzaileak 2020. urtea baino lehen onetsi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 1.650.000 euroko gastua baimentzea, 2020ra luzatutako 2019ko gastu-aurrekontuko “Enplegu autonomoa sustatzeko laguntzak. EGIF (E-18/000214-01 PEP elementua)” izeneko 950001 96100 4809 241107 partidaren kargura, enplegu autonomoa sustatzeko dirulaguntzak emateko. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen uztailaren 4ko 1365/2016 Ebazpenaren bidez onetsi ziren dirulaguntza horien oinarri arautzaileak (DDBN zenbakia: 494339).

2. Era berean, gehienez 750.000 euroko zenbateko gehigarria baimentzen ahalko da. Hori eraginkorra izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez berriz hastea ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.

3. 2019ko ekitaldian ebatzi gabe gelditu ziren eskaerei 2020ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzura igortzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 7an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2002004