36. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZANGOZA

Aldaketa, Merkataritza ez egonkorra arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Zangozako Udalak, 2019ko martxoaren 26an egindako osoko bilkura arruntean, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa egitea Merkataritza ez egonkorra arautzen duen ordenantzan.

Espedientea tramitatu zen bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin, kontuan izanik lege hori aldatzen duen 15/2002 Foru Legean onetsitako testu berria. Eta aintzat hartuz jendaurreko epean ez dela inolako erreklamaziorik aurkeztu, behin betikoa bilakatu da hasierako onespenaren erabakia.

Ordenantza horren testua osorik argitaratzen da, eta indarra hartuko du hamabost egun baliodun geroago; hori dena, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluarekin.

Zangozan, 2020ko otsailaren 3an.–Alkatea, Lucía Echegoyen Ojer.

UDAL ORDENANTZA, MERKATARITZA EZ EGONKORRA ARAUTZEN DUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da Zangozako udalerrian merkataritza ez egonkorra arautzea, horretarako erabiliz uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legeak Nafarroako toki entitateei aitortzen dizkien eskumenak (13/1989 Foru Legea, Merkataritza Ez Egonkorrari buruzkoa). Bereziki erabiltzen da foru lege horren 5. artikuluak entitate horiei aitortzen dien erregelamendu-ahala.

2. artikulua. Merkataritza ez egonkorraren definizioa.

Ordenantza honi dagokionez, merkataritza ez egonkorra da merkatariek egiten dutena ohiko saltoki egonkorretatik kanpo, instalazio desmuntagarrietan, aire zabalean, edo denda-ibilgailuetan, bat etorriz uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legearekin eta udal ordenantza honetan ezarritako baldintzekin.

3. artikulua. Produktu baimenduak eta osasun kontrola.

Ez da inola ere baimenik emanen produktu bat saltzeko baldin produktuaren araudiak debekatzen badu.

Halaber, debekaturik dago honako hauek saltzea: haragia, hegaztiak eta ehizaki freskoa, hotzetan nahiz izozturik, zezina, hestebeteak, urdaiazpikoa, arrautzak, arraina eta itsaski freskoak, hotzetan nahiz izozturik; esne ziurtatua, pasteurizatua eta esneki freskoak; pastel eta opil beteak nahiz apainduak; elikadurako pasta freskoak eta beteak; erdikontserbak; eta beren ezaugarri bereziengatik eta agintari eskudunen ustez osasun arriskua duten produktu guztiak.

Dena dela, baimena ematen ahalko da aurreko paragrafoan aipatutako produktuak saltzeko, baldin eta osasun agintari eskudunen ustez behar diren instalazioak badaude garraiatzeko eta hotzik edukitzeko.

Horretarako, frogatu beharko dira nahitaezkoak diren osasun baimenak edo bestelakoak. Osasun arloko agintari eskudunek begiratuko dute ea egokiak ote diren eskatzailearen garraioko instalazioak eta hozkailu-instalazioak, produktuek izan ditzaten behar bezalako baldintza higieniko-sanitarioak. Merkatariek aurkeztu beharko dituzte osasun arloko agintarien ustez egiaztapenerako behar diren agiri guztiak.

Salgaiak garraiatzeko ibilgailuek eta merkataritza ez egonkorra egiteko instalazioek bete beharko dituzte indarreko berariazko araudiak eskatutako segurtasun eta higiene baldintzak.

Zangozako Udalari dagokio udalerriko merkataritza ez egonkorraren arloan ikuskapena egitea eta zehapenak ezartzea, galarazi gabe beste administrazio batzuei esleitutako eskumenak.

Higiene eta osasun arloko arau-hausteak atzematen direnean, Zangozako Udalak horien berri eman beharko die berehala kasuan kasuko osasun arloko agintariei.

Oinarrizko arau gisa, elikagai guztiek berentzat ezarritako osasun arauak beteko dituzte, eta zenbait produktu nahitaez egonen dira ontzitan sartuta eta etiketatuta, araudiak hala eskatzen duenean.

Ikuskapen zerbitzuek salmentatik kenduko dituzte, edo, behar denean, konfiskatu, higiene eta osasun arloko araudia betetzen ez duten produktuak, honako hauei dagokienez: saltzeko baldintzak, biltegian gordetzeko baldintzak edo ibilgailuan garraiatzeko baldintzak. Neurri bera hartzen ahal da eskaintzekin edo produktuekin baldin ezin badira erabat identifikatu edo baldin badituzte hondatuta egotearen zantzuak.

Oro har, debekatuta dago etxeko eta/edo abeltzaintzako era guztietako abereak erakustea eta saltzea, salbu abenduaren 13ko 491/2013 Foru Aginduan jasota dauden kasuetan (abenduaren 13ko 491/2013 Foru Agindua, zeinaren bidez arautzen baitira abere lehiaketak eta beste abere topaketa batzuk). Halakoetan, eta aipatutako foru aginduari jarraikiz, Alkatetzak baimentzen ahalko du, aurretik txostena eginda Hirigintzako Batzordeak.

4. artikulua. Merkatarien betebeharrak.

Merkatari ez egonkorrek baldintza hauek bete beharko dituzte beti:

A) Alta emanik egotea merkataritza eta industria jardueren lizentzia fiskalean, egoki diren epigrafeetan.

B) Beterik izatea ogasun publikoarekiko zerga betebeharrak.

C) Alta emanik egotea Gizarte Segurantzan, bidezko den araubidean.

D) Udalaren baimena izatea; ikusgarri paratuko da saltokian, erosleen tokitik irakurtzeko moduan.

E) Nahitaezko baldintzak betetzea, ezartzen dituztenak osasungintzako arau teknikoek eta gainerako xedapen aplikagarriek, merkaturatzen diren produktuen gainean.

F) Atzerritarren kasuan, edukitzea egoitza baimena eta norberaren konturako langilearen baimena, indarreko araudiaren araberakoak.

G) Argi ikusteko moduko kartelen bidez kontsumitzaileari adieraztea zein diren salgaien ezkutuko fabrikazio edo produkzio akatsak, halakorik baldin badago.

H) Behar adinako dokumentazioa izatea, frogatzen dituena salgai jarritako produktuen jatorrizko marka eta jatorria.

I) Elikagaiak salduz gero, elikagaien manipulatzailearen txartela izatea, Nafarroako Gobernuaren zerbitzu teknikoek emana.

J) Esleitutako saltokia garbitzea behin jarduera bukaturik, Udalaren garbiketa zerbitzuei laguntzea saltokia desmuntatzean, eta garbiketa zerbitzuei lana erraztea.

K) Erantzukizun zibileko asegurua edukitzea, estaliko duena hirugarrenek izan dezaketen kaltea, baimendutako instalazioetan gerta daitezkeen ustekabeko arrazoi edo ezbeharrak direla eta. Gutxienez ere 100.000 euroko estaldura izanen du.

5. artikulua. Prezioak eta tasak.

Prezioak bat etorriko dira dagokien ordenantzarekin, zeinak arautzen baititu eremu publikoko zoruko aprobetxamendu berezietarako prezioak.

Baimena eskuratzeko, aurretik ordaindu beharko da egoki den tasa.

6. artikulua. Merkataritza ez egonkor motak.

Merkataritza ez egonkorra modu hauetakoa izaten ahal da:

A) Merkatu txikietako merkataritza, zehaztuta dituena maiztasuna eta tokiak.

B) Noizbehinkako merkataritza, jaietan eta ferietan.

C) Merkataritza ibiltaria denda-ibilgailuetan.

7. artikulua. Araudi sektoriala betetzea.

Merkatari baimenduek, beren agintaritza gauzatzean, errespetatu beharko dituzte merkataritza ez egonkorrean aplikatu beharreko araudi sektoriala, jarduera-arlo bakoitzari dagokion araudia, osasun araudia, produktu merkaturatuen ontziratzeari eta informazioari buruzkoa eta aplikatzekoa den gainerakoa.

II. TITULUA

Merkatu txikiak, zehaztuta dituztenak maiztasuna eta tokiak

I. KAPITULUA

Jardueran aritzeko baldintzak

8. artikulua. Egunak.

Oro har, merkatu txikietako salmenta ibiltaria eginen da ostiraletan, edo, ostirala jaieguna izanez gero, ostegunetan.

9. artikulua. Ordutegia.

8:00etatik 14:00etara izanen da salmentarako ordutegia. 7:30etik aurrera muntatu daitezke postuak, eta 14:30era desmuntatu; tokia posturik eta ibilgailurik gabe geldituko da.

10. artikulua. Tokia eta postuak.

A) Kokalekua:

1. Udalak erabakiko du non jarriko den merkatu txikia, kontuan harturik hirigintzako, osasuneko eta abarreko baldintzak eta beharrak.

2. Udaltzaingoak postu bakoitzerako ezarritako jarraibideekin bat, libre geldituko dira etxebizitzetarako, garajeetarako eta denda eta industrietarako sarbideak. Orobat, errespetatuko dira larrialdiko zerbitzuetarako ebakuazio bideak eta sarbideak, eta, orobat, errespetatuko da toki apropos bat oinezkoak normal ibil daitezen, bat etorriz Udaltzaingoak une oro ezartzen dituen segurtasun irizpideekin.

B) Postu kopurua:

1. Udalak zehaztuko du merkatu txikiko gehieneko postu kopurua, kontuan izanik esleitutako tokiaren ezaugarriak eta segurtasun, larrialdi eta ebakuazio irizpideak.

2. Udalak eskubidea du zenbait postu gordetzeko noizbehinkako jardueretarako, gehienez ere 4, bere produktuak saltzeko, eta/edo tokiko nekazarienak, elkarteenak eta elkarteenak, baldin salgai jarri nahi badituzte beren sasoiko produktuak edo bestelako salgaiak.

C) Postuen ezaugarriak:

1. Postuak gehienez 6 metro luze eta 2 metro zabal izanen dira; salbuespenez, baimendu daitezke beste neurri batzuetako postuak, baldin salmentak hala eskatzen badu.

2. Produktuen erakusmahaia gutxienez 80 zentimetroko garaieran jarriko da zoruarekiko, baldin produktuen bolumenak eta pisuak ahalbidetzen badute. Orobat, elikagaiak ezin izanen dira inola ere zuzenean zoruaren gainean paratu.

3. Debekaturik dago saltokietan megafonia eta musika jartzea eta baita soinu bidezko publizitate mezuak jaulkitzea ere. Hala ere, musika aparatuak saltzen direnetan megafonia instalazioak jar daitezke eta musika jaulki, baldin ez bada gainditzen udal ordenantzek eta indarreko araudiak musika sortzen den lekuan baimendutako gehieneko soinu maila.

4. Udalak hala nahi badu, zehazten ahal ditu merkatu txikiko saltokiek bete beharreko beharkizun estetikoak, eta, hala egiten badu, saltzeko baimena eskuratu dutenek beharkizun horiek bete beharko dituzte.

11. artikulua. Denbora, tokia edo kokalekua aldatzea.

Alkatetzak ahalmena du, Hirigintzako Batzordeak proposaturik, kapitulu honetan aipatutako edozein baldintza aldatzeko kasu jakin batzuetan, baldin eta inguruabar objektiboak badaude, loturik daudenak jaiegunekin, hirigintzako beharrekin, osasun arlokoekin, obren ondoriozkoekin, ibilgailuen zirkulazioaren antolamenduarekin, eta abarrekin.

Udalak, aldaketa behin betikoa eta denbora mugarik gabea denean, erabili beharko du ordenantzak aldatzeko prozedura.

II. KAPITULUA

Merkatu txikian saltzeko baimena

12. artikulua. Baimena eta eskumena.

Merkataritza ibiltarian aritzeko, Udalaren lizentzia beharko da. Alkatetzarena da eskumena banakako baimenak emateko, aurretik Hirigintzako Batzordeak txostena eginda.

13. artikulua. Baimenaren baldintzak.

A) Titulartasuna:

Banakako baimenak pertsonalak eta besterenezinak dira. Hala ere, titularra hiltzen denean edo lanerako ezintasun iraunkorra duenean edo erretiroa hartzen duenean, baimendu daiteke baimena lagatzea ezkontidearen alde, bikotekide egonkorraren alde edo bigarren mailara arteko ahaide baten alde (odolkidetasunekoa nahiz ezkontza bidezkoa izan). Titularraren egoera hori behar bezala frogatu beharko da, eta hilabeteko epean egin beharko zaio eskaera Udalari, gertaera jazotzen denetik. Lagapen-hartzaileak bete beharko ditu ordenantza honetan saltokien titularrentzat ezarritako baldintzak.

Lizentziaren titularrak ez badu jarduera gauzatzen lanerako ezintasun iragankorrean dagoelako edo oporretan, Udalak baimena eman dezake saltokia beste merkatari bati lagatzeko, gehienez ere 6 hilabeterako, lizentziaren titularrak eskaera egin ondotik. Postua aldi baterako lagatzeak titularra salbuesten du tasa ordaintzetik; lagapen-hartzaileak ordaindu beharko du postua erabiltzen duen aldiari dagokion tasa.

B) Indarraldia:

Baimenaren xede izan daiteke salmentan aritzea egun batez, sei hilabetez edo urtebetez.

C) Datuak:

Baimenean honako hauek adieraziko dira: titularra, indarraldia, saltokiaren neurriak, baldintzak, kokalekua eta salmentarako baimena duten produktuak.

D) Identifikazioa:

Udalak identifikaziorako txartel bat emanen dio baimendutako pertsonari. Txartel horrek agertuko ditu baimenaren funtsezko datuak, eta jarri beharko da bezeroek ikusteko moduan. Aipatutako agirian, agertu behar da zer helbidetan jasoko diren kontsumitzaileen erreklamazioak. Helbide hori bera azaldu beharko da fakturan edo salmentaren frogagirian.

14. artikulua. Eskaera.

Urtero 15 egun balioduneko epea irekiko da, merkatari interesdunek banakako baimenak eska ditzaten merkatu txikian salmentan aritzeko. Orobat, noiznahi eskatzen ahal dira baimenak baldin eta emanda daudenak gutxiago badira baimendu daitezkeenak baino, edo posturen bat hutsik gelditu bada.

15. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Eskatzaileek 1. eranskineko ereduaren arabera beteko dute eskabidea, eta honako agiri hauek aurkeztuko dituzte eskaerarekin batera:

A) NANaren fotokopia.

B) Udalaren ziurtagiria, frogatzen duena eskatzailea alta emanik dagoela merkataritza eta industria jardueren lizentzia fiskalean, behar diren epigrafeetan, eta zerga betebeharrak beterik dituela.

C) Ziurtagiri bat, erakusten duena alta emanik dagoela Gizarte Segurantzan, dagokion araubidean.

D) Atzerritarra baldin bada, hemen bizitzeko eta lan egiteko baimenaren fotokopia, edo izapidetzen ari dela frogatzen duen agiria.

2. Elikagaien manipulatzailearen txartelaren fotokopia, elikagaiak saltzen dituztenen kasuan. Merkatariek eskabidean adieraziko dute merkatu txikian zer produktu saltzeko baimena eskatzen duten.

3. Eskabidean, zehaztu beharko dira saltokiaren baldintzak eta ezaugarriak.

16. artikulua. Postuak esleitzeko irizpideak.

A) Bizilekua Udalerrian bertan duten merkatariek izanen dute lehentasuna.

B) Eskaera Udaleko Erregistroan noiz sartzen den, hurrenkera horren arabera banatuko dira saltokiak.

C) Aipatutako kasuetan baimena emateko, Udalak beti izanen du kontuan eskaintza askotarikoa izatearen irizpidea, antzeko produktuen saltokiak ez daitezen gehiegi izan, eta produktuen eskaintza orekatua izan dadin merkatuan. Baimenak eman aurretik, Alkatetzak ezarri beharko du irizpide hori, Hirigintzako Batzordeak txostena eman ondoren.

D) Urtean zehar libre gelditzen diren postuak zozketa bidez banatuko dira eskatzaileen artean, baldin urte horretarako epean eskaera aurkeztu badute eta ez badute saltokirik lortu. Zozketa horretan, bermatuko da salgaiak askotarikoak izatea.

E) Saltokiak partekatzen ahalko dira, bi merkatarik edo gehiagok hori eskatuz gero. Halakoetan, eskaeran adieraziko da saltokia aldizka erabiliko dutela, bakoitzari dagokion tasa ezartze aldera. Kasu guztietan, eskatzaileek bete beharko dituzte ordenantza honetan merkataritza ez egonkorra gauzatzeari buruz ezarritako baldintzak, eta aurkeztu beharko dituzte lizentzia edo baimena tramitatzeko eskatzen diren agiriak.

17. artikulua. Merkatarien kokapena.

Baimendutako merkatariek merkatuko zer toki zehatz hartuko duten ezartzeko, irizpide hauei jarraikiko zaie: baimenaren antzinatasuna, leku beharra, postuak hutsik egotea eta merkaturatzen diren produktuak.

18. artikulua. Merkatarien betebeharrak eta debekuak.

1. Betebeharrak:

Banakako baimenen titularrak, 4. artikuluko baldintzak betetzeaz gain, behartuta daude hauek ere betetzera:

A) Esleitutako saltokia arrunki erabiltzea. Merkatari bat ez bada merkatu txikira agertzen 20 egunez tartekatuta edo 10 egunez jarraian, Alkatetzak lizentzia kentzen ahal dio.

B) Salmenta orduetan saltokian egotea.

C) Jarduera bitartean, guztiz garbi edukitzea bai esleitutako postua bai erosleen azalera eta pisuen eta balantzen platertxoak. Orobat, garbi agertu beharko dute bai titularrak bai laguntzaileek.

2. Debekuak:

Debeku da:

A) Salgaiak saltoki bakoitzaren perimetro edo esparrutik kanpo hedatzea eta jendea ibiltzeko kaleetan pasabidea oztopatzea, horiek beti libre egon behar baitute bertatik pasatzeko.

B) Salgaiak edo ontziak ondoko postuak ezkutatzeko moduan jartzea.

C) Jendearentzako eremuetan edozein eratako hondakinak botatzea.

D) Postua hirugarrenei lagatzea, aldez aurretik udal baimenik izan gabe.

E) Esleitutako postuaren ordez beste bat okupatzea.

F) Behar den ordenaren eta txukuntasunaren kontrakoa den oro.

III. TITULUA

Noizbehinkako merkataritza, jaietan eta ferietan

19. artikulua. Baimena eta baldintzak.

Jaiak eta feriak direla-eta egiten den salmenta ibiltaria arautuko da indarreko xedapenen arabera, eta Alkatetzak emanen ditu baimenak, Hirigintzako Batzordeak txostena eman ondoren.

Udalak garaiz onetsiko ditu salmentarako baldintzak. Zehatz-mehatz, honako hauek ezarriko ditu: merkatarien kokalekua, salmentarako orduak, saltokien gehieneko kopurua eta horiek zer baldintza bete behar dituzten.

20. artikulua. Baldintzak, produktuak eta postuak.

Herriko jaietan eta ferietan salmentan aritzen diren merkatariek bete beharko dituzte ordenantza honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak.

Halaber, debekaturik dago 3. artikuluan aipatutako produktuak saltzea, baina saltzaileak eska dezake haietarako baimen berariazkoa. Saltzen diren produktuak baimengarriak baldin badira, baimen hori eman baino lehen merkatariak osasun agintari eskudunei frogatu beharko die badituela produktuak garraiatzeko eta hotzean edukitzeko instalazio egokiak.

Orobat, merkatariek bete beharko dute 10. artikuluan ezarritakoa, betiere Alkatetzak, Hirigintzako Batzordeak txostena egin ondoren, ez baditu bestelako irizpide batzuk ezartzen.

21. artikulua. Eskaera eta dokumentazioa.

Baimen eskaerak Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, gutxienez ere feria edo festa hasi baino 20 egun lehenago. Eskatzaileek aurkeztu beharko dute 15. artikuluan adierazitako dokumentazioa eskaerarekin batera.

Feriak edo festak irauten duen bitartean baizik ez dute balioko baimenek, eta 16. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituko diete.

Ematekoak diren lizentzien kopurua mugatzen bada, zozketaz adjudikatuko dira, baldin eskaera kopurua handiagoa bada lizentziena baino.

IV. TITULUA

Merkataritza ibiltaria denda-ibilgailuetan

22. artikulua. Baimena eta baldintzak.

Alkatetzaren eskumena da merkataritza egitea denda-ibilgailuetan, Hirigintzako Batzordeak txostena egin ondoren. Baimenak zehaztu beharko ditu salmentarako ordutegia eta ibilgailua jartzeko lekua edo lekuak.

Merkatariaren eskaerari erantsi beharko zaizkio 15. artikuluan aipatzen diren agiriak.

23. artikulua. Baldintzak, produktuak eta postuak.

Denda-ibilgailuko merkatariek une oro bete beharko dituzte 4. artikuluan ezarritako baldintzak.

Baldin saltzen diren produktuak 3. artikuluan aipatu direnetakoak badira, baimena izan dezaketenak alegia, baimen hori eman baino lehen merkatariak osasun agintari eskudunei frogatu beharko die badituela produktuak garraiatzeko eta hotzean edukitzeko instalazio egokiak.

Orobat, bete beharko da 10. artikuluko A.2, C.3 eta C.4 apartatuetan ezarritakoa. Nolanahi ere, Alkatetzak, Hirigintzako Batzordeak txostena egin ondoren, bestelako irizpide batzuk ere ezar ditzake.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

24. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

A) Ez betetzea Alkatetzaren baimeneko baldintzaren bat.

B) Ez betetzea 13/1989 Foru Legearen aginduak edo ordenantza honek jasotakoak, salbu ez-betetzea sarturik badago arau-hausteen beste bi kategorietako batean.

25. artikulua. Arau-hauste astunak.

Honako hauek dira arau-hauste astunak:

A) Arau-hauste arinetan berrerortzea.

B) Ez betetzea saltzen diren produktuen araudiak eskatutako baldintzak.

C) Udaleko agintari, funtzionario edo agenteei, beren eginkizunak betetzen ari direnean, argibideak ez ematea edo men ez egitea, baita argibide okerrak edo gezurrezko dokumentazioa ematea ere.

26. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Hauek dira arau-hauste oso astunak:

A) Arau-hauste astunetan berrerortzea.

B) Udalaren baimenik ez izatea.

C) Lanean ari direnean, Udal agintariei edo funtzionarioei aurre egitea, edo haiek hertsatzea edo mehatxatzea.

27. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak zehatzen ahal dira ohartarazpenarekin edo 150 euro arteko isunarekin.

Arau-hauste astunak zehatzen ahal dira 151 eurotik 600 euro arteko isunarekin.

Arau-hauste oso astunak zehatzen ahal dira 601 eurotik 3.000 euro arteko isunarekin, eta, zein den kasua, saltzeko baimena aldi baterako kenduko da, edo baliorik gabe utziko.

Zuhurtziazko neurri gisa, salgaiak atzematen ahal dira, baldin haiek ikuskatu ondoren uste bada ez dituztela betetzen merkaturatzeko behar diren baldintzak; halakoetan, konfiskatu eginen dira, baldin agintari eskudunaren ustez osasunarentzat arriskua badakarte, edo merkatariak ez badu produktua saltzeko behar den baimenik.

28. artikulua. Zehapen prozedura.

Prozedurari dagokionez, espedienteek jarraituko diote indarreko xedapen administratiboetan ezarritakoari.

VI. TITULUA

Alderdi fiskalak

29. artikulua. Tasak.

Zerga-egitate dira ordenantza honetan aipatutako udal lizentzietatik edozein eskuratzea eta eremu publikoa okupatzea, eta udal tasa ordaindu beharko da, bat etorriz dagokien ordenantzarekin, zeinak arautzen baititu eremu publikoko zoruko aprobetxamendu berezietarako prezioak.

Baimena eskuratzeko, aurretik behar den tasa ordaindu beharko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza hau izateak ez du Udala behartzen nahitaez baimentzera bertan arautzen diren salmenta motak.

Bigarrena.–Behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hartuko du indarra ordenantza honek.

1. ERANSKINA

Baimena eskatzeko eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2001688