34. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2019ko abenduaren 27an hartua, zeinaren bidez onesten baita Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, zortasun aeronautikoei eta 4. fasearen berrantolamenduari dagokienez, Noain Elortzibarko udal-mugartean. Aldaketaren sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa da.

I.–Aldaketaren xedea eta aurrekariak

Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 31n hartutako Erabakiaren bidez (2018ko 227. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 23koa), tramitatzen hasi eta jendaurrean jarri zen Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, zortasun aeronautikoei eta 4. fasearen berrantolamenduari dagokienez, Noain Elortzibarko udal-mugartean, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatuta.

Aldaketaren xedea da Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren oharrak kontuan hartzea eta Iruñeko aireportuaren zortasun aeronautikoak gehitzea UPSari, batetik, eta bestetik, 4. fasearen antolamendua aldatzea, eremu hori konplexutasun funtzional handiagoko gune bihurtzeko.

4. fasearen berrantolamendurako arrazoia da lurzati handiko jarduera logistikoetarako tokia izateko beharra, eta horretarako argudio nagusia da Iruñerrian ez dagoela lurzati handiko nabearen tipologia eskaintzen duen eremu planifikaturik. Horrekin batera, argudiatzen da pabiloi modularraren tipologia aurreikusirik dagoela gaur egun 4. faserako, baina 3. fasean badela horrelako tipologia horretako lurzoru urbanizatua oraindik erabili gabe (91.600 m² inguru), eta Iruñeko Garraioaren Hiri osoan ez dagoela aurreikusirik tamaina handiko eskaera logistikoari erantzuteko moduko lurzatirik. Horren ondorioa da proposatutako lurzati logistikoa 4. fasean sartzeak aberasten duela Garraioaren Hiriko lurzati logistikoen eskaintza.

Helburu horrekin proposatzen da antolamendu berri bat 4. faserako, erabilera logistikorako neurri handiko lurzatiak, 25.000 m²-tik gorakoak, eskura jartzeko; “ekipamendu” eta “azpiegitura” erabilera toleratua izanen da fase honetako lurzatien azaleraren % 40an, eta desagertuko dira bide guztiak eta komunitate-ekipamenduko toki sistemarako zen lurzati pribatua, indarreko antolamenduan aurreikusitakoak. Horrenbestez, fase honen ondorioz ateratzen diren lurzatiek 2. eta 3. faseetan dauden bideetatik izanen dituzte sarrera-irteerak.

Horrez gain, proposatzen da fase horretan kentzea eremu intermodala eta aurrekoarekin lotutako eremu logistiko intermodala, Iruña aldean intermodalitatea txertatzeko ikerketa batean zalantzan jartzen delako Garraioaren Hirian nodo intermodala exekutatzeko beharra, ikusita zer distantzia dagoen Noaingo Gune Logistikora, zer potentzial duen, zenbat eskatzen duten zerbitzu hori Nafarroako enpresek eta Garraioaren Hirian aurreikusitakoaren muga operatiboak eta teknikoak.

4. faseko lurzatietan erabilera toleratu berriak ezartzeko arrazoia da, hain zuzen, “eskualde mailako zuzkidurek eta azpiegiturek tokia izan dezaten, gehienetan arazoak izan baitira horiek ezartzeko beste toki batzuetan, azalera handiak behar dituztelako.” Testuinguru horretan, aipatzen da Garraioaren Hiriak ezaugarri egokiak dituela eskualde mailako ezarpen mota honetarako, bere kokapena, kanpoko saretik duen irisgarritasuna, jarduera nagusia eta bertako azpiegituren gaitasuna direla eta.

Aldaketa honek 8 urteko gehieneko epea proposatzen du 4. faseko lagapen, berdinbanaketa eta urbanizazio arloetako betebeharrak betetzeko.

II.–Jendaurreko aldia eta entzunaldia emateko aldia

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 45. artikuluarekin bat, espedientea jendaurrean izan da hogeita hamar egunean eta, aldi berean, entzunaldia eman zaio Noain Elortzibarko Udalari. Tramite horietan 11 alegazio-idazki jaso dira. Hona hemen horien edukia eta eman zaien erantzuna:

II.1.–Alberto Ilundain Avellanedak, Noain Elortzibarko Udaleko alkate udalburuak, udalaren izenean aurkeztutako alegazio-idazkia.

2018ko abenduaren 10ean bederatzi alegazio aurkeztu zituen idazki batean, banan-banan ematen direnak, erantzunekin batera:

II.1.1.–1.1 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Idazkian adierazten denez, irizten da arbitrariotasuna dagoela aurkeztutako aldaketan, interes partikularren alde egiten delako, administrazioak planeamenduari eman dion helburuak interes orokorra izan behar badu ere. Horri buruzko jurisprudentzia aipatzen da.

Idazkiak adierazten du ezen, jurisprudentziarekin bat, motibazioak eta justifikazioak aukera ematen dutela diskrezionaltasuna eta arbitrariotasuna bereizteko.

Alde horretatik, ez du zalantzan jartzen eskaera zehatz bati erantzuteko lurzati handiagoak egokitzearen justifikazioa, baina, esaten duenez, “itxurakeria” da, “orok jakina baita” helburu nagusia dela hondakinak tratatzeko instalazio bat paratzea, baina hori ez dela aipatu ere egiten jendaurrean jarritako dokumentazioan. Hori esateko argudio gisa idazkiak aipatzen du Nasuvinsak, jarduketaren sustatzaileak, akordioa lortu duela Iruñerriko Mankomunitatearekin lurzati bat sal diezaion eremu horretan, hondakinak tratatzeko instalazio bat jartzeko, baina eremuko planeamenduak ez duela gaur egun erabilera hori baimentzen. Horregatik, iruditzen zaio horixe dela aldaketaren xede nagusia, irabazi asmoa duen interes bati erantzunez. Haren iritziz, agirian ez da erabilera hori baimendu edo toleratu gisa ezartzen, aitzitik, “mozorrotzen du”, “zerbitzu publikorako zuzkidura” gisa.

Horrez gain, argudiatzen du Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia espedientean abstenitu izanak ere, 242/2018 Foru Aginduaren bidez, erakusten duela aldaketa tramitatzen ari dela instalazio horren ezarpena ahalbidetzeko eta salmenta kontratu formalizatua gauzatu ahal izateko. Horretaz ez da ezer aipatzen jendaurrean jarritako agirian, eta, alegatzailearen iritziz, ez aipatzeak berekin dakar tramitazioa bertan behera utzi beharra, bestela egitea “botere desbideratzea eta gehiegikeria” litzatekeelako.

Erantzuna:

Dokumentuak arrazoitzen eta justifikatzen du egokia dela aldaketa, lurzati handiko jarduera logistikoek tokia izan dezaten bertan, eta bestelako erabilerak onartzen dira lurzati tipologia honetan. Sustatzaileak osatu du justifikazio hori esanez Iruñerrian ez dagoela inolako eremu planifikaturik, lurzati handiko nabe tipologia hori eskaintzen duenik. Horrekin batera, beste argudio bat da gaur egun pabiloi modularraren tipologia aurreikusirik dagoela 4. faserako, baina 3. fasean badela horrelako tipologiarako lurzoru urbanizatua oraindik erabili gabe (91.600 m² inguru). Hori dela eta, sustatzaileak dio, horrenbestez, 4. fasean proposatutako lurzati logistiko mota hori gehitzeak aberasten duela Garraio Hiriko lurzati logistikoen eskaintza. Uler daiteke justifikazio horiek, erabaki honen I. atalean jaso direnak eta Garraio Zuzendaritza Nagusiak berretsiak Nafarroako Estrategia Logistikoa kontuan hartuz, arrazoizko antolaketan oinarrituta daudela eta bat datozela lurzoruaren okupazioaren eta erabileraren interes orokorrarekin.

Alegazioan aipatzen den hitzarmena ez da tramitatzen ari den espedientearen parte, ez dago harekin lotuta. Aldaketaren justifikazioa ez da horretan oinarritzen, lehen aipatutako hirigintzaren arloko arrazoi objektiboetan baizik. Espediente honen xedea ez da jarduera zehatz bat ezartzea, zeina, kasua bada, nahitaezko lizentzia tramitatzean aztertuko baita.

Erabilerei dagokienez, sustatzaileak osatu du aldaketaren testua alegazioa kontuan hartuz. “Xedea” eta “deskribapena” izeneko ataletan erabilera toleratu berriak gehitu ditu, baita haien justifikazioa ere. Bestalde, “araudian” aldatu du “zerbitzu publikorako zuzkidura” izendapena, haren ordez “ekipamendua” eta “azpiegiturak” jartzeko, eta kontzeptu horietan sartzen diren erabilerak zehaztu ditu, adibidez, instalazio handiak behar dituzten zerbitzu urbanoak.

Dokumentuari gehitu zaio erabilera toleratu horiek gehitzeko justifikazioa. Justifikazioaren oinarrian dago ahalbidetzea lurzati handiko ekipamendu eta/edo azpiegitura erabileraren ezarpena, horretarako eskaera egonez gero, eta horrela erantzuna ematea eskualde mailako balizko eskaerei.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren 242/2018 Foru Aginduaren bidez onartzen da Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren abstentzioa eta, halaber, bere gain hartzen ditu Iruñerriko Mankomunitatearen hondakinak tratatzeko instalazioa Noain Elortzibarren jartzeko baimena emateko prozedurari dagozkion eskumenak. Hondakinak tratatzeko instalaziorako baimena emateko prozedura hori, nolanahi ere, ez dago lotuta aldaketa honen xedearekin eta, edozein kasutan ere, ondorengo onespenarekin. Aldaketa honen xedea den plangintza onesteak aukera ematen du alegatutako jarduera eremu horretan sartzeko, bai eta beste batzuk ere, lurzorurako aurreikusitako erabileraren erregulazioarekin bat datozenak.

Alegazioa partez baiestea proposatzen da.

II.1.2.–1.2 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegazioan aipatzen da motibazioa eta justifikazioa ez direla aski erabilera toleratuak gehitzeari dagokionez, ez baitago osatuta eta ez datorrelako bat egiazko helburuarekin, hau da, “zerbitzu publikorako zuzkidura” kontzeptuaren barruan ahalbidetzea tratamendu planta bertan kokatzea, erabilera toleratuen bidez. Berak dioenez, jurisprudentziarekin bat, motibazioa funtsezkoa da, eta aski eta kalitatezkoa izan behar du.

Alde horretatik, alegatzailearen iritziz, behar diren motibazio eta justifikazio falta hori gertatzen da hondakin instalazioa ezartzeko aukerari dagokionez ez ezik ezarritako determinazio berriei dagokienez ere. Adibide gisa aipatzen du ez duela askitzat jotzen “ekipamenduko tokiko sistema” izateko gunea kendu izanaren justifikazioa, are gutxiago esanez erabilera hori duten lurzatiak daudela hutsik 3. fasean, zeina, berak dioenez, Nasuvinsak ez baitu oraindik urbanizatzen bukatu.

Idazkian adierazten da ez dela nahikotzat jotzen “zerbitzu publikorako zuzkidurako” erabilera gehitzearen justifikazioa, eta esaten du ez dela justifikatzen zergatik den % 40koa tolerantziako gehieneko portzentajea.

Alegatzailearen iritziz kontraesana da aldaketa berak, batetik, kentzea lurzatia tokiko sistemarako lagatzea, eta bestetik, ahalbidetzea erabilera hori toleratu gisa ezartzea, baina lurzati pribatuan. Bere iritziz, justifikazioa ez da nahikoa, eta horrek eragozten du espedientearen tramitazioak aurrera egitea.

Justifikazioa arbitrariotasunik ez egiteko funtsezkoa dela dio.

Erantzuna:

Aldaketaren motibazioari eta justifikazioari dagokienez, eta zehazki, erabilera toleratu berriak sartzeaz, 1.1 alegazioari emandako erantzunera jo.

“Komunitate-ekipamenduko tokiko sistema” erabilera kentzearen justifikazioa agirian jasota dago, zehazki proposamenen justifikazioari buruzko atalean: 7.5.–Proposatutako antolamendua: zuzkidura publikoetarako lurzoru erreserbak betetzea. Justifikazio horren oinarrian dago legeriak ez duela inolako estandarrik ezartzen erabilera honetarako, eta ezartzen du antolamendu xehaturako tresnak finkatuko duela lagapenaren zenbatekoa modu justifikatuan. Testuinguru honetan, enpresa sustatzaileak justifikatzen du lurzatien tamaina handiak bide ematen duela bertan ezartzen diren enpresek beren zuzkidura beharrak, halakorik izanez gero, lurzatian bertan betetzeko. Horregatik ez dute zuzkidurako lurzatirik planteatu 4. fasearen antolamendu berrian.

Bestalde, aipatzen den kontraesanaz esan beharra dago alegazioaren xede den lurzatia, komunitate-ekipamenduko tokiko sistema-zerbitzu eremua, egun 4. fasean aurreikusita dagoena, kontuan hartzen dela estandarren ondorioetarako (erabilera anitzeko ekipamendua), baina hirigintzako aprobetxamendua duenez, ez da lagapen lurzorua, alegazioan esaten den bezala.

Erabilera toleratuaren gaineko gehieneko portzentajearen gainean, sustatzaileak haren justifikazioa gehitu du, adieraziz % 40ko portzentajea egokitzat jotzen dela erabilera horiekin lotutako balizko eskaerari erantzuteko, kontuan hartuta haren izaera eta zer esparru funtzionaletan kokatuko den (lurzati handiko eremu logistikoa). Bestalde, sustatzaileak dio % 50etik gorako portzentajea jartzeak justifikatuko lukeela erabilera nagusi gisa hartzea, toleratu gisa hartu beharrean, eta aipatutakoa baino portzentaje txikiagoa jartzeak, berriz, planteatutako antolamendua eragingabea bihur lezakeela azalera handiak behar dituzten ekipamendu eta azpiegitura erabilera horiek hartzeko.

Azkenik, bidezkoa da gogoratzea aipatutako justifikazio guztiak Garraio Zuzendaritza Nagusiak berretsi dituela Nafarroako Estrategia Logistikoa kontuan hartuta. Alegazioa partez baiestea proposatzen da.

II.1.3.–1.3 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegatzailearen iritziz, esparruaren izaera logistikoa baldintzatu eta murriztuko litzateke toleratzen bada azaleraren % 40 beste erabilera baterako izatea. Halere, uste du aldaketak planteatzen duen izaera logistikoa mantentzeko moduak gune publikoak murriztea dakarrela.

Alegazioak adierazten du bide publikoak kentzen direla, baina esparruaren funtzionamendu egokirako beharrezkoak izanen direla barneko bide pribatuak, eta horrek lagapen eta mantentze arazoak ekarriko dituela. Bideez gain, adierazten du UPSaren arabera azpiegituretarako eta erabilera anitzeko ekipamendurako erabili beharreko tokia desagertuko dela.

Erantzuna:

Erabilera logistikoa da oraindik ere UPSaren industria lurzatietako erabilera onargarri nagusia, eta beraz, UPSaren esparru horren izaera logistikoa bere horretan dago. Testuinguru horretan, planteatzen diren aldaketa nagusiak hauek dira: tipologia logistikoarena, “maklako eraikuntza” izatetik “lurzati handia” izatera pasatzekoa, eta erabilera logistiko intermodalaren desagerpena. Nafarroako Estrategia Logistikoa kontuan hartuta, aldaketa horien aldeko txostena egin du Garraio Zuzendaritza Nagusiak.

Planteatutako antolamendua planteatutako aldaketak aintzat hartuta diseinatu da. Antolamendu berri honetan bide sistema ez da behar gaur egun aurreikusita dagoen bezala, eta, espazio publikoen aurreikuspenak murrizten baditu ere, indarreko legeetan eskatzen diren zuzkidura erreserbak errespetatzen ditu (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 55. artikulua).

Bestalde, alegazioa kontuan hartuz eta barneko bideen beharra saihesteko, araudiaren 40. artikuluan sustatzaileak eskatzen du lurzatiak izatea 90 metroko gutxieneko aurrealdea eta 25.000 m²-ko gutxieneko azalera. Testuinguru honetan gogoratu behar da ezen, indarreko legeriak eskatu bezala, lurzati guztiek sarbidea izan behar dutela bide publikotik, orubetzat hartzeko eta eraikigarriak izateko. Bestetik, dokumentazio grafikoan jasotzen da orientabide gisa (marra jarraigabeak) partzelazio posible bat, ortogonala bide sistemarekiko, bide berririk edo barruko biderik beharko ez duena.

Azpiegituretarako lurzoruaren azalera murrizteari dagokionez, esan daiteke ezen, Sustapen Ministerioak trenbide adarrari buruz emandako txostenaren ondorioz, hura sartu dela berriz eremuaren antolamenduan eta horregatik ez da murrizketa hori gertatuko azkenean.

Zuzkidurako lurzatia kentzeari dagokionez, 1.2 alegazioari emandako erantzunera jo. Alegazioa partez baiestea proposatzen da.

II.1.4.–1.4 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

“Zerbitzu publikorako zuzkidurakoa” delako kontzeptu orokorra zehaztugabea dela aipatzen du, hasierako onespenaren agirian ez baitzen sartu zerrenda bat, zehazteko zein diren kontzeptu horretan onar daitezkeen erabilerak, aldi berean erabilera logistikoarekin batera era egokian betetzeko modukoak ingurumen arrazoiengatik, arrazoi sektorialengatik eta bestelakoengatik. Zuzkidurako lurzatien erabilerak zehazteko beharra aipatzen duten epaien berri ematen du. Alegatzaileak uste du zerbitzu publikoaren bokazioa zuzkiduraren kontzeptuan inplizitu dagoela, eta hori beti saiatzen dela herritarrei zerbitzuak ematen, horiek ematen dituena edozein dela ere; beraz, ez du zehazten zer zuzkidura-erabilera eman dakiokeen.

Erantzuna:

“Zerbitzu publikorako zuzkidurakoa” izeneko kontzeptu orokorraren zehaztugabetasunari dagokionez, eta kontzeptuaren barruan zer erabilera diren onargarriak zehaztu beharrari dagokionez, 1.1 alegazioari emandako erantzunera jo.

Beste alde batetik, bidezkoa da gogoratzea espediente honek badituela txosten sektorialak eta dagokion ingurumen tramitea ere, eta bertan aztertzen direla proposamena eta proposatzen diren erabilera berrietarako egon daitezkeen baldintzak. Esparrua behin urbanizatu ondoren, jarduera zehatz bat ezartzeko aukera edo baldintzak (ingurumenekoak, sektorialak, etab.) aztertuko dira nahitaezkoak diren lizentziak edo baimenak tramitatzean.

Alegazioa partez baiestea proposatzen da.

II.1.5.–1.5 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegatzen da aireportuaren hurbiltasunaren ondorioz erabilera jakin batzuk ezartzeko muga, plangintza zortasunekin osatzea ekarriko lukeena, eta aireportu-segurtasunari buruzko legeriarekin eta jarraibideekin talka egin lezaketen erabilerak debekatzea; horien artean zabortegiak eta erraustegiak aipatzen dira.

Erantzuna:

Agirian jasota daude zortasun aeronautikoei dagokien araudi aplikagarriak dakartzan determinazioak. Determinazio horiek ez dituzte erabilera zehatzak mugatzen, eraikinen edo jardueren altuerei, ezaugarriei edo funtzionamendu baldintzei dagozkien jarduerak mugatzeko zortasunen ingurukoak baitira. Espedientean Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak, hau da, arlo honetako erakunde eskudunak, emandako aldeko txostena dago.

Jarduera zehatz baten ezarpena aztertuko da nahitaezko lizentziak edo baimenak tramitatzean.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.1.6.–1.6 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegatzen da okerrak gertatu direla partaidetza prozesuan, informazio osatugabea edo partziala jasotzen baita, eta horrek egiazko partaidetza eraginkorra eragozten duenez, planeamendua deuseztatzeko arrazoia izan daiteke, alegatzailearen iritziz.

Adierazten du partaidetza prozesuan ez zela behin ere islatu azaleraren % 40an erabilera toleratu gisa “zerbitzu publikorako zuzkidurakoa” sartzeko aukera, ez eta azalera hori hondakin instalazio bat ezarriz osorik beteko zela ere. Adierazten du jendaurrean jarritako partaidetzako agiriaren edukian ez direla gai guztiak jasotzen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7. artikuluarekin bat, ez baitu inolako aipamenik egiten bideragarritasunari eta jasangarritasun ekonomikoari buruzko memoriaz ezta alternatiben balorazioaz ere.

Erantzuna:

Espedientean berariazko agiri bat dago egindako partaidetza publikoaren prozesuari buruz. Agiri horretan prozesua deskribatzen da eta azaltzen da ezen, aldaketaren tramitazio administratiboaren aurreko prozesu bat denez, jendaurrean jarritakoa proposamen “orokor eta doi bat zehaztuaren” ezaugarri orokorrak izan zirela, “identifikatutako eragileen herritar-partaidetza irekia hasieratik ahalbidetzearren”. Horrez gain aipatzen da “tramitera aurkeztuko den hirigintza tresnak informazio elaboratuagoa eta zehatzagoa bilduko duela eta kontsultarako eskura izanen dela arauzko jendaurreko epean, zeinean parte hartzen ahalko baitute.”

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7. artikuluarekin bat, lurraldearen antolamenduko eta hirigintzako tresnen partaidetza prozesuek kontsulta izaera dute eta tresna horiek hasiera batez onetsi aurrekoak dira. Ohikoena da haien tramitazio administratiboan zehar tresna horiek osatzea partaidetza prozesuan jarritako dokumentazioan ez zeuden edukiekin, eta horrek ez du nahitaez eragiten aldaketaren deuseztasuna.

Partaidetza prozesuan jarritako edukiari dagokionez, sustatzaileak dio aldaketaren helburua dela Garraioaren Hiriaren 4. fasea berrantolatzea azalera handiko lurzatiak lortzeko, proposamena justifikatuta dagoela eskaerari eta bideragarritasun ekonomikoari dagokienez, eta alternatiba hori baloratu zela, esparruaren egungo antolaketaren gainetik. Beste gai batzuk, kokapena, adibidez, ez daudenez auzitan, ez zen beste alternatibarik planteatu.

Bestalde, agirian jasota dauden prozesuaren ondorioetatik azkenean aipatzen da “garraioarekin loturiko elkarte batzuk ez daude ados 4. fasean garraioarekin loturarik ez duten enpresei bertan instalatzeko baimena ematearekin.” Sustatzailearen ustez, horrek esan nahi du fase horretan jakin zitekeela beste erabilera toleratu batzuetarako aukera bazela, nahiz eta partaidetza prozesuan jarritako dokumentazioan ez ageri, alegatzaileak dioenez.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.1.7.–1.7 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Jasangarritasun Ekonomikoari buruzko Memoriaren edukia ez dela nahikoa alegatzen da, jarduketak Toki Administrazioaren Ogasunean duen eraginaren berri eman behar duelako, eta, alegazio egilearen iritziz, ordea, aurkeztutako memoriak ez du inongo zenbakirik edo kalkulurik ekartzen, eta aurreikusitako antolamendua positibotzat baloratu besterik ez du egiten.

Erantzuna:

Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bateginaren arabera (7/2015 Legegintzako Errege Dekretua), “hirigintza eraldaketarako jarduketak antolatzeko tresnetan jaso beharko da jasangarritasun ekonomikoari buruzko txosten edo memoria bat; bertan ponderatuko da, bereziki, beharrezko azpiegiturak ezarri eta mantentzeak edo zerbitzuak abian jarri eta emateak ukitutako ogasun publikoetan jarduketak duen eragina; orobat baloratuko da produkzio erabileretarako lurzorua nahikoa eta egokia ote den”.

Aldaketaren Jasangarritasun Ekonomikoari buruzko Memoriak aztertzen ditu jarduketak izan ditzakeen kostuak, urbanizazioaren mantentze eta kontserbazio zerbitzuak emateak ekar ditzakeenak, kontuan hartuta ez dela aurreikusten zuzkidura publikoetan inbertsiorik egitea. Kasu honetan, memoriaren 5.6.2 atalak (jasangarritasun ekonomikoa) dioenez, dagoeneko urbanizatuta dauden faseetan bezala, kontserbazioa eta mantentzea jabeek ordaintzen dituzte, eta beraz ez dute zuzeneko eraginik Ogasunean. Jasotzen den inpaktu bakarra da zergek, tasek edo tributuek ekarriko dituzten sarrerak.

Halere, urbanizazioaren kontserbazio eta mantentze zerbitzuak esparruko jabeen kargu izatea nahi bada, berariaz eskatu beharko da UPSan kontserbazio erakunde bat eratzea, erabaki honen V. atalean adierazten den bezala.

Erakunde horren kontserbazio betebeharrak hartzen duen aldia amaitzen bada, osatu beharko da memoriaren 5.6.2 atala (proposamenaren jasangarritasun ekonomikoa), 4. faseko urbanizazioaren kontserbazio eta mantentzea egiteko kostuen kalkuluarekin.

Horiek horrela, alegazioa partez baiestea proposatzen da.

II.1.8.–1.8 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegazio honen arabera, espedienteari gehitutako txosten sektorialek ez diete erantzuten “antolamendurako garrantzi handikoak” diren zenbait alderdiri eta ez du horiei buruzko informaziorik ematen. Ingurumen txostena aipatzen du, bertan esaten baita “proposatutako aldaketak ez duela ekarriko ukipen berririk ingurumenari eta paisaiari dagozkien balioetan...”, bai eta herri-lanetako txostena ere, zeinak ez baitu baloratzen hondakinak tratatzeko instalazio batek trafikoan ekar dezakeen ukipena. Era berean, aipatzen du ez dagoela aireportuen arloko eskumena duen ezein erakundek emandako txostenik, nahiz eta, alegatzailearen iritziz, txosten hori beharrezkoa izan hasierako onespena eman aurretik, indarreko legeriari jarraikiz.

Erantzuna:

Espedientean dauden txostenak eman dituzten erakunde sektorialek baloratu ahal izan dute espedientea, proposatutako erabilera araubidea kontuan hartuz; araubide horren arabera, alegatzaileak aipatzen duen jardueraz gain beste batzuek ere izan dezakete tokia. Aurreko guztiak ez du galarazten jarduera zehatzak ezartzeko nahitaezkoak diren txosten sektorialak egitea, horiek eragiten dituzten ukipenak baloratzekoak (ingurumenekoak, trafikokoak, azpiegituretakoak...).

Ingurumen txostenari dagokionez, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak adierazi duenez, “espediente honen xede den aldaketa txikia da, irizten baitio ez dituela aldatzen planaren ezaugarriak, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarrita dagoen bezala. Barne-antolamendu berria finkatzea du xede, hirigintza-antolamendu egituratzaile eta xehatuari dagozkion determinazio batzuk aldatuz.

Kasu honetan, barne-antolamendu berria dakarren aldaketa bat denez, UPSaren esparrua erabilera industrial orokorreko lurzoru urbanizagarri gisa mantentzen duena, bidezkoa da ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren menpe jartzea.

Etorkizuneko balizko erabilerak ez dira tramitazio honen xede. Tramitatzen ari den espedientean egun onartuta dagoen UPSaren barne-espazioaren antolaketaren aldaketa bat baizik ez da aipatzen, bertan jarduera logistiko orokorrek tokia izan dezaten eta etorkizuneko erabilerak zehaztu gabe.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak argi eta zehatz adierazten du, 13. artikuluko 1. puntuan, plan edo programa baten ingurumen ebaluazio estrategikoa eginda ere, haren ondoriozko proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluazioa ere egin beharko dela. Horrenbestez, planaren aldaketa garatzeko etor litezkeen proiektuak modu egokian ebaluatu beharko dira proiektuaren baimenerako tramitazio substantiboan, betiere behin ezagututa haien izaera, ezaugarriak, emisio gaitasuna eta abar.

Esandakoa ikusirik, UPSa aldatzeko espedientea ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren menpe jarri da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.”

Azkenik, aipatu behar da espedientean dagoela Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak 2019ko urtarrilaren 23an emandako aldeko txostena, hasierako onespena eman aurretik eskatu zena, 584/1972 Dekretuaren 29.2 artikuluarekin bat, zehazki 2018ko irailaren 24an.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.1.9.–1.9 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Idazkian jasotako azken alegazio gisa gai hauek sartzen dira:

1.9.1.–Alegatzaileak auzitan jartzen du ez justifikatzea 2. faseko jabari publikoko berdegunea murriztu eta azalera hori 4. fasean lurzoru pribatu gisa sartu izana.

1.9.2.–Aurreikusitako antolamenduaz alegazioak ohartarazten du antolamendu desordenaturako arriskua dagoela, tarteko partzelaziorik ez dagoelako, eta horrek ekar ditzake kudeaketa arazoak, barneko bideak eta banantze desordenatuak.

1.9.3.–Alegazioak adierazten du berdeguneak ez direla handitu, 2. fasetik datozenek izaera publikoa galtzen dutelako, eta beste eremu batzuk, berriz, berdegune gisa “margotuta” ageri direnak, aldi baterako direlako, etorkizunean lur horietan trenbide adar bat jartzen ahalko baita.

1.9.4.–Zortasun aeronautikoak gehitzeari dagokionez, jendaurrean jarri den agiriak 2012ko txosten bat sartu, besterik ez du egiten. Aldaketak txosten horren ondoriozko gaiak ere jaso behar ditu.

Erantzuna:

1.9.1.–Ohartarazi behar da alegazioan aipatzen den 2. faseko berdegunearen azalera tokiz aldatzea aurreikusirik dagoela Garraioaren Hiria handitzeko indarreko UPSan. Eremu horri dagozkion determinazioak mantentzen dira, salbu eta tokiz aldatzea antolamendu berria kontuan hartuta, baina kopurua ez da aldatzen eta 4. faseko lurzati pribatuak ez dira kontatzen lagapenaren ondorioetarako. Beraz ezin da ados egon alegatzaileak azaleraren murrizketaz eta 4. fasean lurzoru pribatu gisa sartzeaz dioenarekin.

Okerreko interpretazio hori etorri da beharbada O.2 planoaren (kudeaketa esparrua) irakurketatik. Plano horretan jasotzen da dagoeneko onarturik dagoen 4. fasearen kudeaketa, eta espediente honek ez duenez inolako aldaketarik planteatzen kudeaketa horretan, plano informatibotzat hartu beharko da hemendik aurrera.

1.9.2.–1.3 alegazioari emandako erantzunera jo.

1.9.3.–Agiriak justifikatzen du betetzen direla legezko eskakizunak eremu libre publikoetarako (berdeguneak) lurzoru-erreserbei dagokienez, eta horretarako ez dela kontatzen 2. fasetik datorren lurzorua, lurzoru publikotarako lehengoratzen baita, ez eta etorkizunean azpiegituretarako erabil litekeen lurzorua ere. Nolanahi ere, haren azalera berdeguneek guztira duten azaleran sartzen da, bere xedeagatik.

1.9.4.–Jendaurrean jarritako agiriak, zortasun aeronautikoei dagokienez, UPSari gehitu beharreko artikulu berri bat eta zenbait plano jasotzen zituen, alegazioan aipatzen den Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren txostenarekin bat etorrita. 2019ko urtarrilaren 23an, Sustapen Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena eman zuen, araudiaz egiten diren aipamenak eguneratzeko gomendioarekin, 297/2013 Errege Dekretuak egindako aldaketei jarraikiz.

Sustatzaileak zortasun aeronautikoen erregulazioa eta txosten horren gomendioak erantsi dizkio agiriari.

Alegazioa hein batean baiesten da.

II.2.–2. alegazio-idazkia, Francisco Galán Soralucek aurkeztua.

2018ko abenduaren 16an sei alegazio aurkeztu zituen idazki batean, banan-banan ematen direnak, erantzunekin batera:

II.2.1.–2.1 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Aldaketa hau tramitatzeko benetako arrazoiak ezbaian jartzen ditu, haren ustez ez baitira benetan hirigintza arlokoak, halakoak izan beharko luketen arren, enpresarialak baizik, Iruñerriko Mankomunitateak “ingurumen zentro” bat ezartzeari erreferentzia eginez. Berak dioenez, Kontuen Ganberaren txosten batean eta Nafarroako Gobernuko lehendakariordearen adierazpen batzuetan ikusi du helburu hori dagoela, eta horregatik uste du alegatzaileak partaidetza prozesuak erantzuten ziola aintzat hartu gogo zen ekimen horri, eta akastuna zela horregatik.

Interesdunaren iritziz, Nasuvinsak, Mankomunitatearekin izenpetu duen lurzati-erreserbako kontratu bat dela eta, prezioa eta jasan beharko dituen urbanizazio kostuak adostuta, aldaketa honen bidez gauzatzen ahalko du salerosketako kontratu bat mankomunitate horrekin, eta etekina lortu.

Alegatzailearen iritziz, aldaketaren tramitaziorako beste arrazoi bat da “ingurumen zentro” hori ez kokatzea Gongorako zabortegiaren esparruan, baina hala egitea, bere ustez, logikoagoa eta ekonomikoki bideragarriagoa litzateke.

Amaitzeko, adierazten du hirigintzaren xedeak interes orokorra izan behar duela, eta, emandako arrazoiak tarteko, alegatzaileak uste du aldaketaren xedeak beste interes batzuei erantzuten diela eta, beraz, erabat deuseza dela.

Erantzuna:

Gogoratu behar da tramitazioan dagoen planeamenduaren helburua dela antolamendu berri bat ezartzea, tamaina handiko lurzatiekin, bai eta lurzoruaren edo antolamendutik sortzen diren lurzatien erabileraren erregulazioa ere. Planeamendu horren xedea ez da jarduera zehatz baten ezarpena baloratzea, hori ezarri aurretik eginen baita baimen edo lizentziak eskuratzeko nahitaezko tramiteetan (obra, jarduera eta irekitzekoak), eragindako ukipen sektorialak (ingurumenekoak, trafikokoak, azpiegituretakoak) eta kasu bakoitzean aplikatu beharreko legeria kontuan hartuz.

Gainerako alegazioen kasuan 1.1 alegazioari emandako erantzunera jo.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.2.2.–2.2 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegatzailearen iritziz indarreko UPSan egiten den aldaketa nagusia da “zerbitzu publikorako zuzkidurako” erabilera toleratua gehitzea. Erabilera hori, bere iritziz, bateraezina litzateke Garraioaren Hiria funtzionamenduan jarriz bete nahi ziren helburuekin eta erabilera logistiko nagusiarekin. Hori dela-eta aipatzen du zuzkidurako erabilerak garraioarekin lotutako zerbitzu publikoko jarduera bat izan beharko lukeela.

Berak dioenez, ordea, ezarri gogo den “ingurumen zentroko” jarduera ez da halabeharrez ekimen publikoko jarduera bat, pribatua ere izan liteke, eta beraz ulertzen du ez dela zuzkidurakoa.

Erantzuna:

Esparruaren izaera logistikoan duen eraginari, erabilera toleratuak gehitzearen justifikazioari eta “ingurumen zentro” bat ezartzeari dagokienez, 1.3 eta 1.1 alegazioei emandako erantzunetara jo.

Bestalde, esan beharra dago ezen, aldaketak proposatzen duen xedea zabalagoa bada ere, beharrezkoa balitz azalera handia behar duen zuzkidurako erabilera bat, garraioarekin lotua, proposatutako erabilera araubideak ahalbidetzen duela erabilera hori.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.2.3.–2.3 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegazioan esaten da funtsezko desberdintasunak daudela partaidetza prozesuan jarritako gaien, partaidetza publikoaren prozesuan lortutako ondorioen eta jendaurrean jarritako agiriaren artean. Zehazki aipatzen du jendaurrean jarritako dokumentazioan “zerbitzu publikorako zuzkidurako” erabilera ageri dela, eta ez zaiola erantzun ondorioetan ageri den ekarpen bati, alegia, garraioarekin lotutako elkarte batzuk ez daudela ados garraioarekin loturarik ez duten enpresak eremu horretan jartzearekin. Alegatzailearen ustetan justifikatu beharra dago kontuan ez hartzea partaidetza prozesuak ekarritako ondorioak.

Horregatik guztiagatik uste du bi aukera daudela, partaidetza prozesua errepikatzea erabilera hori ere sartuta edo, bestela, aldaketa erabat ezdeusa izatea, partaidetza prozesuan jarritako helburuen eta prozesu horretako ondorioen kontrakoa delako.

Erantzuna:

Partaidetza prozesuak ekarritako ondorioen eta aldaketaren edukiaren arteko desberdintasunei dagokienez, 1.6 alegazioari emandako erantzunera jo.

Esan behar da ezen, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7. artikuluarekin bat, sustatzaileak sartu dituela aurkeztutako azken dokumentazioan partaidetza prozesuan baloratutako ondorioak, zeinak behin betiko agirian sartu beharko baitira.

Garraioarekin loturarik ez duten erabilera toleratuak sartzeko justifikazioari dagokionez, 1.1 alegazioari emandako erantzunera jo.

Alegazioa partez baiestea proposatzen da.

II.2.4.–2.4 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak adierazten du aldaketan ez dela zehaztu zein den erabilera toleratuetarako homogeneizazio koefizientea. Haren iritziz, zuzkidurako erabilerak ezin du garraioarekin lotutako erabilera baten koefiziente bera izan, irabazizko etekina txikiagoa izanen baita.

Erantzuna:

Ez da bidezkoa aplikatzea erabilera nagusiarena ez den erabileren homogeneizazio koefiziente bat, lurzatiei erabilera nagusiak eta irabazizko balio handiena duenak ematen dielako hirigintza aprobetxamendua. “Gehieneko tolerantzia araubidea” ezartzeak ez du esan nahi nahitaez erabilera toleratu horiek izanen dituenik, ezpada lurzoruari erabilera horiek ematen ahalko zaizkiola, proportzio zehatz batean. Nolanahi ere, lurzatien eraikigarritasuna mugatuta dagoenez eta zuzkidurako erabilera irabazizkoa izanik ere garraioarekin lotutakoa baino txikiagoa denez, aprobetxamendua txikiagoa izanen da beti.

Bestalde, esan behar da sustatzaileak, kontuan hartuta alegazio hori eta espediente honen tramitazioari hasiera eman zion erabakia, atal bat gehitu duela, aldaketak eragiten duen erabileren homogeneizazio koefizientearen justifikazioa biltzen duena.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.2.5.–2.5 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak adierazten du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren txostenaren edukia, aldaketarekin batera jendaurrean egon dena, ez dela nahikoa, iruditzen zaiolako eskatu beharrekoa dela, kasu honetan, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren proiektuaren memoria bat, tramitean dagoen aldaketaren garrantzia ikusirik. Horretarako argudiatzen du ez dela aldaketa txikia, esparrua aldatu eta ahalbidetzen duelako ingurumen ukipen nabarmenak ekar ditzaketen jarduerak ezartzea.

Alegazioak beste ohar batzuk gehitzen ditu, ingurumen zentroa jartzeak etorkizunean enpresak bertan ezartzeko ekar ditzakeen kalteei buruzkoak.

Erantzuna:

Lehengo eta behin aipatu behar da akats bat dagoela alegazioan jaso den arauaren erreferentzian, planen eta programen ingurumen arloko ebaluazioan erreferentziako araudia Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea delako. Arau hori eman zen Konstituzioaren 149.1.23 artikuluaren babesean, zeinak Estatuari ematen baitio ingurumenaren babesari buruzko oinarrizko legeriaren gaineko erabateko eskumena; beraz, bertan ezarritakoari kontrajartzen zaizkion edo haren aurkakoak diren gai guztiak indargabetuta daudela ulertu behar da. Lege horren xedapen indargabetzaileak ezartzen du xedapen horren lehen atalean aurreikusitako arauak, oinarrizko arauak diren aldetik eta autonomia erkidegoei dagokienez, indargabetuko direla, betiere, urtebeteko epean lege horrek indarra hartzen duenetik hasita. Horrenbestez, azaldutakoa ikusirik, ingurumen ebaluazioaren arloan aplikatzekoa da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea.

Hizpide dugun aldaketa ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazioaren esparruan dago, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoarekin bat. Espedienteak bete behar duen ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren tramitazioak zorrotz bete du prozedura, arestian aipatutako arauaren 29. artikuluan eta hurrengoetan jasotzen den moduan.

Hortaz, kasu honetan ez da aplikatzekoa Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen 31. eta 38.1 artikuluetan xedatutakoa, alegazioan aipatzen dena.

UPSaren aldaketa txikia den edo ez, eta lehen alegazioan adierazi den bezala, espediente honen xede den UPSaren aldaketa “aldaketa txikitzat” hartu da; izan ere, ez ditu planaren ezaugarriak aldatzen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarrita dagoen bezala. Barne-antolamendu berria finkatzea du xede, hirigintza-antolamendu egituratzaile eta xehatuari dagozkion determinazio batzuk aldatuz. UPSaren esparruaren sailkapena ez da aldatzen: lurzoru urbanizagarria, industriarako erabilera globala duena.

Gunerako proposatutako antolamendu berrian ezar daitekeen jarduera zehatz bat tramitatzeko betebeharrari dagokionez, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak argi eta zehatz adierazten du 13.1 artikuluan plan edo programa baten ingurumen ebaluazio estrategikoa eginda ere, haien ondoriozko proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluazioa ere egin beharko dela, haien baimen substantiboa tramitatu ondoren. Gauzak horrela, planaren aldaketatik etor litezkeen proiektuek ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren tramitea bete beharko dute, hala adierazten badu indarreko legeriak, proiektu horiek baimentzeko prozedura substantiboaren barruan, betiere behin ezagutu ondoren haien izaera, ezaugarriak, emisio gaitasuna eta abar. Orduantxe ebaluatuko dira behar bezala ingurumenean dituzten ondorioak.

Ondorio gisa esan daiteke ingurumen prozedura egoki tramitatu dela, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Ingurumen arloko organoak egindako ohar horiek kontuan hartuta, alegazioa ezestea proposatzen da.

II.2.6.–2.6 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegazioan aipatzen da Jasangarritasun Ekonomikoaren Memorian ez dagoela azterketarik hirigintza jarduketa honek enpresa pribatuan nahiz administrazio publikoetan izanen dituen eragin positibo eta negatiboei buruz. Beharrezkotzat jotzen du jarduketak urbanizazioaren mantentze-lanak egiten dituen enpresari ekarriko dion eragin ekonomikoa aztertzea, bai eta funtsak lortzeko modua eta gainerako jabeen kostuetan eraginik izanen ote duen ere.

Dioenez, 7/2015 Legegintzako Errege-dekretuaren 22.4 artikuluan “bereziki” ogasun publikoen gaineko eragina aipatzen bada ere, ez du besterik baztertzen.

Interesdunaren iritziz, eremuan jartzen den jarduera zein den, udalerrirako etekin ekonomikoa aldatuko da, eta beraz banaka aztertu beharko da.

Aurreko guztiagatik espedientea ezin dela onartu adierazten du, alegatzailearen oharren arabera ez datorrelako bat indarreko lege araudiarekin.

Erantzuna:

Jasangarritasun ekonomikoaren memoriaren edukiari dagokionez, 1.7 alegazioari emandako erantzunera jo.

Enpresa pribatuen gaineko eraginaren azterketaz, berriz, esan behar da Lurzoruari buruzko 8/2007 Legeak sartu zuela jasangarritasun ekonomikoa hirigintzaren arloan, helburu batekin, alegia, hirigintza eraldaketako jarduketek ukitutako ogasun publikoetan duten eragina kalkulatzeko, kontuan hartuta toki ogasunak beharturik daudela zerbitzu publikoak ematera eta horiek eta urbanizazioak mantentzera udalaren diru-sarrerak baliatuz. Sustapen Ministerioak argitaratutako “Jasangarritasun Ekonomikoaren Txostena egiteko Gida Metodologikoa” izenekoan azaltzen da helburu hori. Beraz, jabeen edo enpresa partikularren gaineko ukipena ez da jasangarritasun ekonomikoaren txostenaren xedea.

Alegazioa partez baiestea proposatzen da.

II.3.–3. alegazio-idazkia, Elena Artica Rubiok aurkeztua.

2018ko abenduaren 21ean alegazio bakar bat aurkeztu zuen; hona erantzuna:

Edukiaren laburpena:

Alegazioa Talluntxe errekaren gaineko egungo ukipenari eta etorkizunean gertatuko denari buruzkoa da, 3. eta 4. faseetan hurrenez hurren.

Alegatzailearen oharrek azaltzen dute erreka horren ingurumen balioa, eta neurriak proposatzen dituzte haren kontserbazioa eta leheneratzea egiteko, erreka horretan, 3. faseari dagokion tartean, errealitate fisikoak izan duen aldaketa oneratzeko; izan ere, tarte horretan erreka kanalizaturik dago hormigoizko ezponda batean.

Erantzuna:

Alegazio honen edukiaz jakinarazten da ingurumen txosten estrategikoak, beste ohar batzuen artean, behartzen duela sustatzailea urbanizazio proiektuan sartzera berariazko proiektu bat, Talluntxe erreka leheneratzeko Garraioaren Hiriaren 4. fasearen esparruan barna egiten duen ibilbide osoan.

Erreka 3. fasean leheneratzeari dagokionez, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren tramitean egindako ingurumen txosten estrategikoan jaso da, determinazioen artean, erreka horren tarteko ur-bazterrak bertako ur-ibilguetan berezkoak diren espeziekin landareztatzeko betebeharra, hala xedatzen baita Nafarroako Gobernuaren 2006ko otsailaren 27ko Erabakian, Iruñeko Garraio Hiria SA handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketarako espedientea onetsi zuen hartan.

Alegazioa partez baiestea proposatzen da.

II.4.–4. alegazio-idazkia, Mikel Gotzon Saralegui Otsakarrek aurkeztua Sustrai Erakuntza Fundazioa ordezkatuz.

2019ko urtarrilaren 8an zazpi alegazio aurkeztu zituen idazki batean, banan-banan ematen direnak, erantzunekin batera:

II.4.1.–4.1 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Fundazio interesdun horrek eskatzen du, aldaketaren justifikazioa behar bezala ezagutzeko, eskuratzea aldaketan berean aipatzen den agiria, Garraioaren Hiria trenbide adar baten bidez egungo trenbide sarearekin, zehazki Noaingo salgaien geltokiarekin, lotuta egoteko aukera kentzea justifikatzen duena. Haren iritziz, agiri hori jendaurrean jarritako dokumentazioan sartu arte ezin da aldaketa egin.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazten du ezen, jendaurrean jarritako agirian aipatzen den bezala, ADIFen azterketa bat dela eta ezin zaiola inori eman haren baimenik gabe. Halere, agiri horren ondorioak jasota daude Garraio Zuzendaritza Nagusiaren txostenean, erabaki honen III.5 atalean (Garraio Zuzendaritza Nagusia) kopiatuta dagoen horretan.

Esan beharra dago alegazioan aipatzen denaz, hau da, aukera hori kentzeaz, 2018ko azaroaren 12an horren aldeko txostena eman zuela trenbideen arloko organo eskudunak, Sustapen Ministerioko Azpiegituren Idazkaritza Nagusiak alegia, honakoa adieraziz: “... Intermodalitatea Iruñean Sartzeari buruzko Proiektuaren Jarduketa Proposamenean, igorritako UPSaren aldaketan aipatzen den horretan, jasotzen da Garraioaren Hiria berrantolatzeko ideia bera, aurreikusitako gune intermodala kenduz. Aipatutako proposamenean aipatzen da Noaingo terminalak, Garraioaren Hiritik 4-5 kilometrora dagoenak eta errepidez zuzeneko sarbidea duenak, erabilera apala duela, daukan edukieratik oso urrun, eta azalera handia duela erabilgai; horrez gain, potentzial handia du merkatuaren eskaera berrietara moldatzeko, bai bere trenbide-instalazio teknikoen egokitasunagatik (zabalera bikoitza, bidearen 750 metro arteko luzera erabilgarriak, etab.) bai dituen espazioengatik eta kudeaketarako eredu lehiakorragoa ezartzeko aukeragatik “.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.4.2.–4.2 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegazioan azaltzen da 4.1 alegazioan aipatzen den agiritik ez dela ondorioztatzen eremu intermodala nahitaez kenduko dela.

Horrez gain, adierazten du 2018ko martxoan, Nafarroako Gobernuaren Estrategia Logistikoa aurkeztu zenean, intermodalitatearen garrantzia nabarmendu zela. Estrategia hori garatzeko lan ildoek ere trenbidearen eta eremu logistikoen arteko loturak integratu eta hobetzera jotzen dute, eta programatutako plangintzan nodo intermodal bat zegoen aurreikusita Iruñerako.

Alegatzaileak dio “Iruñerriko trenbide sarearen azterketa informatiboa” izenekoan ere sartuta dagoela eta beharrezkotzat jotzen dela trenbidez lotzea industrialdeak eta eremu logistikoak, eta Garraioaren Hiria aipatzen du. Proposatutako aldaketa gauzatuz gero lotura intermodala egitea ezinezkoa litzatekeela dio. Horrez gain, aipatzen du ez dagoela ados AHTaren trenbide ereduarekin, azterketa horretan aipatzen baita haren ezarpena.

Erantzuna:

Alegazio honetan, batetik, aurrekoari (4.1) emandako erantzunera, eta, bestetik, erabaki honen III.5 atalean jaso den garraioei buruzko txostenera jo.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.4.3.–4.3 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegazioaren egilea den fundazioaren iritziz, agirian esaten denaz bestaldera, LAP3k berresten du beharrezkoa dela loturak estutzea eremu logistikoen eta salgaien geltokiaren artean, eta intermodalitatea sustatzeko helburua aipatzen du, baina hori, alegatzailearen iritziz, posible izanen da soilik trenbide konexioa baldin badago.

Aipatzen du ez dela eraginkorra zama-lanak bietan egitea, Garraioaren Hiriaren eta Noainen, eta ez lukeela beteko LAPen helburu hau: “eraginkortasun eza eta bikoizteak saihestea”.

Erantzuna:

Eremu logistikoetarako LAP3k ezartzen dituen irizpide eta determinazioetan (62. eta 63. artikuluak) intermodalitatea aipatzen da, alegatzaileak dioen bezala, baina ez da berariaz aipatzen non bideratu behar den. Edonola ere, LAPak adierazten du bere proposamenak oinarrituta daudela Nafarroako eremu logistikoen eta intermodalitatearen plan estrategikoan edo hura eguneratuko duten etorkizuneko ereduetan.

Intermodalitatea Garraioaren Hirian jarri ordez Noainen jartzeak dituen abantailei dagokienez, 4.1 eta 4.2 alegazioei emandako erantzunera jo.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.4.4.–4.4 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Fundazio interesdunak aipatzen du aldaketak justifikatzen duela eremu intermodala kentzea garraioaren hiriaren eta salgaien geltokiaren artean dagoen distantzia txikiagatik eta errepide bidezko loturagatik, bai eta Noaingo geltokiko azpiegiturak Garraioaren Hiriaren 4. fasean eraiki litezkeenak baino hobeki egokituta daudelako ere.

Alegatzailearen iritziz, hain zuzen ere hurbiltasuna aurreikusitako trenbide adarra eraikitzeko arrazoi bat da, sistema eraginkorra lortzeko. Lotura hori kamioiak kargatuz egiteko zailtasunak erakargarritasuna kenduko lioke trenbideko garraioari.

Orobat dio Garraioaren Hiriko eremu intermodala handitu litekeela beharrezkoa balitz. Ez dago ados etorkizunean trenbideko korridorea berdegunean zehar eta eremu intermodala Garraioaren Hiriaren ondoko lurretan jartzeko soluzioarekin, epeei dagokionez luze joko lukeelako eta soluzioa urgente samarra delako, bere iritziz.

Ez dute baliozkotzat jotzen, halaber, egungo erreserbak eremu intermodala ezartzeko behar diren baldintzak ez dituela betetzen esatea, zeren, bere kokapenari esker, aukera egonen litzatekeelako beti trenbidea ekialderantz luzatzeko.

Erantzuna:

Alegazio honen kasuan erabaki honen III.5 atalean jaso den garraioei buruzko txostenera jo.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.4.5.–4.5 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Aldaketak argudiatzen du Nafarroan AHT ezartzeko erabakiaren eraginez zaila dela garraioaren hiria nazioarteko trenbide zabaleran lotzea. Interesdunak horri buruz dio zaila dela trenbide berean bateragarri egitea tren azkarrak eta geldiak, bidaiarien eta salgaien trenak, eta Nafarroan berariazko oztopoak daudela salgaiak garraiatzeko nazioarteko zabalera duten trenbideetan barna penintsulako beste toki batzuetara.

Alegazioa aurkeztu duen fundazioaren iritziz, egungo trena hobetzea merkeagoa da eta ingurumena gehiago errespetatzen du, eta adierazten du Tren Publiko eta Soziala deritzon proposamen bat aurkeztua duela, Noainen eta Garraioaren Hiriaren arteko trenbide lotura barne hartzen duena.

Erantzuna:

Alegazio honek ez du zerikusirik tramitatzen ari den UPSaren aldaketaren xedearekin. Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.4.6.–4.6 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Klima aldaketa eta erregai fosilen amaiera direla-eta beharrezkoa da trenbideko salgaien garraioa sustatzea lehenbailehen, “Nafarroan Klima Aldaketarako Ibilbide Orria” izenekoan ezarritako helburuekin bat.

Alegazioaren egileak dio, ondorio gisa, intermodalitatea baztertzea ez datorrela bat helburu horiekin. Era berean, ez du balio soluzioa pentsatuta uzteak aurrerago ezarri ahal izateko, klima aldaketak eta erregai fosilen amaierak eragindako larrialdi egoera dela eta.

Erantzuna:

Intermodalitatea baztertzeari dagokionez, 4.1, 4.2 eta 4.4 alegazioei emandako erantzunera jo.

Alegazioaren gainerako edukiak ez du zerikusirik tramitatzen ari den UPSaren aldaketaren xedearekin. Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.4.7.–4.7 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegazioa aurkeztu duen fundazioaren iritziz, UPSaren aldaketan ez da aipatzen lurren azken erabilera, hondakinetarako makroinstalazio bat jartzea alegia, eta, gainera, zuzendari nagusiaren inhibizioa zalantzan jartzen du, ezarpen hori aipatzen baitu, baina gero ez da agertzen aldaketan.

Era berean, bateraezina iruditzen zaio hondakinak kudeatzeko instalazioak ezartzea eta zortasun aeronautikoak, eta, berak dioenez, ez dira kontuan hartu ezarpenak ekarriko dituen hornidura eta saneamendu beharrak.

Azkenik, aipatzen du ez dela egin “behar bezalako” ingurumen inpaktuaren ebaluaziorik, ez baita kontuan hartu hondakinak kudeatzeko instalazio bat ezartzeko asmoa zegoela.

Erantzuna:

Hondakinen instalazioaren ezarpena zortasun aeronautikoekin bateragarria ote den aztertzeari eta hornidura eta saneamendu sarean dituen ukipenei dagokienez, 1.4 eta 1.5 alegazioei emandako erantzunera jo.

Zuzendari nagusiaren inhibizioari dagokionez, 1.1 alegazioari emandako erantzunera jo. UPSaren aldaketaren xedea zehaztu gabe egoteari eta horrek ingurumen arloko tramitazio okerrekoa ekartzeari dagokienez, 1.8 eta 2.5 alegazioei emandako erantzunetan egindako oharrak adierazi behar dira kasu honetan ere.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.5.–5. alegazio-idazkia, Carlos Castrejana Álvarezek aurkeztua Iruñeko Garraioaren Hiriko jabeen erkidegoa ordezkatuz (1. eta 2. faseak).

2019ko urtarrilaren 9an bi alegazio aurkeztu zituen idazki batean, banan-banan ematen direnak, erantzunekin batera:

II.5.1.–5.1 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegazioaren egileak eskatzen du 2. fasearen gaineko ukipena zehazteko, bereziki fase horren eta 4. fasearen arteko muga berria, eta baloratzeko gerta daitezkeen kalte ekonomikoak eta/edo beste edozein motatakoak.

Erantzuna:

Alegazio honen erantzuna 1.9.1 alegazioari emandakoa da, eta horri gehitzen zaio honen xedea ez dela Garraioaren Hiriaren faseen mugak aldatzea.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.5.2.–5.2 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Ulertzen du zehaztu behar dela nondik eginen den azkenean 4. faseko sarbidea, bai eta 1. eta 2. faseen gaineko balizko ukipenak ere: ukipen horiek ikuspegi guztietatik baloratu behar dira: erabilerakoak, ekonomikoak edo beste edozein motatakoak. Haren iritziz, fase berriarekin kargen eta gastuen banaketa ere zehaztu beharko litzateke.

Erantzuna:

Indarreko UPSak ezartzen ditu 4. faseko sarbideak eta aldaketa honek ez ditu aldatzen.

Gainerako faseei eragiten dien ukipenaz eta karga eta etekinen banaketaz esan beharra dago ez dela bidezkoa zehaztea, kudeaketa esparru desberdinak direlako.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.6.–6. alegazio-idazkia, Juan Eseverri Abentinek aurkeztua.

2019ko urtarrilaren 9an hamasei alegazio aurkeztu zituen idazki batean, banan-banan ematen direnak, erantzunekin batera:

II.6.1.–6.1 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegazioaren egileak adierazten du jatorrizko UPSaren interes publikoaren justifikazioa, bai eta, ondoren, handitzearena ere, oinarritzen dela garraioaren jarduera Iruñerrian antolatzeko betebeharrean. Zalantzan jartzen du aldaketaren helburua, “lurzati handiko jarduera logistikoetarako tokia izatea” alegia, benetako xedea delako, berak dioenez, hondakinak tratatzeko instalazio bat jartzea. Aipatzen du xede hori ez dela aipatzen hasieran onetsitako dokumentazioan, baina bazegoela erreserbako kontratu bat Nasuvinsaren eta Mankomunitatearen artean horretarako, eta horri buruzko aipamena dagoela zuzendari nagusiaren inhibizioari buruzko foru aginduan.

Alegatzaileak dioenez, UPSak ezartzen du Garraioaren Hiriaren izaera espezializatua eta tematikoa babestu behar dela erabilera onargarriei dagokienez.

Horregatik guztiagatik adierazten du tramitean dagoen aldaketa bateraezina dela UPSaren interes publikoaren justifikazioarekin eta haren kalterako dela, gaur egun bertan ezarrita dauden enpresak eta etorkizunean etor litezkeenak uxatuko dituelako. Adierazten du estaldura eman nahi zaiola antolamenduaren kontrako jarduketa bati, edo hura legeztatu.

Erantzuna:

1.1, 1.2 eta 1.3 alegazioei emandako erantzunera jo, funtsean edukia bat datorrelako.

Horrez gain, esan daiteke gainera aldaketaren onespenak ez duela “lege estaldura” ematen hondakin instalazioa ezartzeko, alegatzaileak aipatzen duena, helburua delako erabilera toleratuaren bidez aukera izatea lurzati handia behar duten eskualde mailako ekipamenduak bertan jartzeko. Edozein jarduera ezartzeko, kasuan kasuko tramite eta azterketa sektorialak beharko dira, eta horietan aztertuko dira haren ukipenak eta zehaztuko da ezarri daitekeen edo ez, 2.1 alegazioari emandako erantzunean adierazi den bezala.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.6.2.–6.2 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren beharra aipatzen du, eta bereziki beharrezkoa dela baloratzea “hondakinen kudeaketa”, haren ustez jarduera hori delako aldaketaren helburua. Iruñerriko Mankomunitateak sortu duen “ingurumen zentroa” izena daraman jardueraren zehazgabetasunak galarazten du ongi ezagutzea jarduera bera eta haren ukipenak.

Horregatik guztiagatik, alegatzaileak uste du onartezina dela aldaketa txikia balitz bezala tratatzea eta ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatu baten xede izatea.

Erantzuna:

2.5 alegazioari emandako erantzunera jo, edukiak funtsean bat datozelako. Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.6.3.–6.3 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak aipatzen du kontrajarrita daudela eremu intermodala eta eremu logistiko-intermodala kentzea eta Nafarroako Estrategia Logistikoa (2018-2028).

Bere iritziz, eremu intermodalaren jatorrizko helburuak indarra du oraindik, eta gobernuak aurrera eraman beharko luke hasitako estrategia logistikoa.

Erantzuna:

4.2. alegazioari emandako erantzunera jo.

II.6.4.–6.4 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Ohartarazten du ezen UPSaren aldaketak ezabatzen duela usainen azterketa bat egiteko betebeharra jarduerak ezartzeko.

Adierazten du Mankomunitateak, gai organikoak tratatzeko planta baterako –alegatzailearen esanetan hemen ezarri nahi dena baino askoz txikiagoa den baterako ere– egin behar duen azterketan usainaren inpaktuari buruzko modelizazioak egin behar dituela.

Erantzuna:

Indarreko araudian ke, gas eta usainei buruzko agindua kendu da, badagoelako gai horiei buruzko araudi sektoriala.

Tramitean dagoen lurralde planeamenduko tresnaren helburua da arauak ezartzea lurzoruaren erabileren gainean edo biltzen duen hirigintza antolamendutik ateratzen diren lurzatien gainean. Ateratzen diren lurzatietako bakoitzean ezarri nahi diren jarduera zehatzek frogatu beharko dute betetzen dutela aplikatzekoa zaien araudi sektoriala. Alde horretatik 2.1 alegazioari emandako erantzunera jo.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.6.5.–6.5 alegazioa.

1.1 alegazioaren berdin-berdina denez, edukiaren laburpenera eta erantzunera jo.

II.6.6.–6.6 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Adierazten du aldaketaren xede diren lurrak nahitaezko desjabetzearen bidez lortu zirela, eta horren interes publikoaren justifikazioa “garraiorako zentro integratu bat sustatzea” baizik ez zela izan. Alegatzaileak uste du erabilera aldatzeak ekar lezakeela itzulketa exigitzea. Aldaketan erabileraren aldaketa ez dela berariaz jasotzen dio berak, eta horrekin kentzen zaiela lehengo jabeei itzulketa exigitzeko eskubidea.

Erantzuna:

Esan beharra dago, lehenengo eta behin, lehengo jabeen itzulketa eskubidea ezartzeak aldaketa honen xedea gainditzen duela.

Edonola ere, erabilera toleratuak azaldu eta zehaztu dira, 1.4 alegazioari emandako erantzunean adierazi denez.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.6.7.–6.7, 6.8, 6.9 eta 6.10 alegazioak.

Hurrenez hurren, 1.2, 1.3, 1.4 eta 1.5 alegazioen eduki berdin-berdina dutenez, haiei emandako erantzunetara jo.

II.6.8.–6.11 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Edukiaren zati bat 1.6 alegazioaren berdina da, eta alegatzaileak honako gai hauekin osatu du.

Berak dioenez, Imarkoaingo, Dorre Elortzibarko eta Gerendiaingo kontzejuek ez zuten partaidetza prozesurako gonbidapenik ez informaziorik jaso, nahiz eta haien mugarteetan egon espedientearen xede diren lurrak. Orobat, ez dira “intereseko taldea edo ente publiko interesdun” gisa identifikatuta ageri. Beraz, bere iritziz ezin da baliozkotzat jo parte-hartze prozesua, ez eta zuzenbidearen araberakoa ere.

Eta aurrekoari gehitzen dio ez dela jarduketari buruzko informazio guztia ematen ari, ez delako jendaurrean jarri eremu intermodala eta eremu logistiko-intermodala kentzea justifikatzen duen azterketa.

Erantzuna:

1.6 alegazioari emandako erantzunera jo, edukia antzekoa baita. Aldaketari buruzko parte-hartze prozesuan interesdunak diren eragile sozialen eta herritarren identifikazioari dagokionez, esan beharra dago elkarrizketa sakonak egin zirela identifikatutako interes talde batzuekin eta, horrez gain, sustatzaileak dio parte-hartzerako foro ireki bat egin zela 2017ko irailaren 13an. Horrez gain, parte-hartze prozesu osoan on-line parte hartzeko sistemak ere erabili ziren, irekiak balizko interesdun guztientzat.

Eremu intermodala eta eremu logistiko-intermodala kentzeko justifikazioari dagokionez, 4.1 alegazioaren edukira eta emandako erantzunera jo.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.6.9.–6.12 alegazioa.

2.3 alegazioaren berdin-berdina denez, edukiaren laburpenera eta erantzunera jo.

II.6.10.–6.13 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Edukiaren zati bat 1.7 alegazioaren berdin-berdina da, eta alegatzaileak beste gai batzuekin osatu du.

Kontuen Ganberak Garraioaren Hiriaz egindako fiskalizazio txostena aipatzen du, zeinak esaten baitu komeni dela halako neurria eta baliabide bolumena dituen azpiegitura bat planifikatzea haren errentagarritasuna aztertuko duten beharren azterketen eta bideragarritasun planen gainean. Argudiatzen du horrenbestez ez dela nahikoa egindako azterketa, ez duelako inolako kalkulurik egiten, ez eta jasotzen zer eragin izan dezakeen egungo eta etorkizuneko nabeen balorazioan ondoan hondakin instalazio bat izateak. Ez da justifikatzen, halaber, 4. fasearen garapenari ekiteko arrazoia, 3.a oraindik osatu gabe dagoela.

Erantzuna:

1.7 alegazioari emandako erantzunera jo, edukia antzekoa baita. Gainerako gaiei dagokienez, esan beharra dago gomendio hori, aipatzen duen txostenean jasotakoa, Garraioaren Hiria, osorik hartuta, bezalako azpiegitura bat ezartzeaz ari dela, “halako tamaina eta baliabide publikoen bolumena” duena. Nolanahi ere, indarreko lege esparruak bideragarritasun ekonomikoaren azterketa egitea exigitzen die hiri ingurunearen gaineko jarduketen jabeei (7/2015 LEDaren 22.5 artikulua) eta ekimen partikularreko UPSen kasuan (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 43. artikulua). Beraz, kasu honetan ezin da exigitu azterketa hori, urbanizatu gabeko lurzorua delako eta aldaketaren sustatzailea publikoa delako.

Gogoratu behar da tramitean dagoen planeamenduaren helburua dela arauak ezartzea lurzoruaren erabileren gainean edo biltzen duen hirigintza antolamendutik ateratzen diren lurzatien gainean. Haren helburua ez da baloratzea egokia den edo ez jarduera zehatz bat ezartzea, hondakin instalazio bat, adibidez. UPSaren gainerako faseetan bezala, jarduera horiek aztertuko dira, beren ezaugarrien arabera, baimen edo lizentziak eskuratzeko nahitaezko tramiteetan (obra, jarduera eta irekitzekoak), eragindako ukipen sektorialak (ingurumenekoak, trafikokoak, azpiegituretakoak) eta kasu bakoitzean aplikatu beharreko legeria kontuan hartuz.

Azkenik, esan behar da aldaketak ez duela 4. fasearen garapena hasten, haren berrantolamendua planteatzen baizik.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.6.11.–6.14 eta 6.15 alegazioak.

1.8 eta 1.9 alegazioen berdin-berdinak dira, hurrenez hurren. Alegazio horien edukiaren laburpenera eta emandako erantzunetara jo.

II.6.12.–6.16 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Haren ustez, UPSaren kudeaketaz arduratzen den sozietateari exigitu beharko litzaioke egin dezala nabeen inguruko guneetarako bereizketa akustiko eta bisuala sortzeko oztopo perimetrala, Nafarroako Gobernuak 2004ko uztailaren 26an hartu zuen Erabakian aurreikusia. Are gehiago kontuan hartuta hondakinak tratatzeko instalazioak sor dezakeen kamioien zirkulazioak areagotuko dituela arazo akustikoak.

Erantzuna:

Ez da aldaketa honen xedea jatorrizko UPSak oztopo perimetrala egiteaz ezarritakoa aldatzea.

Edozein jarduera ezartzeak ekar ditzakeen ukipen akustikoak edo trafikoari dagozkionak lizentzia eman aurretik aztertuko dira eta kasurako komeni diren neurri zuzentzaileak ezarriko.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.7.–7. alegazio-idazkia, Jesús Alberto Abaurrea Orozek aurkeztua Imarkoaingo Kontzejua ordezkatuz.

2019ko urtarrilaren 9an hamasei alegazio aurkeztu zituen, 6. alegazioaren oso antzekoak, beraz kasu horretan emandako edukiaren laburpenera eta erantzunera jo. Zenbait ñabardura gehitu dizkio alegazioen edukiari; jarraian ematen dira laburtuta, erantzunekin batera.

II.7.7.–7.1 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Edukia bat dator 6.1 alegazioarekin, baina ohar hau kendu du: aldaketaren helburua da sortuko litzatekeen lurzati handi bakarra saltzea Iruñerriko Mankomunitateari, honek hondakin instalazio bat jartzeko bertan. Aurrekoari gehitzen dionez, agerikoa da aldaketaren xedea dela behar den estaldura ematea hondakinak tratatzeko instalazioa ezartzeko.

Erantzuna:

Horri buruz, 6.1 alegazioari eman zaion erantzunera jo, ez baita aldatzen edukiari erantsi zaion ñabardurarekin.

II.7.2.–7.2 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Edukia bat dator 6.16 alegazioarekin, baina honetan ez da aipatzen hondakinen instalazioa jartzeak ekar dezakeen ukipen akustikoa handitzea.

Erantzuna:

6.16 alegazioari emandako erantzunera jo, puntu horri dagokionez izan ezik.

II.8.–8. alegazio-idazkia, Eduardo Gaztelu Izuriagak aurkeztua Dorre Elortzibarko Kontzejua ordezkatuz.

2019ko urtarrilaren 10ean hamasei alegazio aurkeztu zituen, Imarkoaingo Kontzejuak aurkeztutako 7. alegazio-idazkikoekin bat datozenak; hortaz, alegazioei horien laburpenera eta erantzunera jo.

II.9.–9. alegazio-idazkia, Alberto Ilundain Avellaneda Noain Elortzibarko Udaleko alkate udalburuak aurkeztua udalaren izenean.

Toki entitate honek 2019ko urtarrilaren 11n aurkeztu zuen beste alegazio-idazki bat, 2018ko abenduaren 10ean aurkeztutakoaren antzekoa (1. alegazioa); hortaz, lehenagoko horren laburpenera eta emandako erantzunera jo kasu honetan ere.

II.10.–10. alegazio-idazkia, Benito López Sarasatek aurkeztua Gerendiaingo Kontzejua ordezkatuz.

2019ko urtarrilaren 9an hamasei alegazio aurkeztu zituen, Imarkoaingo Kontzejuak aurkeztutako 7. alegazio-idazkikoekin bat datozenak; hortaz, alegazio horien laburpenera eta erantzunera jo.

II.11.–11. alegazio-idazkia, Angel García Clavijok aurkeztua SANCO- GM, ABEE ordezkatuz.

2019ko urtarrilaren 17an alegazio-idazki bat aurkeztu zuen, eta amaieran eskatzen du UPSaren aldaketa 3. fasera zabaltzeko eta fase horretan bidezkoa den diru-ordaina aurreikusteko. Alegazio hauek ditu idazkiak:

II.11.1.–11.1 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegatzaileak adierazten du 3. fasean izandako esperientziak ezeztatzen duela 4. fasean lurzati handiagoak gaitu beharra. Aipatzen ditu 3. faseko zenbait lurzati, merkaturatu ezin izan direnak eskaerarik ez zegoelako, edo banatu behar izan direnak merkaturatzeko. Eragiketa guztiak 2008koak dira eta, alegazioan dioenez, horren arrazoia izan zen, batetik, finantza entitateen laguntza falta, eta bestetik negoziorako perspektiba murriztaileak izan zirela, ez hedapena sustatzekoak.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazten du azken dokumentazioan zentro edo plataforma logistikoen diseinuak, hasiera batean egitura modularreko nabeetan oinarrituta (adibidez, UPSaren 1. eta 2. faseak), hornitzen duen merkatuarekin batera doan eboluzioa izan behar duela. Horrela, hasiera batean itxura modularreko eraikinak egin ziren oro har 20.000 m²-tik beherako azalera zuten lurzati edo etxe-sailetan, eta haien eraikuntza modularrari esker banakatu, eskaeraren arabera; geroago, jarduera logistikoak bestelako nabeak eskatu zituen, eraikin bakartuekin, neurri handiagoko lurzatietan, eta hala justifikatu zen, behar zen garaian, Garraioaren Hiria handitzeko UPSaren tramitazioan (3. eta 4. faseak): “4. Eskema funtzionala. Ikuspuntu funtzionaletik, handitzearen xedea da erantzuna ematea enpresak Garraio Hirian kokatzeko eskaerari, egungo Garraioaren Hiri sendotuaren faseetan horretarako aukera izan ez dutenen nahiari alegia, eta, horrekin batera, aurreko faseetan aurreikusi gabeko tipologiak (nabe bakartuak) eskaintzea, horri esker eremu logistikoak gaitasuna izan dezan sektorearen dinamikari erantzuteko eta egokitzeko.”

Sustatzaileak erantzun du, halaber, memoria horretan aipatzen denarekin bat, biltegiratzearen merkatuan gero eta interes handiagoa piztu duela, 25.000 m²-tik eta, areago, 100.000 m²-tik gorako azalera duten lurzatiak eskatzen dituelako sektore horrek (merkataritza elektronikoaren gorakada dela eta, “azken milia” deritzonean banaketa edo entregarako zentro logistikoez ez ezik herriguneetatik urrun dauden plataforma logistiko handiak ere nahi dituzte) eta horri eman nahi zaio erantzuna eta horretara egokitu.

Aldaketaren memorian aipatzen da Iruñerrian ez dagoela neurri handiko lurzati mota hori eskaintzen duen eremu planifikaturik, eta horregatik 4. fasean halakoak sartzeak osatuko lukeela esparruan dauden lurzati logistikoen tipologia (modularra, neurri ertaineko bakartua eta lurzati handia). Garraio Zuzendaritza Nagusiak berretsi du justifikazio hori Nafarroako Estrategia Logistikoa ikusirik, erabaki honen III.5 atalean jaso den txosten batean.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.11.2.–11.2 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Adierazten du “zerbitzu publikorako zuzkidurakoa” dela esatea ez datorrela bat legezko inongo nomenklaturarekin, eta 4. fasean halakoak ezartzea babesteko inolako justifikaziorik ez dagoela.

Adierazten du ez dela justifikatzen erabilera hori 3. fasean sartzerik ez dagoela, eta fase horretan ez litzatekeela beharrezkoa izanen aldez aurretik urbanizazio jarduketarik egitea.

Alegatzaileak dioenez ez dago justifikaziorik erabilera toleratuen portzentajea % 40koa izateko. Bere iritziz, erabilera hori portzentaje horretan sartzeak justifikazio bakarra du, Iruñerriko Mankomunitateak bertan eginen duen hondakinak tratatzeko instalazioari babesa ematea alegia.

Erantzuna:

Erabilera toleratu berria eta haren definizioa sartzeko arrazoiari dagokionez, 1.1 alegazioari emandako erantzunera jo.

Aldaketa honen xedea da berrantolatzea 4. faseko esparrua, oraindik garatu gabe dagoena. Aurkeztutako azken dokumentazioan jasota dagoenez, planteatzen diren erabilera toleratu berrien xedea da azalera handiko lurzatien beharra duten zuzkidurei erantzuna ematea; sustatzaileak azaldutakoaren arabera ez da bidezkoa erabilera horiek 3. fasean sartzea, hura dagoeneko urbanizatuta eta zatituta baitago. Horri buruz adierazten du 4. fasea (lurzoru urbanizagarria) ez bezala 3. fasea hiri esparrua dela (antolatua, urbanizatua eta zatitua), hamar urte baino gehiago jardunean daramatzan jarduera logistiko bat dagoela bertan, eta ez dela posibletzat jotzen hura sartzea, ezta baliagarritzat ere. Adierazten du, halaber, dagoeneko jardunean dauden Garraioren Hiriaren faseen (1., 2. eta 3. faseak) hiri diseinua eta azpiegiturak planifikatu eta gauzatu direla haietan aurreikusitako tipologietako bakoitzak eskatzen dituen beharren arabera.

Erabilera toleratuaren portzentajea justifikatzeari dagokionez, berriz, 1.2 alegazioan gai honetaz eman dugun erantzunera jo.

II.11.3.–11.3 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegazio honen egileak ohartarazten du 4. faseko barneko bide sarea kentzeak arazoak ekarriko dituela etorkizunean bai sarbideei bai zirkulazioari dagokienez. Adierazten du hori ezin izanen dela beste faseetako bideekin konpondu, pribatuak direlako.

Alegatzailearen iritziz, bideak kentzeko arrazoia ez da hirigintza arlokoa, urbanizazio kostuak murrizteko asmoak eragindakoa baizik.

3. faseko EM-03, EM-04 eta EM-05 lurzatiak urbanizatu beharra mantentzea aldaketaren xedeari kontrajartzen zaiola dio, eragozten duelako lurzati horiek elkartzea neurri handiko lurzati bat lortzeko.

Erantzuna:

Bideak eta sarbideak kentzeari dagokionez, 1.3 eta 5.2 alegazioei emandako erantzunetara jo, hurrenez hurren.

3. faseko lurzatiak urbanizatu beharraz edo elkartzeko aukeraz esan behar da aldaketa honek ez duela halakorik eragozten, eta ez dagoela lotuta 3. faseko antolamendua aldatzeko balizko aukerarekin. Aurreko guztiagatik ere, bidezkoa da aipatzea neurri handiko lurzatiak 4. fasean sartzeak aberasten duela Garraioaren Hiriko lurzati logistikoen eskaintza, kontuan hartuta faseen ezaugarriak: 1. eta 2. faseak, nabe modularrerako lurzatiak; 3. fasea, nabe modularrerako lurzatiak eta neurri ertainekoak nabe bakarturako; eta 4. fasea, neurri handiko lurzatiak nabe bakarturako. Era berean, eremua konplexutasun funtzional handiagoko gune bihurtzen du.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.11.4.–11.4 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Komunitate-ekipamendurako toki sistemako lurzatia kentzeari dagokionez, alegazioak adierazten du horrek ekarriko lukeela, hala balitz, ez betetzea sustatzailearen eta Iruñerriko Mankomunitatearen arteko hitzarmen bat, 4. fasean ur biltegi bat eraikitzeko izenpetu zutena, eta ez dela justifikatzen hura jada ez dela beharrezkoa.

Alegatzailearen iritziz, horren justifikazioa baldin bada aski direla 3. faseko ekipamenduko toki sistemako lurzatiak, horrek 3. faseari konpentsatu beharra ekarriko luke, kostu murrizketari esker 4. faseak izanen lukeen aurrezpenaren proportzioan.

Erantzuna:

Alegazioan aipatzen den hitzarmenak aldaketaren xedea gainditzen du. Halere, esan beharra dago dokumentazioan honakoa aipatzen dela: “Garraioaren Hiriak behar dituen Hornidura eta Saneamendu Azpiegiturak eraikitzeko proiekturako Iruñerriko Mankomunitateak eta Garraioaren Hiriak 2011ko martxoaren 1ean izenpetu zuten hitzarmena bere gain hartzen du honek”.

Zuzkidurako lurzatia kentzeagatik 3. eta 4. faseen artean kostuak konpentsatzeari dagokionez, lurzati horren izaerara jo behar da, 1.2 alegazioari emandako erantzunean azaldu den moduan. Bestalde, esan beharra dago kudeaketa esparru independenteak direla, indarreko UPSak berak ezarrita, eta beraz ez dela bidezkoa elkarren artean konpentsatzea.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.11.5.–11.5 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Alegatzailearen iritziz, eraikigarritasun koefizientearen aldaketari dagokionez, horrek berekin ekarri beharko luke 3. faseko urbanizazio kostuak 4. faseari egotzi eta jasanaraztea berrikustea, beharrezkoa den aldetik; izan ere, 4. faseak eraikigarritasun handiagoa eta azalera besterengarri handiagoa duenez, 3. faseko urbanizazio gastuak –4. faseari ere egozten ahal zaizkionak– ordaintzeko ekarpen handiagoa ere izan beharko luke, dagokion proportzioan.

Erantzuna:

Indarreko UPSaren ebaluazio ekonomikoan aipatzen da faseen kudeaketa independentea dela eta bi faseen artean urbanizazio kostuak konpentsatzea “ez dela posible, ez teknikoki, ez funtzionalki, ez ekonomikoki”.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.11.6.–11.6 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Lurzatien gehieneko okupazioaren aldaketari buruz, alegatzaileak uste du ezen, aurreko alegazioan adierazi bezala, Garraioaren Hiria handitzeko UPSaren faseetako bakoitzari egozten ahal zaizkion kostuak berriz kalkulatu beharko liratekeela.

Erantzuna:

11.5. alegazioari emandako erantzunera jo. Alegazioa ezestea proposatzen da.

II.11.7.–11.7 alegazioa.

Edukiaren laburpena:

Azken ohar gisa, interesdunak honako hauek aipatzen ditu:

11.7.1.–Aldaketa “ez da oinarritzen hirigintzari besterik ez dagozkion arrazoietan, komenigarritasunean eta oportunismoan baizik”.

11.7.2.–4. faserako egindako aldaketak kaltegarriak dira 3. fasea merkaturatzeko eta haren errentagarritasunerako.

11.7.3.–Hondakinak tratatzeko instalazioa 3. fasean ezar liteke azkarrago eta kostu txikiagorekin, 3. fasean honen pareko aldaketak eginez gero. 3. fasearen ordez 4. fasean egiteko, sustatzailearen arrazoiak ez dira hirigintza arlokoak ekonomikoak baizik.

11.7.4.–Aldaketarako arrazoi nagusia da hondakinen instalazioa 4. fasean ezartzen laguntzea eta haren urbanizazio kargak murriztea.

11.7.5.–Alegazio egilearen iritziz, 3. fasean hirigintza parametroak 4. fasean bezala aldatzea ez den guztia justifikaziorik gabea da, diskriminatzailea da, lehia desleiala dakar eta prebarikazioa eragiten du 3. fasearen behin betiko adjudikaziorako kontratuan ezarritako konpromisoei dagokienez.

Erantzuna:

11.7.1.–1.1 alegazioari emandako erantzunera jo, edukiak funtsean bat datozelako. (11.7.2) Neurri handiko lurzatiak 4. fasean sartzeak aberasten du Garraioaren Hiriko lurzati logistikoen eskaintza, kontuan hartuta faseen ezaugarriak: 1. eta 2. faseak, nabe modularrerako lurzatiak; 3. fasea, nabe modularrerako lurzatiak eta neurri ertainekoak nabe bakarturako; eta 4. fasea, neurri handiko lurzatiak nabe bakarturako. Era berean, eremua konplexutasun funtzional handiagoko gune bihurtzen du. Esandakoa kontuan harturik, ezin da bat etorri alegazioaren egilearekin 4. faseko hirigintza parametroek 3. faseko lurzatiak merkaturatzea zailtzen dutela dioen horretan.

11.7.3 eta 11.7.4 2.1 alegazioari emandako erantzunera jo.

11.7.5 11.2 eta 11.3 alegazioei emandako erantzunera jo. 3. fasearen behin betiko adjudikazioaren kontratuan ezarritako konpromisoak, berriz, plangintzatik kanpo daude, eta ez dira indarreko planeamenduaren parte ez eta aldaketa honen parte ere.

Alegazioa ezestea proposatzen da.

III.–Txosten sektorialak

Organo edo erakunde hauen txostenak eskatu dira eta espedientean daude:

III.1.–Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atala. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzua.

Zerbitzu honek aldeko txostena eman zuen 2019ko uztailaren 5ean, betiere baldintza honekin: urbanizazio proiektua onetsi aurretik aurkeztea bi azterketa, zerbitzuak balidatzeko, bata drainatze jasangarriari buruzkoa eta bestea hidraulikoa, Arkotxain erreka biribilgunearen azpian joanez gero izanen lukeen gaitasuna eta uretan goiti horrek izan ditzakeen ondorioak zehazteko.

Exigentzia horiek UPSaren araudian jaso beharko dira.

III.2.–Enpresa Sustapenaren Zerbitzua.

2018ko urriaren 24an aditzera eman zuen ez dagoela inolako eragozpenik UPSan planteatzen den aldaketarako.

III.3.–Babes Zibilerako Zerbitzua.

2018ko urriaren 19ko txosten batean adierazi zuen Babes Zibilaren ikuspuntutik ez dagoela desberdintasun aipagarririk, arriskuei dagokienez, egun onetsita dagoen UPSarekin alderatuta, salbu eta aldaketa txiki batzuk gerta daitezkeela jariatze-uretan, eraikitako eta zolatutako azalera handiagoa izateak eraginda. Halere, gomendio bat ezartzen du substantzia arriskutsuak biltegiratzeari buruz (UPSaren araudiaren 37. artikulua), eta sustatzaileak espedientearen dokumentazioan sartu du.

III.4.–Herri Lan Zuzendaritza Nagusia.

Zuzendaritza nagusi honetako Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak aditzera eman zuen 2018ko urriaren 5ean ez dela inolako determinaziorik ezartzen UPSaren aldaketaren onespenerako.

III.5.–Garraio Zuzendaritza Nagusia.

Garraio Zuzendaritza Nagusiak, 2019ko azaroaren 28ko txosten batean, zenbait ohar egin zituen; espedientearen ebazpenerako garrantzitsuak direnez, ondotik ematen dira:

“–Nabe logistikoen tipologia aldaketari dagokionez:

Sustatzaileak adierazten du, justifikazio gisa, eskaera logistikoan aldaketa gertatu dela, eta gaur egun neurri handiko lurzatiak bilatzen direla, merkataritza elektronikoaren gorakada dela eta.

Zuzendaritza nagusi honek egiaztatu du zentro edo plataforma logistikoen diseinua, hasiera batean, egitura modularreko nabeetan oinarrituta egiten zela (horren adibide dira Garraioaren Hiria, 1991n onetsi zenean Iruñerriko Garraioen Terminala zena, garatzeko egindako 1. eta 2. faseak), baina hornitzen duen merkatuarekin bat datorren bilakaera izaten ari dela.

Horrela, hasiera batean eraikin modularrak, oro har, 20.000 m²-tik beherako azalera zuten lurzati edo etxe-sailetan egin ziren, haien eraikuntza modularrari esker banakatuta, eskaeraren arabera.

Geroago, jarduera logistikoa beste nabe mota bat eskatzen hasi zen, neurri handiagoko lurzatietan bakartuta eraikiak, eta hala justifikatu zen orduan, terminal hura handitzeko tramitazioaren harira (3. eta 4. faseak):

Gaur egun, garraioaren eta logistikaren arloko argitalpen espezializatuak ohartu dira merkatu inmologistikoak bilakaera izan duela, halako moduan non duela bost urte nabe handiak 30.000 m² ingurukoak baziren ere, gaur egun 100.000 m²-tik gorakoak baitira (merkataritza elektronikoaren gorakadak “azken miliako” banaketa edo entregarako zentro logistikoak ez eze, herriguneetatik urruti dauden plataforma logistiko handiak ere nahi ditu).

Aurrekoari gehitzeko, komeni da esatea Iruñerrian ez dagoela lurzati handiko nabe mota hori eskaintzen duen eremu planifikaturik, eta horregatik 4. fasean halakoak sartzeak osatuko lukeela eremuan dauden lurzati logistikoen tipologia; horrela, nabe eraikigarrien tipologiaren arabera, fase bakoitzak ezaugarri hauek izanen lituzke:

–1. eta 2. faseak: nabe modularretarako lurzatiak.

–3. fasea: neurri ertaineko nabe modular eta bakarturako lurzatiak.

–4. fasea: neurri handiko nabe bakarturako lurzatiak.

“Ekipamendua eta azpiegiturak” izeneko erabilera toleratua eremuko azaleraren % 40an gehienez ere onartzea, berriz, neurri handi batean nodo logistikoen diseinuan izandako bilakaeraren ondorioa da, eta esan daiteke zentro edo plataforma logistikoetan “belaunaldi” desberdinak daudela.

Jatorrian (“lehen belaunaldiko” eremuak) zentro hauek bideratuta zeuden salgaien garraiobide mota bakarrera, errepidekora, eta garraiobide horrek baldintzatu zituen; gerora, berriz, “bigarren belaunaldiko” plataforma logistikoak sortu ziren, edo esparru integratuak, intermodalak eta multimodalak, hau da, garraiobide desberdinen arteko konexioa ere biltzen zutenak.

Azken urteetan, ordea, “hirugarren belaunaldiko” eremu logistikoak garatzen ari dira (esate baterako Zaragozako Plataforma Logistikoa, PLAZA izenekoa), eta bertan, garraio zentroen betiko betekizunez gain, mota guztietako industria eta merkataritza jarduerak betetzeko eremuak ere sartzen dira, “jarduera ekonomikoen esparruak” izenekoak osatuz, zeinetan erabilera eta behar desberdinak dituzten industriak ezartzen baitira nahasian, eta elkarren osagarri diren erabilerak bertan egoteak dituen onurak ekartzen.

–Eremu intermodala, eremu logistiko intermodala eta barneko zirkulaziorako bideak kentzeari dagokionez, sustatzaileak aipatzen du, horren justifikazio gisa, Iruña aldean intermodalitatea txertatzeari buruzko ikerketa batean zalantzan jartzen dela Garraioaren Hirian nodo intermodala egiteko beharra, ikusita zer distantzia dagoen Noaingo Gune Logistikora, zer potentzial duen, zenbat eskatzen duten zerbitzu hori Nafarroako enpresek eta Garraioaren Hirian aurreikusitakoaren muga operatiboak eta teknikoak.

Aipatutako azterketa Iruña aldean nodo intermodala txertatzeari buruzko proiektua da, 2010eko abendukoa, Nafarroako Garraio eta Logistika Agentzia SAren (ANL), Iruñeko Garraioaren Hiria SAren –biak ala biak txosten honen xede den aldaketa sustatu duenak xurgatuta– eta Azpiegituren Administratzaileak (ADIF) 2010eko apirilaren 14an lankidetzarako izenpetutako hitzarmenaz baliatuz egin zena; ikerketa horren ondorioak hauek dira:

–Garraioaren Hiriak trenbideko intermodalitatea izanen du, sarbide zuzenik gabe: Noaingo Gune Logistikoaren hurbiltasuna (4-5 kilometroko distantziara) eta zentro horren garapenerako aukera erakargarriak, batetik, eta bestetik, Garraioaren Hiriak trenbideko sarbideen aldetik dituen muga operatibo eta teknikoak, eta inbertsioak bikoiztea direla eta, komeni da trenbiderako intermodalitatea garatzea Garraioaren Hirirako sarbide zuzenik gabe, eta, horretarako, Noaingo Gune Logistikoaren instalazioak baliatzea.

–Garraioaren Hiria eta Noaingo Gune Logistikoa elkarren osagarri izateko planteamendua, eta bi eremuen garapen integratuan intermodalitatean parte hartzeko bokazioa lagungarriak dira bi eremu logistikoek zerbitzu konpartituak gara ditzaten (bi puntuen arteko garraioak, eremu bateko instalazioak erabiltzeko erraztasun bereziak ematea beste eremuan ezarrita daudenei, etab.), batak bestea indartu dezaten.

–Etorkizunean, trenbiderako sarbide zuzena ezar liteke Garraioaren Hirian epe luzera Elortzibarren aurreikusirik dagoen jarduera ekonomikoen eremuaren garapenarekin batera, baldin eta sortutako eskaera bateratuak aski badira adarraren eraikuntzarako beharrezkoak diren inbertsio altuak amortizatzeko.

Bestalde, indarreko UPSan (Garraioaren Hiria handitzea, 3. eta 4. faseak) jasota ageri ziren intermodalitaterako bi aukera: bata, Noaingo Gune Logistikoa eta Iruñeko Garraioaren Hiria bateratzeko aukera gisa ezagun dena, eta bestea, nodo bikoitzeko aukera, zeinean bi zentroek bakoitzak bere trenbide lotunearekin jardunen luketen. Nolanahi ere, UPSak berak bigarren alternatiba (nodo bikoitzekoa) aintzat hartzeko modukoa zela ezarri zuen, betiere epe luzera eta baldintza batzuekin (trenbideko salgai-garraioaren merkatuaren egoeraren arabera, garraio intermodalaren eskaeraren bilakaera eta bideragarritasun tekniko komertziala zehaztu ondoren), eta hori bat dator lehen aipatutako Nodo Intermodala Txertatzeko Proiektuko ondorioekin.

Aurrekoa gorabehera, UPSaren aldaketan trenbide adarrerako tokia mantentzen da, agiri honetan aurreikusten den honetarako: Iruñerrian Trenbide Sare Berria ezartzeko proiektuari buruzko azterketa informatiboa: trenbide begizta kentzea eta geltoki intermodal berria eraikitzea. Hortaz, egun lizitazioan dagoen azterketa informatibo berriak berretsi edo aldatuko ditu aipatutako agiriaren ondorioak.

Edonola ere, ikusten da UPSaren aldaketan ere logistika dela aurreikusten den erabilera nagusia, araudiaren 37. artikuluan adierazten den bezala.

Lurzatien azalerari dagokionez, berriz, UPSaren aldaketak, tramitean dagoenak, lurzati handiko nabe bakartuen diseinuari esker, ahalbidetzen du murriztea lurzatien arteko barne zirkulaziorako bideen azalera, eta horrela, 100.000 m² handituko da lurzati pribatuetarako espazioa (egungo 216.653 m²-ko azalera 316.230 m²-koa bihurtuko litzateke, erabilera logistikorako gai).

Azken finean, kontuan hartuta NASUVINSAren iritziz (Garraioaren Hiriaren laugarren fasea garatzeko arduraduna) bateragarriak direla erabilera logistikoa eta azpiegituren ekipamendua eta, halaber, Trenbide Plangintzarako Zuzendariordetza Nagusiak ere ontzat eman duela UPSaren aldaketa (Nafarroako Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketari buruzko txostena, 2019ko irailaren 2koa), zuzendaritza nagusi honek aldaketaren aldeko txostena eman du, baina NASUVINSAk zaindu beharko du ez dadila arriskuan jar Iruñeko Nodo Intermodala txertatzeko proiektua, Nafarroako Estrategia Logistikoaren lehentasunezko helburua baita.

Horrenbestez, aldeko txostena egin da Noain Elortzibarko udal-mugartean Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala zortasun aeronautikoei eta 4. fasea berrantolatzeari dagokienez aldatzeko.”

III.6.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

2019ko abenduaren 11n, sustatzaileak aurkeztutako azken dokumentazioaren aldeko txostena jaso zen. Txosten horretan zenbait ohar eta zehaztapen ezartzen ditu, kontuan hartu beharrekoak, eta horietatik nabarmenak dira ondotik zehazten direnak.

Lurzoru urbanizagarriaren esparrutik Arkotxain errekaren (Talluntze) jabari publiko hidraulikoa kentzea eskatzen du, bai eta, ahal den heinean, haren zortasun eremua ere; izan ere, indarreko legeriarekin bat, jabari publikoa ezin da kontuan hartu aprobetxamenduak kalkulatzeko, ez eta udalen, konpentsazio batzordeen eta abarren alde inskribatu ere.

Txostenean esaten denez, aurreikusitako antolamendu berriak, a priori, ibilguaren egoera hobetuko du egungo planeamenduarekin alderatuta, eta aldaketatik aurrera garatu daitezkeen jarduketek ez dute errekaren egoera okerragotuko uholde arriskuari dagokionez, eta ez dute ukipen berririk eraginen.

Halere, txostenean adierazten da ibilguen luzera osoan mugakide diren lurren bazterretan 5 metroko zabalerako bide zortasunaren eremua errespetatuko dela, “oro har eta horretarako frogatutako arrazoirik izan ezean, erabilera publikoak galarazten duen eraikinik gabe (Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 6. eta 7. artikuluak), erabilera horietakoak izanik oinezkoentzako iraganbide publikoa edo zenbait zerbitzu betetzea”.

Era berean, txostenean esaten denez, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 126 ter artikuluko 7. puntuarekin bat, “ahalik eta gehien gutxitu beharko da ekaitzek jarduketaren esparruan izan dezaketen balizko inpaktua eta, horretarako, saneamendurako instalazio egokiak diseinatuko dira, urak behar bezala husteko, bai eta drainatzeko sistema jasangarriak ere, ur jario horiek ahalik eta txikienak izaten laguntzeko, ekaitzetan biltzen diren euri-urak berrerabiliz eta iragaziz eta lurpera itzularaziz egungo lurzoruan eraldaketa horiek eginen ez balira ibilgura zuzenean iritsiko ez liratekeen urak”.

Horrez gain, honako hau jakinarazten du: “arroaren erakunde honi eskatu beharko zaio Arkotxain errekaren inguruetan egindako jarduketak legeztatzeko... lurzatiak zelaitzeari eta errekarantz doazen malda nabariei dagokienez”.

Txostenean esaten da, orobat, eskura dagoen informazioaren arabera eta eskatzaileak zehaztu bitarte zein den, aurreikuspenetan, planak ekarriko duen eskaeraren igoera, jatorrian aski baliabide hidriko badela eskatutako jarduketa hornitzeko, baina gerta daitekeela defizitak egotea, hornidura instalazioetan hobekuntzarako egiturazko jarduketak eginez konpon litezkeenak.

Azkenik, saneamenduari buruz txostenak dio Isurketen Kontrolerako Arloaren kalkuluen arabera Aratzuriko araztegiak behar adina gaitasuna duela karga kutsagarri handiagoa onartzeko. Halere, adierazten du lehentasuna emanen zaiola Iruñeko 4. fasearen aldaketaren eremuko saneamendu sarea araztegi horrekin lotzeari. Bestalde, zehazten du ez dela onartuko euri-urak sartzea saneamendu sareetan edo sare horiek arazteko instalazioekin lotzen dituzten hustubideetan.

Aurrekoa kontuan hartuta, esan beharra dago jabari publiko hidraulikoa lehendik dagoen sistema orokor bat bezala hartu behar dela, berariazko sailkapenik ez duena, ez dela kontatu behar aprobetxamendurako eskubidea duten azaleren ondorioetarako, ez eta inskribatu udal, batzorde edo pribatuen alde, jabari publikoko ondasuna delako, ez ondarekoa. Alde horretatik, sustatzaileak aintzat hartu beharko du eta agirian sartu.

Ibilguen luzera osoan haien mugakide diren lurren bazterretan erabilera publikoa eragozten duen eraikin oro galarazteari dagokionez, debekua UPSaren baldintza gisa ezarri beharko da, eta, hortaz, debekaturik egonen dira oinezkoak iragatea galarazten duten itxiturak.

Era berean, agiria osatu beharko da, lurzoru publikoaren urbanizaziorako eta lurzatien barreneko urbanizaziorako behar diren baldintzak erantsiz, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 126 ter artikuluko 7. puntuari erantzuteko.

Konfederazioaren txostenean jasotako gainerako gaiak kontuan hartu beharko dira 4. fasearen hirigintza plangintzaren garapenean, bai eta jabari publiko hidraulikoan edo errekaren polizia eremuan egonen diren jarduketa guztiak baimentzeko garaian.

III.7.–Trenbide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia. Sustapen Ministerioa.

2018ko azaroaren 12ko txostenean adierazten du UPSaren aldaketak aurka egiten diola Sustapen Ministerioak behin betiko onetsitako azterketa honetan ezarritakoari: Iruñerrian Trenbide Sare Berria ezartzeko proiektuari buruzko azterketa informatiboa: trenbide begizta kentzea eta geltoki intermodal berria eraikitzea; horregatik, ezin da aldeko txostenik egin Iruñeko Garraioaren Hirirako trenbide sarbidea, azterketa horretan aurreikusitakoa, gehitu eta bete arte sarbideko adar horretan trenbide arloko araudi sektorialak ezartzen dituen baldintza guztiak.

2019ko uztailaren 17an igorri zen Trenbide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio berria, zeinetan tokia gorde baita aipatutako trenbide sarbide horretarako.

2019ko irailaren 6an jaso zen Trenbide Plangintzarako Zuzendariordetza Nagusiaren txostena, zeinean adierazten baita ez dagoela eragozpenik aldaketaren tramitazioak aurrera egiteko, ikusirik dokumentazio berrian deskribatzen direla “trenbideak ukitzen dituen lurren zedarripenak eta jabetzaren mugapenak (jabari publikoa, babes eremua eta eraikuntzarako muga lerroa) Garraioaren Hirirako sarbide izanen den trenbide adarrari dagokionez, trenbide arloko indarreko legeria sektorialarekin bat”.

III.8.–Bide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia. Sustapen Ministerioa.

2019ko urtarrilaren 16ko txostenean aditzera eman zuen Estatuko Errepideen Sareko tarte ukiturik ez dagoenez zuzendaritza nagusiak ez duela eskumenik planaren esparruan.

III.9.–Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia. Sustapen Ministerioa.

2019ko otsailaren 1ean aldeko txostena eman zuen, araudiaren aipamenak eguneratzeko gomendioa eginez, 297/2013 Errege Dekretuan sartutako aldaketekin bat. Sustatzaileak egin du eguneratze hori aurkeztutako azken agirian.

III.10.–Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusia. Ekonomia eta Enpresa Ministerioa.

Maiatzaren 9ko 9/2014 Legearen 35.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzendaritza nagusiak aldeko txostena egin zuen 2018ko urriaren 3an, telekomunikazioen arloko araudi sektorialera egokitzeari dagokionez. 2019ko otsailaren 12an beste txosten bat egin zuen, aurreko txostenaren indarraldi osoa berresten duena.

III.11.–Iruñerriko Mankomunitatea.

2018ko urriaren 18an proposamenaren aldeko txosten bat jaso zen, hornidura eta saneamendu azpiegiturei dagokienez.

IV.–Dokumentazio berria

2018ko iraileko data zuen agiria jendaurrean jarri zen, Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 31n espedientearen tramitazioari hasiera emateko onetsi zuen Erabakia kontuan hartuz.

Jendaurreko epea iraganik, 2019ko uztailean sustatzaileak alegazioei erantzuteko txosten bat aurkeztu zuen, bai eta dokumentazio berria ere, 2018ko iraileko dokumentazioa ordezteko, haren bidez erantzuna eman nahian aipatutako erabakiari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2018ko urrian egindako errekerimenduari, alegazioen idazkiei eta Nafarroako Gobernuko Babes Zibilerako Zerbitzuak eta Sustapen Ministerioko Trenbide Azpiegituren eta Abiazioaren zuzendaritza nagusien txostenei; 2019ko uztailean sustatzaileak alegazioei erantzuteko txosten bat aurkeztu zuen eta, horrekin batera, agiri tekniko berri bat, zeinaren edukiak jendaurrean jarritakoarena ordeztu behar baitzuen.

Agiri berri horrek aldaketa hauek egin ditu jendaurrean jarritakoan:

–Aldaketaren esparruaren deskribapena eta azaleraren justifikazioa.

–18 metroko zabalerako lur-erreserba bat gehitzea, sistema orokorraren izaerarekin, Garraioaren Hirirako trenbide sarbidea ahalbidetzeko, Iruñerrian Trenbide Sare Berria ezartzeko proiektuari buruzko azterketa informatiboa: trenbide begizta kentzea eta geltoki intermodal berria eraikitzea” izeneko agirian aurreikusi bezala.

–“Zerbitzu publikorako zuzkidurakoa” izendapenaren ordez “ekipamendua” eta “azpiegiturak” izendatzea, horiek sartzeko arrazoiak ematea eta kontzeptu horien barruan dauden erabilera onargarriak zehaztea.

–Garraioaren Hirirako hegoaldeko sarbiderako erreserbaren izaera aldatzea, toki sistemaren ordez sistema orokorra izan dadin.

–Beheko eta goiko solairuetarako planteatzen ziren homogeneizazio koefizienteak, “lurzati handiko balio anitzeko erabilera logistikoarenak”, bakar batekin ordeztea (0,7).

Geroago, 2019ko irailaren 13an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak eskatu zion sustatzaileari alegazio-idazkiei eta erabakiari eman beharreko erantzunak osatzeko, eta bereziki hauek justifikatzeko: formatu handiko lurzati logistikoen beharra, erabilera toleratuaren gehieneko portzentajea (% 40), erabilera toleratuak soilik 4. fasean sartzea; ke, gas eta usainei dagokien agindua kentzea; eta 4. faseko azalera handitzea. Eskaera horretan, halaber, sustatzaileari ohartarazten zaio bideetarako erreserba eremua ezin dela kontatu berdeguneetarako erreserba gisa, eta agiria osatu behar duela parte hartzeko prozesuko ondorio baloratuekin.

2019ko azaroaren 7an sustatzaileak espedientea osatu zuen eskatutako azken gaiak aurkeztuz.

Egindako aldaketak ez dira funtsezkotzat jotzen, eta beraz ez da beharrezkotzat jotzen espedientea berriz ere jendaurrean jartzea.

V.–Kontuan hartzekoak

Ondoren aztertzen da sustatzaileak nola erantzun dien Nafarroako Gobernuak espedientearen tramitazioari hasiera emateko 2018ko urriaren 31n onetsi zuen Erabakiaren oharrei eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2018ko urrian egindako errekerimenduari. Hirigintza arloko beste ohar batzuk ere egiten dira sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio berriari dagokionez.

V.1.–Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 31n hartutako Erabakia.

–Aldatzen den planeamenduari dagokionez:

Sustatzaileak adierazten du aldaketa honek eragiten diola soilik Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko 3. eta 4. faseei buruzko UPSari, Nafarroako Gobernuaren 2006ko otsailaren 27ko Erabakiaren bidez onetsitakoari (2006ko martxoaren 30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Zehazki 4. faseko determinazioei.

Horrez gain, sustatzaileak argitu du aldaketan 4. faserako ageri den azaleraren eta indarreko UPSan jaso zenaren artean 13.456 m²-ko aldea dagoela, aldaketan dagoena egungo katastroa erreferentzia hartuta eguneratu delako.

–Zuzkidurarako eta zerbitzuetarako eremuei dagokienez:

Berdeguneei dagokienez, erabakiak aipatzen du lurzatien aurrealdean planteatzen den berdeguneko zerrenda, erabilera publikoko lurzoru pribatuan dagoena, araudian adierazi behar dela eta lurzatien karga gisa jaso.

Sustatzaileak araudiaren 33. artikuluan sartu du ohar hori. Bestalde, zerrenda horren erabilera publikoa ziurtatzeko, lurzatiaren itxituraren gehieneko lerrokadura ezarri du, eta berdegune horiek kanpoan utzi ditu. Zerrendan barna lur azpiko linea elektriko bat iragaten da.

Aparkalekuei dagokienez, erabakian adierazi zen ezen, kontuan izanik esparruaren neurriak, funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkotzat jotzen dela erabilera publikoko gutxieneko toki kopurua aurreikustea.

Sustatzaileak ez du kontuan hartu gomendio hori, bere iritziz 85/1995 Foru Dekretuaren arabera neurri handiko lurzatiak direnez ez direlako exigitzeko modukoak, eta Nafarroako etorbidean dauden aparkalekuak erabiltzen ahalko direlako, 2. eta 3. faseetako bideetakoak.

Ia 42 hektareako industria eremu batean erabilera publikoko espazioan aparkalekurik ez erreserbatzeko justifikazio hori ez da onargarria, are gehiago kontuan harturik 4. fasearen berrantolamenduak berekin ekarriko duela Nafarroako etorbideko aparkalekuen kopurua murriztea (lurzatietako sarbideak, hondakinen bilketa eta antzeko zerbitzuen ezarpena...). Erreserba hori beharrezkotzat jotzen da oraindik ere, eta horregatik, lurzatien aurrealdean eta haien itxiturarako gehieneko lerrokaduratik kanpo, berdeguneen kasuan bezala, erabilera publikoko aparkalekuetarako eremu bat erreserbatu beharko da.

Bestalde, erabakian adierazten da zehaztu behar dela bideetarako eta etorkizuneko trenbiderako egiten diren erreserbak sistema orokorra edo toki sistema diren. Alde horretatik, sustatzaileak aurkeztutako azken dokumentazioan trenbiderako eta Garraioaren Hirirako hegoaldeko sarbiderako biderako erreserba sistema orokor gisa definitzen dira. 46. artikuluan zehazten da lurzoruaren lagapena eginen dela eta horien exekuzioa kasuan kasuko eskumena duen erakundeak beteko duela. Halere, ezartzen da ezen, esparruaren urbanizazioa egiteko unean azpiegituren exekuzioa aurreikusirik ez badago, eta 4. fasea urbanizatzeko kostuetan sartu da sustatzaileak ordaindu beharreko berdegune gisa.

Ulertu behar da azterketa informatibo berri bat onesteak, trenbiderako erreserba aurreikusten ez duena, berekin ekarriko duela erreserba hori desagertzea eta berdegune gisa kalifikatzea, UPSa aldatzeko espediente bat tramitatzeko beharrik gabe.

Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 98. artikuluarekin bat, lurzoru urbanizagarriaren jabeen betebeharra da “jarduketatik kanpoko sistema orokorrekin lotzeko azpiegituren kostua ordaintzea eta, beharrezkoa denean, haiek egitea”. Horregatik, Garraioaren Hirirako hegoaldeko sarbiderako bide erreserba toki sistema gisa definitu behar da eta bide izateko urbanizazioa aurreikusi behar da urbanizazio kostuetan, 3. eta 4. faseen arteko bide erreserbarako bezala; nolanahi ere, biak egiten ahalko dira 4. fasearen gainerako eremua urbanizatu ondoko faseetan, edo ingurunearen etorkizuneko garapenek baldintzatuta.

Bidezkoa da gogoratzea ezen, behin urbanizazioa eginda, sistema orokorretarako eta toki sistemetarako erabilitako lurzorua dagokion administrazioari entregatu beharko zaiola.

Berdegune gisa urbanizatzen badira ere, erreserba horietako bat ere ez da kontuan hartuko estandarrak betetzeko. Alde horretatik, agiria zuzendu behar da, eta Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak eskatzen dituen lagapenen justifikazioari kendu beharko zaio Garraioaren Hirirako hegoaldeko sarbideko bide erreserbaren azalera (4.454m²). Egiaztatu da azalera hori kenduagatik ere berdeguneetarako erreserbek 4. fasearen azaleran % 11 egiten dutela, hau da, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak eskatzen duen % 10etik goiti.

–Antolamenduari eta proposatutako determinazioei dagokienez:

Erabakian aipatzen zen beharrezkoa dela espaloi bat aurreikustea lurzatietarako sarbide lana egiten duen bidean. Sustatzaileak memorian eta agiriaren dokumentazio grafikoan jaso du determinazio hori, zehazki bidearen luzera osoan, Nafarroako etorbidearen ondoan, espaloia osatuko dela 2 metroko zabalerarekin.

Horrekin batera, sustatzaileak egin ditu erabakian eskatutako aldaketak, planoetan eta araudian lurzatien itxituren lerrokaduren izendapenei dagozkienak.

Azkenik, 4. faseari esleitutako erabileraz jendaurrean jarritako dokumentazioan homogeneizazio koefiziente desberdinak planteatzen ziren beheko solairurako eta goiko solairuetarako, eta, erabakia betez, bakar bat ezarri da horien ordez, “lurzati handiko balio anitzeko erabilera logistikorako” (0,7) eta merkatuko balioetan oinarrituta justifikatzen da.

–Zortasun aeronautikoei dagokienez:

Agirian sartu dira Iruñeko Aireportuari dagozkion zortasun aeronautikoak, “UPSaren eremu osoari” eragiten diotenak.

Ulertu behar da Garraioaren Hiriaren eremu osoaz ari dela, hau da, 1., 2., 3. eta 4. faseek osatu eta UPS hauek eta haien aldaketek ukitzen dutenaz alegia: Iruñerriko garraio terminal baten ezarpenerako UPSa (1. eta 2. faseak), Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko UPSa (3. eta 4. faseak).

V.2.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2018ko urrian egindako errekerimendua.

–Aldaketan proposatutako xedeari eta erabilerei dagokienez:

1.1 eta 1.2 alegazioei emandako erantzunean azaltzen denez, aldaketari buruzko dokumentazioan sartu da 4. faserako erabilera toleratu berrien justifikazioa, horiek sartzea eta banako zehaztapena. Horren barruan, gainera, “zerbitzu publikoko zuzkidurakoa” delako kontzeptua argitu eta haren ordez “ekipamendua” eta “azpiegiturak” izenekoak erabili dira.

11.2 alegazioari emandako erantzunean justifikatzen da zein den arrazoia erabilera toleratu berriek 4. faseko okupazioaren % 40 baizik ez izateko, eta zergatik ezartzen diren soilik proposatutako lurzati tipologia berrirako, eta ez Garraioaren Hirian erabilera industriala duten lurzati guztietarako.

Nafarroako Estrategia Logistikoarekin bat (2018-2028) eremu intermodala eta harekin lotutako eremu logistiko intermodala kentzeko eta balizko trenbide-adarrerako korridore bat erreserbatzeko arrazoiak justifikatzeari dagokionez, Nafarroako Gobernuko Garraio Zuzendaritza Nagusiaren eta Sustapen Ministerioko Trenbide Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren txostenetara jo; aldaketarako proposamena berresten dute txosten horiek.

–Azpiegiturei dagokienez:

Azpiegituren nahikotasunari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioan justifikatzen da aldaketak ez dituela aldatuko hornidura beharrak, baina aipatzen da beharrezkoa izanen dela argiteria sare berria paratzea 4. faseko aurrealdean urbanizatu beharreko espaloian.

Iruñerriko Mankomunitatearen eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txosten sektorialek ere nahikotasun hori berresten dute ur hornidurari eta saneamenduari dagokienez.

V.3.–Hirigintza arloko beste ohar batzuk.

Kontserbazio- eta mantentze-lanetako zerbitzuei dagokienez, jendaurrean jarritako agirian aipatzen da, proposamenaren jasangarritasun ekonomikoa aztertzean, “zerbitzu horiek kontserbazio- eta mantentze-lanetako entitate batek betetzen dituela”, baina ohartarazi behar da ez dela hala, eta jabekideen erkidego batek betetzen duela lan hori. Ez da egia, halaber, mantendu beharreko urbanizazioa ez dela handiagoa izanen, berdegune berrietan edo proposatzen diren etorkizuneko bideetako toki sistemetan ere mantentze-lanak egin beharko direlako.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 85.4 artikuluak honakoa ezartzen du: “Urbanizazio lanen kontserbazioa, kasuan kasuko zuzkidura eta zerbitzu publikoen mantentze-lanak barne direla, administrazio titularrari dagokio. Bizitegietarako, industriarako edo hirugarren sektorerako urbanizazio pribatuen kasuan, foru lege honen 69.2 artikuluak aipatzen duen hitzarmenean ezarritakoari jarraituko zaio.

Sistema pribatuek egindako urbanizazio lanetan, aurreko paragrafoan aipatutako betebeharra hasiko da Administrazioak obrak onartzen dituen unean, hala agintzen baita foru lege honen 160. artikuluan.”

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretuaren 56.3 artikuluan, berriz, hau ezartzen da: “Kontserbazio entitatearen eraketa nahitaezkoa izanen da, baldin eta urbanizazio obrak kontserbatzeko betebeharra exekuzio unitate batean sartutako jabeena bada, planaren determinazioen ondorioz, edo xedapen orokorretatik espresuki hala dela ondorioztatzen bada. Kasu horietan, lurralde esparruan sartutako jabe guztiek nahitaez izan beharko dute kontserbazio entitateko kide.”

Asmoa baldin bada urbanizazioaren kontserbazio eta mantentze zerbitzuak esparruaren jabeek bere gain hartzea UPSean berariaz exigitu beharko da kontserbazio entitate bat era dadila, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen testu bateginaren 85.4 artikuluan eta 85/1995 Foru Dekretuaren 56.3 artikuluan jasotako aurreikuspenak kontuan harturik, eta, betiere, entitate hori exigitzeko behar adinako justifikazioa aurkeztu beharko da.

Edozein kasutan ere, memoriako proposamenaren 5.6.2 atala (jasangarritasun ekonomikoari buruzkoa) osatu beharko da 4. faseko urbanizazioaren kontserbazio- eta mantentze-lanen kostuen kalkuluarekin; izan ere, kontserbazio entitate baten bidez egin ezean edo entitate honen kontserbazio betebeharrak hartzen duen epea amaitzen bada, kostua ogasun publikoari jasanaraziko zaio.

4. faserako proposatutako kudeaketa determinazioei dagokienez, esan beharra dago ez dela bidezkoa banaketa eremu berri bat definitzea, indarreko UPSan aurreikusita dagoelako banaketa eremu bat bi kudeaketa eremurekin, bata 3. faserako eta bestea 4. faserako. Alde horretatik, egiaztatu da 4. fasea berrantolatzetik sortzen den ereduzko aprobetxamendua banaketa eremuak duenaren antzekoa dela. Nolanahi ere, aldaketaren dokumentazioan bertan zuzendu eta justifikatu behar da. Horrenbestez, kudeaketako O.2 planoa, zuzenduta, plano informatiboa bihurtuko da.

Bestalde batetik, agirian nahasbiderik izan ez dadin, “sektorea” aipatzen denean “4. fasea” idatzi beharko da, indarreko UPSan eta aldaketa honetan ez baita sektorerik definitzen.

Dokumentazio grafikoaren kasuan, O.1, O.3a eta O.3b antolamendu planoetan grafismo eta legenda berberak erabiltzen dira 3. eta 4. faseen antolamendurako, baina 1. eta 2. faseetan ez da legendarik erabiltzen eta bestelako grafismoa erabiltzen da. Horrez gain, O.3 planoen legendan aurreikusten diren erabilera batzuk ez datoz bat 4. fasean planteatutakoekin. Antolamenduko plano horiek nahasgarriak izan daitezke interpretatzeko garaian eta, horregatik, O.4 eta O.5 planoen kasuan bezala, 3. eta 4. faseen antolamendua bereizi behar dute, eta 3. faseari 1. eta 2. faseen tratamendu bera eman.

VI.–Ingurumen arloko tramitazioa

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 16ko 290E/2019 Ebazpenaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egin da aldaketa honi buruz, bertan adieraziz aldaketak ez duela ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean horretarako ezarritako irizpideekin bat; horiek horrela, erabaki da ingurumen ebaluazio estrategiko arruntaren menpe ez jartzea. Txosten horrek ezartzen du plana garatu beharko dela ingurumen azterketa estrategikoan dauden ingurumena babesteko irizpideei jarraituta eta bai hartan bai txostenean ezarritako neurri zuzentzaile guztiak aplikatuta, araudian jaso beharko direnak, hau da, urbanizazio proiektuan eta urbanizazio lanetan kontuan hartu beharreko gaiei buruzkoak.

VII.–Lurraldearen Antolamenduko Batzordea

Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak eskatuta, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2019ko abenduaren 18an erabaki zuen determinazio hau eranstea bere txostenari: “4. fasearen nahitaezko urbanizazio proiektuarekin batera aurkeztu beharko da trafikoari buruzko azterketaren berrikuspena, horrek ahalbidetuko duelako kalkulatzea trafikoa zenbat handituko den sarbideetan eta horiek zer gaitasun duten antolamendu berriak aurreikusitako trafikoei aurre egiteko. Urbanizazio proiektu horretan jaso beharko dira Garraioaren Hiriak egun dituen sarbideen gaineko jarduketak, hau da, berrikuspenak eraginen dituenak, halakorik bada”.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2019ko abenduaren 18ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak erabaki honetan azaldutako moduan ebaztea.

2. Onestea, erabaki honetan azaltzen den moduan, Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, zortasun aeronautikoei eta 4. fasearen berrantolamenduari dagokienez, Noain Elortzibarko udal-mugartean. Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da aldaketaren sustatzailea.

3. Sustatzaileari eskatzea aldaketaren testu bategin bat aurkez dezala, honako hauek ekarri dituzten aldaketak bere eginda: alegazio-idazkien ebazpena, erabaki honetan jasotako oharrak, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostena, 2019ko irailaren 13an aurkeztutako dokumentazioa, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua eta txosten sektorialak. Gainera, determinazio egituratzaileak eta determinazio xehatuak erakusten dituen dokumentazio grafikoa aurkeztu beharko da formatu bektorialean (shp, dwg edo dgn). Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 29.2 artikuluari jarraikiz, aldaketa honetan jasotako determinazioak bete beharko dira haren araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean. Argitalpen hori egin aurretik, aldaketaren testu bategina aurkeztu beharko da, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak balidatu beharko du.

4. Espedientearen tramitazioan emandako txosten sektorialetan xedatutakoaren arabera garatu eta gauzatuko da aldaketa hau. Nolanahi ere, obren exekuzioak uki ditzakeen beste azpiegitura eta zortasunei dagokienez, edo obren exekuzioa baldintzatzen ahal duten azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, entitate sustatzaileek behar diren baimen guztiak lortuko dituzte kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

5. Nolanahi ere, obren exekuzioak uki ditzakeen edo exekuzioa bera baldintzatu dezaketen beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta igortzea Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura eta Biodibertsitatearen Zerbitzura, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiko Industria Sustatzeko Zerbitzura, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura, eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira eta Garraio Zuzendaritza Nagusira.

7. Erabaki hau jakinaraztea Telekomunikazioetako eta Informazioaren Gizarterako Estatuko Idazkaritzari, Sustapen Ministerioko Trenbideko Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari eta Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Iruñerriko Mankomunitateari, Noain Elortzibarko Udalari eta sustatzaileari eta alegatzaileei, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta, haren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2019ko abenduaren 27an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F1916745