32. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 15ekoa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, errepideko garraio publikoan aritzeko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko Nafarroako Foru Komunitatean 2020. urtean eginen diren probetarako deialdia egiten duena.

Errepideko garraiolari gisa jarduteko bete beharreko baldintzei buruzko arau komunak ezarri zituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 21eko 1071/2009 (EE) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, errepideko garraiolari gisa aritzeko betebeharretako bat da lanbide gaitasuna izatea. Hori horrela, Erregelamenduaren 8. artikuluak ezartzen du, betebehar hori egiaztatzearren, interesa duten pertsonek nahitaezko azterketa idatzi baten bidez erakutsi beharko dutela behar bezalako ezaupideak dituztela. Azterketa hori interesdunen ohiko bizilekua den estatu kidean edo lan egiten duten estatu kidean eginen dute.

Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legeak ere ezartzen du (9/2013 Legearen bidez aldatutako testuaren 43. eta 119. artikuluetan) ezen garraiolari gisa, garraio-agente gisa, garraio-kudeatzaile gisa, biltegizain-banatzaile gisa eta logistikako operadore gisa lanean aritzeko, beharrezkoa izanen dela betebehar hori betetzen dela frogatzea.

Arlo honi dagokionez, aipatutako legea garatzen duten arauak honako hauetan agertzen dira: Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuaren IV. tituluaren lehenengo kapitulua (otsailaren 15eko 70/2019 Errege Dekretuak aldatu zuen errege dekretu hori), eta Sustapen Ministerioaren 1999ko maiatzaren 28ko Agindua, arauak ematen dituena lanbide trebakuntzaren ziurtagiriak luzatzeko, hots, gaur egun lanbide gaitasunaren ziurtagiriak direnak.

Agindu horren 5. artikuluak ezartzen du uztailaren 30eko 5/1987 Lege Organikoaren bidez eskuordeturiko ahalmenen ondorioz ziurtagiri hori lortzeko probak egiteko eskumena duten autonomia erkidegoek gutxienez urtean behin eginen dutela horretarako deialdia, modalitate guztietarako.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatutakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea errepideko garraio publikoan aritzeko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko Nafarroako Foru Komunitatean 2020. urtean eginen diren probetarako. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea.

3. Ebazpen hau igortzea Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzura.

4. Adieraztea ebazpen honek ez duela bide administratiboa amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 15ean.–Garraioetako zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

ERANSKINA

Errepideko garraio publikoan aritzeko behar den lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko Nafarroako Foru Komunitatean 2020. urtean eginen diren probetarako deialdiaren oinarriak

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da lanbide gaitasunaren modalitate hauen ziurtagiria lortzeko probak egitea:

–Errepideko salgaien garraioa, Espainiakoa eta nazioartekoa.

–Errepideko bidaiari-garraioa, Espainiakoa eta nazioartekoa

Errepideko garraioaren jarduera lagungarri eta osagarrietan aritzeko behar den lanbide gaitasuna lortu nahi dutenek errepideko salgaien garraioaren jarduerari dagozkion gaiei buruzko azterketa egin beharko dute.

Bigarrena.–Betebeharrak.

1. Azterketan parte hartuko dute, soilik, frogatzen dutenek prestakuntza titulu hauetakoren bat daukatela, eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen:

–Batxilergo titulua edo baliokidea.

–Teknikariaren titulua, frogatzen duena erdi mailako Lanbide Heziketa gainditua dagoela, edozein dela ere kasuan kasuko lanbidea.

–Goi mailako teknikariaren titulua, frogatzen duena goi mailako Lanbide Heziketa gainditua dagoela, edozein dela ere kasuan kasuko lanbidea.

–Unibertsitateko edozein titulu, frogatzen duena erdi mailako graduko edo gradu ondoko unibertsitate ikasketak gaindituak daudela.

Ondorio horietarako, ulertzen da Batxilergo tituluaren baliokideak direla Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak araudia dela-eta haren baliokidetzat jotako tituluak, lanerako edo lanbiderako ondorio soiletarako. Horretarako, ekainaren 10eko EDU/1603/2009 Agindura jotzen da, zeinak ezartzen baititu Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan araututako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun tituluen eta Batxilergokoen arteko baliokidetzak, baita esteka honetara ere:

http://www.educacionyfp.gob.es/contenidos/estudiantes/bachillerato/gestion-titulos/equivalencias-efectos-laborales.html.

2. Halaber, azterketa egiteko ezinbesteko baldintza izanen da ohiko bizilekua Nafarroako Foru Komunitatean izatea eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen. Izangaiaren ohiko bizilekua zein den jakiteko, indarra duen nortasun agiri nazionalean (NANa) edo atzerritarraren identifikazio zenbakian (AIZ) ageri dena hartuko da kontuan.

Agiri horretan ageri den helbidearen ordez beste bat onartuko da, bakar-bakarrik, honako kasu hauetako bat gertatzen denean:

–Izangaiak erroldatze agiriaren bidez frogatzen baldin badu helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izan duela azken urteko 185 egun naturaletan gutxienez. Kontaketa hori ariketetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik eginen da.

–Erroldatze agiriaren arabera azken urtean helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izandako egun kopurua 185 baino gutxiago izan arren (eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik atzera kontatzen hasita betiere), izangaiak frogatzen baldin badu bizilekua Nafarroako Foru Komunitatera aldatzera beharturik egon dela, familia edo laneko arrazoiak direla kausa.

Hirugarrena.–Eskaerak aurkezteko modua.

1. Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek bide hauetako bat erabiliz aurkeztu beharko dute eskaera:

–Interneten bidez, Nafarroako Gobernuaren atarian, www.nafarroa.eus helbidean, eskura dagoen deialdiaren fitxako eskabidea betez. “Tramiteak” atalean aurkitzen da, “Competencia” idatziz bilatzailean.

–Eskaera bat aurkeztuz Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuaren Erregistro Orokorrean (San Ignazio etorbidea 3, beheko solairua; Iruña), edo, bestela, helbide honetan azaltzen diren Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetatik edozeinetan: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/AtencionCiudadana/Oficinas.htm Orobat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetako edozeinetan.

Deialdiaren fitxan eskuratzen ahalko da eskabidea (www.nafarroa.eus). Izena emateko inprimakira iristeko bide bera erabil daiteke eskabidea jasotzeko, edota Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuan eskatu.

2. Aurkezteko modua zein den ere, probetan parte hartzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau erantsi beharko da:

a) Deialdi honetako bigarren oinarriko lehenengo puntuan eskatzen diren tituluetako baten fotokopia konpultsatua.

b) Nortasun agiri nazionalaren (NANa) edo atzerritarraren identifikazio zenbakiaren (AIZ) fotokopia, helbidea Nafarroako Foru Komunitatean duela erakusten duena.

Dokumentu horietan ageri den helbidea Nafarroako Foru Komunitatekoa ez bada, erroldatze agiriarekin egiaztatu beharko du Nafarroan duela bizilekua; agiri horretan adierazi beharko da azkeneko urtean gutxienez 185 egun naturaletan Nafarroako Foru Komunitatean izan duela helbidea. Kontaketa hori probetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik eginen da.

Erroldaren araberako antzinatasuna 185 egunetik beherakoa baldin bada, bizilekua Nafarroako Foru Komunitatera aldatzera behartu duten familia edo lan arrazoiak azaltzen dituen agiria aurkeztu beharko da.

c) Lanbide gaitasunaren azterketara aurkezteko eskubideengatik dagokion tasaren zenbatekoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan ordaindu dela frogatzen duen agiria. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legean ezarrita dago tasa hori.

3. Eskaera Internet bidez egiten bada, agiri horiek Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzura igorriko dira (Alondegi kalea 1, 2. solairua, 31002 Iruña), edo oinarri honetako 1. atalean aipatutako erregistro edo bulegoren batean aurkeztuko dira. Bestela, eskabideari erantsiko zaizkio agiri horiek.

Laugarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak 2020ko martxoaren 16tik apirilaren 6ra arte aurkeztuko dira.

Bosgarrena.–Onartuen eta baztertuen zerrenda.

1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda 2020ko apirilaren 16an argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian jasota dagoen deialdiaren fitxan (www.nafarroa.eus) eta Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuaren bulegoetako iragarki-taulan (Alondegi kalea 1, 2. solairua, Iruña).

2. 2020ko apirilaren 30era arte, bazterturiko izangaiek erreklamazioak aurkezten ahal dituzte, eta, akatsik egin badute, haiek zuzendu.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda modu berean argitaratuko da 2020ko maiatzaren 6an.

Seigarrena.–Epaimahaia.

Probak gidatuko dituen epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua:

–Santiago Alemán Carrica, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa:

–Estela Moso Sarasa, Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria

Epaimahaikideak:

–María Aránzazu Murillo Zabalza, Kudeaketa Ataleko burua.

–Oscar Molviedro Barea, Deialdien eta Txartelen Bulegoko burua.

–Ana Serrano Herrera, Bidaiariak Garraiatzeko Baimenen Bulegoko burua.

Ordezkoak:

–Miguel Ángel Jiménez de Cisneros y Fonfría, Mugikortasun, Logistika era Garraio Ataleko burua.

–Carmen Castiella Sánchez-Ostiz, Garraioen Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Ataleko burua.

–Luis Martínez Cunchillos, Modernizazio Ataleko burua.

Idazkaria:

–Charo Loitegui Biurrun, Garraioen Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezkoa:

–María Senosiáin Labat, Garraioaren Kontrol Juridikorako Bulegoko burua.

Zazpigarrena.–Probak.

1. Izangaiek nortasun agiri nazionala (NANa), atzerritarraren identifikazio zenbakia (AIZ) edo, epaimahaiaren arabera, bere nortasuna modu sinesgarrian egiaztatzen duen beste agiri bat aldean dutela agertu beharko dute probetara.

Hori ezean, izangaia ez da probak egitera onartua izanen.

2. Lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probak 1999ko maiatzaren 28ko Aginduaren B eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoak izanen dira (1999ko ekainaren 11ko Estatuko Aldizkari Ofiziala); izan ere, agindu horren bidez Lurreko Garraioak Antolatzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren II. tituluko I. kapitulua garatu zen, lanbide gaitasunaren ziurtagiriak emateari dagokionez. Geroago, eranskin hura Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urriaren 21eko 1071/2009 (EE) Erregelamenduaren I. eranskinaren bidez aldatu zen (Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2009ko azaroaren 14an).

3. Ariketek bi zati izanen dituzte:

Lehenbiziko zatian “test” motako 100 galdera erantzun beharko dira kasuan kasuko programako gaien edukiari buruz, lau erantzunen artean bat aukeratuz.

Bigarren zatian programako gaiak egoera zehatz batzuetan aplikatu beharra izanen duten sei kasu praktiko ebatzi beharko dira, kalkulu matematikoak eginez edo idatziz azalduz.

4. Izangaiek bi ordu izanen dituzte ariketa zati bakoitza egiteko.

Zortzigarrena.–Ariketen kalifikazioa.

1. Ariketak zerotik hamar puntu bitarte kalifikatuko dira, balorazio arau hauei jarraikiz:

Lehenbiziko zatian, zuzen erantzuten den “test” motako galdera bakoitzagatik 0,04 puntu jasoko dira, eta oker erantzuten den bakoitzagatik, berriz, -0,02 puntu. Erantzun gabeko galderek eta erantzun bat baino gehiago dutenek ez dute punturik emanen, ezta kenduko ere.

Bigarren zatian, kasu praktiko bakoitza 0tik puntu bat bitarte puntuatuko da.

2. Ariketa gainditzeko, izangaiek 2 puntu lortu beharko dituzte gutxienez lehenbiziko zatian, eta 3 bigarrenean, eta bien baturak 6 puntu edo gehiago egin beharko du.

Bederatzigarrena.–Probak egiteko eguna eta tokia.

1. Errepideko salgaien eta bidaiarien garraioaren modalitateko lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probak Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgelategian eginen dira (Arrosadiko Campusa z.g., Iruña), 2020ko maiatzaren 9an, larunbatarekin, ordutegi honen arabera:

–1. zatia: 09:00etan.

–2. zatia: 11:30ean.

2. Soilik izangairen bat bi modalitateetara inskribatzen den kasuan, errepideko bidaiari-garraioaren modalitateko lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probak UHUNeko ikasgelategian eginen dira (Sadar kalea z.g., Iruña), 2020ko maiatzaren 8an, larunbatarekin, ordutegi honen arabera:

–1. zatia: 09:30ean.

–2. zatia: 12:00etan.

Hamargarrena.–Gaindituen zerrenda.

Ariketak kalifikatu ondoren, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen behin-behineko zerrenda jendaurrean jarriko du Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuko bulegoetako iragarki-taulan (Alondegi kalea 1, 2. solairua, Iruña), eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian (www.nafarroa.eus). Horrekin batera, azterketak berrikusteko eta alegazioak aurkezteko epearen berri ere emanen du.

Epe hori bukatuta eta, kasua bada, aurkezten diren erreklamazioak ebatzita, probak gainditu dituzten izangaien behin betiko zerrenda Garraioetako zuzendari nagusiari igorriko zaio.

Probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda onesteko Garraioetako zuzendari nagusiak emanen duen ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2000805