304. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

22/2020 FORU LEGEA, abenduaren 29koa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO TOKI OGASUNEI BURUZKO FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

HITZAURREA

Nafarroako Foru Komunitateak, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaz baliatuz, eskumen-gaikuntza du bere toki ogasunei dagokiena arautzeko, eta arlo horretan araubide historikoa, bereki eta espezifikoa izan du.

Gaikuntza hori Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 46.1 artikuluan zehaztuta dago, Nafarroari esleitzen baitizkio “gaur egun (lege organikoak indarra hartzean) dituen ahalmen eta eskumenak, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduan, 1925eko azaroaren 4ko Errege Lege-dekretu Itunduan eta beren xedapen osagarrietan erabakitakoaren babesean, bai eta aurrekoekin bateragarriak izan eta Estatuko oinarrizko legeriaren arabera autonomia erkidegoei edo probintziei dagozkiekeenak ere”.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, lege hori Nafarroan aplikatuko da halako heinean non ez zaion kontrajartzen Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 46. artikuluak Nafarroako toki administraziorako ezartzen duen araubideari.

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Jasangarritasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren azken xedapenetako hirugarrenaren lehen apartatuak ezartzen duenez, lege horrek ezarritakoa Nafarroako Foru Komunitateari aplikatuko zaio, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 64. artikuluak dioenez, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoak xedatuari jarraikiz.

Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Jasangarritasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan aurreikusitako informazio-emate betebeharrak garatzen dituen urriaren 1eko HAP/2105/2012 Aginduaren xedapen gehigarri bakarrean xedatzen da ezen hura Nafarroako Foru Komunitatean aplikatuko dela, betiere apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren azken xedapenetako hirugarrenean xedatutakoarekin bat.

Bestalde, Estatuaren eta Nafarroaren arteko Hitzarmen Ekonomikoak (1990eko uztailaren 31n izenpetua; abenduaren 26ko 28/1990 Legea), zazpigarren xedapen gehigarrian ezartzen du Foru Komunitateari dagozkiola Estatuak toki entitateetan betetzen dituen finantza arloko tutoretza ahalmenak, Aurrekontu Egonkortasunari buruz orduan indarra zuen abenduaren 12ko 18/2001 Lege Orokorraren aplikazioarekin lotuta; horren esanahia ezin da inola ere izan Nafarroako toki entitateen autonomia-maila apalagoa izatea araubide erkidekoek dutena baino.

Halaber, Hitzarmen Ekonomikoaren 48. artikuluak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateari dagozkiola 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduak, 1925eko azaroaren 4ko Errege Lege-dekretu Itunduak eta gainerako xedapen osagarriek ezarritakoaren arabera toki ogasunen arloan dituen ahalmen eta eskumenak.

Foru lege honek zenbait aldaketa egiten ditu Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean, hala toki entitateen aurrekontu eta barne kontrolaren esparruari nola toki tributuen esparruari dagokionez.

Horrela, 13. artikuluko 5. apartatua aldatzen da, berariaz gehitzeko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusi bezala, ordenantza fiskalek indarra hartuko dutela onetsi eta hurrengo ekitaldian, salbu eta ordenantzetan bertan beste data bat adierazten bada, indarra har dezaten argitaratzearekin batera edo argitara eman ondoren.

Aurrekontuaren eta gastu publikoaren arloan, aurrekontuaren likidazioa egiteko aurreikusitako data aldatzen da, martxoaren 1etik 31ra, onesteko denbora emateko.

Horrenbestez, aurrerantzean toki entitateko buruak apirilaren 30ean aurkeztu beharko ditu toki entitateko egoera-orriak eta kontuak, bi aurkezpenak egun berberetan ez egiteko.

Horrekin batera, desagertzen da ordainagiri bidez ordainarazitako tributu-zorrak edo ordezkoek atxikipenarengatik ordaindu behar dituztenak geroratzeko ezintasuna, horrela toki entitateek aukera izan dezaten zailtasun ekonomikoak dituzten subjektu pasiboei tributu horiek ordaintzen laguntzeko eskaera gero eta ohikoagoari erantzuteko; behar hori oso agerian geratu da egun bizi dugun osasun eta ekonomia krisialdiaren hasieratik.

Bestalde, aurreikusten da ezen toki entitateek kreditu transferentziak onesteko hartzen dituzten erabakiak, hondamendi publikoko edo antzeko kasuetan, exekutiboak izanen direla berehala, zein diren ere haien kontra aurkezturiko erreklamazioak, zeinak bideratu beharko baitira aurkeztu eta hurrengo zortzi eguneko epean, eta ezetsitzat hartuko dira ez bazaio erreklamazioaren egileari ebazpenik jakinarazten epe horretan.

Horrekin erantzuna ematen zaio toki entitate askok egindako eskaera bati, garrantzi berezia duena osasun- eta ekonomia-krisiko egungo egoera jadanik aipatuan; izan ere, bide hau araudian aurreikusirik zegoen kreditu bereziak eta kreditu-gehigarriak emateko soilik.

Orobat beharrezkotzat jotzen da toki entitateei aurrekontu eta ekonomia kudeaketaren arloko tresna malguak ematea, modua emanen dutenak gastu espedienteen tramitazio administratiboa aurreratzeko, behar den kreditua aurrekontuan eskuragarri egotera bideraturiko erabakiak hartzen diren bitartean; dela ekitaldi bererako, dela aurreko ekitaldirako, hain zuzen aurrekontu-egozpena eginen zaion horretarako.

Aukera horretan mota guztietako gastuak sartzen direnez, aurreikusten da kontrataziorako baldintza-agirietan, administrazio klausula partikularretako baldintzetan, dirulaguntzen deialdietan edo, gastuaren izaeraren arabera, beharrezkoak diren agirietan berariaz jasoko dela prebentzio hau: gastua, zeinaren tramitazioa aurreratzen ari baita, edo, kasua bada, baita adjudikazioa edo ebazpena ere, etenda egonen dela kasuan kasuko betebeharrak dagokion ekitaldian finantzatzeko kreditu egokia eta nahikoa izan arte.

Dagokion kreditua egoteko behar den finantzaketa honako hauen baitakoa izaten ahalko da, osorik edo partzialki: baliabide berekiak, mailegu bat, kreditu bat, transferentzia bat edo beste entitate publiko edo pribatu baten ekarpena edo dirulaguntza, adibide batzuk aipatzearren.

Horrela, toki entitateei ahalbidetzen zaie kreditua izan aurretik tramitatzea, besteak beste, kontratazio espedienteak, hurrengo ekitaldirako ez eze, uneko ekitaldirako ere bai.

Bestalde, Nafarroako toki entitateen aurrekontu egitura onesten duen irailaren 23ko 234/2015 Foru Dekretuan jasotako terminologiara ekartzen da foru legekoa, terminoak eguneratu eta harmonizatu baitzituen, halako moduan non “aurrekontuko partida” kontzeptua “aurrekontu aplikazioa” izanen baita hemendik aurrera, eta programen eta haien banaketaren araberako sailkapen berriak lehengo sailkapen funtzionala ordeztuko baitu.

Orobat, zenbait aldaketa proposatzen dira aurrekontu aldaketei dagokienez, toki entitateen aurrekontu kudeaketa arinagoa izan dadin.

Izan ere, aurreikusten da osoko bilkurak onetsi ahal izanen dituela aparteko kredituak edo kreditu-gehigarriak, egiaz erabilgarriak diren baliabide atxikiekin finantzatuak, aurrekontuaren likidazioaren onespenaren zain egon gabe; gauza bera aurreikusten da aurreko ekitaldian gastatu gabeko kredituak sartzeko ere.

Bi kasuetan nahitaezkoa izanen da kontu-hartzailetzak txostena egitea finantzaketaren egiazko erabilgarritasunari buruz. Hartara, exekuzioaldian dauden espedienteen aurrekontu arloko kudeaketa arintzen da diru-sarrera atxiki erabilgarriekin, aurrekontuaren likidazioa onetsi arte.

Era berean, aurreikusirik dago osoko bilkurak tresna bat jaso dezala exekuzio oinarrietan (toki entitatearen aurrekontuarekin batera onesten direnak), organo horren eskumenekoak diren aurrekontu aldaketak tramitatu eta indarrean jartzekoa, aurrekontuaren onespenerako erabiltzen denaren parekoa baino arinagoa.

Aldaketa horien xede nagusia tramitazio urgentea da, hurrengo ekitaldira arte berandutu ezin diren gastuak exekutatzeko; izan ere, hala egin ezean, hurrengo ekitaldian sartuko lirateke, eta ez indarreko aurrekontu-ekitaldian.

Horrenbestez, aldaketaren beraren izaera eta justifikazioarekin bat, tramitazioak helburuen lorpenerako egokia izan behar du; hau da, gastua uneko ekitaldian exekutatzea.

Hori dela eta, egoera batzuk gerta daitezke zeinetan aurrekontu aldaketetarako eta aurrekontuaren beraren onespenerako tramite berdinak eskatzeak de facto ezinduko baitu uneko aurrekontu ekitaldian gauzatzea egin nahi den aldaketa.

Horri gehitu behar zaio, aldaketen eduki materialari dagokionez, ez dagoela alde nabarmenik beste batzuekin alderatuta, esate baterako diru-sarreren bidezko kredituak sortzearekin, zeinaren tramitazioa exekuzio oinarrietan jaso bezala egiten baita, betiere baldintzak betez gero: egiaz lortu behar dira zergaz besteko diru-sarrera berriak, aparteko kredituetarako eta kreditu-gehigarrietarako aurreikusitakoen antzekoak, eta, uneko ekitaldian gastatzea lortu ezean, diruzaintzako gerakinean sartuko dira, aparteko kredituak edo kreditu-gehigarriak emateko espedienteak tramitatzea ahalbidetuz, bestelako tramitazioa baitute.

Horregatik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 1.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, beharrezkoa da martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak ahalbidetzea toki entitatearen aurrekontuaren exekuzio oinarrietan aurreikusi ahal izatea aparteko kredituak, kreditu-gehigarriak eta antzekoak emateko espedienteak jendaurrean jartzea iragarki-taulan argitaratuz, osoko bilkurak hasiera batean onetsi ondoren; hala egitea eraginkorra, proportzionatua eta beharrezkoa da arestian aipatutako helburuak betetzeko.

Epe horretan erreklamazioak edo alegazioak aurkezten ahalko dira, eta erabakia behin betiko onetsirik dagoela ulertuko da jendaurrean egoteko epea halakorik egin gabe iragan ondoren. Erreklamazioak edo alegazioak aurkeztuz gero, osoko bilkurak berariaz erabaki beharko du horien ebazpenaz eta proposatutako aldaketaren behin betiko onespenaz, zeinak indarra hartuko baitu behin betiko testua toki entitatearen iragarki-taulan argitaratu ondoren.

Kontuan hartu behar da komunikazioaren teknologia berrien garapenari eta administrazio publikoen eta administrazio elektronikoaren kudeaketan gardentasunari buruzko araudiaren aplikazioari esker, toki entitate guztiek, gehiago edo gutxiago, bitartekoak dituztela publizitatea eta informazioa bermatzeko, Toki Ogasunei buruzko Foru Legea onartu zen garaian (1995ean) zeudenak baino arinagoak eta bestelakoak, web atariak eta egoitza elektronikoak, kasu.

Berme erantsi gisa aurreikusten da, exekuzio oinarrietan halako aurreikuspenik ez dagoen kasurako, osoko bilkurak espedienteak tramitatu eta onetsiko dituela aurrekontuetarako bete behar diren tramite eta betebehar berak betez (informazioa, erreklamazioa eta publizitatea).

Bestalde, aurrekontu egonkortasunaren eta finantza jasangarritasunaren helburuei dagokienez, horiek betetzeko beharrezkoak diren elementu eta bitarteko batzuk ezartzen dira.

Horretarako, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako lurralde historikoetako toki entitateentzat beren foru arauen bidez arautu den bezala, kasu honetan ere, Nafarroako Foru Komunitateak toki ogasunen arloan duen eskumen historikoaz baliatuz, foru araudia egokitu beharra dago gure toki entitateei arau tresna batzuk emateko, batetik aurrekontu egonkortasunaren eta finantza jasangarritasunaren helburuak betetzeko behar direnak, eta bestetik, horiek erabiliz, azkar eta eraginkortasunez erantzun ahal izan diezaieten bizi dugun osasun eta ekonomia krisiak ekarri dituen beharrei, kontuan hartuta toki entitateak direla herritarrengandik gertuen dauden administrazio publikoak.

Horrela, Nafarroako Kontuen Ganberaren gomendioa betetzen da; izan ere, gomendio hau jasotzen du toki sektore publikoari buruz 2018an egindako urteko txostenean: “araudia eta prozedurak ezartzea Foru Administrazioak Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa Foru Komunitateko toki entitateei aplikatzeari dagokionez bete behar duen finantza tutoretzarako”.

Nafarroako toki entitateek hitzar ditzaketen kreditu eragiketen gaineko indarreko araubideari dagokionez -Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 125. artikulutik 131. artikulura bitarte jasotakoa-, esan behar da zaharkitua gelditu dela aipatutako legeak indarra hartu zuenetik, hots, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak, bai eta toki mailako zorpetzearen eta haren baimentze-araubidearen arloan gero eginiko arauek indarra hartu zutenetik ere.

Horrenbestez, arlo honetako foru araudia eguneratu beharra dagoela jotzen da, batetik finantza zuhurtasunaren printzipioa gehitzeko, eta, bestetik, epe luzeko kreditu eragiketak baimentzeko araubidea eguneratzeko, estatuko araudian indarra duen araubidea aplikatuz.

Epe luzeko kreditu eragiketak baimentzearen arloan, 2013rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 17/2012 Legearen azken xedapenetako hogeita hamaikagarrenak aldatu zuen Defizit publikoa zuzentzeko aurrekontu-, tributu- eta finantza-arloko presako neurriak arautzen dituen abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege-dekretuaren hamalaugarren xedapen gehigarriaren testua, eta mugagabeko indarraldia eman zion.

Horren ondorioz, Toki Ogasunei buruzko Foru Legea egokitzen da araudi orokorrean xedatutakora, Nafarroako toki entitateen onerako.

Azkenik, barne kontrolaren arloan, 248. artikuluaren 2. apartatua aldatu behar da, Nafarroako edozein toki entitatek, ez bakarrik Iruñeko Udalak, aukera izan dezan ezartzeko aldez aurreko fiskalizazio eta kontu-hartze mugatuko araubidea, oinarrizko baldintza batzuk dituena, orokortasunez eta udalerri guztientzat -zein ere den biztanle kopurua- aurreikusita dagoena Toki Ogasunak arautzen dituen Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren 219.2 artikuluan.

Horretarako, ezabatu beharra dago 50.000 biztanle baino gehiagoko kopuruaren aipamena, hartara Nafarroako toki entitate guztiek erabaki ahal izan dezaten aldez aurreko kontu-hartzea mugatzea agindu horren a), b) eta c) letretan aipatzen diren gaiak egiaztatzera soilik, betiere toki entitateko buruak proposatuta eta kontu-hartzailetzako organoak txostena egin ondoren.

Estatuan bezala, Nafarroan ere ahalbidetu behar da toki entitate txikietan barne kontrol erraztuko araubide bat ezartzea, lege gaikuntza nahikoa emanez Nafarroako Gobernuak berak ezar dezan, erregelamenduz, zein kasutan erabil dezaketen toki entitateek araubide hori eta zein diren haren ezaugarriak.

Toki tributuen arautzeari dagokionez, toki jabari publikoaren erabilera pribatiboagatik edo aprobetxamendu bereziagatik aurreikusirik dauden tasen zenbatekoari dagokion araudia egokitu behar da merkatuaren errealitate berrira, bai interes orokorreko hornigaien kasuan bai populazio osoari edo zati garrantzitsu bati eragiten dioten hornigaien kasuan, hala nola energia hornidurarenean, nagusiki.

Merkatuko errealitate berri horrek alde batera uzten du eremu geografiko bakoitzeko hornitzaile bakarraren sistema zaharra, eta bereizten ditu, alde batetik, hornikuntzarako beharrezkoak diren sareen titular diren enpresa banatzaileak eta, bestetik, hornigaiak merkatuko lehiaren araubidean merkaturatzen dituzten enpresak.

Bi enpresa mota horiek aurreikusten dute banaketa-sareen erabileragatik ordaintzeko sistema bat, kasu eta tributazio zehatzekin, eta hori guztia araudi aplikagarrian jaso beharrekoa da.

Lurraren kontribuzioari dagokionez, udalei gaikuntza ematen zaie aukerako hobari batzuk ezartzeko. Lehenengo eta behin, ehuneko 90erainoko hobaria, familia ugarien eta guraso bakarrekoen edo gurasobakartasun egoeran daudenen etxebizitzen gainean. Aldaketa horren bitartez, bete egiten dira Familia Ugariei buruzko martxoaren 25eko 20/2003 Foru Legearen 12.3.a) artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitatean familia guraso bakarrekoak egiaztatzeari buruzko otsailaren 7ko 5/2019 Foru Legearen 12. artikuluan jasotzen diren aginduak. Halaber, aukera ematen da hobari horiek hedatzeko, kotizaziorik gabeko pentsioak dituzten zergadunenganaino eta errenta bermatuaren edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren hartzaile direnenganaino. Hobari horren aplikazioa baldintzatzen da etxebizitzen balioa eguneratu izanari, azken bost urteotako balorazio-txostenaren bitartez.

Bestalde, 100eko 50erainoko hobaria ezartzen ahalko da ondasun higiezinen gainean, eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak ezarri badituzte. Bi kasuetan, hobariak baldintzapetuta egonen dira subjektu pasiboaren errentak lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiagokoak ez izateari.

Bereziki azpimarratzekoa da ekonomia-jardueren gaineko zergaren aldaketa, 1.000.000 euro baino gutxiagoko negozio- zifra duten subjektu pasiboak zergaren ordainketatik salbuesteko xedea duena. Neurri horrek gutxi gorabehera 31.000 langile autonomori eta 7.000 enpresa txikiri eraginen die, eta duen xedea da ekintzailetza bultzatu eta sustatzea eta koronabirusak ekarri duen krisi ekonomikoaren ondorioak samurtzea. Era berean, toki entitateen finantza nahikotasunaren printzipioa babestearren, lehen xedapen gehigarrian aurreikusten da Nafarroako Gobernuak konpentsazio bat emanen diela, toki ogasunek Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtsaren kargura. Beste alde batetik, azken xedapenetako lehenak aldatzen du Foru Legea, 2020. urterako ezartzen dituena toki ogasunek transferentzia arrunten eta beste laguntza batzuen kontzeptuan Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtsaren zenbatekoa eta banaketa, zehazte aldera konpentsazio hori nola eginen den.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, Arartekoaren gomendioak aintzat hartuta, hedatu egiten da egokitzapen bereziak dituzten ibilgailuen eta desgaitasuna duten pertsonen izenean matrikulaturik daudenen gaineko salbuespenaren esparrua, aurrerantzean salbuespena ez baita loturik egonen ibilgailuaren potentzia fiskalarekin. Bestalde, zergaren tarifak eguneratzen dira, toki ogasunek Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtserako, transferentzia arruntei dagokienez, finkatzen den igoeraren arabera.

Tarifen azken eguneraketa abenduaren 27ko 19/2017 Foru Legean egin zenez, 2018an eta 2019an aplikatzeko, oraingoan tarifak eguneratzen dira, 2021ean aplikatu beharrekoak ezartzeko, 2020ko eta 2021eko igoerekin.

Ildo horretan, Toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan duten parte-hartze funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2020rako ezartzen dituen otsailaren 27ko 3/2020 Foru Legean aurreikusten da Nafarroako Foru Komunitateko KPIak igoera portzentuala izanen duela: 2018ko ekainetik 2019ko ekainera hartutakoa gehi ehuneko 2. 2018ko ekainetik 2019ko ekainera hartuta KPIaren igoera %1,0koa izan zenez, 2020rako igoera orokorra %3an ezarri zen.

Horrekin batera, foru lege horren azken xedapenetako lehenak aurreikusten du hura 2021erako luzatzea, eta beraz, 2021erako funtsaren igoera izanen da Nafarroako Foru Komunitateko KPIaren igoera, 2019ko ekainetik 2020ko ekainera bitarte hartuta, gehi ehuneko bi. Aldi horretako KPIa negatiboa izan denez, %-0,7koa, 2021erako aurreikusten den igoera %1,3koa da. Beraz, ehunekoak batuta, aplikatu beharreko igoera %4,3koa da.

Eraikin, instalazio eta obren gaineko zergan lege gaikuntza bat eransten da, udalek ordenantza bidez arautu ahal izan dezaten hobari bat zergaren kuotarako, %95erainokoa eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendurako eraikuntza, instalazio edo obren kasurako. Horren helburua da Nafarroako udalen egoera ez izatea autonomia erkidego mugakideetako udalena baino okerragoa, inbertsio mota hori erakartzeari dagokionez.

Hiri-lurren balio-igoeraren gaineko zergan bi aldaketa egin dira. Lehenbizikoaren xedea da argitzea zein den kontuan hartu behar den eskurapen-balioa, zehaztu nahi denean balio-igoerarik dagoen ala ez eskualdaketa batean, 173.1 artikuluko a), b) eta c) letretan xedatutakoa aplikatuz salbuetsirik egon den beste eskualdaketa baten ondotik egiten delarik. Abiapuntuko ideia da salbuespen horiek, duten konfigurazioaren ondorioz, zergaren ordainketaren geroratzea direla, salbuespena baino areago, legeak ezartzen baitu ezen, etorkizuneko eskualdaketa baten ondorioetarako, ulertuko dela lurren balio-igoera gertatu den urte kopurua ez dela eten letra horietan aurreikusitako negozio juridikoak direla-eta. Zergaren geroratzeak koherentea izaten jarraitzeko, eta sortutako zalantzak eta gatazkak kontuan harturik, berariaz ezartzen da ezen, balio-igoerarik izan den zehaztearren, eskurapen-baliotzat hartuko dela higiezinak aurretiaz eta aipatu negozio juridikoez bestelako batengatik izan duen eskualdaketari dagokiona.

Bigarren aldaketaren helburua da eguneratzea lurren balioari sortzapenaren unean aplikatu beharreko gehieneko koefizienteak, zeinak, Toki Ogasunei buruzko Foru Legean bertan ezarritakoaren arabera, urtero eguneratu behar baitira.

Azkenik, luxuzko gastuen gaineko zergari dagokionez, bingo jokoan lortutako sarien gaineko karga kentzen da.

Foru legearen egitura hauxe da: artikulu bakarra, bi xedapen gehigarri eta bi azken xedapen.

Lege hau egitean aintzat hartu dira arauketa onaren printzipioak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan ezarriak.

Foru legea, bera prestatzeko prozedura eta gainerako arauetan dituen efektuak Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta nafarroa.eus webgunean argitaratzeak zaintzen du gardentasun eta irisgarritasun printzipioak errespetatuak izatea.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 20.2 artikuluan, eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren Testu Bateginaren 152. eta 153. artikuluetan ezarritakoarekin bat, foru lege hau onesteko gehiengo osoa behar izan da.

Artikulu bakarra. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen manu hauek adierazten den testua izanen dute:

Bat.–13.5 artikulua.

“5. Ordenantza fiskalen eta haien aldaketen onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarriko da, eta haien edukia Ordenantza Fiskalen erregistroari jakinaraziko zaio, erregistro publikoa baita, ezertan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik edo zati batean argitaratzea.

Ordenantza fiskalek onetsi eta hurrengo ekitaldian hartuko dute indarra, salbu eta ordenantzetan bertan beste data bat ezartzen bada, argitaratzearekin baterakoa edo argitaratu ondokoa.”

Bi.–91. artikulua indargabetzea.

Hiru.–105.1 artikulua.

“1. Toki jabari publikoaren erabilera pribatiboagatik edo aprobetxamendu bereziagatik aurreikusirik dauden tasen zenbatekoa honako arau hauen arabera ezarriko da:

a) Oro har, erabileratik edo aprobetxamendutik eratorritako onurak merkatuan izanen lukeen balioa hartuko da oinarri, ukitutako ondasunak jabari publikokoak ez badira. Hartarako, ordenantza fiskalek zilegi izanen dute onura horren merkatu balioa definitzeko irizpide eta parametroak adieraztea, kasuan kasuko erabilera pribatiboaren edo aprobetxamendu bereziaren izaera espezifikoa kontuan hartuta.

b) Lizitazio publikoko prozedurak erabiltzen direnean, emakida, baimena edo adjudikazioa zein proposamenentzat egiten den, haren balio ekonomikoaren arabera finkatuko da tasaren zenbatekoa.

c) Hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek udalerrietako bide publikoetako lurzoru, lurgain eta lurpean egiten dituzten aprobetxamendu berezien edo erabilera pribatiboen kasuan, zerbitzu horiek interes orokorreko hornidurak edo herritar guztiei edo zati handi bati eragiten dieten hornidurak emateko direnean, tasa horien zenbatekoa izanen da, kasu guztietan eta inolako salbuespenik gabe, enpresa horiek udal-mugarte bakoitzean urtero eskuratzen duten fakturaziotik heldu diren diru-sarrera gordinen %1,5ekoa.

Horri dagokionez, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresen artean sartuko dira zerbitzu horien banaketarako eta merkaturatzerako enpresak.

Telefonia mugikorreko zerbitzuak ez dira sartuko tasa-kuantifikazioko araubide berezi honetan.

Kuantifikazio-araubide berezi hau aplikatuko zaie c) letra honek aipatzen dituen enpresei, bai kasuan kasuko sareen titularrak izanik haien bidez hornidurak egiten dituztenean, bai sare horien titularrak izan gabe horiek erabiltzeko, haietarako sarbidea izateko edo horiekiko interkonexiorako eskubidea dutenean.

Letra honetan xedatzen denari dagokionez, fakturaziotik heldutako diru-sarrera gordintzat hartuko dira entitate bakoitzari egoztekoak izanik entitate horrek udal-mugarte bakoitzean emandako hornidura zerbitzuen ordainetan jaso dituenak.

Ondorio horietarako, ez dira diru-sarrera gordinen artean sartuko eman diren zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ez eta hirugarrenen kontura kobratutako partida edo zenbatekoak ere, ez direnak tasa-kuantifikazioko araubide berezi hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berekiak. Orobat, fakturaziotik heldutako diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko halako kopuruak ezen ordainetan jaso baitira Energia elektrikoa ekoizteko instalazioetarako Ekonomia Ministerioak daukan Erregistro administratiboko 1. edo 2. atalean inskribatuta dauden instalazioetan erabiliko diren hornidura-zerbitzuengatik, araubide berezi honen bitartezko zergapetzea izan dezakeen energia-sorkuntzarako beharrezko lehengai gisa.

Hornidurak egiteko kanpoko sareak erabiltzen dituzten enpresek beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik kenduko dituzte beste enpresa batzuei haien sareetara sartzeagatik edo haiekiko interkonexioagatik ordaindu dizkieten zenbatekoak. Sare horien titulartasuna duten enpresek beren fakturazio-dirusarrera gordinetan sartu beharko dituzte kontzeptu horrengatik eskuratzen dituzten zenbatekoak.

Araubide berezi hau aplikatzetik eratorritako zenbatekoa ezin izanen zaie jasanarazi c) letra honek aipatzen dituen hornidura-zerbitzuen erabiltzaileei.

Letra honetan arautzen diren tasak bateragarriak dira toki erakundearen eskumeneko jarduerak edo zerbitzuak egiteagatik ezar daitezkeen beste tasa batzuekin, zeinen subjektu pasibo izan behar duten c) letra honek aipatzen dituen enpresek, 104.1.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Tasa hori ordainduz gero, udalerrietako bide publikoetako lurzoru, lurgain eta lurpean egindako erabilera pribatiboaren edo eraturiko aprobetxamendu bereziaren ondoriozko beste tasa batzuk ez dira ordaindu beharko”.

Lau.–125 artikulua.

“125. artikulua.

1. Foru lege honetan aurreikusitako moduan, toki entitateek eta haien menpeko entitateek kreditu eragiketak hitzartzen ahalko dituzte, modalitate guztietakoak, epe luzeko nahiz laburrekoak, bai eta interes tasaren eta truke tasaren arriskua estali eta kudeatzeko finantza eragiketak ere.

2. Toki entitateek izenpetzen dituzten kreditu eragiketa guztiak, bai eta abalak edo bestelako berme publikoak ematea ere, finantza zuhurtasunaren printzipioari loturik egonen dira. Finantza zuhurtasuntzat jotzen da finantza eragiketek beren arriskua eta kostua minimizatzeko bete behar duten baldintza-multzoa.

3. Eragiketek bete behar dituzten baldintzak tutoretza finantzarioaren arloko organo eskudunaren ebazpen bidez ezarriko dira”.

Bost.–126. artikulua.

“126. artikulua.

1. Aurreko artikuluan aipatzen diren entitateek epe luzeko kreditu publiko edo pribatura jotzen ahalko dute, edozein motatakoa dela, beren inbertsioak finantzatzeko, bai eta lehendik dituzten eragiketa guztiak nahiz batzuk ordezteko ere.

2. Kreditua modu hauen arabera gauzatuko da:

a) Zor publikoaren jaulkipena.

b) Mota guztietako finantza-entitateekin mailegu edo kredituen kontratazioa.

c) Kreditu publiko edo pribaturako beste edozein eskaera.

d) Lehendik dauden eragiketak eraldatu eta osoki edo partzialki ordeztea.

3. Kreditu eragiketetatik eratorritako betebeharren ordainketa bermatzen ahalko da diru-sarrera espezifikoak atxikiz, ondare-ondasun zehatzen gaineko berme erreala eratuz, edo abalak emanez.

4. Toki entitateen zor publikoak eta haiek jaulkitako titulu-balore baliokideek Nafarroako Gobernuak jaulkitako zor publikoaren onura eta baldintza berak izanen dituzte.

5. Foru lege honetan aurreikusitako epe luzeko edozein kreditu mota hitzartzeko, beharrezkoa izanen da indarra duen behin betiko aurrekontuan sartua izatea edo, kasua bada, aurrekontuaren luzapenean”.

Sei.–127. artikulua.

“127. artikulua.

1. Toki entitateek, beren interesetarako komeni zaiela uste dutenean eta beren eskumeneko lanak eta zerbitzuak egitea errazteko, beren abala ematen ahalko diete kreditu-eragiketei, haien izaera edozein dela ere, eta betiere banaka emanez eragiketa bakoitzerako, beraiekin lanak edo zerbitzuak kontratatzen dituzten edo kasuko toki entitatera itzuliko diren emakidak ustiatzen dituzten pertsona edo entitateek hitzartutakoak direnean kreditu-eragiketa horiek.

2. Toki entitateek abala ematen ahalko diote beren menpeko entitateek hitzartzen duten edozein mailegu eragiketari. Abalak, hala ere, ezin izanen du bermatu menpeko entitatean duen partaidetza baino handiagoa den kreditu-portzentajerik.

3. Aurreko bi apartatuetan aipatutako eragiketak aurretiazko fiskalizazioaren menpe egonen dira, eta bermatutako maileguaren zenbatekoa ez da izanen entitateak berak obra edo zerbitzua zuzenean finantzatu balu baino handiagoa”.

Zazpi.–128. artikulua.

“128. artikulua.

Toki entitateek diruzaintzako eragiketak hitzartzen ahalko dituzte, urtebeteko eperako gehienez, edozein finantza-entitaterekin, diruzaintzan dituzten aldi baterako beharrei erantzuteko, baldin eta ez badira, osotara hartuta, aurreko ekitaldian eragiketa arruntengatik izan dituzten diru-sarrera aitortuen ehuneko 35 baino handiagoak, non eta eragiketa ez den egin behar ekitaldi horretako aurrekontuaren likidazioa egin aurretik, kasu horretan kontuan hartuko baita azken ekitaldi horren aurrekoan egindako likidazioa”.

Zortzi.–129. artikulua.

“129. artikulua.

1. Edonolako kreditu eragiketak hitzartu edo aldatzea kontu-hartzailetzak txostena egin ondotik erabaki beharko da. Txostenean, bereziki aztertuko da toki entitateak duen gaitasuna eragiketetatik heltzen zaizkion betebeharrei denboran zehar erantzuteko, eta betebehar horiek aurrekontu egonkortasunean eta finantza jasangarritasunean izanen duten eragina.

2. Toki entitateetako buruek aurrekontuan aurreikusita dauden epe luzeko kreditu eragiketak hitzartzen ahalko dituzte, baldin eta haien zenbateko metatua ez bada, ekitaldi ekonomiko bakoitzean, aurreko ekitaldian eragiketa arruntengatik aitortutako diru-sarreren ehuneko 10 baino handiagoa, non eta eragiketa ez den egin behar ekitaldi horretako aurrekontuaren likidazioa egin aurretik, kasu horretan kontuan hartuko baita azken ekitaldi horren aurrekoan egindako likidazioa.

Epe laburreko kreditu eragiketak hitzartzen ahalko ditu noiz eta izaera horretako eragiketa bizien zenbateko metatua, eragiketa berria barne, ez denean aurreko ekitaldian eragiketa arruntengatik aitortutako diru-sarreren ehuneko 15 baino handiagoa, non eta eragiketa ez den egin behar ekitaldi horretako aurrekontuaren likidazioa egin aurretik, kasu horretan kontuan hartuko baita azken ekitaldi horren aurrekoan egindako likidazioa.

Toki entitateko buruak hitzartzen dituen eragiketen berri eman beharko dio toki entitatearen osoko bilkurari edo organo baliokideari, eginen den lehenbiziko bilkuran.

Muga horiek gaindituko direnean, udalbatzaren osoko bilkurari edo organo baliokideari dagokio onestea”.

Bederatzi.–130. artikulua.

“130. artikulua.

1. Toki entitateek eta haien menpeko entitateek, Europako Kontuen Sistemaren araberako definizio eta mugaketarekin bat Administrazio Publikoen sektorean sailkatutakoek, aurre-aurreko ekitaldiko likidazioa aurrezki garbi positiboarekin ixten badute, epe luzeko kreditu eragiketa berriak hitzartzen ahalko dituzte, baldin kapital biziaren bolumen osoa ez bada likidatutako edo sortutako diru-sarrera arrunten ehuneko 75 baino gehiagokoa, kontabilitateko egoera-orri bateratuetatik suertatzen diren zifretan oinarrituta.

Zorpetze bolumena aurreko paragrafoan aipatzen dena baino handiagoa eta likidatutako diru-sarrera arrunten ehuneko 110 baino txikiagoa duten toki entitateek zorpetze eragiketak hitzartzen ahalko dituzte, finantza tutoretzako organoak horretarako baimena eman ondoren.

Aurrezki garbi negatiboa edo aurreko paragrafoan jasotzen dena baino zorpetze biziaren bolumen handiagoa duten entitateek ezin izanen dute epe luzeko kreditu eragiketarik hitzartu.

Ondorio horietarako, ulertuko da toki entitateen eta haien erakunde autonomoen aurrezki garbia dela diru-sarrera arruntengatik likidatutako eskubideen eta gastuen egoera-orrietako lehen, bigarren eta laugarren kapituluetan aitortutako betebeharren arteko diferentzia, zenbateko hau kenduta: urteko amortizazio-kuota teoriko bat, proiektatutako eragiketarena eta ordaintzeko dauden mailegu eta jesapen bereki nahiz hirugarrenei abalatutako bakoitzarena.

Urteko amortizazio-kuota teoriko horren zenbatekoa, hitzartutako epe luzeko mailegu bakoitzarena eta korporazioak abalatu eta ordainkizun dagoen mailegu bakoitzarena, bai eta proiektatutako eragiketarena ere, termino konstantetan zehaztuko da beti, interesak eta urteko amortizazio-kuota barne hartuz, edozein direla ere eragiketa bakoitzaren modalitatea eta baldintzak.

Enpresa-erakunde publikoetan eta toki mailako fundazioetan eta merkataritza-sozietateetan, aurrezki garbitzat jotzen da jarduera arruntaren emaitza, mailegu edo jesapenen interesak aintzat hartu gabe eta urteko amortizazio-kuota teoriko bat kenduta, aurreko paragrafoan zehazten den bezala.

Aurrezki garbian ez dira sartuko kreditu aldaketetatik eratorritako betebehar aitortuak, diruzaintzako gerakin likidoarekin finantzatu direnak.

Urteko kuota teoriko horien zenbatekoa kalkulatzean ez dira kontuan hartuko ondasun higiezinen gaineko hipoteken bidez bermatutako kreditu eragiketak, berme horrek hartzen duen mailegu-zatiari dagokion proportzioan.

Toki mailako erakunde autonomoaren, enpresa-erakunde publikoaren edo merkataritza sozietatearen jardueraren xedea etxebizitzak eraikitzea baldin bada, aurrezki garbiaren kalkulua eginen da azken bi ekitaldietako batezbestekoa hartuz.

Aurrezki garbia eta zorpetze maila kalkulatzean kontuan hartu beharreko diru-sarrera arruntak zehazteko, kenduko dira kapital eragiketei atxikitako diru-sarrerak eta 1. kapitulutik 5. kapitulura bitartekoei aplikatutako aparteko beste edozein diru-sarrera, legezko atxikipenagatik eta/edo errepikatuak ez izategatik diru-sarrera arruntzat jotzen ez direnak.

Kapital biziaren kalkulurako, kontuan hartuko dira aurreko urteko abenduaren 31n indarra zuten eragiketa guztiak, abalen arriskua barne, horri gehituta, kasua bada, eragiketa formalizatuen saldo erabiligabeak eta proiektatutako eragiketaren zenbatekoa.

2. Edozein kasutan, finantza tutoretzako organoaren baimena beharko da epe laburreko eta luzeko kreditu eragiketetarako, abalak emateko eta kontratuen baldintzak aldatzen edo berme gehigarriak eransten dituzten gainerako eragiketetarako, hirugarrenen bitartekaritzarekin nahiz gabe, kasu hauetan:

a) Atzerrian edo Espainiako egoiliarrak ez diren finantza entitateekin formalizatzen direnak, edozein dela ere proiektatutako eragiketaren kapitala ezartzeko dibisa; horren barnean daude finantza entitate ez-egoiliarrei egindako lagapenak, entitate egoiliarrek toki entitateei, haien erakunde autonomoei eta haien menpeko entitate, fundazio eta merkataritza-sozietateei emandako kredituetan dituzten partaidetzenak, horiek ematen dituzten zerbitzuak edo ekoizten dituzten produktuak nagusiki merkatuko diru-sarrerekin finantzatzen ez badira.

b) Zor jaulkipenen bidez edo kreditu publikorako beste edozein eskaeraren bidez gauzatzen direnak.

Ez dira atzerriko finantzaketatzat hartuko, a) letran aurreikusten denari dagokionez, Europar Batasuneko herrialdeen lurraldearen barruan herrialde horietako bateko egoiliar diren finantza entitateekin eurotan egiten diren eragiketak. Kasu guztietan, eragiketa horiek finantza tutoretzako organoari komunikatu beharko zaizkio aldez aurretik.

3. Inbertsioak aldi baterako finantzatzen dituzten eta foru lege honen 128. artikuluan araututako mugak gainditzen dituzten epe laburreko eragiketek baimena beharko dute, zeina bakarrik emanen baita toki entitateak justifikatzen duenean funts-eskuragarritasuna duela dagokion muga-egunean haiek kitatzeko.

4. Artikulu honetan ezarritako arauekin bat, beharrezkoa bada finantza tutoretzako organoaren baimena kreditu eragiketa hitzartzeko, eragiketa horrekin lotutako gastu konpromisoak ez dira irmo bihurtuko harik eta baimen hori eskuratu arte. Horretarako, finantza tutoretzako organoaren komunikazioa, baimenari buruzkoa, toki entitateari igorriko zaio kreditu eragiketa hitzartzeko eskaera egin eta bi hilabete iragan baino lehen.

5. Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko foru legeetan ezartzen ahalko dira, urtero, toki entitateek kreditua eskuratzeko bestelako baldintza batzuk, unean uneko egoera dela-eta neurri hori hartzea komeni denean, politika ekonomiko orokorreko arrazoiengatik. Aurrekontu-luzapeneko egoeran zilegi izanen da mugak ezartzea, horretarako onetsitako foru lege baten bidez.

6. Mailegu, kreditu edo zor-jaulkipen baterako eragiketa bat, bere modalitate guztietan, edozein motatako kredituan emandako abalak eta bermeak, finantza errentamenduko eragiketak eta etorkizuneko finantza egoerari eragiten dion beste edozein, toki entitateek edo Administrazio Publikoen sektorean sailkatuta dauden haien menpeko entitateek hitzarturikoa, izenpetu, kitatu edo aldatu ondoko hilabeteko gehieneko epean, eragiketaren baldintzak eta horren amortizazio taula jakinaraziko zaizkio finantza tutoretzako organoari”.

Hamar.–131. artikulua.

“131. artikulua.

Toki entitateen menpeko erakundeek kreditu eragiketak hitzartzen ahalko dituzte aurreko artikuluetan ezarritako baldintzetan, kasuko korporazioaren osoko bilkurak baimena eman eta kontu-hartzailetzak txostena egin ondotik”.

Hamaika.–140. artikulua, 4. eta 5. apartatuak gehitzea.

“4. Ordenantza fiskalek arautzen ahalko dute zergaren kuotaren ehuneko 90erainoko hobari bat, kasuan kasuko etxebizitza ohiko bizilekua denean familia ugariaren, familia gurasobakarraren edo gurasobakartasun egoerako familiaren titularrak diren subjektu pasiboentzat.

Toki-entitateek, beren udal-autonomiaren barruan, hobari hori berdindu ahal izanen dute kotizazio gabeko pentsioak dituzten zergadunekin, errenta bermatua edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzen dutenekin.

Hobari hori jasotzeko, subjektu pasiboaren errentek, salbuetsiak alde batera utzita, ezin izanen dute gainditu lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau, eta toki-entitate bakoitzak tarte desberdinak hartu ahal izanen ditu kontuan errentaren arabera, ehuneko 90eraino gehienez.

Hobari hau aplikatzeko, beharrezkoa izanen da udalerriko balorazio txosten osoaren onespena edo azken berrikuspena aurreko bost urteko epean egina izatea, gehienez ere.

Hobariaren gainerako alderdi substantiboak eta formalak ordenantza fiskalez arautuko dira.

5. Ordenantza fiskalek arautzen ahalko dute ondasun higiezinen gaineko zergaren kuota osoaren ehuneko 50erainoko hobaria, higiezinean eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak ezarri direnean.

Hobari hori jasotzeko, subjektu pasiboaren errentek, salbuetsiak alde batera utzita, ezin izanen dute gainditu lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau, eta toki-entitate bakoitzak tarte desberdinak hartu ahal izanen ditu kontuan errentaren arabera, ehuneko 90eraino gehienez.

Hobari horren aplikaziorako, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea.

Hobariaren gainerako alderdi substantiboak eta formalak ordenantza fiskalez arautuko dira”.

Hamabi.–150.1 artikulua, g) letra gehitzea.

“g) Negozio-zifraren zenbateko garbia 1.000.000 euro baino gutxiagokoa duten subjektu pasiboak.

Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunei dagokienez, salbuespena aplikatuko zaie soilik Espainiako lurraldean establezimendu iraunkorraren bidez jarduten dutenei, baldin eta negozio-zifraren zenbateko garbia 1.000.000 euro baino gutxiagokoa badute.

Edozein kasutan, salbuespena aplikatzeko beharrezkoa izanen da subjektu pasiboetan ez dezaten ehuneko 25eko edo gehiagoko partaidetza izan, zuzenekoa nahiz zeharkakoa, letra honetan aurreikusitako negozio-zifraren zenbateko garbiaren betebeharra betetzen ez duten enpresek, salbu eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 94. artikuluan aipatzen diren arrisku kapitaleko entitateak izan eta partaidetza hori entitate horien xede soziala betetzearen ondorioa denean.

Letra honetan aurreikusitako salbuespena aplikatzeko, arau hauek kontuan hartuko dira:

Lehena. Subjektu pasiboaren negozio-zifraren zenbateko garbian sartuta egonen dira produktu-salmentaren eta zerbitzu-ematearen zenbatekoak edo enpresaren jarduera arruntei dagozkien beste diru-sarrera batzuk, salmenten gaineko hobariak eta gainerako murriztapenak kenduta, bai eta balio erantsiaren gaineko zerga eta aipatu negozio-zifrarekin zuzeneko zerikusia duten beste zerga batzuk ere, jasanarazi beharrekoak.

Bigarrena. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, sozietateen gaineko zergaren, edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunen kasuan, negozio-zifraren zenbateko garbia izanen da tributu horien aitorpenak aurkezteko epea zerga honen sortzapenaren aurreko urtean bukatu zen zergaldikoa.

Sozietateen gaineko zergaren zergaduntzat jotzen ez diren sozietate zibilen kasuan, bai eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren entitateen kasuan ere, negozio-zifraren zenbateko garbia izanen da zerga honen sortzapeneko urtearen aurretiko azken-aurreko urteari dagokiona.

Zergaldiaren iraupena urte naturala baino laburragoa izan bada, negozio-zifraren zenbateko garbia urte osoaren araberakoa izanen da.

Hirugarrena. Subjektu pasiboaren negozio-zifraren zenbateko garbia kalkulatzeko, kontuan hartuko dira hark egindako jarduera ekonomiko guztiak.

Delako entitatea sozietate talde bateko kidea bada Merkataritza Kodearen 42. artikuluak ezarritakoaren arabera, zein ere diren egoitza eta urteko kontu bateratuak formulatzeko betebeharra, negozio-zifraren zenbateko garbia izanen da talde horretako entitate-multzo osoarena, kontuan harturik kontabilitate-araudia aplikatzearen ondoriozko eliminazioak eta eransketak. Irizpide hori bera aplikatuko da baldin eta pertsona fisiko bat, bera bakarrik edo ezkontidearekin edo ahaide dituen beste pertsona fisiko batzuekin elkar hartuta (ahaideak lerro zuzenekoak nahiz albokoak izan, odol bidezkoak nahiz ezkontza bidezkoak, bigarren graduraino, bigarrena barne), Merkataritza Kodearen 42. artikuluak aipatzen dituen kasuetakoren batean badaude, bazkide direneko beste entitate batzuekiko, zein ere diren entitateen egoitza eta urteko kontu bateratuak egiteko betebeharra.

Laugarrena. Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunen kasuan, aintzat hartuko da Espainiako lurraldean dauden establezimendu iraunkorren multzoari egozteko modukoa den negozio-zifraren zenbateko garbia”.

Hamahiru.–160. artikulua.

“160. artikulua.

1. Honako hauek daude zerga honetatik salbuetsiak:

a) Nafarroako Foru Komunitatearen, Estatuaren eta toki entitateen ibilgailu ofizialak.

b) Bulego kontsularren eta Espainian akreditazioa izanik beren herrialdeetako herritar diren karrerako funtzionario kontsularren ibilgailuak, kanpoaldean identifikatuak, betiere erreziprozitatea egonez gero, bai hedaduran eta bai graduan.

Era berean, Espainian egoitza edo bulegoa duten nazioarteko erakundeen ibilgailuak, bai eta haien funtzionarioen edo estatutu diplomatikodun kideenak ere.

c) Anbulantziak eta zuzenean osasun laguntza emateko erabiltzen diren gainerako ibilgailuak, Espainiako Gurutze Gorriarenak eta DYA Elkartearenak.

d) Desgaitasuna duten pertsonak garraiatzeko ibilgailuak, irabazi-asmorik gabeko erakundeen izenean matrikulatutakoak.

e) Egokitzapen bereziak dituzten ibilgailuak. Salbuetsirik egonen dira, halaber, ehuneko 33ko edo gehiagoko desgaitasuna izateaz gain honako ezaugarri hauetakoren bat duten pertsonen izenean matrikulatuta dauden ibilgailuak:

Lehena. Mugikortasun urritua izatea, Desgaitasun gradua aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuko II. eranskinean jasotakoarekin bat.

Bigarrena. Defizit kognitiboa, intelektuala edo nahasmendu mentala izatea.

Hirugarrena. Begirik onenean 0,1eko ikusmen-zolitasuna edo hori baino txikiagoa izatea zuzenketarekin, edo 10 gradura edo gutxiagora murriztutako ikuseremua izatea.

Laugarrena. Adingabea izatea.

Salbuespena pertsona bakoitzeko ibilgailu batera mugatuko da.

f) Garraio publikoari administrazio emakidako araubidean atxikitako hiri barneko autobusak, emakida hori denean zerga ezartzen duen udalak emandakoa edo zerbitzu hori beste batzuekin elkartuta ematearren udal hori integratzen deneko toki entitateak emandakoa.

g) Nekazaritzako Inskripzio Txartela duten traktore, atoi, erdi-atoi eta makinak.

2. Aurreko 1. apartatuko e) eta g) letretan aipatzen diren salbuespenak baliatu ahal izateko, interesdunek eskatu egin beharko dituzte, adieraziz ibilgailuaren ezaugarriak eta matrikula, bai eta onura izateko arrazoia ere. Toki entitateak salbuespena deklaratu ondoren, horren froga ematen duen agiri bat eginen da”.

Hamalau.–162.1 artikulua.

“1. Zergarako kuotak honakoak izanen dira:

a) Turismo ibilgailuak:

–8 zaldi fiskal baino gutxiagokoak: 20,88.

–8 zaldi fiskaletik 12ra bitartean: 58,72.

–12 zaldi fiskal baino gehiagokoak eta gehienez 16koak: 125,25.

–16 zaldi fiskal baino gehiagokoak: 156,63.

b) Autobusak:

–21 leku baino gutxiagokoak: 146,12.

–21 lekutik 50era bitartekoak: 208,79.

–50 leku baino gehiagokoak: 260,99.

c) Kamioiak:

–1.000 kg baino gutxiagoko karga erabilgarridunak: 73,15.

–1.000 kg-tik 2.999 kg-ra bitarteko karga erabilgarridunak: 146,12.

–2.999 kg baino gehiagokoa izanik 9.999 kg-rainokoa den karga erabilgarridunak: 208,79.

–9.999 kg baino gehiagoko karga erabilgarridunak: 260,99.

d) Traktoreak:

–16 zaldi fiskal baino gutxiagokoak: 35,87.

–16 zaldi fiskaletik 25erainokoak: 71,72.

–25 zaldi fiskal baino gehiagokoak: 143,27.

e) Atoiak eta erdi atoiak:

–1.000 kg baino gutxiagoko karga erabilgarridunak: 36,61.

–1.000 kg-tik 2.999 kg-rainoko karga erabilgarridunak: 73,15.

–2.999 kg baino gehiagoko karga erabilgarridunak: 146,12.

f) Bestelako ibilgailuak:

–Ziklomotorrak: 5,22.

–125 cc-rainoko motozikletak: 5,26.

–125 cc baino gehiagokoak izanik 250 cc-rainokoak diren motozikletak: 7,90.

–250 cc baino gehiagokoak izanik 500 cc-rainokoak diren motozikletak: 25,80.

–500 cc baino gehiagokoak izanik 1.000 cc-rainokoak diren motozikletak: 51,64.

–1.000 cc baino gehiagoko motozikletak: 103,27”.

Hamabost.–170. bis artikulua gehitzea.

“Aukerako hobariak. 170. bis artikulua.

Ordenantza fiskalek arautzen ahalko dute zergaren kuotaren ehuneko 95erainoko hobari bat, eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak txertatzen dituzten eraikuntza, instalazio edo obren alde. Hobari horren aplikaziorako, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea.

Hobariaren gainerako alderdi substantiboak eta formalak ordenantza fiskalez arautuko dira”.

Hamasei.–173.1 artikulua.

“1. Zerga honetatik salbuetsirik daude honako egintza hauen ondorioz gertatzen diren balio-igoerak:

a) Ezkontideek ezkontza-sozietateari egindako ondasun- eta eskubide-ekarpenak, haren alde eta haiek ordaintzeko egindako esleipenak, eta ezkontideei haien aktibo amankomunen ordainetan egiten zaizkien eskualdaketak.

b) Herentziaz, legatuz, ezkonsariz, dohaintzaz edo doako beste edozein titulu bidez aurreko ahaideen, ondorengo ahaideen eta ezkontideen artean egiten diren eskualdaketak, mota guztietako ondasunenak.

c) Ezkontideen arteko edo seme-alaben aldeko ondasun eskualdaketak, epaia betetzearen ondoriozkoak, deuseztasun, banaketa edo dibortzio kasuetan, ezkontza-araubide ekonomikoa edozein dela ere.

Nolanahi ere, aurreko a), b) eta c) letretan aipatzen diren negozio juridikoak gertatzen direnean, eta balio-igoera lotua baina salbuetsia dagoelarik, ez dute etenik eraginen 175. artikuluan aurreikusitako hogei urteko epean. Higiezin horiek gero eskualdatzen direnean, ulertuko da ezen lurren balio-igoera agerian geratu deneko urte-kopuruan ez dela etenik izan letra horietan aurreikusitako negozio juridikoen ondorioz. Era berean, 172.4 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, ez da eskurapen-baliotzat hartuko aipatutako negozio juridikoei dagokiena, baizik eta beste egintza batzuengatik higiezinak aurretik izan duen eskualdaketari dagokiona.

d) Edozein zortasun-eskubideren eraketa eta eskualdaketa.

e) Ondasun eskualdaketak edo jabaria mugatzen duten gozamen eskubide errealen eraketa edo eskualdatzea kostu gabe egiten denean, Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean aurreikusitako zerga araubidea aplikatzekoa zaien entitateen alde, edo Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 4. artikuluan aipatzen diren kultur mezenasgoaren pertsona eta entitate onuradunen alde.

Letra honetan araututako salbuespenerako eskubidea izateko, beharrezkoa izanen da ondasun edo eskubide horiek 10/1996 Foru Legean jasotako entitateen berariazko xedea diren jarduerei atxikitzea, edo maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean jasotako pertsonek edo entitateek egindako proiektuei edo jarduerei, baldin eta interes sozialaren deklarazioa badute, Nafarroako Gobernuan kulturaren eskumena duen departamentuak emana”.

Hamazazpi.–2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginez, 175.2 artikuluan ezarritako gehieneko koefizienteak honako hauek izanen dira:

“Koefizientea, Sortzealdia.

0,50 20 urte edo hortik gora.

0,52 19 urte.

0,14 18 urte.

0,13 17 urte.

0,06 16 urte.

0,06 15 urte.

0,06 14 urte.

0,06 13 urte.

0,06 12 urte.

0,06 11 urte.

0,06 10 urte.

0,06 9 urte.

0,06 8 urte.

0,13 7 urte.

0,30 6 urte.

0,36 5 urte.

0,28 4 urte.

0,20 3 urte.

0,11 2 urte.

0,06 1 urte.

0,06 Urtebetetik behera.”

Hemezortzi.–179.c) artikulua, indargabetzea.

Hemeretzi.–180.c) artikulua, indargabetzea.

Hogei.–181.1.c) artikulua, indargabetzea.

Hogeita bat.–182.c) artikulua, indargabetzea.

Hogeita bi.–183.c) artikulua, indargabetzea.

Hogeita hiru.–200.3 eta 4 artikulua.

“3. Gastu aurrekontuko egituran, programen araberako sailkapena eta sailkapen ekonomikoa irizpide hauen araberakoak izanen dira:

a) Programen araberako sailkapenak hiru maila izanen ditu. Lehenbizikoa gastuaren arlokoa, bigarrena gastu politikakoa eta hirugarrena programa taldekoa. Sailkapen honi maila bat edo bi gehitzen ahalko zaizkio, programarako eta azpiprogramarako, hurrenez hurren.

b) Sailkapen ekonomikoak hiru maila izanen ditu: lehenbizikoa, kapituluarena; bigarrena, artikuluarena; eta hirugarrena, kontzeptuarena. Sailkapen honi maila bat edo bi gehitzen ahalko zaizkio.

4. Aurrekontu-aplikazioa, zeinen adierazpen zenbakitua aurrekontu-kreditua baita, zehazturik egonen da, gutxienez ere, programen araberako sailkapenaren eta sailkapen ekonomikoaren uztarketaren bidez.

Toki entitateak sailkapen organikoa erabiltzea erabakitzen badu, sailkapen hori ere aurrekontu-aplikazioan sartuko da.

Gastuen kontabilitate-kontrola aurrekontu-aplikazioaren gainean eginen da; eta kontrol fiskala, berriz, lotespen juridikoaren mailaren gainean, 208. artikuluak ezarri moduan”.

Hogeita lau.–208.2. eta 3 artikulua.

“2. Aurrekontuaren exekuzio oinarrietan zilegi izanen da gastuetarako kredituen lotespena ezartzea toki entitateak haien kudeaketa egokirako beharrezkotzat jotzen dituen mailetan, maila horiek programen araberako garapenarena, ekonomikoa nahiz, kasua bada, organikoa direla ere.

3. Aurreko apartatuan jasotzen den ahalmena erabiltzen duten toki entitateek betiere errespetatu beharko dituzte honako muga hauek, lotespen mailei dagokienez:

a) Programen araberako sailkapenari dagokionez, gastu arloa.

b) Sailkapen ekonomikoari dagokionez, kapitulua”.

Hogeita bost.–210. bis artikulua gehitzea.

“210. bis. artikulua.

1. Nafarroako toki entitateek zilegi izanen dute gastu espedienteen tramitazioari hasiera ematea kasuko aurrekontu kreditua izan aurretik, dela ekitaldi berean, dela gastu horien egozpena eginen zaion aurrekontuari dagokionaren aurreko ekitaldian.

Espedientearen hasierari nahitaez erantsi beharko zaio kontu-hartzailetzaren txosten bat, zeinean berariaz jasoko baita gastua garaiz aurrekoa dela eta lotuta dagoela kreditu egokia eta nahikoa egotearen baldintza etengarriari.

2. Edozein kasutan, administrazio klausula partikularren agiri edo baldintza-sortetan, dirulaguntzetarako deialdietan edo gastuaren izaeraren arabera beharrezkoak diren agirietan, berariaz ohartarazi beharko da ezen gastua, zeinaren tramitazioa aurreratzen den, eta, kasua bada, baita adjudikazioa edo ebazpena ere, baldintza etengarri bati lotuta daudela, zeina baita kreditu egokia eta nahikoa egotea kasuko betebeharrak dena delako ekitaldian finantzatzeko”.

Hogeita sei.–213.1 artikulua.

“1. Aparteko kredituak eta kreditu-gehigarriak baliabide hauetakoren batekin edo batzuekin finantzatzen ahalko dira:

a) Diruzaintzako gerakin likidoaren kargura.

b) Aurreikuspenen arabera ekitaldian jasoko diren diru-sarrera berriekin edo uneko aurrekontuan guztizko diru-sarrera aurreikusietatik gora suertatu diren diru-sarrerekin.

c) Indarreko aurrekontuko beste aurrekontu aplikazio konprometitugabe batzuetako kredituak baliogabetuz edo bertan behera utziz, baldin eta ulertzen bada horien zuzkidurak kasuko zerbitzua kaltetu gabe murriztu daitezkeela”.

Hogeita zazpi.–213. artikulua, 4. apartatua gehitzea.

“4. Salbuespen gisa, aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa onesten den unera arte, aurreko ekitaldian erabili gabeko baliabideekin finantzatzen ahalko dira gastu berriei edo handiagoei erantzuteko behar diren aldaketak. Nahitaezkoa izanen da kontu-hartzailetzak txostena egitea finantzaketaren egiazko eskuragarritasunari buruz”.

Hogeita zortzi.–214.2. eta 3. artikulua.

“2. Aurrekontuaren exekuzio oinarrietan hala ezarrita dagoenean, osoko bilkurak kreditu horiek emateko hartutako hasierako erabakia jendaurrean jarriko da Korporazioko iragarki-oholean hamabost egun naturalez, biztanleek edo interesdunek modua izan dezaten egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak edo alegazioak aurkezteko.

Epe hori iraganik, eta erreklamazio edo alegaziorik egin ez bada, hasierako onespen erabakia behin betikoa dela ulertuko da, eta jendaurrean egoteko epea iragan eta gero hartuko du indarra.

Erreklamazioak edo alegazioak aurkezten badira, osoko bilkurak berariaz erabaki beharko du erreklamazio edo alegazio horiek ebazteko eta proposatutako aldaketaren behin betiko onespenaz, zeinak indarra hartuko baitu behin betiko testua toki entitatearen iragarki-oholean argitaratu ondoren.

Exekuzio oinarrietan berariazko aurreikuspenik ez badago, osoko bilkurak, espedienteak tramitatu eta onesteko, aurrekontuen kasuan informazioa, erreklamazioa eta publizitatea direla-eta bete beharrekoak diren tramite eta betebehar berak bete beharko ditu.

3. Aparteko kredituak edo kreditu-gehigarriak emateko xedearekin toki entitateek hartzen dituzten erabakiak, hondamendi publikoaren edo antzeko kasuetan, betearazleak izanen dira berehala, ezertan galarazi gabe haien kontra erreklamazioak aurkezteko aukera, zeinak aurkeztu eta hurrengo zortzi egun naturaleko epean bideratu beharko baitira, eta ezetsitzat hartuko baitira erreklamazioaren egileari ebazpenik ez bazaio epe horretan jakinarazten”.

Hogeita bederatzi.–216.2. eta 3. artikulua.

“2. Gastu arlo desberdinen arteko kreditu transferentziak onestea Korporazioaren osoko bilkuraren eskumena izanen da kasu guztietan, salbu eta bajek eta altek langileen arloko kredituei eragiten dietenean.

3. Artikulu honetan aipatzen diren aurrekontu aldaketak, osoko bilkuraren eskumenekoak direnean, foru lege honen 214.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera tramitatuko dira”.

Hogeita hamar.–217. artikuluari 3. apartatua gehitzea.

“3. Gastu arlo desberdinen arteko kreditu transferentziak onesteko xedearekin toki entitateek hartzen dituzten erabakiak, hondamendi publikoaren edo antzeko kasuetan, betearazleak izanen dira berehala, ezertan galarazi gabe haien kontra erreklamazioak aurkezteko aukera, zeinak aurkeztu eta hurrengo zortzi egun naturaleko epean bideratu beharko baitira, eta ezetsitzat hartuko baitira erreklamazioaren egileari ebazpenik ez bazaio epe horretan jakinarazten”.

Hogeita hamaika.–219.5. artikulua eta 6. apartatua gehitzea.

“5. Halere, diru-sarrera atxikiekin finantzatutako proiektuak babesten dituzten kreditu gerakinak nahitaez sartu beharko dira, eta ez zaizkie aplikatuko ekitaldi kopuruari dagokion mugatze-arauak, salbu eta osoki nahiz partzialki uko egiten bazaio gastuaren exekuzioari hasiera edo jarraipena emateari, edo hura egitea ezinezkoa suertatzen bada. Era berean, aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa onetsi arte iragaten den denbora epean sartzen ahalko dira.

6. Salbuespen gisa, eta aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa onesteko unera arte, artikulu honetako 1. apartatuan deskribatutako kreditu erabiligabeak txertatu ahal izanen dira, finantzatuta, besteak beste, aurreko ekitaldiko baliabide erabiligabeekin. Nahitaezkoa izanen da kontu-hartzailetzak txostena egitea kreditua egiazki egoteari buruz eta finantzaketaren eskuragarritasunari buruz”.

Hogeita hamabi.–227.2 artikulua.

“2. Kontu-hartzailetzak txostena egin ondoren, toki entitateko buruari dagokio martxoaren 31 baino lehen onestea toki entitatearen eta haren menpeko erakunde autonomoen aurrekontuen likidazioa, bigarren kasu horretan organo eskudunak aurretiazko onespena eman eta gero”.

Hogeita hamahiru.–227. artikuluari 3. apartatua gehitzea.

“3. Behar bezala onetsitako likidazio hori igorriko diote toki entitateek Foru Komunitateko Administrazioari, onetsi eta hamabost egun balioduneko epean”.

Hogeita hamalau.–242.1 artikulua.

“1. Toki entitateko buruak egoera-orriak eta kontuak osatu beharko ditu dagokien ekitaldiaren ondoko ekitaldiko apirilaren 30a baino lehen. Erakunde autonomoenak, merkataritza sozietateenak (horien kapitala toki entitatearena denean osorik edo zati handienean), eta toki entitatearen menpeko beste entitate batzuenak, hasiera batean horietako organo eskudunek eman eta proposatuak, epe berean igorriko zaizkio toki entitateari”.

Hogeita hamabost.–242. bis artikulua gehitzea.

“242. bis artikulua.

1. Nafarroako toki entitateen eta haien menpeko erakundeen aurrekontuen prestaketa, onespena eta exekuzioa, bai eta haien gastu eta diru-sarrerei eragiten dieten gainerako jarduketak ere, aurrekontu egonkortasuna eta finantza jasangarritasuna oinarri hartuta eginen dira, Foru Komunitateko, Estatuko eta Europako araudiekin bat.

2. Gastu araua aplikatzeko, Kontu Nazionalen eta Eskualdeetakoen Europako Sistemaren arabera definitutako gastu ez-finantzarioen urtearteko aldea ez da izanen Espainiako ekonomian epe ertainean barne produktu gordinak duen erreferentziako hazkunde-tasa baino handiagoa. Kalkulu horretatik kanpo utziko dira zorraren interesak eta Europar Batasunetik, beste administrazio publiko batzuetatik, hirigintza kudeaketatik edo bestelakoetatik datozen funts finalisten bidez finantzatutako gastu-zatia”.

Hogeita hamasei.–242. ter artikulua gehitzea.

“242. ter artikulua.

1. Ekitaldia ixtean aurrekontu egonkortasunaren helburua, zor publikoarena edo gastu araua betetzen ez bada, ez-betetzearen erantzulea den Administrazioak ekonomia eta finantza plan (EFP) bat prestatuko du, urte horretan eta hurrengoan helburuak edo gastu araua betetzea ahalbidetuko duena.

2. Aurrekontu egonkortasunaren helburuaren ez-betetzea gertatzen bada gastuak diruzaintzako gerakinarekin finantzatu direlako, ekonomia eta finantza plana ordeztuko da kontu-hartzailetzako lanak betetzen dituen organoak osoko bilkurari igorritako komunikazio batekin, zeinean horren berri emanen baita, bai eta ez-betetzeari eta toki korporazioaren finantza jasangarritasunari buruzko analisi eta ebaluazio batekin ere. Gauza bera eginen da ez-betetzea gertatzen bada gastu proiektuak exekutatu direlako urteko finantzaketa-desbideratze negatiboekin.

3. Gastu araua betetzen ez duten entitateen kasuan, plana egin ordez, kontu-hartzailetza lanak betetzen dituen organoak komunikazio bat igortzen ahalko dio osoko bilkurari, entitatearen finantza jasangarritasuna aztertu, ebaluatu eta egiaztatzen duena, baldin eta ez-betetzea gertatu den ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa egiten bada gastu orokorretarako diruzaintza gerakina eta aurrezki garbi positiboa izanda, eta betetzen badira hurrengo ekitaldirako defizitaren eta zor publikoaren helburuak.

4. Artikulu honen 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako kasuetan, osoko bilkuraren akta, kontu-hartzailetzako organoaren txostena eta horien euskarri den gainerako dokumentazioa finantza tutoretzako organoari igorriko zaizkio; organo horrek, dokumentazioa jaso eta 30 eguneko epean, beharrezkotzat jotzen duen informazio gehigarria eskatzen ahalko du, bai eta neurri osagarriak har daitezela ere; horien artean, besteak beste, ekonomia eta finantza plan bat egitea, toki entitatearen finantza jasangarritasunaren berme gisa. Epe hori iragaten bada finantza tutoretzako organoak berariazko ebazpenik eman gabe, ulertuko da ez dela beharrezkoa neurri osagarririk hartzea”.

Hogeita hamazazpi.–248.2 artikulua.

“2. Osoko bilkurak zilegi izanen du erabakitzea, toki entitateko buruak proposatuta eta kontu-hartzailetzako organoak txostena egin ondotik, aldez aurreko kontu-hartzailetza mugatu dadila honako zertzelada hauek egiaztatzera:

a) Aurrekontu-krediturik ba ote dagoen, proposatzen den kreditua egokia ote den egin edo hartu nahi den gastu edo betebeharrerako, eta, urte anitzeko gastu konpromisoak hartzerakoan, 224. artikuluak eta hurrengoek agindutakoa betetzen ote den.

b) Betebeharrak edo gastuak organo eskudun batek proposatzen dituen.

c) Kudeaketa prozesuan duten eragina dela-eta, osoko bilkurak zehazten dituen beste zertzelada batzuk.

Kontu-hartzailetzako organoak egoki iruditzen zaizkion ohar osagarriak egiten ahalko ditu, baina horiek ez dute inola ere etenik ekarriko espedienteen tramitazioan”.

Hogeita hemezortzi.–248. artikuluari 5. apartatua gehitzea.

“5. Nafarroako Gobernuak erregelamenduz ezarriko du zein kasutan erabiltzen ahalko duten toki entitateek barne kontrol erraztuko araubide bat, bai eta zein diren haren ezaugarriak ere”.

Lehen xedapen gehigarria.–Toki entitateentzako konpentsazioa, ekonomia-jardueren gaineko zergaren erreformaren eraginez diru-sarrerak galtzeagatikoa.

Toki entitateen finantza nahikotasunaren printzipioa babesteko eta ekonomia-jardueren gaineko zergaren erreformaren ondorioz diru-sarreretan izan dezaketen jaitsiera konpentsatzeko, Nafarroako udalek ekarpen bat jasoko dute toki ogasunek Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtsetik.

Bigarren xedapen gehigarria.–Nafarroako Administrazio Auzitegiaren epaien edo ebazpenen ondoriozko zorrak.

1. 2021eko ekitaldian, Nafarroako toki entitateek, salbuespenez, epe luzerako kreditu-eragiketak hitzartzen ahalko dituzte Nafarroako Administrazio Auzitegiaren epai irmoen edo ebazpenen ondoriozko zorren ordainketa finantzatzeko, epai edo ebazpen horiek eragiten diotenean toki entitateari edo haren menpeko entitate edo toki entitatearen partaidetzadun direnetako edozeini, entitate horiek Europako Kontu Sistemaren definizio eta mugaketaren arabera administrazio publikoen sektorean sailkatuta egon nahiz ez.

2. Xedapen honen babesean hitzartzen diren zorpetze eragiketetarako, finantza tutoretzaren arloan eskumena duen organoak baimena eman beharko du aurretik, eta eragiketa horiek aurreko 1. apartatuan aipatzen diren zorrak ordaintzera baizik ez dira bideratuko.

3. Xedapen honetaz baliatzen den toki entitateak finantza saneamendurako plan bat onetsi eta finantza tutoretzako organoari igorri beharko dio baimen eskaerarekin batera; plan horretan aztertuko da entitatearen gaitasuna egungo eta etorkizuneko ordainketa betebeharrei aurre egiteko, eta haren konpromisoa jasoko da, horretarako beharrezkoak diren finantza arloko jasangarritasun neurriak hartzekoa.

4. Toki entitateko kontu-hartzailetza organoak saneamendu planaren betetzeari buruzko txosten bat eman beharko du urtero, eta toki korporazioaren osoko bilkurari aurkeztu, jakinaren gainean egon dadin, bai eta finantza tutoretzaren arloko eskumena duen organoari igorri ere.

Aipatu planaren ez-betetzeren bat gertatuz gero, toki entitateak ezin izanen du epe luzeko zorpetze-eragiketarik hitzartu edozein inbertsio mota finantzatzeko. Horrez gain, finantza tutoretzaren arloko organo eskudunak aparteko neurriak proposatzen ahalko ditu, ukitutako toki entitateek bete beharrekoak.

Azken xedapenetako lehenbizikoa.–Toki ogasunek transferentzia arrunten eta beste laguntza batzuen kontzeptuetan Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2020. urterako ezartzen dituen Foru Legearen aldaketa.

2021eko urtarrilaren 1etik aurrerako eraginez, 15. artikulua gehitzen zaio Toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2020rako ezartzen dituen otsailaren 27ko 3/2020 Foru Legeari. Honako hau da haren testua:

“15. artikulua. Nafarroako udalentzako konpentsazioa, ekonomia-jardueren gaineko zergaren erreformaren eraginez diru-sarrerak galtzeagatik.

Nafarroako udalek ekarpen bat jasoko dute toki ogasunek Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtsetik, ekonomia-jardueren gaineko zergaren erreformak diru-bilketan eragindako galeraren konpentsazio gisa.

Ekarpenaren zenbatekoa urtero zehaztuko du Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, ekonomia-jardueren gaineko zergaren erregistroan aurreko zergaldiari buruz dauden datuetan oinarriturik.

Ekarpenaren zenbatekoa, 5.000 biztanleko edo gutxiagoko udalerri bakoitzarentzat, hau izanen da: ekonomia-jardueren gaineko zergan, eta salbuespenik egon ez balitz, negozio-zifraren zenbateko garbia 1.000.000 euro baino gutxiagokoa duten zergadunengandik zergaldian jasotzea egokituko zitzaizkion tributu-kuoten ehuneko 100. 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrien kasuan, ekarpen hori ehuneko 95ekoa izanen da.

Tributu-kuota horiek zehazteko, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 154. artikuluan aipatzen diren indizeak izanen dira udal bakoitzak 2020ko ekitaldian aplikaturikoak”.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2020ko abenduaren 29an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2016259