301. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ELO

Ordenantza, Bizikidetza eta espazio publikoen babesa arautzen dituena. Behin betiko onespena

Eloko Udalak, 2020ko irailaren 9an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Bizikidetza eta espazio publikoen babesa arautzen dituen ordenantza.

Onespenaren erabakia argitaratu zen 2020ko 225. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 1ean, eta ondoren, jendaurreko epean, inork ez du alegaziorik aurkeztu. Beraz, behin betiko onetsi da aipatutako ordenantza, eta xedatu da osorik argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, aintzat hartuz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoa (maiatzaren 31ko 15/2002 Legeak aldatua)

Elon, 2020ko azaroaren 30ean.–Alkatea, José Manuel García Aróstegui.

ORDENANTZA, BIZIKIDETZA ETA ESPAZIO PUBLIKOEN BABESA ARAUTZEN DITUENA

ZIOEN AZALPENA

Ordenantza honen helburu nagusia da espazio publikoa zaintzea bizikidetzarako eta gizalegerako leku gisa, hartan pertsona guztiek beren jarduerak askatasunez gauzatu ditzaten, dela joan-etorri librea, dela aisialdia, dela topaketa, dela josteta, errespetu osoa erakutsirik besteen duintasunari eta eskubideei eta Elon diren adierazpide eta bizimolde ezberdinen aniztasunari.

Portaera eredu horretan, herritarrek eskubidea dute espazio publikoak erabiltzeko, eta beren askatasunean errespetatu behar dira. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta pertsonak eta ondasunak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

Inork ezin ditu, bere portaerarekin, gainerako pertsonen eskubideak gutxietsi edo kaltetu, ezta haien ekiteko askatasuna ere; ez zaie haien balioei erasoko eta ez dira sinesmenak eta bizikidetzaren arauak laidoztatuko.

Gizalegezkoak ez diren portaerak gutxiengo batenak dira, baina guztien ondare diren ondasunak eta espazioak kaltetzeaz gain, bizikidetzarako eraso dira, eta elkartasun eta errespetu eza adierazten dute herritar gehienenganako, hain juxtu ere herritar izatearen ondoriozko eskubideak eta eginbeharrak gizalegez onartzen dituzten horienganako.

Beste alde batetik, gizalegearen kontrako portaerek behartzen dute dirua erabiltzera garbitze, mantentze eta konpontze lanetan edo ondasunak berrezartzen, diru hori beste zerbaitetarako baliatu beharrean. Beraz, erabilera publikoko instalazioetarako eta gure udalerriko ondarerako eskatzen den errespetuak diru publikoaren kudeaketa hobetzen du; gainera, aukera ematen du baliabide gehiago lehentasunezko gaietan arrazionaltasunez erabiltzeko.

Hain zuzen ere, gizalegearen kontrako jarreretatik datozen ondorio horiek zuzentzera bideratu dira, historikoki, udalen eskumenak; horregatik eman zaie arau-hausleen egintzak zehatzeko ahalmena.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

–Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak prebenituz.

–Babestea herriko ondasunak eta espazio publikoak edo pribatuak, eta hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak, gerta daitezkeen eraso, bestelakotze eta legez kontrako erabileretatik.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira: kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak, lorategiak, zubiak, pasabideak, tunelak, lurpeko pasabideak, aparkalekuak, iturriak, urmaelak, eraikinak, merkatuak, museoak eta kultur zentroak, ikastetxeak, hilerriak, igerilekuak, kirol guneak eta haien instalazioak, estatuak, eskulturak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak, landareak, edukiontziak, paperontziak, hesiak, garraioko elementuak, Udalaren ibilgailuak, eta Udalaren gainerako ondasunak, nolanahikoak izanik ere.

Halaber, eta apaindura publikoari dagokionez, ordenantza honen babes neurrien barruan daude beste administrazio publiko eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, herritarrentzat badira edo zerbitzu publiko bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak badira, hala nola, markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak, trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta beladoreak, eguzki-oihalak, landareontziak, gauzak saltzeko makinak eta nolanahiko gainerako ondasunak.

Ordenantza honetan bildutako babes neurriek halaber hartzen dituzte eraikinetako fatxadak eta beste hirigintza eta arkitektura elementu batzuk, azpiegiturak, eta titulartasun publikoko edo pribatuko tresnak edo instalazioak, hala nola atariak, merkataritzako galeriak, patioak, orubeak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, landareontziak, kale-argiak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak, baldin eta eremu publikoan kokatuta badaude edo hartatik ikus badaitezke, ondasun pribatuak izan arren. Izan ere, hiriko ondare eta paisaiaren parte dira, apaindura publikoak eskatzen duen baldintza egokietan izan beharrekoak.

–Gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehapen ahalmenaren bidez.

–Bizikidetza arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan jasotzen diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubideak, ahalmenak eta eginbeharrak, ezta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek herritarren gizalegezko balioekin ikusteko duten jarduerak eta hutsegiteak arautzen ditu; ez die eragiten, beraz, egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.

3. Ordenantza hau Eloko udal-mugarte osoan aplikatuko da.

4. Ordenantza hau osagarria da. Bestelako ordenantzei modu osagarrian aplikatuko zaie ordenantza hau, ordenantza honen xedekoak diren kontu berariazkoetarako, eta betiere, bidezkotzat jotzen baldin bada, bere zehapen araubidea aplikatzen ahalko da, berezitasun batekin, arau haietako aginduei egokituko baitzaie.

5. Ordenantza honetan biltzen diren udal eskumenak alkatetzak erabiliko ditu; hark eskatzen ahalko du bere ekimenez edo partikularren edo agintari eskudunen salaketa bidez, beharrezko prebentzio-, zuzenketa- edo konponketa-neurriak hartzea; egoki iritzitako ikuskapen guztiak agintzea; eta zehapen-prozedura aplikatzea, indarreko legedia eta/edo ordenantza hau betetzen ez badira.

3. artikulua. Bizikidetzarako printzipioak.

1. Herritarrek beren arteko bizikidetza errespetatu eta ondasunak eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabili behar dituzte, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea begiratuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritako ildoetatik.

2. Herritarrek eskubidea dute hiriko bide eta eremu publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun eta espazio publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

3. Ezin da bizilagunen atsedena hausten duen zaratarik egin, ez titulartasun pribatuko etxebizitza edo lokaletatik, ez lokal publikoetatik, ezta gaueko iskanbiletan parte hartu ere, ezta gaueko aisiarako lokaletatik zalapartaka handiz irten ere.

4. Herritarrek ez dute eremu publikoan eginen abusuzko, bereizkeriazko edo larderiazko ekintzarik, ezta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.

4. artikulua. Jarduketa administratiboak.

Ordenantzaren aplikazioaren ondoriozko jarduketak lotuko zaizkie prozeduraz, inpugnazioaz eta, oro har, araubide juridiko eta zehapenekoaz aplikatzekoak diren xedapenei.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeari jarraikiz, zehapen-prozedura ofizioz hasiko da, Alkatetzaren erabakiz, dela bere ekimenez, beste organo batzuen eskaera arrazoituaren ondorioz edo salaketa baten ondorioz. Aplikatuko dira lege horren 63. eta 64. artikuluetan zehapen-prozeduretarako ezarritako berezitasunak.

5. artikulua. Herritarraren eskubideak eta betebeharrak.

1. Herritarraren eskubidea da zerbitzu publikoek ongi funtzionatzea eta, zehazki, Udalak, udal zerbitzu eskudunen bitartez, modu eraginkorrean zaintzea herritarren arteko bizikidetzari buruz berak nahiz beste batzuek dituzten arauak betetzen direla, edo dagozkion salaketak tramitatzea arlo horretako arau-haustea ekartzen duten jarduketen kontra.

2. Udal-mugartean, herritarra beharturik dago honako hauetara:

a) Indarra duen araudian eta Udalaren ordenantza eta erregelamenduetan bizikidetzarako ezarritako arauak betetzera, eta orobat Alkatetzaren ebazpenak eta bandoak, ordenantza honen xede direnak.

b) Ondasun eta instalazio publikoak nahiz pribatuak eta ingurumena errespetatzera eta ez hondatzera.

c) Eraikin publikoetan eta, betiere, ordenantza honetan eta diren erregelamenduetan ezarritako erabilera eta portaera arauak errespetatzera.

Herritarren arteko bizikidetza

6. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honek arautzen du Eloko udal-mugarteko kale, espazio libre, pasealeku, plaza, bide, zubi, parke, lorategi, iturri eta gainerako udal ondasun publikoen erabilera, komuna eta pribatiboa.

7. artikulua. Oinarrizko arauak bizikidetzarako eta eremu publikoaren zaintzarako.

Debeku dira honako jarduera hauek:

a) Eremu publikora edozein motatako zabor edo hondakina botatzea; horiek, txikiak baldin badira, paperontzietara bota beharko dira.

b) Eremu publikoan lanbideetan edo lanetan aritzea; edo olioa edo bestelako isurki kutsagarriak aldatzea; nolanahiko konponketa eta mantentze lanak egitea.

c) Eremu publikoan edozein gauza abandonaturik uztea, baldin eta pertsonendako arriskua badakar, ingurunea itsusten badu edo oinezko eta/edo ibilgailuen joan-etorriari kalte egiten badio.

d) Eremu publikoan ura edo edozein motatako isurkia botatzea edo behar fisiologikoak egitea.

e) Eremu publikoan nekazaritzako ibilgailuak eta makinak eta antzekoak garbitzea, eta produktu toxikoak eta/edo arriskutsuak isurtzea.

f) Landaretzarekin jabetza publiko edo pribatu mugakideak okupatzea. Partikularrek beren finketako landaretza zainduko dute, finka edo bide mugakideetara ez zabaltzeko moduan.

Kudeaketan tratamendu berezia behar duten hondakinak sortzen dituen edozein jarduerari dagokionez, une bakoitzean indarrean dagoen araudiaren arabera egin beharko dute auzotarrek.

Kartelak, pankartak eta gisakoak

8. artikulua. Publizitatea.

1. Edozein euskarritan egonda eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, ezin izanen da jarri kanpoko publizitatea xede horretarako bereziki prestatutako lekuetan baizik. Establezimenduen titularrek, baimenik izan ezean, ezin dute ezarri eremu publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik, ez finkorik ez mugigarririk.

2. Debeku da, Udalak baimena eman ezik, edozein iragarki mota paratzea eraikin publikoen fatxadetan, karrerapeetan, markesinetan, hiri altzarietan, arboletan eta murruetan. Era berean, debeku da aipatu lekuetan edozein eranskailu, kartel, afixa, pankarta edo banderola ezartzea.

9. artikulua. Kartelak, pankartak eta banderolak.

1. Udalak eremu publikoan kartelak eta banderolak paratzea espresuki baimentzen ahalko du honako kasu hauetan:

a) Hirian kultur, arte edo kirol gertaera garrantzitsuak egiten direnean.

b) Kultur emanaldiak apaintzen laguntzen dutenean.

c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendutako lekuetan.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, eremu publikoan kartelak eta banderolak paratzea baimentzen ahalko da, adierazitakoren bat ez denean.

2. Artikulu honek aipatzen duen baimenaren eskaerak bildu beharko ditu, gutxienez, honako zehaztapen hauek:

a) Kartelen edo banderolen edukia eta neurriak.

b) Haiek paratzeko lekuak.

c) Paraturik egonen diren denbora eta egunak.

d) Haiek kentzeko eta eragindako kalteak konpontzeko konpromisoa, halakorik eragiten bada.

e) Banderolak kale-argi edo argiei lotzeko modua islatzen duen krokisa, euskarriaren pinturak edo galbanizatuak kalterik jasoko ez duela bermatuta.

3. Kartel, pankarta eta banderolak baimendutako berezitasunei lotuko zaizkie; horien artean egon daiteke 29.2 artikuluan jasotzen den fidantza.

4. Kartelek, pankartek eta banderolek baimenaren baldintzak bete beharko dituzte, eta baimenaren eskatzaileak kenduko ditu, emandako epea iragan bezain laster. Hala egin ezean, Udala ordezko betearazpenari lotzen ahalko zaio, dagozkion zehapenak deusetan ukatu gabe.

10. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.

1. Debeku da bide edo eremu publikoetan mota guztietako liburuxkak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak barreiatu eta botatzea.

Udal zerbitzuek eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri espazioa garbituko dute eta aparteko zerbitzuen kostua erantzuleei egotziko zaie, dagozkien zehapenak deusetan ukatu gabe.

2. Publizitatea etxez etxe banatzen dutenek ezin izanen dute propaganda paratu atariko esparrutik kanpora, eraikinek horretarako saskiak edo ontziak badituzte. Propagandak edo iragarkiak saski horietan baizik ez dira uzten ahalko.

3. Propaganda banatu, informazioa eman edo sinadurak biltzeko mahaiek Udalaren baimena izan beharko dute aldez aurretik, eta aurreko artikuluko aginduak aplikatuko zaizkie.

Ondasunak hondatzea

11. artikulua. Hondatzea eta desitxuratzeak.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, haien erabilera edo helburuaren kontrakoa bada, haien itxura zakartzea badakar edo haien estetika hondatzen badu, 1. artikuluan ezarri bezala.

12. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Debeku da ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea.

2. Aurreko atalean agertu debekutik kanpo geratuko dira Udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo gisakoetan egiten diren horma-irudi artistikoak.

3. Udal baimena ematea aukerakoa da; hura ematen denean erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.

4. Udalak agintaritza eskudunari eskatzen ahalko dio materialak edo tresnak kentzeko edo atzemateko, jarduerak udalaren nahitaezko baimenik gabe egiten direnean.

5. Eraikin publiko batean edo hiri altzarietako elementu batean pintadak egiten, paperak ezartzen, kristaletan arrastoa egiten edo apurtzen, kartelak itsasten edo hondatzen duen beste edozein ekintza gauzatzen denean, bidezko kalte-ordaina eta garbitzeko, berria jartzeko edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua egozten ahalko dizkio Udalak enpresari, erakundeari edo pertsona erantzuleari. Horrez gain, bidezko zehapena ezarriko dio.

13. artikulua. Zuhaitzak.

Zuhaitzak, landareak eta zuhaixkak babesteko neurri gisa, debeku dira honako hauek:

a) Kalte egitea edo tratu txarrak ematea.

b) Haiei edozein elementu itsatsi edo lotzea, Udalaren baimenik gabe.

c) Hondakinak botatzea zuhaitz-txorkoan edo inguruan.

Espezie inbaditzaileak landatzeari dagokionez, sektoreko araudian xedatutakoa beteko da.

14. artikulua. Parke eta lorategi publikoak.

1. Herritarrek hiriko parkeak eta lorategiak zaindu behar dituzte.

2. Parke, lorategi, jardinera eta eremu edo leku publikoetan landatutako landare-espezieak eta zuhaitzak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira honako ekintza hauek:

a) Loreak edo landareak ebatsi, errotik atera edo hondatzea, eta oro har, parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak behar ez bezala erabiltzea.

b) Soropila hondatzea eta horren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.

c) Arbolak moztu, kimatu edo apurtzea, baita plaza, parke eta lorategietan ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erabiltzea ere.

d) Azalak grabatu edo pintatzea, puntak sartzea, haiei eskailerak, tresnak, aldamioen euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak paratzea.

e) Zuhaitzen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo horien gainean edozein motatako produktu toxikoak edo usain txarra ematen dutenak botatzea.

f) Zaborrak berdeguneetan botatzea. Hondakinak, harriak, legarra edo haiek kaltetu edo haien estetikari eta gustu onari eraso diezaiekeen beste edozein produktu botatzea.

g) Gorozkiak soropilaren gainean uztea, eta orobat lorategi, bide eta espaloien gainean.

h) Sua piztea parke eta lorategietan, espresuki baimendurik dauden tokietan izan ezik.

3. Era berean, debeku da parkeen barnean egotea sartu eta ixteko ordutegi araututik kanpo, dauden seinaleek adierazitakoari kasurik ez egitea edo gune zehatz batzuetara sartzeko aldi baterako edo behin betiko murrizketei desobeditzea.

15. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

1. Debeku da eremu publiko edo espazioetan dauden paperontziak edo edukiontziak nolanahi erabiltzea, kalteak eragin, haien estetika andeatu edo erabilera oztopatzen bada. Bereziki debeku da haiek mugitu, erauzi, erre, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.

2. Hondakin solido txikiak, hala nola, zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, paperontzietara bota behar dira, eta birziklagarriak izanez gero, bilketa sailkaturako eremu publikoan paraturik dauden edukiontziak erabiliko dira.

3. Debeku da paperontzietan material, tresna eta gauza arriskutsuak uztea.

16. artikulua. Urmaelak eta iturriak.

Debeku da urmael eta iturrietako instalazio edo elementuetan baimenik gabeko edozein erabilera egitea. Bereziki, debeku da norbera barrenean sartzea eta edozer sartzea, arrantzan egitea, animaliei edatera ematea eta gaiak edo gauzak haietara botatzea.

Herritarren jarduerak

17. artikulua. Ondasun, zerbitzu eta espazio publikoen erabilera arruntaren edo egokiaren aurkako jarduerak.

1. Eremu edo espazio publikoek zer xede duten, haren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute eragotzi horretarako prestatutako lekuetan oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria, legez ezarritako tokietan eta ezarritako baldintzetan izan ezik.

Debeku da eremu edo espazio publikoetan kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak kontuan hartuta pertsona edo ondasunei kalteak edo herritarrei eragozpen nabariak eragin diezazkieketen jarduerak egitea, zein diren ere.

Debeku hori ez da aplikatuko aurretik baimena lortu denean edo aipatu jarduerak egiteko berariaz prestatu lekuetan eta horrexetarako direnetan egiten denean, ezarritako baldintzetan.

2. Eremu publikoetan ezin da inolako elementurik paratu edo jarri, Udalaren baimenik izan ezean.

3. Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren edozein portaera, eta bereziki, larrialdiko zerbitzuak maltzurkeriaz mugiaraztea.

4. Debekatuta dago kalez kaleko salmentan aritzea beharrezko baimenik gabe.

18. artikulua. Suak eta festak.

1. Debeku da, baimenik gabe, erabilera publikoko eremuetan sua piztu edo izatea, baita piztutako metxak eramatea edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak erabiltzea ere udal-mugarte osoan.

2. Jaiak edo gertaera jakin batzuk direla eta, Udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan finkatuko ditu baimentzen diren suak edo jarduerek errespetatu beharreko baldintzak.

3. Bereziki debekatuta dago material piroteknikorik erabiltzea babestutako eraikinen inguruetan, suziriak barne.

19. artikulua. Asotsak.

1. Herritar guztiek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu behar dituzte. Halaber, bizikidetza arrunta trabatzen duten zaratak egitea saihestuko dute, bai hots mailei buruzko 135/1989 Foru Dekretuan ezarri bezala, bai gizalegezko jokaeren sustapenari buruzko ordenantza honek arautzen dituen hurrengo baldintzen arabera:

a) Gidariek ez dituzte ibilgailuetako musika-ekipoak ozen jarriko.

Ozentzat joko da, agintaritzako agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal dutenean.

b) Debeku da asotsak edo suteak sor ditzaketen petardoak, suziriak, bengalak eta mota guztietako artikulu piroteknikoak botatzea, Udalaren baimenik gabe.

c) Obrak egunez eginen dira, arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimendu ezean. (Eguneko ordutegia, 8:00etatik 22:00etara; gaueko ordutegia, 22:00etatik 8:00etara. Administrazioak ordu bat aurrera dezake eguneko ordutegia).

Larunbat, igande eta jaiegunetan, eguneko ordutegia 10:00etatik 20:00etara izanen da.

e) Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei traba egiten dieten jarduerak, batez ere gauaz.

20. artikulua. Kea eta usainak.

1. Herritarrek uko eginen diote kea, usaina edo hautsa sortzen duten jarduerak egiteari espazio publikoetan edo baimendu gabeko beste batzuetan, lasaitasuna galarazten dutelako edo osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren kontrakoak direlako, indarra duen legedian eta ordenantzetan ezarri mugak edozein direla ere.

Debeku horretatik salbu dira aldez aurreko baimenik gabe etxeetan egiten ahal diren lan batzuk, hala nola zola bernizatzea, hormak pintatzea eta abar.

2. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinetako fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira gutxienez, eta haien keak 2,5 metroko altueratik gora bideratu beharko dira, jendea distantzia hori baino hurbilago badago, Udalaren baimenik izan ezean.

21. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.

1. Debeku dira erabilera publikoko bide eta eremuak -orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak barne- zikin ditzaketen jarduera edo baimendu gabeko eragiketa guztiak. Batzuk aipatze aldera, debeku da aipatu bide edo eremuetan automobilak konpondu edo olioztatzea, ezinbesteko kasua izan ezean, eta orobat zigarrokinak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea, hautsontziak eta ontziak hustea, botilak haustea, zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea, barnean sartzeko lekua gelditzen bada, eta gisako beste ekintza batzuk. Era berean, herbizidak, ureak, nekazaritzarako ongarriak eta antzekoak bide publikoetan isurtzea debekatuta dago.

2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzi egokietan botatzera.

Hondakin solido txikiak, hala nola, zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietan bota behar dira, birziklagarriak izan ezean: kasu horretan, eremu publikoan bilketa sailkaturako diren edukiontziak erabiliko dira.

Paperontzietara botatzen ahal ez diren hiri hondakinak horretarako paratu edukiontzietara bota beharko dira, Iratiko Mankomunitateko ordenantzen arabera eta hondakinen gaikako bilketaren printzipioarekin bat.

3. Espresuki debeku da beirazko edozein objektu, osorik edo hautsirik, utzi edo lagatzea erabilera publikoko edozein lekutan. Hura horretarako prestaturiko edukiontzira bota beharko da.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.

5. Debeku da landareak baimenik gabe ureztatzea, soberako ura nolabait kalte daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean eror badaiteke edo eremu publikoan edo haren erabiltzaileengan kalteak egin baditzake.

–Ez da libre izanen eremu publikora inolako alfonbra, arropa edo oihalik baimenik gabe inarrostea.

6. Debeku da ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon, edozein hondakin botatzea.

7. Debeku da hondakin likidoak euri uren sarera edo zuzenean ugaldera, urmaeletara edo iturrietara isurtzea, natur inguruneari kalte egiten dioten xaboiak, garbikariak, koipeak edo gisako beste gai batzuk baitituzte.

22. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da bide publikoetan eta erabilera publikoko eremuetan kaka, pixa edo tu egitea.

23. artikulua. Ondasun higiezinak mantentzea eta zaintzea.

Higiezinen edo eraikuntzen jabeek beren jabetzako finkak, etxea, patioak, etxeetako sarrerak eta abar osasungarritasun- eta apainketa-egoera egokian mantendu behar dituzte, ingurua eta alboko bideak babestuz.

Arau-hausteak

24. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak dira honako hauek:

–Herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; baldin eta herritarren segurtasunaren babesari buruzko legedian ezarri gabeko jokaerak badira, eta zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea edo zerbitzu publikoen ohiko funtzionamendua modu arinean trabatzea. Honako hau arau-haustea izanen da beti:

• Eremu publikoan sua egitea, salbu eta Udalak baimentzen duenean herriko jaietan.

–Zerbitzu publikoa edo eremu publikoa erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea beste pertsona batzuei. Honako hauek arau-hausteak izanen dira beti:

• Ibilgailuak abandonaturik uztea, higienea, osasungarritasuna eta pertsonen segurtasuna arriskuan jartzen badituzte, itxura txarra ematen badute edo beste ibilgailu batzuen zirkulazio libreari traba egiten badiote.

• Eremu publikoa okupatzea Udalaren baimenik gabe.

• Hiriko elizetatik hurbil suziriak botatzea.

• Bide edo eremu publikoetan terrazak edo beladoreak paratzea, baimendu baino leku handiagoa hartuta.

• Baimenik gabe kanpatzea.

• Bankuen gainean, markesinetan edo kutxazain automatikoetan, gaua eman edo etzatea.

• Eremu publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.

• Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.

• Edozein ondasun edo eremu publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe. Bai eta halako lekuetan pegatinak, kartelak, paskinak, pankartak edo banderolak jartzea ere.

• Zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan kalteak egitea.

–Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu arinean trabatzea. Honako hauek arau-hausteak izanen dira beti:

• Lagun egiteko animalien gorozkiak bildu gabe uztea espazio publikoetan.

• Propaganda edo publizitatea zabaltzea, ordenantza honetan ezarritakoa hautsirik.

• Eremu publikoan pixa, kaka edo tu egitea.

• Eremu publikoan zaborra edo beste edozein elementu bota edo bertan uztea.

• Apaintzeko zeren bat edo hiri altzariren bat, paperontziak eta edukiontziak barne, lekualdatu, mugitu, altxatu, beheratu, biratu edo zernahi gisaz zegoen bezala ez uztea, bere lehengora itzuli behar bada.

• Espazio publikoetan edari alkoholdunak kontsumitzea, horrekin espazio publikoa erabiltzen ari diren pertsonei eta herritarrei traba egiten bazaie.

• Edateko ontziak lurrera botatzea edo eremu publikoan uztea, hala nola potoak, botilak, edalontziak edo beste edozein gauza.

• Baimen baten baldintzak ez betetzea, baldin eta sailkapen larriagorik merezi ez badu.

–Kalez kaleko salmentan aritzea, beharrezkoa den Udalaren baimenik gabe.

–Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako eginak eta ez eginak, espresuki jaso ez direnak.

25. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak honako hauek dira:

–Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, herritarren segurtasunaren babesari buruzko legedian tipifikatu gabeko jokaerak badira.

–Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu larrian trabatzea beste pertsona batzuei.

–Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian trabatzea.

–Osasungarritasun edo apaindura publikoa modu larrian trabatzea.

–Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.

–Eraikinetan edo instalazio publikoetan, baimendu gabeko eremuetan sartzea, edo erabiltzeko edo irekitzeko ordutegitik kanpora sartzea.

–Ur zikinak isurtzea eta premia fisiologikoak eremu publikoan egitea.

–Debeku da erabilera publikoko eremuetan sua piztea edo pizturik edukitzea, baita petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak baimenik gabe erabiltzea ere udal-mugarte guztian.

–Parkeei, parterreei eta landaketei kalte egiten ahal dien edozein jarduera egitea, baita landareak, loreak edo fruituak hondatzen ahal dituen edozein ekintza, hala nola arboletara igotzea.

–Iturri, urmael, laku edo aintziretako uretara gauzak botatzea.

–Hiri altzariei kalte egitea, baita horiek xede partikularretarako erabiltzea ere, haien erabilera publikoa galarazteko edo trabatzeko maneran, hala nola haien jatorrizko kokalekua aldatzea; eta orobat ur-hargunea Udalak baimendu gabe erabiltzea, eta hondakinen edukiontziak behar ez bezala erabiltzea edo lekuz aldatzea, salbu eta Udalak berariaz baimentzen duelarik.

–Arestian deskribatu apaindura edo erabilera publikoko ondasunetan pintatzea, idaztea edo zikintzea, eta orobat eskuorriak edo gisakoak barreiatzea edo botatzea, afixak itsastea leku baimenduetatik kanpora, ordenantzan jasotzen diren salbuespenak salbu, eta pintadak egitea Udalak berariaz baimendu gabe.

–Afixak, pankartak edo gisako publizitate elementuak paratzea, Udalak baimendu gabe.

–Estolderia-sarera edo eremu edo espazio publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ohiko funtzionamendua trabatzen edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.

–Eremu publikoan janariak edo edariak saltzea Udalaren baimenik gabe.

–Oinezko edo ibilgailuen ohiko joan-etorriak nahita eragoztea haientzat prestatutako lekuetan.

–Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

a) Arau-hauste arina egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu larria eragitea.

b) Agintariek debekatu ondotik norbaitek arau-hauste oso astuna egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondotik agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean, orduan desobeditzetzat hartuko da eta gehienez ezartzen ahal den zehapena ezarriko da, arau-hausleak arlo penalean izan ditzakeen erantzukizunak aparte utzita.

c) Ikuskaritza lana oztopatzea, udal ordenantza honetako nahiz gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea eginda. Honi dagokionez, nork bere nortasuna adieraztean datu faltsuak ematea edo nork bere nortasuna adierazteari uko egitea oztopatze gisa joko dira, Udalak kanpoko baliabideak erabili behar baditu hura ikusteko.

26. artikulua. Arau-hauste oso astunak

Arau-hauste oso astunak honako hauek dira:

–Herritarren bizikidetza modu larri, berehalako eta zuzenean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez.

–Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

–Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

–Zerbitzu publiko baten ekipamendua, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak modu larri eta nabarmenean hondatzea.

–Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Nolanahi dela ere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei haientzat prestatutako tokian iragan daitezen nahita eta modu larrian galaraztea, baimenik izan gabe.

–Eremu publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri izan zein higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean eragindako nahasmenduetatik aparte.

–Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haietan kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

–Edozein material pirotekniko erabiltzea, suziriak barne, hiriko elizen inguruan.

–Eremu publikoa erabiltzea lanak eta lanbideak egiteko, ibilgailuak konpontzeko, ibilgailuak eta nekazaritzako makinak garbitzeko eta antzekoetarako, eta produktu toxikoak eta/edo arriskutsuak isurtzea dakarren edozein jarduera egiteko.

–Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru larria izanda.

–Eremu publikoan eta parke eta lorategietan dauden arbolak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.

–Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako ekintzak edo hutsegiteak, pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala arriskuan jartzen dutenak.

–Herriko argien edozein sistema nahita itzaltzea.

–Urtebetean hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.

–Arau-hauste astuna edo oso astuna egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu oso larria eragitea. Espresuki debekaturiko arau-hauste oso astuna egin bada, ezar daitekeen zenbatekorik handiena izanen da zehapena.

–Agintariek debekatu ondotik norbaitek arau-hauste oso astuna egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondotik agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean, orduan desobeditzetzat hartuko da eta gehienez ezartzen ahal den zehapena ezarriko da, arau-hausleak arlo penalean izan ditzakeen erantzukizunak aparte utzita.

27. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinak 50etik 500 euro bitarteko isunarekin zehatuko dira.

Arau-hauste astunei 501 eurotik 1.000 eurorainoko zehapena ezarriko zaie.

Arau-hauste oso astunei 1.001 eta 3.000 euro arteko isuna ezarriko zaie.

28. artikulua. Kalteei ordaina ematea.

Ordenantza honetan adierazten diren bidezko zehapenak ezartzean, bestelakotu den egoera lehengoratzeko eskatuko zaio arau-hausleari beti. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konpondu edo ordainduko dituzte beti.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera tramitatuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.

Betebeharpekoaren kontura eginen ditu Udalak egin beharrekoak, gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Betebeharpekoari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraituko zaio.

29. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan, erantzule solidarioak izanen dira haien antolatzaile edo sustatzailea, eta baimena eskatzen duena, baita ekitaldiaren antolakuntzan parte hartzen duten gainerako lagunak ere.

2. Animaliak daramatzaten pertsonak eta modu subsidiarioan animalien jabeak erantzuleak dira animaliak gauza edo pertsonei sortu kalte edo eraginengatik eta zikinkeriarengatik.

3. Erantzulea eta zuzeneko egilea izanen dira, modu solidarioan, kanpoko publizitateari buruzko arau-hausteen erantzuleak, eskuorriena barne.

4. Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak izanen dira haien erabilerari dagozkion arau-hausteen erantzuleak.

5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

6. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurrea hartzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.

7. Arau-haustea dakarten jarduerak pertsona batek baino gehiagok elkarrekin egiten badituzte, guztiek izanen dute erantzukizuna, modu solidarioan, eta zehapena bakoitzari ezartzen ahalko zaio.

30. artikulua. Zehapenak mailakatzea.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Errepikatzea, urtebetean astuntasun handiagoko arau-hauste bat edo astuntasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egin badira, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

c) Nahita egitea.

d) Hutsegite berean nahita berrerortzeak hurrengo larritasun mailara pasatzea ekarriko du.

e) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

f) Zer kalte egin den eta haien larritasuna.

g) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

31. artikulua. Agintarien frogabideak.

1. Ordenantza hau aplikatuz irekitzen diren zehapen prozeduretan, agintzaritzako agenteek eta alkateak egiaztatzen dituzten egitateak froga balioa izanen dute, aplikatzen ahal den araudiari jarraikiz, interesdunek ekartzen ahal dituzten bestelako frogak aparte utzirik

2. Irekitzen diren zehapen espedienteetan, eta indarra duen legediaren araberako baldintzetan, salatu diren egitateen irudiak gehitzen ahalko dira, hala argazkietan nola modu digitalean nahiz bestelako balio teknologikoen bidez egindako filmazioan, aplikatzen ahal den araudiarekin bat arau-haustea eragin duten egitateak frogatzen ahal badituzte.

32. artikulua. Ordaina ematea eta kalte-ordaina.

1. Zehatutako jokabideek kalte edo galerarik eragin badiote Udalari, honako hau deklaratzen ahal da prozeduraren ebazpenean:

a) Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondoriozko egoera lehengora itzultzeko.

b) Eragindako kalteak eta galerak ordaintzea, haien zenbatekoa prozeduran zehazten denean.

2. Aurreko ataleko b) letran jasotzen diren inguruabarrak gertatzen ez direlarik, eragindako kalte-galeren ordaina prozedura osagarri baten bidez zehaztuko da; haren ebazpena berehala betetzekoa izanen da. Prozedura hori modu konbentzionalean buka daiteke, baina hala izateak eta arau-hausleak etor daitekeen ebazpena onartzeak ez dute ekarriko bere erantzukizunaren borondatezko onarpena. Prozeduraren ebazpenak amaiera emanen dio bide administratiboari.

33. artikulua. Zehapenen ordez, komunitatearendako lanak.

Arau-haustearen izaerak eta/edo kalte motak komenigarri egiten dutenean, eta interesdunek aurretik eskatuta, udal agintariek ebazten ahalko dute zehapenaren edo/eta kalte-ordainaren ordez komunitatearen aldeko lanak egitea, egindako arau-hauste motarekin zuzenean ikusteko dutenak.

34. artikulua. Zehapen prozedura.

Ordenantzaren zehapen prozedurak jarraituko dio urriaren 1eko 39/2015 Legeari (haren bidez jorratu zen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).

35. artikulua. Indarraldia

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean oso-osorik argitaratzen denean eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 49. eta 70. artikuluetan ezarritako epeak bukatzen direnean.

Iragarkiaren kodea: L2014798