300. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 28a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 31/2020 FORU DEKRETUA, abenduaren 28koa, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abenduaren 14ko 29/2020 Foru Dekretua. Foru dekretu horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez emandako eskumen horiek erabiliz onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa. Horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Zehazki, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatu zen gauez Nafarroako Foru Komunitatean, 23:00etatik 06:00etara bitartean; mugatu egin zen Nafarroako Foru Komunitatera sartzea eta bertatik irtetea, salbu foru dekretu horretan aipatutako eta behar bezala justifikatutako joan-etorrien kasuan; eta mugatu egin ziren pertsonen arteko bilerak: sei lagun, gehienez ere, eremu publiko eta pribatuan, eta bizikidetza-unitatea eremu pribatuan, foru dekretuan jasotzen ziren salbuespenekin. Pertsonen joan-etorriei gaueko ordutegian ezarritako mugen indarraldiari dagokionez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan deklaratutako alarma-egoerak zuen berbera ezarri zen, eta gainerako neurrien kasuan, berriz, 2020ko azaroaren 4ra arteko indarraldia, egun hori barne. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 4ko 26/2020 Foru Dekretuaren bidez luzatu zen foru dekretu hori, 2020ko azaroaren 18ra arte luzatu ere, eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 16ko 28/2020 Foru Dekretuaren bidez, berriz, 2020ko abenduaren 18ra arte.

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abenduaren 14ko 29/2020 Foru Dekretuaren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko, eta zenbait neurri malgutu ziren, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak 2020ko abenduaren 2an hartutako erabakiarekin bat. Zehazki, honako hauen gaineko neurriak malgutu ziren: Nafarroako Foru Komunitatean sartzeko eta bertatik ateratzeko mugak, familiakoekin eta hurbileko pertsonekin elkartzea, eta gaueko joan-etorriei jarritako mugak 2020-2021eko Eguberrietako egun garrantzitsuetan.

Alarma-egoera 2021eko maiatzaren 9ko 00:00etara arte luzatu da. Luzapena xedapen hauetan bildutako baldintzen menpe dago: urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratu zuena SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko, eta, kasua bada, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretu horren azken xedapenetako lehenbizikoak emandako gaikuntza erabiliz ematen diren dekretuak, ezertan galarazi gabe hurrengo apartatuetan ezartzen dena.

Bat etorriz Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eta Nafarroako Ospitaleguneak abenduaren 27an egin txostenekin eta Osasuneko zuzendari nagusiak abenduaren 28an egin laburpen txostenarekin, pandemiaren goranzko joera egonkortzen ari da une honetan Nafarroan, epidemiologiaren ikuspegitik, eta horrek zaurgarritasun handia sor dezake.

Izan ere, azkeneko egunetan behatu da proba diagnostikoetako positibotasun portzentajea igo dela, %3,3tik (abenduaren 22an) %5,3ra (abenduaren 24an) eta %7,1era (abenduaren 25ean).

Bestalde, pandemiaren bilakaera ebaluatzeko garrantzia du ere oinarrizko ugaltze indizeak (Rt). Indize hori 0,63koa zen azaro bukaeran, eta orain 0,93ra eta 0,99ra igo da (abenduaren 23an eta 25ean, hurrenez hurren). Halaber, egoera ebaluatzeko beste adierazle bat da Nafarroako Ospitaleguneko mikrobiologia laborategian dauden lagin pool-en positibotasun portzentajea. Portzentaje horrek gora egin du azken egunetan, laborategiko arduradunek emandako datuen arabera.

Gainera, Estatu osoan igotzen ari da 14 eguneko intzidentzia metatua (100.000 biztanleko neurtuta), eta goranzko joera dago zenbait autonomia erkidegotan ere. Orobat, Europan pandemiaren egoera oso ezegonkorra eta zaurgarria da, ikusirik Europa osoko egoera epidemiologikoa eta joera, bai eta Erresuma Batuan identifikatu diren birus andui berriak, zeinak zabaldu baitira Europar Batasuneko gainerako herrialdeetara (Espainia barne, atzo lau kasuren berri eman baitzen Madrilen, 12 de octubre Ospitale Unibertsitarioan identifikatu zirenak).

Aurreko guztia ikusirik, eta espero denez kasuek gora egitea eta egoera okertzea Eguberrietan mugikortasuna handitu delako eta kontaktu eta bilkura sozial gehiago izan direlako, bidezkoa da zuhurtzia, prebentzio eta aurrerapen printzipioak aplikatzea, helburu harturik urte berriaren hasierarako espero den olatu epidemikoaren inpaktua ahalik eta txikiena izatea eta haren ondorioak gutxitzea, honako hauei dagokienez: saihets daitezkeen heriotzak, osasun sistemaren eta profesionalen gaineko inpaktua, ekonomiaren gaineko inpaktua eta oro har bizitza sozialaren gainekoa.

Ondorioz, osasun komunitarioaren ikuspegitik, zeinetan ezinbestekoa baita zuhurtasun printzipioa zorrotz betetzea, ez da gomendagarria abenduaren 31rako eta urtarrilaren 1erako ezarritako salbuespenei eustea, eta bidezkoa da gure Foru Komunitatearen itxiera perimetrala mantentzea, salbuespenik ez egitea familiakoak eta hurbileko pertsonak bisitatzeko (abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra bitarte aurreikusia zegoen salbuespen hori), gaueko ordutegia 23:00ak arte mugatzea, eta bilkura eta ospakizun pribatuetan elkar daitezkeenen gehieneko kopurua mugatzea bi bizikidetza-unitateko sei pertsonatara.

Horrenbestez, bidezkoa da prebentzio neurri berriak ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean urte bukaerarako eta 2021. urtearen hasierarako, SARS-CoV-2ak eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko; hori guztia, aipatutako txosten teknikoak kontuan edukita eta azaldutako arrazoiengatik, eta xede izanik kutsatzeen murrizketa finkatzea.

Horrenbestez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratzen baita SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzen da Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 29/2020 Foru Dekretua, abenduaren 14koa, zeinaren bidez prebentzio neurriak ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Bat.–1. artikuluko 2. apartatua kentzen da.

1. artikuluko 2. apartatua kentzen da. Honela zioen:

“Aurreko apartatuan aurreikusitakoaren salbuespenak dira 2020ko abenduaren 24tik 25era doan gaua eta 2020ko abenduaren 31tik 2021eko urtarrilaren 1era doan gaua, bietan baimenduta egonen delako, gainera, Nafarroako Foru Komunitateko bide edo espazio publikoetan barna ibiltzea 23:00etatik 01:30era arte, norberaren etxetik kanpo afaldu ondoren bertara itzultzeko”.

Bi.–2. artikuluko 2. apartatua kentzen da. Honela zioen:

“2020ko abenduaren 23tik 26ra eta 2020ko abenduaren 30etik 2021eko urtarrilaren 2ra, baimenduta dago sartu eta irtetea mugitzen direnen familiakoak edo hurbileko pertsonak bisitatzeko, baina Nafarroako Foru Komunitatean bete beharko dira bilkuretarako 3. artikuluan ezartzen diren mugak. Joan-etorrietarako arrazoi hori egiaztatzeko, foru dekretu honen eranskinean ezarritako eredua erabiliko da”.

Hiru.–3. artikuluko 3. apartatua kentzen da. Honela zioen:

“Familiakoekin edo hurbileko pertsonekin bilkurak egiten badira Eguberrietako bazkariak eta afariak egiteko, 2020ko abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta 2021eko urtarrilaren 1ean, gehienez ere hamar pertsona elkartuko dira, gehienez ere bi bizikidetza-unitatetakoak.

Hamar pertsonako gehieneko muga horretatik kanpo daude bizikidetza-unitate bakarra osatzen duten talde handiagoak”.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko abenduaren 28an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2016184