30. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CINTRUÉNIGO

Deialdia, administrari-ofizial izateko lanpostu bat barne igoerako txanda murriztuan eta oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak, 2019ko urriaren 22an egin bilkura berezian, oinarri hauek dituen deialdia onetsi zuen:

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen helburua da Cintruenigoko Udalean administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan betetzea.

1.2. Oposizio-lehiaketa honetarako deia egin da bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoarekin.

1.3. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia, dagozkion hautaprobak gainditu ostean betiere, administrari-ofizial izanen da, C mailakoa, jabetza hartzen duenetik edo lanpostuan lanean hasten denetik, eta Cintruenigoko Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak jasoko ditu.

1.4. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia C mailako funtzionario bilakatuko da, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik.

1.5. Aplikatu beharreko araudian ezarrita dago lanaldiaren araubidea, baita opor, jaiegun, dieta-ordainketa eta gainerako eskubideen araubidea ere.

1.6. Izendatuek zerbitzua emanen dute deialdiaren mailari eta kategoriari eta eskatutako ikasketei dagozkien betebehar administratiboak eta lanak eginez, ekimentsu eta erantzukizun murriztua izanik, eta bere kargu langileak izanda edo ez.

2. oinarria.–Izangaien betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Cintruenigoko Udaleko D mailako funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea.

b) Eskatutako titulazioa edukitzea, hau da, Goi Mailako Batxilergoa, Lanbide Heziketako 2. gradua edo parekoa, eta Cintruenigoko Udalean D mailan bost urte aritu izana frogatzea.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

2.2. Aipatu baldintzak deialdi honetan aurreikusten diren epean eta moduan egiaztatu beharko ditu probak gainditzen dituen izangaiak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen direla ulertuko da; haiei eutsi beharko die oposizioaldian eta izendapena lortu arte.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Oposizio-lehiaketan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Cintruenigoko Udaleko Erregistro Orokorrean, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.2. Izangaiek oposizio-lehiaketako epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak alegatu beharko dituzte eskabidean, deialdiaren 6. apartatuan ezarritakoarekin bat.

3.3. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Izangaiak deialdiaren 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzen dutenak.

–Izangaiek alegatutako merezimenduen egiaztagiriak.

–NANaren aitzinaldearen eta gibelaldearen fotokopia.

3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, aurkeztu beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein desgaitasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori udaletxeko iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, Alkatetzak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzita, Alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web orrian argitara dadila aginduko du.

5. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

5.1. Oinarri hauetan adierazitakoaren arabera eginen da oposizioa.

Oposizioa 2020ko apirilean hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizioko probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Udalaren iragarki-taulan argitaratuko dira, eta web-orrian ere egonen dira ikusgai, gutxienez ere, 48 ordu lehenago.

Lehiaketaldia:

5.2. Izangai onartuek alegatutako merezimenduak baloratuko ditu kalifikazio epaimahaiak, honako baremo honen arabera:

5.2.1. Benetan egindako zerbitzuak.

–Nafarroako toki administrazioko entitateetan funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa bitarte baterako izanda edo zuzenbidean onartutako edozein lan kontratazio mota edukita, administrari laguntzailearen lanpostuan aritutako urte bakoitzeko, 3 puntu, eta gehienez ere 15 puntu.

5.2.2. Ikastaroak.

–Hobekuntza ikastaro bakoitzeko edo egin beharreko jarduerarekin zerikusia duen bakoitzeko, puntu 1, eta gehienez ere 15 puntu.

5.3. Baremoa interpretatzeko arau orokorrak.

Zerbitzu urtea osoa ez bada, zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, horren arabera banatuko zaie puntuazioa izangaiei.

Oposizioaldia:

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa eginda, epaimahaiak kalifikazioak jarriko ditu jendaurrean eta bost eguneko epea emanen du izangaiek erreklamazioak aurkez ditzaten. Behin horiek ebatzita, behin betiko zerrendak emanen ditu argitara.

5.4. Oposizio prozesuak bi zati ditu:

5.4.1. Lehenbiziko proba.–Aukera anitzeko galdera sorta bati erantzun beharko zaio, gehienez ere ordubetez, eta erantzun zuzena bakarra izanen da. Galderak deialdiko II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira.

Proba honen balorazioa 40 puntukoa izanen da gehienez ere, eta gehieneko puntuazioaren erdia (20 puntu) gutxienez lortzen ez duten izangaiak kanpoan geldituko dira.

20 puntu lortzen ez dituztenek ezin izanen dute hurrengo proba egin.

Proba hau egiteko ezin da inolako testurik erabili, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza eta 2 zenbakidun arkatza.

Epaimahaiak jendaurrean jarriko du izangaien zerrenda eta atera duten kalifikazioa, udaletxeko iragarki-taulan, baita hurrengo ariketa noiz eta non eginen den ere, gutxienez ere 48 ordu lehenago.

5.4.2. Bigarren proba.–Ariketa praktikoa (informatikoa): Word eta Excel ezagutzea eta erabiltzea, erabiltzailearen mailan. Epaimahaiak ezarriko du proba hau egiteko gehieneko epea; gehienez ere 30 puntu emanen ditu eta beharrezkoa izanen da puntuen erdia gutxienez lortzea gainditzeko.

5.5. Probetarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek aldean eraman beharko dute Nortasun Agiri Nazionala edo pasaportea. Baztertuta geldituko dira agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak.

5.6. Proba bakoitzaren ondoren, Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko dira izangaiek lortutako emaitzak.

6. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

6.2. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Oscar Bea Trincado, Cintruenigoko Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Casto Alvero González, Cintruenigoko Udaleko alkateordea.

Epaimahaikidea: Ana Laborda Cano, NUKFeko administrari-ofiziala.

Ordezko epaimahaikidea: Eva Salinas Urra, NUKFko administrari-ofiziala.

Epaimahaikidea: Asun Nieto Zabala, NUKFeko aholkulari juridikoa.

Ordezko epaimahaikidea: Fermín Cabasés Hita, NUKFeko aholkulari ekonomikoa.

Epaimahaikidea: Francisco Javier Iturria Jiménez, langileen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: José Luis Huici García, langileen ordezkaria.

Epaimahaikidea: Ana Celia Barbarín Jiménez, Cintruenigoko Udaleko idazkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Nuria Mateos Crisóstomo, Cintruenigoko Udaleko kontu-hartzailea.

6.3. Kalifikazio epaimahaiko kide batek eginen du idazkari lana. Behar diren aktak eginen ditu, eta epaimahaikide guztiek horietako bakoitza sinatu beharko dute.

6.4. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da hura osatzen duten kideen gehiengo osoa bertan izatea.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak eta, berdinketa suertatuz gero, mahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

6.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.7. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta organo dei egileari hala adierazi, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstenitzeko aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean. Halaber, izangaiek mahaikideak errekusa ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako kausak direla eta, aditzera emanen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

7. oinarria.–Emaitzak.

7.1. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zeinek duen puntuaziorik altuena probaren lehenbiziko zatian (proba teorikoa). Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, bigarren proban puntu gehien lortu duenaren alde ebatziko da. Hala ere berdinketak jarraitzen badu, berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu.

Zozketaren emaitzak Cintruenigoko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko dira.

7.2. Behin proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian jarriko du probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, guztira lortu duten puntuazioaren ordenaren arabera.

7.3. Hautapen prozesua bukatuta, epaimahaiak Tokiko Gobernu Batzarrari igorriko dio izendapen proposamena; gainditu dutenen artean puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko proposamena, hain zuzen.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Tokiko Gobernu Batzarrak administrari-ofizial (C maila) izendatuko du aitzineko apartatuan aipatu proposamenean adierazitako izangaia, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

8.2. Izangai izendatuak hamar egun naturaleko epea izanen du jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik aurrera. Aipatu epearen barruan izangairen bat karguaz jabetzen ez bada, administrari-ofizial izateko eskubide guztiak galduko ditu, behar adina frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu.

9. oinarria.–Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan ezarritakoari jarraituz, izangaiei ondokoa jakinarazten zaie:

Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Cintruenigoko Udala da.

Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

Datuak zein xedetarako bildu diren, halako xedea lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

Datuen komunikazioa eginen da legeak aurreikusitako kasuetan (5/2015 LED, urriaren 30ekoa), argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.

Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, haien tratamendua mugatzeko, haiei kontra egiteko eta datuok eramateko. Horretarako, udal bulegoetara jo dezakete, han informazio gehiago eskuratzen ahalko dute-eta, edo, bestela, www. cintruenigo.com webguneko gardentasun ataria baliatu.

Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo, bestela, aldez aurretik datuak babesteko ordezkariari (dpd@cintruenigo.es). Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko dio bere erabakia.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

–Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Errekurtso horietakoren bat jarriz gero, Udalaren webgunean emanen da haren berri, eta dagokion ebazpena ere argitaratuko da, prozeduran interesa duten gainerako lagunei jakinarazte aldera.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

1. gaia.–Toki administrazioko organoak. Nafarroako toki entitateen funtzionamendua: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen III. tituluko I. kapituluko 73. artikulutik 87.era bitartekoak.

2. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabide motak eta ordainarazpen guztiendako xedapenak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen I. tituluko I. eta II. kapituluak).

3. gaia.–Udal zergak: Lurraren gaineko kontribuzioa; Ekonomia jardueren gaineko zerga edo lizentzia fiskala; Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga; Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, eta Hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga (2/1995eko Foru Legearen II. titulua, I. kapitulutik VI.era).

4. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: II. titulua–Administrazio publikoen jarduera. III. titulua, II. kapitulua.–Egintzen eraginkortasuna.

5. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: IV. titulua–Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak. V. titulua.–II. kapitulua.–Administrazio errekurtsoak.

6. gaia–1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, Toki Entitateetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua onesten duena: Biztanleria eta errolda (1690/1986 Errege Dekretuko II. titulua).

7. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian (IV. tituluko II. kapituluko 2. atala).

8. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko I, II, III eta IV. tituluak.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VII. tituluko I. kapitulua).

Proba praktikoa:

–Word eta Excel.

Oharra: zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Iragarkiaren kodea: L2001656