3. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

3321/2019 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena sistema informatikoetako goi mailako teknikari izateko sei lanpostu betetzeko, oposizio bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzeko.

Abenduaren 12ko 102/2018 Foru Dekretuaren bidez (2018ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 20koan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2018ko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen, Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako berritze-tasari dagokiona. Foru dekretu horretan sartu ziren, besteak beste, sistema informatikoetako goi mailako teknikari izateko lanpostu hutsak, funtzionarioen araubidekoak eta A mailakoak.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 27ko 1439/2019 Ebazpenaren bidez, deialdi hau onetsi zen: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko sistema informatikoetako goi mailako teknikari izateko lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren irailaren 23ko 2663/2019 Ebazpenaren bidez, lekualdatze lehiaketa hori ebatzi zen.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko sistema informatikoetako goi mailako teknikari izateko sei lanpostu sarrera prozeduran eta oposizio bidez betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak onestea.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko sistema informatikoetako goi mailako teknikari izateko sei lanpostu sarrera prozeduran eta oposizio bidez betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko azaroaren 21ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

DEIALDIA, SISTEMA INFORMATIKOETAKO GOI MAILAKO TEKNIKARI IZATEKO SEI LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

Hona hemen deialdiaren

Oinarriak

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko sistema informatikoetako goi mailako teknikari izateko sei lanpostu, A mailakoak eta funtzionarioen araubidekoak. Lanpostu zenbakiak eta destinoak ebazpen honen II. eranskinean zehazten dira.

1.2. Sei lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

–Bi lanpostu, txanda irekian.

–Hiru lanpostu, igoera txandan.

–Lanpostu bat erreserba txandan, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat.

1.3. Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Era berean, desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako lanpostuak bete gabe geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, bidezko diren txandetakoei gehituko zaizkie, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.

Bestetik, igoera txandan edota desgaitasuna dutenentzako erreserba txandan eskaintzen diren lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badute prozesua, txanda horietan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horrexetako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera txandako izangaiek, deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean, aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean.

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko kide den estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Unibertsitate titulu hauetako bat izatea: gradua, lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura, edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat. Bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat lortzeko moduan izatea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:

Txanda honetako izangaiek, aurreko atalean adierazitako betebeharrez gain, hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoak izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak, eta abiapuntuko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txanda honetan parte hartzeko gainerako betebeharrak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo apalagokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.

2.1.3. Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek bete beharreko berariazko betebeharrak:

Desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako izangaiek, 2.1.1 atalean aipatzen diren baldintzez gain, ofizialki aitorturik eduki beharko dute % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna.

2.2. Betebehar horiek eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

Aurrekotik salbuetsita dago, igoera txandako izangaiei dagokienez, borondatezko eszedentzian edo nahitaezkoan ez egoteko baldintza. Izan ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dute baldintza hori, bai eta deialdiaren 8.1 atalean agiriak aurkezteko aurreikusten den epea bukatzen denetik lanpostuaren jabetza hartzeko unera arte ere.

2.3. Baldintza horiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte izangaiek.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bidez, www.nafarroa.eus helbidean, nabigazio bide honi jarraituz: “Enplegua”, “Lan eskaintzak”, “Enplegu publikoa Foru Administrazioan”, “Enplegu finkorako eta aldi baterako enplegurako deialdiak”, deialdi honen fitxan sartuta.

Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 41,60 euroko tasa ordaindu beharko da.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) % 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak.

b) Deialdia argitaratu baino hilabete lehenagotik gutxienez lan-eskatzaile gisa inskribaturik dauden pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Aurreko b) paragrafoan aurreikusitako salbuespena honela frogatu beharko da:

–Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Hori egiteko, deialdiaren fitxan dagoen eredua aurkeztu beharko da, edo deialdian parte hartzeko eskaeran berean horretarako dagoen tokian idatzi.

Telematika bidez ordainduko da tasa, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–3.3.b) ataleko kasuagatik tasa ordaintzetik salbuetsita daudenek enplegu bulegoak luzatutako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, baita errentarik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere (biak ala biak aurreko atalean aipatutako agiriak). Errentei buruzko adierazpen hori aurkeztu beharko da, bakar-bakarrik, eskaeran horretarako utzi den tokian adierazi ez bada.

Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, lehengoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 oinarrian jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskaerari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak.

Hiru.–% 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei egotziriko arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Joaquín Sanz Ureta jauna, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Osasun Teknologien Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaiburua: Alberto Solchaga Ibero jauna, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Departamentuetako Informazio Sistemen Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Itziar Arrieta Salinas andrea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko, Herritarrekiko Harremanetako, Kultura eta Kiroleko eta Enpleguko arloetako Proiektuen Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Fernando Izco García jauna, sistema informatikoetako goi mailako teknikaria Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Lurraldeko Informazio Sistemen Atalean.

–Epaimahaikidea: María Teresa Mutilva Contreras andrea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Atariak eta Ezagutza Kudeatzeko Bulegoko burua.

Ordezko epaimahaikidea: Alberto Frías Pardo jauna, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Osasun Historia Elektronikoaren Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Cesar Valencia Guembe jauna, langileen batzordearen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Carlos Bolea Aguilar jauna, langileen batzordearen ordezkaria.

–Epaimahaikide-idazkaria: Sergio Galindo Saldías jauna, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Ekoizpen Ataleko burua.

Mahaikide idazkariaren ordezkoa: Andrés Garde Gurpegui jauna, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Telekomunikazio Sistemen Ataleko burua.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, organo horretako epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2020ko maiatzetik aurrera hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du aditzera, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den ere.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuak izanen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak eta aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskaeran azaltzen dutenaren arabera.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenbiziko proba:

Proba teorikoa izanen da, eta bertan test motako 100 galdera erantzun beharko dira idatziz; horietatik 10 izanen dira ebazpen honen I. eranskineko gai-zerrendako 1. zatikoak (oinarrizko araudia), eta 90, berriz, 2. zatikoak (espezifikoa). Galdera bakoitzak lau erantzun posible izanen ditu, eta bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Proba hau egiteko bi ordu eta erdi izanen dira gehienez.

Proba honetan 25 puntu lortzen ahal dira gehienez ere, honela banatuak:

–Gai-zerrendako 1. zatia (oinarrizko araudia): 2,5 puntu.

–Gai-zerrendako 2. zatia (espezifikoa): 22,5 puntu.

Bazterturik geldituko dira proban gutxienez ere 12,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Probak egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, gailu mugikorrik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.3.2. Bigarren proba:

Teoriko-praktikoa izanen da; ebazpen honen I. eranskinean agertzen den gai-zerrendaren 2. zatiko gaiei buruzko 35 galdera motz erantzun beharko dira idatziz.

Proba hau egiteko lau ordu izanen dira gehienez.

Proba honetan 35 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 17,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Ordenagailuarekin eginen da bigarren proba hau, eta epaimahaiak ekarriko du. Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere; boligrafoak eta orri zuriak baino ezin izanen dira izan mahai gainean.

6.3.3. Hirugarren proba:

Teoriko-praktikoa izanen da; idatziz, bost kasu praktiko garatu eta ebatzi beharko dira, ebazpen honetako I. eranskineko gai-zerrendako 2. zati espezifikoko gaien gainean epaimahaiak proposatuko dituenak.

Proba hau egiteko bost ordu izanen dira gehienez.

Proba honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

Bazterturik geldituko dira gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Probak egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, gailu mugikorrik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

6.4. Bigarren eta hirugarren probak plika sistemaren bidez eginen dira.

6.5. Proba bakoitza bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu, Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren fitxaren barruan), izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten telematika bidez.

7.–Gainditzen duten izangaien zerrenda.

7.1. Hautaprobak bukaturik, gainditu duten pertsonen zerrenda argitaratuko du kalifikazio epaimahaiak, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera banatuta. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak egiaztatzeko eta lanpostu hutsen hautaketaren tramiteak egiteko.

7.2. Puntu berdinketarik gertatuz gero, hirugarren proban puntu gehien lortzen dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, bigarren proban eta lehenengoan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horrexetan.

Halarik ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak jendaurrean eginen duen zozketa bakar baten bidez erabakiko da. Alfabetoaren bi letra aterako dira ausaz, eta berdinketak ebatziko dira lehen deituraren ordena alfabetikoari jarraikiz, ateratzen diren bi letra horietatik abiatuta. Horren ondorioetarako, ZZ letren atzetik AA letrak hartuko dira. Ezein izangairen lehenengo deitura ez bada hasten ausaz ateratzen diren bi letra horiekin, ordena alfabetikoari jarraikiz hurrengoa den deitura hartuko da. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten fotokopia aurkezteko, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen sei lanpostu hutsen zerrenda eta izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun-ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiaren fitxan.

Ondoren, izangaiek jakinaraziko dute, horretarako ezarritako epearen barrenean, beren lehenespen-ordena sistema informatikoetako goi mailako teknikari izateko lanpostu hutsak betetzeko.

8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, % 33ko desgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

Bestalde, hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak hautatzeko lehentasuna izanen dute txanda irekiko izangaien aldean, alde batera utzita desgaitasuna duten izangaien salbuespena.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena. Proposamen horretan, probak gainditu eta eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak egonen dira.

Izendapen proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, 11. oinarrian aurreikusitakoarekin bat.

9.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasi eta 30 egun naturaleko epearen barnean:

A) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun ziurtagiria, lanpostuaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela frogatzen duena.

c) Izangaiaren zinpeko aitorpena edo aitorpen solemnea, adieraziz ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin egin edo hitzematea errespetatuko duela Nafarroako Foru Eraentza, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.

B) Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, jatorrizko administrazioan jardunean daudela frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

C) Desgaitasuna alegatu duten izangaiak. Desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek luzatua. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

9.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak, eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintzetako bat betetzen dutela egiaztatzen ez dutenak, ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak izangaien zerrendan, 7. oinarrian aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honen 9.2 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, sistema informatikoetako goi mailako teknikari izateko lanpostuetan aritzeko. Ebazpen horren bidez, lanpostuen esleipena ere eginen da.

10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, indarra duten xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren arabera (urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

10.4. Izangaia funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, indarreko araudian ezarritako kasuetan, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 9.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie zuzenean.

11.–Jarduketen publizitatea.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko iragarki-taulan argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus, “Enplegua”, “Lan eskaintzak”, “Enplegu publikoa Foru Administrazioan”, “Enplegu finkorako eta aldi baterako enplegurako deialdiak” aukeratuta.

12.–Administrazio Erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

12.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin bat, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

1) Lanposturik lortzen ez duten izangai gaindituen zerrenda.

2) Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrendan sartzerik ez duten izangaien zerrenda, honako hauek osatuko baitute:

a) Hautapen prozesuko probaren bat gainditu duten izangaiak.

b) Hautapen prozesuko lehen probarako ezarritako gehieneko puntuazioaren gutxienez % 30 lortzen duten izangaiak.

12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, bi zerrenda horiek onetsiko dira, hots, batetik, lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda eta, bestetik, lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrendan sartzerik ez duten izangaien zerrenda.

Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrendan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera erabakiko da izangaien ordena, handienetik txikienera. Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrendan sartzerik ez duten izangaien zerrendan, berriz, irizpide hauek erabiliko dira ordena finkatzeko: lehenbizi, prozesuan gainditutako proba kopurua (proba gehien gainditzen dutenak aurretik), eta bigarrenik, gainditutako probetan lortutako puntuazio guztien batura, salbu eta aurreko ataleko b) letran ezarritakoa; izan ere, kasu horretan lehenengo proban lortutako puntuazioa hartuko da aintzat.

Berdinketarik dagoenean nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan, 7.2 oinarrian proben puntuazioari eta zozketari buruz aipatzen direnak, hain zuzen.

12.3. Izangaiei lanerako deitu eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

12.4. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuz.

Sarrera-prozedurako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintzak, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

12.5. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

13.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda.

13.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatzeko eta ondoko funtzionamendurako, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio, edo zerrendak indarrean daudenean indarra duen foru aginduan xedatutakoari; izan ere, foru agindu horren bidez, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa).

13.2. Oposizio deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrenda bidaliko die Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo eskudunei, izangai bakoitzak oposizioaren hautapen prozesuan lortutako puntuazioa adierazita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak presta eta onar ditzan eremu horretan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

13.3. Eremuak, kontratazio motak eta aukerak hautatzea.

Oposizioaren deialdian parte hartzeko eskabidean izangaiek aukeratu beharko dute zer eremu eta zer kontratazio mota aukeratzen duten, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak aldi baterako kontratazioetarako zerrendak presta ditzan.

Era berean, deialdiaren azkeneko emaitzak argitaratu eta gero, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak hamar egun balioduneko epea irekiko du izangaiek hasieran egindako hautapena murriztu edo zabaldu dezaten eta, orobat, kontratazio zerrendetan sartzeko erakunde horrek zehazten duen dokumentazioa aurkez dezaten.

Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako. Zerrenda bakoitzerako, izangaiek gehieneko eremu kopuru bat aukeratzen ahalko dute, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduak ezartzen duenarekin bat etorriz.

Hori hala izanik ere, hautapen prozesua gainditu baina lanposturik lortzen ez duten izangaiak lan eremu guztietako zerrendetan egonen dira, kontratazio luzeetarako, salbu eta eskatzen badute zentro edo unitate baterako edo gehiagotarako kontratazio zerrendetatik ateratzea. Horretarako, hamar eguneko epea izanen dute dagokion deialdiaren behin betiko emaitzak argitaratu eta biharamunetik hasita. Iraupen laburreko zerrendak aukeratzeko, nahi dituzten eremu/aukera guztiak hauta ditzakete izangai horiek, inolako mugarik gabe.

Izangaiek lanpostu eskaintzari uko egiten ahalko diote lanaldia heren batekoa edo hortik beherakoa denean.

13.4. Kontratazio zerrenda horietan sartzen diren izangaiek deialdiaren 2.1.1 oinarrian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez dutenak kontratazio zerrendatik kanpo utziko dira.

13.5. Izangaiaren desgaitasuna aldi baterako kontratazioaren bidez bete beharreko lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatu beharra:

Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, egiaztatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Egiaztagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eskumena duen unitateak eskatuta.

14.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako barne igoeran aritzeko izangaien zerrendak.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan lanpostuan aritzeko aldi baterako barne igoerako zerrendak prestatzeko eta erabiltzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea arautzen duena, bete beharko da, baita zerrenda horiek indarra hartzen dutenean foru dekretu hori garatzen duen eta indarra duen araudia ere.

Oposizio deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrenda bidaliko die Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo eskudunei, izangai bakoitzak oposizioaren hautapen prozesuan lortutako puntuazioa adierazita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak presta eta onar ditzan eremu horretan aldi baterako barne igoerarako izangaien zerrendak.

Oposizioaren deialdian parte hartzeko eskabidean, izangaiek adieraziko dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako barne igoeran aritzeko zerrendetan egon nahi dutela, erakunde autonomoak aintzat har ditzan zerrendak prestatzeari begira.

Aldi baterako barne igoerako zerrenda horietan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finkoak izatea, lanpostuarena baino maila-talde edo kategoria beheragoko batean sailkatuta egotea eta 2.1.1 oinarrian lanpostu horretarako eskatzen diren baldintzak betetzea.

Zerrenda horretan sartzeko, oposizioaren lehenengo proba gainditu beharko da.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak aldi baterako barne igoerarako izangaien zerrendak prestatuko eta onetsiko ditu mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.

15.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

15.1. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatzeko eta ondoko funtzionamendurako, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio, edo zerrendak indarrean daudenean indarra duen foru aginduan xedatutakoari; izan ere, foru agindu horren bidez, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa).

15.2. Oposizio deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrenda –oposizioko hautaprobetan lorturiko puntuazioak erakusten dituena– bidaliko die Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko organo eskudunei, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak esparru horretako aldi baterako izangaien zerrendak presta eta onets ditzan.

15.3. Kontratazio motak eta aukerak hautatzea.

Oposizioaren deialdian parte hartzeko eskabidean izangaiek aukeratu beharko dute zer kontratazio mota nahiago duten, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak aldi baterako kontratazioetarako zerrendak presta ditzan.

Era berean, deialdiaren azkeneko emaitzak argitaratu eta gero, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak hamar egun balioduneko epea irekiko du izangaiek hasieran egindako hautapena aldatu, murriztu edo zabaldu dezaten eta, orobat, kontratazio zerrendetan sartzeko erakunde horrek zehazten duen dokumentazioa aurkez dezaten.

Aldi baterako kontratazioetarako bi zerrenda eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

Izangaiek lanpostu eskaintzari uko egiten ahalko diote lanaldia heren batekoa edo hortik beherakoa denean.

15.4. Kontratazio zerrenda horietan sartzen diren izangaiek deialdiaren 2.1.1 oinarrian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez dutenak kontratazio zerrendatik kanpo utziko dira.

15.5. Izangaiaren desgaitasuna aldi baterako kontratazioaren bidez bete beharreko lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatu beharra:

Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, egiaztatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Egiaztagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan eskumena duen unitateak eskatuta.

16.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldi baterako barne igoeran aritzeko izangaien zerrenda.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan lanpostuan aritzeko aldi baterako barne igoerako zerrendak prestatzeko eta erabiltzeko orduan, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua bete beharko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea arautzen duena, baita zerrenda horiek indarra hartzean foru dekretua garatzeko indarra duen araudia ere.

Oposizio deialdiaren azken emaitzak argitaratu eta gero, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak izangaien zerrenda –oposizioko hautaprobetan lorturiko puntuazioak erakusten dituena– bidaliko die Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko organo eskudunei, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak esparru horretako aldi baterako barne igoerarako izangaien zerrendak presta ditzan.

Oposizioaren deialdian parte hartzeko eskabidean, izangaiek adieraziko dute Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldi baterako barne igoeran aritzeko zerrendetan egon nahi dutela, erakunde autonomoak aintzat har ditzan zerrendak prestatzeari begira.

Aldi baterako barne igoerako zerrenda horietan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte: Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langile finkoak izatea, lanpostuarena baino maila-talde edo kategoria beheragoko batean sailkatuta egotea eta 2.1.1 oinarrian lanpostu horretarako eskatzen diren baldintzak betetzea.

Zerrenda horretan sartzeko, oposizioaren lehenengo proba gainditu beharko da.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak aldi baterako barne igoerarako izangaien zerrendak prestatu eta onetsiko ditu, mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta.

17.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2019ko azaroaren 21ean. Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. zatia. Oinarrizko araudia.

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia.

3. gaia.–Europako Erkidegoko zuzenbidea: haren iturriak. Jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europako Erkidegoko zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak. Politika bateratuak.

4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

5. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta funtzioak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

6. gaia.–Nafarroako Gobernua: eginkizunak. Osaera, izendapena, eratzea eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.

7. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

8. gaia.–Administrazio Publikoa eta sektore publikoa: kontzeptuak. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio publikoen organoak. Hitzarmenak. Administrazioen arteko harremanak.

9. gaia.–Martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: “Xedapen orokorrak”. II. titulua: I. kapitulua, “Foru Administrazio Publikoa”. II. kapitulua, “Foru Administrazio Publikoaren antolaketa”. III. kapitulua, “Eskumenen erabileraren araubide juridikoa”. IV. kapitulua, “Kide anitzeko organoak”. III. titulua: I. kapitulua, “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa”. VI. titulua: I. kapitulua, “Pertsonen eskubideak”.

10. gaia.–Administrazio egintzak: administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

11. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: administrazio prozeduretako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; moduak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearaztea.

12. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

13. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.

14. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: Atariko titulua. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak.

15. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: xedapen orokorrak. Laguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzak itzultzea.

16. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

17. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasunaren printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. Berdintasunerako politika publikoak. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzkoa.

2. zatia. Espezifikoa.

18. gaia.–Software arkitektura. Software arkitekturaren printzipioak. Oinarrizko arkitekturak: monolitikoa, bezeroa-zerbitzaria, n mailatako arkitektura, peer to peer sarea. Arkitektura, n geruzatan garatzeko. Enpresa-aplikazioetarako arkitekturako patroiak (Patterns of enterprise application architecture, M. Fowler).

19. gaia.–Integrazio patroiak (Enterprise Integration Patterns-Hohpe & Woolf).

20. gaia.–Informazio sistemak analizatzea eta diseinatzea. Oinarrizko printzipioak: kohesioa eta akoplamendua. UML notazioa.

21. gaia.–Objektuei zuzendutako programazioa: objektuei zuzendutako programazioaren oinarrizko kontzeptuak eta ezaugarriak. Klaseak: atributuak eta metodoak. Klase abstraktuak eta interfazeak. Klaseen arteko erlazioak.

22. gaia.–Objektuei zuzendutako diseinua: diseinu patroiak (Gamma, Helm, Johnson & Vlissides). SOLID printzipioak. Mendekotasun-injekzioa (dependency injection). Bestelako jardunbide egokiak objektuei zuzendutako diseinuan.

23. gaia.–Garapena Microsoft plataforman. Net Framework. Oinarrizko printzipioak. ASP. NET: web pages, web forms, MVC. Windows Presentation Foundation. Web services NET Framework-en. Datuetarako sarbidea: LINQ, ADO. NET, Entity Framework. NET Core-ren oinarriak.

24. gaia.–Garapena Java plataforman. Lan esparruak: Maven, Spring, JSF, JAX-WS, EJB, Hibernate.

25. gaia.–Datu-base erlazionalak. Datu-base erlazionalak kudeatzeko sistemen oinarriak. ACID propietateak. Erlazio eredua. Datu-baseak irudikatzea entitate-erlazio diagramen bidez. SQL lengoaia. SQL Server eta Oracle datu-baseen kudeatzaileak. Programazio-lengoaiak datu-baseetan: T-SQL eta PL-SQL.

26. gaia.–Garapen-ingurune integratuak (IDEak). Iturburu-kodea kudeatzeko sistemak: oinarrizko printzipioak eta tresnak. Etengabeko integrazioko sistemak: etengabeko integrazioaren oinarriak eta tresnak.

27. gaia.–Software probak. Software proben oinarriak. Proben mailak: proba unitarioak, integrazio probak, sistema probak (funtzionalak eta ez-funtzionalak: karga, estres, segurtasun eta erabilgarritasun probak, etab.), ezarketa probak, onarpen probak, erregresio probak. Proba estatiko eta dinamikoen teknikak (kutxa zuria, kutxa beltza, esperientzian oinarrituriko teknikak). Proben tresnak.

28. gaia.–Web aplikazioak. Web garapenaren arkitekturaren printzipioak. Frontend garapena webetarako: HTML, CSS, Javascript, frameworks Javascript. Backend garapenaren teknologiak webetarako.

29. gaia.–Gailu mugikorretarako aplikazioak garatzea. Aplikazio motak: web, natiboak, hibridoak. Mugikorretarako web aplikazioak: erantzun-ahalmena, web aplikazio progresiboak. Web aplikazio natiboak: Android eta iOSerako garapen framework-ak. Aplikazio hibridoak: garapen framework-ak.

30. gaia.–Web zerbitzuak: estandarrak, loturiko protokoloak, elkarreragingarritasuna eta segurtasuna. SOA arkitektura. Mikrozerbitzuak.

31. gaia.–Kode irekiko softwarea. Software librea. Kontzeptuak. Lizentzia motak.

32. gaia.–Softwarearen kalitatea: Nomenklatura eta kodeketa estandarrak: kode garbia. Softwarearen kalitatearen eta mantengarritasunaren metrikak. Kodea analizatzeko eta ikuskatzeko tresnak.

33. gaia.–Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalaren arau teknikoak.

34. gaia.–Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistemaren gako nagusiak (255/2015 Foru Dekretua). Datu geografikoak mahaigainean eta webean kudeatu, tratatu eta argitaratzearen oinarrizko alderdiak. Datu espazialen azpiegiturak eta Open Geospatial Consortium-en araberako elkarreragingarritasuna.

35. gaia.–Nafarroako Gobernuaren egoera teknologikoa.

36. gaia.–Datu-tratamenduko zentroak (CPD): tipologiak. Diseinua. Kudeaketa. Eskuragarritasun handia. Segurtasun fisikoa eta logikoa.

37. gaia.–Komunikazioak: komunikazio sareak. Sareen arteko konexioa. Hari gabeko sareak.

38. gaia.–Lanpostua: sistema eragileak. Lizentzien kudeaketa. Euskarria. Inbentarioa.

39. gaia.–Mugikortasunerako gailuak. Lanpostuaren birtualizazioa. Lanpostuko terminalen sistemak.

40. gaia.–Azpiegitura zerbitzaria. Zerbitzari motak: rack, dorrea, txasis/blade-ak eta hiperkonbergenteak.

41. gaia.–Zerbitzarien kudeaketa. Windows eta Linux sistema eragileak. Administrazio zentralizaturako tresnak.

42. gaia.–Azpiegitura zerbitzariaren birtualizazioa. Birtualizazio motak: partizio fisikoa, sistema eragilearen gaineko birtualizazioa eta hardwarearen gainekoa (Bare-Metal).

43. gaia.–Biltegiratzeko azpiegitura. NAS sistemak. SAN sistemak. Fiber Channel sareak. Flash biltegiratzea. NVMe. Software bidez definitutako biltegiratzea.

44. gaia.–Aplikazioak gauzatzeko plataformak: Microsoft, Java, LAMP.

45. gaia.–Datu-base erlazionalen kudeatzaileak: administrazioa. Optimizazioa. Eskuragarritasun handia.

46. gaia.–Mezularitza sistemak. Kontzeptuak. Protokoloak. Zerbitzuak. Bezeroaren tresnak. Komunikazio bateratuak.

47. gaia.–Mainframe ingurunea. Arkitektura (LPAR, Hipersocket-ak, Sysplex paraleloa), prozesadore motak (CP, ZIIP, IFL, ZAAP), konektagarritasuna (FICON, OSA) eta sistema eragilea (Z/OS, Z/VM, Linux).

48. gaia.–Identitateak kudeatzeko eta autentifikatzeko sistemak. Single Sign On. Autentifikatzeko sistemak: ezagutzen den zerbaitetan oinarrituriko sistemak, edukitzen den zerbaitetan oinarrituriko sistemak, autentifikazio biometrikoko sistemak. Faktore anitzeko autentifikazio sistemak. RADIUS. Direktorioetarako sarbidea: LDAP.

49. gaia.–Softwarearen zabalpena. Politikak. Tresnak.

50. gaia.–Logak zentralizatu eta biltzeko sistemak. Auzitegi analisiko sistemak.

51. gaia.–Sistemen monitorizazioa eta kudeaketa. Kudeaketa sistemak. Sarea eta zerbitzariak kudeatzeko sistemak. Gertaerak kudeatzeko sistemak.

52. gaia.–Softwareak biltzeko plataformak. Oinarrizko printzipioak. Tresnak.

53. gaia.–Cloud Computing. Oinarrizko printzipioak. Hodeiko zerbitzuak: IaaS, PaaS, SaaS. Hodei pribatuak, publikoak eta hibridoak.

54. gaia.–Proiektuen kudeaketaren kontzeptu-esparrua: proiektu baten definizioa eta ezaugarriak. Proiektu baten bizi-zikloa.

55. gaia.–Proiektuak kudeatzeko prozesuak. Prozesu multzoak: hasiera, plangintza, exekuzioa, monitorizazioa eta kontrola, ixtea. Proiektuak kudeatzeko prozesuen arteko ohiko elkarreraginak.

56. gaia.–Proiektuen kudeaketako jakintza arloak: proiektuaren integrazioaren kudeaketa, proiektuaren hedaduraren kudeaketa, proiektuaren kronogramaren kudeaketa, proiektuaren kostuen kudeaketa, proiektuaren kalitatearen kudeaketa, proiektuaren baliabideen kudeaketa, proiektuaren komunikazioen kudeaketa, proiektuaren arriskuen kudeaketa, proiektuaren eskurapenen kudeaketa.

57. gaia.–Informazio sistemen plangintza. Bideragarritasun azterlanak.

58. gaia.–Informazio sistemak garatzeko prozesuak: analisia, diseinua, eraikitzea, ezarpena eta onarpena.

59. gaia.–Informazio sistemak mantentzea.

60. gaia.–Software garapenaren bizi-zikloa. Metodologia aurresaleak: garapen teilakatua. Metodologia iteratiboak: RUP. Metodologia arinak: Scrum, XP, Kanban, etab. Laguntzarako tresnak.

61. gaia.–Eskakizunen ingeniaritza: eskakizun motak. Eskakizunak erauztea, dokumentatzea, balidatzea, negoziatzea eta kudeatzea. Laguntzarako tresnak.

62. gaia.–Lantaldeak koordinatzeko teknikak. Lan bilerak egoki kudeatzeko teknikak. Informazio sistemak ezartzeko eta horiek ezartzeagatik antolaketan egin beharreko aldaketa kudeatzea.

63. gaia.–Lidergoa. Gaitasunen eta pertsonen kudeaketa. Gatazken kudeaketa eta adimen emozionala lanpostuan. Merkataritza kudeaketako eta negoziazioko teknikak.

64. gaia.–Ofimatika eta produktibitatea. Denbora antolatu eta kudeatzeko tresnak.

65. gaia.–Sistemen ezarpena: produzitzen jartzea. Zerbitzu maila: zerbitzuak definitzea, beharrezko ezaugarriak eta prozedurak. Aldaketaren kudeaketa.

66. gaia.–Zerbitzuen kudeaketa: ISO 20000.

67. gaia.–Zerbitzuen kudeaketa: ITIL.

68. gaia.–Negozioaren jarraitutasuna kudeatzeko sistemak. ISO 22301.

69. gaia.–DevOps: DevOps printzipioak. DevOps kultura ezartzea. Antolaketaren, taldeen eta rolen eredua. Laneko beste framework batzuekin integratzea (IT zerbitzuen kudeaketa, metodologia arinak). Prozesuak automatizatzea: entregatze jarraitua. Tresnak.

70. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. Foru Administrazio Publikoaren funtzionamendu elektronikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean.

71. gaia.–Europako proiektuak kudeatzea: Europako finantzaketa esparrua. Europako proiektuen bizi-zikloa. Europako proiektuak kudeatzea. Europako proiektuen legezko alderdiak.

72. gaia.–Ziber-krimena: erasotzaileen motibazioa. Zaurgarritasunak, exploit-ak, malware-ak, botnet-ak eta eraso mota nagusiak.

73. gaia.–Lanpostuko segurtasuna. Malware motak. Malwarearen aurkako sistemak.

74. gaia.–Segurtasuna mugikortasunean: VPN sistemak, aplikazioen birtualizazioa, gailu mugikorrak kudeatu eta babesteko EMM sistemak.

75. gaia.–Segurtasun proiektu global bat egitea. Auditoriak eta arriskuen kudeaketa.

76. gaia.–Kriptografia. Klabe pribatuko eta publikoko sistemak. Ziurtagiri elektronikoak. Blockchain.

77. gaia.–Perimetroko segurtasuna. Suebakiak: motak eta teknologiak. Egoerak aztertzen dituzten suebakiak. Aplikazioen suebakiak (NGFW). Web aplikazioen suebakiak (WAF). Datu-baseen suebakiak. IDSak eta IPSak.

78. gaia.–Segurtasuna komunikazio sareetan.

79. gaia.–Informazioaren segurtasuna kudeatzeko sistemak. ISO27001.

80. gaia.–3/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasunerako Eskema Nazionala arautzen duena.

81. gaia.–Segurtasun gorabeheren kudeaketa. CERT.

82. gaia.–Segurtasuna aplikazioen bizi-zikloan. Aplikazioen garapen segurua. BSIMM eredua eta OWASP eredua.

83. gaia.–Informazioaren segurtasun gertaerak ikusaraztea, zaintzea eta ustiatzea. SIEMetik Machine Learning eta IA duten Big Data sistemetara.

84. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari buruzkoa: xedapen orokorrak. Printzipioak. Interesdunaren eskubideak. Kontrol agintari independenteak.

85. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

86. gaia.–Weberako informazio arkitektura: sormena eta diseinua, irudi korporatiboa, linea editoriala, edukien egitura, nabigazio modeloa, etiketatua, bilatzeko sistemak. Web-orrien tipologia: generalistak, bertikalak, direktorioa, transakziozkoak, promoziokoak.

87. gaia.–Herritarrei, langileei eta laguntzaileei zuzendutako atari korporatiboak. Funtzionalitate nagusiak: integrazioa, pertsonalizazioa, edukien kudeaketa, enpresa inteligentzia, lankidetza.

88. gaia.–Erabilerraztasuna. WCAG arauak. Diseinu unibertsala eta erabilgarritasuna. Entzuleriaren segmentazioa eta pertsonalizazioa. Gailu askotara egokitutako edukien argitalpena. Nazioartekotzea eta lokalizazioa.

89. gaia.–Ezagutzaren kudeaketa. Ezagutza isila eta esplizitua. Pertsonalizazioa. Lankidetzarako tresnak.

90. gaia.–Edukiak kudeatzeko sistemak. Edukiak kudeatzeko sistemen oinarrizko printzipioak eta motak. Edukien kudeatzaileak.

91. gaia.–SEO posizionamendua. Bilaketa eta indexazio tresnak. Crawler/spider-ak.

92. gaia.–Open Government eta Open Data: printzipioak. Gobernu irekiaren atari baten elementuak. Datu irekien formatuak.

93. gaia.–Datuen gobernantza. Datuen eta metadatuen kalitatea.

94. gaia.–Negoziorako adimen sistemak (Business Intelligence). Oinarrizko kontzeptuak. Arkitektura. ETL prozesuak. Informazioaren modelatze dimentsionala (bateratzea eta historifikazioa). Datuen analisia eta datu-meatzaritza. Informazioa ustiatzeko eta administratzeko tresnak.

95. gaia.–Erabakiak hartzera bideratutako aginte-taula integralen, adierazleen eta sistemen analisia eta diseinua.

96. gaia.–Datu-base ez-erlazionalak. Oinarriak: CAP teorema, BASE printzipioa. Datu-base ez-erlazionalak: motak.

97. gaia.–Big Data: datu multzo masiboak eskuratzea, analizatzea, eraldatzea, biltegiratzea eta ustiatzea. Hadoop ekosistema.

98. gaia.–Machine Learning. Ikuskapenarekin eta gabe ikastea. Bias-Variance Trade-Off. Machine Learning proiektu baten egitura.

99. gaia.–Deep Learning. Sare neuronalak. Erregularizazioa eta optimizazioa.

100. gaia.–Hiri eta lurralde adimendunak. Gauzen Internet (IoT).

II. ERANSKINA

Sistema informatikoetako goi mailako teknikarien lanpostuak

LANPOSTUA

DEPARTAMENTUA

ESPARRUA
(lekualdaketarako)

ARAUBIDE JURIDIKOA

HERRIA

EREMUA

923

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua

Eraldaketa Digitaleko ZN

Funtzionarioa

Sarriguren

Mistoa

926

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua

Eraldaketa Digitaleko ZN

Funtzionarioa

Sarriguren

Mistoa

6903

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua

Eraldaketa Digitaleko ZN

Funtzionarioa

Sarriguren

Mistoa

7265

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua

Eraldaketa Digitaleko ZN

Funtzionarioa

Sarriguren

Mistoa

7470

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua

Eraldaketa Digitaleko ZN

Funtzionarioa

Sarriguren

Mistoa

7928

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua

Eraldaketa Digitaleko ZN

Funtzionarioa

Sarriguren

Mistoa

Iragarkiaren kodea: F1915732