299. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1288E/2020 EBAZPENA, abenduaren 2koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen inpaktuaren txostena egiten duena Berbintzanan esnetarako behi aurrerakoen hazkuntzarako 1.500 plazako instalazioaren proiektuari buruz. Sustatzailea Oihane Etxarri Zabaleta da.

2020ko apirilaren 21ean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak eskaera bat igorri zuen Biodibertsitatearen Zerbitzura, Berbintzanan esnetarako behi aurrerakoen hazkuntzarako 1.500 plazei buruzko espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinean (1. taldea, f) Bigarrena).

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. 13 kontsulta egin dira, eta Herri-lanen Zuzendaritza Nagusiaren eta Abeltzaintza Zerbitzuaren erantzunak jaso dira.

21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektua ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzeari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena emateari buruz txosten honetan ezarritako baldintzetan.

Proiektua hauxe da: esnetarako behi aurrerakoen hazkuntzarako instalazio bat ezartzea Berbintzanako 2. poligonoko 924. lurzatian, “San Gil-La Nava” alderdian. Horretarako, alde batetik 12.600 m²-ko eremu bat beharko da, zeinean hormigoizko zolata duten eta erdi irekiak diren sei nabe jarriko baitira, txahalak ukuiluratzeko, eta, bestetik, 5.000 m²-ko zolatutako kanpoko eremua, abereak elikatzeko eta siloratzeko gunea eta gobernatzeko beste eremu batzuk jartzeko. Instalazioan aurreikusi da 19.800 m²-ko azalera berdintzea ordokia egin ahal izateko, lurzatian berean dauden materialak aprobetxatuta. Gainerako elementu osagarriak ere izanen ditu (makineria eta biltegiak izateko estalpeak, ur-biltegiak eta gasolio-biltegi bat), ariketak egiteko kanpoko patioak eta simaurra aire zabalean biltegiratzeko eremua. Funtzionatu bitartean, jarduerak beharko du bazka eta ura lortzeko lehengaien hornidura, Nafarroako Ubidearen ureztatzeko sarearen konexioaren bidez (Berbintzanan), eta hornidura elektrikoa, sorgailu autonomo baten bidez.

Ingurumen Eraginaren Atalak, behin espedientearen dokumentazioa aztertuta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean jasotako irizpideekin bat, irizten du proiektuak bete beharko lukeela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunt bat, ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenak izan ditzakeelako, aipatu 21/2013 Legearen 47.2.a) artikuluan ezarritakoa kontuan harturik.

Zehazki, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean bildutako irizpideak, proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenak dituela pentsarazten dutenak eta, beraz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar duela, hauek dira:

–Proiektu osoaren tamaina eta diseinua, instalazioaren neurria kontuan hartuta, II. eranskinean ezarritako gehienekoa bost halako delako; horrez gain, natura baliabideen zuzeneko eta zeharkako erabilera nabarmena, bereziki urarena eta lurzoruarena.

–Ustiategiaren kokapena (San Gil erreka-zuloaren ibilguaren ondoan dagoen iragazkortasun handiko alubioi lautada baten gainean, hain zuzen) eta aire zabaleko patioen eta biltegiratzeko eremuen erabilera aurreikusgarria. Erabilera hori egoki deskribatu eta ebaluatu behar da, erreka-zuloan dauden habitatak eta uraren kalitatea babestuko direla bermatu ahal izateko. Era berean, urak lurzatia gainezkatzeko aukerak eragiten dituen arriskuak aztertu behar dira.

–Lurraldean jarduerarako dagoen eskaerak eragindako zeharkako beste inpaktu gehigarri batzuk identifikatzea eta baloratzea, jardueraren dimentsioa kontuan harturik, betiere inpaktu horiek lotuta badaude ibilgailuen zirkulazioarekin, minden aplikazioarekin eta jarduerarako lehengaien eskaerarekin.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Berbintzanan esnetarako behi aurrerakoen hazkuntzarako 1.500 plazako instalazioaren proiektuak, Oihane Etxarri Zabaletak sustatuak, ingurumenean eragin nabarmenak izaten ahal ditu, eta, hortaz, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaio, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean xedatutako irizpideen arabera.

2. Sustatzaileak aurrera egin nahi badu ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren tramitazioarekin, ingurumen inpaktuaren azterketa bat egin beharko du ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta izapidetzeko. Ingurumen inpaktuaren azterketa horretan jasoko da Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 35. artikuluan adierazitako informazioa, eta ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren tramitazioa eginen da 21/2013 Legearen 33. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoarekin bat.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko egintzaren aurka bide administratibo edo judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Animalien Ekoizpenaren Atalari, Berbintzanako Udalari eta interesdunari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 2an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2015024