296. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

432/2020 FORU AGINDUA, abenduaren 16koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez betekizunak, baldintzak eta gomendioak ezartzen baitira desgaitasuna dutenen egoitzetako eta adinekoen egoitzetako egoiliarrak bisitatzeko eta haien irteeretarako.

Bakartzeak eta gizarte harreman urriek ondorio larriak dakarzkiete pertsona guztiei, hala ongizate psikologikoan, nola fisikoan. Zentro soziosanitarioetako egoiliarren kasuan, harreman horiek gehiago murriztu zaizkie gainerako herritarrei baino, pandemia dela-eta ezarri behar izan diren neurriengatik, helburua baitzen zentro horietan kutsatze arriskua murriztea.

Gizarte harreman horiek berreskuratu behar dira, egoiliarren osasuna eta bizi-kalitatea bermatzeko eta ahaideekiko eta maite dituztenekiko loturari eusteko. Dena dela, gogora ekarri behar da bai familia elkartzeak bai egoitzetan bisitarien kopurua handitzeak areagotzen dutela COVID-19a kutsatzeko arriskua, eta horrek heriotza ekar dezake talde kalteberetan. Horregatik, oreka lortu behar da, ahaideekiko harremanen onurak bai, baina era seguruan biltzen dituena, dauden arriskuei egokitutako neurriak hartuz.

Kontuan harturik oraingo egoera epidemiologikoarekin arrisku handia dugula eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren jarraibideak betez, neurri hauek hartzen dira COVID-19a egoitza-zentroetan bisitekin eta irteerekin kutsatzea eta hedatzea prebenitzeko.

Horregatik guztiagatik, eta bat etorriz Osasuneko kontseilariaren 2020ko azaroaren 25eko 61/2020 Foru Aginduan aurreikusitako gaikuntzarekin,

AGINTZEN DUT:

1. Modu eta baldintza hauetan baimentzea desgaitasuna duten pertsonen eta adinekoen bisitak eta irteerak egoitza-zentroetan:

Bisitak egoiliarrei.

Indarrean diraute azaroaren 23an, Eskubide Sozialetako kontseilariaren 410/2020 Foru Aginduaren bidez, bisitak hartzeko hartutako neurriek. Neurri horien iraupena eta maiztasuna handitu ahal izanen dira, egoitza-zentroak antolatzeko duen gaitasunaren arabera. Halaber, bi lagun aldi berean joaten ahalko dira, betiere bizikidetza unitate berekoak badira.

Orobat, foru agindu horretan ezarritako prebentzio, antolaketa eta erregistro neurri guztiek indarrean diraute, bai eta senideek eta egoiliarrek neurri horiek bete beharra ere.

Egoiliarrak kalera ateratzea.

Egoitzatik kanpoko irteeretan egiten diren jarduerek arrisku maila baldintzatuko dute.

Arrisku txikiko irteeratzat hartzen dira prebentzio neurriak modu iraunkorrean mantentzeko aukera ematen dutenak (maskara, eskuak garbitzea, segurtasun tartea).

Irteera horietarako baimena emanen da, eta aldi berean bi ahaiderekin batera egiten ahalko dira, baldin eta bizikidetza talde berekoak badira. Halaber, prebentzio neurriak betetzen ahal dituzten egoiliarrek irteerak egin ditzakete modu autonomoan.

Egoitza zentroek zehaztu ahal izanen dute irteera horiek egiteko ordutegia.

Familiek eta/edo erabiltzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko dute, non hitzemanen baitute beharrezko prebentzio neurriak hartuko dituztela.

Saihestu beharko dira jende asko biltzen den guneak (merkataritza-guneak, esaterako) eta arrisku-egoerak (maskara kentzea dakarten jarduerak, hala nola jatea, etab.).

Bizikidetza-unitate bereko 1 edo 2 ahaideren laguntza ere onartuko da, egoitza-zentroen inguruko espazio seguruetan. Espazio segurutzat hartzen dira egoitza-zentroetako barrutien barnean dauden kanpoko eremuak, edo udalek haien inguruan egokituriko eremuak, zenbait ordutan egoiliarrentzat soilik direnak. Zentroek arautuko dute irteteko denbora, beren ahalmenaren arabera, baina ordu erdikoa izanen da gutxienez.

Zentroek egiaztatuko dute arriskuko harremanik ez dela familia desberdinen artean, eta paseoak antolatzean, ez dira elkartuko bizikidetza talde desberdinetakoak.

Arrisku handiko irteeratzat hartzen dira prebentzio neurri orokorrak mantendu ezin direnak (adibidez: maskara jasan ezin duten pertsonak) eta arrisku handiko jarduerak dituztenak, hala nola maskarak kentzea dakartenak (jatea, edatea, erretzea…).

Une honetan, ez da erabat komeni horrelako irteerak egoiliarrentzat, batez ere familia bazkarietarako irteerak, arrisku oso handiko egoerak direlako.

Egitekotan, familiako bilerak gomendio hauen arabera egin beharko dira:

–Inoiz ez gainditzea osasun agintariek gomendatutako lagun eta bizikidetza-talde kopurua.

–Aireztapen egokia duten lekuetan elkartzea eta adineko pertsonak leku aireztatuenetan kokatzea, baina tenperatura egokian.

–Familiako kide guztiak ahalik eta denbora gehienean janztea maskara, bazkaltzeko bakarrik kenduz eta bazkalondoan jarriz.

–Eskuak ahalik eta gehien garbitzea, batez ere mahaian eseri aurretik eta konpartitutako elementuak ukitu ondoren.

–Jakiak banakako plateretan zerbitzatu, erretilu komunak eta partekatu beharreko platerak saihestuz.

–Ospakizunetan musuak eta besarkadak saihestea.

–Sukaldean eta bainugelan erabili ohi diren gainazalak ahalik eta gehien garbitzea, hainbat material bereiziz: mahai-tresnak, eskuoihalak, etab.

–Aerosolen emisioak murriztea, pertsonen ahots-tonua murriztuz.

–Era berean, familiaren etxera irtenaldiak egiten badira (gaua pasatuta edo eman gabe), irteera hori etxebizitza bakarrera mugatuko da, populazioarentzat oro har ezarritako prebentzio neurriei eta edukiera mugei jarraituz.

–Egoiliarrak edo haren ahaideek jakinarazi beharko dute familiako bileretan egon den pertsonaren bat sintomekin hasi den edo COVID-19a diagnostikatu dioten.

Egoitza-zentrora itzulitakoan, neurri hauek hartuko dira:

Arrisku handiko irteerak, gaua kanpoan eman gabe.

Halako irteeretan, 10 eguneko berrogeialdia egin beharko da, bai eta PCR negatibo bat ere bakartzetik ateratzeko.

Arrisku handiko irteerak, gaua kanpoan emanda.

Itzulitakoan, PCR bat eginen da egoitza-zentroan, baita 10 eguneko berrogeialdia ere. Beste PCR bat eginen da bakartzea bukatutakoan.

Azken 3 hilabetean eritasuna gainditu dutenek edo azken 3 hilabetean antigorputzen IgG + (ELISA) positiboa dutenek ez dute PCR bat edo berrogeialdia egin beharrik izanen egoitzara itzulitakoan. Eritasuna duela 3 hilabete baino gehiago izan dutenei edo antigorputzen IgG positiboa duela 3 hilabete baino gehiago izan dutenei, banakako balorazioa eginen die unitate soziosanitarioak, zehazteko zer neurri hartu behar den haiekin.

Kasu guztietan, begiratuko da sintomarik agertzen den.

Bukatzeko, eta gauden egoeran egonda, eskatzen da arduraz jokatzeko, hala erabiltzaileek nola ahaideek, oreka lor dezagun irteeren eta/edo bisiten onuren eta arriskuen artean, eta komunikazio aktiboa izateko egoitza-zentroekin, neurririk onuragarrienak hitzar ditzagun erabiltzaileen osasunari eusteko eta kutsatzetik babesteko, aintzat harturik zein diren zentro bakoitzaren eta haietako egoiliarren berariazko baldintzak.

Neurri horiek egoera epidemiologikoaren arabera aldatzen ahalko dira, eta ondorioak sortuko dituzte jakinarazten edo argitaratzen direnetik aurrera.

2. Foru agindu hau jakinaraztea bi mota horietako zentroei.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko abenduaren 16an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2015545