295. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 21a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

96/2020 EBAZPENA, abenduaren 17koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, aldatzen duena azaroaren 24ko 70/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen turismo eta ostalaritza sektoreetarako laguntzen deialdia, COVID-19ak eragindako gorabehera ekonomikoak konpentsatzeko.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 70/2020 Ebazpenaren bidez, turismo eta ostalaritza sektoreetarako laguntzen deialdia onetsi zen, COVID-19ak eragindako gorabehera ekonomikoak konpentsatzeko.

Laguntza honen helburua da zuzeneko babesa eta euskarri ekonomikoa ematea turismoan eta ostalaritzan jarduten duten eta egoitza fiskala zein lantokia Nafarroan dituzten enpresei, haien jarduerak gorabeherak izan baditu COVID-19aren ondorioz; izan ere, horrela, pandemiak haien bideragarritasun ekonomikoan izan duen eragina txikitu nahi da, laguntza eman nahi zaie jarduera eta enpleguari euts diezaioten, eta suspertzea erraztu.

Hasiera batean, egoki jo zen laguntzak emateko ardatz gisa hartzea 2019an izandako eragiketa bolumena, eta xede horrekin, betekizun hau ezarri zen 3. oinarriko e) apartatuan: “2019an, balio erantsiaren gaineko zergaren aitorpenetan aitortutako eragiketen bolumena ez izatea 6 milioi eurotik gorakoa”. Orain ikusi da muga hori, 2019ko ekitaldiko jarduera bolumenari dagokiona, ez dela erabat egokia lortu nahi den helbururako, hots, COVID-19ak 2020an izan duen eragina arintzeko, horren arabera ezin direlako laguntzen onuradun izan jardueran jaitsiera nabarmena izan duten enpresak. Muga hori kentzeak, beraz, enpresa gehiago laguntzen onuradun izatea ekarriko du, irizpide objektiboak kontuan hartuko baitira, esate baterako jardueran izandako jaitsiera. Bestalde, aditzera eman behar da, behin eskaerak aurkezteko epea amaituta, badagoela kreditu erabilgarria, aipatu onuradun berri horietara bideratu daitekeena, eta horrenbestez, babes handiagoa ematen ahal zaie Nafarroako turismo eta ostalaritzako sektoreei.

Horregatik guztiagatik, bidezko da laguntzen oinarri arautzaileak aldatu eta muga hori kentzea; beste epe bat ezarriko da, muga horren ondorioz laguntzetan lekurik ez zuten enpresek aukera izan dezaten eskaerak aurkezteko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 3. oinarri arautzailea aldatzea Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren azaroaren 24ko 70/2020 Ebazpenaren bidez onetsi zen laguntza deialdian, turismo eta ostalaritza sektoreetara zuzendurikoan, COVID-19ak eragindako gorabehera ekonomikoak konpentsatzeko; oinarri horren e) apartatuan jasotako baldintza hau kentzen da: “2019an, balio erantsiaren gaineko zergaren aitorpenetan aitortutako eragiketen bolumena ez izatea 6 milioi eurotik gorakoa”.

2. Epe gehigarri bat ezartzea, 2020ko abenduaren 24an amaituko dena, laguntza eskaera aurkez dezaten hasiera batean abenduaren 15era arte ezarritako epean laguntza eskatu ezin izan zutenek, orain kendu den betekizunak bazter uzten zituelako.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko abenduaren 17an.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

Iragarkiaren kodea: F2015628