294. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1285E/2020 EBAZPENA, abenduaren 2koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Errriberriko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bati buruz. Sustatzailea Bodegas Pago de Araiz SA da.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5.f eta 6.2 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, planen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute.

Aldaketa honen helburua da Bodegas Pagos de Araiz mahastizaintza eta ardogintzako ustiategiaren barruan dauden nekazaritzako lurzati batzuen hirigintza sailkapena aldatzea. Lurzati horiek Nafarroako ubidearen eremu ureztagarritik atera nahi dira (IV.4 Sektorea), parke fotovoltaiko bat sustatzeko.

Eremu ureztagarri izaera galduta, proposatzen den aldaketaren bidez beste hirigintza kategorizazio bat emanen zaie ukitutako lurzatiei. Hala, ustiapen naturalerako gorde beharreko lurzoru urbanizaezina izatetik (Nafarroako ubidearen eremu ureztagarriak) ustiapen naturalerako gorde beharreko lur izatera (alorrak) pasako dira. Erriberriko Udal Plana 2017tik dago indarrean. Hirigintzako sailkapen berriak bi azpikategoria berri sartu ditu Lurralde Antolamenduko 4. Planaren ondorioz: batetik, ingurumen aldetik balioa duen lurzorua (ibai eremua eta zuhaixka eta belarki formazioak), eta bestetik, arriskuen prebentzioa.

Aldaketan, azpikategoria bakoitzaren erabileren gaineko arauak ezarri dira, eta azpikategoria horiek udal planeamenduan txertatzen dira, honela: araudi partikularraren 54.4 artikuluaren bidez, alorretarako lurzoruen kasuan, 52.1 artikuluaren bidez, ingurumen aldetik balioa duten lurzoruen kasuan, eta Lurralde Antolamenduko 4. Planaren determinazioei lotuz, arriskuen lurzoruei eta ibai eremuari dagokienez.

Aldaketak ukitutako eremuak 139,46 hektarea hartzen ditu; zehazki, 6. poligonoko 238. lurzatiko zenbait azpilurzati eta 5.poligonoko 303F eta 308A azpilurzatiak hartzen ditu, La Parralla bazkalekuaren iparraldean eta hegoaldean.

Proposamenean behar bezala jasotzen dira sakana eta alboko ibai-adarrak ingurumen aldetik balioa duten lurzoru gisa (Ibai eremua-Ibilguen eta ur bazterren sistema), dagoen errealitate fisikoari egokituta, horri gainjartzen baitzaizkio alubioi lautadetako lurzoruak (arriskuei aurrea hartzeko lurzoruak). Dena dela, Erriberriko Udal plan orokorrean eskura dagoen informazioaren arabera (plan hori 2007tik dago indarrean), garai hartan La Parralla sakanak eta haren ibai-adarrek zuten garrantziari buruzko informazioa ematen da. Horien artean izenik gabeko sakana nabarmentzen da, azpiestazio elektrikoaren iparraldean dagoena. Sakan hori nahitaez zaindu beharreko elementu gisa ageri da, lurzatiak biltzeko prozesuaren ondoren.

La Parralla sakana nagusiki nekazaritzak hartutako eremu zabal batean dago, eta landaredi naturaleko oso gune gutxi ditu. Aitzitik, Cidacos ibaiaren eskuineko bazterreko konektore biologiko eta igarobide nagusia da. Aldaketaren ingurumen integrazioa hobetzeko asmoz, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, urriaren 27an egindako txostenean, planeamenduan txertatu beharreko ingurumen determinazio eta baldintzak ezartzen ditu, espazioa bermatzearren ibai sistemaren eta drainatze sarearen inguruan, kontuan hartuta haren ingurumen balioa eta haren eragin eremua, eta landaredi naturaleko esparruekin kontaktua duten eremuetan:

Kontuan harturik La Parralla sakanaren ondoko lurrak gatz-tuparriak direla (horregatik kendu dira ureztaketako lurzatiak), gutxienez 25 metroko zerrenda bat utziko da inguruan lurzatien barreneko aldera, non ez baita inolako instalazio edo eraikinik izanen, sakanaren baldintza naturalak berreskuratzeko lurrak egon daitezen. Espazio hori alubioi lautadaren barruan sartzen da, arriskuei aurrea hartzeko lurzoru gisa. Honelako sakanetan, higadura dinamika nabarmenak jasaten dira uraldi handietan. Irizpide bera aplikatuko da azpiestazio elektrikoaren iparraldean dagoen sakanaren inguruan.

Ingurumen agiri estrategikoan jasotzen den bezala (11. irudia), 5. poligonoko 303I, 303J eta 306J azpilurzatiak (nahitaez kontserbatu beharreko elementuak eta larreak) ingurumen aldetik balioa duen lurzoru gisa sartuko dira (“Zuhaixka eta belarkien formazioak”). Jaso beharreko beste neurrietako batek nahitaez kontserbatu beharreko lekuneekin kontaktua duten lurzatiak ditu xede, nekazaritzarako bakarrik erabiliko den zona bat egon dadin, eraikinik eta instalaziorik gabe (238H eta 238K nekazaritza azpilurzatiak, espartzudi eta sastrakadi mediterraneoekin muga egiten dutenak, eta 6. poligonoko 238D azpilurzatia eta 5. poligonoko 303F azpilurzatia).

Kontuan hartuta aldaketaren azken helburua dela parke fotovoltaiko bat ezartzea, kontuan hartuko da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak otsailaren 24an emandako 64/2006 Foru Aginduan ezarritakoa, horren bidez ezarri baitziren lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko irizpideak eta ingurumen eta hirigintza arloetako baldintzak. Nolanahi ere, ingurumen txosten estrategiko honek ez ditu ebaluatzen hirigintza aldaketaren xedeko eremuan etorkizunean ezar litezkeen proiektuak.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Erriberriko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bati buruzko ingurumen txosten estrategikoa egiten da, Bodegas de Pago de Araiz SAk sustaturik, determinazio hauek betetzearen baldintzapean:

a) La Parralla sakanaren inguruan eta azpiestazio elektrikoaren iparraldean dagoen sakanaren inguruan gutxienez 25 metroko eremu perimetral bat ezartzea lurzatien barreneko aldera.

b) 5. poligonoko 303I, 303J eta 306J azpilurzatietan nahitaez kontserbatu beharreko balio handiko elementu eta larreak “zuhaixka eta belarkien formazio” gisa sartzea.

c) Lurzatiek eta lekuneek landaredi naturalarekin (espartzudi, pinudi eta sastrakadi mediterraneoak), kontaktua duten eremuetan, instalazio eta eraikinik gabeko espazio libre bat zehaztea: 6. poligonoko 238H, 238K eta 238D azpilurzatiak eta 5. poligonoko 303F azpilurzatia.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Hirigintza Atalari eta Erriberriko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 2an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2015013