291. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

93/2020 FORU DEKRETUA, abenduaren 2koa, “José Lázaro Galdiano” 2020ko edizio saria ematen diona, kategoria orokorrean, Turner Publicaciones SL argitaletxeari, “Sportsmen, pioneros del deporte en España 1869-1939” lanaren argitalpenagatik, eta, bibliofiliako liburuaren kategorian, Millennium Liber SL argitaletxeari, “Leonardo da Vinci, arquitecto del universo” lanaren argitalpenagatik.

Martxoaren 30eko 26/2009 Foru Dekretuak “José Lázaro Galdiano” edizio saria sortu zuen, José Lázaro Galdiano Nafarroako argitaratzaile eta bibliofilo prestuaren ohorean, aintzat hartzeko, alde batetik, liburuen edizioaren kalitatea, eta, bestetik, artea –esanahi zabalenean ulerturik– aztertzen duen ikerketa historikoa eta saiakeragintza.

Aipatutako foru dekretuan ezartzen dira lanak aurkezteko baldintzak eta saria emateko prozedura. Halaber, sariduna proposatzeko eskumena ematen dio epaimahaiari, zeina osatzen baitute Nafarroako Gobernuaren, Lázaro Galdiano Fundazioaren eta Beireko Udalaren ordezkariek eta artearen arloko teknikari aditu batzuek. Foru dekretuan xedatzen denez, kide anitzeko organo horrek proposamena igorri behar dio Nafarroako Gobernuko lehendakariari.

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren irailaren 10eko 99/2020 Foru Aginduaren bidez, 2020ko “José Lázaro Galdiano” edizio sarirako deia egin zen, oinarri arautzaileak onetsi ziren, eta 6.000 euroko gastua baimendu zen bi kategoria horien sarietarako (3.000 euro kategoria bakoitzeko).

Epaimahaiak, 2020ko azaroaren 9an egin bilkuran, aho batez erabaki zuen proposatzea “José Lázaro Galdiano” 2020ko edizio saria eman dakiola, kategoria orokorrean, Madrilgo Turner Publicaciones SL argitaletxeari, “Sportsmen, pioneros del deporte en España 1869-1939” lanaren argitalpenagatik, eta, bibliofiliako liburuaren kategorian, Madrilgo Millennium Liber SL argitaletxeari, “Leonardo da Vinci, arquitecto del universo” lanaren argitalpenagatik.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko abenduaren bian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. 2020ko “José Lázaro Galdiano” saria ematen zaio, kategoria orokorrean, Turner Publicaciones SL argitaletxeari (IFK: B82697145), “Sportsmen, pioneros del deporte en España 1869-1939” lanaren argitalpenagatik, eta, bibliofiliako liburuaren kategorian, Millennium Liber SL argitaletxeari, “Leonardo da Vinci, arquitecto del universo” lanaren argitalpenagatik. Bi sarietako bakoitza 3.000 eurokoa izanen da, eta honako partida honen kargura ordainduko dira zenbateko horiek: 2020ko gastu aurrekontuko 060004 06210 4709 921100 partida, “José Lázaro Galdiano edizio sariak” izenekoa.

2. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Turner Publicaciones SL argitaletxeari eta Millennium Liber SL argitaletxeari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 2an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2014795