288. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

228E/2020 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita dirulaguntza honen deialdia: “Nafarroako zentro teknologikoentzako laguntza, Covid-19aren osasun krisia dela-eta”. DDBN identifikazioa: 535905.

Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 7. artikuluan honela definitu da zentro teknologikoa: ikerketa entitatea, funtsean teknologia sortzen, garatzen eta enpresa sarera, instituzioetara eta sare sozialera transferitzen duena.

Zientziari eta Teknologiari buruzko foru lege horren atarikoan jasota dagoenez, “arlo desberdinetan ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+b) sortzea, zabaltzea eta aplikatzea funtsezkoa da Nafarroaren aurrerakuntzarako. I+G+b-k oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du eta konponbide sortzaileak ekartzen ditu gure gizarteak dituen desafio nagusietarako”.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduak arautzen du Nafarroako I+G+b Sisteman (SINAI) integratutako exekuzioko eragileak egiaztatzeko prozedura, eta zenbait helburu-balio ezartzen ditu, 2025erako bete behar direnak, zentroa bikaintasunari, jakintzaren transferentziari eta talentuari begira dagoen definitzen duten adierazleetan. Adierazle horietako batek neurtzen du entitatearen diru sarrera guztietatik zer zati hartzen duten enpresekin egindako I+G kontratuek; hau da, neurtzen du zenbateraino transferitzen zaien zentroan sortutako jakintza enpresei.

Aipatu araudiaren babespean, egun entitate hauek daude inskribaturik SINAIren erregistroan, zentro teknologikoen kategorian:

SINAI-N AKREDITATUTAKO ZENTRO TEKNOLOGIKOA

IFZ

CENER Fundazioa

G31679889

L’UREDERRA. Garapen Teknologiko eta Sozialerako Fundazioa

G31667850

Elikagaien arloko Teknologia eta Segurtasunerako Zentro Nazionala-Ebroko Laborategia

G31096928

Nafarroako Industriaren Elkartea

G31024706

I+G Automozioa eta Mekatronika Fundazioa

G31704232

Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutua SA.

A31864572

Zentro teknologikoetan egindako ikerketaren emaitzak enpresei transferitzen zaizkie I+G zerbitzu espezializatuak kontratatzean. Kontratu horiek definitzen dute, zerbitzuak diren aldetik, zein den zentro teknologikoetako jarduera ekonomiko espezializatua. Zerbitzu horiek emateko, oso langile kualifikatuak behar dira, gai direnak beren baitan biltzeko, alde batetik, garapen teknologikorako gaitasuna eta, bestetik, ezagutza horiek industria sareari modu erabilgarrian transmititzeko behar diren sentsibilitatea eta esperientzia. Hori da zentro teknologiko batek gizarteari aberastasuna emateko izan dezakeen eta izan behar duen modurik onena. COVID-19aren pandemiaren ondoriozko krisi ekonomikoarekin, enpresa askok geldiarazi dituzte mota horretako proiektuak, eta, 2020. urte honetan, beren biziraupenean jarri dute indar guztia. Horrek badakar benetako arriskua bat: ezagutza transferitzen espezializatutako pertsona horiek beste jarduera batzuetan aritu behar izatea zentro teknologikoaren barruan; edo, kasurik okerrenean, lanik gabe geratzea. Hori gertatzen baldin bada gal daiteke jarduera ekonomiko berritzaile bat garatzeko funtsezkoa den aktibo hori.

Horregatik, jarduera hori diruz lagundu behar da 2020. urte honetan, SINAI ez dadin ahuldu. Gainera, baliteke etorkizunean, hots, hurrengo aurrekontu ekitaldietan, beste jarduera batzuk gauzatu behar izatea arlo honetan, aurrean ditugun esparru ekonomiko eta industrial zalantzazkoen bilakaera zein den.

Horregatik, Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiak zentro teknologiko horiei laguntzak ematea sustatzen du, arintzeko enpresek I+G proiektuetarako kontratuen arloan izan duten galera, eta bermatzeko horien bideragarritasuna eta jakintzari zein kualifikazio handiko enpleguari eusten zaiela.

Bestalde, Batzordeak Estatuko Laguntzen Aldi Baterako Esparru bat onartu zuen ekonomiari laguntzeko (martxoaren 19ko Komunikazioa). Horren helburua izan zen Europar Batasuneko estatuei aukera ematea berma zezaten bazutela likidezia erabilgarri era guztietako enpresentzako, eta zain zezaten jarduera ekonomikoaren jarraitutasuna. Testuinguru horretan, eta nazio mailan, Estatuko Aldi Baterako Esparrua onetsi da, enpresei eta autonomoei laguntzeko neurriei buruzkoa. Neurri horiek honako hauek dira: zuzeneko dirulaguntzak, aurrerakin itzulgarriak, zerga abantailak, maileguen bermeak eta interes tasen hobariak maileguetan. Horiek guztiek ekonomia babestea dute helburu, COVID-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan. Hor ezartzen denez, agintari eskudunek, egokitzat jotzen badute, laguntza ildo berriak ezarri edo lehendik dauden ildoak indartu ahal izanen dituzte, bakoitzak bere eskumen esparruaren barruan. Beraz, laguntza hauek betetzen dute Estatuko Aldi Baterako I. Esparru horretan xedatutakoa.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea “Nafarroako zentro teknologikoentzako laguntzak, Covid-19aren osasun krisia dela-eta” izeneko dirulaguntza deialdia.

2. Onestea dirulaguntza hau arautuko duten oinarriak. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G20001-G2100-7819-467303: COVID-19 Ikerketarako laguntzak

2020

1.100.000

4. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako I+G+b Sistemaren Erregistroan (SINAI) akreditatutako zentro teknologikoei:

SINAI-N AKREDITATUTAKO ZENTRO TEKNOLOGIKOA

IFZ

CENER Fundazioa

G31679889

L’UREDERRA. Garapen Teknologiko eta Sozialerako Fundazioa

G31667850

Elikagaien arloko Teknologia eta Segurtasunerako Zentro Nazionala-Ebroko Laborategia

G31096928

Nafarroako Industriaren Elkartea

G31024706

I+G Automozio eta Mekatronika Fundazioa

G31704232

Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutua SA

A31864572

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2020ko azaroaren 26an.–Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza honen xedea da Nafarroako zentro teknologikoei arintzen laguntzea COVID-19aren pandemiaren ondoriozko osasun eta ekonomia krisiaren eraginez enpresek kontratatutako I+G proiektuetan izan den murrizketa, zentro horien bideragarritasuna bermatzeko eta enplegu kualifikatuari eusteko.

2. oinarria.–Arau esparrua.

Dirulaguntza hauek betetzen dute enpresei eta autonomoei laguntzeko neurriei buruzko Estatuko Aldi Baterako I. Esparruan ezarritakoa, zeina baimendu baitzen Europako Batzordearen 2020ko apirilaren 2ko SA.56851 (2020/N) Erabakiaren bidez. Neurriak dira: zuzeneko dirulaguntzak, aurrerakin itzulgarriak, zerga abantailak, maileguen bermeak eta interes tasen hobariak maileguetan. Horiek guztiek ekonomia babestea dute helburu, COVID-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke Nafarroako I+G+b Sistemaren Erregistroan (SINAI) akreditatutako Nafarroako zentro teknologiko hauek:

SINAI-N AKREDITATUTAKO ZENTRO TEKNOLOGIKOA

IFZ

Cener Fundazioa

G31679889

L’UREDERRA. Garapen Teknologiko eta Sozialerako Fundazioa

G31667850

Elikagaien arloko Teknologia eta Segurtasunerako Zentro Nazionala-Ebroko Laborategia

G31096928

Nafarroako Industriaren Elkartea

G31024706

I+G Automozio eta Mekatronika Fundazioa

G31704232

Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutua SA

A31864572

2. Ezin dira onuradun izan:

a) Administrazio zehapen irmoa edo kondena epai irmoa betetzen ari direnak sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain daudenak ere.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatzen diren debekuetako bat urratzen dutenak.

c) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende daudenak, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo ondoren; ez eta, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definitzen den gisan, 2019ko abenduaren 31n krisian dagoen enpresatzat sailkaturik daudenak ere.

3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

4. Laguntzen eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da baldintza guztiak betetzen direla frogatzeko.

4. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1. Bost eguneko epea izanen da eskabideak aurkezteko, ebazpen hau 3. oinarrian adierazitako erakundeei jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

2. Laguntza eskabidea modu telematikoan aurkeztuko da, eta honako agiri hauek bildu beharko ditu:

a) Memoria labur bat, zeinetan justifikatzen baita laguntza beharrezkoa dela arrazoi honengatik: kalte ekonomikoak izatea, murriztu delako enpresekin egindako I+G kontratuengatiko jarduera, COVID-19 gaixotasunak eragindako osasun- eta ekonomia-krisi egoeraren ondorioz. Laguntzaren zenbatekoa 5. oinarriaren arabera kalkulatzeko, eman beharko dira enpresekin I+G kontratuak egiteagatik izandako fakturazioaren datuak, 2018. eta 2019. urteetakoak, baita 2020ko aurreikuspena ere.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinetan adierazten baita laguntzaren eskatzaileak betetzen dituela 3. oinarriko 2. puntuan xedatutako baldintzak.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinetan adierazten baita beste laguntzarik jaso den deialdi honetan ezarritako gastu diruz lagungarri berberetarako, eta zein den jasotzaile berak 2020ko zerga ekitaldian eta Estatuko Aldi Baterako Esparruaren arabera jaso dituen laguntzen guztizkoa.

d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatearen egiaztagiria.

e) Entitate pribatuen kasuan, laguntza publikoen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena. Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra ez bada betetzen, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

3. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, I+G+b Zerbitzuak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5. oinarria.–Laguntzaren zenbatekoa eta hura emateko prozedura.

1. Laguntzaren zenbatekoa 800.000 euro izanen da, gehienez, entitate onuradun bakoitzeko.

2. Zentro teknologiko bakoitzari dagokion laguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko da zer alde dagoen 2018. eta 2019. urteetan enpresekin egindako I+G kontratuengatiko fakturazioaren batezbestekoaren eta kontzeptu horregatik beragatik 2020rako aurreikusitako fakturazioaren artean.

I+G kontratutzat hartzen dira onuradunarekin zerikusirik ez duten beste entitate batzuei fakturatutako jarduera ekonomikoa, baldin eta haren helburua izan bada I+G proiektu bat egitea erakunde kontratatzailearentzako.

3. Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira. Baldin eskatutako laguntzaren guztizko zenbatekoak gainditzen badu deialdi honetan baimendutakoa, jasotako eskaeren artean hainbanatuko da, deialdiaren kreditua agortu arte.

6. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzak kudeatzen dituen organoak, hau da, Energiaren arloko I+G+b Atalak, ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, eta horretan adieraziko du onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak.

Ebazpen proposamenak ondokoa edukiko du, gutxienez:

a) Entitate onuradunen zerrenda eta laguntzaren zenbatekoa.

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Berrikuntzako zuzendari nagusiak izanen du dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena. Eskabidea aurkezteko epea bukatzen denetik hilabete bateko epean emanen da ebazpena, eta entitate onuradunei jakinaraziko zaie, modu telematikoan, gaitutako helbide elektronikoan.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertu ahal izanen da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

7. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

1. Laguntza ordainketa bakar batean ordainduko zaio onuradun bakoitzari, emateko ebazpenaren ondorioz.

2. Ez da bermerik ezartzea eskatzen, 60.000 eurotik gorako zenbatekoa duten aurrerakinak izanik ere, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33.2 artikuluko c) puntuarekin bat, entitate onuradunen izaera kontuan hartuta.

8. oinarria–Emandako dirulaguntzaren justifikazioa.

1. Beranduenez ere 2021eko apirilaren 30ean, entitate onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) 2019. eta 2020 urteetako kontu auditatuak.

b) Jasotako laguntzaren kontabilizazioaren justifikazioa, dirulaguntzaren kontabilitate kodea berariaz adierazita.

c) Adierazpena, Estatuko Aldi Baterako Esparruaren edo Europako Aldi Baterako Esparruaren baitan jasotako laguntzei buruzkoa. Jaso beharko dira diruz lagungarriak diren gastu beretarako 2020an jaso dituen “aldi baterako” laguntza guztiak, araubide honi jarraikiz, edo Batzordearen Aldi Baterako Esparruaren Jakinarazpenari jarraikiz (horren bidez arautzen da estatuek hartutako laguntza neurrien aldi baterako esparrua, COVID-19aren egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko).

d) I+G proiektuen kontratuengatiko fakturazioaren zerrenda, 2018. 2019. eta 2020. urteetakoak: enpresa kontratugilea, proiektuaren izenburua, zenbatekoa (eurotan eta BEZa kanpo).

e) 2020. urteko datu hauek:

I. I+G proiektuen kontratuengatiko fakturazioa.

II. I+G zerbitzuez bestelakoengatiko fakturazioa.

III. Jasotako laguntza publikoak, guztira.

IV. Nafarroako Gobernuaren laguntzak, guztira.

V. Entitatearen diru-sarrerak, guztira.

VI. Entitatearen gastuak, guztira.

VII. I+G proiektuetako langileen batez besteko kopurua.

VIII. Entitateko langileen kopurua, guztira.

IX. Diruzaintza, 2020/12/31n.

2. Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, espedientea ixteko ebazpena emanen da. Gerta daiteke jasotako laguntza txikiagoa izatea 2018. eta 2019. urteetan enpresekin egindako I+G kontratuengatiko fakturazioaren batez bestekoaren eta kontzeptu horregatik 2020an izan den benetako fakturazioaren arteko aldea baino. Horrelakoetan, dirulaguntza egokituko da benetan justifikatu den horretara.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, onuradunek hartutako dirulaguntzak itzuli beharko dituzte.

9. oinarria.–Onuradunaren betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diruz lagundutako jarduerak justifikatzea oinarri hauetan ezarritako moduan.

2. Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, dirulaguntza honekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

3. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

10. oinarria.–Laguntzaren bateragarritasuna.

1. Dirulaguntza hauek bateragarriak izanen dira helburu beraz onuradunari eman zaizkion beste batzuekin, baldin eta guztiek batuta ez badute gainditzen I+G kontratuengatik 2020an izandako fakturazio galeraren zenbatekoa. Era berean, jasotzaile berak Estatuko Aldi Baterako Esparruaren baitan jasotzen dituen laguntzek, berdin arestian aipatu xede hori bera edo beste bat helburu duten, ezin izanen dute gainditu, guztira, 800.000 euroko zenbatekoa.

2. Era berean, laguntzak metatzeko arauak aplikatu ahal izanen dira, Europako Aldi Baterako Esparruaren 20. puntuan ezarritakoak, baita gai horri buruz Europako Batzordearen SA.56851 (2020/N) Erabakiaren 33. paragrafotik 36.era bitartekoetan ezarritako irizpideak ere.

3. Metatu ahal izanen dira minimis edo laguntza salbuetsien aplikazio eremuan sartzen diren laguntzekin ere, baldin eta errespetatzen badira dagozkien EBko erregelamenduetan zenbatekoei edo intentsitateei buruz aurreikusitako arauak.

11. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

I+G+b Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu, Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), emandako dirulaguntzak, honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

12. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2014601