288. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

95/2020 FORU AGINDUA, azaroaren 18koa, Hezkuntzako kontseilariak emanda, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 20ko 26/2012 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horrek, gaztelaniaz, Vascuence (Navarra) irakaskuntza espezialitatea ezartzen du maisu-maistren kidegoan, dagozkion eginkizunak betetzeko Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 92. eta 93. artikuluetan, ezartzen du zer baldintza dauden Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan irakaskuntza emateko.

Azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuak eginkizunak Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan betetzen dituzten maisu-maistren kidegoko irakaskuntza espezialitateak ezarri zituen. 2.2 artikuluak ezartzen duenez, irakaskuntza espezialitateak dira, hartan ezarritakoez gain, hizkuntza koofizialei dagozkienak, hala arauturik duten autonomia erkidegoetan.

Horregatik, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 20ko 26/2012 Foru Aginduak, gaztelaniaz,“Vascuence (Navarra)” irakaskuntza espezialitatea ezarri zuen maisu-maistren kidegoan.

Ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legearen bidez, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen titulua eta artikulu batzuk aldatu ziren. Aipatu legearen Xedapen Gehigarri Bakarrean ezartzen da “Euskararen Foru Legea aplikatzearen ondorioz garatu edo xedatzen diren xedapen eta egintza guztien gaztelaniazko testua izendapen berri horretara egokituko da, eta, hala, “euskera” izendapen berria erabiliko da “vascuence” hitzaren ordez”.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eremu guztietan erabiltzen den terminologia, euskararekin loturikoa, batzeko asmoz, egokitzat jotzen da martxoaren 20ko 26/2012 Foru Agindua aldatzea, eta gaztelaniazko “Vascuence (Navarra)” espezialitate-izena kendu eta “Euskera (Navarra)” jartzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Gaztelaniazko “Vascuence (Navarra)” espezialitatearen izena aldatzea.

1. Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 20ko 26/2012 Foru Aginduak ezartzen duen gaztelaniazko “Vascuence (Navarra)” espezialitate-izena aldatzea. Aurrerakoan espezialitatearen izena “Euskera (Navarra)”izanen da.

2. Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 20ko 26/2012 Foru Aginduak “Vascuence (Navarra)” aipatzen duen bakoitzean, “Euskera (Navarra)” aipatzen duela ulertuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra.–Gaztelaniazko “Vascuence (Navarra)” espezialitateko funtzionarioak eta kontratuak.

1. “Vascuence (Navarra)” espezialitateko irakasle funtzionario titularrak “Euskera (Navarra)” espezialitateko titularrak izatera pasatuko dira.

2. “Vascuence (Navarra)” espezialitatean izenpetutako kontratuek, foru agindu honek indarra hartzen duenean indarra dutenek, indarra izaten segituko dute, aldatu beharrik gabe.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko azaroaren 18an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2014089