288. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ABERIN

Ordenantza, Instalazio fotovoltaikoen ezarpena arautzen duena. Behin betiko onespena

Aberingo Udalak, 2020ko irailaren 1ean egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Aberingo udal-mugartean instalazio fotovoltaikoak ezartzea arautzen duen ordenantza.

Jendaurrean jartzeko iragarkia 2020ko 233. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 8koan, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Hala, bada, argitara ematen da oso-osorik aipatu udal ordenantza, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Aberinen, 2020ko azaroaren 23an.–Alkatea, Francisco Javier Fernández Velasco.

ABERINGO UDAL-MUGARTEAN INSTALAZIO FOTOVOLTAIKOAK EZARTZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Aberingo udal-mugartean eguzki energia zelula fotovoltaikodun panelen bidez eta panel kolektore termikoen bidez biltzeko instalazioak ezartzeko.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau aplikatu behar zaie Aberingo udal-mugarte osoan ezarrita dauden instalazioei.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki-bilketako elementuei panelak edo plakak deituko zaie honako ordenantza honetan. Bi panel mota sartuko dira, egiten duten bihurketa energetikoaren arabera, energia termikoa edo energia elektrikoa:

–Eguzki-instalazio termikoak: fluido bat berotzeko eguzki-erradiaziotik datorren energia aprobetxatzen dutenak dira. Etxeko ur beroa sortzeko eta espazioak girotzeko erabiliko dira.

–Eguzki instalazio fotovoltaikoak: energia elektrikoaren ekoizpenean eguzki-erradiaziotik datorren energia zuzenean baliatzen dutenak dira, zenbait material erdieroaleren propietate fisikoez baliatuz elektrizitatea sortzeko eguzki-erradiazioaren eraginpean jartzen direnean.

Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaiko zein termikoez osatutako eguzki instalazioak, haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena kontuan hartuta.

II. KAPITULUA

Hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian ezarritako instalazioak

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrizana asetzeko direnean baino ez dira eguzki instalazioak baimenduko, dela etxeko ur beroa sortzeko eta espazioak girotzeko (eguzki instalazio termikoak) dela norberaren kontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak, energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratibo teknikoak eta ekonomikoak arautzen dituenak, ezarritakoa betez.

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak instalatu daitezke eraikinen estalki inklinatuetan, honako baldintza hauek betez gero:

–Estalkiaren isurialde triangeluarretan integratu behar dira plakak, isurialdeen makurdura mantenduz une oro. Panelek sortutako planoa estalkiak sortutako planotik teknikoki ahalik eta hurbilen egonen da.

–Ez da baimenduko eguzki-energiako plakarik eta bestelako kolektorerik instalatzea eraikin nagusiaren ondoko egituretan, baldin eta estalkiak eraikin horren estalkiaren beheragoko kotetan badaude; ataripeak, pergolak, etab.

–Oro har, panelen antolamenduak eremu erregularra osatu beharko du. Sakabanatuta jarriz gero behar bezala justifikatu beharra dago hirigintza-zerbitzuaren aurrean.

–Honako muga hauek izanen ditu hartutako azalerak:

  • Panel fotovoltaikoetarako, gehieneko azalera instalatutako gehieneko potentziaren araberakoa izanen da, 244/2019 Errege Dekretuak edo etorkizunean “energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratibo, tekniko eta ekonomikoak” arautzen dituenak mugatuta; hau da, potentzia horretara iritsi arte behar adina panel instalatzen ahalko dira.
  • Panel termikoetarako: Eraikinaren behar termikoek emanen dute gehieneko azalera, ur beroa ekoizteko edo girotzeko.

–Aurreko puntuan jasotako gehieneko azalera okupatua mugatuko da honako baldintza hauen arabera:

  • Eguzki panelak gutxienez 0,60 metro bereizi beharko dira teilatu-hegalen, mehelinen eta gailurren ertzetatik (hala ere, gailurren gainean jartzen ahalko dira panelen antolamenduak sabai leiho tradizionala simulatu nahi duenean). Bizkar-lima eta limatxokoekiko distantzia, gutxienez, 0,45 m-koa izanen da.
  • Panel bakoitza jarri beharko da bere ertzetako bat teilatu-hegalaren ertzarekiko paralelo joateko moduan.

–Instalazioaren laguntza elementuak, hala nola biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro-elektrikoak, kanalizazioak eta abar, ezin izanen dira eraikinen estalkian edo fatxadetan agerian geratu.

2. Estalki lauetan edo zabaltzetan jar daitezke, honako baldintza hauekin:

–Instalatzen ahalko dira estalkiko planoaz bestelako inklinazio eta orientazioak dituzten kolektoreak, baldin eta eguzki-aprobetxamendua optimizatzea bilatzen badute.

–Kolektoreen gehieneko azalera artikulu honetako “1. puntuak” emanen du, aplikagarri diren baldintza guztiak kontuan hartuta.

–Ez da onartuko eskaerarik estalki lauen gainean instalatzeko, baldin eta energia biltzeko azpiegiturak ikus badaitezke eguzki-kolektorearen instalazioa hartuko duen eraikinaren kota berean edo beherago kokatutako bide publikoetatik.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan ezarri.

4. Udal Planeko eremu homogeneoak urbanizatuz hirigunea zabaltzen denean, salbuespen gisa, , bertako eraikinetan eguzki-panelak konfigurazio edo kokapen bereziekin instalatzeko aukerak proposatzen ahalko dira, eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Hirigintza Zerbitzuak baloratu beharko ditu proposamen horiek. Udalak bere egiten du proposamen horiek onesteko eskubidea.

5. Udal Planeko eraikinen katalogoan ageri diren eraikinetan eguzki panelak ezartzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundeari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da, Aberingo barrutiko hirigintza-antolamenduko udal planaren 177. artikuluan xedatutakoa betez.

6. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru aske eta pribatuaren gaineko instalazioak.

Eguzki panelak jar daitezke lurzoru aske eta pribatuan, honako baldintzak betez gero:

–Instalazio kontsumitzailea lurzati berean edo mugakidean dagoenean, dela hiri-lurzorua dela urbanizaezina.

–Gehieneko azalera izanen da honako honen arabera:

  • Panel fotovoltaikoetarako, gehieneko azalera instalatutako gehieneko potentziaren araberakoa izanen da, 244/2019 Errege Dekretuak mugatuta; hau da, potentzia horretara iritsi arte behar adina panel instalatzen ahalko dira.
  • Panel termikoetarako, eraikinaren behar termikoek emanen dute gehieneko azalera, ur beroa ekoizteko nahiz girotzeko.

–Lurzoruaren gainean bermatuko dira. Instalazioak, euskarriak eta beste elementu batzuk barne, ezin izanen dira 2 metro baino altuagoak izan, lurretik neurtuta.

–Panelen inklinazioak energia bilketaren errendimendu handiena bilatuko du.

7. artikulua. Instalazio multzoak eraikinaren gainean eta lurzoru libre pribatuaren gainean.

1. Eraikinaren gainean eguzki-panelak jartzeko, 5. artikuluko baldintzak bete beharko dira.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinaren gaineko instalazioak

8. artikulua. Aldez aurreko baimenak.

1. Eguzki-energiarekin argindarra sortzeko instalazioak ezartzea lurzoru librean (eguzki parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emandako 64/2006 Foru Agindua.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa da ezarriko den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Aurretik zeuden eraikinei loturiko instalazioen kasuan, eraikinak une hartan indarrean zen araudiaren arabera ezarri baziren, baimendutzat joko da eguzki panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa aldez aurreko baimenik tramitatzea.

9. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak jartzen ahal dira eraikinen estalki inklinatuetan.

Haren planoen gainean jarriko dira. Panelen orientazioak aldatzea baimenduko da eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten metro bateko garaiera gainditzen, isurkiaren planotik zuzenean gora neurtuta. Hartutako gainazala gutxienez metro bat bereiziko da isurki triangeluarraren perimetrotik.

2. Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, azaleran edo orientazioan mugarik jarri gabe.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan ezarri.

4. Ezohiko neurri gisa, eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki panelak jartzeko aukera proposatzen ahalko da eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Hirigintza Zerbitzuak baloratu beharko ditu proposamen horiek. Udalak bere egiten du proposamen horiek onesteko eskubidea.

5. Udal Planeko eraikinen katalogoan ageri diren eraikinetan eguzki panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundeari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da, Aberingo barrutiko hirigintza-antolamenduko udal planaren 177. artikuluan xedatutakoa betez.

10. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, linearen ingurumen ukipenetarako baimenaren espedientea tramitatzea beharrezkoa izanen da (93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duena). Hura baimendu arte ezin izanen da panel fotovoltaikoak jartzeko lizentzia eman.

IV. KAPITULUA

Tramitazioa

11. artikulua. Lizentzia eskatzea.

Ordenantza honetan arautzen den instalazioa instalatu, handitu edo legeztatzeko, Aberingo Udalari eskatuko zaio dagokion obra lizentzia. Horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da.

Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, profesional eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, Etxegintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua jasoko ditu memoriak.

Udal lizentzia eman aurretik, beharrezko baimenak tramitatuko dira, Aberingo Udal Planean eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritako betebehar partikularren arabera.

Lizentziak, betiere, jabetza eskubideari eta hirugarrenei kalterik egin gabe emanen dira. Eskatzailea izanen da lanek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzulea.

Iragarkiaren kodea: L2014195