287. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

179E/2020 FORU AGINDUA, azaroaren 12koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, “Ikus-entzunezkoen ekoizpenerako laguntzak Nafarroan” dirulaguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 534031.

Nafarroan ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak 2006an sortu ziren, jada desagertuta dagoen Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak eskatuta. Haren 2005eko txostenean ohartarazi zuen behera ari zirela, oro har, Nafarroako telebistek beraiek ekoizten dutenaren ehunekoak.

Horregatik, laguntza hauen jomuga da Nafarroako Foru Komunitatean programa interesgarriak edukitzea eta tokian tokiko ekoizpena egon dadila sustatzea, programazioak onura soziala duenez gero Nafarroako herritarren artean.

Orduz geroztik, laguntza horiek urtero tramitatu dira, bai nominatiboki LTDaren lizentzia duten telebistentzat, bai norgehiagokako araubideari jarraikiz.

2017an berritu egin zen dirulaguntzen deialdi hori, eta laguntzak Europako araudira egokitu ziren, zehazki 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 54. artikulura eta I. kapitulura. Erregelamendu horren bidez, laguntzen kategoria jakin batzuk bateragarritzat jotzen dira barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Eta Europar Batasuneko araudiaren zuzenbidezko berme horri jarraituz egin dira orduz geroztik deialdiak.

Aurreko ekitaldietan metatuko esperientziatik abiatuta, komenigarri iritzi zaio laguntza hauek izapidetze aurreratuko espedientearen bitartez tramitatzeari (orain egin nahi den gastua benetan onesteak baldintzatuko du tramitazioa), deialdiaren ebazpena irmoa izan dadin 2021. urteko hasierako egunetan eta, horrela, telebista operadoreek hobeki antolatzeko aukera izan dezaten. Laguntzen deialdi honetan tokiko LTDa duten operadoreek soilik eskuratzen ahalko dituzte laguntzak.

Azaldutakoaren poderioz, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu duen txostena ikusita, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako dirulaguntzen deialdia.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Baimena ematea 350.000,000 euroko gastua (hirurehun eta berrogeita hamar mila euro) egiteko, deialdi honi aurre egiteko, 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Ikus-entzunezkoen ekoizpenerako laguntzak Nafarroan” izeneko 060003 06120 4709 921500 partidaren pareko izaerarekin 2021ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan sortzen den partidaren kargura, baldin eta ekitaldi horretan kreditu egokia eta nahikoa badago.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko azaroaren 12an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

NAFARROAKO IKUS-ENTZUNEZKOAK EKOIZTEKO 2021EKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea eta helburua

Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea Foru Komunitateko ikus-entzunezko edukien ekoizpen-jarduerei laguntzak emateko 2021ean, Nafarroan tokiko esparruko lurreko telebista digitalen (LTD) lizentzia pribatuen titularrek emanaldiak egin ditzaten eduki horiekin.

Horregatik, laguntza hauen helburua da Nafarroako Foru Komunitatean programa interesgarriak edukitzea eta tokian tokiko ekoizpena egon dadila sustatzea.

Ikus-entzunezko edukiak Nafarroako hizkuntza ofizialetako edozeinetan eginen dira eta haien helburua izanen da Foru Komunitateko ikus-entzunezko kulturaren eskaintza oparoagoa izatea.

2. oinarria.–Aurrekontua eta diruz lagungarriak diren kostuen muga.

1. Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 350.000 eurokoa da, gehienez ere, 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren “Ikus-entzunezkoen ekoizpenerako laguntzak Nafarroan” izeneko 060003 06120 4709 921500 partidaren pareko izaerarekin 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan sortzen den partidaren kargura.

2. Laguntzak dirulaguntza gisa ematen dira, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 54. artikuluan eta I. kapituluan adierazitakoaren arabera, zeinetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria ezartzen diren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Diruz lagungarriak diren kostuen %50 izanen da ikus-entzunezko lanen produkziorako laguntzen intentsitatea.

3. oinarria.–Onuradunak eta betebeharrak.

1. Nafarroako Gobernuak Lurreko Telebista Digitalaren toki-esparruko emanaldietarako ematen dituen lizentzia pribatuen titularrak izaten ahalko dira laguntza hauen onuradunak, baldin eta, dirulaguntzaren epean, lizentzia eskuratzeko bete behar zituzten baldintza teknikoen eta programaziokoen araberako emanaldiak eskaintzen badituzte.

2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako inguruabarren bat duten entitateei.

3. Deialdi hau ez da aplikagarria izanen Europar Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondorioz berreskuratze-agindu baten mende dauden enpresentzat, laguntza ilegal eta barne-merkatuarekin bateragarria ez dena deklaratu zaienentzat, ezta aipaturiko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18) artikuluan definitzen diren moduan krisiak jota dauden enpresentzat ere.

4. oinarria.–Laguntzen gehieneko zenbatekoak, barrutien arabera.

1. Tokiko barrutien esparrua:

1) Iruñeko LTDaren barrutiko tokiko ikusleei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak, 250.000 euro bitarte, gehienez.

1.1. Formatu ezberdinetako telebista programak, Iruñeko LTDaren toki-barrutiko ikusleen interes zehatz eta berezien arabera diseinatutakoak. Barruti honetarako, tokiko LTDaren lizentzia duten titularrek bakarrik aurkezten ahalko dituzte proposamenak.

1.2. Tipologia honetara aurkezturiko programa bakoitzak gutxienez 20 minutuko 16 saioren ekoizpena bermatu beharko du.

1.3. Barruti honetarako aurkezten den programa bakoitzari 25.000 euro ematen ahalko zaizkio, gehienez ere.

1.4. Ikus-entzunezko edukiak egiteagatik onuradun batek jaso dezakeen gehienezko dirulaguntza ezin izanen da 150.000 eurotik gorakoa izan.

2) Tafallako LTDaren barrutiko tokiko ikusleei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak, 100.000 euro bitarte, gehienez.

2.1. Formatu ezberdinetako telebista programak, Tafallako LTDaren toki-barrutiko ikusleen interes zehatz eta berezien arabera diseinatutakoak. Barruti honetarako, tokiko LTDaren lizentzia duten titularrek bakarrik aurkezten ahalko dituzte proposamenak.

2.2. Aurkezturiko programa bakoitzak gutxienez 20 minutuko 16 saioren ekoizpena bermatu beharko du.

2.3. Programa bakoitzari 25.000 euro ematen ahalko zaizkio, gehienez ere.

2.4. Ikus-entzunezko edukiak egiteagatik onuradun batek jaso dezakeen gehienezko dirulaguntza ezin izanen da 75.000 eurotik gorakoa izan.

2. Laguntza hauetatik kanpo gelditzen da informazio-programazioa.

3. Kreditu erabilgarria ez bada nahikoa programak behar duen finantzazioaren %50 lortzeko, aukera emanen zaio telebista operadoreari programaren aurrekontua birformulatzeko. Horretarako, bi egun balioduneko epea izanen du, proposamen hau bide elektronikotik jakinarazten zaion egunetik hasita. Eskaera horri erantzuten ez badio edo ez zaiola interesatzen adierazten badu, eskaintza eginen zaio kasuan kasuko barrutian puntuaziorik onena edukita laguntzarik ez duen hurrengo telebista proiektuari. Oinarri hau aplikatuz ematen diren laguntzak ez dira aintzat hartuko barruti bakoitzean operadore bererako ezarri diren gehieneko zenbatekoen baturan.

4. Barruti batean ez badago laguntza jasotzeko moduko programarik, erabilgarri dagoen kreditua barrutiko proiektu diruz lagungarriei eskaintzen ahalko zaie, haien puntuazioaren arabera.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1. Gastu diruz lagungarriak dira zuzeneko zein zeharkako gastuak eta ondasun inbentariagarriak erosteko edo amortizatzeko gastuak, bat datozenak, inolako zalantzarik gabe, diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin, eta 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarte egiten direnak. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

2. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen gastu horien baturaren %50 baino handiagoa. Tributuak gastu diruz lagungarriak dira dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Ez dira inola ere gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

4. Ikus-entzunezkoen ekoizpenaren emanaldiari zuzenean lotutakoak jotzen dira zuzeneko gastutzat, ikus-entzunezko edukiak sortzeko beharrezkoak diren langileenak barne. Zuzeneko gastuen kasuan (langileenak barne), onuradunak gastu hori erabiltzen badu dirulaguntzaren xede den programazioa ez ezik beste programazio bat ere ekoizteko, diruz laguntzen den proiektuan benetan erabilitako denbora zati proportzionalari dagozkion gastuak baino ez dira egotziko.

5. Langileen gastuak (plantillarenak edo azpikontratazio bidez diruz lagundutako programaren ekoizpenera atxikitakoak) ezin izanen dira izan enpresaren hitzarmenetan edo onuradunari aplika dakizkiokeen hitzarmen sektorialetan jasotakoak baino txikiagoak, ezta ondorengo hileko zenbateko gordinak baino handiagoak ere (aparteko ordainsarien bidezko hainbanaketak barne):

–Programako pertsona arduraduna (diruz lagundutako programa bakoitzeko gehienez bat): 3.750 euro.

–Unibertsitate-titulazioa behar duten kategorietako langileak: 3.000 euro.

–Unibertsitatekoak ez diren ikasketak eskatzen dituzten kategorietako langileak: 2.500 euro.

6. Deialdi honetan azpikontratazioa egiten ahalko da. Ikus-entzunezkoak ekoizteko jardueren gauzatzea edo ikus-entzunezko edukiak ekoizteko beharrezkoak diren beste lan osagarri batzuk azpikontratatu ahal izanen dira. Kasu horietan, diruz lagungarriak diren gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

7. Ekipamendu elektroniko zein informatikoen, programa informatikoen eta ikus-entzunezko materialaren amortizazio gastuak diruz lagungarriak izanen dira, ondareko elementu horiek proiekturako erabiltzen diren bitartean eta neurrian. Laguntza hauen ondorioetarako, amortizazio lineala aplikatuko da, ondoko taulan adierazten diren koefiziente eta gehieneko aldien arabera:

EKIPAMENDU ELEKTRONIKOAK ETA INFORMATIKOAK SISTEMAK ETA PROGRAMAK

GEHIENEKO KOEFIZIENTE LINEALA

ZENBAT
URTETARAKO, GEHIENEZ

Ekipamendu elektronikoak

%20

10

Informazioa prozesatzeko ekipamenduak

%25

8

Sistema eta programa informatikoak

%33

6

Ekoizpen zinematografiko zein fonografikoak, bideoak eta ikus-entzunezko serieak

%33

6

Ondasun inbentariagarrien amortizazioari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar dira:

a) Dirulaguntzak ondasunak erosteko baliatu ez izana.

b) Amortizazioa kalkulatzeko, oro har onartutako kontabilitateko arauak erabiltzea.

c) Kostua diruz lagungarria den epealdikoa bakarrik izatea.

9. Zeharkako gastuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak betetzen dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak ere, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak, baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko, telebista-seinalearen difusio eta garraioari dagozkion gastuak barne. Proiektu bakoitzean diruz lagungarriak diren zeharkako kostuek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %12tik gorakoak izanen; betiere, frogatu egin beharko da zergatik egozten zaizkion dirulaguntzaren xedeko programari.

9. Diruz lagungarriak diren zuzeneko zein zeharkako gastuetatik kanpo daude telebista operadorearentzako higiezinen alokairu edo amortizaziorako direnak, lege arloko aholkularitza zerbitzuaren prestazioak eta azpikontratazioak eta diruz lagundutako programazioaren ekoizpenari lotu gabeko jarduketetako langileen gastuak (ordezkaritza-gastuak, dieta eta bidaiak, eta abar).

6. oinarria.–Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak telematika bidez aurkeztuko dira, www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri dagoen “ikus-entzunezko ekoizpenerako 2021eko laguntzak” fitxaren bitartez. Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta fitxan egonen dira eskuragarri.

2. Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion jakinarazpen telematikoak interesdunak eskabidean emandako gaitutako helbide elektronikoaren (GHE) bitartez eginen dira. Horretarako, interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Prozedura honi dagozkion jakinarazpenak eskatzaileak horretarako emandako helbide elektronikora bidaliko dira.

3. Laguntza hauek efektu bultzatzailea izan behar dute. Hortaz, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatzen denaren arabera, dirulaguntzen eskatzaileek ezin izanen dituzte jarduera diruz lagungarriak hasi deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea irekitzen den data baino lehenago.

4. Agiri hauek aurkeztuko dira:

1) I. eranskineko eskabidea, entitateari buruzko datuak, proposatutako ikus-entzunezko edukiaren edo edukien izenak eta horiei dagokien programazio-tipologia betez formularioan.

2) II. eranskineko erantzukizunpeko adierazpena, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzeari buruzkoa.

3) III. eranskineko eredua erabilita, proposaturiko ikus-entzunezko edukiaren memoria deskriptiboa. Memoria bat aurkeztu beharko da proposatutako programa bakoitzerako, eskatzaileek programa baterako baino gehiagotarako laguntzak eskatzen badituzte.

4) IV. eranskineko eredua erabilita, giza baliabide eta baliabide teknikoen memoria deskriptiboa. Memoria bat aurkeztu beharko da proposatutako programa bakoitzerako, eskatzaileek programa baterako baino gehiagotarako laguntzak eskatzen badituzte.

5) Memoria ekonomikoa eta finantzaketari buruzkoa, dagokion banakapenarekin, V. eranskineko eredua erabilita. Memoria bana aurkeztu beharko da proposaturiko programa bakoitzeko, eskatzaileek programa baterako baino gehiagotarako laguntzak eskatzen badituzte.

6) Aurrekontu zenbatetsia, 2021eko urtarrilaren 1etik abuztuaren 31ra bitarte aurreikusten diren askotariko gastuak sailkaturik, VI. eranskinaren arabera.

7) Ondasun inbentariagarri eta diruz lagungarrien amortizazio taula zenbatetsia, VII. eranskinaren arabera.

8) Telebista operadoreak duen asteko emankizunen zerrenda, laguntzen deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean, egiaztatze aldera deialdiaren 3.1 oinarria betetzen dela.

Dokumentazioa euskarri elektronikoan aurkeztu beharko da. Artxibo digital horietan erantsitako elementu guztiek unitate kudeatzaileak dauzkan programa informatiko batekin edo batzuekin bateragarriak izan beharko dute: Libre Office 5.1., Microsoft Office 2003, Adobe Acrobat Reader DC 2015 eta Windows Media erreproduzigailua.

Eskaeren aurkezpenak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzen onarpen garbi eta formala dakar berarekin. Zentzu horretan, eranskinak sinatuta baimena emanen zaio organo kudeatzaileari datuak benetakoak direla ziurtatzeko egin beharreko egiaztapenak egin ditzan. Jarduketa hauei edota datu pertsonalen babesari buruzko beste inolako jarduketei dagokienez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera jardunen da, eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikagarri den gainerako legerian xedatutakoari ere jarraituko zaio.

Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, organo kudeatzaileak berrikusiko ditu eskaerak eta, akatsik edo hutsik aurkituz gero, interesdunari berari jakinaraziko dizkio. Interesdunak 10 egun balioduneko epea izanen du eskaera zuzendu edo/eta agindutako agiriak entregatzeko. Errekerimendua betetzen ez bada, edo interesdunak ez badu deus egiten, laguntza-eskaerari uko egin diola ulertuko da.

Prozeduraren tramitazioarekin aurrera jarraituko da, nahiz eta bigarren mailako kontu hau Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendariak emandako dirulaguntzen bukaerako ebazpenean argituko den.

7. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-araubideari jarraikiz tramitatuko da. Prozedura honetan, funtsean, aurkezturiko eskaeren konparaketa egiten da, proiektuak baloratzen dira haien arteko lehentasun hurrenkera ezartzeko eta dirulaguntza esleitzen zaie 8. oinarriko balorazio irizpideen arabera balorazio onena lortu dutenei, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe. Barruti bakoitzean puntuaziorik handiena lortzen duen proiektuari emanen zaio proiektu horretarako aurkeztu den gastu aurrekontu zenbatetsiak jotzen duenaren erdia. Horrela jokatuko da barruti bakoitzean bigarren puntuaziorik handiena lortu duten proiektuekin eta ondorengoekin, harik eta barruti bakoitzari bideratutako aurrekontu kreditua agortu arte.

Edonola ere, beti kontuan hartuko dira 4. oinarrian ezarritako mugak.

Berdinketarik izanez gero, diseinuaren atalean puntuaziorik handiena lortu duen proiektuaren alde ebatziko da.

2. Prozeduraren organo kudeatzailea izanen da Komunikazio Zerbitzua - Gobernuaren Eledunaren Bulegoko Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atala. Organo horrek eginen ditu prozedura sustatzeko eta espedientea tramitatzeko beharrezko jardunak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako legaltasunaren, publikotasunaren, objektibotasunaren, gardentasunaren, berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioen arabera.

3. Organo kudeatzaileak ebaluatuko ditu ikus-entzunezko edukiak ekoizteko proiektuak, deialdi honetako 8. oinarrian ezarritako irizpideen arabera. Egindako ebaluazioa ikusirik, organo kudeatzaileak Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako uzendari nagusiari aurkeztuko dio ebazpen proposamen bat. Proposamen horretan, deialdian ezarritako tipologia bakoitzean baloratutako proiektuen zerrenda azalduko da (lortutako puntuaziorik handienetik txikienera ordenatuak), eta baita dirulaguntza emateko proposatutako eskatzaileen zerrenda, esleituriko zenbatekoarekin. Proposamenean adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

4. Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du deialdi honen xedeko dirulaguntzak eman eta esleitzeko, diruz lagunduko den eskaera-kopurua adieraziz eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuz; halaber, prozedurak iraun artean gertatu diren gorabehera guztiak ebatziko ditu.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti. Dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

5. Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiaren ebazpen hau interesdunei jakinaraziko zaie, deialdi honetara eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez bi hilabeteko epean. Epe hori ebazpenik espresuki jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek.

8. oinarria.-Balorazio-irizpideak eta puntuazioak.

Eskaerak ebaluatzeko, ondoren zehazten diren irizpideei jarraituko zaie; guztira, 100 puntu dira. Laguntzen deialdi honetatik kanpo geratuko dira oinarri honen 1. atalean 25 puntu edo gutxiago lortzen dituzten programen eskaerak. Kasu honetan ez dira aplikatuko oinarri bereko 2. eta 3. ataletan ezarritako balorazio-irizpideak.

1.–Proiektuen diseinua, 60 puntura arte.

Alderdi hauek baloratuko dira:

–Programen sormena eta barietatea, eta haiek azaltzeko eta planteatzeko berrikuntzak egitea, Nafarroako telebisten gaur egungo emankizunen aldean: 40 puntura arte.

–Parte-hartzaile edo elkarrizketatu gisa gonbidatu nahi diren protagonisten zein Nafarroan onura publiko aitortuko herri elkarteen aniztasuna, kulturartekotasuna eta ordezkagarritasuna: 10 puntura arte.

–Operadorearen ikus-entzule kopurua, Nafarroako ikus-entzule kopuruei buruzko CIES azterlanean 2020ko datu metatuen arabera (eguneko ikus-entzuleen kopurua): 10 puntura arte. 10 puntu emanen zaizkio barruti bakoitzean ikus-entzuleen daturik onena duenari. Gainerako operadoreen ikus-entzuleen kopurua baloratzeko honako formula hau aplikatuko da:

10 X telebista operadorearen eguneko ikus-entzuleen kopurua

Barrutian gehien ikusi den telebista operadorearen eguneko
ikus-entzuleen kopurua

CIES azterlanak ikuskatzen ez dituen telebista operadoreen kasuan, edo 1.000 ikusletik beherako datuak dituztenen kasuan, 0 puntu emanen zaie azpiatal honetan.

2.–Berrinbertsioa Nafarroako ikus-entzunezko sektorean: 20 puntura arte.

Alderdi hauek baloratuko dira:

–Azpikontratazioa Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin: 10 puntura arte.

10 puntu emanen zaizkio Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin zuzeneko gastuan edo azpikontratazioan kopuru handiena bermatzen duen kategoria bakoitzeko programari.

Balorazio honetatik kanpo geldituko da antena-eskubideak lortzeko gastua. Kategoria bakoitzeko gainerako programak honako formula honi jarraituz baloratuko dira:

10 X programaren gastu-portzentajea Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin

dagokion barrutian portzentajerik handiena duen programaren
gastu-portzentajea Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin

–Nafarroako ikus-entzunezko proiektuen antena-eskubideak eskuratzea. 10 puntura arte. 10 puntu emanen zaizkio Nafarroako ikus-entzunezko produktuen antena-eskubideak eskuratzeagatik zenbateko handiena bermatzen duen kategoria bakoitzeko programari: Nafarroako profesional edo enpresek zuzendu, ekoiztu edo/eta banatutako produktuak, hau da, nagusiki konpainia nafarrenak diren eskubideak dituzten ikus-entzunezko produktuak, betiere telebista operadoreak sozietatean parte hartzen ez badu. Kategoria bakoitzeko gainerako programak honako formula honi jarraituz baloratuko dira:

10 X programaren gastuaren zenbatekoa Nafarroako ikus-entzunezko
produktuen antena-eskubideak eskuratzeagatik

dagokion barrutian gasturik handiena duen programaren gastuaren
zenbatekoa Nafarroako produktuen antena-eskubideak eskuratzeagatik

3.–Konpromisoak gizarte arloan: 20 puntura arte.

Alderdi hauek baloratuko dira:

3.1. Dirulaguntzaren xedeko edukiak Internet bidez ematea: 10 puntura arte.

–10 puntu, diruz lagundutako edukiak Internet eta sare sozialetako bideo-kanalen bidez hedatzea bermatzen duten proposamenetarako, lehen emisiotik hasita sei hilabetean zehar gutxienez.

–5 puntu, diruz lagundutako edukiak Internet eta sare sozialetako bideo-kanalen bidez hedatzea bermatzen duten proposamenetarako, lehen emisiotik hasita hiru hilabetean zehar gutxienez.

3.2. Berdintasun plana eta errenta bermatua jasotzen duten pertsonen kontratazioa: 10 puntura arte.

–5 puntu, gizon eta emakumeen arteko berdintasun planak ezarrita dituzten enpresen eskaintzetarako; gutxienez ere, neurriak izan beharko dituzte ordutegia malgutzeko eta lanaldia murrizteko, lan- eta familia-bizitza bateragarri egite aldera.

–5 puntu, gizarteratze-errenta jasotzen duten pertsonen kontratazioa sustatzeko: 2,5 puntu emanen dira lanaldi osorako eta 3 hilabeterako kontratatzen den errenta hartzaile horietako bakoitzeko.

9. oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

1. Dirulaguntzaren onuradun diren telebistek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntza ematen duen organoaren aurrean jarduera egin dela justifikatzea eta laguntza emateko finkaturiko betebeharrak, baldintzak eta helburua betetzea.

b) Nafarroako Gobernuak eginen dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egiten dituzten egiaztapen eta finantza kontrolak onartzea, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

c) Organo kudeatzaileari idatziz jakinaraztea onetsitako proiektuan egin nahi den edozein aldaketa. Jakinarazpen hori erregistratu eta 15 egun balioduneko epean organo kudeatzaileak ez baldin badio berariaz aldaketa horri ezezkorik ematen, bai komunikazio betebeharra eta bai proposaturiko aldaketa onartutzat joko dira.

d) Dirulaguntza emateko ebazpen proposamenaren egunean, onuradunek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin zorrik ez izatea.

e) Dirulaguntzaren xedeko programetarako lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dagokion organoari. Horrelakoetan zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueran funts horiek nola erabili diren justifikatu beharko da. Laguntza horiek jaso direla jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

f) Jasotako dirulaguntzaren erabilerari buruzko frogagiriak gutxienez 10 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jarduketen xede izan daitezkeen bitartean.

g) Dirulaguntzaren xedeko programen kopia aurkeztea, deialdiaren organo kudeatzaileak adierazitako formatu eta modu elektronikoan. Kopia hori gordetzeko izanen da eta ikus-entzunezkoen artxibo publiko batean sartuko da; jendaurrean erakusten ahalko da, betiere merkataritza helbururik gabe.

h) Astean behin gutxienez, euskarazko emanaldi bat edukitzea lehen emisioan, edo, bestela, aurrez gaztelaniaz emandako programaren bat euskaraz ematea (salbu eta uztail eta abuztuan).

i) Argi eta garbi zehaztea, diruz lagundutako programa bakoitzaren amaierako kredituetan, Nafarroako Gobernuak ikus-entzunezkoaren ekoizpenean egin duen kofinantzaketa, Nafarroako Gobernuaren Iogotipoa ele biz sartuz. Kofinantzaketa hau telebista operadoreak telebista programa hauen zabalkundea eta publizitatea egiteko aurreikusten dituen sustapen- edo autosustapen-espazioetan ere agertu beharko da.

2. Dirulaguntzen onuradunek aplikatu beharreko foru araudian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, hau da, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoak. Horretarako, dirulaguntza jasoko dela jakinarazten den egunetik hasi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute, laguntzaren fitxaren bitartez, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari dagokion adierazpena, eskuragarri dagoen eredu normalizatuarekin bat datorrena, eta, betiere, edozein diru-kopuru jaso baino lehen.

3. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

4. Oro har, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

10. oinarria.–Ekoizturiko edukiak emateko eta hedatzeko baldintzak.

a) Programak 2021eko ekitaldian eman beharko dira, eta bat etorri beharko dute deialdiaren onuradun izateko egindako eskaeran proposatu zen egutegiarekin, atalen iraupenarekin eta emanaldien maiztasunarekin.

b) Diruz lagundutako edukiak Internet edo sare sozialetako bideo-kanalen bidez eman beharko dituzte eskaintzan konpromiso hori erakutsi duten telebistek. Url-a eman beharko dute.

11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntza, oro har, azken ordainketan eginen da; hau da, diruz lagundutako programak gauzatzeko epea amaitzean. Nolanahi ere, ordainketa partzial bat egin ahal izanen da apirilera bitarte (hori barne) egindakoentzat.

Aurrerakin gisako diru-kopuruak ordaintzen ahalko dira, hurrengo atalean ezarritako baldintzak eta mugak beteta.

2. Aurrerakin eskaeren tramitazioa: deialdi honetako onuradun suertatzen diren telebista operadoreek deialdian emandako dirulaguntza osoaren %33ra bitarteko ordainketa aurreratua eskatzen ahalko dute, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean, baldin eta onuradunek unitate kudeatzailearen aurrean erregistratu badute 9.1.i oinarria eta 9.2 oinarriari dagokion dokumentazioa betetzeko ikus-entzunezko konponbidea. Eskaerari dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsen beharra frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko zaio, finantzaketa baliabide egokien gabezia frogatzen duten kontabilitateko egoera-orriak ere aurkeztuta. Deialdi honetako onuradunei legozkiekeen aurrerakinak 60.000 euro baino gehiagokoak diren kasuetan, diru hori ordaintzeko baldintza izanen da banku-abal bat erregistratzea, jasotako laguntzari dagokion aurrerakinak zenbat jo eta horren adinakoa, Diruzaintza Atalean.

3. Laguntzen %33ra bitarteko ordainketa partzial bat onesten ahalko da, finantzaturiko proiektuaren jardueren memoria eta memoria ekonomikoa 2021eko maiatzaren 14ra arte (data hori barne) aurkezten duten eskatzaileentzat, deialdi honetako hurrengo oinarrian deskribatutako baldintzak betetzen badira (2021eko urtarrilaren 1etik apirilaren 30era arteko aurrekoizpen-, ekoizpen- eta emisio-lanak), eta aurkezturiko dokumentazioa egindakoarekin bat datorrela onartu eta frogatu ondoren. Ordainketa partzial horretarako, lehen ere aurrerakina kobratzea hautatu dutenek aurrerakin hori behar bezala erabiltzea eta gauzatzea egiaztatu beharko dute.

4. Emandako laguntzen azken ordainketa eginen zaie eskatzaileei (aurrerakinari eta/edo ordainketa partzialari dagozkien kopuruak kenduta, jaso badira), egindakoa aurkezturiko dokumentazioarekin bat datorrela 12. oinarrian ezarritako moduan eta epean onartu eta egiaztatu ondoren.

5. Jasotako dirulaguntzak itzultzeko arrazoi izanen dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuak.

12. oinarria.–Justifikatzeko modua eta epeak.

1. Justifikazio epea. Onuradunek 2021eko irailaren 17ra arte izanen dute, egun hori barne, dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkezteko.

2. Justifikatzeko modua. Agiri hauek aurkeztu beharko dira modu telematikoan, laguntzen fitxaren bidez, bertan adierazitako formatuan eta edukiarekin:

a) Dirulaguntzaren xedeko proiektuaren gauzatze memoria, aurreikusitako helburuak betetzeari buruzko balorazioa barne.

b) Behin betiko gastuak justifikatzeko taula (VIII. eranskina). Dirulaguntzen onuradunek apirilaren 30era edo abuztuaren 31ra arte benetan egindako gastuak zehaztuko dituzte taula batean, kontabilitate-multzoetan sailkatuta. Taula horretan adierazten diren gastuak zenbakituta agertuko dira, bata bestearen ondoren (dok. zk.: 1, 2, 3...). Gastu horiek justifikatzeko taula euskarri informatikoan (excel) bidaliko da, eta horrekin batera karpeta bat aurkeztuko da fakturen fotokopiekin edo gastuak frogatzeko baliokideak diren bestelako dokumentuekin. Fakturen fotokopiak eta gastuak frogatzen dituzten bestelako dokumentuak hurrenkeran zenbakituko dira (dok. zk.: 1, 2, 3...) eta gastuak justifikatzeko taulan ageri den ordena berean aurkeztuko dira. Fakturaren fotokopia edo gastua frogatzen duen dokumentu bakoitzarekin batera, ordainketa edo konpentsazioa izan dela frogatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

c) Soldaten kostuen zerrenda, bakoitza diruz lagundutako proiektuari nola egozten zaion zehazturik (IX. eranskina). Gizarte Segurantzako gastuaren justifikazioa TC1 eta TC2 dokumentu ofizialak eta dagozkien ordainagiriak aurkeztuta eginen da, abuztuko hilabeteari dagokion ordainketa urriaren 8ra arte justifikatzeko aukera galarazi gabe.

d) Amortizazio gastuak justifikatzeko elementu horien erosketa fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Halaber, entitatearen arduradunak sinatutako idatzi bat erantsiko da, non adieraziko baita gastuak bat datozela dirulaguntzaren entitate onuradunak kontabilitatean ofizialki erregistraturik dituen inbertsioekin; bertan aipatuko da, baita ere, dirulaguntzaren bat jaso den edo ez ondasun amortizagarrien erosketa finantzatzeko. Amortizazioen taula erantsiko da, X. eranskinarekin bat.

e) Laburpen-taula bat, XI. eranskinarekin bat, proiektu bakoitzeko guztizko gastuen sailkapenarekin; hor sartuko dira 2021eko urtarrilaren 1etik abuztuaren 31ra bitartekoak.

3. Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak azpikontratatuz gero, azpikontratistek egiten dituzten fakturak behar adina xehakatu beharko dira, argi identifikatu ahal izateko zer jarduerari egozten zaizkion kostuak.

13. oinarria.-Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.

1. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Estatuko zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Kasu horietan, murriztu eginen da dirulaguntza.

2. Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua aplikatuz, zeinaren bitartez dirulaguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarriak direla adierazten den, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, kontuan izan beharko dira estatuko dirulaguntzak pilatzeari buruzko arauak. Horrek esan nahi du deialdi honetan jarduera, proiektu edo enpresa onuradunei emandako dirulaguntzen zenbateko osoa estatuko beste edozein laguntzari gehitu ahal izanen zaiola, diruz lagungarriak diren kostu desberdinei edo estatuko beste edozein laguntzari erreferentzia egiten baldin badie, osoki edo modu partzialean diruz lagundutako kostuekin bat etorriz, baina bakarrik pilaketa horrek ez badu dirulaguntzaren intentsitatea edo erregelamenduaren araberako dirulaguntza handienaren zenbatekoa gainditzen.

3. Dirulaguntza hauek ez zaizkie gehituko gastu berberei dagokien “de minimis” motako beste laguntza batzuei, baldin eta horrek berekin badakar Batzordeak ekainaren 17an emandako 651/2014 (EB) Erregelamenduaren III. kapituluan zehaztutako laguntzen intentsitatea gainditzea.

14. oinarria.–Gardentasuna, publizitatea eta informazioa.

1. Deialdi hau, oinarriak eta eranskinak Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dira. Gainera, organo kudeatzaileak deialdi honen eta oinarri arautzaileen laburpen bat argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB), orok jakin dezan eta 9.2 oinarrian adierazitako gardentasun betebeharrei erantzunez, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

2. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendu horretan ezarritakoa betetzeko, hurrengo konpromisoak hartu beharko ditu:

a) Eskatzaileek deialdi honetan jasotzen duten dirulaguntzaren onuradunei eta horiek jasotako zenbatekoei dagokien informazioa DDBNean argitaratu dadin bermatzea. Berariaz, zehaztasun osoz argitaratuko da 500.000 euro baino gehiagoko banakako laguntza bakoitzaren inguruko informazioa.

Laguntza ematen den egunetik hasita sei hilabeteko epean argitaratuko da informazioa, eta gutxienez hamar urtez egonen da eskuragarri.

b) Europar Batzordeari dirulaguntzen erregimenari buruzko informazio laburbildua duen formulario normalizatua ematea, 2021erako deialdi hau argitaratu ondoko 20 egun balioduneko epean.

15. oinarria.–Errekurtsoak.

1. Foru agindu honen eta oinarri arautzaileen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

2. Prozedura honi dagozkion kontuetan Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak emandako ebazpenen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, ebazpen hori jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

ERANSKINAK

I. ERANSKINA.–Ikus-entzunezkoetarako dirulaguntzaren eskaera aurkezteko fitxa (PDFa).

II. ERANSKINA.–Erantzukizunpeko adierazpena, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzeari buruzkoa (PDFa).

III. ERANSKINA.–Proposaturiko programa bakoitzaren ikus-entzunezko edukien memoria deskriptiboa (PDFa).

IV. ERANSKINA.–Proposaturiko programa bakoitzaren giza baliabideen eta baliabide teknikoen memoria deskriptiboa (PDFa).

V. ERANSKINA.–Proposaturiko programa bakoitzaren ekonomia- eta finantzazio-memoria (PDFa).

VI. ERANSKINA.–Gastuen eta diru-sarreren hasierako aurrekontua. Diruz lagungarria den aldirako zenbatetsitako gastuak eta diru-sarrerak.

VII. ERANSKINA.–Hasierako eskaerarekin aurkeztu beharreko amortizazio-taula. Diruz lagungarria den aldirako aurreikusitako amortizazioak.

VIII. ERANSKINA.–Ordainketen justifikazioa. Diruz lagungarria den aldiari dagozkion gastuen justifikazio-taula.

IX. ERANSKINA.–Ordainketen justifikazioa. Diruz lagungarria den aldian proiektuari egozten zaizkion soldaten kostuen zerrenda.

X. ERANSKINA.–Ordainketen justifikazioa. Dirulaguntzaren justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko amortizazio-taula. Diruz lagungarria den aldian aplikatutako amortizazioak.

XI. ERANSKINA.–Ordainketen justifikazioa. Diruz lagungarria den aldiari egozten ahal zaizkion amaierako gastu errealen sailkapena

Deskargatu VI., VII., VIII., IX., X. eta XI. eranskinak (Excel).

Iragarkiaren kodea: F2014345