287. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

904E/2020 EBAZPENA, irailaren 16koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi honen testua: deialdia, batetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) 24 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, eta bestetik, hautapen proben bitartez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

Abenduaren 20ko 116/2017 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2017ko enplegu publikoaren eskaintza onetsi zen, 2016ko ordezte-tasari dagokiona, besteak beste, Osasun Departamenturako. Eskaintza horretan, besteak beste, Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) 4 lanpostu sartu ziren.

Uztailaren 18ko 52/2018 Foru Dekretuaren bidez, 2018rako lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun arloko langileentzat, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori ekainaren 27ko 3/2017 Legean aurreikusitako egonkortze-tasari dagokio, eta haren barnean daude, besteak beste, Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) 15 lanpostu.

Abenduaren 11ko 333/2019 Foru Dekretuaren bidez, 2019rako lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun arloko langileentzat, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorren gaineko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokio, zeina luzatu baita 2019rako, eta haren barnean daude, besteak beste, Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) 5 lanpostu.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ekainaren 12an emandako 479E/2020 Ebazpenaren bidez deialdi bat onetsi zen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) 26 lanpostu huts betetzeko merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez.

Ikusirik Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzak egindako proposamena, Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) 24 lanpostu huts oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

Azaldutakoaren arabera, bidezkoa da onestea Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) 24 lanpostu, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzukoak, sarrera prozeduran eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia, bai eta deialdiaren oinarriak ere.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea deialdi honen testua: deialdia, batetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) 24 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, ebazpen honen eranskineko 1.3 oinarrian zehaztu bezala, eta bestetik, hautapen proben bitartez, izangaien zerrendak osatzeko, horrelako lanpostuetan jardun dezaten, bai aldi baterako kontratazio bidez, bai aldi baterako barne igoeraren bidez.

2. Deialdiaren testua onestea, ebazpen honen eranskin gisa ageri dena.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen honen aurka, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluetan xedatutakoarekin bat eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetzan emandako eskumenak erabiliz.

Iruñean, 2020ko irailaren 16an.–Kargua bete gabe dagoenez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Eriari Osasun Laguntza Emateko zuzendaria (irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretua), Francisco Javier Apezteguía Urroz.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.

–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.

–110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitira aplikatu beharreko merezimendu baremoak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, salbu osasun arloko A mailako langileei (A.1 eta A.2 estamentuak).

–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baita euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan. Horretaz gain, gainerako araudi osagarria.

1.2. Deialdiaren ondoriozko egintzak argitaratuko dira honako hauetako batean edo gehiagotan:

–Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Argitalpen hau ofiziala izanen da.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko (aurrerantzean, O-NOZ) organo zentralen iragarki-taulan (Tutera kalea 20, 31003 Iruña). Argitalpen hau ofiziala izanen da.

–O-NOZeko enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu), esteka honetan: “Oposizioak”, “Osasun arloko kategoriak”, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua”, honako hau hautatuz: “Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialista (emagina). Oposizio-lehiaketa (LPEa: 2017-2018E-2018- 2019)”; argitalpen hau informatiboa izanen da.

1.3. Deialdi honen xedea da Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) 24 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea; lanpostuok dagokien lan publikoaren eskaintzan sartu ziren, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 12ko 479E/2020 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiaren baitako lekualdatze lehiaketan hutsik geratzen direnak izanen dira (deialdia 2020ko 143. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 30ekoan).

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira destinoak eta plantilla-zenbakiak; hain zuzen, aipatutako lekualdatze-deialdia ebatzi ondoren gelditzen direnak izanen dira.

Deialdi honen xedea da, halaber, Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatzea, 6. oinarrian aipatzen diren hautaproben bitartez, dela aldi baterako kontratazioaren bidez, dela aldi baterako barne igoeraren bidez jardun dezaten.

1.4. Deialdiko lanpostu hutsak hurrenkera honi segituz banatuko dira, bat etorriz azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako txanda banaketarekin (foru dekretu haren bidez arautu zen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzea eta bertako lanpostuak betetzea), eta kontuan harturik ezen Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) lanpostu bat erreserbaturik dagoela bete dezaten desgaitasuna dutenen erreserba txandakoek. Hala, hurrenkera honetan banatuko dira:

–Lehenbizikoa, hirugarrena, bosgarrena, zazpigarrena eta bederatzigarrena, igoera txandan.

–Bigarrena, laugarrena, seigarrena, zortzigarrena eta hamargarrena, txanda irekian.

Txanda irekitik hasiko da kontatzen lanpostu hutsak betetzeko hurrenkera, zeren igoera txandakoa izan baitzen aurreko deialdian betetako azken lanpostua.

Hortaz, honela beteko dira deialdi honetako lanpostuak:

a) Lanpostu 1, desgaitasuna dutenentzako txandarako erreserbatua.

b) 12 lanpostu, txanda irekian.

c) 11 lanpostu, igoera txandan.

Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, txanda horretako izangaiek ez dutelako atera hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa, txanda irekian beteko dira.

Era berean, desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako lanpostua bete gabe geldituz gero, izangaiek ez dutelako atera hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa, bidezko diren txandetakoei gehituko zaie, oinarri honetan ezarritako hurrenkeraren arabera.

Hori horrela, deialdian eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten igoera txandako izangaiak eta desgaitasuna dutenen txandakoak txanda irekian onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte azkeneko txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren betebeharrak eta baldintzak, eta, betiere, kontrakoa adierazten ez badute.

Halaber, baldin igoera txandako edota desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

1.5. Deialdiko lanpostua B maila edo taldekoa da, eta sailkaturik dago “Osasun arloko diplomadunak” estamentuan, “Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialista (emaginak)” espezialitatean. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapena da hori (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskina).

1.6. Lanpostuen ordainsariak izanen dira urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak.

1.7. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.8. Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak aurreikusten duen moduan, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute osasun arloko profesionalen graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.

1.9. Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) lanpostu bat lortzen duena dagokion atxikipen eremura organikoki lotuta geldituko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautu zuen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoarekin bat.

1.10. Lehiatuz gero euskaraz jakitea nahitaezko baldintza duten lanpostu elebidunetarako, eskatutako euskara maila frogatu beharko da, eta, horretarako, aurkeztu beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera behar den mailari dagokion titulua edo ziurtagiria, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).

1.11. Behar diren hautaprobak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoetatik edozeinetan euskara edo Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakin beharra duten lanpostuetan sartu direnek 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten norberaren administrazio publikoko lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin hautapen prozesuaren ondorioz interesdunak aukera izan bazuen, hizkuntza aintzat hartu gabe, betebehar hori ez zuen lanpostu bat eskuratzeko.

2. Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Txanda irekiko izangaiek:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izanik, haien kontura biziz gero. Era berean, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen eremuaren barreneko pertsonei zabalduko zaie parte hartzeko eskubidea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Erizaintzako diplomatu/graduatu titulua eta erizaintza obstetriko-ginekologikoko espezialitatea (emagina) izatea, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Izangaiek alegatzen badute badituztela eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak, aipatu beharko dute baliokidetasun hori onartzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena, edo, bestela, aurkeztu beharko dute Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak hori egiaztatzeko emandako ziurtagiria.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia.

f) Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitako betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finko izatea, eta ez egotea jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila edo talde berekoa edo beheragokoa izatea, eta beste kategoria batekoa.

c) Administrazio publikoetan gutxienez bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea.

2.1.3. Desgaitasunak dituzten pertsonentzat erreserbatutako txandako izangaiek, txanda irekikoentzat ezarritako baldintzez gain, % 33ko desgaitasuna edo handiagoa ofizialki onartua izan beharko dute.

2.1.4. Behar den euskara maila frogatzea, euskara nahitaezkoa duten ele biko lanpostu hutsetarako.

2.2. Kasu guztietan, izangaiek eskaerak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte baldintza horiek, eta hautapen prozesu osoan haiek betetzen segituko dute, harik eta izendatu arte.

3. Eskaerak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaera aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

Telematika bidez aurkeztuko da inskripzio eskabidea eta eginen da tasen ordainketa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren enplegu publikoaren web-orriaren bidez (www.empleosalud.navarra.es/eu), esteka honetan: “Oposizioak”, “Osasun kategoriak”, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua”, “Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialista (emagina). Oposizio-lehiaketa (LPEa: 2017-2018E-2018-2019)”, eta gero hemen sakatuta: “Inskripzioa”.

Eskaera telematikoari erantsi beharko zaizkio, hala badagokio, ordainketa egitetik salbuetsita dagoela frogatzen duten agiri eskaneatuak.

Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finko direnek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, eta bertan agertu beharko dira honako hauek: funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, Administrazio Publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da ez dagoela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

Gainerako izangaiek ez dute paperezko agiririk aurkeztu behar, salbu berariaz eta salbuespenez eskatzen bada.

3.2. Azterketa egiteko tasak eta ordaintzetik salbuetsita daudenak.

3.2.1. Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeko, 41,60 euroko tasa ordaindu behar da.

3.2.2. Honako hauek salbuetsita daude tasa ordaintzetik:

a) % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiak.

Salbuespen hori agiri hauetako baten bidez frogatu beharko dute:

–Imsersok edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

b) Deialdia argitaratzen den egunerako lan-eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da eskatzaile gisa inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, salbu justifikaturiko kasuetan, eta, horrez gainera, ez izatea hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik.

Paragrafo honetan xedatutakoa honela frogatu beharko da:

–Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitarte horretan ez diola uko egin inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Errentarik ez duela adierazteko eredua aurkeztuz eginen da hori (deialdiaren web-orrian dago), edo deialdian parte hartzeko eskabidean horretarako dagoen tokia markatuz.

c) Aldi baterako barne igoerako zerrendetan soilik parte hartzeko eskatzen dutenak.

3.3. Desgaitasuna izateagatik ariketak egiteko egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek eskabide telematikoan adierazi beharko dute inguruabar hori, eta horretarako tokian zehaztu zer egokitzapen behar duten edo denbora eta baliabideak nola doitu behar diren.

3.4. Azterketak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte gainerako betebeharrak, agiri bidez, deialdi honen 9. oinarrian ezarri den epean eta moduan.

3.5. Deialdi honen 11. oinarrian ezarritako moduan eta epean aurkeztu beharko da Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) aldi baterako kontratazioen zerrendetan egoteko behar den dokumentazioa, hautapen prozesua bukatu ondoren.

3.6. Euskara jakitearen betebeharra, hala bada, egoki den titulu ofizialaren bidez frogatu beharko da lehiaketaldiaren balorazioa egiteko merezimenduak aurkeztu behar direnean.

4. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, telematika bidez erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bete eta haiek ebatzita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Profesionalen zuzendariak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Ebazpen hori onetsi eta argitaratzearekin, ulertuko da aurkeztutako erreklamazioak ebatzi egin direla.

4.4. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak ebazpen bat emanen du, adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

4.5. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

4.6. Onartuen zerrendan agertzeak ez du berez ekartzen onartzea interesdunek betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5. Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: M.ª Teresa Fauste Angos andrea, Tuterako Osasun Barrutiko Zainketa Asistentzialen Zerbitzuko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Beatriz Gaya Moriones andrea, Lizarrako Osasun Barrutiko Zainketa Asistentzialen Zerbitzuko burua.

Epaimahaikidea: M.ª Ángeles Aranaz Jiménez andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nieves Monreal Itoiz andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Epaimahaikidea: Maite Atxotégui Azpitarte andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: M.ª Consuelo Pardo Guillén andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Epaimahaikidea: Sagrario Santiago Aguinaga andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Myriam Sagredo Garde andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatua.

Batzordekide-idazkaria: M.ª José Royo Vera andrea, Tuterako Osasun Barrutiko Profesionalen Zerbitzuko burua.

Mahaikide idazkariaren ordezkoa: José Manuel García Arguiñano jauna, Lizarrako Osasun Barrutiko Profesionalen Zerbitzuko burua.

Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo eskudunari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

5.3. Epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletan izanen du egoitza: Tutera kalea 20, 31003 Iruña.

6. Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioa 2021eko ekainean hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia zer toki, egun eta ordutan izanen den.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldian ariketa bakar bat egin beharko da, non test motako galdetegi bati erantzun beharko baitzaio idatziz. Galderak I. eranskineko gai zerrendari buruz izanen dira. Galdera bakoitzean, erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Epaimahaiak erabakiko ditu, ariketa hasi baino lehen, galdera kopurua, erantzun okerren penalizazioa eta ariketaren gehieneko iraupena.

6.3.2. Oposizioaldian guztira 60 puntu lortzen ahal dira, eta baztertuta geldituko dira gutxienez 30 puntu eskuratzen ez duten izangaiak.

6.3.3. Probetarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena.

Probetara agertzen ez diren izangaiak oposizioalditik baztertuta geldituko dira.

6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasunen bat izanik hala eskatu duten izangaientzat, prozesuan parte hartzeko eskaeran azaltzen dutenaren arabera, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.

6.3.5. Ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren iragarki-taulan azterketa egitera aurkeztu diren izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Zerrenda hori Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoaren web-orrian ere ikusten ahalko da.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaiak oposizioaldia gainditzen duten izangaiekin ekinen dio lehiaketaldiari.

Oposizioaldia gainditzen duten izangaiek telematika bidez aurkeztu beharko dituzte merezimendu guztiak, www.empleosalud.navarra.es/eu web-orriaren bidez, esteka honetan: “Oposizioak”, “Osasun arloko kategoriak”, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua”, “Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialista (emagina). Oposizio-lehiaketa (LPEa: 2017-2018E-2018-2019)”. Deialdiko baremoan agertzen diren atalei jarraikiz aurkeztuko dira. Horretarako, hamar egun balioduneko epea izanen da, oposizioaldiaren behin betiko emaitza argitaratzen denetik hasita.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Honako merezimendu hauek ez dira aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren eskura jarri, baremazioa egin dezan:

–Nafarroako Gobernuaren esparru osoan egindako zerbitzuak.

–Web-orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean baloratuak izateagatik, osorik baldin badaude.

6.4.2. Lehiaketaldian, izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko dira, deialdi honi erantsitako baremoaren arabera (II. eranskina).

Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen. Fase honetan 40 puntu lortzen ahalko dira gehienez.

6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.4.4. Merezimenduen baremoko 1. zatia baloratzean, kontuan hartuko da deialdiko lanpostua Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko “Osasun diplomadunak” estamentuan eta “Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialista (emagina)” espezialitatean sailkaturik izatea (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena erregulatzen duena, eranskina).

Egindako zerbitzuak frogatzeko, aurkeztu beharko dira zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:

–Lantokia.

–Estamentua eta/edo espezialitatea.

–Zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera, zehaztuta guztira zenbat egun diren.

Enpresa pribatuetan egindako zerbitzuak frogatu nahi badira, emandako zerbitzuen gaineko ziurtagiri horretaz gain, aurkeztu beharko da Gizarte Segurantzako Diruzaintzak emandako lan bizitzaren txostena.

6.4.5. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaiei aintzat hartutako merezimenduak baloratuko ditu. Ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretik alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Baldin parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu diren frogagiriak aztertuta ondorioztatzen bada izangairen batek ez dituela betetzen merezimendu horiek, merezimendu horiei emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak.

6.4.6. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak balorazioaren emaitza argitara emanen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-taulan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita.

Izangaiak deialdiaren web-orriaren bidez ikusten ahalko ditu bai lehiaketaren emaitza, bai merezimenduen balorazio banakakoa.

7. Azken puntuazioa.

Azken puntuazioa izanen da lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioen batura.

Azkeneko puntuazioetan berdinketarik badago, lehentasuna izanen du oposizioaldian puntuaziorik handiena duen izangaiak. Berdinketak badirau, lehenetsiko da deialdi honen eranskineko baremoaren atal bakoitzean guztirako puntuazio handiena lortzen duen izangaia, baremoko hurrenkera berari jarraituz.

Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortu dituzten puntuazioen araberako hurrenkeran, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-taulan. Gero, probak gainditu eta puntuazio handiena lortu eta lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari.

8. Lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Destinoko lantokia Administrazioko organo eskudunak esleituko du, izendapen proposamena argitaratu baino lehen, probak gainditu eta deitutako lanpostuak adina izangaik egindako eskaeren arabera, hautaprobetan lorturiko hurrenkerari jarraikiz, betiere lanpostu horietan aritzeko oinarri hauetan eskatzen diren eskakizunak betetzen badituzte.

% 33ko desgaitasuna edo handiagoa izan eta, edozein txandatan, administrazioan sartzeko deialdi bateko lanpostua lortzen duten pertsonak, lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, gainerako izangaien aurretik egonen dira. Gero, igoera txandakoek hautatuko dute eta, azkenik, lanpostua txanda irekian lortzen dutenek.

Desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak hautatzen hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena esleituko zaio, horren gaineko txostena aztertu eta gero.

Euskara maila jakin bat frogatzea ezinbestekoa den lanpostuen kasuan, ezin izanen da horietara sartu ez bada ezagutza hori frogatzen. Lanpostuak hutsik geldituko dira bai baldintza hori betetzen duen izangairik ez badago, bai, izan arren, lanpostu horiek hautatzen ez badituzte aurreko paragrafoan onartutako eskubidea erabiltzen dutenean.

8.2. Destinoko lantokia hautatzeko prozedura:

–Aukeratu baino lehen, hautatu behar duten izangaien eta zentroen (edo, zein den kasua, lanpostuen) zerrendak argitaratuko dira. Informazio hori argitaratuko da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentraletako iragarki-taulan eta erakunde horren enplegu publikoaren web-orrian.

–Parte-hartzaileek 10 egun balioduneko epean eginen dituzte eskaerak, oposizio-lehiaketaren azkeneko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, jo beharko dute deialdiaren fitxan adierazitako estekara: www.empleosalud.navarra.es/eu web-orrian: “Oposizioak”, “Osasun kategoriak”, “Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua”, “Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialista (emagina). Oposizio-lehiaketa (LPEa: 2017-2018E-2018-2019)”. Bertan, lanpostuak zerrendatuko dira, lehentasun-ordenan.

–Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza.

–Emaitza horiek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu publikoaren web-orrian erakutsiko zaizkie interesdunei.

9. Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Administrazio organo eskudunak izendapen proposamena eginen du, lanpostuen hautaketa egin ondoren lanpostua eskuratu duten izangaien aldekoa. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hilabetean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte O-NOZeko Sarrerarako, Lanpostuak Betetzeko eta Barne Igoerarako Atalean:

9.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile finko ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Zinpeko deklarazioa, erakusten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

d) Nafarroako Foru Araubidea errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo hitzematea.

e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

f) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

g) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari.

9.2.2. Nafarroako Foru Komunitatekoa edo haren erakunde autonomoetakoa ez den Nafarroako beste administrazio publiko bateko langile finkoek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko ataleko dokumentazioaz gain, eta bertan agertu beharko da funtzionario, estatutupeko langile edo lan-kontratudun finkoak direla, noiztik, Administrazio Publikoetan aitortuta duten antzinatasuna, langilearen maila edo taldea, eta haren administrazio egoera. Azkeneko datu horren bidez frogatuko da prozesuak iraun bitartean ez dela borondatezko edo nahitaezko eszedentzian egon gora egiteko erabili nahi den abiaburuko lanpostuan.

9.2.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile finko diren izangaien kasuan:

a) Eskatzen den tituluaren gaineko dokumentazioa, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, 9.2.1.e) atalean ezarritako ildo beretik.

c) Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatiboa, edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari baimena ematea ziurtagiri hori eska diezaion Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari.

9.3. Desgaitasunak dituztenen txandan parte hartzen duten izangaien kasuan, gainera, desgaitasun gradua eta desgaitasuna deialdiko lanpostuko zereginekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

10. Izendapena eta karguaz jabetzea.

10.1. Administrazio organo eskudunak aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten izangaiak izendatuko ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario, ebazpen bidez, Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emagina) lanpostuetan jardun dezaten.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

10.2. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuen jabetza, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

10.3. Izendapena dela bide, izendatuak bihurtuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren nomina eta plantillako funtzionario, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.

Hautaprobak gainditu ondoren izendatzen diren izangaiak funtzionario bihurtuko dira, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira, eta bertan alta emanen zaie, araubide horretan aurreikusitako babesean.

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzen diren funtzionarioek, baldin lehendik haren montepioetakoren baten eskubide pasiboen araubidean afiliaturik badaude, bi aukera izanen dituzte: sartuta dauden Administrazioaren Montepioan jarraitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.

10.4. Funtzionario gisa lanpostuaz jabetzea geroratu eginen da baldin izangaia amatasun edo adopzio lizentziarako ezarritako aldian badago.

Lanpostuaz jabetzeko epea zenbatzen hasiko da amatasun edo adopzio lizentziari dagokion aldia bukatzen denetik hasita, edo lehenago, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, amarentzat erditu ondoren ezarritako derrigorrezko atsedenaldia errespetatuko da.

Kasu horietan, dagokion administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko da lanpostuaz jabetzeko gerorapen epe hori. Aitorpen hori egiteko nahitaezkoa izanen da lanpostuaz jabetzea, eta hori gertatzen denetik hasita izanen ditu ondorioak.

10.5. Deitutako lanpostuak betetzen direla bermatzeko, baldin izangairen batek hautapen prozesuaren ondoriozko eskubideei uko egiten badie, lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, lanpostua aukeratzen ez badu ezarritako prozeduran finkatu bezala eta dagokion epean, izendapen proposamenaren ondotik eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez badu (salbu behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan), esleitutako lanpostuaren jabetza hartzen ez badu (salbu ezinbesteko kasuetan) edo, izangaiak berak eskatuta, indarreko araudian adierazitako kasuetan borondatezko eszedentzia aitortzen bazaio jabetza hartzen duen egunetik aurrerako ondorioekin, administrazio organo eskudunak baja hori beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan haren ondotik dagoen izangaiarekin.

Aurreko atalean aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.7. Izendapenean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren aurka, oposizio-lehiaketaren nondik norakoen aurka edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta zain geldituko da, administrazio bidean nahiz Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpena noiz emanen den, eta haren mende egonen da.

11. Aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak osatzea.

11.1. Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatu eta kudeatzeko orduan, jarraikiko zaio Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari; izan ere, foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak kudeatzeko, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetarako. (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa). Bestela, hala badagokio, jarraikiko zaio zerrenda horiek indarra hartzen dutenean indarra duen araudiari.

11.2. Deialdi honen emaitzan oinarrituta prestatzen den kontratazio zerrendako izangaiek 2.1.1 oinarrian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta aurrerantzean ere haiek betetzen jarraitu beharko dute.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez duten izangai onartuak berehalakoan baztertuko dira kontratazio zerrendatik.

11.3. Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Kontrataziorako zerrendetan egoteko, bai lanposturik gabeko izangai gaindituek bai oposizioaldia gainditu ez dutenek hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dute, deialdiko azken emaitzak argitaratu eta biharamunetik, 2.1.1.c) atalean aipatutako titulazioaren agiria, salbu aldez aurretik aurkeztu badute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan. Agiri hori aurkezten ez dutenak zerrendetatik kanpo geldituko dira, salbu Administrazioak horren berri baldin badu Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Zerbitzuaren bidez.

b) Oposizioaldia gainditzen ez dutenek epe horretan aurkeztu beharko dute, orobat, edozein Administrazio Publikotan emandako zerbitzuen ziurtagiria, hain zuzen, Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialista (emagina) gisa deialdi hau argitaratu arte emandako zerbitzuena, salbu Nafarroako Gobernuan emandako zerbitzuak badira.

11.4. Esparruak aukeratzea.

Deialdian parte hartzeko eskabidean berean adierazi beharko dira iraupen laburreko nahiz luzeko kontratazioetarako zerrendak prestatzeari begira aukeratzen diren esparruak. Deialdiko azken emaitzak argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean, interesdunek hasieran aukeratutako esparruak aldatu, murriztu edo zabaldu ditzakete.

11.5. Kontratu motak.

Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira aldi baterako kontrataziorako: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

11.6. Izangaiek bere burua baztertzen ahalko dute deialditik eskaintzen den kontratuaren lanaldia heren batekoa edo hortik beherakoa denean.

11.7. Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, frogatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Agiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.

11.8. Hautapen-prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratu dutenen pertsonen izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

12. Zerrendak osatzea aldi baterako barne igoeretarako.

12.1. Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialisten (emaginak) aldi baterako barne igoerako zerrendak prestatzeko eta kudeatzeko, jarraikiko zaio azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoari, haren bidez arautzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko modua, bai eta zerrenda horiek indarra hartzen dutenean hura garatzen duten arauei ere.

12.2. Aldi baterako barne igoerako zerrendetan parte hartu nahi duten izangaiek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabidean, eta baldintza hauek bete behar dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langile finkoa izatea –eta izaera horri eustea–, sailkatua egotea Obstetrizia eta Ginekologiako erizain espezialistaren (emagina) lanpostuarena baino maila-talde edo kategoria beheragoko batean, eta lanpostu hori lortzeko 2.1.1 oinarrian eskatzen diren titulazioa eta baldintzak betetzea.

Zerrenda horretan sartzeko, oposizioaldiaren hautaprobak gainditu behar dira.

Oposizio-lehiaketaren azken emaitzak argitaratu ondoren, aldi baterako barne igoerako izangaien zerrendak prestatuko dira mailaz igotzeko moduan dauden izangaiekin, hautaprobetan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Berdinketarik izanez gero, berdinketa hausteko, kontuan hartuko da deialdian eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean aitortutako antzinatasuna.

Hautapen-prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako baren igoerako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratu dutenen pertsonen izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

13. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.c) eta 126.3 artikuluetan xedatutakoarekin, eta erabiliz Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 23ko 118/2019 Foru Aginduaren bidez eskuordetutako eskumenak.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, O-NOZeko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin.

I. ERANSKINA

GAITEGIA

Gai orokorrak

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atariko Titulua eta Lehen titulua. 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa: Atariko Titulua eta II. tituluko 53. eta 54. artikuluak.

2. gaia.–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazioari dagokienez: I., II. eta III. kapituluak.

3. gaia.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duena: I. titulua eta II. tituluko II., III., IV., VI., VII., VIII. eta IX. kapituluak. 11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.

4. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: I. kapitulua, II. kapitulua eta III. kapitulua.

5. gaia.–10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Osasunari buruzkoa.

6. gaia.–Nafarroako Osasun Plana (2014-2020): laburpen exekutiboa.

7. gaia.–17/2010 Foru Legea, azaroaren 8koa, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoa.

8. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: Atariko Titulua eta I. titulua. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. 8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, Nafarroako LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa. 12/2018 Foru Legea, ekainaren 14koa, Irisgarritasun Unibertsalari buruzkoa: I. titulua eta II. titulua.

9. gaia.–44/2003 Legea, azaroaren 21ekoa, Osasun arloko Lanbideen Antolamenduari buruzkoa: I., II. eta III. tituluak.

10. gaia.–16/2003 Legea, maiatzaren 28koa, Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzkoa: Atariko Kapitulua, eta I. kapitulutik VIII.era bitartekoak.

11. gaia.–41/2002 Lege Oinarrizkoa, azaroaren 14koa, zeinaren bidez arautzen baitira gaixoen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoan dituzten eskubide eta betebeharrak.

Berariazko gaiak

1. gaia.–Bioetikaren funtsezko printzipioak: dilema etikoak. Espainiako Erizaintzaren Kode Deontologikoa, eta Emaginen Nazioarteko Konfederazioaren Kode Etikoa.

Lanbideko sekretua: kontzeptua eta araudi juridikoa.

2. gaia.–Ikerkuntzaren metodologia. Ikerketa lan baten diseinua: helburua eta hipotesia, plangintza, kostuak, etika eta legezkotasuna. Laginaren tamaina eta balioa. Laginketa-teknikak. Errore motak. Emaitzen komunikazioa.

3.gaia.–Artikulu zientifikoa eta komunikazio zientifikoa: prestaketa, aurkezpena eta argitalpena. Ebidentzian oinarritutako medikuntza.

4. gaia.–Segurtasun klinikoa: pazientearen segurtasunaren oinarrizko kontzeptuak. Jakinarazpen eta Ikaskuntza Sistema Pazientearen Segurtasunerako (SiNAPs). Segurtasun gorabeherak jakinaraztea. Gertaera kaltegarrien saihesgarritasuna eta inpaktua.

5. gaia.–Irakaskuntza, lanbide garapenerako ezinbesteko jarduera. Emaginak gradu aurreko, gradu ondoko eta BAEE prestakuntzan parte hartzea. Etengabeko prestakuntza.

6. gaia.–Generoa eta osasuna. Genero indarkeria. Tratu txarrak. Emakumeen genitalen mutilazioa. Hautematea, prebenitzea, jardutea.

7. gaia.–Giza genetika: herentzia, geneak eta kromosomak. Mapa genetikoa eta kariotipoa. Herentzia patroiak: menperatzailea, errezesiboa eta poligenikoa. Alterazio kromosomatikoak eta herentziazkoak. Malformazio genetikoak: motak, sailkapena, zergatiak eta prebentzioa. Jaio aurreko diagnostikoa. Proba inbasiboak eta ez-inbasiboak. Aholkularitza eta jarduketa. Aholku genetikoa.

8. gaia.–Giza ugalketa. Gametogenesia: obogenesia eta espermatogenesia. Kontzeptu orokorrak. Gizonezkoen eta emakumezkoen ugalketa-sistemaren egitura eta eginkizuna. Kanpoko organo genitalak. Hezur-pelbisa. Pelbis biguna. Barneko organo genitalak. Histologia. Baskularizazioa. Lotailuak. Inerbazioa. Emakumezkoen ugalketa zikloa: ziklo obarikoa eta ziklo endometriala.

9. gaia.–Enbriologia. Enbrioi-egoeraren aurreko aldia: ernalketa, garraioa eta ezarpena. Enbrioi-egoeraren aldia: Hosto germinalen bereizketa. Plazentaren ezaugarri morfologiko eta funtzionalak. Fetu garaia: garapena. Fetu zirkulazioa.

10. gaia.–Ernalezintasun arazoak dituzten bikoteak: zergatiak, balorazio klinikoa, alternatibak; tratamenduak. Antzutasuna/Ernalezintasuna. Jaio aurreko/Jaio ondoko diagnostikoa.

11. gaia.–Laguntza bidezko ugalketa teknikak.

12. gaia.–Haurdunaldia. Anatomia eta fisiologia. Emakumeak izaten dituen aldaketa estrukturalak, funtzionalak, emozionalak eta psikologikoak. Diagnostikoa. Norberaren zainketa: elikadura, kanporaketa, ariketa/deskantsua, sexualitatea, garbiketa eta jantziak.

13. gaia.–Emakume haurduna eta bikotekidea jaiotzarako, amatasunerako/aitatasunerako eta hazkuntzarako prestatzea. Metodologia.

14. gaia.–Haurdun gelditu aurreko kontsulta: Osasun hezkuntza. Jaio aurreko kontsulta: emakume haurdunari arreta ematea. Haurdunaldiaren kontrola. Historia klinikoa eta obstetrikoa. Azterketa orokorra eta obstetrikoa. Ohiko analitika eta proba diagnostikoak: adierazleak, prestaketa eta arriskuak. Haurdunaldiko arrisku faktoreak identifikatzea.

15. gaia.–Zoru pelbikoa: erditu aurreko balorazioa. Masaje perineala eta Kegel-en ariketak. Osasun hezkuntza.

16. gaia.–Infekzioen prebentzioa eta arreta haurdunaldian zehar. Immunizazio aktiboa edo pasiboa. Toxoplasmosia, listeriosia, errubeola, zitomegalobirusa, herpesa, hiesa, sifilisa, hepatitis B eta C, estreptokokoa. Zika, Chagas-en gaixotasuna, COVID-19a. Gernubideetako infekzioak. Substantziak hartzea eta haurdunaldia. Zainketak haurdunaldian, erditzean, erdiberriaroan eta edoskitze aldian. Osasun hezkuntza.

17. gaia.–Arriskuko haurdunaldia: kontzeptua. Arriskuko egoerak. Sailkapena, deskripzioa, zainketen planifikazioa. Ondorioak amarengan eta fetuarengan. Esku-hartzeak eta egoeraren balorazioa kasu hauetan: nahasmendu kardiobaskularrak, arnas aparatuarenak eta digestio aparatuarenak, tuberkulosia, listeriosia, toxemiak (hiperemesia, preeeklanpsia, eklanpsia), nahasmendu hematologikoak, anemia, muskuloeskeletikoak, neurologikoak, diabetesa, obesitatea, hipertentsio prozesuak, isoimmunizazioa. Fetuaren heriotza. Arreta haurdunaldiko eta jaiotza inguruko doluari. Jarduteko jarraibideak. Osasun hezkuntza. Arreta eta zainketak.

18. gaia.–Odoljarioak haurdunaldian. Abortu mehatxua, abortua, haurdunaldi ektopikoa, mola, plazenta prebioa, plazenta-askatzea. Alarma seinaleak. Ondorioak amarengan eta fetuarengan. Berariazko esku-hartzeak.

19. gaia.–Fetuaren konplikazioak haurdunaldian. Fetuaren hazkundearen, garapenaren eta heldutasunaren balorazioa. Fetu anexuetatik eratorritako arazoak: plazenta, zilbor-hestea, mintzak eta likido amniotikoa. Haurdunaldiaren iraupenarekin lotutako arazoak. Erditze goiztiarra izateko mehatxua. Haurdunaldi luzea.

20. gaia.–Haurdunaldi anizkoitza eta erditze anizkoitza. Balorazioa eta zainketak. Berariazko esku-hartzeak.

21. gaia.–Balorazioa, arreta eta zainketak erditzean: zantzuak eta sintomak. Azterketak ospitalera iristean. Barneko eta kanpoko monitorizazioa. Amniorrexia. Erditze lanaren etapak: erditzearen fisiologia, amaren organismoa erditze lanetara egokitzea, fetua erditze-kanalera egokitzea. Fetuaren kokapena eta aurkezpena: nomenklatura. Amaren eta fetuaren balorazioa. Monitorizazioa. Erditzegrama.

22. gaia.–Zilbor-hesteko odol emateak. Definizioa. Prozedura. Lege alderdiak.

23. gaia.–Larrialdi obstetrikoko egoerak erditzean. Zilbor-hestearen prolapsoa; umetokiaren haustura; sorbalden distozia; umetokiaren atonia; likido amniotikoaren enbolia. Tresneria bidezko erditzeak. Erditzearen odol-jarioak. Alarma-sintomak eta jarduketa-ildoak. Definizioa, sailkapena, etiopatogenia, arrisku faktoreak, adierazpen klinikoak eta esku-hartzea.

24. gaia.–Fetuaren ongizatearen balorazioa. Amaren eta fetuaren monitorizazio bioelektronikoa eta biokimikoa.

25. gaia.–Arreta-estrategia erditze normaletan. Emakumearentzako zainketak eta arreta erditzean. Erditze eta jaiotze plana. Ospitalez kanpoko erditzea.

26. gaia.–Farmakoterapia haurdunaldian, erditzean eta erdiberriaroan. Farmakoterapia erditzean: induktoreak, analgesia eta anestesia obstetrikoa.

27. gaia.–Mina arintzeko metodo ez-farmakologikoak.

28. gaia.–Jaioberriarenganako arreta eta balorazioa. Apgar-en testa. Arrisku faktoreak eta arrisku egoerak identifikatzea. Jaioberria umetokiz kanpoko bizitzara egokitzea. Zainketak: oxigenoa ematea, termoerregulazioa, ongizatea eta segurtasuna. Balorazioa eta zainketak ospitaleratze aldian zehar: elikadura, kanporaketa, jarduera, loa. Jaioberrien baheketa metabolikoa eta hipoakusiakoa. Osasun hezkuntza. Haurrarekin lo egitea. Gurasoentzako orientazioa zainketei buruz.

29. gaia.–Kontzeptua, esku-hartzea eta arreta honako honetan: garapenean eta familian zentratutako zainketak. Larruazala larruazalarekin, lotura afektiboa eta atxikimendua. Kanguru metodoa.

30. gaia.–Emakumeari arreta erdiberriaroan. Erdiberriaro normala. Aldaketa fisiko eta psikologikoak. Balorazioa, zainketak, prebentzioa, hezkuntza, norberaren zainketak. Kontrola eta jarraipena: etxeko bisita; kontrol programak ama berriari eta jaio berriari. Erditu ondoko azterketa(k).

31. gaia-–Zoru pelbikoa: erditu ondoko balorazioa. Prebentzioa, aholkularitza eta bideratzea. Osasun hezkuntza.

32. gaia.–Erdiberriaroko arrisku egoerak. Kontzeptua, faktore etiologikoak eta batera gertaturiko faktoreak. Konplikazio orokorrak: odoljarioak, eritasun tronboenbolikoa, erdiberriaroko infekzioa: profilaxia, arreta eta zainketak. Perineoko urradura. Konplikazioak eta sekuelak.

33.gaia.–Ama berriaren egokitzapen psikosoziala. Osasun mentala erdiberriaroan. Erditu ondoko depresioa.

34. gaia.–Haurraren elikadura: amagandiko edoskitzea. Jaiotzan eta edoskitzean ematen den asistentzia humanizatzeko ekimena (IHAN). Esnearen suzedaneoak merkaturatzeko nazioarteko kodea. Edoskitzea: hastea eta jarraitzea. Edoskialdi bat behatzea. Erregistroa. Arazorik ohikoenak. Osasun hezkuntza eta amagandiko edoskitzea sustatzea. Lanera itzulera. Formula-esnearekin elikatzea.

35. gaia.–Arriskua duten jaioberriak: erditze goiztiarreko jaioberriak, pisu gutxiegikoak eta erditze berantiarrekoak. Arazoen sailkapena. Jaioberrien anoxia. Erditzean gerta litezkeen traumatismoak. Hiperbilirrubinemia, jaioberriaren eritasun hemolitikoa, jaioberrien sepsia: zergatiak eta konplikazioak prebenitzea. Zainketa espezifikoak.

36. gaia.–Jaioberrien bihotz-biriken erreanimazio oinarrizkoa eta aurreratua.

37. gaia.–Osasun hezkuntza familia planifikazioan. Antisorgailuak. Indikazioak eta kontraindikazioak. Segurtasun mailak. Pearl-en indizea. Hezkuntza eta aholkularitza afektibo-sexuala. Arreta antisorkuntzaren gaineko gaietan, eta arrisku-jokaeren prebentzioa.

38. gaia.–Haurdunaldia borondatez etetea. Legean aurreikusitako kasuak. 103/2016 Foru Dekretua, azaroaren 16koa, sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioen antolamendua ezartzen duena Nafarroan.

39. gaia.–Sexu-transmisiozko infekzioak. Sifilisa, gonorrea, herpes genitala, trikomoniasia, kondilomak, kandidiasia. Beste eritasun batzuk: hiesa eta hepatitisa. Diagnostikoa eta tratamendua. Prebentzioa. Kontrola. Osasun hezkuntza.

40. gaia.–Emakumeari laguntzeko Plan Integrala. Arreta eta zainketak: nerabezaroan, menarkian, pubertaroan. Arazo ginekologikoak. Ziklo menstrualaren alterazioak. Egiturazko arazoak. Prozesu inflamatorio eta infekziosoak. Sexualitatea. Ohitura osasungarriak sustatzea. Arriskuen kontrola eta prebentzioa.

41. gaia.–Genitaletako eta bularreko minbiziaren diagnostiko goiztiarra. Prebentzio programak. Epidemiologia. Laguntza ildoak. Minbizi ginekologikoa duten emakumeentzako arreta eta zainketak.

42. gaia.–Klimaterioa eta menopausia. Kontzeptu orokorrak. Emakumearentzako zainketak eta arreta ematea klimaterioan. Ohitura osasungarriak sustatzea. Arriskuen kontrola eta prebentzioa. Osasun hezkuntza, indibiduala eta taldekakoa.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1. atala.–Egindako zerbitzuak.

Honako hauek baloratuko dira:

1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 1,5 puntu.

1.2. Edozein administrazio publikotan, beste estamentu eta/edo espezialitate batean egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 0,25 puntu.

1.3. Lehiaketaren xedeko kategoria berean osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan afiliatuta eta besteren kontura kotizatuta. Urte bakoitzeko, 0,75 puntu.

Egindako zerbitzu gisa hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.

Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraikiko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.

Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.

Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Kasu bakoitzean, haietarik handiena emanen da.

Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin direneko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.

Zerbitzu berezietan egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.

Erizain espezialistaren titulua lortzeko egonaldi osoa egin ez bada, egoiliar gisa egindako zerbitzuak 1.2 azpiatalean baloratuko dira.

Atal honetan, guztira, 17 puntu emanen dira gehienez.

2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:

Atal honetako merezimenduak baloratuko dira baldin aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa.

2.4, 2.6 eta 2.7 azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira ikerketa-lan beraren gainekoak badira ere, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.

Ez dira argitalpentzat hartuko akta-liburuetan edo abstraktetan egiten diren txostenak eta komunikazioak.

2.1. Graduondoko prestakuntza:

–Ikertzeko nahikotasuna/Ikasketa aurreratuen diploma: 1 puntu.

–Doktore gradua: 1 puntu.

–Unibertsitateko aditua: 1 puntu.

–Unibertsitateko master ofiziala: 1,5 puntu.

2.2. Prestakuntza espezializatua:

–Erizain espezialistaren titulua izateagatik, Erizaintzako espezialitateei buruzko apirilaren 22ko 450/2005 Errege Dekretuan ofizialki aitortutako espezialitate batekoa: 1 puntu.

–Helburuko kategorian lanpostua lortzeko eskatzen den titulazioa ez da atal honetan baloratuko.

2.3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa kreditu bakoitzeko, 0,05 puntu.

Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.

Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.

Zatikiak proportzionalki puntuatuko dira.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.

Atal honetan, erakunde antolatzailearen gaineko betekizunak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek “Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen” barrenean antolatuak.

Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.

Gehienez ere 2,5 puntu emanen dira.

2.4. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, posterrak edo komunikazioak aurkeztea:

–Nazioartean: Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.

–Estatuan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.

–Autonomia erkidegoan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.

Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai -inguruetan parte hartu izana ere.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.5. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:

–Nazioartean: 0,75 puntu.

–Estatuan: 0,5 puntu.

–Autonomia erkidegoan: 0,2 puntu.

Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.6. Lanak ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratzea. Lehen hiru sinatzaileak: 0,4 puntu. Hurrengo hirurak: 0,2 puntu.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2.7. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.8. Irakasle lana:

a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 0,2 puntu 10 orduko.

Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Baremoko b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo adituen tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.

Frogagiriaren arabera, ikasturte osoa frogatua ez badago, egindako denborari dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Gehienez ere 1 puntu emanen da.

2.9. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez.

Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotzen dira, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Atal honetan, guztira, 22 puntu emanen dira gehienez.

3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa:

Euskaraz jakitearen balorazioa azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz eginen da. Foru dekretu horren bidez arautu zen euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

Iragarkiaren kodea: F2010714