287. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AGOITZ

Egoitza elektronikoa sortzea

Alkatetzaren azaroaren 18ko 330/2020 Ebazpena, zeinaren bidez sortzen baita Agoizko Udalaren egoitza elektronikoa.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoarekin bat, eta herritarrek gure entitatearekin komunikatzeko sistema telematiko bat izan dezaten, ebazten dut:

1.–Agoizko Udalaren egoitza elektronikoa sortzea https://sedeelectronica.agoitz.eus helbide elektronikoan. Agoizko Udala da Interneteko domeinuaren jabea eta egoitzaren titularra.

2.–Egoitza elektronikoak indarra hartuko du ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4.–Ebazpen hau Udaleko alor guztiei jakinaraztea, eta Agoizko Udalaren web-atarian eta egoitza elektronikoan argitaratzea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun beretik aurrera.

5.–Agoizko Udaleko Idazkaritza Orokorrari esleitzea egoitza elektronikoa zuzendu eta koordinatzeko eginkizunak.

Zuri igortzen dizut, jakinaren gainean egon zaitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta ohartarazten zaizu ebazpen honen aurka errekurtso hauetako bat para daitekeela, hautara: berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, biharamunetik hasita (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.1, 123. eta 124. artikuluak); gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, biharamunetik hasita (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 337. artikulua eta hurrengoak); administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean jakinarazpen honen biharamunetik hasita (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 7., 8. eta 10. artikuluak).

Agoitzen, 2020ko azaroaren 18an.–Alkatea, Ángel Martín Unzué Ayanz.

Iragarkiaren kodea: L2014207