286. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko azaroaren 25ean hartua, Nafarroako Unibertsitate Publikoan masterreko unibertsitate-titulu ofizialak ezartzeko baimena errebokatzen duena.

Urriaren 13ko 298/1998 Foru Dekretuak, II. kapituluan, jarraibideak ematen ditu Estatu osorako balio duten ikasketa ofizialak ezarri eta kentzeko. Dekretu horrek prozedura ezarri zuen Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitateko zentroak sortu edo onartzeko eta goi mailako ikasketak baimentzeko.

Bestalde, ekainaren 30eko 114/2009 Foru Aginduak prozedura ezarri zuen Nafarroako Gobernuak erreboka dezan titulu ofiziala ezartzeko baimena, Nafarroako Unibertsitate Publikoak tituluaren akreditazioa berritzea eskatzen ez duen kasuetarako. Hartan, adierazten da errebokatze hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dela, eta horren berri emanen zaiola unibertsitateen arloan eskumena duen ministerioari, titulua kendu dezan Unibertsitateen, Ikastetxeen eta Tituluen Erregistrotik. Betiere neurri egokiak hartu beharko dituzte, ikasketa horiek egiten ari diren ikasleen eskubide akademikoak bermatzeko.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2020ko martxoaren 24ko bilkuran, jada ematen ez diren eta, beraz, akreditazioa berritu gabe duten unibertsitate ikasketa ofizialen iraungipena eskatu zion Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan honako titulu ofizial hauek ezartzeko baimena errebokatzea:

–Gizarte Moderno Aurreratuetako Aldaketa Dinamiketako unibertsitate masterra, Nafarroako Unibertsitate Publikokoa. (Tituluaren kodea: 4311110).

–Erizaintzako Zainketen Kudeaketako unibertsitate masterra, Nafarroako Unibertsitate Publikokoa. (Tituluaren kodea: 4311908).

–Musika Gaitasunen Garapeneko unibertsitate masterra. (Tituluaren kodea: 4311911).

–Historiari, Eremuari eta Ondareari buruzko Ikasketa Aurreratuetako unibertsitate masterra, Nafarroako Unibertsitate Publikokoa. (Tituluaren kodea: 4311912).

–Ingeniaritza Biomedikoko unibertsitate masterra. (Tituluaren kodea: 4311915).

–Komunikazioetako unibertsitate masterra. (Tituluaren kodea: 4310301).

2. Erabaki hau igortzea Unibertsitateetako Ministeriora, aipatu tituluak ken ditzan Unibertsitateen, Ikastetxeen eta Tituluen Erregistrotik (RUCT).

3. Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateen Zerbitzura igortzea.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko azaroaren 25ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2014361