285. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

237/2020 EBAZPENA, azaroaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita “Murchanteko iraganbidea” izeneko abelbidearen trazadura aldatzeko proiektua.

Murchanteko abelbideak zehaztu ziren Nafarroako Gobernuak 2011ko urtarrilaren 24an hartutako Erabakian. Horren bidez adierazi zen bazeudela zenbait abelbide, sailkapen espedientean azaltzen ziren zabalera, trazadura eta bestelako ezaugarri fisikoak zituztenak, eta onetsi zen hondatu edo desagertutako mugarriak berrezartzea udal mugarte hauetan: Murchante, Corella, Fitero, Cintruénigo, Cascante, Ablitas eta Ribaforadan.

Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen arabera, bidezkoa da abelbide baten trazadura aldatzeko edo desbideratzeko baimena ematea (interes publikoagatik eta, salbuespenez eta ongi arrazoitu ondoren, interes partikularragatik ere), baldin eta bermatzen badira azaleraren osotasuna, ibilbideen egokitasuna, trazaduren jarraitasuna, abereen pasaera, eta jarduera horrexekin bateragarri eta osagarri diren gainerako erabilerak.

Premisa hori kontuan hartuta, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak, horri baitagokio Nafarroako abelbideen kudeaketaren ardura, VP084/19 txostena eman zuen 2019ko azaroaren 14an, eta bertan ontzat eman zuen trazaduraren aldaketa, eta oinarriak ezarri zituen Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen 10. artikuluan ezarritako prozedura ezartzeko. Aldaketa horren sustatzaileak Murchanteko Udala eta Obras y Construcciones La Mejana SL dira, eta hasiera eman zitzaion 1978an, garai hartako Nafarroako Foru Diputazioari zuzendutako zenbait izapideren bitartez.

Trazadura aldatzean konponbidea eman zaio abelbideen funtsezko alderdi bati: abelbide azalerak berreskuratzea, desagertu baitziren abelbide horiek sailkatu ondoko hirigintza garapenak tramitatu ostean.

Murchanteko Udalak eta Obras y Construcciones La Mejana SL enpresak (2019ko abuztuaren 2an eta 23an, hurrenez hurren) proiektua aurkeztu zuten erregistroan. Proiektu horretan zehazten da zer ekintza gauzatuko diren Nafarroako Gobernuaren esku uzteko trazadura berria osatzen duen azalera (Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak egokitzat jo du trazadura hori). Horrela, bada, eskuragarri utzi dituzte abelbidearen trazadura berrietarako beharrezkoak diren lursail guztiak, zeinak Nafarroako Foru Komunitatearen (Altxonbideak) titulartasunekoak bihurtuko baitira. Egiaztatu da ez dutela kargarik.

Horrenbestez, 2020ko 79. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 16koan, argitara eman zen Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren JAKINARAZPENA, zeinaren bidez aditzera ematen baitzen jendaurrean jarri zela “Murchanteko iraganbidea” izeneko abelbidearen trazadura Murchanteko herrigunean aldatzeko proposamena, jendaurreko informazioaren tramitea betetzeko eta legez ezarritako entitateei entzuteko. 2020ko irailaren 1ean, Murchanteko Udaleko idazkariak ziurtatu zigun ez zutela alegaziorik jaso gai horren inguruan; eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan ere ez da horrelakorik jaso.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea “Murchanteko iraganbidea” izeneko abelbidearen trazadura aldatzeko proiektua, eranskinean jasotako planoaren arabera. Sustatzaileak Murchanteko Udala eta Obras y Construcciones La Mejana SL dira.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Murchanteko Udalari eskatzea katastroari jakinaraz diezaiola zein diren banandutako lurzati berriak, abelbideen zati bihurtuko direnak.

4. Ebazpen hau Basoen eta Ehizaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau Murchanteko Udalari eta Obras y Construcciones La Mejana SL interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

Aurrekoa gorabehera, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, beste arrazoi batzuetan oinarrituta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2019ko azaroaren 19an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

ERANSKINA

Planoak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2013838