285. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EULATE

Udalaren Erregelamendu Organikoaren testu bategina. Behin betiko onespena

Eulateko Udalak, 2020ko irailaren 8an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eulateko Udalaren Erregelamendu Organikoa, kontsulta publikoa aldez aurretik eginda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluan xedatua betetzeko.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 217. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 24an, eta jendaurreko epean inork ez duenez alegaziorik aurkeztu, erregelamendu hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Eulaten, 2020ko azaroaren 23an.–Alkatea, María Idoya Martínez de La Hidalga Jáuregui.

EULATEKO UDALAREN ERREGELAMENDU ORGANIKOAREN TESTU BATEGINA

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Eulateko Udalak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak erregelamenduak egiteko eta bere burua antolatzeko aitortzen dion ahalmena erabiliz eta hari jarraikiz, erabaki du, erregelamendu honen bidez, arautzea bere antolaketa eta funtzionamendu araubidea.

2. artikulua. Gobernu eta administrazioko organo oinarrizkoak dira:

–Udalaren Osoko Bilkura.

–Alkatetza.

–Alkateordea.

–Kontuen Batzorde Berezia.

3. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurari gobernu organoen kontrola eta fiskalizazioa dagozkio.

4. artikulua. Eulateko Udalak arlo honetan legeria honi jarraituko dio:

a) Nafarroako Foru Komunitateko arauak eta Estatukoak, eskumen banaketaren arabera.

b) Erregelamendu Organikoa.

c) Udal ordenantzak.

LEHEN TITULUA

Osoko Bilkura

I. KAPITULUA

Osaketa eta eraketa

5. artikulua. Udalaren Osoko Bilkura zinegotzi guztiek osatzen dute eta bertan alkateak jarduten du buru gisa.

6. artikulua. Hauteskundeei buruzko legediaren aurreikuspenen arabera hautatuko dira alkatea eta zinegotziak eta hartan xedatutakoaren arabera eratuko da, halaber, Udalaren Osoko Bilkura.

II. KAPITULUA

Bilkuren araubidea

7. artikulua. Osoko bilkurak hiru motatakoak izan daitezke:

a) Ohikoak.

b) Bereziak.

c) Berezi eta presakoak.

8. artikulua.

1. Ohiko bilkurak dira aldizkakotasuna ezarria dutenak. Aldizkakotasun hori Osoko Bilkurak bilkura berezian hartutako erabakiaren bidez finkatuko da. Bilkura berezi horretarako deia alkateak edo udalburuak eginen du, Udala eratzeko bilkura egin eta hogeita hamar eguneko epean, eta ezin izanen ditu gainditu apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 46.2.a) artikuluak aipatzen dituen mugak.

2. Bilkura bereziak dira alkateak edo udalburuak halakotzat deitzen dituenak bere ekimenez edo Udalbatzako kideen legezko kopuruaren laurdenak gutxienez eskaturik. Zinegotzi bakoitzak ezin ditu hiru baino gehiago eskatu urtean. Azken kasu horretan, gehienez ere hamabost egun baliodunean berandutuko da bilkura, eskatzen denetik hasita. Ekimena izan dutenek proposatutako gai-zerrenda sartuko da deialdian, eta udalburuak zilegi izanen du beste gai batzuk ere sartzea, bilkurarako dei egin dutenek onartuz gero.

Aipatu zinegotzi kopuruak eskatutako osoko bilkura berezirako deia dagokion epean egiten ez badu udalburuak, epe hori bukatu eta bosgarren egun baliodunerako dei eginen da automatikoki, hamabietarako; Udalbatzako idazkariak horixe jakinaraziko die kide guztiei, aipaturiko epea bukatu eta biharamunean. Udalburua edo legezko ordezkoa ez dagoenean, Osoko Bilkura legez eratutzat joko da erregelamendu honen 18. artikuluan ezarritako quoruma biltzen denean; halakoetan, Udalbatzako kide bertaratuetako zaharrena izanen da burua.

Bilkura bereziak dira, halaber, halakotzat deitzen direnak legezko xedapen batek ezartzen duelako.

3. Bilkura berezi eta presakoak dira alkateak edo udalburuak deitzen dituenak, gaiaren presa dela-eta ezin denean bilkura berezirako deia egin gutxienez bi egun baliodun lehenago, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak eskatzen duen moduan.

Kasu horretan, gai-zerrendako lehen puntua izanen da Osoko Bilkurak presari buruz hartzen duen erabakia. Osoko Bilkurak gehiengo soilez erabakitzen badu bilkura ez dela presakoa, orduantxe emanen zaio amaiera bilkurari.

4. Bilkura berezietarako deialdiak arrazoitua izan behar du.

9. artikulua.

1. Ohiko osoko bilkuren eta presakoak ez diren berezien deialdia gutxienez ere bi egun baliodun lehenago egin behar da; landuko diren gaien zerrenda igorri behar da, behar den zehaztasunez, bai eta gaiei lotutako agiriak ere, egoki landuak izan daitezen, aipatutako epe berean.

2. Legez ezarritako arrazoiengatik, osoko bilkurak lehenbiziko deialdian egiterik ez bada, bilkurak bigarren deialdian eginen dira lehenbizikoa egin eta bi egun baliodun geroago, harendako ezarritako ordu berean.

3. Bigarren deialdirako ohartarazpena (tokia, eguna eta ordua) lehenbizikorako gai-zerrendarekin eta deialdiarekin batera helaraziko zaie zinegotziei.

4. Bitarteko elektronikoak erabiliz eginen da deialdiaren jakinarazpena, gai-zerrendarekin eta agiri osagarriekin batera. Udalkideek emandako posta elektronikoen helbideetan eginen dira jakinarazpenak. Gainera, horrela eskatzen dutenei, deialdia, gai-zerrenda eta agiriekin batera, paperean emanen zaie.

10. artikulua. Bilkura berezietan gai-zerrendako gaiak baizik ez dira aztertuko; salbuespena, presakoak izatea, Udalbatzako kide guztiak bertan egotea eta aho batez horixe erabakitzea.

Onarturiko presako kasuetan izan ezik (arrazoitu egin behar dira eta Udalbatzak gehiengo osoz berretsi behar du), gai-zerrendako gaiak soilik aztertuko dira ohiko bilkuretan.

III. KAPITULUA

Ohiko bilkuretako gai-zerrenda

11. artikulua. Bilkuretako gai-zerrenda alkateak zehaztuko du, idazkariak lagunduta.

Mozioak bilkura bakoitzeko gai-zerrendan sartzeko, zinegotziek Udaleko Idazkaritzan aurkeztuko dituzte deialdiaren eguneko eguerdiko hamabiak baino lehen. Horretarako, nahikoa izanen da mozioa hartu izana jasota gelditzea Alkatetzaren eta Idazkaritzaren posta elektronikoan. Alkateak, mozioaren konplexutasuna eta edukia ikusita, erabakiko du gai-zerrendan sartzea edo hurrengo ohiko bilkurako gai-zerrendarako uztea.

12. artikulua. Gai-zerrendan sartutako gaien dokumentu guztiak, eztabaidarako eta, hala behar badu, bozketarako oinarri izan behar dutenez, zinegotzien eskura egonen dira, deialdiaren egun beretik, Udalbatzako Idazkaritzan.

Hortaz, Udalbatzako kide guztiek aukera izango dute dokumentazio hori aztertzeko eta are hura osatzen duten agirien kopiak eskuratzeko. Guztiarekin ere, jatorrizkoak ezingo dira atera eskura jarri diren toki horretatik.

Osoko bilkuretako gai-zerrenda Udalaren iragarki-taulan jarriko da.

Ohiko bilkuretako gai-zerrendan atal hauek agertuko dira beti:

a) Lehen atala, aurreko akta onesteari buruzkoa.

b) Atal bat, Udaleko gobernu organoen kontrolari buruzkoa, zeinari erantsiko baitzaizkio Alkatetzaren ebazpenak, aurreko ohiko bilkuratik egun horretara bitartekoak.

c) Mozioei buruzko atal bat.

d) Azken atala, galdera eta eskaerei buruzkoa, ezinbestean.

IV. KAPITULUA

Bilkurak egiteko baldintzak

13. artikulua. Udalak udaletxean eginen ditu bere bilkurak, edo, ezinbesteko kasuetan, horretarako bereziki egokitutako eraikinetan, baina orduan deialdian jaso beharko da hala dela.

14. artikulua.

1. Bilkuretan esaten dena behar bezala aditzeko eta ikusteko, audio eta bideo sistemak paratu ahalko dira, eta jendaurreko deklaratzen diren bilkura guztietan baimena emanen da audio eta bideo grabazioak egiteko.

2. Tokiko udalbatzetako kideek bilkura publikoen soinu grabaketak egiten ahalko dituzte, Udalbatzako buruari horren berri aldez aurretik emanda.

15. artikulua. Osoko bilkurak jendaurrekoak izanen dira. Hala ere, eztabaida eta bozketa sekretuak izan daitezke, herritarren oinarrizko eskubidea uki dezaketen gaiei buruzkoak badira, Espainiako Konstituzioaren 18.1 artikuluan aipatzen baitira, eta gehiengo osoz hala erabakitzen bada.

16. artikulua. Bilkurak ikustera joaten direnak horretarako ezarri den tokian egonen dira osoko bilkuren aretoan, eta ez dute bilkuretan parte hartzerik izanen; alkateak, aparteko kasuetan, edozein arrazoi dela-eta bilkura normal egitea eragozten duen herritar oro aretotik kanporatzen ahalko du. Hala ere, ohiko osoko bilkura bukatuta, kontsulta txanda irekiko da bertan dagoen jendearendako, udal intereseko gai zehatzei buruz. Txanda horretatik kanpo, eta bilkura bukatu bitarte, ikusleak isilik egonen dira, salbu eta osoko bilkura eteten denean eta alkateak berariaz baimentzen duenean.

17. artikulua. Bilkura oro, ohikoa nahiz berezia izan, ekitaldiaren batasunaren irizpideari lotuko zaio, eta ahaleginak eginen dira hasi eta egun berean bukatzeko.

18. artikulua. Osoko Bilkura baliozkoa izateko, kideen legezko kopuruaren heren bat bertaratu beharko da. Bilkura osoan mantendu beharko da quorum hori. Nolanahi dela ere, beharrezkoa izango da udalburua eta idazkaria edo haien legezko ordezkoak bertan izatea.

19. artikulua.

1. Justifikaturiko arrazoiak direla bide bilkurara etortzerik ez duten Udalbatzako kideek horren berri eman beharko diote alkateari. Alkateak isunak paratzen ahal dizkie ez agertzeko bidezko arrazoirik ematen ez duten zinegotziei.

2. Isunaren zenbatekoa izanen da osoko bilkurarako dietaren %50.

V. KAPITULUA

Bilkuren nondik norakoa

20. artikulua. Bilkura berezietan ez da erabakirik hartuko gai-zerrendan sartu gabeko gaiei buruz, salbu eta, Udalbatzako kide guztiak bertan izanik eta aho batez erabakita, gai-zerrendan sartzen bada eta presakoa dela onartzen bada.

Gai-zerrendan sartu gabeko gaiak direnean eta horiek Idazkaritzaren edo Kontu-hartzailetzaren aginduzko txostena behar dutenean, organo horiek txosten hori berehala ematerik ez badute, udalburuari eskatu beharko zaio azterketa geroratu eta mahaian utz dezala hurrengo bilkurara arte. Eskaera hori aintzat hartzen ez denean, idazkariak espresuki agerraraziko du aktan.

21. artikulua. Bilkurei hasiera emateko, udalburuak galdetuko du ea Udalbatzako kideren batek oharren bat egin behar dion aurreko bilkurako aktari, hots, deialdiarekin batera banatuari. Oharrik egiten ez bada, onetsitzat joko da. Oharrik bada, eztabaidatu eta bidezkoak diren zuzenketak eginen dira.

Ezin da inolaz ere aldatu hartutako erabakien funtsa, eta errakuntza material edo egitatezko hutsak baino ezin izanen dira zuzendu.

Akta bakoitzean aurrekoaren irakurketa eta onespena aipatzean, egindako ohar eta zuzenketak agerraraziko dira.

Gai zerrendako puntu bakoitzari dagokionez, lehenik Osoko Bilkuraren mende jartzen den proposamena irakurriko du idazkariak, osorik edo haren laburpen bat. Edozein zinegotziren eskariz, espedienteko edo txosteneko hainbat zati osorik irakurriko dira, hobeki ulertzeko komenigarria dela uste bada.

Udalbatza berritzen den aldiro, kideek bilkura berezia egin beharko dute karguak utzi aitzin egindako azken bilkuraren akta onesteko xede bakarraz. Bilkura horiek, Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduko 36. artikuluari jarraikiz, Udal berria eratu aurreko hirugarren egunean eginen dira.

22. artikulua. Irizpena edo proposamena irakurri ondoren, zinegotziek hitz egiteko txanda irekiko da, eta, hitza inork eskatzen ez badu, gaiari buruzko bozketa eginen da.

Baiespenez onetsitzat joko dira eragozpenik edo kontrakorik sortzen ez duten alkatearen proposamenak. Bestelakoetan, bozketa eginen da, hurrengo bi artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

23. artikulua. Zinegotziek zuzenketak aurkez ditzakete irizpenei, erabaki proposamenei eta mozioei buruz, bai idatziz eta bilkura hasi aitzin bai proposamenak eztabaidatu bitartean. Zuzenketa horiek gehitzekoak, ezabatzekoak edo ordeztekoak izan daitezke.

Gehitzeko zuzenketen bidez puntu berriak eransten zaizkio irizpenari, erabaki proposamenari edo mozioari. Ezabatzeko zuzenketek irizpenaren, proposamenaren edo mozioaren zati bat ezabatzen dute. Eta ordezteko zuzenketek, irizpenaren, erabaki proposamenaren edo mozioaren edukiaren alderdiren bat aldatzen dute.

Mozio bat aurkezten duenak ahalmena izanen du onartu edo baztertzeko mozio horri aurkeztutako zuzenketa bat, bai eta mozioa atzera botatzeko ere, zuzenketarik egon edo ez.

Oro har, zuzenketa bat aurkeztu zaiolarik irizpen, erabaki proposamen edo mozio bati, hura aurkeztu duen zinegotziak zentzuzko denbora tartea izanen du zuzenketa hori azaldu eta arrazoitzeko. Azalpen horren ondotik, zuzenketaren eztabaida eta bozketa etorriko dira eta aurrera egiten badu, jarraian eztabaidatu eta bozkatuko da zuzenketak aldatu duen irizpena, erabaki proposamena edo mozioa.

Hala ere:

1. Zuzenketa aurkezten bazaio aurkeztutako mozioari eta horrek mozioaren edukia desitxuratu ahal badu, mozioa aurkeztu duenak ahalmena izanen du hura atzera botatzeko, zuzenketaren edukia jakin ondotik eta haren gaineko eztabaida eta bozketa hasi baino lehen. Atzera botatzen badu, ez da ez eztabaidatuko ez bozkatuko.

2. Mozioa aurkeztu duen Udalbatzako kideak onartzen badu zuzenketa baten edukia, eztabaida eta bozketa zuzendutako mozioari buruzkoak izanen dira.

3. Mozioa aurkeztu duenak ez badu zuzenketa onartzen ez eta ere bere mozioa atzera botatzen, zuzenketa bozkatuko da. Zuzenketa onesten bada, mozioa proposatu duenak atzera botatzen ahalko du edo mantendu. Mantentzen badu, eztabaidaren ondotik zuzendutako mozioa bozkatuko da. Atzera botatzen badu, ez da ez eztabaidatuko ez bozkatuko.

24. artikulua. Gai-zerrendako hurrenkeraren arabera eztabaidatu eta bozkatuko dira gaiak. Hori hala izanik ere, Alkatetzak gaien hurrenkera aldatzen ahalko du, edo gai bat kendu onespenerako gehiengo berezia behar denean eta gehiengo hori ezin denean lortu gai-zerrendan hasiera batean aurreikusitako unean.

Edozein zinegotzik eztabaida aldian eska dezake gai-zerrendako espedienteren bat kentzeko, dokumentuak edo txostenak gehi dakizkion, bai eta espedientea mahai gainean geldi dadila ere, horren gaineko eztabaida hurrengo bilkuran egiteko. Bi kasuetan, eskaerari buruzko bozketa eginen da, eztabaida bukatu eta gaiaren funtsari buruzko bozketa egin aurretik. Gehiengo soilak eskaeraren aldeko botoa ematen badu, ez da erabaki proposamenaren gaineko bozketa egin beharko.

Eztabaida sorrarazten duten gai-zerrendako puntuetan, gaiak lehenbizi eztabaidatu eginen dira eta gero bozkatu.

25. artikulua. Alkateak eztabaida bukatutzat jo dezake Udaleko zinegotzi guztiak mintzatutakoan, eta Udalbatzaren ebazpenak neurri gabe atzeratzen dituzten gorabeherak ebatziko ditu, betiere zuhurtziak agintzen dionaren arabera.

26. artikulua. Alkateak idazkariaren parte-hartzea eska dezake, edo beste teknikari batzuk bilkurara joan daitezela eta bertan parte har dezatela, aholku teknikoak behar direnean edo zenbait kontzeptu argitu behar izanez gero.

27. artikulua. Ohiko osoko bilkuran Udaleko gobernu organoen kontrolari eta fiskalizazioari buruzko atala ongi gara dadin, zinegotzi guztiek beren esku izanen dute Alkatetzak azken ohiko bilkuraz gero emandako ebazpenen zerrenda.

28. artikulua. Galderak eta eskaerak alkatetzari eginen zaizkio, eta udal jardunari dagozkion kontuei buruzko erantzunak biltzeko erabiliko dira. Segidan erantzun dezake edo idatziz, behar bezalako argibideak emateko datuak lortutakoan. Deialdiarekin batera igorriko dira galderen erantzunak.

Beranduenez, hurrengo osoko bilkuran erantzunen da eta betiere idatziz, galdera egin zeneko osoko bilkuraren hurrengo osoko bilkuratik 48 orduko epea pasatu baino lehen, behar diren eranskinak erantsita.

Idatziz erantzuteko galderak egiten badira 96 ordu lehenago, osoko bilkuran erantzun beharko da, salbu eta informazioa udaletxetik kanpo bilatu behar bada.

Erantzunaren ondotik, galdera egin duen taldeak erantzunerako eta kontraerantzunerako aukera izanen du (laburbilduz, bi interbentzio gehienez ere bi minutukoak erantzuten duenaren aldetik eta beste bi galdetu zuenaren aldetik, azken honek amaituta). Erantzuteko aukera ematen duten galderak aldez aurretik idatzita igorri beharko dira.

29. artikulua. Osoko Bilkurari gai-zerrendan agertzen ez den gairen baten irizpen, erabaki proposamen edo mozioren bat zuzenean ezagutarazi nahi zaionean, eztabaidatu eta bozkatzeko ezinbesteko baldintza izanen da presakoa dela justifikatzea eta Osoko Bilkurak eztabaidaren jatorria onestea. Onespen horrek Udalbatzako kideen gehiengo osoaren adostasuna beharko du.

Mozioak direnean, eta haien gaineko testu alternatiboak aurkezten badira, Osoko Bilkurak izango du eskumena erabakitzeko, testuaren edukia ikusirik, hura mozio berri bat bezala tramitatu behar den.

30. artikulua. Hauteskundeen araubide orokorrari buruzko legediaren arabera bateraezintasuna dakarten arrazoiak ukatu gabe, Udalbatzako kideek ez dute gai jakin baten gaineko eztabaidan, bozketan, erabakian eta betearazpenean parte hartuko, baldin eta tartean badira administrazio prozedurari buruzko legedian eta Administrazio Publikoetako Kontratuei buruzko Legean ezarritako arrazoiak.

Halakoetan, interesduna aretotik aterako da gai horri buruz eztabaidatu eta bozketa egiten den bitartean, salbu eta Udalbatzako kide gisa dagokion jarduketa eztabaidatzen denean, orduan bertan egon eta bere burua defendatzeko eskubidea izanen baitu.

31. artikulua. Udalbatzako buruari dagokio bilkuretan hurrenkera zaintzea, eta zilegi izanen du Udalbatzako kideei ohartaraztea kasu hauetan:

a) Udalbatzari edo bertako kideei, erakunde publikoei edo beste edozein pertsona edo entitateri buruzko begirunerik gabeko hitzak esan edo kontzeptuak adierazten dituztenean.

b) Etenak eragiten dituztenean edo bilkuretako ordena beste edozein modutan nahasten dutenean.

c) Hitza erabili nahi dutenean eman ez zaienean edo kendu ondoren.

Bilkura berean hiru ohartarazpen egin ondoren, bigarrenean adieraziz hirugarren deiak ondorioak izanen dituela, Udalbatzako buruak zinegotziari agintzen ahalko dio bilkura aretoa utz dezala.

Bertaratu diren ikusleen jarrerak ordena urratzen badu edo ikusle horiek behar den jendetasunik erakusten ez badute, Alkatetzak aretoa erabat edo hein batean husteko agindua ematen ahalko du, eta bilkura egiten jarraitu ala ez erabakiko du. Arrazoi horrengatik edo beste edozeinengatik bilkura ezohiko moduan eteteak hura amaitutzat jotzea ekar dezake; halakoetan, beste bilkura baterako dei eginen da erabakitzeke utzitako gaia lantzeko, atea itxita, beharrezkoa bada.

32. artikulua. Ikusleek eta Udalbatzako kideek, bilkuran zehar, ezin izanen dute pankartarik, ikurrik edo bestelako adierazpiderik erakutsi iraingarriak badira, ez Udalbatzako kideek esaten dutena atseginez edo arbuioz hartzekoak, ez beste edozein edukiri buruzkoak. Halakoak agertzen badira, udalburuak kentzeko aginduko du.

Alde horretatik, arbuioa erakusten duten adierazpenak izanen dira pertsonak zuzenean eta pertsonalki irainez aipatzen dituztenak; muturreko egoeretan, alkateak aginduko du osoko bilkura atea itxita egin dadila, erabakiak eragozpenik gabe hartu ahal izateko.

VI. KAPITULUA

Erabakiak nola hartu

33. artikulua. Erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soilez hartuko dira, salbu eta legeak boto gehiago eskatzen dituen kasuetan. Baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean lortzen da gehiengo soila. Gehiengo osoa, berriz, baiezko botoak Udalbatzako zinegotzien legezko kopuruaren erdia baino gehiago direnean. Ondorio horietarako, gehiengo osoa izanen da Udalbatzako kide guztien kopurua zati 2 egitetik ateratzen den emaitzaren berdina, hamarrenak daudenean unitate handienera biribilduta.

Bozketa hasita dagoenean ezin izanen da hura eten, arrazoia edozein delarik ere, eta hura egiten ari den bitartean ezin izanen da Udalbatzako kiderik bilkurara sartu edo handik irten.

Gai baten eztabaida hasitakoan zinegotzi bat edo batzuk bertan ez badaude, bozketari begira abstentziotzat hartuko dira hura egitean bertan ez badaude.

34. artikulua. Botoa baiezkoa nahiz ezezkoa izan daiteke, eta abstenitzea ere posible da. Gai baten gaineko eztabaida hasitakoan zinegotziren bat bilkura aretotik kanpo bada, bozketari begira abstentziotzat hartuko da.

Bozketaren emaitza berdinketa bada, beste bozketa bat eginen da, eta berdinketak bere horretan badirau, behar den quoruma gehiengo soila bada, alkatearen botoak erabakiko du bozketa, kalitatezko botoa baitu.

35. artikulua. Bozketak honelakoak izanen dira:

a) Bozketa arruntak dira baiezko, ezezko edo abstentzioko zeinu konbentzionalen bidez egiten direnak.

b) Bozketa izendunak, berriz, deituren alfabetozko hurrenkeran deituta egiten dira, eta azkena udalburua izan ohi da beti; zinegotzi bakoitzak, deitzen dutenean, ozenki esaten du “bai”, “ez” edo “abstenitu egiten naiz”.

c) Sekretuak: boto-txartelak erabiliko dira, zinegotziek banan-banan kutxatila batean sartuko dituztenak. Hala eginen da legeak aurreikusitako kasuetan, bidezko arrazoiak daudenean.

36. artikulua. Erabakiak hartzeko bozketa arrunta erabiliko da, Osoko Bilkurak, halako kasu jakin baterako, bozketa izenduna egitea erabakitzen duenean izan ezik. Bozketa izenduna edozein zinegotzik eska dezake, puntu zehatzaren gaineko eztabaida hasi baino lehen beti.

Nahitaez izendunak izanen dira alkatearen aurkako zentsura mozioari buruzko bozketa eta hark berak aurkeztutako konfiantza-arazoari buruzkoa, hala baitago xedaturik hauteskundeei buruzko araubide orokorreko legerian. Bozketa isilpekoa izan daiteke, gaiaren eztabaida halakoa izan eta korporazioak hala erabakitzen badu.

Edonola ere, bilkura-aktan jasoko da zinegotziek zer boto eman duten.

Bozkatuko den gai batek erabakitzeko hainbat puntu dituenean, puntuka egiten ahalko da bozketa, zinegotzi batek eskatu eta Osoko Bilkurak gehiengoz horrela erabakitzen duenean. Mozioak salbuespena izanen dira; kasu horietan proposatu duenak erabakiko baitu puntukako bozketa onartzen duen ala ez.

Zinegotziek beren botoa aktan jasotzeko eskatu ahal diote idazkariari, erabakiren baten aurkako botoa eman ondotik, erabaki horren kontra egiteko legitimitatea izan dezaten. Nolanahi ere den, zinegotzi guztiek bermaturik dute zer boto eman duten aktan azaltzeko eskubidea.

Irizpen, proposamen edo mozio baten xedapen zatiak erabakitzeko hainbat puntu dituenean, Osoko Bilkurako edozein kidek eskatzen ahalko du puntu horiek banaka bozka daitezela. Erabaki proposamenak edo irizpenak direnean, horrela jokatuko da, baldin eta zinegotzirik aurka azaltzen ez bada. Aurkakorik azaltzen bada, Osoko Bilkurak erabakiko du gehiengo soilez. Mozioen kasuan, puntuka bozkatuko da soilik mozioa aurkeztu duenak horrela egitea onartzen badu.

37. artikulua. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea aldatu duen martxoaren 12ko 11/2013 Foru Legean xedatutakoarekin bat, zinegotziek beren botoa beste zinegotzi baten esku utz dezakete Eulateko Udaleko Osoko Bilkuran, honako kasu hauetan:

a) Amatasunaren kariaz, erditu ondoko sei astean bilkuretara joaterik ez duen zinegotzia. Amatasuneko baja, edoskitzea edo haurdunaldia ez dira arrazoi izanen boto-eskuordetzea egiteko, salbu eta arriskuko haurdunaldia dagoenean, mediku arduradunak ziurtatua.

b) Ospitaleratua egoteagatik edo, behar bezala frogaturik, eritasun larria izateagatik bilkuretara joaterik ez duen zinegotzia. Ezgai egoera frogatzeko, osasun ziurtagiri sinatua aurkeztu beharko da, elkargokide zenbakia zehaztuta eta pairatzen duen eritasunaren larritasuna jasotzen duena.

Osoko bilkuretan soilik eskuordetzen ahalko da botoa, eta zinegotzi bakoitzak gehienez ere boto bat har dezake.

Besteen esku utzitako botoen kopurua ez da inoiz izanen Udalbatza osatzen duten zinegotzien erdia baino gehiago.

Botoa eskuordetzeko aldia ez da inoiz urtebete baino luzeagoa izanen.

38. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurak hartzen dituen erabakiak, erabakitzaileak direnak, legeetan ezarri bezala argitaratu eta jakinaraziko dira, baita udal ordenantzak eta hirigintza planak ere.

39. artikulua. Udalaren gobernu eta administrazio organoen erabaki eta aurrekarien kopia nahiz egiaztagiriak lortzeko eskubidea dute herritar guztiek.

40. artikulua. Udalbatzaren erabakiei buruzko akta onetsi aurretik luzatzen ahalko dira haien gaineko ziurtagiriak, inguruabar edo salbuespen horretaz ohartaraziz eta akta horretan onetsiko dena ukatu gabe.

II. TITULUA

Kontuen Batzorde Berezia

41. artikulua. Udal ogasunarekin lotutako gaiei buruzko irizpena emateko eskumena duen informazio batzordeak, batzorde iraunkorraren berezko eginkizunez gain, Kontuen Batzorde Bereziari dagozkion eginkizunak ere beteko ditu.

42. artikulua. Kontuen Batzorde Berezia Udalbatzako kideek osatuko dute.

43. artikulua. Batzorde horren eginkizuna da aurrekontua kudeatzeko kontu orokorrak eta ondareko kontuak aztertu eta haien gaineko txostena ematea. Horretarako, Alkatetzak hiru hilean behin eta, betiere, urte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehen, eginkizun hori betetzeko behar diren agiriak eman beharko ditu.

44. artikulua. Buruak toki entitatearen egoeren eta kontuen gaineko txostena eginen du dagokien ekitaldiaren ondoko martxoaren 31 baino lehen.

Udalbatzako buruak Kontu-hartzailetzak eratutako kontu orokorra igorriko dio Kontuen Batzorde Bereziari ekainaren 1a baino lehen, txostena egin dezan.

Kontu orokorra, Kontuen Batzorde Bereziaren txostenarekin batera, udaletxeko iragarki-taulan jarriko da hamabost egun baliodunean, eta epe horretan interesdunek bidezkoak iruditzen zaizkien erreklamazio edo alegazioak aurkezteko aukera izanen dute. Batzorde bereziak, horiek aztertu eta beharrezkoak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ondoren, beste txosten bat eginen du.

Batzorde bereziaren txostenekin eta aurkeztu diren erreklamazio eta alegazioekin batera, kontu orokorra Udalbatzako Osoko Bilkuraren esku jarriko da, irailaren 1a baino lehen onets dadin, bidezkoa izanez gero.

Behar bezala onetsitako kontu orokorra Foru Komunitateko Administrazioari igorriko zaio, onetsi eta hamabost eguneko epean.

45. artikulua. Batzordeak, edozein bilkuratarako, alkatea eta aztertu beharreko gaiaz arduratzen diren udal teknikariak agertzeko eska dezake, bilkuran erabili beharreko agirietako informazioa osatzeko.

46. artikulua. 1. Kontuen Batzorde Berezia, udal aurrekontuaren eta ondarearen kudeaketa kontrolatu eta fiskalizatzeko xedea baitu, gutxienez ere urtean behin bilduko da Udalaren kontu orokorraren berri emateko.

2. Aurrekontuaren tramitazioa:

Alkateak hurrengo urteko aurrekontuen lehen zirriborroa aurkeztuko du urrian. Zinegotziek zuzenketak aurkezten ahalko dituzte batzorde horretan bertan edo kontuen hurrengo batzordean. Alkateak aurrekontuen behin betiko proposamena igorri eta azalduko du, hura Osoko Bilkurara igorri baino lehen. Azaroaren 1a baino lehen, osoko bilkura berezian, aurrekontuen eztabaida eginen da eta zinegotzi bakoitzak bere zuzenketak aurkeztu ahalko ditu, zeinak Osoko Bilkuraren gehiengoarekin onartu edo baztertuko baitira. Zirriborroak eta zuzenketak gardentasunaren web atarian argitaratuko dira, horiek lantzeko bilkuraren deialdiarekin batera.

III. TITULUA

Alkatetza

I. KAPITULUA

Alkatea

47. artikulua. Alkatea da Udalbatzako burua, eta legeak ematen dizkion eskudantzia guztiak ditu.

48. artikulua. Alkatearen eskumena da alkateordeak izendatzea eta horiek kargutik kentzea.

49. artikulua. Alkateak alkateordearen esku uzten ahalko ditu bertze baten esku uzten ahal diren eskudantziak, halako xede batzuetarako edozein zinegotziren alde egin dezakeen eskuordetze berariazkoa aparte utzita.

50. artikulua. Alkateak, Osoko Bilkuran gehiengo osoz hala erabakita eta Espainiako Gobernuaren baimena izanik, herriari kontsulta egiten ahalko dio Udalaren eskumenekoak izan eta udalerriari dagozkion gaiei buruzko iritzia jasotzeko, interes berezikoak direnean herritarrentzat, betiere toki ogasunari buruzkoak ez badira eta Estatuaren eta Foru Komunitatearen arlo horretako legedian xedatuari jarraikiz.

II. KAPITULUA

Alkateordeak

51. artikulua. Alkateak nahi bezala izendatu eta kenduko ditu alkateordeak.

52. artikulua. Alkateordeak alkatea ordezkatuko du, kargua hutsik dagoenean edo hura kanpoan edo gaixorik dagoenean.

53. artikulua. Alkateak alkateorde bat izendatzen ahalko du.

54. artikulua. Alkateak alkateordea izendatzen duen ekitaldi berean zehaztuko du zer eskumenetarako eskuordetzen duen. Osoko Bilkurari horren guztiaren berri eman beharko dio, biltzen den hurrengoan.

Alkateak alkateordearen esku utzitako eginkizunak kentzen ahalko dizkio noiznahi eta berriz bere gain hartu.

55. artikulua. Alkateak herritik kanpo 24 ordu baino gehiago ematen dituenean eta ez badu eskuordetzarik egin, alkateordeak ordeztuko du.

56. artikulua. Nolanahi den ere, alkateordeak bere kudeaketari buruzko azalpenak eman beharko dizkio eskumenak bere gain utzi dituen organoari.

III. KAPITULUA

Alkatearen aurkako zentsura mozioa

57. artikulua. Alkatea kargutik kentzen ahalko da zentsura mozioaren bitartez. Mozioaren aurkezpena, tramitazioa eta bozketa eginen dira hauteskundeen araubide orokorraren legedian ezarritako moduan.

IV. KAPITULUA

Konfiantza-arazoa

58. artikulua. Alkateak konfiantza-arazoa aurkezten ahalko dio Osoko Bilkurari, honako afera hauetako edozein onesteko: urteko aurrekontuak, erregelamendu organikoa, ordenantza fiskalak, udal esparruko planeamendu orokorrerako bitartekoen tramitazioari bukaera emateko onespena, eta indarrean den araudian jasotzen diren beste batzuk. Konfiantza-arazoaren tramitazioa eginen da araudi honetan ezarritakoari jarraituz.

59. artikulua. Aurreko zenbakian aipaturiko aferen gaineko erabakiari dagokion konfiantza-arazoa aurkezten bada, Osoko Bilkuraren gai-zerrendako behar den puntuan berariaz agertuko da inguruabar horri. Erabaki horietako edozein hartzeko Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legean eskatutako botoen quoruma beharko da. Bozketarako deia jendaurrean eginen da, izenaren arabera deituta.

IV. TITULUA

Udalbatzako kideen estatutua

I. KAPITULUA

Zinegotzien eskubideak eta betebeharrak

60. artikulua. Zinegotzien eskubideak dira legeek berariaz aitortzen dituztenak eta, bereziki, honako hauek:

a) Udalaren osoko bilkuretan, Kontuen Batzorde Berezian eta Udalaren beste ordezkaritza-organoetan parte hartzea.

b) Udalaren aurrekontuaren kargura jasotzea dagozkien ordainsariak, kalte-ordainak eta sari ekonomikoak.

c) Beren eginkizunak betetzeko, udal aferei buruz behar duten informazioa lortzea, Udalaren gobernu organoen eskutik eta erregelamendu honetan araututako baldintzetan.

d) Udal erabaki eta xedapenen aurka egitea, guztiondako legedi orokorrean ezarritako baldintzetan.

e) Eginkizunak betetzeko bitarteko materialak edukitzea, Erregelamendu honetan zehazturiko baldintzetan.

f) Hala nahi duten herritarrekin eta entitateekin udal egoitzetan biltzea, edo han biltzeko deitzea, bere karguari edo ordezkaritzari dagozkien kontuez jarduteko.

61. artikulua. Zinegotzien betebeharrak dira legeek eta aplikatzekoak diren beste xedapen batzuek berariaz aipatuak eta, bereziki, honako hauek:

a) Udalaren osoko bilkuretara joatea, baita bestelako udal organoen bileretara ere, haietako kide badira.

b) Interesen erregistroan beren ondasunen eta jarduera pribatuen aitorpena egitea, aplikagarria den legerian eta erregelamendu honetan ezarritako baldintzetan.

c) Karguaren kariaz ezagutzen duten isilpeko informazioa gordetzea, erregelamendu honek eta legeak ezartzen duen gisara.

d) Bateraezintasunei buruz indarra duten arauei men egitea, Udalaren Osoko Bilkurak onetsitako kode etikoan jasotakoak barne.

e) Udalerritik kanpoko ateraldiak, astebetetik gorakoak, Alkatetzari jakinaraztea.

Zinegotziek beren betebeharretan huts egiten badute, alkateak zehatzen ahalko ditu, aplikagarria den legediak baimendutako baldintzetan.

II. KAPITULUA

Dedikazioak eta eskubide ekonomikoak

62. artikulua. Udalaren Osoko Bilkurak, alkateak proposaturik, aurrekontuaren barnean zehaztuko du Udalbatzako zenbat kidek izango duten dedikazio esklusiboa edo partziala. Orobat, zehaztuko du xede horretarako erabiliko den diruaren zenbateko osoa eta norberaren erantzukizunari dagozkion ordainsari edo kalte-ordainak.

63. artikulua. Edozein zinegotzi dedikazio esklusibo nahiz partzialerako izendatzeko, zinegotziak berak onartu beharko du, eta Osoko Bilkurari jakinaraziko zaio, onets dezan. Dedikazio esklusiboaren nahiz partzialaren ondorioz, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean alta emango zaio eta eskubidea izango du Osoko Bilkurak xede horietarako aurrekontuan finkatzen dituen ordainsariak jasotzeko.

Dedikazio esklusiboak esan nahi du alkatea edo zinegotzia bere gain uzten diren udal arloko eginkizunetara emango dela osoki, eta bateraezinak direla irabazi-asmoko bestelako ardura edo lanak, edo Udalarekiko dituen betebeharrei kalte egiten dietenak. Norberaren edo familiaren ondarearekin ikusteko duten bazterreko jarduerak beste salbuespenik ez da onartuko.

64. artikulua. Dedikazio esklusiboa edo partziala aitortua ez duten zinegotziek diru konpentsazioak jasoko dituzte kide direneko udal organoetan parte hartzeagatik, udal aurrekontuan ezarritako moduan.

Finkatzen diren diru konpentsazioetarako eskubidea izateko, ezinbesteko baldintza izanen da kasuan kasuko deialdian bilkura bakoitzerako ezarritako iraupenaren %75 baino gehiago egotea –salbu eta justifikatutako arrazoiengatik laburragoa bada–; laburragoa bada, bilkuraren iraupenaren %75.

65. artikulua. Aipatu kopuruek ez dituzte gaindituko, osorik zenbatuta, aurrekontuan ezarritako gehiengoak eta, inolaz ere ez, arlo horretako legedi orokorrak xedatutakoa.

III. KAPITULUA

Informazioa izateko eskubidea

66. artikulua. Zinegotziek eskubidea dute beren karguan aritzeko beharrezkoa den informazioa jasotzeko, eta administrazio-espedienteak, aurrekariak eta gainerako udal agiriak ikusteko. Horretarako ez dute alkatearen baimen espresurik beharko. Horren ondorioz, Udalaren gobernu organoek aipatu informazioa emateko obligazioa dute, eta betebehar horren erantzuleak dira Osoko Bilkuraren aurrean, deusetan ukatu gabe bidezko errekurtso administratibo nahiz jurisdikzionalak.

Eskubide hori bermatzeko, ofizioz igorriko zaizkie Udalbatzako kide guztiei deialdiak, gai-zerrendak eta horiei buruzko dokumentazioa.

67. artikulua. Aurreko zenbakian xedatutakoak ondorioak izan ditzan, Udalbatzako edozein kidek jo dezake funtzionario arduradunarengana eta halako agiri jakin batzuk ikusteko eskatu. Funtzionario orok eskaera horri erantzuteko obligazioa du, salbu eta zuhurtziagatik edo bestelako oztopoengatik eskaera alkateari zuzendu behar zaionean. Halakoetan, alkateak informazioa emateko eskatuko dio, edo eskaera ukatuko, ondotik aipatzen diren baldintzetan.

68. artikulua. Alkateak edo informazio eskaera jasotzen duen zinegotzi ordezkariak ondoko kasuetan baizik ezin du eskaera ukatu:

a) Informazio hori jakin edo hedatzeak kalte egin ahal badie hainbat eskubide konstituzionali, hala nola ohoreari, norberaren edo familiaren intimitateari eta pertsonen beren irudi eskubideei.

b) Gaiak herritarren segurtasunari edo babes zibilari dagozkionean, eta hedapenak eragin negatiboa izan badezake, herri bakea aztoratu edo biztanleria larritu daitekeela aurreikusten delako.

c) Sekretu ofizialei eta datu estatistikoak eskuratzeko mugei buruzko legeria orokorrean zehaztutako gaiak. Dena den, are aipatu kasuetan ere, alkateak zinegotziren batek eskatutako informazioa eman dezake, zinegotzi hark idatziz eta formalki hitz ematen badu informazioaren konfidentzialtasuna gordeko duela.

69. artikulua. Zinegotziek egindako informazio eskaera baietsitzat joko da administrazioaren isiltasunagatik, ez bada espresuki ukatzen duen ebazpenik ematen bost egun naturaleko epean, eskaera Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo kide anitzeko organoan eskaera egiten denetik hasita. Edonola ere, eskaerari erantzutea zaila denean duen luzeragatik edo hura emateak dagokion zerbitzuari trabarik eragiten badio, informazioa beranduago ematen ahalko da arrazoitutako erabakiaren bitartez.

Edozein modutara, eskaera ukatzen duen ebazpena arrazoitua izanen da eta, hartara, eskatutako informazioa ematea eragozten duten arrazoiek zuzenbidean oinarrituta egon beharko dute.

Informazioa eman beharko da eskaera egin eta 15 egun balioduneko epean, salbu eta ukatua izan bada edo epe luzeagoan emateko erabaki arrazoiturik hartu bada.

Zinegotziek beraien eginkizunetan aritzeko eman zaien informazioaren gaineko konfidentzialtasuna gorde beharko dute. Bereziki, isilpean gorde beharko dute herritarren oinarrizko eskubideei eragiten dien informazioa.

70. artikulua. Orokorrean, informazioa zein artxibo edo administrazio egoitzatan dagoen, hantxe beharko da aztertu. Nolanahi ere, agiriak hartzen ahalko dira, baina inolaz ere ez udal egoitzetatik atera; zainketaren ardura duen funtzionarioa izanen da erantzulea. Ahal den neurrian, aukera emango da bitarteko informatikoen bidez iristeko dokumentaziora. Udalak dokumentuen kopiak formatu digitalean ematea lehenetsiko du.

IV. KAPITULUA

Interesen erregistroa

71. artikulua. Interesen erregistroari dagokionez, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 75.7 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

V. TITULUA

Herritarren informazioa eta parte-hartzea

I. KAPITULUA

Informazio publikoa eskuratzea

72. artikulua. Herritarrek informazio publikoa eskuratzen ahalko dute honako arau hauei jarraituz: gardentasuna eta informaziorako irisgarritasuna arautzen duen legedia orokorra eta aplikatzekoak diren udal ordenantzak.

73. artikulua. Herritarrek erregelamendu honetan aitortzen diren eskubideak betetzeko eska dezakete, behar diren errekurtso administratibo edo jurisdikzionalen bitartez, eta jendeak parte hartzeko dauden bideak ere erabil ditzakete.

II. KAPITULUA

Herritarren parte-hartzea

74. artikulua. Herritarrek edozein udal agintari edo organotara jo dezakete azalpenak edo udal jarduerak eskatzeko. Eskaera idatziz aurkeztuko da eta legeria orokorrean ezarritako baldintzetan emanen zaio erantzuna.

75. artikulua. Herritar orok Udalaren interesekoak diren jarduketetarako proposamenak aurkez diezazkioke bai Udalbatzako edozein kideri bai edozein udal erakunderi. Proposamena jasotzen duenak nora bideratzeko asmoa duen jakinaraziko dio haren egileari. Proposamena Udalaren kide anitzeko edozein organotako gai-zerrendan sartzen bada, kide anitzeko organo horretako buruak proposamen egileari dei egin diezaioke bilkurara agertzeko, proposamenaren defentsan parte har dezan. Udalbatzako idazkariak proposamenari dagokion aktaren zatiaren kopia igorriko dio haren egileari.

76. artikulua. Herritarren elkarteetako batek Udalaren Osoko Bilkuran azalpenak eman nahi baditu gai-zerrendako puntu baten inguruan, eta aurretik puntu hori tramitatzean interesdun gisa parte hartu badu, alkateari eskatu beharko dio, osoko bilkura hasi baino 48 ordu lehenago.

Alkatetzak baimena emanda, elkarteak, ordezkari bakar baten bidez, bere iritzia adierazten ahalko du, gai-zerrendan sarturiko proposamenaren irakurketa, eztabaida eta bozketaren aitzin, zehaztuko den denbora tartean (ez da bost minututik gora luzatuko).

Osoko bilkuran parte hartuko du estatutuen arabera elkartea legez ordezkatzen duen kideak edo, bestela, horren Zuzendaritza Batzordeko beste kide batek, horretarako espresuki izendatuta.

77. artikulua. Udalak herritarren parte-hartzea erraztu eta bultzatuko du, indarra duen legediak ezarritako baliabideen bitartez.

Azken xedapena.–Erregelamendu honen testu bateginak indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Eulaten, 2020ko ekainaren 6an.–Alkatea, María Idoya Martínez de La Hidalga Jáuregui.

Iragarkiaren kodea: L2014197