283. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

121/2020 EBAZPENA, azaroaren 2koa, Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren zenbait alderdi garatzen dituena, LHko online modalitateari dagokionez (foru agindu horren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena).

Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautzen dituen Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren hirugarren xedapen iragankorrean (“Lanbide Heziketako tituluak eskuratzeko beste modalitate eta bide batzuen ebaluazioa”), hauxe dago xedatuta: “Lanbide Heziketako modalitateetako edo Lanbide Heziketako tituluak eskuratzeko proben ebaluazioari buruzko araubide espezifikoa garatzen ez den bitartean, foru agindu honetan ezarritakoa izanen da ebaluazioa egiteko oinarria, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenen bitartez garatuta, modalitate bakoitzerako eta Lanbide Heziketako tituluak lortzeko probetarako”.

Martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren artikulu batzuetan berariaz aipatzen da modalitate orokorra; izan ere, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sisteman lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako hezkuntza sistemako lanbide heziketako modalitateetako bat da. Modalitate orokor hori, aipatu 5. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskolatzeko adina duten gazteei zuzenduta dago, eta aurrez aurreko eskola-ordutegian gauzatzen da. Martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren beste artikulu batzuetan modu inplizituagoan egiten da eskaintzaren modalitate orokorraren erreferentzia, bai ikasketak ikasmailetan antolatzea aipatuz (zikloko lehenengo edo bigarren maila), bai moduluen ikasturtean zeharko denbora-sekuentziazioa aipatuz, besteak beste.

Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuan “Urrutikoa” deritzon modalitatea ezartzen da, eta modalitate hori Hezkuntzako kontseilariaren uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren bidez arautu da, lineako urrutiko lanbide heziketa izenarekin. Lanbide heziketaren modalitate hori helduei zuzenduta dago, eta irakaskuntza jarduera guztiak online egiten dira, ikaskuntzako inguru birtual batean, non aurrez aurreko irakaskuntza jarduera batzuk egiteko aukera ere badagoen. LHko online modalitate hori modulukako eskaintza da eta matrikula ez da kurtso akademikoetan egiten modalitate orokorrean bezala (azken horretan, kurtso batean matrikulatuta dagoen ikaslea lehenengo edo bigarren kurtso horretako lanbide modulu guztietan matrikulatuta egoten da). LHko online modalitatean, ikasle bakoitzak erabakitzen du bere prestakuntza ibilbidea nolakoa izanen den; modulukako ibilbidea denez, ez dago modalitate orokorraren sekuentziazio eta konfiguraziorik.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren hirugarren xedapen iragankorrean jasotakoa garatuz ebazpena onesteko; ebazpen horrek martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduan ezarritakoa garatu eta egokituko du urrutiko lanbide heziketaren modalitateari dagokionez (online LHa).

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren zenbait alderdi garatzea (foru agindu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautzen dira), lineako urrutiko lanbide heziketaren modalitatera (online LHa) egokitzeko, eranskinean ezarritako oinarriekin bat etorriz.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialari jakinaraztea, argitara daitezen.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta eraginpeko ikastetxeetara.

4. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko azaroaren 2an.–Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Erdi mailako eta goi mailako zikloetako ebaluazio araudia garatzea Nafarroako lineako urrutiko lanbide heziketaren modalitaterako
(online LHa)

Online LH modalitateko ebaluazio sistemak.

1. Bi ebaluazio sistema daude online LHko modalitatean, aurrez aurreko modalitate orokorrean bezala: etengabeko ebaluazioaren sistema eta amaierako ebaluazioaren sistema. Online LH modalitateko ebaluazioa etengabeko ebaluazio sistemaren bidez egituratzen da, eta amaierako ebaluazioko sistema erabiliko da etengabeko ebaluazioaren sistema erabili ezin denean.

Bi sistema horiek ebaluazioaren une bakoitzean aplikatu behar dira. Gerta liteke ikasle bati ikasturtean zehar bi sistemak aplikatzea lanbide modulu batean; kasu horretan, irakasleek programazioan jaso beharko dute nola gainditu ahalko duen lanbide modulua eta nola kalkulatuko zaion amaierako nota.

2. Etengabeko ebaluazioaren sistema Etengabeko Ebaluazio Jardueren (EEJ) bidez gauzatzen da. Jarduera horiek lanbide modulu bakoitzeko prestakuntza aldian egiten dira, eta ebaluaziorako hainbat prozedura eta tresna erabiltzen dira.

Etengabeko ebaluazioaren sisteman, sistema horren atal gisa, aurrez aurre egiteko jarduera batzuk ezartzen ahalko dira, eta ikasleentzat hautazkoak edo nahitaezkoak izaten ahalko dira. Aurrez aurreko jarduera horiek Etengabeko Ebaluazio Jarduera Presentzial (EEJP) bat osa dezakete, zeina kontuan hartuko baita, programazioan zehaztutako haztapenarekin, etengabeko ebaluazio sistemaren zenbaketa orokorrean.

3. Etengabeko ebaluazioaren sistema erabili dela onartzeko, beharrezkoa da ikasleek Etengabeko Ebaluazio Jardueren (EEJ) ehuneko jakin bat egin eta entregatzea, hain zuzen ere moduluaren programazioan jasota egonen dena, ebaluazio aldi bakoitzean eta ezarritako epeetan. Egindako eta entregatutako EEJ jardueren ehuneko hori bat etorri beharko da martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 5. artikuluko 3. apartatuan lanbide heziketako zikloko maila bakoitzean aurrez aurreko modalitatean ezarritako bertaratze erregularrarekin.

4. Etengabeko ebaluazio sisteman, EEJ jarduerez gain, Amaierako Ebaluazioko Jarduerak (AEJ) ezartzen ahalko dira, askotarikoak: besteak beste, laburpenak, proiektuak, aurrez aurreko erakustaldi praktikoak eta azterketak.

5. Beraz, etengabeko ebaluazio sisteman honako eredu hauek daude:

a) Etengabeko ebaluazioa (EEJ). Lanbide modulua gainditzeko modu bakarra etengabeko ebaluazioa gainditzea izanen da EEJ jardueren bidez. Lanbide moduluaren kalifikazioa izanen da etengabeko ebaluazioan lortutakoa EEJ jardueren bidez.

b) Etengabeko ebaluazioa azken ebaluazioko jarduerarekin (EEJ+AEJ). Lanbide modulua gainditzeko modua da etengabeko ebaluazioaren jarraipena egitea EEJen bitartez eta AEJ bat eginez. Etengabeko ebaluazioko sistema aplikatzen den prestakuntza aldiko lanbide moduluaren kalifikazioa izanen da EEJ jardueren eta AEJ jardueraren batez bestekoa, kontuan hartuz AEJ jardueraren haztapenak amaierako notaren % 35 edo gutxiago izan behar duela.

6. Amaierako ebaluazioaren sistema etengabeko ebaluazioa erabili ezin duten ikasleak ebaluatzeko beste sistema bat da.

7. Amaierako ebaluazioko sisteman, aurrez aurreko Amaierako Ebaluazioko Jarduera (AEJ) bat egiten da, orokorrean, lanbide modulu bakoitzeko ebaluazio partzialaren edo amaierako ebaluazioaren deialdietako egunetan.

AEJ jarduerak hainbat formatutan egin daitezke, prestakuntza modulu bakoitzeko ikaskuntza emaitzetara eta ebaluazio irizpideetara hobeto egokitzeko. AEJ jarduera hori proba bakarra izan daiteke edo hainbat atal eta askotariko formatuak izan ditzake.

8. Amaierako ebaluazioko sisteman, AEJ jardueraz gain, Ebaluaziorako Jarduera Osagarriak (JO) ezartzen ahalko dira, lanbide modulu bakoitzaren prestakuntza aldian gauzatu beharko direnak.

Jarduera Osagarriak (JO) bat etor daitezke Etengabeko Ebaluazio Jarduerekin (EEJ) edo beste mota bateko jarduera espezifikoekin.

9. Amaierako ebaluazioko sisteman aurrez aurreko jarduera batzuk ezar daitezke, haren osagai gisa, eta horiek ikasleentzat hautazkoak edo nahitaezkoak izaten ahalko dira. Aurrez aurreko jarduera horiek Ebaluaziorako Aurrez Aurreko Jarduera Osagarri (AJO) bat osa dezakete, zeina kontuan hartuko baita, programazioan zehaztutako haztapenean, amaierako ebaluazioaren sistemaren zenbaketa orokorrean.

10. Beraz, amaierako ebaluazioko sisteman honako eredu hau dago:

Ebaluaziorako Jarduera Osagarriak eta Amaierako Ebaluazioko Jarduera (JO+AEJ). Lanbide modulua gainditzeko, AEJ jarduera bat egin behar da eta JO jarduera batzuk jarraitu eta egin behar dira. Amaierako ebaluazioko sistema aplikatzen den prestakuntza aldiko lanbide moduluaren kalifikazioa izanen da AEJ jardueraren eta JO jardueren batez besteko haztatua, kontuan hartuz AEJ jardueraren haztapenak amaierako kalifikazioaren %80 edo gutxiago izan behar duela.

Kalifikazioak.

11. Lanbide modulu bakoitzean, programatzen den ebaluazio partzial bakoitzeko kalifikazio bat kalkulatuko da, eta, gainera, haren amaierako kalifikazioa kalkulatuko da. Kalifikazio bakoitza EDUCA kudeaketa akademikoko sisteman agertuko da.

Kalifikazioa jasotzeko, etengabeko ebaluazioko edo amaierako ebaluazioko sistemari dagokion prestakuntza aldia bukatu beharko da, lanbide modulu bakoitzeko programazioan ezarritako moduan.

12. Lanbide modulu bakoitzaren amaierako kalifikazioa amaierako ebaluazioko saioan zehaztuko da, eta hura kalkulatzeko prozedura lanbide modulu bakoitzaren programazioan jasota egonen da.

13. Gogorarazi behar da zikloaren ebaluazio partzialeko azken saioan erabakitzen dela, ikasle bakoitzeko eta ikasleak egindako lanbide modulu bakoitzeko, ea modulua “gainditua” dagoen edo “gainditzeke dagoen”.

Lanbide modulu batean “gainditzeke” erabakia jaso duten ikasleentzat, martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 13.4 artikuluan xedatuta dagoen moduan, errekuperazio jarduerak proposatu beharko dira, amaierako kalifikazioa zehazteko. Errekuperazio programa hori martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 22. artikuluan xedatutakoa betez gauzatuko da, eta ikasleek egin beharreko jarduerak jasoko dira; horien bidez gainditzen ahalko dira lanbide moduluan “gainditzeke” kalifikazioa eragin zuten zailtasunak. Errekuperazio jarduera horiek amaierako ebaluazioan aintzat hartu beharreko beste osagai bat dira.

Ebaluazio jarduerak eta ikasleen nortasuna egiaztatzea.

14. Aurreko oinarrietan aipatutako ebaluazio jarduerak modu presentzialean edo birtualean gauza daitezke, lanbide modulu bakoitzaren programazioan xedatutakoaren arabera.

15. Ikasleen nortasuna eta ebaluazio jardueren (EEJ, AEJ, JO) egiletasuna identifikatzeko, online LHko zikloa eskaintzen duen ikastetxeak urrutiko identifikazio teknikak erabiltzen ahalko ditu. Horretarako datu biometrikoak jaso eta tratatu behar izanez gero, ikaslearen baimena eskatuko da, datuen babesaren alorrean indarrean dagoen araubidearekin bat etorriz.

Ondorio horietarako, ikastetxeak ikasleari mikrofonoa, kamera edo bestelako tresnak erabiltzeko eskatzen ahalko dio ebaluazio jarduera gauzatzean, eta horiek ongi funtzionatzen dutela bermatzen ahalko du. Beraz, ebaluazio jardueran ezin bada ikaslearen nortasuna edo egiletasuna egiaztatu, jarduera ez gainditutzat joko da.

Probak egitean kopiatzea eragozteko berariazko tresnak ere erabiltzen ahalko dira.

Irakasle-tutorearen zereginak.

16. Irakasle-tutorearen zereginak hauek izanen dira bera titularra den lanbide moduluetan:

a) Etengabeko ebaluazioaren sistema aplikatu ezin zaien ikasleei horren berri ematea, online LHko zikloko koordinatzailetza eta ikastetxeko zuzendaritza jakitun jarri ondoren.

b) Ikasleei beren errendimenduaren berri ematea ebaluazio partzialeko saioak bukatu ondoren.

c) Ikasleei beren errendimenduaren berri ematea amaierako ebaluazioko saioa bukatu ondoren.

Online LHko zikloko koordinatzailearen zereginak.

17. Online LHko zikloko koordinatzailearen zereginak hauek izanen dira:

a) Martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 10. artikuluan talde bakoitzeko tutoreari agindutakoak.

b) Martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 13.2 artikuluan talde bakoitzeko tutoreari agindutakoak.

Ebaluazio partzialeko saioak.

18. Online LHaren modalitatean, ebaluazio partzialeko saioen kopurua martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 13. artikuluan “LP modulua ez duten ikasmailetan emandako moduluetarako” ezarritakoa izanen da.

19. Ebaluazio partzialeko saioak derrigorrezkoak dira, eta haiei buruzko informazioa EDUCA informazio sisteman jasoko da.

Amaierako ebaluazio saioak.

20. Online LHaren modalitatean, modulukako eskaintza denez, lehenengo kurtsoko edo bigarren kurtsoko moduluak daude. Beraz, ez dira aplikatu behar martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 14. eta 20. artikuluetan kurtsoz igotzeari (gainditzeke dauden moduluekin edo ez), errepikatzeari eta jarraitzeko ezintasunari buruz azaltzen direnak.

Noiz eginen diren ebaluazio partzialeko azken saioa eta amaierako ebaluazioko saioa.

21. Online LHaren modalitatean, ebaluazio partzialeko azken saioa, orokorrean, maiatzeko azken asteko astelehenetik aurrera (2020-2021 ikasturtean maiatzaren 24tik aurrera) eginen da, kontuan hartuz zein den ikasleei azken ebaluazio partzialean gainditutako eta gainditu gabeko moduluei buruzko erabakia jakinarazteko eta entregatzeko azken eguna (2020-2021 ikasturtean, ekainaren 4a edo 7a).

22. Online LHko zikloko koordinatzaileak berrikusiko du errekuperazio programaren eta irakasle-tutore bakoitzak moduluen programazioan ezarritako jardueren ezarpena. Helburua da ikasleek “gainditzeke” duten moduluko kalifikazio hori eragin zuten zailtasunak gainditzeko aukera izatea eta amaierako ebaluazioa modu egokiagoan prestatzea.

23. Azken ebaluazio partzialean gainditutako eta gainditu gabeko moduluetako erabakiak entregatzen eta ikasleei horien berri ematen zaien egunaren biharamunetik aurrera eginen da amaierako ebaluazioa, kontuan hartuz zein den ikasleei amaierako ebaluazioko kalifikazioak emateko azken eguna (2020-2021 ikasturtean, ekainaren 21a), eta gutxienez 14 egun igaro behar direla ebaluazio partzialeko azken saiotik amaierako ebaluazioko saiora bitartean.

Lantokiko Prestakuntza moduluan sartzea

24. LHko online modalitatean ez dira aplikatuko martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 21.artikuluan xedatutako LP moduluan sartzeko baldintzak.

Sartzeko baldintza horiek, artikuluan xedatu moduan, azken ikasturteko (orokorrean, bigarrena) hirugarren hiruhilekoan gauzatutako LP moduluari dagozkio, ikastetxean, ikasturte horretako gainerako moduluak egin ondoren, hain zuzen ere.

Online LHaren modalitatea modulukako eskaintza bat da, non moduluak ikasturte osoan zehar gauzatzen diren, eta ez dago ikastetxean lehenengo eta bigarren hiruhilekoetan emandako moduluen eta hirugarren hiruhileko LP moduluaren arteko denbora sekuentziarik.

25. Online LHaren modalitatean, LP modulurako sarbidea zikloko gainerako moduluak gainditu ondoren eginen da, proiektuaren modulua salbu goi mailako zikloetan; hori guztia, online LHko zikloen eskaintza, jarraibideak eta onarpen prozeduraren egutegia ezartzen dituen Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren Ebazpenarekin bat etorriz.

Iragarkiaren kodea: F2013173