283. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

806/2020 EBAZPENA, azaroaren 17koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita udal poligono eta lokalak sustatzeko dirulaguntzen 2020ko deialdia, jarduera ekonomikoak garatzeko. DDBN identifikazioa: 534707.

Nafarroako Gobernuaren helburu estrategikoetako bat da Foru Komunitateko lurraldearen garapen orekatua, eta, horretarako, jarduera ekonomikoak garatzeko tokiak behar dira udalerrietan.

Toki entitateek eskatzen dituzten laguntzak izaten ohi dira jarduera ekonomikoen poligonoak sustatzeko eta beren hiri azpiegiturak hobetzeko, bai eta higiezinak egokitzeko ere bulego, lokal edo lantegi txikien erabilera emateko, halako moduan non lokal merkeak eskain daitezkeen proiektu ekintzaileetarako.

2020ko deialdi honek kalkulatutako eskariari erantzuten dio, eta asmoa du diruz laguntzea enpresak ezartzeko eskuratu behar den azpiegitura eta zuzkidura oro, deslokalizaziorik egon ez dadin.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea udal poligono eta lokalak sustatzeko dirulaguntzen 2020ko deialdia, jarduera ekonomikoak garatzeko.

2. Onestea laguntzak emateko oinarri arautzaileak. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Onestea 800.000 euroko gastu konpromisoa, partida honen kargura: 2021eko Aurrekontu Orokorretan “Jarduera ekonomikoetako udal poligonoetarako laguntzak” izeneko 810007-81200-7609-458100 partidaren baliokidea. Konpromiso hori beteko da kreditua baldin badago.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko azaroaren 17an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak helburu estrategikotzat du lurralde garapen orekatua, eta horretarako, jasotzen du, beste neurri batzuen artean, jarduera ekonomikoetarako espazioak sustatzen laguntzea Nafarroako toki entitateei eta berariaz eratutako sozietate publikoei.

Horretarako, diruz lagunduko da bai eraikin berriak egitea bai eraikuntzako akatsak konpontzea, bai eta industrialdeetako instalazioak eta bulegoak edo lantegiak dauden udal eraikinak konpontzea ere, gero bigarren edo hirugarren sektoreko enpresek erabil ditzaten.

2. oinarria.–Onuradunak.

Onuradun izanen dira 3. oinarrian adierazitako jarduketa diruz lagungarriak egiten dituzten entitate hauek:

a) Nafarroako toki entitateak.

b) Toki entitateen mendeko sozietate publikoak.

c) Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa.

Eskatzaileek bete beharko dute Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18.2 artikuluan xedatutakoa. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko dute, non eskatzaileak agertzen duen ez dela zehapen edo kondena-epai irmorik betetzen ari sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatzeagatik edo toleratzeagatik, edo, hala badagokio, ez dagoela arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Jarduketa hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:

1. Industria edo zerbitzu poligono berriak sustatzea, honako baldintza hauek beteta:

a) Ukitutako lurrek udalaren titulartasun publikokoak izan beharko dute.

Toki entitateak sustapenean parte hartzen badu konpentsazio batzorde baten bidez, edo onesten bada birzatiketa proiektu bat non toki entitatea zehazten baita ehuneko jakin baten jabe gisa, gertaera hori justifikatuko da, eta toki entitateari dagokion ehuneko hori izanen da diruz lagungarria.

Kanpoko azpiegituren eraikuntzak ukitutako lurren kasuan, ez da beharrezkoa izanen haien titulartasuna publikoa izatea, baina dagozkion afekzio baimenak, jabetzak sinatuak, izan beharko dira.

b) Dirulaguntzaren eskaera aurkezten den unean, jarduketaren xedeko lurrek honako kalifikazioa izan behar dute indarra duen udal planeamenduan: industriarako, zerbitzuetarako edo jarduera ekonomikorako hiri-lurzorua.

c) Onuradunak konpromisoa hartuko du jarduketatik ateratzen diren lurzatiak saltzeko gutxienez merkatuko prezioan.

d) Obrak egiten hasteko epea 2019ko urriaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitarte izan beharko da.

2. Egun dauden industrialdeak azpiegitura berriekin hornitzeko inbertsioak, bai jada egindakoak eskas direlako edo zaharkituak gelditu direlako, bai azpiegiturarik ez dagoelako; edo bestela, ezohiko mantentze-lanak egiteko inbertsioak. Jarduketa honetarako, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Entitate eskatzaileak poligono ukituaren urbanizazioa sustatu edo hartu izana.

b) Obrak egiten hasteko epea 2019ko urriaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitarte izan beharko da.

3. Eraikinak gaitzea gero bigarren edo hirugarren sektoreko enpresek edo profesionalek erabil ditzaten, baldin eta beharkizun hauek betetzen badira:

a) Udalaren jabetza publikokoa izan beharko du obrekin hartutako eraikinak.

b) Obren bidez, bulegoak, lantegiak, nabeak edo antzeko espazioak eginen dira, jarduera ekonomikoak garatzeko, ostalaritzakoak izan ezik. Salbuespen gisa, diruz lagungarriak izanen dira tokiko turismoa sustatzeko jardueretarako gaitzen diren lokalak, baldin eta azpiegitura ezagatik udal-mugartean ez badago industria jarduera egiteko aukerarik.

c) Obrak egiten hasteko epea 2019ko urriaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitarte izan beharko da.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoa.

1. Aipatu jarduketak gauzatzeko, gastu hauek izan daitezke dirulaguntzaren xede:

a) Poligonoa egiteko lurrak eta, zein den kasua, beharrezkoak diren zortasun eskubideak erostea. Lurren balorazioa egiteko, onibarren katastroko prezioak hartuko dira kontuan. Ez da diruz lagunduko eraikinak erostea.

b) Obren exekuziorako proiektuak erredaktatzea.

c) Poligonoa urbanizatzeko, eraikina altxatzeko eta kanpoko azpiegiturak egiteko obrak.

d) Obren zuzendaritza fakultatiboa.

Kontuan harturik proiektuen tramiteek denbora luzea har dezaketela, dirulaguntza jaso dezakete obra proiektuen kostuek eta lurrak erosteko kostuek, zeinek, bistan denez, obra hasi aurretik eginak izan behar baitute, baldin eta 2019ko urtarrilaren 1aren ondoren ordainduak izan badira.

2. Laguntzen zenbatekoa honako hau izanen da:

a) Poligono berrien sustapena bada (3. oinarriaren 1. atala), inbertsio diruz lagungarriari salerosketengatik lortzea aurreikusten diren diru-sarrerak kenduta ateratzen den zenbatekoaren %30.

b) Aurrez dauden industrialdeetan azpiegitura berriak egiteko edo konponketak egiteko inbertsioak badira (3. oinarriaren 2. apartatua), gastu diruz lagungarrien %50.

c) Udal eraikinen moldaketak badira (3. oinarriaren 3. apartatua), gastu diruz lagungarrien %30.

Diruz lagungarria izanen da gerora lurzatien edo lokalen salmentan jasanarazi ezin den BEZa.

3. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak hartu dituzten entitate eskatzaileek %3ko laguntza osagarria eskuratzen ahalko dute. Ondorio horietarako, honako alderdi hauek baloratuko dira:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatua izatea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako irismena eta edukia dituena.

b) Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia zigilua”, eta abar).

c) Familia, Lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak edo berdintasuna sustatzekoak, frogatzeko modukoak, aplikatu izana. Neurri horiek frogatzeko, entitatearen eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentua aurkeztuko da.

Entitateei ez zaie laguntza gehigarri hori emanen baldin eta aurreko urteetako deialdietan (2017, 2018 eta 2019) gehigarri hori eman bazitzaien, non eta ez duten frogatzen neurri berriak hartu dituztela 2020an.

4. Jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko laguntzei buruzko otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen 4. c) artikuluan xedatuarekin bat, eskatzaileek %95eko hobaria eskuratzen ahalko dute Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergako kuotan; zerga horrek zergapetzen ditu poligonoak sortzeko helburuz toki entitateei egindako lurzoru eskualdaketak eta toki entitateek bertan kokatzen diren enpresei egiten dizkietenak.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta hortik 30 egun naturalera bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eduki beharko da, zeina 10. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

3. Laguntzak eskatzeko, eskaera telematikoarekin batera dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, non adierazten den ez dela inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ari sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez dagoela arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

b) Sustapenak ukitutako onibar guztiek udalaren titulartasuna dutela adierazten duen ziurtagiria. Zortasuna baino ez duten lurren kasuan, jabetzaren afekziorako baimena frogatzeko ziurtagiria.

c) Jarduketaren xede diren lurraren edo eraikinaren hirigintza kalifikazioaren ziurtagiriak. Helburu horretarako onetsita dagoen hirigintza planik bada, horren aipamena erantsiko zaio ziurtagiriari.

d) Poligono berri bat egiten denean:

–Lurzatiak erosteko eskaeren zerrenda, halakorik bada, eta gordailuan utzitako fidantzen kopia, halakorik eskatu bada.

–Kasua bada, lurzatien salmenta kontratuaren kopia edo behar diren dokumentuena, lurzatia erosteko ezarri den prezioa adierazten duena.

–Toki entitatearen erabakia, non agertzen baita onartutako salmenta prezioa edo, bestela, ateratzen diren lurzatiak merkatuko prezioan saltzeko konpromisoa.

e) Obra proiektuaren laburpena (gehienez 20 orrialde); agiri hauek eduki beharko ditu:

–Jarduketa justifikatzen duen memoria, non beharrezko obrak azalduko diren, bai eta ateratzen diren lurzatien edo lokalen zerrenda ere, azalerak adierazita.

–Jarduketaren dokumentazio grafikoa, hura non kokatzen den eta zein onibarren gainean egiten den adierazita, bai eta aurreikusten den antolamendua ere, ateratzen diren lurzatiak edo lokalak barne.

–Aurrekontuaren kapitulu guztien laburpen-orria.

f) Sustapenaren kostuak guztira, kontuan hartuta lurren erosketa gastuak, kasua bada, eraikuntza proiektuen erredakzio gastuak, obren exekuzio gastuak eta zuzendaritza fakultatiboaren gastuak.

Ez da kudeaketa edo aholkularitza gastuei buruzko agiririk aurkeztu beharko, ez baitira dirulaguntzaren xede.

g) Obrak egiteko aurreikusitako epeen egutegi eta plangintza xehatua.

h) Bideragarritasunari buruzko aldez aurreko azterlana, sustapen osoaren gastuak eta lurzatien edo lokalen salmenta edo alokairuengatik jasotzea aurreikusten diren diru-sarrerak jasotzen dituena, finantzabideak zehaztuta eta finantza kostuak adierazita.

6. oinarria.–Laguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Balorazio handiena lortu duten jarduketei 4. oinarrian ezarritako laguntza portzentajeak aplikatuta aterako da eman beharreko dirulaguntza, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

a) Poligono berrien sustapenetan, justifikatzen bada egun dauden jarduerak lekuz aldatu beharra, bai kokagune desegokian daudelako bai jarduera handitu behar delako, bai eta jarduera berriak instalatzeko dauden eskaerak ere, puntuazio hau emanen da: 0,1 puntu, fidantza gordailututa edo banku-abala edukita eskatu edo saldu den lurzati azaleraren ehuneko puntu bakoitzeko: 10 puntu, gehienez ere.

b) Obrak egiten direnean horniduretako edota saneamenduko azpiegitura zaharkituak hobetzeko: 10 puntu, gehienez ere.

c) Lokalak birgaitzen direnean, alokatzeko: 5 puntu, gehienez ere.

d) Gaitutako espazioen hirigintza kalifikazioa industriala denean: 5 puntu.

e) Justifikatzen bada lurzatien eskaera errealen ondorioz lanpostuak mantendu edo berriak sortu behar direla: 5 puntu, gehienez ere.

f) Proiektua hiri zerbitzuen edo eremuen beharrera egokitzeagatik, hau da, proiektuaren dimentsioak bat etortzea benetako eskaerekin eta kostuak minimizatzea: 5 puntu, gehienez ere.

g) Udal-mugartean ez izatea titulartasun publikoko beste lurzati industrialik edo alokatzeko lokalik aukeran: 10 puntu, gehienez ere.

h) 3. oinarriaren 2. apartatuko obren kasuan, sustatzaileak inbertsioaren ehuneko bat eskatzen dienean jarduketari onura aterako dioten enpresei: jasanarazitako aurrekontuaren %10 bakoitzeko puntu bat; 4 puntu, gehienez ere.

i) 1.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietako jarduketak: 8 puntu; 1.001etik 6.000 biztanlera bitarteko udalerrietakoak: 3 puntu; eta 6.000 biztanletik gorako udalerrietakoak: 0 puntu.

7. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Industria Sustatzeko Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa baita, txostena eskatuko dio Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiari, jakiteko ea toki entitateek ahalmen ekonomiko nahiko duten dirulaguntzaren xedeko sustapenaren ondorioz heldu diren betebeharrei aurre egiteko.

Txostena negatiboa bada, edo txosten hori ezin bada hilabeteko epean egin, toki entitateak ez duelako aurkeztu 2019ko aurrekontuen likidazio espedientea, ezin izanen da eskatutako dirulaguntza eman.

2. Txostena jaso eta eskaerak baloratu ondoren, laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan adieraziko da entitate onuradunek dirulaguntza eskuratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

3. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla ulertzen ahalko da. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Baldin eta laguntza esleitu ondoren deklaratzen bada laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek laguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hainbanaketa egin zitzaien edo ezetsi ziren eskaerei erantzuteko. Kontzesio horiek noiz egiten diren kontuan hartuta, epe berriak finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko.

8. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

1. Onuradunek 2021eko urriaren 31ra arte izanen dute, hura barne, egindako jarduketak justifikatzeko, agiri hauek aurkeztuta:

a) Obra horien eskumeneko zuzendaritzaren eta obra kontratuen kopiak edo, zein den kasua, lanen eskaintza ekonomikoaren onespenaren kopia.

b) Obren hasiera akreditatzen duen dokumentuaren kopia.

c) Ziurtagiria, kontratuak Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz adjudikatu direla frogatzeko.

d) Onuradunaren web-orrian laguntzari emandako publizitatearen justifikazioa.

e) Fakturak eta gastu guztien ordainagiriak, emandako zenbatekoa justifikatzen dutenak.

Ez badira aurkezten atal honetan deskribatutako dokumentuak, eskubidea galduko da justifikatu gabe geratu diren gastuei dagokien dirulaguntza kobratzeko.

2. Aipatu frogagiriak azterturik, organo kudeatzaileak ordainketa ebazteko proposamena igorriko dio Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiari, eta bertan agerraraziko da onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

3. Ordainketaren ebazpena bi hilabeteko epean emanen da, gehienez ere, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntzen onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak izanen dituzte.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, berriro ere zehazten ahalko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

10. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntza-eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.navarra.es/home_eu/) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Gaitutako helbide elektronikoa Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da, eta Nafarroako Gobernuak gaitutako prozeduretan izena eman.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Betiere, jarduketa bererako emandako dirulaguntzen guztizko zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunek egindako jarduketaren kostua.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Industria Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen jurisdikzio-ordenari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iragarkiaren kodea: F2014101