283. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1904/2020 EBAZPENA, 2020ko azaroaren 12koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdiak onesten baitira hautaproben bidez izangaien bi zerrenda egiteko, B mailako O.L. kudeaketaria (Ikus-entzunezkoak) lanpostua betetzeko, bat aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezien egoeran.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, xedatzen du aldi baterako langileak deialdi bidez aukeratuko direla, eta deialdi horretan berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak bermatuko direla, bai eta publikotasun-printzipioak ere.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, xedatzen du ezen Nafarroako Unibertsitate Publikoak, aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, bete nahi dituen lanpostuak eskainiko dizkiela bere funtzionarioei, horretarako dagozkion hautaprobetarako deialdia eginez, zeinak aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda osatzeko hautaprobekin batera eginen baitira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren langile-beharrak kontuan harturik, eta sortzen diren langile-beharrak estaltzeko xedearekin, bidezkoa da hautaketa-probetarako deialdiak onestea, bi izangai-zerrenda egiteko, B mailako O.L. kudeaketaria (Ikus-entzunezkoak) lanpostua betetzeko, bat aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran.

Kontuan harturik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Hautaproben deialdiak onestea, bi izangai-zerrenda egiteko, B mailako O.L. kudeaketaria (Ikus-entzunezkoak) lanpostua betetzeko, bat aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietako egoeran, bai eta deialdiaren oinarriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta haren kontra zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2020ko azaroaren 12an.–Kudeatzailea, Joaquín Romero Roldán.

I.
DEIALDIA, IZANGAIEN ZERRENDA BAT EGITEKO,
O.L. KUDEAKETARI (IKUS-ENTZUNEZKOAK) LANPOSTUAN ARITZEKO ALDI BATERAKO KONTRATAZIORAKO

Hauek dira deialdia arautuko duten

OINARRIAK

Lehena.

Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat egitea, hautaproben bidez, B mailako O.L. kudeaketaria (Ikus-entzunezkoak) lanpostua betetzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzearren.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hau subsidiarioa izanen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen dituen 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren erabakiak ezartzen duenaren babesean egiten den beste edozein funtzionarioen zerrendaren aurrean.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Honako titulu hauetako bat edukitzea: Gradua, Diplomatura, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo baliokidea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentziadun, arkitekto edo ingeniarien edozein titulu ofizial eskuratzera bideratutako ikasketen lehen hiru ikasmailak osorik gaindituta edukitzea, edo aipatu ikasketa horien lehen zikloa, baldin eta lehen ziklo horrek gutxienez 180 kredituko irakastordu kopurua baldin badu.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, halakorik badago. Baldintza hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Dagozkien eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.

e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor-kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete behar dira, eta hautaketa-prozedurak edo kontratazio epeak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

Hirugarrena.–Hautaketa-prozesuaren garapena eta balorazioa.

Hautaketa-prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera eginen da.

Laugarrena.–Izangaiei aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Arau hauen arabera dei eginen zaie izangaiei, eta, behar denean, kontratatu: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikuluak eta ondorengoak; 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duena; eta deialdi honen oinarriak eta aplikatu beharreko gainerako araudiak.

Deia egiteko, kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko Zazpigarren Xedapen Gehigarriko 4. atalak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasunen bat daukaten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoko lanpostuetan sartzeko prozedura. Horretarako, % 33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua daukaten izangaiek desgaitasuna egiaztatu beharko dute, organo eskumendunak horretarako egindako dokumentuaren kopiaren bidez.

II.
DEIALDIA, IZANGAIEN ZERRENDA BAT EGITEKO,
O.L. KUDEAKETARI LANPOSTUAN (IKUS-ENTZUNEZKOAK) PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIEN EGOERAN ARITZEKO

Hauek dira deialdia arautuko duten

OINARRIAK

Lehena.

Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat egitea, hautaproben bidez, B mailako O.L. kudeaketari (Ikus-entzunezkoak) lanpostua betetzeko prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran, Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzearren

Bigarrena.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioa izatea, eta C edo D maila edo multzokoa izatea.

b) Lanpostuan zerbitzu ematen hiru urteko antzinatasuna izatea, gutxienez.

c) Eszedentzian ez egotea, non eta eszedentziak ez duen ezartzen lanpostua erreserbatzeko eskubidea; edo Gobernu Kontseiluaren 2014ko azaroaren 25eko erabakiaren xedapen iragankorrean adierazitako egoeran egotea –Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duen erabakia–.

d) Honako titulu hauetako bat edukitzea: Gradua, Diplomatura, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa edo baliokidea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordainagiria, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, edo lizentziadun, arkitekto edo ingeniarien edozein titulu ofizial eskuratzera bideratutako ikasketen lehen hiru ikasmailak osorik gaindituta edukitzea, edo aipatu ikasketa horien lehen zikloa, baldin eta lehen ziklo horrek gutxienez 180 kredituko irakastordu kopurua baldin badu.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzearena, halakorik badago. Baldintza hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira oinarri hauetan ezarritako baldintzak, bai eta hautaketa-prozedurak edo prestakuntza-epeak dirauen bitartean ere.

2.3. Gorago aipatutako baldintzak betetzen dituzten funtzionarioek ezin dute aldi berean parte hartu aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda osatzeko deialdian eta prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aritzeko izangaien zerrenda osatzeko deialdian.

Hirugarrena.–Hautaketa-prozesuaren garapena eta balorazioa.

Hautaketa-prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera eginen da.

Laugarrena.–Prestakuntzako izangaiei dei egitea.

Izangaiei dei eginen zaie eta, behar bada, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran deklaratuko, honako hauetan ezarritakoaren arabera: 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen dituena, deialdi honen oinarriak eta aplikatzekoak diren gainerako araudiak.

III.
BI DEIALDIEN ARAU KOMUNAK

2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari eta Estatuko Aldizkari Ofizialari dagozkionak izan ezik (deialdien oinarriek berariaz aipatutakoak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak

Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.–Eskabideak eta dokumentazioa.

A) Aurkezpen telematikoa.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide hauetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak (aldi baterako kontrataziorako izangaiak), “Hasi tramitea” botoia sakatuz.

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/pruebas-selectivas-formacion (prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezien egoeran), “Hasi tramitea” botoia sakatuz.

“Erantsi fitxategiak” eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira:

–Lehiaketan parte hartzeko eskabide ofiziala. Helbide hauetan eskura daiteke:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak (aldi baterako kontrataziorako izangaiak).

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/pruebas-selectivas-formacion (prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezien egoeran).

–Deialdian eskatzen den titulazio akademikoa egiaztatzen duen dokumentazioa.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, helbide honetan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez adierazi beharko dute:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak.

Horretarako, izangaiek beren kondizioa egiaztatu beharko dute, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiri baten bidez, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik. Era berean, zilegi izanen dute eskatutako egokitzapena justifikatzeko komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa ere aurkeztea.

B) Aurkezpen presentziala.

Dokumentazioa telematikoki aurkeztu ezin daitekeen kasuetan baino ez da aurkeztuko presentzialki. Aforoa mugatua egonen da, eta hitzordua eskatu behako da aldez aurretik.

Halako kasuetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar da dokumentazioa (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera).

Horretarako, hitzordua eskatu behar da aldez aurretik, behar besteko denboraz, mugatua egonen baita hitzordu kopurua. Hitzordua eskatzeko:

–Iruñean (kokaleku berria, Ikasgelategian): 948169032.

–Tuteran: 948417800.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea igaro eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzearen zergatiak azalduta, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Bi deialdien arau komunetako 2.2 oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izanen dira, eta, gainera, horiek ezin izanen dira zuzendu.

Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean. Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.

Izangai bazterturik ez bada, izangai onartuen zerrendak zuzenean onetsiko dira behin betiko, zerrendan azaldu ez diren izangaien kaltetan gabe.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko, eta jendaurrean jartzeko aginduko du. Ebazpen horretan jakinaraziko da noiz eta non eginen den oinarri hauetan aipatzen den hautaproba.

Behin betiko onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, ikusten bada izangairen batek ez daukala eskatzen diren baldintzetakoren bat, deialdian parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak bertan behera geldituko dira.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

Laugarrena.–Proba.

4.1. Ebazpen honen bidez onetsitako deialdietarako hautaketa-prozesua proba teoriko-praktiko baten bidez eginen da. Proba horretan oinarri hauetako I. eranskinean agertzen den gai zerrendako gaiei buruzko ariketa bat edo batzuk idatziz erantzun beharko dira.

4.2. Epaimahai kalifikatzaileak zehaztuko du probak zenbat denbora iraun behar duen gehienez, eta horren berri emanen du proba hasi baino lehen. Halaber, jakitera emanen du nola balioetsiko den proba.

4.3. Baztertuta geratuko dira probaren gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez dutenak. Zerrendetan egoteko, izangaiek proba gainditu behar dute.

4.4. Hautaprobarako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta izangaiek epaimahai kalifikatzaileak adierazi duen tokian eta egunean bertaratu beharko dute, jardunak hasteko ezarri duen orduan. Deialdira agertzen ez diren izangaiak oposiziotik kanpo geldituko dira. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat aldean dutela agertu beharko dute. Nortasuna esandako moduan egiaztatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak oposiziotik kanpo geldituko dira.

4.5. Desgaitasun aitortua izanik eskabidean eskaera egin duten izangaientzat, ariketak egiteko behar diren denbora eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak garatzeko.

Bosgarrena.–Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: David Benito Pertusa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hezkuntzaren Berrikuntzarako Goi Mailako Ikastegiko zuzendaria.

Ordezko epaimahaiburua: Inmaculada Farrán Blanch Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaskuntzako errektoreordea.

–Epaimahaikidea: Mikel Sagues García, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Teknologia Elektronikoko irakaslea.

Ordezko epaimahaikidea: Alayn Loayssa Lara, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Teknologia Elektronikoko irakaslea.

–Epaimahaikidea: Marko Galarza Galarza, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Teknologia Elektronikoko irakaslea.

Ordezko epaimahaikidea: Rafael Cabeza Laguna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Seinalearen Teoriako eta Komunikazioko irakasle titularra.

Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: José Antonio Marañón Oricain, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Fernando Jiménez Lorente, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Langileria Kudeatzeko Ataleko burua.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean jasoko dira epaimahai kalifikatzaileko kideen izenak.

5.2. Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.

Baldin eta legeak ezartzen dituen abstentziorako edo errekusaziorako arrazoiak izaten badira, eta epaimahaiaren osaera aldatzen bada, hau jendaurrean jakinaraziko da, onartutako eta baztertutako izangaien zerrendekin batera.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

5.4. Hautaprobak aurrera egin ahala, deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak Epaimahaiaren gehiengoak ebatziko ditu, eta deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartuko ditu.

5.5. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du hautaprobarako aholkulari adituak sartzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

5.6. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

Seigarrena.–Gainditu dutenen zerrenda.

6.1. Hautaketa-prozesua bukatzen denean, Giza Baliabideen Zerbitzuak zerrenda hauek argitaratuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko webgunean, bereizirik:

A) Aldi baterako kontratazioaren deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren arabera ordenatuta. Deia egiteko salbuespenei dagokienez, Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25eko erabakiaren 8. artikuluan ezartzen duenari jarraituko zaio, hain zuzen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duen erabakian ezarritakoari. Halaber, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko Xedapen Gehigarrietako Zazpigarrenaren 4. atalak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeari buruzko alderdiak.

Berdinketak zozketa bakar baten bidez ebatziko dira, horretarako eginen den ekitaldi publiko batean.

B) Prestakuntza zerbitzu berezien egoeran egiteko deialdia gainditu duten izangaien zerrenda.

Berdinketak zozketa bakar baten bidez ebatziko dira, horretarako eginen den ekitaldi publiko batean.

6.2. Epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari igorriko dizkio arau honek aipatzen dituen zerrendak, onets ditzan, hautaketa-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Izangaien zerrendak.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautaprobaren espediente osoa jaso eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen ebazpen baten bidez, izangaien bi zerrenda onetsiko dira hautaprobak gainditzen dituztenekin, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira.

7.2. Deia.

Arau honek aipatzen dituen zerrendetan dauden izangaien deia 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluko erabakiek ezarritakoarekin bat etorriz eginen da –Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa eta administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duten erabakiak–. Bermatu eginen da, gainera, lehentasuna izanen dutela prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran egonen diren izangaiek aldi baterako kontrataziorako izangaien aldean.

Baldintza hauek betetzen ez dituztenak baztertu eginen dira hautaketa-prozesutik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen ebazpen baten bidez, eta dagokien deialdian parte hartzetik erator litezkeen eskubide guztiak bertan behera geratuko zaizkie.

Zortzigarrena.–Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aritzeko gehieneko denbora.

8.1. Lanpostu bat prestakuntzan betetzea onartzen dutenak arrazoi horrengatik zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratuko da, gehienez ere urte bateko aldirako, hasiera batean, eta aldi hori urte bateko aldietan luzatzeko aukera izanen da, gehienez ere sei urte bete arte. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, eta aldi jakin baterako izanen da.

8.2. Prestakuntzan sei urteko gehieneko epe hori bete eta gero, langile funtzionarioek automatikoki hasi beharko dute berriz ere zerbitzu aktiboan zerbitzu berezietan deklaratu zituztenean betetzen ari ziren lanpostuan, eta ezin izanen dituzte berriz ere zerbitzu berezietan deklaratu arrazoi beragatik. Izendapen libre bat edo bitarteko izendapen bat izan zuen lanpostu batetik badatoz, amaitutzat joko da egoera.

8.3. Prestakuntza-zerrenda batean baino gehiagotan daudenak sei urte egonen dira gehienez ere guztira prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran.

8.4. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoera, hasierako deklarazioa eta bere luzapen guztiak barne, sei urtetik beherako aldi baterako bada, zerrendan dagokion lekua izanen du berriz ere izangaiak aldi hori bukatzean.

Bederatzigarrena.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, “Giza Baliabideak” atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautapen prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da ondoko errekurtsoetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aurkatutako erabakia jakinarazi edo iragarri eta biharamunetik aurrera.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Irudiaren eraketa.

1. gaia.–Argia. Espektro ikusgaia. Propietate fisikoak. Islatzea, errefrakzioa, absortzioa, interferentzia, difrakzioa eta argiaren polarizazioa. Magnitude bereizgarriak.

2. gaia.–Kolorea. Kolorearen ezaugarriak. Kolorearen sintesia. CIE kromatizitatearen diagramak. Gamut. Kolorimetroa.

3. gaia.–Irudia eratzeko prozesua. Giza begiaren azterketa. Giza ikuspenaren akatsak. Ikusizko pertzepzioa eta horren aplikazioa ikus-entzunezko teknologian.

4. gaia.–Optika. Objektiboak: motak eta aplikazioak. Foku-distantzia. Estaldura-formatuak eta -angeluak. Eremu-sakontasuna eta hiperfokala. Modulazioaren transferentzia-funtzioa.

5. gaia.–Iragazki optikoak. Iragazkien oinarriak eta aplikazioak. Iragazki motak, materialak eta eraikuntza. Banaketa espektrala. Absortzio- eta transmisio-kurbak.

2.–Argiztapena.

6. gaia.–Fotometria. Argi-intentsitatea. Esposizio-balioa. Fotometroaren erabilera. Esposizioaren kontrol elementuak.

7. gaia.–Argiztapena. Aplikazioa ikus-entzunezko produkzioan. Diagramak eta argiztapen-efektuak. Argiztapen-teknologiak. Argiztapen-mahaiak. Kolore-tenperatura. Kolore-tenperaturaren kontrola.

3.–Kamera digitalen teknologia.

8. gaia.–Irudiaren hargailu digitalak. Teknologiak, egiturak, fabrikazioa eta formatuak. Ezaugarri espektralak, sentsibilitatea, irabazia eta zarata. Aplikazioak.

9. gaia.–Kameraren irudiaren prozesatze digitala. Analogikotik digitalera bihurtzea: laginketa, kuantifikazioa eta kodetzea. Prozesatze blokeak: gamma, zurien balantzea, xehetasuna, kolore-matrizea eta abar. Konpresioa. DVCAM eta XDCAM EX teknologiak.

10. gaia.–Kamera digitala. Sony PWM-EX3. Ezaugarri, bloke eta elementu teknologikoak. Kontrolak, eginkizunak eta jarduteko moduak. Zinematografia digitalerako osagarriak. Telebista-kamera baten elementu diferentzialak.

11. gaia.–Bideo analogikoaren eta digitalaren kalitate-kontrola. Doikuntzak kamera anitzeko sistemetan: doitzeko metodo eta tresnak. Neurgailuen erabilera: osziloskopioa, uhin formako monitorea, bektoreskopioa, histograma, begi diagrama eta abar.

12. gaia.–Tresna berriak ikus-entzunezko produkzioan. Web kamerak, reflex, mirrorless, PTZ eta abar. Teknologiak, formatuak, kodekak, interkonexioa. Agertokiak, hondo birtualak.

4.–Soinua.

13. gaia.–Soinua eta zarata kontzeptuak. Magnitude akustikoak. Maiztasun-analisia.

Ponderazioa. Isolamendua eta egokitzapen akustikoa. Soinuaren kalitate-neurriak.

14. gaia.–Audioa. Mikrofonoak. Ezaugarriak, tipologiak eta erabilerak. Soinuaren hargailua kanpoaldean eta estudioan. Digitalizazioa. Seinalearen heinaren eta espektroaren aldarazleak. Nahasketa-mahaia. Grabaketa-euskarriak.

5.–Audioaren eta bideoaren errealizazioa eta edizioa.

15. gaia.–Errealizazio/edizio-aretoak. Diseinua, ekipamendua eta konfigurazioa. Kamera anitzeko sistema. Ekipoen interkonexioa. Bideoen nahasketa-mahaia. Zuzeneko errealizaziorako softwarea. Materialak hartzea, erreproduzitzea eta gordetzea. Datuak ordenagailuetara iraultzea.

16. gaia.–Irudi finkoaren tratamendu digitala. Adobe PhotoShop erabiltzea: RAW irudiaren tratamendua. Irudiaren formatu informatikoak. Kolorearen kudeaketa.

17. gaia.–Irudi ez-linealaren edizioa. Final Cut eta Adobe Premiere erabiltzea: sekuentzia-oikuntza, off-line edizioa, sekuentzia habiaratuak, kamera anitzeko edizioa, edizio-zerrendak, proiektuen erabilera eta abar.

18. gaia.–Audioaren edizioa. Audition, Soundtrack Pro erabiltzea: soinua tratatzeko eta hobetzeko tresnak. Soinu inguratzailearen edizioa. Soinuaren formatu informatikoak.

19. gaia.–Bideo-fitxategien konpresioa. Formatua, kodekak. Gordetzeko eta sarean lan egiteko sistema seguruak.

6.–Prozesatze ondokoa.

20. gaia.–Etalonaje digitala. Bitarteko digitala. Kontrol-tresnak. Kolore-zuzenketa primarioa eta sekundarioa, efektuak eta aldakuntzak. Lan-fitxategien formatu informatikoak.

7.–Emanaldia eta proiekzioa.

21. gaia.–Bideoa Interneten bidez banatzeko plataformak: Youtube, Vimeo, Microsoft Stream. Zuzeneko emanaldia Interneten: IPTV, OTT zerbitzuak. Ekitaldien streaming-a. Teknologiak eta plataformak. Seinalearen konpresioa: MPEG. Kodekak.

22. gaia.–Ikus-entzunezko materialen proiekzioa. Proiekzio-aretoen eskakizun optikoak eta akustikoak. Proiekzio-formatuak, teknologiak eta sistemak. Kommutazio-matrizeak. Pantailak.

23. gaia.–Aretoen errefortzu akustikoa. Soinuaren hedapena. Irabazi harremana mikrofoniarako. Megafonia eta ekipamendu espezifikoa. Soinu inguratzailea: Anplifikazio-sistemaren doikuntzak.

24. gaia.–Ikus-entzunezko materialen jabetza intelektualari buruzko legea. Zinemaren legea. Ustiapen eskubideen kudeaketa eta egiletza. Copyright, Copyleft eta Creative Commons lizentziak.

8.–Bideokonferentziak.

25. gaia.–Bideokonferentzia-sistemak. Teknologiak, ekipamendua, eskakizunak, dimentsionamendua eta erabilerak. Sistemen elkarreragingarritasuna. Mahaigaineko bideokonferentziak. Egungo teknologiak eta plataformak: Zoom, Microsoft Teams, Skype eta abar. Ikasgelako bideokonferentzia: interkonexioa, osagarriak.

9.–Ekipamendu informatikoa.

26. gaia.–Hardwarea. Ordenagailuaren funtsezko osagaiak bideo digitala hartzeko, prozesatzeko eta erreproduzitzeko. Bideoa hartzeko ekipoak eta interfazeak. Interkonexioa. Broadcast aplikazioetarako monitoreak konfiguratu eta kalibratzea.

27. gaia.–Kanpoko disko gogorrak: motak, bideo digitalerako konfigurazioa eta sistema-eragileen arteko bateragarritasuna.

10.–Bideoa eta Hezkuntza.

27. gaia.–Irakasteko edukien grabaketa eta produkzioa. Gidoia. Irakasteko materialen egokitzapena. Grabaketa-ingurunea, formatuak, ekipamendua. Hedapena.

Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.”

Iragarkiaren kodea: F2013989