282. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 2a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

62/2020 FORU AGINDUA, azaroaren 27koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baitira Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez hartutako berariazko prebentzio neurri apartekoak Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz, eta haren aldaketak.

2020ko ekainaren 20an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela deklaratzen zuena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen zituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta zitezkeen berragertzeei aurrea hartzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko egoera epidemiologikorako eta osasun egoerarako egokiak direla bermatzeko.

Erabaki horrek ezartzen du, halaber, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabaki hori aplikatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzen ahalko dituela eta, beharrezkoa bada, neurriak gehitu, osatu edo murrizten ahalko dituela, betiere aplikatzekoa den araudiarekin bat eta bilakaera epidemiologikoa aintzat hartuta.

Hori horrela, Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu horretan, aparteko neurri murriztaile batzuk onetsi ziren. Izan ere, lehenik eta behin, “osasun-hesi” bat ezarri zen Nafarroako Foru Komunitate osoaren perimetroko sarrerak eta irteerak mugatzeko; ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuen jarduera eten zen; mugatu zen txikizkako merkataritza ixteko ordutegia, bai eta hipermerkatu, azalera ertain eta handiko saltoki, merkataritza-parke edo horien parte diren establezimenduena eta bestelako zerbitzuena ere; mugak ezarri ziren garraio publikoaren jardueran; pertsona kopuru mugatua mantendu zen eremu publiko eta pribatuko bilkuretarako; mugatu zen aire zabalean erabiltzen diren kirol-eremuak, haurren jolas-eremuak edo -parkeak erabiltzeko ordutegia; eten egin zen joko- eta apustu-lokalen jarduera, bai eta ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dituzten establezimenduena ere. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak berretsi zuen foru agindu hori, 2020ko urriaren 22an emandako autoaren bidez.

Geroago, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua onetsi zen, zeinaren bidez alarma-egoera deklaratu baitzen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko; errege dekretu horretan autonomia erkidegoetako lehendakariak deklaratzen ziren agintari eskudun delegatu, autonomia erkidegoetan errege dekretu horri dagozkion arloetan jardun dezaten. Orobat, aipatu errege dekretu horren 12. artikuluak xedatzen du administrazioek indarreko arauek ematen dizkieten eskumenak izaten jarraituko dutela, eta horrenbestez, beharrezko jotzen dituzten neurriak hartzen ahalko dituztela, errege dekretu horretan ezarritakoa galarazi gabe.

Aipatu 57/2020 Foru Aginduan, Osasuneko kontseilariak urriaren 21ean emandako horretan, ezarri zen 2020ko azaroaren 4ra arte, egun hori barne, egonen zela indarrean, eta luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko zela, uneko egoera epidemiologikoaren arabera. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

Ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa, onetsi zen, zeinaren bidez prebentzio neurriak ezarri baitziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Foru dekretu horren bidez ezarri ziren egun dauden mugak bai Nafarroako Foru Komunitateko sarrera eta irteerei dagokienez, bai esparru publiko zein pribatuko bilkurei dagokienez. Horrez gain, mugatu egin zen pertsonek gauez zirkulatzeko duten askatasuna Nafarroako Foru Komunitatean, hori guztia arestian aipatutako 926/2020 Errege Dekretua aplikatuz. Foru dekretu horretan ezarritako neurriak luzatu egin ziren, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 16ko 28/2020 Foru Dekretuaren bidez.

Osasuneko kontseilariaren azaroaren 4ko 58/2020 Foru Aginduaren bidez, luzatu eta zati batean aldatu zen urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua. Hartan, azaroaren 18ra arteko indarraldia ezarri zen, egun hori barne, eta ezarri zen, oro bat, unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko zela. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak berretsi zuen foru agindu hori, 2020ko azaroaren 4an emandako autoaren bidez.

Osasuneko kontseilariak azaroaren 16an emandako 59/2020 Foru Aginduaren bidez, zati batean aldatu zen Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua eta 2020ko abenduaren 2ra arte luzatu ziren aipatu foru aginduko neurriak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak berretsi zuen luzapen hori, 2020ko azaroaren 18an emandako autoaren bidez.

Azkenik, Osasuneko kontseilariaren azaroaren 25eko 61/2020 Foru Aginduaren bidez, Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduan ezarritako neurri batzuk malgutu ziren. Zehazki, ostalaritza eta jatetxeen sektorearen gaineko neurriak malgutu ziren, honela: ostalaritza itxita mantendu zen, baina, salbuespenez, terrazak ireki ziren, aipatu foru aginduan ezarritako baldintzekin.

Horrez gain, edukierak, ordutegiak eta bestelakoak malgutzeko neurriak ere sartu ziren, honako hauei dagokienez: kultura, liburutegiak, haur-parkeak edo desgaitasuna dutenen edo adinekoen zentroetako egoiliarren bisitak eta ibilaldiak.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egindako txostenaren arabera, azaroaren 16tik 22ra bitarteko astean 963 kasu baieztatu ziren (146 kasu 100.000 biztanleko), PCR bidez edo antigeno testen bidez; hau da, aurreko astean baino %36 gutxiago. Kasu berri horien %66 sintomatikoak ziren, eta %73 baieztatutako beste kasu batzuen kontaktuak izan ziren. Kasuek behera egin dute adin tarte guztietan, eta nabarmentzekoa da %55 jaitsi dela 75 urtetik gorakoen artean. Beherantz jarraitzen du birusaren zirkulazioak, eta intentsitate-maila apalago batera pasatu da. Ospitaleratze-maila eta ZIUen okupazio-maila ere jaitsi egin dira, eta heriotza-kopurua handitu egin da.

Kutsatze kopuruak behera egin du, batez ere etxeen esparruan, “bestelakoak” kategorian –non hartu-eman sozialak ikusten baitira–, eta “ezezagunak” kategorian. Hori hala izanik ere, osotara, esparru horiei dagokie kutsatzeen ehuneko handiena.

Hartutako neurriek batera jarduten dute modu sinergikoan, eta eraginkorrak izan dira kutsatzeak eta ospitaleratzeak murrizteko.

Hala ere, emaitza horiek alderatzen badira Lurraldearteko Kontseiluak, COVID-19aren hedapena kontrolatu dadin, erantzun koordinatua emateko hitzartu zuen urriaren 22ko jarduketa agirian zehazturiko adierazleekin, eta kontuan hartzen badira dauzkagun intzidentzia-mailak eta ospitaleen okupazio-mailak, Nafarroako Foru Komunitatean dagoen arriskua oso handia da oraindik ere, eta alerta maila, berriz, 4koa. Horrenbestez, bidezkoa da gaur egun indarrean dauden neurriak 2020ko abenduaren 16ra arte bederen luzatzea.

Hala adierazten baita Nafarroako Ospitaleguneak azaroaren 26an egindako txostenean, oso azkar eta nabarmenki jaitsi da SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzio aktiboa egunez egun diagnostikatu zaienen kopurua urriaren 26tik aurrera, hots, neurri zorrotzenak hartu zirenetik 7 eta 10 egun artean iragan ondoren. Alabaina, azkeneko 7 egunetan eta 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasak erakusten duenez, arrisku maila oso handia da oraindik, aintzat hartuta Estatuko eta nazioarteko gomendioak (azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa 250 kasutik gorakoa 100.000 biztanleko, eta azken 7 egunetan, 125 kasutik gorakoa 100.000 biztanleko), eta positibotasun mailak ere gomendatutakoaren (%5) gainetik jarraitzen du proba diagnostikoetan.

Jaitsiera hori egonkortu egin da azaroaren 14tik: 84 eta 162 positibo artean eguneko. Intzidentzia-tasa hori abuztuko lehen hamabostaldikoa baino handiagoa da, eta oraindik ere urrun dago uztaileko lehen hamabostaldian izandakotik.

Horrek esan nahi du egungo agertoki epidemiologikoa nabarmenki hobea dela duela hamabost egunekoa baino; baina infekzioaren zirkulazio maila handia da, eta beraz, ezin da bigarren olatua guztiz kontrolatutzat jo. Berragertzeen arriskua handia da, gure komunitatean infekzio aktiboa dutenen tasak direla eta. Gainera, berehala iritsiko da arnasbideetako birusek hedapen handiena duten garaia (abendua eta urtarrila).

Argi dago, beraz, 2 eta 3 asteko aldea dagoela neurriak hartzen direnetik neurri horien ondorioak ikusten hasi arte (kutsatutakoen kopurua murriztea, ospitaleratzeak eta ZIUan sartutakoen kopuruak behera egitea eta hildakoena jaistea). Neurriak malgutzeak egoera epidemiologikoa okertzea ekarriko luke, eta horrek eragina izanen luke egoera epidemiologikoan eta laguntza sisteman 2 eta 4 aste bitarteko epean; hori osasun sistemaren egoera zaurgarriagoa den garai batean etor liteke, hots, jarduera gutxiagoko egunetan, garai honetako jaiegunak direla-eta.

Testuinguru horretan, beharrezkoa da indarrean dauden neurriei eustea, erakutsi baitute eragin nabarmena eta azkarra daukatela egoera epidemiologikoan eta asistentzialean. Neurrietan egiten diren aldaketek oso zuhurrak eta progresiboak behar dute izan, eta egoera epidemiologikoan eta asistentzialean duten eragina monitorizatu egin behar da, eta 2-4 asteko zentzuzko denbora pasatzen utzi aldaketa gehiago egin baino lehen, harik eta egoera epidemiologikoa hobetu eta laguntza sistemaren gaineko presioa jaitsi arte, COVID-19aren beharrei eta COVID-19az kanpoko beharrei laguntza osoa ematearekin bateragarria den maila batera.

Aipatu txostenek erakusten dutenez, bidezkoa da luzatzea, baldintza berberetan, Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez onetsitako neurriak, horiei egindako aldaketa guztiekin. Zentzu horretan, aurretik hartutako neurri guztiak integratzen dira foru agindu honetan; hau da, sartzen dira urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren jatorrizko neurriak eta gerora, jarraian adierazten diren foru aginduen bidez, onetsitakoak edo aldatutakoak (horien edukia aldatu gabe): Osasuneko kontseilariaren 58/2020 Foru Agindua, azaroaren 4koa; 59/2020 Foru Agindua, azaroaren 16koa; eta 61/2020 Foru Agindua, azaroaren 25ekoa. Hori guztia, segurtasun juridiko handiagoa izateko eta hiritarrek eta ukitutako sektoreek neurriak hobeto ezagutu eta ulertzeko, hainbat luzapen eta aldaketa egin baitira 2020ko urriaren 21az geroztik.

Foru agindu honetan adierazitako neurriek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak aukera ematen die, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariei, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzeko, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta premiazkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean eta neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Luzatzea berariazko prebentzio neurri aparteko hauek Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaera dela-eta:

1.–Prebentzio neurri orokorrak.

1.1. Birusaren transmisioa murrizteko hartu beharreko prebentzio neurri orokorrak dira maskarak egoki erabiltzea, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Aginduan araututakoaren arabera (foru agindu horren bidez hartu baitziren maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak) eta abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Aginduan araututakoaren arabera (maskarak hezkuntzaren eremuan erabiltzeari buruzkoa), pertsonen artean gutxienez ere 1,5 metroko segurtasun-tartea mantentzea, eskuak garbitzeko soluzio hidroalkoholikoa edo ura eta xaboia erabiltzea, aireztapena, ahal dela, naturala eta etengabekoa izatea erabilera publikoko establezimenduetan, eta azalerak garbitu eta desinfektatzea.

1.2. Ebidentzia zientifikoa badago, eta gero eta sendoagoa, erakusten duena birusa barnealdeko eta itxitako espazioetan transmititzen dela, eta bereziki, gutxi edo gaizki egurastuta daudenetan. Aurrekoan oinarrituta, erabilera publikoko establezimenduek ahalik eta gehien aireberritu beharko dituzte lokalak, eta, betiere, egunean hirutan gutxienez.

1.3. Esparru publikoko espazio itxi guztietan, ahal den neurrian, Osasun Ministerioak indarrean dituen gomendioei jarraituko zaie, hots, SARS-CoV-2a hedatzea eragozteko eraikin eta lokaletako klimatizazio eta aireztapen sistemak ibiltzeko eta mantentzeko emandako gomendioei.

2.–Garraioa.

2.1. Iruñerriko bidaiarien hiri-garraio erregularreko ibilgailuen okupazioa murriztu eginen da baimendutako gehieneko edukieraren %50era, ordu-tarte guztietan, betiere flotaren gehieneko edukierak horretarako aukera ematen badu.

2.2. Iruñerriko bidaiarien hiri-garraioko ibilgailuetan, honako baldintza hauek bete beharko dira:

–Ireki daitezkeen leihatilak izanez gero, horien erdiek irekita egon beharko dute airearen zirkulaziorako.

–Sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoaren banagailuak paratuko dira, eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie komeni dela eskuak garbitzea autobusera sartzean eta horretatik ateratzean.

–Hiriarteko garraioari dagokionez, eskatuko da autobusetan gel hidroalkoholikoa egotea sarreran zein irteeran, eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie komeni dela eskuak garbitzea autobusera sartzean eta horretatik ateratzean.

2.3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa ez zaio eskola-garraioari aplikatuko, jada aplikagarriak zaizkien osasun-babeserako neurriei kalterik egin gabe.

3.–Ostatuak eta jatetxeak.

3.1. Itxita jarraituko dute Nafarroako Foru Komunitateko tabernek, jatetxeek eta ostalaritzako establezimenduek.

Hala ere, baimentzen da Nafarroako Foru Komunitateko taberna, jatetxe eta ostalaritzako establezimenduek eremu publikoan dituzten aire zabaleko terrazak irekitzea.

Foru agindu honen ondorioetarako, aire zabalean dauden terrazak honakoak dira: eremu estalia edo estali gabea, aldeetan gehienez ere bi hormak, paretak edo paramentuk inguratua, gehieneko azalera itxia aldeko perimetroaren %50ekoa duena, terraza atxikia duen eraikinaren fatxada barne, halakoa bada.

Ez dira paramentutzat hartzen espazio fisikoak mugatzeko erabiltzen diren eta airearen zirkulazio librea ahalbidetzen duten elementuak, finkoak nahiz mugikorrak, altuera edo bolumen gutxikoak (gehienez ere metro batekoak).

Lehendik dauden eta baimenduta dauden terrazetan ez dira paramentutzat hartuko garaiera handiagoko elementuak, finkoak edo mugikorrak, baldin eta ez badira 1,60 metrotik gorakoak.

Terrazak baldintza hauek betez irekiko dira:

a) Mahaien arteko tartea 2 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

b) Establezimenduetako titularrek seinaleak egin beharko dituzte lurrean, mahaiak kokatu behar diren tokietan, segurtasun tartea errespetatze aldera.

c) Mahai bakoitzaren bueltan, gehienez ere, lau pertsona egonen dira, eta kasu guztietan mantendu beharko da pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun tartea. 80 cm baino gutxiagoko aldea edo diametroa duten mahaien eta/edo upelen bueltan gehienez ere bi pertsona egonen dira eta, kasu guztietan, eserita.

d) Terrazak 21:00etan itxiko dira beranduenez.

e) Terrazetan debekatuta egonen da erretzea 2 metroko segurtasun tartea gordetzea bermatzerik ez badago.

Toki entitateei gomendatzen diegu baimena ematea aire zabaleko terrazarako eremuak handitzeko, baina beti bermatu beharko da mahaien arteko eta pertsonen arteko segurtasun tartea.

Nafarroako Foru Komunitateko ostatu, jatetxe eta ostalaritzako establezimenduen barruko espazioek itxita segituko dute, eta ez da bertan kontsumitzen ahalko.

3.2. Ixteko betebehar horretatik kanpo daude hoteletako eta bestelako ostatuetako jantokiak, baina otorduetako zerbitzua ematen ahalko diete horietan ostatu hartu dutenei bakarrik. Horretarako, zorrotz bete beharko dira osasun arloko prebentzio neurri orokorrak, eta gehienez sei pertsona egonen dira mahai bakoitzean.

3.3. Ogia eta/edo eramateko kafea saltzeko zerbitzua duten establezimenduetan, zerbitzu hori baimenduko da (baina ezin da establezimenduan kontsumitu). Nolanahi ere, 21:00etan itxi beharko dute.

3.4. Halaber, janariak prestatu eta zerbitzatzen ahalko dira, etxera eramateko edo aurretiko hitzordua izanda establezimenduan hartzeko, 22:30ak arte.

3.5. Debeku horretatik kanpo daude honako hauek ere: zentro eta zerbitzu sanitarioen eta soziosanitarioen barneko ostalaritza zerbitzuak, eskola-jantokiak eta jantoki sozialeko zerbitzuak.

3.6. Irekitzeko baimena ematen ahal zaie, salbuespenez, irizpide hauek betetzen dituzten establezimenduei:

a) Establezimenduen ohiko bezeroak bidaiarien nahiz salgaien garraio arloko langileak izatea, hori frogatzen badute C edo D gidabaimenarekin edo kasuan kasuko gaitasun profesionalaren agiriarekin.

b) Establezimenduak gasolina-zerbitzuguneetan kokatuta egotea, hirigunetik kanpo eta Nafarroako errepide nagusietan, aparkalekua badute bost trailer kamioirentzat baino gehiagorentzat eta bazkarien eta afarien zerbitzua ematen badute.

Orobat, jatetxe zerbitzua baimenduko da, baldintza hauek betez gero:

a) Foru agindu honen 3.6.a) puntuan zehaztutako langileei baino ezin zaie zerbitzua eman.

b) Baimendutako establezimenduen barnealdeak itxita egonen dira jendearentzat.

c) Kasu guztietan, osasun-agintaritzak oro har ezarritako higiene eta segurtasun neurriak bete behar dira, eta zehazki, jatetxeetarako ezarritakoak.

d) Establezimenduen jabeek begiratu eta bermatu behar dute une oro betetzen direla osasun segurtasunaren arloko neurriak.

4.–Beilak eta hiletak.

Hiletetan eta beiletan gehienez ere 25 pertsona biltzen ahalko dira aire zabalean direnean eta 10 pertsona gehienez toki itxietan direnean. Hileten segizioan 25 pertsona elkartzen ahalko dira gehienez.

5.–Kultua.

Kultu-lekuetan ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30, eta, kasu guztietan, 2,25 metro koadro egon beharko dira erabiltzaile bakoitzeko.

6.–Txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzuetakoak.

Jendaurreko txikizkako merkataritza establezimendu eta lokaletan eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoetan, ezin izanen da gainditu gehienez baimendutako edukieraren %40.

21:00etan itxiko dira beranduenez.

7.–Hipermerkatuak, azalera ertain eta handiko establezimenduak eta merkataritza-gune edo -parkeak, edo horien zati direnak.

7.1. Hipermerkatuetan, azalera ertain eta handiko establezimenduetan eta merkataritza-gune edo -parkeetan, ezin izanen da gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren %40 bertako merkataritzako lokal bakoitzean.

7.2. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

7.3. Ez da utziko bezeroak gune komunetan egotea, barne direla atsedenguneak, saltokien arteko joan-etorrietarako ez bada.

7.4. Josteta eremuak itxita egon beharko dira, hala nola haurren jolastokiak edo antzekoak.

7.5. Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa ez zaio aplikatuko gune komun horietan garatzen den ostalaritza- eta jatetxe-jarduerari, itxita egonen baitira.

7.6. Puntu honetan aipatzen diren establezimenduetako arduradunak behartuak egonen dira uneoro kontrolatzera ez dela gainditzen bertan onartzen ahal den gehieneko jende kopuruaren %40.

8.–Bide publikoan jarduten duten merkatuak.

Bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentan jarduten duten merkatuetan (merkatu txikiak), postuak aurrez aurre bereizita egon beharko dira, igarobide baten bidez. Bide horrek erabiltzaileak ibiltzeko espazioa markatuko du, eta bermatuko du erabiltzaileen artean gutxienez 1,5 metroko segurtasun-tartea gordetzen ahal dela, eta 4,5 metroko zabalera izanen du gutxienez. Elkarren ondoko bi posturen artean elementu isolatzaileak paratuko dira, postuen arteko independentzia gordetzeko; halakorik ez bada, 1,5 metroko tartea egon beharko da, gutxienez.

Erabiltzaileek ezin izanen dute inolaz ere postuen alboetatik ibili. Barrutiak sartzeko gune bat eta irteteko beste bat edukiko ditu, eta biak ongi bereizita egonen dira.

21:00etan itxiko dira beranduenez.

9.–Akademiak, autoeskolak eta irakaskuntza ez-arautuko zentroak, eta prestakuntza zentroak.

Akademia, autoeskola, eta irakaskuntza ez-arautuko zentroetan eta prestakuntza zentroetan gauzatzen den jarduera aurrez aurre ematen ahalko da, baldin eta gainditzen ez bada baimendutako gehieneko edukieraren %40 eta bermatzen bada 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean.

21:00etan itxiko dira beranduenez.

10.–Liburutegiak.

10.1. Liburutegiek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan) beren jarduerei lotutako zerbitzuak emanen dituzte, baina okupazioak ezin izanen du gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren %50.

10.2. Sustatuko da erabiltzaileek zerbitzuak telematikoki erabiltzea.

10.3. Liburutegi eta ludoteketan haurrentzako jarduerak egiten ahalko dira, gehienez ere sei partaideko taldetan.

10.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

11.–Kirol-jarduerak eta -instalazioak.

11.1. Debekatuta dago aldagelak, dutxak, iturriak, saunak, bainu turkiarrak edo antzekoak erabiltzea. Aldagelak eta dutxak erabiltzen ahal dira, soilik, txapelketa ofizial profesionaletan eta nazioko edo nazioarteko txapelketa ez-profesionaletan.

11.2. Gimnasioetan kirol-jarduera egiteko, hitzordua eskatu beharko da aurretik. Desplazamendua eskatzen duten jardueretarako, 20 m²-ko espazioa gordeko da pertsona bakoitzeko. Desplazamendurik gabe egiten diren jardueretan, berriz, 8 m²-ko espazioa mantenduko da pertsona bakoitzeko. Nolanahi ere, nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea.

11.3. Kirol ekitaldiak eta txapelketak ikuslerik gabe eginen dira. Adingabeen txapelketetan talderik ez badago, eta hortaz, adingabeen erantzule den entrenatzailerik ere ez, adin nagusiko batek laguntzen ahal du adingabe bakoitza, gehienez.

11.4. Kirol profesionala izan ezik, 21:00ak arte egonen dira irekita eta/edo jardunean. Hori hala izanik ere, lehiaketa profesionaletan parte hartzen duten taldeek eta lehen eta bigarren kirol-mailakoak diren estatu mailako lehiaketa ofizial ez-profesionaletako taldeek kirol-instalazioak erabil ditzakete 21:00etatik aurrera, baldin eta instalazioaren titularraren baimena badute eta soilik lehiaketak egiteko erabiltzen badira eta ez, orobat, entrenamenduak egiteko.

Entrenamenduak egin daitezke 21:00etatik aurrera uretako talde-kiroletan, baldin eta instalazioaren titularrak horretarako baimena ematen badu.

11.5. Kirol profesionala izan ezik, 21:00ak arte egonen dira irekita eta/edo jardunean. Hori hala izanik ere, lehiaketa profesionaletan parte hartzen duten taldeek eta lehen eta bigarren kirol-mailakoak diren estatu mailako lehiaketa ofizial ez-profesionaletako taldeek kirol-instalazioak erabil ditzakete 21:00etatik aurrera, baldin eta instalazioaren titularraren baimena badute eta soilik lehiaketak egiteko erabiltzen badira eta ez, orobat, entrenamenduak egiteko.

12.–Igerilekuak.

12.1. Aisialdiko igerilekuetan edukieraren %30eko muga gorde beharko da, hala haietara sartzeko nola aisialdiko jardueretan bertan.

12.2. Aldagelak erabiltzen ahalko dira, baina ez dutxak.

12.3. Nafarroako Kirolaren Institutuak arautuko du kirol-jardueretarako igerilekuen erabilera.

12.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

13.–Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak egitea espazio itxietan.

13.1. Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak espazio itxietan egiteko, taldeetan ez dira arituko 6 pertsona baino gehiago, eta Nafarroako Kirolaren Institutuak xedatutakoa beteko dute.

Edonola ere, zuzendutako kirol-jarduera fisikoak hamabosnaka egiten ahalko dira espazio itxietan, instalazioak 8 metro koadro baldin baditu parte-hartzaile bakoitzeko, mugikortasun txikiko jardueretarako, eta 20 metro koadro baditu parte-hartzaile bakoitzeko, berriz, mugikortasun handiko jardueretarako, bai eta 4 metroko garaiera eta aireberritze naturala ere.

13.2. Nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea instalazioetako sarbide eta joan-etorrietan, bai eta kirol-jardueretan ere, intentsitate txikiko modalitateak badira. Kirol-praktika mota bakoitzaren modalitatea arautuko da Nafarroako Kirolaren Institutuan xedatutakoaren arabera.

13.3. Kirol-jarduera fisikoak salbuetsirik daude 1. puntuko aurreikuspenetik, baldin eta egiten badira Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluan aipatzen diren irakaskuntzen babesean.

13.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

14.–Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak.

Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak erabiltzen ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %50.

21:00etan itxiko dira beranduenez.

15.–Monumentuak, erakustaretoak eta museoak.

15.1. Museoetan eta erakustaretoetan egiten diren jardueretan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50.

15.2. Ez da inauguraziorik edo ekitaldi sozialik eginen.

15.3. Bisita edo jarduera gidatuak gehienez ere hamabi pertsonako taldeetan eginen dira.

15.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

16.–Zinema-aretoak, antzokiak, auditoriumak, karpadun zirkoak eta antzekoak, aire zabaleko esparruak eta antzeko beste lokal batzuk, eta ikuskizun publikoetarako eta olgetako edo aisialdiko jardueretarako establezimenduak.

16.1. Zinema-areto, antzoki, auditorium, karpadun zirko eta antzekoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute aurretik esleitutako eserlekuak erabilita, baldin eta gainditzen ez bada areto bakoitzean baimenduriko gehieneko edukieraren %40. Nolanahi ere, gehieneko edukiera ezin izanen da 150 pertsonatik gorakoa izan. Debeku da jatea eta edatea puntu honetan aipatzen diren ikuskizun edo jardueretan. 22:00etan itxiko dira beranduenez.

16.2. Aire zabaleko esparruetan eta antzeko lokaletan egiten diren jardueretan, eta ikuskizun publikoetarako, josteta edo aisia jardueretarako aire zabaleko establezimenduetan egiten direnetan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %40; edonola ere, 300 lagun bilduko dira gehienez.

16.3. Barrualdean 150 pertsona baino gehiago eta kanpokoetan 300 pertsona baino gehiago biltzen dituzten jardueretarako, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten loteslea beharko da.

17.–Turismo-gidarien jarduera garatzeko baldintzak.

17.1. Jarduera horiek, barnean zein kanpoan, ahal dela, aldez aurretik hitzordua eskatuta eginen dira eta taldeak, gehienez ere, hamabi lagunekoak izanen dira. Jarduera egiten den bitartean, saihestuko da pilaketak sor daitezkeen eremu edo tokietatik ibiltzea. Halaber, errespetatu beharko dira monumentuak eta bestelako kultur ekipamenduak bisitatzeko baldintzak, agindu honetan ezarritakoaren arabera.

17.2. Turismo aktiboko eta naturako irteerak gehienez ere hamabi laguneko taldeendako ere onartuko dira, aldez aurretik erreserba eginda, enpresa edo gidari profesionalekin.

18.–Biltzarrak, topaguneak, negozio bilkurak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak.

Biltzarrak, topaketak, negozio-bilerak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak modu ez-presentzialean eginen dira, hala badagokio.

19.–Bingoak, joko- eta jolas-aretoak.

Bingoak, joko- eta jolas-aretoetako jarduera bertan behera uzten da.

20.–Ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dauzkaten establezimenduak.

Ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dauzkaten establezimenduen jarduera bertan behera uzten da.

21.–Elkarte gastronomikoak eta peñak.

Bertan behera geldituko da elkarte gastronomikoen eta peñen jarduera, eta itxita egonen dira.

22.–Alkoholaren salmenta.

Debeku da alkohola saltzea 21:00etatik 8:00etara bitarte, publikoari saltzen dioten mota guztietako establezimenduetan, edozein dela ere duten lizentzia.

23.–Bisitak eta irteerak desgaitasuna dutenendako zerbitzuak ematen dituzten zentro sozio-sanitarioetan eta adinekoen egoitza-zentroetan.

Desgaitasuna dutenei eta adinekoei zerbitzuak emateko zentro sozio-sanitarioetan bisitak eta irteerak baimenduko dira, betiere Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu baten bidez ezartzen diren kasu eta baldintzetan.

Bigarrenik.–Neurri hauek mugatu egiten dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakian aurreikusitakoak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Neurri horiek osotara aplikatzekoak dira bertan arautzen diren gainerako neurriei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoak ez badira, eta galarazi gabe izaera orokorrarekin beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Hirugarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2020ko abenduaren 3tik abenduaren 16ra bitarte, bi egunak barne, eta, uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, berrespen judiziala lortzeko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek 2020ko abenduaren 3an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 27an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2014615