280. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko azaroaren 18an hartua, zeinaren bidez behin betiko onesten baita “Jarduera ekonomikoetarako eskualdeko eremu bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala” izenekoaren egiturazko aldaketa bat egiteko espedientea. Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoak sustatu du aldaketa, eta haren helburua da UPS horretako sektoreak berriz mugatzea eta S1 sektorea berrantolatzea Tuteran.

Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 29an hartutako Erabakiaren bidez, espediente bat tramitatzen hasi zen “Tuteran jarduera ekonomikoetarako eskualdeko eremu bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala” izenekoaren egiturazko aldaketa bat egiteko. Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoak sustatu zuen aldaketa, eta haren helburua zen udalez gaindiko plan sektorial horretako sektoreak berriz mugatzea eta S1 sektorea berrantolatzea Tuteran (2019ko 111. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 10ekoa).

Espedienteak ez du inolako alegaziorik jaso jendaurreko aldian.

Aldaketa honek bi helburu ditu. Batetik, antolamendua egokitu nahi da UPSaren 1. sektorean, kontuan hartuz gaur egun benetan zer premia dauden jarduera ekonomikoetarako lurzoruari dagokionez; era berean, lurzorua optimizatu nahi da, eta antolamenduari eta hirigintzako araudiari lotutako zenbait alderdi zuzendu, lurzoruaren errealitate fisikora behar bezala egokitzeko, bai eta erabiltzaileen eskaera nagusiei erantzuteko ere. Bestalde, Sustapen Ministerioko Trenbide Plangintzako Zuzendariordetza Nagusiak egindako txostenean eskatzen denez bertan behera uzteko aurreikusita dagoen trenbide azpiegituren erreserba, proposatzen da S2 eta S3 sektoreak sektore bakar batean berrantolatzea, lurzoru urbanizagarri gisa eta antolamendu xehaturik gabe.

Espedientean honako hauek emandako aldeko txostenak daude: Herri-lanen Zuzendaritza Nagusiarena, Nafarroako errepide sarean duen eraginari dagokionez; Sustapen Ministerioko Trenbide Plangintzako Zuzendariordetza Nagusiarena, “Informazio-azterlana. Kantauri aldearen eta Mediterraneoaren arteko Abiadura Handiko Pasabidea. Tartea: Zaragoza-Castejón” delakoari dagokionez; eta Tuterako Udalaren Ur Batzordearena, hornidura- eta saneamendu-sareei eta baliabide hidrikoen nahikotasunari dagokienez.

Bestalde, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 24ko 287E/2020 Ebazpenaren bidez, ingurumen txosten estrategikoa egin zen. Ebazpen horren arabera, aldaketak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, eta baldintza hauek ezartzen ditu: hirigintzako agirian sartzea ingurumen dokumentu estrategikoan identifikatutako segimendu neurriak, eta horiek lotesleak izatea; Drainatze Jasangarriko Azterlan bat eta neurri egokiak sartzea, bai sektorearen antolamenduan, bai urbanizazio proiektuen araudian; eta aldaketaren ingurumen-jarraipena zehaztu dadila Ingurumena Zaintzeko Plan batean.

2019ko urriaren 3an eta 2020ko urtarrilaren 24an, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu zuen, Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 29an hartutako Erabakian aipatzen dituen gaiei erantzuteko.

2020ko maiatzaren 14an, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak aldeko txostena eman zuen espedientea behin betiko onesteko, eta adierazi zuen ezin izanen zaiola Nafarroako Gobernuari igorri onar dezan, harik eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak aldaketaren testu bategin bat baliozkotu arte, zeinean sartuko baitira txosten horren V. apartatuan aipatzen diren gaiak (Hasierako erabakiari buruzko gogoetak) eta VI. apartatukoak (Ingurumen tramitazioa).

Aintzat hartuz Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostena, NASUVINSAk, 2020ko uztailaren 20an, espedientearen testu bategin bat igorri zuen, eta 2020ko urriaren 30ean, berriz, haren informazio grafiko bektoriala, jarraikiz urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuan ezarritako preskripzioei, foru dekretu horren bidez arautu baitziren Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, 2020ko azaroaren 4an, txosten bat egin zuen, sustatzaileak aurkeztutako testu bateginaren edukia baliozkotzen duena. Bertan, determinazio bat sartu zen, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenean jasotako bi gogorarazpen sartzeko eta araudian zuzenketa batzuk egiteko. Erabaki honen xedapen zatian jaso da Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txosteneko bi gogorarazpenak biltzen dituen determinazioa. Bestalde, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak ofizioz sartu ditu aldaketak araudian (eranskinean ageri dira).

Horrenbestez, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostenekin (2020ko maiatzaren 14koa eta azaroaren 4koa, hurrenez hurren), eta bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoarekin, eta jarraikiz aplikatu beharreko gainerako arauei, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Behin betiko onestea “Jarduera ekonomikoetarako eskualdeko eremu bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala” izenekoaren egiturazko aldaketa bat egiteko espedientea. Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoak sustatu du aldaketa, eta haren helburua da plan sektorial horretako sektoreak berriz mugatzea eta S1 sektorea berrantolatzea Tuteran.

2. Sustatzaileari adieraztea ezen POL-1 lurzatirako planteatzen diren sarbideek birpartzelazioa aldatzea eskatzen dutela, berdegune izatetik bide publiko izatera pasatzeko. Era berean, sustatzaileari gogorarazi behar zaio ezen antolamendu berriarekin sortzen diren berdeguneak urbanizatu beharko direla berdeguneetan sortutako lurzati berrien kargura, horiek ordeztuko baitituzte.

3. UPSan jasotako obrak egiteko erredaktatzen diren eraikuntza proiektuek espedienteari buruzko txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko dute. Nolanahi ere, obren exekuzioak uki ditzakeen bestelako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, edo exekuzio hori, kasua bada, baldintzatu lezaketenei dagokienez, sustatzaileak organo eskudunei behar diren baimen guztiak eskatuko dizkie, kasuko gaiaren arabera.

4. Erabaki hau eta aldaketa honen araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta igortzea Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalera, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusira.

5. Erabaki hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Sustapen Ministerioko Trenbide Plangintzako Zuzendariordetza Nagusiari, Tuterako Udalaren Ur Batzordeari, Tuterako Udalari eta enpresa sustatzaileari, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko azaroaren 18an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

ERANSKINA

Onetsitako araudia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2013913