279. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ODIETA

Ordenantza fiskala, hirigintza tresnen, ingurumen proiektuen eta hirigintzako lizentzien izapidetzea arautzen duena.
Behin betiko onespena

Odietako Udalak, 2020ko irailaren 2an egin osoko bilkuran, Udalbatzako kideen legezko gehiengo osoa zuela, hasiera batez onetsi zuen Odietako Udalaren “Ordenantza fiskala, hirigintza tresnen, ingurumen proiektuen eta hirigintzako lizentzien izapidetzea arautzen duena”.

Hasiera batez onesteko erabakia argitara eman zen Udalaren iragarki-taulan, eta 2020ko 221. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 29koan; eta jendaurrean egoteko epea alegaziorik, kexarik nahiz oharrik gabe iragan da.

Horrenbestez, testu osoa argitaratuko da, bidezko ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatuari jarraikiz.

Erripan (Odieta), 2020ko azaroaren 13an.–Alkatea, Alberto Urdaniz Elizondo.

ODIETAKO UDALAREN ORDENANTZA FISKALAK

ORDENANTZA, HIRIGINTZA-JARDUKETAK EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedaturik dagoenaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

Zerga-egitatea

2. artikulua.

Zerga-egitatea da Odietako Udalak honako zerbitzu edo jarduketa hauetakoren bat ematea:

1. Zerbitzu tekniko eta administratiboak, etxegintzaren eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak egokitu daitezen indarra duten hirigintza eta eraikuntza arauei.

2. Hirigintza-dokumentuak izapidetzeari eta onartzeari buruzko zerbitzu teknikoak edo administratiboak, jarraian aipatzen direnak: Aldaketak, Odietako hirigintzako udal planeamenduan (UPO), hiri-jarduketarako plan bereziak, plan berezi independenteak, plan partzialak, xehetasun-azterketak, aldaketak exekuzio unitateetan, urbanizazio proiektuak, birzatiketa proiektuak, konpentsazio batzordeen estatutuak onestea, hirigintza-hitzarmenak onestea, eta abar.

3. Hirigintzako kontsultak ebaztea.

4. Udal katastroa aldatzeko espedienteetarako aholkularitza eta dokumentazioa prestatzea (Nafarroako Lur-ondasunaren Erregistroa).

3. artikulua.

Aurreko artikuluaren 2.1 zenbakian aipatzen diren hirigintza-jarduketak dira Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 190. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerakoetan zehaztutakoak.

Aipatze aldera, honako hauek dira:

–Lurzatiketak egiteko lizentziak.

–Honako obra lizentzia hauek: etxe berriak egitekoak, etxeak eraberritzekoak, obra txikiak, etxeak mantendu eta apaintzekoak eta eraikuntza txikietakoak.

–Lehen erabilerako lizentziak edo, oro har, eraikinak eta instalazioak okupatzekoak.

–Lizentziak eraikinak eraisteko, eta bota, hustu eta apeoa egiteko obretarako.

–Lurrak mugitu, zelaitu eta erauzteko lizentziak.

–Emandako lizentzien aldaketak.

–Eraikinen erabilera erabat edo hein batean aldatzea.

–Lizentziak ematea, behin-behineko obretarako eta erabileretarako.

–Hirigintzako kontsultak ebaztea.

Subjektu pasiboa

4. artikulua.

Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak eta nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomiko edo ondare berezia diren entitateak, baldin egindako hirigintzako jarduketak eskatu badituzte edo haien eragina edo onura hartzen badute.

Eraikitzaileak eta obra kontratistak zergadunaren ordezkoak izanen dira, lurzoruari eta hiri antolamenduari buruzko araudian jasotako hirigintzako lizentziak emateko ezarri diren tasetan.

Tarifak eta karga-tasak

5. artikulua.

Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen Tarifen eranskinean ageri dira.

Tramitazioa

6. artikulua.

Hirigintza-jarduketaren eskaera oro behar bezala bete beharko da, eta, hala badagokio, dagokion obren aurrekontuarekin batera, horregatik eragotzi gabe Odietako hirigintzako udal planeamenduaren araudiak eta aplikatu beharreko legediak, gainera, egoki den dokumentazio teknikoarekin (proiektua, etab.) batera aurkeztera behartzea.

Kudeaketa arauak

7. artikulua.

Lizentziak emateagatik ordaindu beharreko tasak behin-behinekoz likidatuko dira obraren kostuaren arabera.

Obraren kostua zehaztuko da hura gauzatzeko aurrekontuaren arabera, ordainsariak eta industria mozkina salbu.

Nahitaezko baimena ematen delarik, behin-behineko likidazioa eginen da, eta nolako aurrekontua aurkezten duten interesdunek, haren arabera zehaztuko da zerga-oinarria, baldin eta hura dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia badago.

Proiektua ikus-onestea nahitaezkoa ez bada, zerga-oinarria udaleko teknikariek finkatuko dute proiektuaren kostu estimatuaren arabera.

Behar den lizentzia onartuta hasierako proiektua aldatzen bada, likidazio osagarria eginen da aurrekontu aldatuaren arabera, jatorrizkotik zenbat egiten duen goiti, horrenbeste.

8. artikulua.

Baldin eta interesdunak/eskatzaileak, emakida-ebazpena eman aurretik eta Udaleko hirigintzako eta jarduera sailkatuetako teknikariaren nahitaezko txostena edo txostenak egin aurretik, berariaz uko egiten badio eskatutako lizentzia emateari, tarifaren ehuneko 33,33 aplikatuko da.

Baldin eta interesdunak/eskatzaileak, emakida-ebazpena eman aurretik eta Udaleko hirigintzako eta jarduera sailkatuetako teknikariaren nahitaezko txostena edo txostenak egin ondotik, berariaz uko egiten badio eskatutako lizentzia emateari, tarifaren ehuneko 66,66 aplikatuko da.

9. artikulua.

1. Ikusirik egiazki egin diren obrak, baita horien benetako kostu erreala ikusirik ere, Udalak, hala behar denean, behin-behineko zerga-oinarria aldatuko du eta behin betiko likidazioa eginen; hori egin ondoren, subjektu pasiboari eskatuko dio paga diezaion edo, hala behar denean, sobera jarritakoa itzuliko dio.

2. Aurreko atalean xedatuari dagokionez, obra burutu edo behin-behineko hartu eta hurrengo hilabetean, egoera horren berri ematen duen deklarazioa aurkeztuko da eta, horrekin batera, eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoaren deklarazioa, baita obraren zuzendari fakultatiboak emandako ziurtagiria ere, dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsia, edo, bestela, aipatu kostua frogatzen duten fakturak edo bestelako agiriak.

10. artikulua.

Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesdunari jakinaraziko zaio tasak erregelamenduzko epean ordaindu beharko dituela.

Arau-hausteak eta zehapenak

11. artikulua.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza Fiskal Orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

ORDENANTZA FISKALA, INGURUMENA BABESTEKO JARDUERA SAILKATUEN ETA JARDUERA KALTEGABEEN KONTROLAREN ARLOAN BAIMENAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua.

Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedaturik dagoenaren arabera, eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

Zerga-egitatea

2. artikulua.

Zerga-egitatea da ingurumena babesteko jarduera sailkatuetan edo jarduera kaltegabeetan aritzeko zerbitzu teknikoak eta administratiboak egitea, honako kasu hauetan:

A.–Jarduera sailkaturako lizentzia.

B.–Jarduera sailkaturako lizentziaren berrikuspena.

C.–Jarduera sailkaturako lizentziaren aldaketa funtsezkoa eta ez-funtsezkoa.

D.–Irekitzeko lizentzia.

E.–Jarduera kaltegaberako lizentzia.

F.–Eskualdaketak eta aldaketak lizentzien titulartasunean.

G.–Instalazio eta lokalak berriz irekitzeko baimena.

Zerga-egitatea izanen da, bai baimen horiek lortzeko prozedura arrunta jarraitzen bada, bai erantzukizunpeko adierazpenaren eta/edo aurretiazko komunikazioaren prozedura jarraitzen bada.

Ordaindu beharra

3. artikulua.

Lizentzia noiz eskatzen den, orduan sortuko da tasa. Lizentzia emateko udal-erabakia hartu aurretik interesdunak/eskatzaileak eskaeran atzera egiten badu, tarifan murrizketak aplikatuko dira, espedientearen izapidetze-egoeraren arabera

Subjektu pasiboa

4. artikulua.

Tasa hauetako subjektu pasiboak dira, zergadunak diren aldetik, pertsona fisikoak eta juridikoak eta beste entitate batzuk, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia eratzen dutenak, lizentzia ematen bazaie, edo hura aldatzen edo berritzen bada.

Tarifak

5. artikulua.

Aplikatzeko tarifak ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen dira.

Tarifa finkoak nahiz tributu-kuotak izaten ahalko dira, zerga-oinarriari dagokion tarifa aplikatzearen ondorioz, ordenantza honen tarifen eranskinaren arabera.

Kudeaketa arauak

6. artikulua.

Baldin eta interesdunak/eskatzaileak, emakida-ebazpena eman aurretik eta Udaleko hirigintzako eta jarduera sailkatuetako teknikariaren nahitaezko txostena edo txostenak egin aurretik, berariaz uko egiten badio eskatutako lizentzia emateari, tarifaren ehuneko 33,33 aplikatuko da.

Baldin eta interesdunak/eskatzaileak, emakida-ebazpena eman aurretik eta Udaleko hirigintzako eta jarduera sailkatuetako teknikariaren nahitaezko txostena edo txostenak egin ondotik, berariaz uko egiten badio eskatutako lizentzia emateari, tarifaren ehuneko 66,66 aplikatuko da.

7. artikulua.

Jarduerarako eta irekitzeko lizentzia erdiesteko interesa duten pertsonek behar den eskabidea aurkeztuko dute Udalean, lokalean egin beharreko jarduera(k) eta haren kokapena zehazten dituztela, dagozkien udal ordenantzetan eskatutako dokumentazioarekin batera.

8. artikulua.

Emandako lizentziek balioa galduko dute dagokien ordenantzan ezarritako epe eta arauen arabera, eta hori gertatuz gero, jardueran aritu nahi duten interesdunek lizentzia berria eskatu beharko dute eta tasa oso-osorik berriz ordaindu.

9. artikulua.

Titulartasuna aldatu edo jardueraren eskualdaketa gertatzen denean, lizentziaren titular berriak Udalari jakinaraziko dio, eta horretarako behar diren egiaztagiriak aurkeztuko ditu. Lizentzia egiaztatzen duen titulua egiteagatik titular berriarentzat, dagokion tasa kobratuko zaio.

Arau-hausteak eta zehapenak

10. artikulua.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari lotuko zaio, edo bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta harekin bat heldu diren arauetan xedatutakoari.

TARIFEN ERANSKINA

I.–Ordenantza, hirigintza-jarduketak egiteko tasak arautzen dituena

I. epigrafea.–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 190. artikuluaren eta harekin bat datozen gainerakoen babesean emandako lizentziak.

1.1. Partzelazio-lizentziak: lizentzia bakoitza tramitatu eta ebazteko tasak: 65,00 euro.

Espedientea ebatzi ondoren, tasaren zenbatekoa kobratuko da kontuan hartu gabe partzelazioa gauzatzen den ala ez.

1.2. Obra lizentziak, bizitegi-eraikinak eraikitzeko edo birgaitzeko, eraisteko, eraberritzeko, instalazioetarako eta lizentzia behar duten gainerako egintzetarako: tasa honen kuota kalkulatzeko, 7. artikuluan xedatuaren arabera zehaztutako zerga-oinarriari aplikatuko zaio honako koadro honi jarraikiz:

–5.000,00 eurorainoko zerga-oinarria. –Tarifa: 50,00 euro.

–5.000,00 eurotik 15.000,00 eurorainoko zerga-oinarria. Tarifa: 70,00 euro.

–15.000,00 eurotik 30.000,00 eurorainoko zerga-oinarria. –Tarifa: 140,00 euro.

–30.000,00 eurotik 60.000,00 eurorainoko zerga-oinarria. –Tarifa: 210,00 euro.

–60.000,00 eurotik 150.000,00 eurorainoko zerga-oinarria. –Tarifa: 280,00 euro.

–150.000,00 eurotik 300.000,00 eurorainoko zerga-oinarria. –Tarifa: 350,00 euro.

–300.000,00 eurotik 600.000,00 eurorainoko zerga-oinarria. –Tarifa: 420,00 euro.

Espedientea ebatzi ondoren, tasaren zenbatekoa kobratuko da obra gauzatzen den ala ez kontuan hartu gabe.

1.3. Eraikinak eta instalazioak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentziak: eraikinak lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia bakoitza tramitatu eta ebazteagatik: 150,00 euro.

Espedientea ebatzi ondoren, tasaren zenbatekoa kobratuko da kontuan hartu gabe bizigarritasun zedula lortzen den ala ez.

1.4. Eraikinen erabilera, erabat edo hein batean, aldatzeko lizentziak: lizentzia bakoitza tramitatu eta ebazteko tasak: 160,00 euro, obrak egiteagatik aplikatu beharreko tasaren zenbatekoa handiagoa denean izan ezik; kasu horretan, azken hori kobratuko da.

Espedientea ebatzita, tasaren zenbatekoa kobratuko da interesdun/eskatzaileak eskatutako erabilera aldaketa gauzatzen duen ala ez kontuan hartu gabe.

Arau orokorrak:

Aipatu zenbatekoak, era berean, kobratuko dira erantzukizunpeko adierazpenaren nahiz aurretiazko komunikazioaren prozedura jarraitzen den kasuetan.

II. epigrafea.–Hirigintza-dokumentuak izapidetzeari eta onesteari buruzko zerbitzu teknikoak edo administratiboak.

Tramitatzeagatik hirigintzako udal plana aldatzeko espedienteak, hiri-jarduketarako plan bereziak, plan berezi independenteak eta plan partzialak: 150,00 euro.

Tramitatzeagatik xehetasun-azterketen espedienteak, exekuzio-unitateen aldaketak, urbanizazio proiektuak, birpartzelazio proiektuak, konpentsazio-batzordeen estatutuak, hirigintza-hitzarmenak eta antzekoak: 100,00 euro.

Arau orokorrak:

Kasu horietan guztietan honako arau hauek aplikatuko dira:

–Prentsan eta/edo gainerako hedabideetan ateratzen diren iragarki eta argitalpenen zenbatekoa, araudiaren arabera argitaratzea beharrezkoa bada, interesdun/eskatzaileen kargura izanen da.

–Espedientea behin betiko onetsi ondoren, tasa honen zenbatekoa osorik kobratuko da, interesdun/eskatzaileak uko egiten dion kontuan hartu gabe.

III. epigrafea.–Hirigintzako kontsultei erantzutea.

–Hirigintza arloko galderei erantzuteagatik, txostenak eginez: 50,00 euro.

IV. epigrafea.–Udal katastroa aldatzeko espedienteetarako aholkularitza eta dokumentazioa prestatzea (Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroa).

–Tramitatzeagatik katastroan aldaketa egiteko espedienteak: 50,00 euro.

–Gainera, tramitazio hori katastroa berrikusteko urtero ezarritako datetatik kanpo egiten denean, interesdun/eskatzailearen kontura izanen dira katastroa kudeatzeaz eta mantentzeaz arduratzen den enpresak (TRACASA) egindako lanak/zerbitzu teknikoak.

II.–Ordenantza fiskala, Ingurumena babeste aldera kontrolatu beharreko jarduera sailkatuetarako eta jarduera kaltegabeetarako baimenak emateagatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituena

A.–Jarduera sailkaturako lizentzia: 400,00 euro.

B.–Jarduera sailkaturako lizentziaren berrikuspena: 200,00 euro.

C.–Jarduera sailkaturako lizentziaren aldaketa:

  • Aldaketa funtsezkoa: 400,00 euro.
  • Aldaketa ez-funtsezkoa: 200,00 euro.

D.–Irekitzeko lizentzia: 200,00 euro.

E.–Jarduera kaltegaberako lizentzia: 150,00 euro.

F.–Eskualdaketak eta aldaketak lizentzien titulartasunean: 150,00 euro.

H.–Instalazioak eta lokalak berriz irekitzeko baimena: 150,00 euro.

Arau orokorrak:

Kasu horietan guztietan aplikatuko dira honako arau hauek:

–Prentsan eta/edo gainerako hedabideetan ateratzen diren iragarki eta argitalpenen zenbatekoa, araudiaren arabera argitaratzea beharrezkoa bada, interesdun/eskatzaileen kargura izanen da.

–Espedientea behin betiko onetsi ondoren, tasa honen zenbatekoa osorik kobratuko da, interesdun/eskatzaileak uko egiten dion kontuan hartu gabe.

–Erantzukizunpeko adierazpenaren nahiz aurretiazko komunikazioaren prozedura jarraitzen den kasuetan, aplikatu beharreko tasaren zenbatekoa prozedura normalean ezarritakoaren %75 izanen da.

Iragarkiaren kodea: L2013614