277. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko azaroaren 11n hartua, hasiera ematen diona Tafallan merkataritza barruti bat jartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaren tramitazioari, PLAINCO SLk sustaturik. Espedienteak 1. sektoreko 2. lurzatiari eragiten dio.

Espedienteak Tafallako udal-mugarteko 26. poligonoko 13. katastro-lurzatiari eragiten dio, bat datorrena Tafallan merkataritza barruti bat jartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 1. exekuzio-unitateko 1. sektoreko 2. lurzatiarekin. Plan sektorial hori Nafarroako Gobernuak 2015eko martxoaren 4an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen (2015eko 55. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 23koa).

Helburua da zerbitzugune bat eta bi eraikin ezarri ahal izatea, hasiera batean UPSaren 2. lurzatian eraiki behar zirenak ez bezalakoak. Horretarako, honako hauek aldatzea proposatzen da:

–UPSaren araudiaren 10. artikulua, erabileren bateragarritasunen taula, “zerbitzugunea” erabilera berariaz sartuz “merkataritza” erabilera xehatuen zerrendan baimentzen direnen artean.

–2. lurzatiko eraikinen gehieneko lerrokadurak, zehaztutako inguratzailea iparralderantz handituz.

–2. lurzatian aurreikusitako merkataritza ezarpenaren oinarrizko proiektua. Horren ordez, proiektatutako establezimenduen bi oinarrizko proiektuak hartuko dira aintzat.

Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearekin bat, merkataritza establezimendu handiak baimendu eta ezartzeko, UPS bat tramitatu beharra dago. Merkataritza ezarpen horretarako orain proposatzen den aldaketak merkataritza baimen berria behar du, indarreko UPSaren aldaketa baten bidez, eta horren tramitazioa Nafarroako Gobernuari dagokio.

Era berean, proposamenak hirigintza antolamendu xehatuko determinazioak aldatzea dakar, eta horren tramitazioa Tafallako Udalari dagokio, Nafarroako Gobernuak 2015eko martxoaren 4an hartutako Erabakiaren arabera (2015eko 55. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 23koa), horren bidez onetsi baitzen UPSa. Izan ere, erabaki horren 7. puntuak hauxe ezartzen du: “Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 43. artikuluan xedatutakoaren arabera, baimena ematea Tafallako Udalari garapen tresnak (plan partzialak, plan bereziak eta xehetasun azterlanak) tramitatu eta onesteko, baita tramitatzen diren determinazio xehakatuen aldaketak ere”.

Horri dagokionez, 2020ko irailaren 14an, Tafallako Udalaren jarduneko alkatearen 2020ko irailaren 8ko Ebazpena jaso da, non eskatzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak batera tramitatu eta ebatz dezala “Tafallan, S-1 sektoreko 2. lurzatian, merkataritza barruti bat ezartzeko UPSaren aldaketa” izeneko proiektua, Plataforma de Instalaciones Comerciales SLk sustatua. Proiektu horretan jaso dira, bai lerrokaduren hirigintza-antolamendu xehatuaren aldaketa, bai merkataritza ezarpenaren aldaketa.

Espedientean, gainera, Tafallako Udalaren udal txosten bat sartu da, non adierazten baita NA-8607 errepidetik 2. lurzatian sartzeko eta bertatik ateratzeko bideak bide segurtasun arazoak eragiten dituela”, eta, horregatik, proposamena berrikusi beharko litzatekeela uste du. Udal txostenean adierazitakoa ikusirik, eta kontuan harturik bide-tarte hori Nafarroako errepide sarearen barruan dagoela, 2020ko urriaren 5ean Herri-lanetako Zuzendaritza Nagusiari eskatu zaio txosten bat egin dezan bere eskumeneko gaiari dagokionez.

Bestalde, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 24ko 286E/2020 Ebazpenaren bidez, aldaketa honen gaineko ingurumen txosten estrategikoa egin da, eta bertan adierazi da ez duela eragin nabarmenik ingurumenaren gainean.

Adierazi den bezala, aldaketan proposatutako moldaketek hauexei bakarrik eragiten diete: eraikinen gehieneko lerrokadurak, “merkataritza” erabilera xehatuaren definizioa, zehatzagoa baita orain, eta aurreikusitako merkataritza ezarpenaren oinarrizko proiektua. UPSak eremu horretarako ezartzen dituen gainerako hirigintza parametroak bere horretan uzten dira.

“Zerbitzugunea” erabilerari dagokionez, kontuan harturik estatuko eta Nafarroako legedian merkataritza erabilera gisa hartzen dela, edo erabilera horrekin erabat bateragarria, eta, Tafallako HAPOan, berriz, industria erabileraren barruan sartzen dela, egokitzat hartzen da baimendutako erabileren artean aipatzea berariaz.

Aparkalekuei dagokienez, justifikatua dago, salmentetara bideratutako eremua txikiagoa izanen denez, aparkaleku eskakizunak ere murriztea. Horrenbestez, erreserbatutako aparkatokien kopurua 70etik 65era murriztu bada ere, kopuru hori nahikotzat har daiteke proposatutako merkataritza ezarpenaren beharretarako, Tafalla UPSarekin eta haren mugikortasun azterketarekin bat.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2020ko urriaren 26ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Hasiera ematea Tafallan merkataritza barruti bat jartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaren tramitazioari, PLAINCO SLk sustaturik. Espedienteak 1. sektoreko 2. lurzatiari eragiten dio.

2. Jarraituko zaio egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari eta/edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

3. Oroitaraztea ezen, Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua arautzen dituen urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuaren xedapen iragankor bakarrean ezarritakoaren arabera, foru dekretu horrek indarra hartu zuen unean tramitazio fasean zeuden planeamendu tresnak, behin betiko onetsi baino lehen, foru dekretu horretan ezarritako aginduetara moldatu behar direla.

4. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalari entzunaldia ematea, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hilabete iraunen dute.

Hori helburu, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren webguneko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es. Ezarritako epe horretan, nahi beste alegazio aurkezten ahalko dira, idatziz.

5. Erabaki hau Tafallako Udalari, Mairagako Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari jakinaraztea eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 11n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2013499