276. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 25a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

61/2020 FORU AGINDUA, azaroaren 25ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez zati batean aldatzen baita Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu zituena Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz, eta azaroaren 4ko 58/2020 Foru Aginduak eta azaroaren 16ko 59/2020 Foru Aginduak luzatu eta zati batean aldatu zutena.

Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu horrek aparteko neurri murriztaileak onetsi zituen: ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuen jarduera eten zuen, mugatu zuen txikizkako merkataritza ixteko ordutegia eta hipermerkatu, azalera ertain eta handiko saltoki, merkataritza-parke edo horien parte diren establezimenduena eta bestelako zerbitzuena, mugak ezarri zituen garraio publikoaren jardueran, pertsona kopuru mugatua mantendu zuen eremu publiko eta pribatuko bilkuretarako, mugatu zuen kirol-eremuak erabiltzeko ordutegia, bai eta joko- eta apustu-lokalen eta ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dituzten establezimenduen erabilera ere. Foru agindu hori berretsi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2020ko urriaren 22an emandako autoaren bidez. Foru agindu horrek ezarri zuenez, neurrien indarraldia 2020ko azaroaren 4ra bitartekoa zen, egun hori barne, eta, egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahal ziren.

Ondoren, Osasuneko kontseilariaren azaroaren 4ko 58/2020 Foru Agindua onetsi zen, urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua luzatu eta zati batean aldatu zuena. Hartan, azaroaren 18ra arteko indarraldia ezartzen zen, egun hori barne, eta unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahal zen. Foru agindu hori berretsi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2020ko azaroaren 4an emandako autoaren bidez.

Azkenik, Osasuneko kontseilariaren azaroaren 16ko 59/2020 Foru Aginduaren bidez, 2020ko abenduaren 2ra arte luzatu eta zati batean aldatu zen urriaren 21eko 57/2020 Foru Agindua; luzapen hori berretsi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2020ko azaroaren 18an emandako autoaren bidez.

Foru agindu horietan adierazitako neurriek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, hark xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Une honetan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi duenez, egoera epidemiologikoa hau da: 100.000 biztanleko 373 kasu atzeman dira 14 egunean eta 146 kasu azken 7 egunean; positiboen tasa %8,8koa izan da azken astean. Ospitaleen gaineko presioari dagokionez, COVID-19a duten gaixoekin okupatuta daude ohe arrunten %11,64 eta ZIUko oheen %28,28. Datu horiek hobekuntza nabaria erakusten dute, bai eta beheranzko joera egonkorra ere, baina indizeak altuak dira oraindik, eta beraz, neurriak oso pixkanaka malgutzen joateko moduko ekintzak behar dira, beharrezkoa den arreta osoarekin.

Une honetako egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, eta Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrean jasotzen den proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, gizartearen interes ekonomiko, sozial eta kulturalak eta osasun publikoaren babesa ahal den neurrian uztartu nahian, eta ukitutako sektoreei kontsulta egin ondoren, bidezkoa da malgutzea Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduan eta ondorengo aldaketetan hartutako neurrietako batzuk.

Zehazki, honen bidez malgutzen da ostatuak eta jatetxeak ixteko neurria, eta terrazetako zerbitzua baimentzen da, betiere foru agindu honetan ezartzen diren baldintzekin. Horrekin batera, edukierak eta ordutegiak handitzen dira kulturaren arloan eta haurren jolastokien eta aire zabaleko kirol eremuen erabileran. Orobat, gaikuntza ematen zaio Eskubide Sozialetako kontseilariari gizarte zerbitzuen esparruko baliabideetan dauden egoiliarren bisita eta paseoetarako baldintzak malgutu ditzan.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Osasuneko kontseilariaren urriaren 21eko 57/2020 Foru Aginduaren puntu batzuk, ondotik zehazten direnak, aldatzea; foru agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz, eta azaroaren 4ko 58/2020 Foru Aginduak eta azaroaren 16ko 59/2020 Foru Aginduak luzatu eta zati batean aldatu zuten. Aldatutako puntuak honela idatzita geldituko dira:

“4.–Ostatuak eta jatetxeak.

4.1. Nafarroako Foru Komunitateko ostatu, jatetxe eta ostalaritzako establezimenduek eremu publikoan dituzten aire zabaleko terrazak irekitzea dekretatzen da.

Foru agindu honen ondorioetarako, aire zabalean dauden terrazak honakoak dira: eremu estalia edo estali gabea, aldeetan gehienez ere bi horma, pareta edo paramenturekin inguratua, eta azalera itxia, gehienez ere, aldeko perimetroaren %50ekoa duena, terraza atxikia duen eraikinaren fatxada barne, halakoa bada.

Ez dira paramentutzat hartzen espazio fisikoak mugatzeko erabiltzen diren eta airearen zirkulazio librea ahalbidetzen duten elementuak, finkoak nahiz mugikorrak, altuera edo bolumen gutxikoak (gehienez ere metro batekoak).

Lehendik dauden terraza baimenduetan, ez dira paramentutzat hartuko altuera handiagoko elementuak, finkoak nahiz mugikorrak, baldin eta 1,60 metroko altuera gainditzen ez badute.

Terrazak baldintza hauek betez irekiko dira:

a) Mahaien arteko tartea 2 metrokoa izanen da, mahaien ertzetik neurtuta.

b) Establezimenduetako titularrek seinaleak egin beharko dituzte lurrean, mahaiak kokatu behar diren tokietan, segurtasun tartea errespetatze aldera.

c) Mahai bakoitzaren bueltan, gehienez ere, lau pertsona egonen dira, eta kasu guztietan mantendu beharko da pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun tartea. 80 cm baino gutxiagoko aldea edo diametroa duten mahaien (eta/edo upelen) bueltan, gehienez ere, bi pertsona egonen dira, eserita betiere.

d) Terrazak 21:00etan itxiko dira beranduenez.

e) Debekaturik dago terrazetan erretzea 2 metroko segurtasun tartea gordetzea bermatzerik ez badago.

Toki entitateei gomendatzen zaie aire zabaleko terrazetarako eremuak handitzeko aukera aintzat hartzeko, baina beti bermatu beharko da mahaien arteko eta pertsonen arteko segurtasun tartea.

Nafarroako Foru Komunitateko ostatu, jatetxe eta ostalaritza- establezimenduen barrualdeko eremuek itxita segituko dute, eta ez da bertan kontsumitzen ahalko.

“11.–Liburutegiak.

11.1. Liburutegiek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan) beren jarduerei lotutako zerbitzuak emanen dituzte, baina okupazioak ezin izanen du gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren %50.

11.2. Sustatuko da erabiltzaileek zerbitzuak telematikoki erabiltzea.

11.3. Liburutegi eta ludoteketan haurrentzako jarduerak egiten ahalko dira, gehienez ere sei partaideko taldetan.

11.4. Gehienez ere 21:00ak arte egonen dira irekita”.

“15.–Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak.

Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak erabiltzen ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %50. 21:00ak arte egonen dira irekita”.

“17.–Monumentuak, erakustaretoak eta museoak.

17.1. Museoetan eta erakustaretoetan egiten diren jardueretan ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %50.

17.2. Ez da inauguraziorik edo ekitaldi sozialik eginen.

17.3. Bisita edo jarduera gidatuak gehienez ere 12 pertsonako taldetan eginen dira”.

“18.–Zinema-aretoak, antzokiak, auditoriumak, karpadun zirkoak eta antzekoak, aire zabaleko esparruak eta antzeko beste lokal batzuk, eta ikuskizun publikoetarako eta josteta edo aisialdiko jardueretarako establezimenduak.

18.1. Zinema-areto, antzoki, auditorium, karpadun zirko eta antzekoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute aurretik esleitutako eserlekuak erabilita, baldin eta gainditzen ez bada areto bakoitzean baimenduriko gehieneko edukieraren %40. Nolanahi ere, gehieneko edukiera ezin izanen da 150 pertsonatik gorakoa izan. Debekaturik dago jatea eta edatea puntu honetan aipatzen diren ikuskizun edo jardueretan. Gehienez ere 22:00ak arte egonen dira irekita.

18.2. Aire zabaleko esparruetan eta antzeko lokaletan egiten diren jardueretan, eta ikuskizun publikoetarako, josteta edo aisia jardueretarako establezimenduetan egiten direnetan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %40; edonola ere, 300 lagun bilduko dira gehienez.

18.3. Barrualdeko eremuetan 150 pertsona baino gehiago eta kanpokoetan 300 pertsona baino gehiago biltzen dituzten jardueretarako, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosten loteslea beharko da.”

“25.–Bisitak eta irteerak desgaitasuna dutenei eta adinekoei zerbitzuak emateko zentro sozio-sanitarioetan.

Desgaitasuna dutenei eta adinekoei zerbitzuak emateko zentro sozio-sanitarioetan bisitak eta irteerak baimenduko dira, betiere Eskubide Sozialetako kontseilariaren foru agindu baten bidez ezartzen diren kasu eta baldintzetan.

Bigarrena.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2020ko azaroaren 26tik abenduaren 2ra bitarte, bi egunak barne, eta, uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Hirugarrena.–Foru agindu hau igortzea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeatzailetzara, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira, Kultura Zuzendaritza Nagusira, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Laugarrena.–Foru agindu honek 2020ko azaroaren 26an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 25ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2014249