273. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2666/2020 EBAZPENA, azaroaren 9koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, deialdiak onesten dituena izangaien bi zerrenda hautaproben bidez osatzeko erdi mailako teknikari-liburuzainaren lanpostuak bete daitezen; zerrenda bat prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izanen da, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren abuztuaren 24ko 1943/2020 Ebazpenaren bidez, agindu zen hitzez hitz bete zedila 2019ko abenduaren 30eko 375/2019 epai irmoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak eman zuena Amaya Ibáñez Aguirre andreak funtzio publikoaren arloan aurkeztutako apelazio-errekurtsoan.

Ebazpen horrek, aipatu epaia betez, agindu du bertan behera utzi behar direla 2.1.c) eta 2.1.d) oinarriak, deialdian parte hartzeko ezinbesteko tituluei buruzkoak, erdi mailako teknikari-liburuzainen lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bidez egiteko deialdietan. Zerrendetako bat prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko da, eta bestea aldi baterako kontratazioak egiteko. Deialdi horiek Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren apirilaren 18ko 1048/2017 Ebazpenaren bidez onetsi ziren.

Orobat, agindu du Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez bi deialdi onets daitezela hautaproben bidez eratzeko erdi mailako teknikari-liburuzainaren lanpostuetan aritzeko izangaien bi zerrenda, bata aldi baterako kontrataziorako, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezietan aritzeko, eta, bestalde, horietan ezar dadila, parte hartzeko baldintza gisa, titulu hauetariko bat eduki behar dela: “Dokumentazioko lizentzia, Informazioko eta Dokumentazioko gradua, Bibliotekonomiako eta Dokumentazioko diploma edo aurrekoetako baten titulu baliokidea”.

Adierazten du, orobat, indarrean egonen direla azaroaren 20ko 2883/2017 Ebazpenaren bidez onetsitako zerrendak, erdi mailako teknikari-liburuzain gisa aldi baterako aritzeko izangaienak, harik eta erdi mailako teknikari-liburuzainaren lanpostuetan kontratudun gisa aritzeko eta prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda berriak onesten diren arte, aurreko apartatuan ezarritakoarekin bat onesten eta ebazten diren deialdiei jarraikiz.

Ezarritakoarekin bat, bidezkoa da deialdi bat onestea hautaproben bidez honako zerrenda hauek osatzeko: batetik, izangaien zerrenda bat erdi mailako teknikari-liburuzainaren lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestetik, zerrenda bat aipatutako lanpostuetan aldi baterako kontratudun gisa aritzeko. Zerrenda horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrei erantzuteko erabiliko dira, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetakoak izan ezik.

Apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, aldi baterako kontrataziora jo aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bertako langile finkoei eskainiko dizkiete bete nahi dituzten lanpostuak, eta, horretarako, behar diren hautaprobetarako deia eginen dute, lanpostu horietan prestakuntza egin nahi duten izangaien zerrendak egiteko.

Deialdi hauek honako hauetan ezarritakoari jarraikiz onesten dira: Administrazioaren zerbitzuko langileen prestakuntza eta lanbide hobekuntza arautzen dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezartzen duen abenduaren 30ean emandako 199/2004 Foru Agindua; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikulua; eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Erdi mailako teknikari-liburuzainaren lanpostuak betetzeko izangaien bi zerrenda hautaproben bitartez osatzeko deialdiak onestea: bata, prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko, eta bestea, aldi baterako kontratazioak egiteko, gero Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan (Osasun Departamentukoak kenduta) sortzen diren beharrei erantzuteko.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

I.–DEIALDIA, IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO, ERDI MAILAKO TEKNIKARI-LIBURUZAINAREN LANPOSTUETAN ARITZEKO, PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIETAN

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da erdi mailako teknikari-liburuzainaren lanpostuetan prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeran ariko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, C edo D mailakoa edo taldekoa, eta eskubidez dagokien gehieneko prestakuntzaldia agorturik ez izatea.

b) Lanpostuan gutxienez hiru urteko zerbitzualdia benetan egin izana.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat edukitzea: Dokumentazioko lizentzia, Informazioko eta Dokumentazioko gradua, Bibliotekonomiako eta Dokumentazioko diploma edo aurrekoetako baten titulu baliokidea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Titulu hori ezin da izan langile finkoari jarduneko zerbitzuan aritzeko balio diona.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

e) Erdi mailako teknikari-liburuzain gisa zerbitzu berezietan prestakuntza jasotzeko zerrenda batean ez egotea.

f) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten erdi mailako teknikari-liburuzainaren lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta prestakuntzak iraun bitartean ere.

2.3. Deialdi honetan ezin dute parte hartu Hezkuntza Departamentuko irakasleek, Osasun Departamentuko erakunde autonomoei atxikitako langileek, Nafarroan Justizia Administrazioan ari diren langileek, ez eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren aplikazio eremutik baztertutako langileek ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek II. eranskinean jasotzen den eskabidea erabili beharko dute eskaera egiteko.

Eskabide hori interesdunen eskura dago Interneten bidez, www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta. Halaber, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko bulego guztietan dago eskuragarri.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko.

Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean, zer egokitzapen eskatzen duten zehaztu. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Aurreko atalean xedatutakoa galarazi gabe, parte hartzeko eskabideaz beste agiririk ez da aurkeztu behar, izan ere, bigarren oinarriko 2.1.d) atalean eskatzen den titulazio baldintza eta, behar denean, 2.1.f) atalekoa izangaiei deitzen zaien unean frogatu beharko dira agiri bidez, bi deialdien oinarri amankomunetako zazpigarrenean ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.–Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

II.–DEIALDIA, ERDI MAILAKO TEKNIKARI-LIBURUZAIN GISA ALDI BATERAKO KONTRATATUAK IZATEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

Lehenbizikoa.

Deialdia egiten da erdi mailako teknikari-liburuzainaren lanpostuetan ariko diren izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez. Zerrenda hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko erabiliko da, Osasun Departamentuaren menpeko erakundeetan izan ezik.

Aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hori erabili baino lehen, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera prestatu diren edo etorkizunean prestatzen diren langile finkoen zerrendak erabiliko dira.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Dokumentazioko lizentziaren titulua, Informazio eta Dokumentazioko graduarena edo Bibliotekonomiako eta Dokumentazioko diplomarena edo horien baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Tituluak atzerrian lortu badira, homologatuta daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten erdi mailako teknikari-liburuzainaren lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Hirugarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1. Hautapen prozedura honetan parte hartu nahi dutenek III. eranskinean jasotzen den eskabidea beteta aurkeztu beharko dute.

Eskabide hori interesdunen eskura dago Interneten bidez, www.nafarroa.eus helbidean, deialdiaren fitxan, bai deialdia argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai deialdiaren estekatik abiatuta. Halaber, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko bulego guztietan dago eskuragarri.

Parte hartzeko eskabidean, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Nortasun agiri nazionalaren edo nortasun agiri baliokidearen kopia eskaneatua.

Dena dela, Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek, eskabide-orrian horretarako gaitutako laukitxoan, baimena ematen ahalko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari beren identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsultatzeko, datu horiek beharrezkoak badira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen nortasun agiri nazionalaren kopia edo nortasun agiri baliokidearena aurkeztea.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien kopia aurkeztu beharko dute eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.a) apartatuan nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, parte hartzeko eskabidean, zinpeko aitorpena egin beharko dute, edo hitzeman ez daudela beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe.

b) %33ko desgaitasuna edo handiagoa izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskabidean; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko. Halaber, beharrezkotzat jotzen dituzten denbora edo baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte. Kasu horretan, eskabidean adierazi egin beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean zehaztu zer egokitzapen eskatzen duten.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

3.3. Bigarren oinarriaren 2.1.c) atalean eskatzen den betebeharra, bai eta 2.1.f) atalean eskatutakoa ere, beharrezkoa denean, dokumentu bidez frogatu beharko dira lanerako deia egiten denean, deialdien arau amankomunetako zazpigarren oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.4. Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien kopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Dena dela, administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Laugarrena.–Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.

Deialdietarako arau komunen lehenbiziko eta bigarren oinarrietan ezarritako bitartekoak erabiliz eta epean aurkeztuko dira deialdian parte hartzeko eskabideak.

Bosgarrena.–Hautapen prozesua nola eginen den eta haren balorazioa.

Deialdietarako arau komunen bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat eginen da hautapen prozesua.

III.–BI DEIALDIETARAKO ARAU KOMUNAK

Lehenbizikoa.–Eskabideak aurkeztea.

Parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkeztu beharko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Nafarroako Gobernuaren Interneteko web atarian dago (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Halaber, deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkezten ahalko dira, edo beste edozein erregistro bulegotan (zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko web orrian ageri da: www.nafarroa.eus), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Bigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea.

Bi deialdietan, parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Izangaien onarpena.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak ikusgai jarriko ditu deialdietan onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrendak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan.

Zerrenda horien kontra, interesdunek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, edo eskabidean egindako akatsak zuzendu, idazki bat aurkeztuta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, hura argitaratu eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrendak behin betiko onetsiko dira zuzenean.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi eta argitara emanen ditu Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan, bertan adierazita noiz eta non eginen den deialdian ezarritako proba teorikoa.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

4.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Ana Isabel Olaso Val andrea, Kultura eta Kirol Departamentuko Nafarroako Liburutegiaren Ataleko burua.

Ordezko mahaiburua: María Luisa Garcés Álvarez andrea, Kultura eta Kirol Departamentuko erdi mailako teknikari-liburuzaina.

–Epaimahaikidea: Fernando Ross García jauna, Kultura eta Kirol Departamentuko Liburutegien Sarearen Ataleko burua.

Ordezko mahaikidea: María Pilar Los Arcos Sevillano andrea, Kultura eta Kirol Departamentuko erdi mailako teknikari-liburuzaina.

–Epaimahaikidea: Virginia Oyarzun Martínez andrea, Kultura eta Kirol Departamentuko Informazio Baliabideen Bulegoko burua.

Ordezko mahaikidea: Amaya Prado Fernández andrea, Kultura eta Kirol Departamentuko erdi mailako teknikari-liburuzaina.

–Epaimahaikidea: Langileen Batzordeak proposatuta izendatutako pertsona bat.

Ordezko epaimahaikidea: Langileen Batzordeak proposatuta izendatutako pertsona bat.

–Epaimahaikide-idazkaria: Alfredo Manuel Prado Santamaría jauna, Kultura eta Kirol Departamentuko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Ordezko mahaikide-idazkaria: Juan Carlos Orenes Ruiz jauna, Kultura eta Kirol Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

4.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, kalifikazio epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

4.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburu eta idazkari lanak egiten dituzten pertsonek edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdietako oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

4.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

Bosgarrena.–Proba.

5.1. Hautapen prozesua proba baten bidez eginen da. Probak bi zati izanen ditu eta egun berean eginen dira. Hona hemen:

–Lehenbiziko zatia: gehienez ere, test motako 50 galdera erantzun beharko dira, idatziz, ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Probaren zati honek gehienez 90 minutu iraunen du.

Probaren zati honek 50 puntuko kalifikazioa du, gehienez ere.

Probaren zati hau egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta kalkulagailurik, gailu elektronikorik, hiztegirik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

–Bigarren zatia: kasu praktiko batzuk ebatzi beharko dira, idatziz, ebazpen honen I. eranskinean ageri den gai zerrendako 4tik 6ra bitarteko gaietako edukiekin lotuak.

Proba hau egiteko honako argitalpen hauek ekar ditzakete izangaiek, kontsultatzeko edukiko dituztenak: indarra duten katalogazio arauak (1995eko arg. edo gerokoa), ISBD kontsolidatua (2011), MARC21 Formatua (argitalpen osoa, 30. eguneraketa, 2020ko maiatza edo gerokoa), Sailkapen Hamartar Unibertsala (2004ko edizioa edo gerokoa) eta liburutegi publikoetan indarra duen Gaien idazpuruen zerrenda (1986) eta Espainiako Liburutegi Nazionalaren monografia modernoetarako RDA aplikazio profila (02 bertsioa edo gerokoa).

Probaren zati honek gehienez 90 minutu iraunen du.

Probaren zati honek 50 puntuko kalifikazioa du, gehienez ere.

Plika sistemaren bidez eginen da probaren zati hau.

5.2. Probak 100 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

5.3. Probarako dei bakarra eginen da. Parte-hartzaileek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat aldean dutela agertu beharko dute proba egitera. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertu eginen dira.

5.4. Proba egiteko, desgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak jarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Seigarrena.–Emaitzak.

6.1. Proba kalifikatzen bukatu ondotik, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan argitaratuko ditu lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak egiteko.

6.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, parte-hartzaileen artean berdinketarik izanez gero, epaimahaiak irizpide hauen arabera jokatuko du:

a) Izangai berriak prestakuntzaldian aritzeko deialdia: deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean izangaiek aitortuta daukaten antzinatasunaren arabera hautsiko dira berdinketak, antzinatasun handiena duena lehenetsiz. Berdinketak jarraitzen badu, aldi baterako kontratazioetarako deialdian ezarritako irizpideari jarraikiz hautsiko dira berdinketak.

b) Aldi baterako kontratazioetarako deialdia: berdinketak zozketa bakar baten bidez erabakiko dira, zeina kalifikazio epaimahaiak eginen baitu. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren webgunean eta iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean.

6.3. Aurkeztutako alegazioak eta berdinketak ebatzita, epaimahaiak honako zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizita, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan:

–Prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangai berrientzako deialdiko hautapen prozesua gainditu dutenen zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

–Aldi baterako kontratatuak izateko deialdiko hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren arabera.

6.4. Oinarri honetan ezarritako jarduketak bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dizkio proba gainditu duten izangaien zerrendak, onets ditzan. Zerrendekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa ere bidaliko dio.

Zazpigarrena.–Erdi mailako teknikari-liburuzainaren lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak, eta lanerako dei egitea.

7.1. Hautapen prozesuaren espediente osoa jaso ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez onetsiko ditu izangaien zerrendak. Ebazpen hori argitara emanen da Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus) eta iragarki-taulan.

7.2. Izangaiak prestakuntzaldian aritzeko deia eta, hala badagokio, prestakuntzarako zerbitzu berezietako egoeraren deklarazioa honako hauetan ezarritakoaren arabera eginen dira: apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretua; Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 30eko 199/2004 Foru Agindua, prestakuntzarako lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendak osatu eta kudeatzeko prozedura ezarri zuena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

7.3. Izangaiei aldi baterako kontratatzeko dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzerakoan, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honetako oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, 4. apartatuan, ezarritakoa, non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak.

7.4. Deia jasotzen dutenek eskatutako tituluaren betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte; horretarako, Dokumentazioko lizentziaren, Informazio eta Dokumentazioko graduaren edo Bibliotekonomia eta Dokumentazioko diplomaren titulua edo horien baliokidearen fotokopia aurkeztu beharko dute, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, betiere eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen eskuratua.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak hautapen prozesutik baztertu eginen dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira.

Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

7.5. Dei egiten bada erdi mailako teknikari-liburuzainaren lanpostuetan aritzeko, deia jaso dutenek frogatu beharko dute ez direla epai irmo baten bidez kondenatuak izan sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztuz, edo administrazio honi berariazko baimena emanez ziurtagiri negatiboa eska diezaion Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari.

Estatuz kanpoko izangaiek Sexu Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboaz gain (aurreko lerroaldean ezarritakoa), zigor penalik ezaren ziurtagiria aurkeztuko beharko dute, haien jatorrizko herrialdeko edo estatuko agintariek luzatua, Sexu Delitugileen Erregistro Zentrala arautzen duen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 1. apartatuko zerrendako delituei dagokienez.

7.6. Erdi mailako teknikari-liburuzain lanpostuak aldi baterako betetzeko B motako gidabaimena izatea beharrezkoa denean, izangaiek baimen hori badutela frogatu beharko dute dei egiten zaienean.

Zortzigarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2020ko azaroaren 9an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ordezko gisa, hura kanpoan baita (196/2019 Foru Agindua, abenduaren 18koa), Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuko zuzendaria, María Pilar Goñi Muro.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. Liburuzaintzako legeria Espainian: 10/2007 Legea, ekainaren 22koa, Irakurketari, Liburuari eta Liburutegiei buruzkoa. 1/1996 Legegintzako Errege Dekretua, apirilaren 12koa, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onesten duena, arlo horretan indarra duten lege-xedapenak erregularizatu, argitu eta bateratzekoa, eta haren ondorioak liburutegien jardunean. 32/2002 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako liburutegi sistema arautzen duena. 14/2005 Foru Legea, azaroaren 22koa, Nafarroako Kultur Ondareari buruzkoa. 1/2019 Foru Legea, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzkoa.

2. Liburutegiak: kontzeptua, motak eta eginkizunak. Liburutegi nazionalak eta autonomia erkidegoetakoak. Espainiako Liburutegi Nazionala. Nafarroako Liburutegia. Liburutegien arteko elkarlana, lankidetza eta koordinazioa. Erakundeak, elkarteak eta proiektuak, nazionalak eta nazioartekoak.

3. Bildumen kudeaketa eta garapena liburutegi publikoetan: hautaketa, eskuratzea, ebaluazioa. Bildumaren erabilera adierazleak. Funtsen antolaketa eta sailkapena. Nafarroako Foru Komunitatearen bildumak.

4. Dokumentuen funtsen prozesu teknikoa liburutegian. Deskripzio bibliografikoa: kontzeptua, eginkizuna eta arautegia. Hizkuntza dokumentalak eta sailkapen sistemak. MARC 21 informazio bibliografikoa kodetzeko formatu gisa. RDA estandarra: oinarriak eta funtsezko arauak. Espainiako Liburutegi Nazionalaren RDA aplikazio profila monografia modernoetarako.

5. Autoritateen kontrola eta kudeaketa. Autoritateen katalogo nagusiak sarean. Adierazle egonkorrak Interneten.

6. Liburutegiak kudeatzeko sistema integratuak, AbsysNetek aipamen berezia duela. OPACa eta bilaketa estrategiak. Aurkikuntzarako tresnak.

7. Liburutegi publikoen zerbitzuak eta jarduerak. Aurrez aurreko zerbitzuak eta birtualak: liburutegien zerbitzuak planifikatu, kudeatu, zabaldu eta ebaluatzeko jarraibideak.

8. Informazio baliabideen kudeaketa, erreferentzia zerbitzuaren ikuspegitik: motak, iturriak, erremintak eta bilaketa teknikak.

9. Irakurketa, kultura ohiturak eta argitalpena XXI. mendean: kongresuak, jardunaldiak eta azokak. Liburu elektronikoa: tresnak, plataformak eta zerbitzuak.

10. Ondare bibliografikoa: kontserbazioa, katalogazioa eta zabalkundea. EOBKK eta Nafarroako Ondare Bibliografikoaren Katalogo Kolektiboa.

11. Ondare zinematografikoa eta ikus-entzunezkoen ondarea: euskarri fotokimikoak, magnetikoak eta digitalak. Filmotekak, ikus-entzunezkoen ondarea gorde, zaindu, katalogatu eta zabaltzeko gune gisa.

12. Kultura ondareko liburutegi digitalak: objektu digitalak digitalizatu, sortu, gorde eta zabaltzea. Sarrera irekiko gordailuak eta informazioa berriz erabiltzea. Europeana, Hispana eta BiNaDi.

13. Lege gordailua. 23/2011 Legea, uztailaren 29koa, Lege gordailuari buruzkoa. 635/2015 Errege Dekretua, uztailaren 10ekoa, lineako argitalpenen lege gordailua arautzen duena. 33/2013 Foru Dekretua, maiatzaren 29koa, Nafarroako Foru Komunitateko lege gordailua arautzen duena.

Oharra: gai guztiak deialdi hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunean indarra duen legediaren arabera eskatuko dira.

II. ERANSKINA

Prestakuntzarako zerbitzu berezietarako eskabidea (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langile finkoek baino ez) (PDFa).

III. ERANSKINA

Aldi baterako kontrataziorako eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2013454