272. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1127/2020 EBAZPENA, azaroaren 10ekoa, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez epea irekitzen baita tituluak egiazta ditzaten Hezkuntza Departamentuko Inklusiorako Laguntzako teknikariak aldi baterako kontratatzeko zerrenda indardunetan dauden izangaiek.

Irailaren 16ko 10/2020 Foru Lege-dekretuaren bidez, neurri batzuk onesten dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen arlokoak. Bada, foru lege-dekretu horren 2. artikuluan, Inklusiorako Laguntzako teknikarien lanpostua sortzen da, C mailan/taldean sartzen dena, eta horrez gain, Hezkuntza Departamentuari atxikitako zaintzaileen lanpostuaren izena eta lanpostua bera aldatzen dira; izan ere, hemendik aurrera, Inklusiorako Laguntzako teknikarien lanpostu bihurtzen da.

Era berean, ezartzen da ezen, Inklusiorako Laguntzako teknikarien lanpostuetan sartzeko, Gizarte integrazioko goi mailako teknikari titulu berariazkoa izan beharko dela; edo, bestela, Batxilergoko titulua edo baliokidea, eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen arretaren profesionaltasun ziurtagiria.

Aurrekoa gorabehera, bost urteko bitarteko aldi bat ere ezartzen da, 2020ko irailaren 22tik hasita, aurreko paragrafoan adierazitako titulu berariazkoak eskatzeko, Inklusiorako Laguntzako teknikarien lanpostuak aldi baterako betetzen direnean. Aldi horretan, lanpostu horiek aldi baterako betetzen ahalko dituzte C mailako lanpostuak betetzeko eskatzen diren titulu orokorrak (Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren graduko titulua edo baliokidea) dituzten izangaiek.

Horrekin batera, hirugarren xedapen iragankorrak ezartzen duenez, indarrean jarraituko dute Hezkuntza Departamentuko zaintzaileen lanpostuak betetzeko 2020ko irailaren 22an indarrean dauden kontratazio zerrendek, Inklusiorako Laguntzako teknikarien lanpostuak betetzeko. Kontratu berriak egin ahal izateko, lanpostuaren maila edo talde berriari dagokion titulu berariazkoa edo titulu orokorrak eskatuko dira bitarteko aldian.

Ondorio horietarako, honako hau ezartzen du xedapen iragankor beraren 2. apartatuak: “Xedapen honetan aipatzen diren kontratazio zerrenda indardunak kudeatzen dituzten organoek zerrenda horietako izangaiei eskatuko diete frogatu ditzatela maila/talde berrirako beharrezkoak diren baldintzak, kontrataziorako deitzen zaienean, edo, bestela, epe orokor bat irekiko dute zerrendako izangai guztiek aukera izan dezaten frogatzeko baldintza horiek betetzen dituztela.

Lanpostuaren maila/talde berrirako eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak ez dira deitzeko moduan egonen kasuan kasuko zerrendan, eta deitzeko moduan egotera pasatuko dira frogatzen dutenean eskuratu dituztela edo badituztela aipatutako baldintzak.”

Horiek horrela, erabiliz Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 208/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Prozedura onestea tituluak egiazta ditzaten Hezkuntza Departamentuko Inklusiorako Laguntzako teknikariak aldi baterako kontratatzeko zerrenda indardunetan dauden izangaiek. Zerrenda horiek dira, hain zuzen ere, irailaren 16ko 10/2020 Foru lege-dekretuaren hirugarren xedapen iragankorrean aipatzen direnak.

2. I. eranskina onestea eta Nafarroako web-orrian argitaratzea (http://www.nafarroa.eus). Eranskin horretan ageri da zein izangai dauden deitzeko moduan (tituluak egiaztatuta izateagatik) Hezkuntza Departamentuko Inklusiorako Laguntzako teknikariak kontratatzeko zerrenda indardunetan; zerrenda horiek indarrean egonen dira 2020-2021 ikasturterako.

II. eranskina onestea eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratzea (http://www.nafarroa.eus). Eranskin horretan ageri dira Inklusiorako Laguntzako teknikariak kontratatzeko zerrenda indardunetan dauden eta tituluak egiaztatu beharra duten izangaiak.

3. Hamar egun balioduneko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, titulazioa egiaztatu beharra dutenen zerrendan ageri diren izangaiek (II. eranskina) titulu hauetakoren bat aurkez dezaten:

–Titulu orokorrak:

  • Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren graduko titulua edo horien baliokidea.

–Titulu berariazkoa:

  • Gizarte Integrazioko goi mailako teknikaria.
  • Batxilergoko titulua edo baliokidea, eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen arretaren profesionaltasun ziurtagiria.

4. Tituluak aurkezteko, http://www.nafarroa.eus helbidean argitaratutako fitxaren bidez bakarrik eginen da.

5. Epe hori iraganda, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (http://www.nafarroa.eus) argitaratuko da tituluak egiaztatuta dauzkaten eta deitzeko moduan dauden izangaien behin-behineko zerrenda, bai eta tituluak egiaztatuta ez izateagatik eskuragai ez daudenena ere; eta hamar egun balioduneko epea irekiko da, zerrendak argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkeztu, eta, kasua bada, egindako akatsak zuzentzeko.

6. Aurreko apartatuan adierazitako epea iraganda, eta aztertu ondoren aurkeztutako erreklamazioak eta akats-zuzenketak, adierazitako web-orrian argitaratuko da behin betiko zerrenda, deitzeko moduan dauden izangaiekin eta deitzeko moduan ez daudenekin (tituluak ez egiaztatzeagatik).

7. Adieraztea ezen deitzeko moduan ez dauden izangaien zerrendan agertzen diren izangaiak, baldintzak lortu dituztela edo badituztela egiaztatzen dutenean, deitzeko moduan egotera pasatuko direla.

8. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (http://www.nafarroa.eus) argitaratzea.

9. Adieraztea ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko azaroaren 10ean.–Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria, Isidra Roldán Arróniz.

Iragarkiaren kodea: F2013468