272. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, udaltzain-agente izateko 3 lanpostu oposizio bidez betetzeko, lanpostu kopurua handitzeko aukerarekin

Eguesibarko Udaleko Gobernu Batzarrak 2020ko urriaren 20an erabakita, deialdi bat onetsi zen Eguesibarko udaltzain-agente izateko 3 lanpostu oposizio bidez betetzeko, lanpostu kopurua handitzeko aukerarekin.

Hautapen prozesua arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Sarrigurenen, 2020ko urriaren 20an.–Alkatea, Amaya Larraya Marco.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Eguesibarko Udaltzaingoko udaltzain izateko 3 lanpostu oposizio bidez betetzea, honako txanda hauetan banatuta, bat etorriz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.3 artikuluan ezarritakoarekin (LFD horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina):

a) 1 txanda irekian: 10.24 kodea duen lanpostua.

b) 2 igoera txandan, Nafarroako Administrazio Publikoko langileentzat: 10.25 eta 10.26 kodeak dituzten lanpostuak.

1.2. Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekiko lanpostuei gehituko zaizkie.

1.3. Halaber, igoera txandan hutsik dauden lanpostuak baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditurik ere lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehia garbian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera, ezagutzei buruzko probako puntuazioa, proba fisikoetakoa eta proba psikoteknikoetakoa baturik.

1.4. Deialdiko lanpostuen kopurua handitzen ahalko da hautapen-prozesuan, tokiko gobernu batzarrak berariaz harturiko erabaki baten bidez, betiere izangaiek deialdi honetan aurreikusitako oinarrizko prestakuntza ikastaroa hasi baino lehen. Deialdiko lanpostuak handitzeko erabakia argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan eta udal webgunean.

1.5. Izendatzen den izangaiak polizien eginkizunak beteko ditu, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean ezarritakoak, eta foru lege horretan ezartzen diren mailetatik C mailaren barnean geldituko dira sailkaturik.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Txanda irekia.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintzak hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Adinez nagusia izatea eta erretiroko adina ez gainditzea.

c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua, edo baliokideren bat izatea.

Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eduki beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, eta ez sartzea deialdiaren III. eranskinean ageri diren baztertzeko arrazoi medikoetan.

e) Dolozko delitu bat dela kausa kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) Gutxienez A2 eta B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen adierazpenaren bidez adieraziko da.

h) Haurrendako eta nerabeendako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

3.2. Igoera txanda.

Txanda irekiko izangaiei eskatutako baldintzez gain, igoera txandako izangaiek baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

Igoera txandaren bidez lanpostu horietako bat eskuratu nahi duten izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa, eta Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela zerbitzuak kidego horietan.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri dena aplikatuz, igoera txandan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere txanda horretan parte hartzen ahalko dute.

b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

c) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

3.3. Baldintza horiek denak eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen eta lanpostuaz jabetu arte bete beharko dira, 3.1.f) eta 3.1.b) oinarrietakoak izan ezik. Lehenbizikoari dagokionez, oinarrizko prestakuntza ikastarorako (deialdiaren 7.3 apartatuan aipatua) izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako bete beharko da, eta, bigarrenari dagokionez, aski izanen da eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen betetzea.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren.

a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskabideak aurkeztuko dira Udalaren erregistro elektronikoan, Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokorrean (Herritarrendako Harrera Bulegoa, Garajonay kalea 1, 31621 Sarriguren), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 16.4. artikuluan jasotzen diren bitartekoetako bat erabiliz.

c) Eskabidearen eredu ofiziala deialdiaren IV. eranskinean ageri da. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.valledeegues.es helbidean, edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean, deialdia argitaratzen denean.

Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.2. Izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:

a) Osasun ziurtagiri ofiziala, II. eranskinean ageri diren proba fisikoak egiteko gaitasuna egiaztatzekoa.

b) Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 15 euroko tasa ordaindu izanaren frogagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Sistema hauetakoren bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

–Sarrera eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez eginez, kontu zenbaki honetan: ES71 2100 5323 4922 00081658 (La Caixa). Horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

  • Izangaiaren izen-deiturak.
  • NAN/IFZ.
  • Kontzeptua: Eguesibarko udaltzain-agentea izateko probak, 2020.

c) Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia.

d) Deialdi honetan eskatzen den titulu akademikoaren fotokopia.

e) Euskararen ezagutzaren egiaztagiria (originala edo kopia konpultsatua), hala dagokionean.

f) Igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna frogatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute, zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak egiteko eginkizuna esleitua duen organoak emana.

4.3. Baldin eta 4.1 eta 4.2 apartatuetan aurreikusitakoa betetzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

4.4. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

5.–Onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Horretarako, bi zerrenda eginen dira, izangai mota hauen arabera:

1.–Txanda irekiko izangaiak.

2.–Igoera txandako izangaiak.

5.2. Erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoren, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko. Ebazpen horretan, orobat, hautaprobak egiteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.

Era berean, izangai onartu eta baztertuen zerrendak, bai behin-behinekoa, bai behin betikoa, interesdunen eskura egonen dira Udalaren ediktu-taulan eta Interneteko www.valledeegues.es webgunean.

6.–Kalifikazio epaimahaia.

6.1. Osaera.

Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Amaya Larraya Marco, Eguesibarko alkatea.

Ordezkoa: María Inmaculada Múgica Ustarroz, Eguesibarko alkateordea.

–Epaimahaikidea: Íñigo de Carlos Mina, Eguesibarko Udaltzaingoko burua.

Ordezkoa: J. Antonio Barbería Azpiroz, Eguesibarko Udaltzaingoko agente lehena.

–Epaimahaikidea: Ramón Duque Molina, Eguesibarko Udaltzaingoko agente lehena.

Ordezkoa: Jesús Moriones Oyaga, Eguesibarko Udaltzaingoko inspektoreordea.

–Epaimahaikidea: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkariek izendaturiko pertsona bat.

Ordezkoa: Eguesibarko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkariek izendaturiko pertsona bat.

–Idazkaria: Jesús Erburu Arbizu, Eguesibarko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Pablo Gil Morrás, Eguesibarko Udaleko aholkulari juridikoa.

6.2. Eraketa eta jarduna.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago kideen gehiengo osoa gutxienez.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien legezko ordezkoek.

Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak.

Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari, administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du. Aholkulari horiek dagozkien espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira, eta epaimahaiari horietan baizik ez diote lagunduko.

7.–Oposizioa nola eginen den.

7.1.1. Oposizioa 2021. urteko lehen hiruhilekoan hasiko da. Hautapenaldiko proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira eta nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute izangaiek.

Deialditik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Lehen fasea hautapenaldia izanen da, probak egitekoa (I. eranskineko gai zerrendari buruzkoa, gaitasun fisikoa neurtzeko probak, proba psikoteknikoa, euskara proba, eta proba medikoa); bigarren fasean, oinarrizko prestakuntza ikastaro bat gainditu beharko da. Proba horiek baztertzaileak izanen dira, psikoteknikoa salbu.

Oposizioaldiko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Udalaren ediktu-taulan eta webgunean, gainditu duten eta baztertu diren izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin. Halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua emanen da aditzera, berrogeita zortzi ordu lehenago gutxienez.

7.1.2. Oposizioaldiko probak.

Oposizioaldian proba hauek izanen dira:

a) Proba teorikoa: hautapen proba bat izanen da, eta 100 galderako galde-sorta bati erantzun beharko zaio; erantzuteko hiru aukera emanen dira, baina horietariko bakarra izanen da zuzena. Galderak izanen dira deialdiaren I. eranskinaren edozein ataletan jasotzen diren gaiei buruzkoak. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Galde-sorta gehienez ere ehun eta berrogeita hamar punturekin baloratuko da (150), 1,5 puntu zuzen erantzuten zaion galdera bakoitzeko. Zigortu eginen dira erantzun okerrak, galderaren balioaren heren bat kenduta, hots, 0,50 puntu.

Baztertuak izanen dira gutxienez 75 puntu erdiesten ez dituztenek eta lehendabiziko 40 izangaien artean ez daudenak, hurrengo apartatuan adierazi bezala.

Galderak izanen dira deialdia argitaratu egunean indarrean dagoen araudiari buruzkoak.

b) Gaitasun fisikoa neurtzeko probak: deialdiaren II. eranskineko ariketa fisikoak egin beharko dira; guztiak baztertzaileak izanen dira, eta ez dute punturik emanen. Oposiziogileak “gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira.

Proba honetan izangai hauek soilik parte hartuko dute: gutxienez 75 puntu erdietsi dituztenak eta proba teorikoan 40 kalifikazio handienen artean daudenak. Gainerako izangaiak baztertu eginen dira. Berrogeigarren postuan puntuazio-berdinketa gertatuz gero, puntuazio bera duten guztiak pasatuko dira. Gainerako izangaiak baztertu eginen dira.

Izangaiak behartuta egonen dira dopinaren kontrako kontrola egitera, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Behar den organo espezializatuak eginen ditu jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak. Horrenbestez, debekatuta daude Kirol Kontseilu Gorenak 2007ko abenduaren 28an emandako ebazpenaren I. eranskinean ageri diren substantziak, talde farmakologikok, dopin metodoak eta manipulazioak (kirolean debekatutako substantzien eta metodoen zerrenda, 2008ko 5. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, urtarrilaren 5ean), eta, bestalde, indarrean segitzen dute Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzak kirolean debekatuta dauden metodo eta substantzien zerrenda onesteko 2006ko abenduaren 21ean emandako ebazpenaren IV. eta V. eranskinek (animaliengan, galgoengan eta lehiaketa hipikoetan debekaturik dauden substantzien eta metodoen zerrendak dituztenak, hurrenez hurren), Osasuna Babesteari eta Kiroleko Dopinaren kontra Borrokatzeari buruzko azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren babesean. VI. eranskinak ere indarrean segitzen du, kirolean dopina erabiltzearen kontrako UNESCOren Nazioarteko Konbentzioaren II. eranskinari aurka egiten ez dion guztian. Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.

c) Proba psikoteknikoa: zenbait proba eginen dira, izangaiak lanpostuko lanbide-profilaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko ditu eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako. Gehienez ere 10 puntu emanen dira proba honetan, eta ez da baztertzailea izanen.

d) Euskara ezagutzaren proba: gehienez ere 10 puntu emanen dira. Proba hau egitea hautazkoa da eta ez da baztertzailea.

Puntuazioa zehazteko, kontuan hartuko da zenbat proba gainditzen diren berariaz prestatutako proba espezifikoetatik; bost zailtasun maila izanen dira, eta adierazitako gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen zaio maila bakoitzari.

Euskararen ezagutzaren balorazioa eginen da Eguesibarko Euskararen erabilera eta sustapenerako ordenantzaren 16., 17. eta 18. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Probaren ordez, EGA titulua aurkezten ahalko da, edo Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea den beste titulu ofizial bat. Deialdi honetan euskararen ezagutzari ematen zaion gehieneko balorazioa jasoko da halakoetan, 10 puntu, alegia.

Titulu hori izan ezean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da (2 puntu), A2 maila izanez gero, 2/5 (4 puntu), B1 izanez gero, 3/5 (6 puntu), eta B2 izanez gero, 4/5 (8 puntu). Titulu baliokideek balorazio bera izanen dute. Bestalde, gehieneko puntuazioaren 1/12 lortuko da Nafarroako Gobernuak antolatzen dituen ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko.

e) Proba medikoak: a), b), c) eta d) apartatuetan jasotako probak egindakoan, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan emanen du argitara oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartu diren izangaien zerrenda, osotara eskuratutako puntuazioen hurrenkeraren arabera, handienetik txikienera.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin-behinekoz onartutako izangaiei dei eginen zaie (deialdiari dagozkion lanpostu kopuruan, eta hala badagokio, lanpostu kopuru handituan) egin ditzaten haien gaitasun psikofisikoak egiaztatzeko beharrezko diren proba medikoak, deialdi honen 3.1 apartatuaren d) letran ezarritako moduan. Osasun azterketa Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzuko Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak eginen du edo, hala behar bada, behar bezala onetsitako kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

Proba medikoetan izangaiei “gai” edo “ez gai” kalifikazioa emanen zaie. “Gai” kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

Izangai batek “ez gai” kalifikazioa jasotzen badu, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio proba medikoetara, osotara erdietsitako puntuazioaren arabera eta deialdiko plaza guztiak (eta hala dagokionean, gehitutakoak) bete arte.

7.1.3. Proba medikoen ondoren eta hurrengo apartatuan adierazten den dokumentazioa behar bezala betetakoan, oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin betiko onartutako izangaien zerrenda argitaratuko du epaimahaiak, proba bakoitzeko puntuazioak batuz osotara erdietsitako puntuazioen hurrenkeraren arabera, handienetik txikienera.

7.1.4. Dokumentazioa.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan parte hartu ahal izateko, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Eguesibarko Udalaren ediktu-taulan jendaurrean jarri eta handik hamabost egun naturalean, izangaiek frogatu beharko dute deialdiaren 3. oinarriaren c), e), f) eta g) baldintzak betetzen dituztela. Horretarako, ondoko dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Eguesibarko Udalaren Erregistro Orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

–Batxilergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako tituluaren edo horien balio bereko tituluaren fotokopia konpultsatua, bi aldeetatik.

–Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia konpultsatua, bi aldeetatik.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela dolozko delitu bategatik kondenatua izan, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

Eguesibarko Udaleko Giza Baliabideen Alorrak Justizia Ministerioaren Zigortu eta Auzi-iheslarien Erregistro Nagusiari eskatuko dio izangaiek aurrekari penalik ez dutela edo haiek ezereztu direla frogatzen duen agiria eta ofizioz erantsiko dio espedienteari.

–Justizia Ministerioaren mendeko Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiria. Haurrendako eta nerabeendako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

–Zin egin edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

–Armak eramateko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

Epaimahaiak, izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta azterketa medikoaren emaitzak ikusirik, hautapen prozesuan sortutako bajak ezarriko ditu, eta baja haiek bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin beteko ditu, betiere proba medikoak gainditu eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Hori egindakoan, oinarrizko prestakuntzako ikastarora onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da Udalaren iragarki-taulan edo www.valledeegues.es webgunean.

Agiri horiek aipatu epean aurkezten ez dituzten izangaiak hautapen-prozesutik kanpo geratuko dira.

8.–Lanpostu kopurua handitzea.

Eguesibarko Udalak deialdiaren xedeko lanpostuen kopurua handitzen ahalko du, deialdia onetsi ondoren agerturiko beharrengatik eta plantilla organikoan lanpostu hutsik sortuz gero, baldin eta horretarako aurrekontu erabilgarririk badago. Hurrengo oinarrian jasotako oinarrizko ikastaroa egin aurretik handituko da, betiere.

Lanpostu kopurua handitzen bada, handitzeko ebazpena argitaratuko da Eguesibarko Udalaren iragarki-taulan, haren webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Halaber, ukitutako pertsonei jakinaraziko zaie.

9.–Oinarrizko prestakuntza ikastaroa.

Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du, gainditu egin beharko da eta gobernatuko dute Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduek eta aplikagarriak diren gainerako xedapenek.

Azaroaren 20ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, izangairen batek deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, gainditu badu, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, ikastaroen edukien berdintasuna edo baliokidetasuna frogatzen duena, bai eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak ere. Egiaztagiri hori aipatu eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Halaber, Nafarroako Segurtasun Eskolari dagokio beste ikastaro eta diploma batzuk osotasunean edo zati batean baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenean, edo Nafarroako Segurtasun Eskolak berak lehenago, betiere edukiak baliokideak badira. Halakoetan, kasua bada, kalifikazioa ere emanen du.

Izangaiek, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, C mailaren hasierako soldatari dagokion lansaria jasoko dute, bai eta, hala badagokie, familia laguntza ere.

Bestetik, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, salbu eta lehendik Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen eskubide pasiboen beste araubide batean afiliatuta zeudenak, horrexetan segituko baitute.

Praktiketako funtzionario izateak ez ditu ematen eskuratu nahi den lanpostuari dagozkion eskubideak.

Ikastarotik baja emateak berekin ekarriko du oposizioan segitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinarazi beharko zaio. Epaimahaiak emanen dio baja horren berri Udalari.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan behin betiko onartuak izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egiten den bitartean edo hura bukatutakoan, beharrezko proba mediko guztiak egiten ahalko zaizkie parte-hartzaileei, deialdiaren 3.1.d) oinarrian eskatzen den baldintza betetzen segitzen dutela egiaztatzeko. Proba horien bidez atzematen bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja emateko hautapen prozesutik, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko dute.

Prestakuntza ikastaroa gainditzen duten izangaiek, hautapen prozesuan gaitasun psikofisikoa galtzeagatik baja eman ez bazaie, praktiketako funtzionarioak izaten segituko dute lanpostuaz jabetu arte.

Oposiziotik bazterturik geldituko dira oinarrizko prestakuntza ikastaroa gainditzen ez dutenak. Nafarroako Segurtasun Eskolak prestakuntza ikastaroko izangaiei ematen dien kalifikazioa loteslea izanen da epaimahaiarendako.

Oinarrizko prestakuntza ikastaroan, izangaiak·”gai” edo “ez gai” kalifikatuko dira. Nafarroako Segurtasun Eskolak prestakuntza ikastaroko izangaiei horri dagokionez ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarendako.

Prestakuntza ikastaroa gainditutzat jotzeko, ikastaroko arlo guzti-guztiak gainditu beharko dira. Gainditzeko, ikastaroaren programan ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 atera beharko da gutxienez, arlo bakoitzean.

10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Udaleko organo eskudunak Udaleko funtzionario izendatuko du, probak gaindituta, puntuaziorik handiena erdietsi duen izangaia.

Lanpostu kopurua handituz gero, deialdiko 1.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2. Lanpostuaz jabetzea.

Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

Udaltzain lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

Ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko ditu, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

Izendatzen den, Udalean sartzen eta funtzionario bihurtzen den izangaia Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago, edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emanda; orduan, eta izendatu aurretik, aukeratzen ahalko du babes araubide horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz beronen oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

12.–Datuak babesteari buruzko informazioa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, izangaiei ondokoa jakinarazten zaie:

–Eguesibarko Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

–Datuak zein helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Entitateen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen lagapena eginen da legeak xedaturiko kasuetan (5/2015 LED, urriaren 30ekoa), barne dela Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitara ematea.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo egoitza elektronikoaren bidez. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.

I. ERANSKINA

Lehen probarako gai-zerrenda

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: xedapen orokorrak. II. titulua: udalerria.

3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Atariko titulua: xedapen orokorrak. I. titulua: toki entitateen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: udalerriak, I. atala: xedapen orokorrak, II. atala: udal antolaketa, III. atala: biztanleria, IV. atala: udal-mugartea. III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea, I. kapitulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamendua, II. atala: udalen funtzionamendua.

4.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: II. titulua, III. titulua eta V. titulua, II. kapitulua: administrazio errekurtsoak.

5.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

6.–8/2006 Foru Legea, ekainaren 20koa, Nafarroako Segurtasun Publikoari buruzkoa.

7.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

8.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.

9.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

10.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

11.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duena.

12.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

13.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra arautzen duena.

14.–Eguesibarko Udalaren udal ordenantzak:

–Animalia arriskutsuak eta bestelakoak edukitzea arautzen duen udal ordenantza.

–Udalaren osasun ordenantza, Eguesibarko udal-mugartean animaliak edukitzearen gainekoa.

–Trafikoaren Udal Ordenantza.

–Gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzko udal ordenantza.

–Merkataritza ez-egonkorra arautzen duen udal ordenantza.

–Eguesibarko udal-mugarteko aisialdiko biltoki iraunkor zein aldi baterako lokal pribatuak arautzen dituen ordenantza.

15.–Eguesibarko ezagutza orokorra: historia, arkitektura, industria, kale izendegia eta hiri ingurunea, nekazaritzako alderdiak, geografia, hidrologia eta hidrogeologia, lurpeko hidrogeologia, landaretza, fauna eta babesturiko naturguneak, Eguesibarko tradizioak eta usadio-ohiturak.

16.–Eguesibarko Udala; funtzionamendua, osaera eta ezagutza orokorra.

II. ERANSKINA

Proba fisikoari dagozkion ariketak

1.–Banku press-a, edo pisua jasotzeko proba: 36 kg (gizonezkoak) eta 22 kg (emakumezkoak).

Azalpena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 36 edo 22 kiloko pisua goratu behar du 60 segundoan ahal duen aldi gehienetan. Bi eskuekin goratuko du pisua, barra hartuta sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari esku-ahurraz helduta eta behatzak itxita). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Proba hau egiteko saio bakarra izanen dute izangaiek.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira, eta barrak bularra ukituko du.

Oinak lehenbiziko goratzean nola dauden, horrelaxe mantenduko dira ariketa osoan, aldatu gabe.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Honelakoetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

PUNTUAZIOAK ERREPIKAPENAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

30 baino gutxiago

30 edo gehiago

EMAKUMEAK

20 baino gutxiago

20 edo gehiago

2. Uretan aritzeko gaitasunari buruzko proba (50 metro estilo librean).

Azalpena: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean.

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 39,9 segundo gizonentzat eta 44,9 segundo emakumeentzat.

Ezin izango da erabili urpeko betaurrekorik, ez eta urpean ibiltzeko beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak.

Saio bakarra eginen da.

Epaile kronometratzaileak “ya” esatean hasiko da ibilbidea.

Saioa baliogabetzat joko da, eta baztertzeko arrazoi izanen da, baldin eta izangaiak:

–Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak edo ertza euskarritzat edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

Puntuazioa: eskala honen arabera emanen da (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko).

DENBORA ETA PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

40 segundo edo gehiago

40 segundo baino gutxiago

EMAKUMEAK

45 segundo edo gehiago

45 segundo baino gutxiago

3. Zalutasun proba (Barrow testa).

Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

L2012710_0.pdf

Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea “zortzi” baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz egin behar dute zirkuitua, behin alde batera behin bestera (A eta B ibilbideak grafikoan). Izangai bakoitzari bigarren aukera emanen zaio ibilbide bakoitzean, lehenengo saioa baliogabetzat hartzen bada.

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoin bat botatzen duenean.

b) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako aurreikusitako gehieneko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideak (A eta B) egiteko ematen duten denbora batuko da, kontuan hartuta ibilbideak bukatzen direla izangaia irteera marratik berriz pasatzen denean. Puntuazioa ondoko eskala honen araberakoa izango da (segundotan neurtutako denbora, ehunenak kontatu gabe).

DENBORA ETA PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

23”6 edo gehiago

23”5 edo gutxiago

EMAKUMEAK

26”6 edo gehiago

26”5 edo gutxiago

4. Erresistentzia proba. (Course Navette-ren testa).

Gauzatzeko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzutearekin batera, ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak zapaldu beharko dituzte, lehenik bat eta gero bestea. Hortaz, izangai guztiek erritmo berean egin beharko dute lasterketa, eta ez da onartuko inork lasterketaren erritmoa gainditzea. Buelta emango da oin baten gainean bermatuz eta marra zapalduz. Soinua tarte erregularren arabera emanen da. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarrago eginen da. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba hau egiteko.

Testaren helburua da markatzen den erritmoari eustea eskatzen diren tarteak bete arte. Izangai bakoitzaren proba bukatuko da une honetan (eta ordura arte egin dituen tarteak kontatutako dira):

–Izangaia gelditzean.

–Izangaia bere kaletik ateratzean.

–Izangaiak ibilbide oso bat bukatzeko dagoen muturreko marra ez zapaltzean.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra zapaltzera seinale akustikoak agintzen dionean. Marratik metro bateko marjinan egotea onartuko da, seinaleak jotzen duen unean.

–Izangaia marjina horren barnean ez egotea seinaleak jotzen duenean, behin bakarrik.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), honako eskala honi jarraikiz:

TARTEAK ETA PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

10 edo gutxiago

10,5 edo gehiago

EMAKUMEAK

8 edo gutxiago

8,5 edo gehiago

III. ERANSKINA

Deialditik baztertzeko arrazoi medikoak

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: plano horizontalean, ez da 120°-tik beherakoa izanen, eta ez da murrizketa nabarmenik izanen ikus-eremuaren ezein meridianotan.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzuteko sistema.

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Hizkuntza.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

4.–Hezur eta muskulu-sistema.

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, ondorio funtzionalen arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bategiteak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Espondilitis ankilosantea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretaren herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Uzki-esfinterraren gutxiegitasuna.

6.–Zirkulazio-aparatua.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmiak eta blokeoak: aurre-eszitazioaren sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, edo estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).

–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).

–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuaren afekzio kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktoa, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren bestelako arazoak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalen arabera.

–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean izan dezaketen eraginaren arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Nahasmendu mentalak eta jokabidearenak, substantzia psikotropikoen kontsumoaren ondoriozkoak (alkohola barne).

–Eskizofrenia eta bestelako nahasmendu psikotikoak.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, ondorio kliniko nabarmena baldin badute.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte eta lan bizitzan eragina dutenak.

10.–Sexu- eta gernu-aparatua.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-ihesa.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinetako bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Diabetes mellitusa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larrua, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta larruazalaren prozesu kronikoak, haien zabalera, ondorio funtzionalak eta kokapena direla-eta poliziaren eginkizunetan aritzeko gaitasuna gutxitzen dutenak.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mielougalkorrak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en gaixotasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo EPO erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak.

–GIB birusaren antigorputzen eramailea.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (GMI > 25).

15.–Azalpen orokorrak.

–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu ondorio funtzionalen arabera eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Eragin funtzionala duten gorputzeko bestelako aparatu edo sistemetako gaitzak, ebaluazio mahaiaren iritziz, polizia lanetan aritzea eragozten baldin badute.

IV. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2012710