272. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

120/2020 EBAZPENA, azaroaren 2koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, deialdia egiten duena, Nafarroako Foru Komunitatean, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko zenbait kualifikaziori lotuta dauden lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurarako.

Abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuan, arauak ezarri ziren pertsonek lan-esperientzian edo prestakuntza bide ez-formaletan lortutako lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurarako, Nafarroako Foru Komunitatean, eta horretaz arduratuko den antolaketa egitura ere finkatu zen; foru dekretu horren 24. artikuluan aipatzen den Egiaztapenerako Batzordeak proposatzen du deialdia egin dadila Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko zenbait kualifikaziori lotuta dauden lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurarako. Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatzen dute deialdi hau.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea, lanbide gaitasunak aitortu, ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurarako, kualifikazio hauei loturik: Arreta soziosanitarioa mendekotasuna dutenei gizarte erakundeetan, eta Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako (HPBI) arreta ikastetxeetan. Ebazpen honi eranskin gisa erantsitako oinarrietan ezarri denarekin bat onetsi da deialdia.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ebazpen honen laburpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpena eta eranskinak igortzea Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Egiaztatzeko eta Prestakuntza Propioaren Atalari, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzuari, Lanbide Kualifikazioen Atalari eta Hezitzaile Eskola Ikastetxe Bateratuari.

Iruñean, 2020ko azaroaren 2an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA - OINARRIAK

I.–Alderdi orokorrak

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

Ebazpen honen xedea da lan-esperientzian edo bestelako bide ez-formal eta informaletan lortutako lanbide gaitasunak aitortu, ebaluatu eta egiaztatzeko deialdia arautzea Nafarroako Foru Komunitatean, 1. eranskinean ezarri diren jarraibideen arabera. Prozedura honetan ebaluatuko diren gaitasun unitateak 2a) eranskinean adierazitakoak dira.

2.–Prozedurarako laguntza.

Egiaztapenerako Batzordeak koordinatuko ditu aitorpen prozeduraren estrategia eta antolakuntza alderdiak.

3.–Datuen babesa.

a) Parte-hartzaileek hainbat inprimaki erabiliz ematen dituzten datuak Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak ezartzen duenaren arabera tratatuko dira.

b) Datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua murrizteko, eramateko eta aurka egiteko eskubideak erabiltzen ahalko dira Hezkuntza Departamentuko Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzura joz.

II.–Prozeduran aurreinskripzioa eta inskripzioa egitea eta onartzea

4.–Aurreinskripzioa eta informazioa emateko talde-saioa.

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak argibideak eta orientazioa emanen ditu deialdi honen xede den prozeduraren nondik norakoei eta faseei buruz, bai eta aurkeztu beharreko agiriei buruz ere. Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiaztapen prozedurari buruzko informazioa emanen dute, zeinek bere web orrian:

• Kualifikazioen Sistema Nazionala Nafarroan:

http://cualificaciones.educacion.navarra.es/

• Nafarroako Enplegu Zerbitzua:

http://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+y+Economia/Empleo/Formacion/Acreditacion+de+la+experiencia+laboral/Default.htm

b) Deialdiari buruzko informazio guztia, komunikazioak, emaitzak eta segimendua Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko dira, Tramiteak atalean, esteka honetan: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8030/Acreditacion-de-la-competencia-profesional

c) Aurreinskripzioa egiteko informazioa, orientazioa edo laguntza behar duten pertsonek hobe izanen dute Hezkuntza Departamentuko Lanbide Kualifikazioen Ataleko postontzira jotzea (inacuali@navarra.es), edo 2b) eranskinean agertzen diren entitateetara, hura eskuratzeko.

d) Aurreinskripzioa egitea nahitaezkoa da, eta online eginen da, esteka honetan: https://tinyurl.com/y4na8jgo. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik 2020ko abenduaren 10era arte eginen da, bi egunak barne.

e) Nahitaezkoa izanen da sakelako telefono zenbaki bat edo helbide elektroniko bat ematea. Datu horiek ematen ez badira, harremanetarako bideak ez badabiltza edo kasu egiten ez bazaie, eskatzaileak aurreinskripzioa egiteagatik zituen eskubide guztiak galduko ditu.

Aurreinskripzioa egin duten izangaiei dei eginen zaie, posta elektronikoaren bidez, online eginen den nahitaezko saio batera lotu daitezen. Informazioa emateko talde-saio horretan prozedurari, sartzeko baldintzei eta aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazioa emanen da.

5.–Parte hartzeko baldintzak.

1) Arau honetan arautzen den lanbide gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduran parte hartu ahal izateko, prozeduran parte hartu nahi dutenek uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 11. artikuluko baldintzak bete beharko dituzte.

2) Prestakuntzaren bidez sartzeko, honako hau frogatu beharko da:

a) “Arreta soziosanitarioa mendekotasuna dutenei, gizarte erakundeetan” izeneko kualifikazio osorako: gutxienez ere 450 orduko prestakuntza, zuzenean kualifikazio honekin lotua.

b) “Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako (HPBI) arreta ikastetxeetan” kualifikazio osorako: gutxienez ere 570 orduko prestakuntza, zuzenean kualifikazio honekin lotua.

c) Lanbide kualifikazio osatugabeen kasuan, Lan esperientziaren bidez lortutako lanbide gaitasunak onartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 11. artikuluan ezarritakoaren arabera jokatuko da.

3) Behin betiko inskripzioa egiteko unean, ezin da matrikulatuta egon egiaztatu gogo den gaitasun unitateari lotutako prestakuntza ematen duen LHko eskaintza batean.

4) Gaitasun unitate bererako indarrean den beste egiaztapen deialdi batean onartua ez egotea.

6.–Lan-esperientziari eta prestakuntzari buruzko baldintzak justifikatzea.

Aurreko puntuan aipatzen diren baldintzak egiaztatuko dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 27ko 4609/2017 Ebazpenaren 2. eranskineko III. jarraibidean ezartzen den prozeduraren bidez.

7.–Deialdiko plazak eta onartzeko irizpideak.

Prozedura honen deialdia egiten da 2a) eranskinean adierazten diren lanbide profilentzat, tokientzat eta plaza kopuruentzat. Profil baten plazak ez badira betetzen, deialdiko beste profil bati esleitzen ahalko zaizkio berriz, plaza guztiak bete arte.

Eskatzaileen kopurua eskaintzen diren plazen kopurua baino handiagoa bada, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 27ko 4609/2017 Ebazpenaren 2. eranskineko IV. jarraibidean ezartzen diren onarpen irizpideak aplikatuko dira.

8.–Inskripzioa eta dokumentazioa.

Baldintzak betetzen dituztela uste duten, informazioa emateko talde-saiora joan direla frogatzen duten eta prozedurarekin segitu nahi duten pertsonek inskripzioa egin beharko dute, abenduaren 16tik 24ra, biak barne, 2c) eranskinean agertzen diren Nafarroako Gobernuaren erregistro orokorraren bulegoetan, edo modu telematikoan erregistro orokor elektronikoaren bidez, edo ezartzen ahal diren beste bideren bat erabiliz; dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Inskripzioaren eskabidea, 2g) eranskinaren arabera.

–NANaren, AIZren edo, hala behar denean, pasaportearen edo indarreko bizileku-txartelaren fotokopia.

–Lan esperientzia, boluntario lanak eta prestakuntza frogatzeko agiriak, III. jarraibidean adierazitakoari jarraikiz.

–Egindako jardueren tipologia agiri bidez ezin frogatu duten pertsonek zinpeko adierazpena aurkeztuko dute horiek justifikatzeko, 2e) eranskineko ereduari jarraikiz.

9.–Izangaiak onartzea.

a) Prozedura hasi aurretik onarpen prozesua eginen da, parte-hartzaileak hautatzeko. Onarpen Batzordea arduratuko da onartze prozesuaz. Haren ezaugarri eta eginkizunak abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren 14. artikuluan ezartzen dira.

b) Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gero, 2021eko urtarrilaren 11n, onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrenda jarriko da jendaurrean, Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Atariko web orrian eta dagokion zentro ofizialeko iragarki taulan. Baztertzearen arrazoia adieraziko da zerrenda horretan, behar denean (2h eranskina).

c) Onartuen zerrendaren aurkako erreklamaziorik egin nahi duenak idazki bat aurkeztu beharko du Hezkuntza Departamentuko Lanbide Kualifikazioen Atalean (San Domingo kalea 8, 31001-Iruña), kasuan kasuko Onarpen Batzordeari zuzendua, hiru egun balioduneko epean, behin-behineko zerrendak argitaratu eta biharamunetik hasita.

d) Onarpen Batzordeak erreklamazio horiek ebatziko ditu, eta onartuen behin betiko zerrenda jendaurrean jarriko du 2021eko urtarrilaren 15ean.

e) Onarpen Batzordearen erabakiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, jarraibide honen aurreko atalean aipatzen den behin betiko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Onarpen zerrendek indarra izanen dute harik eta prozedura arautzen duen beste deialdi batek kontrakoa adierazi arte.

10.–Aholkularitza eta ebaluazio faseetarako inskripzioa.

Plaza duten hautagai onartuek gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozesuko inskripzioa egin beharko dute, 2a) eranskinean adierazitako kualifikazio bakoitzerako, aurrez aurre dagokion zentro ofizialean, modu telematikoan erregistro orokor elektronikoaren bidez edo ezartzen ahal diren bestelako bideak erabiliz. Inskripzioak bi fase hauek izanen ditu:

–Aholkularitza faserako inskripzioa: 2021ko urtarrilaren 16tik 24ra, biak barne, 2i) eranskinean dagoen eredua erabiliz. Inskripzio prozesuan, aurkeztutako agiriak hautagaiek aurkeztu beharreko ziurtagiri eta agiri ofizialekin erkatuko dira. Aholkularitza fasean inskribatzeko, kontzeptu horri dagozkion tasak ordainduko dira.

–Ebaluazio faserako inskripzioa: izangai bakoitzak ebaluazio faserako inskripzioa eginen du, nork bere aholkularitza fasea amaitu ondoko hiru eguneko epean, 2j) eranskinean dagoen eredua erabiliz. Ebaluazio fasean inskribatzeko, kontzeptu horri dagozkion tasak ordainduko ditu.

Onartuek, arrazoirik gabe, edozein fasetan inskripzioa formalizatzen ez badute horretarako epean, egiaztatzeko prozedura honetan parte hartzeko eskubidea galduko dute, eta onartuen zerrendan baja emanen zaie automatikoki. Itxaron zerrendan daudenekin beteko dira zerrendan izandako hutsuneak.

III.–Ebaluazio eta egiaztapen prozedura

11.–Prozeduraren faseak.

Abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren 15. artikulutik 18.era aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da lanbide gaitasuna ebaluatu eta aitortzeko prozesua.

Aholkularitza eta ebaluazio faseak 2021eko urtarrilaren 25etik apirilaren 23ra bitarte eginen dira.

Behar bezala gaitutako aholkulariek eta ebaluatzaileek gauzatuko dituzte bi faseak, zeinak modu telematikoan egiten ahalko baitira.

12.–Gaitasunaren balorazioa.

a) Ebaluazio Batzordeak, ebaluazio tresnak eta ebaluatzaileek egindako jarduketak oinarri hartuta, gaitasunaren balorazioa eginen du izangai bakoitzak erakutsitako frogen gainean. Gaitasunaren balorazioa modu dikotomikoan adieraziko da: gaitasun egiaztatua edo gaitasun egiaztatugabea, 2k) eranskineko ereduaren arabera.

b) Aurreko puntuan azaldutako prozesurako ebaluazio erreferenteak ebaluatu beharreko gaitasun unitateak izanen dira, bakoitzari dagozkion lanbide errealizazioekin, errealizazio irizpideekin eta lanbide inguruneekin.

c) Gaitasunaren balorazioa adierazten duen agiria izangaiari helaraziko zaio, emaitzen konfidentzialtasuna bermatuko duen prozedura baten bidez.

d) Lan esperientziaren bidez edo prestakuntza bide ez-formaletatik eskuratutako lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura osoa bukatutakoan, prozedura horretan parte hartu duten pertsona guztiei idazki bana bidaliko zaie, aurrera begira prestakuntzarako dituzten aukeren berri eta egiaztapen prozeduraren amaieraren berri emateko.

13.–Erreklamazioak.

a) Ebaluazio Batzordeak hartutako erabakien kontrako erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira, hasiera batez batzordeari berari zuzenduak, 2l) eranskineko ereduari jarraikiz. Erreklamazio hori kasuan kasuko zentro ofizialean aurkeztuko da, ebaluazioaren emaitza izangaiari jakinarazi ondoko hiru egun balioduneko epean. Ebaluazio Batzordeak hiru egun balioduneko epean ebatziko du, erreklamazioa aurkeztu eta biharamunetik hasita.

b) Ebaluazio Batzordearen erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetatik edozein erabiliz.

IV.–Egiaztapena eta erregistroa

14.–Gaitasuna egiaztatzea eta erregistratzea.

Ebaluazio positiboa lortzen dutenei kasuan kasuko gaitasun unitatearen edo unitateen egiaztapena emanen zaie.

2 a) ERANSKINA

Zerrenda, gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko deialdi honen xede diren gaitasun unitate, kualifikazio, profesionaltasun ziurtagiri eta haiekin loturiko LHko tituluena.

LANBIDE-
ARLOA

KUALIFIKAZIOAK

GAITASUN UNITATEAK

ZENTRO OFIZIALAK

PLAZA KOP.

PROFESIONALTASUN ZIURTAGIRIA

LHko
TITULUAK

Gizarte eta Kultur Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak

SSC320–2-Arreta soziosanitarioa mendekotasuna dutenei, gizarte erakundeetan.

UC1016–2-Pertsonei eta haien inguruneari erakunde-esparruan arreta emateko esku-hartzeak, diziplinarteko lantaldeak adierazitakoak, prestatzea eta laguntzea.

UC1017–2-Mendekotasuna dutenei arreta fisikoa emateko esku-hartzeak garatzea erakunde-esparruan.

UC1018–2-Mendekotasuna dutenei arreta soziosanitarioa emateko esku-hartzeak garatzea erakunde-esparruan.

UC1019–2-Mendekotasuna dutenei arreta psikosoziala emateko esku-hartzeak garatzea erakunde-esparruan.

Hezitzaile Eskola IB

Kale Nagusia 65

Tel.: 848 430970

25

SSCS0208 -

Arreta soziosanitarioa mendekotasuna dutenei, gizarte erakundeetan

Mendekotasun egoeran daudenei arreta emateko teknikaria

Gizarte eta Kultur Zerbitzuak eta Komunitatearentzako Zerbitzuak

SSC444–3 Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako arreta ikastetxeetan

UC1427–3-Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako hezkuntza-programak gauzatzea norberaren erreferentziako ikasgelan eta ikastetxeko tutorearekin eta/edo diziplinarteko taldearekin elkarlanean.

UC1428–3-Autonomia eta higiene pertsonaleko programak abiaraztea hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen garbitasunari dagokionez, ikastetxeko diziplinarteko taldearekin elkar harturik.

UC1426–3-Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei laguntzea ikastetxe barneko joan-etorrietan.

UC1430–3-Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei laguntzea eskolako jantokian, ikastetxeko diziplinarteko lantaldearekin parte hartuz jateko ohituren programak txertatzeko zereginean.

UC1429–3-Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei kasu egin eta begiratzea jolasgaraiko jardueran, tutorearekin parte hartuz autonomia sozialeko eta jarduera ludikoko programen garapenean.

Hezitzaile Eskola IB

Kale Nagusia 65

Tel.: 848 430970

25

SSCE0112 - Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzako arreta ikastetxeetan

Gizarte Integrazioko goi mailako teknikaria.

2 b) Eranskina

Zerrenda, lanbide gaitasunak egiaztatzeko prozedurari buruzko argibideak ematen dituzten zentro/entitateena

Hezkuntza Departamentua.

Lanbide Kualifikazioen Atala. Hezkuntza Departamentua.

San Domingo aldapa 8. Iruña.

Tel.: 848 428985, 848 428983.

Hezitzaile Eskola IB

Kale Nagusia 65. Iruña.

Tel.: 848 430970.

Nafarroako Enplegu Zerbitzua.

Iturrondo Prestakuntza Zentroa.

Atarrabiako etorb. 1 Burlata.

Tel.: 848 425825.

2 c) eranskina

Nafarroako Gobernuaren erregistro orokorraren bulegoak

Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:30era.

–Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua. Erregistro Orokorra. Karlos III.aren etorb. 2. Iruña.

–Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusia. Iratxeko monasterioaren kalea 22. Iruña.

–Nafarroako Larrialdietako Agentzia. Agoitz kalea 35 bis, 3. sol. Iruña.

–Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzua. Zaragozako errepidea, 3,5. km. Cordovilla.

–Nafarroako Segurtasun Eskola. Zaragozako errepidea, 9. km. Beriain.

–Nafarroako Administrazio Auzitegia. Iturrama kalea 10. Iruña.

–Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentua. Karlos III.aren etorb. 4, 6. sol. Iruña.

–Nafarroako Zerga Ogasuna. Ezkirotz kalea 16. Iruña.

–Tuterako Lurralde Bulegoa. Antso Azkarraren plaza 8. Tutera.

–Tafallako Lurralde Bulegoa. Teófano Cortés plaza 7. Tafalla.

–Lizarrako Lurralde Bulegoa. Koroatze plaza 2. Lizarra.

–Industria, Enpresa eta Enplegu Departamentua. Tomás Caballero parkea 1. Iruña.

–Lan Zerbitzua. Tomás Caballero parkea 1. Iruña.

–Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentua. Nabarreria kalea 39. Iruña.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua. González Tablas 9. Iruña.

–Toki Administrazioa. Arrieta kalea 12. Iruña.

–Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa. Santiago kalea 55. Elizondo.

–Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa. Santa Barbara kalea 2. Lizarra.

–Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa. Trinitate kalea 24. Irurtzun.

–Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa. Valle de Orba kalea 34 (EVENA eraik.). Erriberri.

–Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa. Santa Gemma kalea 89. San Adrián.

–Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa. Irunberriko etorbidea 13. Zangoza.

–Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa. Nafarroa Behereko etorbidea 14. Tafalla.

–Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa. Aranaz y Vides kalea 11. Tutera.

–Hezkuntza Departamentua. San Domingo aldapa z.g. Iruña.

–Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua. Biurdana kalea 1, 1. solairua. Iruña.

–Osasunbidea- Nafarroako Osasun Zerbitzua. Armada etorb. 2. Iruña.

–Iruñeko Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua. Leire kalea 15. Iruña.

–Iruñeko Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua. Landaben industrialdea, E eta F kaleak. Iruña.

–Gizarte Politiketako Departamentua. González Tablas kalea 7. Iruña.

–Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzua. Amaia kalea 2. Iruña.

–Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentzia. González Tablas kalea 7. Iruña.

–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua. Arrieta kalea 25. Iruña.

–Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua. Karlos III.aren etorb. 36, 2. esk. Iruña.

–Familiako eta Haur eta Nerabeentzako Arretako Zuzendariordetza. Abejeras kalea 5 bis, 7. eta 9. solairuak. Iruña.

–Sustapen Departamentua. San Ignazio etorbidea 3. Iruña.

–Lurraldearen Antolamendua, Mugikortasuna eta Etxebizitza. Alondegi kalea 1. Iruña.

Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 18:30era. Larunbatetan, 09:00etatik 14:00etara.

–Herritarrei Arreta Emateko Bulegoa. Foruen Plaza 5-6. Tutera.

2 d) ERANSKINA

Enpresaren ziurtagiria.

2 e) ERANSKINA

Besteren konturako langileentzako edo langile autonomoentzako zinpeko aitorpena.

2 f) ERANSKINA

Ziurtagiria langile boluntario edo bekadunentzat.

2 g) 1 ERANSKINA

Aurreinskripzioa egiteko eskabidea, lanbide gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurarako.

2 g) 2 ERANSKINA

Aurreinskripzioa egiteko eskabidea, lanbide gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurarako.

2 h) eranskina

Onarpen Batzordearen akta.

2 i) eranskina

Gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren aholkularitza fasean inskribatzeko inprimakia.

2 j) eranskina

Gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren ebaluazio fasean inskribatzeko inprimakia.

2 k) eranskina

Lanbide gaitasunaren banakako balorazioaren akta.

2 l) eranskina

Gaitasunaren balorazioa berrikusteko eskaera.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2013009