271. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

PERMED deialdian parte hartzeko epea irekitzea. Nazioarteko lankidetzako I+Gko 2021eko proiektuak finantzatzeko programa.

Aditzera ematen da PERMED Europar Programaren 2021eko deialdian parte hartzeko epeak ireki direla. Programa horren barrenean, Nafarroako ikerketa arloko erakundeek, enpresek, ospitaleek, unibertsitateek eta beste eragile batzuek (gaixoen elkarteak, agentzia erregulatzaileak eta abar) aurkezten dituzten medikuntza pertsonalizatuari buruzko I+G proiektuak egiten ahal dira nazioarteko lankidetzan.

Helburua:

PERMED programaren helburua da nazioarteko ikerketa proiektuei laguntza ematea medikuntza pertsonalizatuaren alorrean, diziplina aniztasuna posible egiteko eta sustatzeko, eta lotura estuak sortzeko diziplina hauen artean: ikerketa klinikoa edo pre-klinikoa, zientzia konputazionala, medikuntza-informatika, eta etika, lege, gizarte gai eta ekonomiari (ELSA) buruzko ikerketa.

Hauexek dira proiektuak hautagai izateko baldintzak:

• Proiektu transnazionalak finantzatuko dira bakarrik.

• Proposamen bat aurkezten duen partzuergo bakoitzak gutxienez ere hiru bazkide hautagarri izan beharko ditu, hiru herrialde desberdinetatik jasotzeko finantzaketa. Herrialde horietako finantzatzaileek deialdian parte hartu behar dute. Legezko hiru entitateek elkarren artean independenteak izan behar dute.

Eskaeren aurkezpena:

PERMED deialdiak 2 fase ditu:

1. Lehen fasea: proiektuaren aurre-proposamenak aurkeztea. Eskaerak lehen fasean aurkezteko epea 2020ko abenduaren 14an hasi eta 2021eko martxoaren 4an bukatuko da.

Aurre-proposamenak ebaluatuta, ebaluazioa gainditzen dutenak bakarrik igarotzen ahalko dira bigarren fasera.

2. Bigarren fasea: proposamen xehatua aurkeztea. Eskaerak bigarren fasean aurkezteko epea 2021eko ekainaren 16an bukatuko da.

Parte hartzeko baldintzak, eskaera egiteko inprimakiak eta abar proiektuaren web-orrian aztertu eta jaso daitezke: http://www.erapermed.eu/pre-announcement-jtc-2021/.

Finantzaketa:

Espainiak parte hartzen du hauen bidez: Carlos III Osasun Institutua (ISCIII), Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea (AECC-FC), Kataluniako Generalitatea (DS-CAT) eta Nafarroako Gobernua.

Nafarroako Gobernuak milioi bat eurorekin parte hartzen du deialdian, eta horren bidez nabarmendu nahi du baliabideak metatzearen aldeko apustua egiten duela eskualdeko ekonomia gehien bultzatzen ahal duten garapen-alorretan; izan ere, medikuntza pertsonalizatua lehentasunezko alorra dela identifikatu du.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren araudi indardunari jarraituz finantzatuko dira bazkide nafarrei onesten zaizkien proiektuak, horretarako argitaratzen den laguntza-deialdiaren esparruan.

Argibide gehiago nahi izanez gero, hona jo:

Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusia. S3 Proiektu Estrategikoen Zerbitzua. Tomás Caballero parkea 1, 4. solairua. fomento.innovacion@navarra.es

Iruñean, 2020ko urriaren 27an.–S3 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuko zuzendaria, Unai Garbisu de Goñi.

Iragarkiaren kodea: F2012569