270. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 18a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 28/2020 FORU DEKRETUA, azaroaren 16koa, zeinaren bidez luzatzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretuan, urriaren 27koan, onetsitako neurriak. Foru dekretu horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

Errege dekretu horren 2.2 artikuluak eskuordetutako agintari eskudunaren izaera ematen dio autonomia-erkidegoetako lehendakaritza duenari. Hori horrela, gure Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio, 2.3 artikuluarekin bat, xedapenak ematea 5. artikulutik 11.era bitartean ezarritakoa aplikatzeko.

Aipatutako errege dekretuaren 6.2 artikuluak ezartzen du ezen eskuordetutako agintari eskudunak, modu osagarrian, pertsonen sarrerak eta irteerak mugatzen ahalko dituela geografikoki autonomia erkidegoa baino txikiagoak diren lurralde eremuetan, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenekin (errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratu zen SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko).

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren bidez emandako eskumen horiek erabiliz onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretua, urriaren 27koa. Horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko. Zehazki, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatu zen gauez Nafarroako Foru Komunitatean, 23:00etatik 06:00etara bitartean; mugatu egin zen Nafarroako Foru Komunitatera sartzea eta bertatik irtetea, salbu foru dekretu horretan aipatutako eta behar bezala justifikatutako joan-etorrien kasuan; eta mugatu egin ziren pertsonen arteko bilerak: sei lagun, gehienez ere, eremu publikoan, eta bizikidetza-unitatea eremu pribatuan, foru dekretuan jasotzen ziren salbuespenekin. Pertsonen joan-etorriei gaueko ordutegian ezarritako mugen indarraldiari dagokionez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan deklaratutako alarma-egoerarako ezarritako bera izanen da; gainerako neurrien kasuan, berriz, 2020ko azaroaren 4ra arte egonen dira indarrean, egun hori barne. Foru dekretu hori 2020ko azaroaren 18ra arte luzatu zen, egun hori barne, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren azaroaren 4ko 26/2020 Foru Dekretuaren bidez.

Alarma egoera 2021eko maiatzaren 9ko 00:00etara arte luzatu da. Luzapena xedapen hauetan bildutako baldintzen menpe egonen da: urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretua, alarma-egoera deklaratu zuena SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko, eta, kasua bada, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretu horren azken xedapenetako lehenbizikoak emandako gaikuntza erabiliz ematen diren dekretuak, ezertan galarazi gabe hurrengo apartatuetan ezartzen dena.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, azaroaren 2tik 8ra arteko astean, baieztatutako diagnostiko berrien tasa 360 kasukoa izan da 100.000 biztanleko; hau da, nabarmenki jaitsi da birusaren zirkulazioa, intentsitate ertaina izatera pasatu baita, nahiz eta larritasunaren adierazleak oso handia izaten jarraitzen duen, batez ere ZIUko okupazio mailagatik eta heriotza kopuruagatik. 46. aste honetan, txosten epidemiologikoaren zain gaudela, aurrera jarraitu du diagnostiko berrien beheranzko joerak. Kutsatze kopuruak behera egin du, batez ere etxeen esparruan, “bestelakoak” kategorian, non hartu-eman sozialak ikusten baitira, eta “ezezagunak” kategorian.

Hartutako neurriek batera jarduten dute modu sinergikoan, eta eraginkorrak izan dira kutsatzeak murrizteko, baina denbora gehiago behar da ospitaleratzeak, batez ere ZIUkoak, eta heriotzak murrizteko; izan ere, atzerapena izaten da horrelakoetan, kutsatze kopuruaren joerarekin alderatuta.

Lurraldearteko Kontseiluak COVID-19aren hedapena kontrolatu dadin erantzun koordinatua emateko hitzartu zuen urriaren 22ko jarduketa agirian zehazturiko adierazleen eretzera, eta kontuan harturik nolako intzidentzia mailak eta ospitaleen okupazio mailak ditugun, arrisku balorazioak oso handia izaten jarraitzen du, eta alertak 4. mailan egoten.

Hedapenaren prebentzioak oinarri du herritarren lankidetza eta inplikazioa prebentzio neurriei eusteko orduan, isolamendua eta berrogeialdia barne, baita kasuen eta kontaktu hurbilen identifikazio eta segimendu sistema eta araudi arloko neurriak ere. Epidemiaren bilakaera dela eta, beharrezkotzat jotzen da, une honetan, neurri murriztaileei eustea.

Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzailearen txostenaren arabera, nabarmenki jaitsi da azken hamabost egunean SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzio aktiboa egunez egun diagnostikatu zaienen kopurua.

Jaitsiera hori egonkortu da azaroaren 8tik aurrera. Egonkortze horrek esan nahi du beharbada behea jo dela hartutako neurriekin, baina metatutako infekzio tasak oraindik askoz handiagoak dira nazioarteko gomendioetan infekzioa kontrolpean edukitzeko zehazten direnak baino. Horrek dakarren agertoki epidemiologikoa nabarmenki hobea da duela hamabost egunekoa baino, baina berragertzeen arriskua handia da, gure komunitatean infekzio aktiboa dutenen tasak direla eta. Arrisku hori handituko da hurrengo hilabeteetan, arnasbideetako birusek hedapen handiena duten garaia baita.

Gero eta gutxiago dira larrialdietako arreta, ospitaleratze arrunta eta etxekoa behar dutenak, infekzio aktiboak jaitsi ahala. Jaitsiera hori ere egonkortu da azaroaren 8tik aurrera. Nolanahi ere den, ZIUetan aste bat edo bi behar dira alta emateko egun ospitaleratuta dauden pazienteei eta infekzioen oraingo tasaren berezko maila berreskuratzeko.

Argi gelditu denez, azaroaren 12an ZIUan zeuden pazienteek okupaturik dituzte Nafarroan COVID aurreko garaian zeuden ZIUko ohe guztiak. Zainketa intentsiboetako 40 ohe baino gehiago prestatu behar izan dira ZIUko ohiko oheen gainetik, eta kritikoen lekuen eta bitarteko zainketen erabilera hobetu.

Testuinguru horretan, beharrezkoa da indarrean dauden neurriei eustea, harik eta egoera epidemiologikoa hobetu eta laguntza sistemaren gaineko presioa jaitsi arte COVID-19aren beharrei eta COVID-19az kanpoko beharrei laguntza osoa ematearekin bateragarria den maila batera, eta osasungintzako profesionalei bide eman arte beharrezko atsedenaldia hartzeko, pandemia honen olatu gehiago ailegatuko baitira ziur aski.

Horrenbestez, aipatutako txosten teknikoak edukita eta azaldutako arrazoiengatik, bidezkoa da neurriak 2020ko abenduaren 18ra arte luzatzea, egun hori barne; egoera epidemiologikoaren arabera, berriz luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira, kutsatzeen murrizketa finkatzeko.

Horrenbestez, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitakoaren babesean, errege dekretu horren bidez alarma-egoera deklaratzen baita SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Lehenbizikoa.–Baldintza beretan luzatzea hilabetez, 2020ko abenduaren 18ra arte, egun hori barne, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 24/2020 Foru Dekretuan, urriaren 27koan, ezarritako neurriak. Foru dekretu horren bidez, prebentzio neurriak ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatean, SARS-CoV-2ak eragindako kutsatzeen hedapena geldiarazteko.

2. artikulua. 2. artikulua aldatzea, testu hau izan dezan:

“2. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatean sartzeko eta bertatik irteteko mugak.

1. Mugatuta egonen da Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean sartzea eta bertatik irtetea, salbu eta behar bezala justifikatutako joan-etorriak, arrazoi hauetako batengatik egiten direnak:

a) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo lege arloko betebeharrak betetzea.

c) Unibertsitateetara, ikastetxeetara eta heziketa zentroetara joatea, barne direla haur-hezkuntzako eskolak eta irakaskuntza ez-arautua ematen duten akademiak, autoeskolak barne.

d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

f) Mugakide diren lurraldeetako finantza eta aseguru entitateetara edo gasolina-zerbitzuguneetara joatea.

g) Organo publikoen, judizialen edo notarioen aurrean eskatutako jarduketak edo presako jarduketak egitea.

h) Baimenak eta agiri ofizialak berritzea, bai eta atzeratu ezin diren beste administrazio-izapide batzuk ere.

i) Atzeratu ezin diren azterketa edo proba ofizialak egitea.

j) Kirol arloan, taldeak, kirolariak, teknikariak eta arbitroak Nafarroako Foru Komunitateko lurraldera sartu eta hortik atera daitezke, baldin eta parte hartzen badute Estatuko txapelketa ofizial ez-profesionaletan eta Espainiako kirol federazioen menpeko nazioarteko txapelketetan. Haiei aplikatuko zaie Kirol Kontseilu Gorenak Estatuko 2020/2021eko denboraldiko txapelketa ofizial ez-profesionaletara itzultzeko prestatu duen jarduteko protokoloa. Hemengo kirolean, hori kontuan hartuko da autonomia erkidegoen artekoa baldin bada proba.

k) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

l) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatuta.

2. Nafarroaren lurraldea gurutzatzen duten errepideetan eta bideetan zirkulatzea baimenduta dago, baldin eta bidaiaren jatorria eta destinoa horretatik kanpo badaude.”

3. artikulua. Neurrien eraginkortasuna eta iraupena.

Luzapenaren xedeko neurriak 2020ko abenduaren 18ra bitarte egonen dira indarrean, egun hori barne, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

4. artikulua. Foru dekretu honek 2020ko azaroaren 19an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko azaroaren 16an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2013711