27. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

33/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten duena herrietako kontsultategiak eta kontsultategi lagungarriak eraiki edo eraberritzeko 2020ko obrak finantzatzeko asmoz. DDBN identifikazioa: 494093.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 34. artikuluko 2.b) puntuan ezartzen denaren arabera, udalen edo kontzejuen eskumena da herrietako kontsultategiak edo kontsultategi lagungarriak eraikitzea eta/edo birmoldatzea, Nafarroako Foru Komunitateko osasun planen eta jarraibideen barruan.

Halaber, foru lege horren 76.1 artikuluak osasun arloko eskumen horien finantzaketa finkatzen du, adierazten baitu Nafarroako Gobernuak urtero prestatu beharreko gastu aurrekontuen proiektuan agertuko direla Foru Administrazioari dagozkion osasun arloko programa eta jarduerak burutzeko behar diren partidak.

2020ra luzatutako 2019ko gastu aurrekontuan, 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektuan bezala, aurreikusia dago “Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroak eraiki eta eraberritzeko transferentziak” izeneko 547001-52300-7609-312802 partida, gastu horiek finantzatzeko Nafarroako toki entitateei, horien titularrak baitira. 950.000 euroko zuzkidura du partidak.

Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko buruak egin duen deialdiaren proposamena ikusirik, Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuaren adostasunez, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 950.000 euroko gastua baimentzea Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko, herrietako kontsultategiak eta kontsultategi lagungarriak eraiki edo eraberritzeko 2020ko obrak finantzatzeko asmoz.

2. Onestea Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdi bat herrietako kontsultategiak eta kontsultategi lagungarriak eraiki edo eraberritzeko 2020ko obrak finantzatzeko asmoz, bai eta deialdia arautuko duten eta ebazpen honen eranskinean agertzen diren oinarri arautzaileak ere.

3. Deialdi honetako dirulaguntzen gastua 2020ra luzatutako 2019ko Gastu Aurrekontuetako “Kontsultategiak eraberritu edo handitzeko transferentziak” izeneko 547001-52300-7609-312802 partidari egoztea.

Dirulaguntzak emateko, ezinbesteko baldintza izanen da aurrekontuko partidan kreditu egokia egotea.

4. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Deialdiaren eta bere oinarri eta egintzen aurka toki entitateek, espedientean interesdun diren aldetik, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Osasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzari, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuari, Zerbitzu Orokorren eta Mantentze-lanen Atalari eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kontabilitate-kudeaketaren eta Fakturazioaren Atalari.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 28an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, José Ramón Mora Martínez.

NAFARROAKO TOKI ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, HERRIETAKO KONTSULTATEGIAK ETA KONTSULTATEGI LAGUNGARRIAK ERAIKI EDO ERABERRITZEKO 2020ko OBRAK FINANTZATZEKO ASMOZ

1.–Xedea.

Oinarri arautzaile hauek xede dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak Nafarroako toki entitateei dirulaguntza batzuk emateko aplikatu beharreko araudia ezartzea, hots, herrietako kontsultategiak eta kontsultategi lagungarriak eraiki edo eraberritzeko 2020ko obrak finantzatzekoak. Dirulaguntza horiek 2020ra luzatutako 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako zehazten den partidan (“Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroak eraiki eta eraberritzeko transferentziak” izeneko 547001-52300-7609-312802 partida) aurreikusitako kreditua izanen dute.

2.–Jarduketa eremua eta helburua.

Dirulaguntzaren xedeko jarduketak Nafarroako toki entitateen eremuan gauzatuko dira, helburu honekin: eraikin berriak eraikitzeko obrak egitea, herrietako kontsultategi eta kontsultategi lagungarrien eraikinetako instalazioak handitzeko eta/edo eraberritzeko eta/edo egokitzeko eta/edo hobetzeko. Halaber, kontsultategia egungo kokapenetik lekualdatzeko eraikin batean egin beharreko eraberritze obrak egitea xede duten jarduketak sartzen dira.

3.–Jarduketa diruz lagungarriak eta gastu diruz lagungarriak.

Honako hauek dira jarduketa diruz lagungarriak:

–Eraikin berri bat eraikitzeko obrak, kontsultategia bertan hartzeko.

–Kontsultategia handitzeko obrak: kontsultategia dagoen eraikinean edo horri erantsita eremu berria eraikitzeko obrak.

–Kontsultategia eraberritzeko obrak: kontsultategia dagoen eraikinean edo osasun-etxea lekualdatu edo ezarriko den eraikinean jada dagoen azalera bat eraberritzeko eta/edo birmoldatzeko obrak.

–Kontsultategia handitzeko eta eraberritzeko obrak: aurreko azpiataletako definizioak biltzen dituzten obrak.

–Halaber, deialdian sartzen ahalko dira kontsultategia dagoen eraikineko instalazioak egokitzeko eta/edo hobetzeko jarduketa txiki hauek ere, kontsultategia handitzeko eta/edo eraberritzeko obra egiten ez bada (kasu horretan, dagokion atalean sartuko lirateke): egiturazko segurtasuna, berokuntza eta/edo klimatizazio instalazioa, elektrizitate instalazioa, iturgintza eta saneamendu instalazioa, arkitektura oztopoak kentzea, estalkiak, fatxadak eta kanpoko arotzeria, betiere mantentze-lantzat sailkaturik ez badaude.

Diruz lagungarritzat jotzen dira kontsultategiak eraikitzearekin, handitzearekin eta/edo eraberritzearekin eta/edo egokitzearekin eta/edo hobetzearekin zerikusia duten gastu guztiak (obra proiektua idaztea, azterlan geoteknikoa, segurtasunaren eta osasunaren azterlana, segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa proiektu fasean, obraren zuzendaritza fakultatiboa eta segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa gauzatze fasean, obrak, zergak, baimenak eta argindarraren hargunea eta lotunea). Ez dira sartzen lursailen urbanizazio gastuak.

4.–Entitate onuradunak.

Nafarroako toki entitateek eskuratzen ahal dituzte deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak.

5.–Eskaerak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Toki entitateek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren erregistroan (Tutera kalea 20; 31003, Iruña) aurkezten ahalko dituzte proposamenak, edo, bestela, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako erregistro eta bulegoetan, edo Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoan. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzara zuzenduko dira.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabideak toki entitatearen legezko ordezkariak sinaturik (udaleko alkateak, kontzejuko buruak, etab.) aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorraren ereduaren araberakoak (http://www.navarra.es/nr/rdonlyres/17735409-f433-4066-9ffd-07d7ef7d9925/0/instanciageneral.pdf), eta haiekin batera agiri hauek:

–Zein jarduketatarako eskatzen den dirulaguntza, haren zenbatekoa eta haren helburua.

–Kontsultategi berri bat eraiki, dagoena handitu eta/edo eraberritu eta/edo egokitu beharra arrazoitzen duen txostena.

–Dokumentazio teknikoa eta ekonomikoa: agiri hauetariko edozein, non zenbatekoa agertuko baita, honako hauek barne, kasua bada: proiektu kostuak, segurtasun azterlana, obra zuzendaritza, segurtasunaren koordinazioa eta dirulaguntza jaso dezaketen gainerako gastuak:

  • Lokalak eraiki edo egokitzeko aurreproiektua, behar bezala baloratua.
  • Memoria tekniko baloratua.
  • Enpresa eraikitzailearen aurrekontua.

Eraikin berri bat eraikitzeko, dagoena handitzeko eta/edo eraberritzeko obren kasuan, adierazi beharko dira eraikinean egin beharreko azalera berriaren metro koadro eraikiak ere, eta/edo eraberritze obrak ukitutako azaleraren metro koadroak.

–Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita jarduketen xedeko eraikinean osasun kontsultategia dagoela (bera bakarrik, edo bera eta beste bulego batzuk).

Kontsultategia dagoen eraikinean osasun arlokoak ez diren beste bulego batzuk badaude eta dirulaguntzaren xedeko jarduketak gainerako bulegoak ere ukitzen baditu, jarduketak guztira ukitzen dituen azaleraren metro koadroak eta osasun kontsultategiari soilik dagozkion metro koadroak adierazi beharko dira.

Kontsultategia horretarako berariazko eraikin batean badago eta dirulaguntzaren xedeko jarduketak, osasun kontsultategiaren azalera ez ezik, eraikinaren gainerako azalera ere ukitzen badu, jarduketak guztira ukitzen dituen azaleraren metro koadroak eta osasun kontsultategiari soilik dagozkion metro koadroak adierazi beharko dira.

–Erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena toki entitatea ez dela betetzen ari administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik emakumeen eta gizonen berdintasun arloan, edo, kasua bada, ez dagoela arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

5.3. Eskaera zuzentzea.

Dirulaguntzaren eskaerak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen, beharrezko dokumentuak gehitu ez badira edo eskaera baloratzeko alegatu diren funtsezko alderdiak ez badira behar adina frogatu, akatsa zuzentzeko eskatuko zaio toki entitate interesdunari; horretarako, hamar egun natural emanen dira, gehienez ere, jakinarazpenaren biharamunetik aitzina, eta ohartaraziko zaio zuzenketarik egin ezean eskaerari uko egindakotzat hartuko dela; hala gertatuz gero, espedientea artxibatzeko ebazpena egin eta jakinaraziko zaio.

6.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Balorazio batzorde bat eratzen da, instrukzio organo gisa. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako kudeatzailea batzordeburua izanen da, eta Nafarroako Iparraldeko, Nafarroako Ekialdeko, Lizarrako eta Tuterako eremuetako Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntzaren Jarraitutasunerako zuzendariordeak eta zerbitzuburuak arituko dira batzordekide.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, balorazio batzordearen eginkizunak dira dirulaguntzak emateko prozedura antolatzea eta instruitzea.

Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 20.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Laguntzak emateko prozeduraz ebazteko eskumena Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak du.

7.–Dirulaguntza emateko prozedura, eskaerak baloratzeko irizpideak, eskaeren balorazioa eta zenbatekoaren esleipena.

7.1. Laguntzak emateko prozedura:

Deialdiko dirulaguntzak emateko prozedura arrunta izanen da, hau da, norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira, hurrengo ataletan ezarritako irizpideekin bat.

7.2. Balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozedura.

7.2.1. Aurrekontuko zuzkidura:

Deialdi honi jarraikiz ematen diren dirulaguntzak finantzatuko dira 2020ra luzatutako 2019ko Gastu Aurrekontuko “Oinarrizko Osasun Laguntzako zentroak eraiki edo eraberritzeko transferentziak” izeneko 547001-52310-7609-312802 partidaren kargura.

7.2.2. Laguntza esleitzeko irizpideak.

Instrukzio organoak entitate bakoitzerako proposatzen duen dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa zehazteko, kontuan hartu behar dira aurkeztutako proiektu edo aurrekontua, adierazitako beharretara egokitzeko gaitasuna eta oinarri hauek ezarritako mugak.

Jarduketaren benetako gastuaren ehuneko ehun finantzatuko da, betiere jarraian adierazten diren gehieneko zenbatekoak errespetatuta:

Eraikin berri bat eraikitzeko, dagoena handitzeko eta/edo eraberritzeko obren kasuan, azalera eraikiko metro koadro bakoitzeko, gehieneko dirulaguntza 2.100 eurokoa izanen da erakinean azalera berriak eraikitzen direnean, eta 1.150 eurokoa dauden azalerak eraberritzen direnean. Gastu diruz lagungarri guztiak (3. oinarrian adierazitakoak) sartzen dira zenbateko horietan.

Instalazioak egokitzeko eta/edo hobetzeko jarduketa txikien kasuan, gehieneko zenbatekoa jarduketen benetako gastua izanen da.

Kontsultategia dagoen eraikinean osasun arlokoak ez diren beste bulego batzuk badaude, eta dirulaguntzaren xedeko jarduketak gainerako bulegoak ere ukitzen baditu, kontsultategiaren azalerarekiko proportzionala izanen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

Era berean, kontsultategia horretarako berariazko eraikin batean badago eta dirulaguntzaren xedeko jarduketak, osasun kontsultategiaren azalera ez ezik, eraikinaren gainerako guztia ere ukitzen badu, kontsultategiaren azalerarekiko proportzionala izanen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa.

7.2.3. Balorazio irizpideak:

Aurkeztu eta onartutako eskaerak baloratzeko, irizpide hauei jarraituko die balorazio batzordeak:

Balorazio batzordeak prestatzen duen zerrendan ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraikiz emanen dira dirulaguntzak, aurrekontuan dagoen diruaren arabera; zerrenda hori parametro hauetan oinarrituta eginen da:

a) Balorazio batzordeak ondoan adierazten diren ataletako batean sartuko du eskaera bakoitza, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak Nafarroako Foru Komunitateko herritarrei osasun prestazioa ematen dieten kontsultategien arloan dituen lehentasunen eta premien arabera esleituko ditu puntuazioak: 20 puntu gehienez, honela banatuta:

a.1.) Eraikin berri bat eraikitzeko, edo dagoena handitzeko edo handitu eta eraberritzeko beharra, profesionalek zerbitzua emateko espazio berriak (kontsultak, aretoak) lortzeko. Azpiatal honetan, balorazio batzordeak, aurreko paragrafoan adierazitakoaz gain, espazio berrien premiak hartuko ditu kontuan, zentroari esleitutako giza baliabideen plantillaren igoerak (egina edo aurreikusia) eta/edo O-NOZek herritarrei osasun prestazio berriak emateko dituen aurreikuspenak sortuak. 20 puntu gehienez.

a.2.) Eraikina eraberritu beharra, dauden espazioak berrantolatzeko eta, modu horretan, herritarrei ematen zaien arretaren baldintzak edo profesionalen lan baldintzak hobetzeko. 17 puntu gehienez ere.

a.3.) Dauden instalazioak egokitzeko eta/edo hobetzeko jarduketa txikien beharrak, hirugarren oinarrian zerrendatuak, edo instalazioak sortu beharra. 12 puntu gehienez ere.

Hiru azpiataletatik bakar bat baloratuko da.

b) Kontsultategian arreta eman behar zaien herritarrak: 5 puntu gehienez, honela xehakatuta:

b.1.) Kontsultategia etengabeko arretarako gunea bada: 2 puntu.

b.2.) Kontsultategiari esleitutako norbanakoaren osasun txartelak: 3 puntu gehienez, honela banatuta:

–1.000 NOT edo gutxiago: 1 puntu.

–1.000 NOT baino gehiago, betiere 2.000 NOT gainditu gabe: 2 puntu.

–2.000 NOT baino gehiago: 3 puntu.

Hurrenkera ordena ezartzeko, emandako puntuazio guztiak batuko dira.

7.2.4. Eskaeren balorazioa:

Aurreko ataletan ezarritakoa erreferentziatzat hartuta, honela baloratuko dira eskaerak:

–Balorazio batzordeak aurkeztutako eskaerak tramitatu, aztertu eta ebaluatuko ditu, oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpide eta lehentasunen arabera, eta organo eskudunari dirulaguntzak emateko ebazpenaren proposamena igorriko dio.

–Balorazio batzordeak arlo horretan adituak diren pertsona fisikoen edo entitate pribatuen aholkularitza eska dezake.

–Eskaerak aurkeztutakoan, toki entitate guztiek proposatutako jarduketak sailkatuko ditu instrukzio organoak, eta hurrenkera ordena ezarriko du.

–Instrukzio organoak noiznahi ere eskatzen ahalko dio entitateari eskaera hobeki baloratzeko edozein argibide.

–Balorazio irizpide guztiak aplikatu ondoren eskatzaile batzuk (bi edo gehiago) berdindurik badaude, oinarri hauen aurreko a) ataleko balorazio irizpidean puntuazio handiena duen eskatzailearen alde ebatziko da; berdinketak badirau, atal horren a.1) azpiatalean puntuazio handiena duenaren alde; berdinketak badirau, atal horren a.2) azpiatalean puntuazio handiena duenaren alde; berdinketak badirau, atal horren a.3) azpiatalean puntuazio handiena duenaren alde; berdinketak badirau, oinarri hauen aurreko b) ataleko balorazio irizpidean puntuazio handiena duenaren alde; berdinketak badirau, atal horren b.1) azpiatalean puntuazio handiena duenaren alde; eta, berdinketak badirau, atal horren b.2) azpiatalean puntuazio handiena duenaren alde. Aurreko irizpideak aplikatu ondoren ere berdinketak badirau, zozketa bidez ebatziko da.

–Eskaera baterako dirulaguntzaren zenbatekoa gelditzen den saldo erabilgarria baino handiagoa bada, dagokion toki entitateari jakinaraziko zaio, eta galdetuko zaio kasuan kasuko aurrekontuko partidaren saldo hori adinako dirulaguntza onartzen duen. Kasu horretan, toki entitateak bere gain hartuko du gainerako gastua:

  • Toki entitateak onartzen badu, saldo eskuragarria adinako dirulaguntza emanen zaio, eta toki entitateak bere gain hartuko du jarduketaren gainerako gastua.
  • Toki entitateak onartzen ez badu, balorazio batzordeak proposatuko du dirulaguntza hurrengo eskaerei ematea, hurrenkera ordenari jarraikiz.

7.2.5. Dirulaguntzaren zenbatekoa esleitzea.

Aurreko azpiataletan adierazitako prozeduren eta irizpideen arabera esleituko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

8.–Prozeduraren ebazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak ebaluatu ondoren, instrukzio organoak egindako ebazpen proposamena ikusita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzak emanen ditu ebazpen baten bidez.

Ebazpenean adieraziko da zein entitate eskatzaileri eman zaion dirulaguntza, zein den horren xedea eta esleitutako zenbatekoa, bai eta ezetsi diren gainerako eskaerak ere; azken horien artean egonen dira, besteak beste, aurrekontuko baliabideen mugagatik ezespena jaso dutenak –partziala edo osoa–, horietariko bakoitzari emandako puntuazioa adierazita, ezarritako balorazio irizpideen araberakoa izanen dena.

Azken kasu horretan, dirulaguntzak onartu eta jakinarazitakoan, onuradunen batek uko egiten badie emandako laguntzei, edo justifikatutako gastuaren zenbatekoa emandako dirulaguntzarena baino txikiagoa bada, soberakina honela erabiliko da: lehendabizi, emandako dirulaguntzak osatzeko, baldin eta onuradunari, behar adinako kreditua egotera, legokiokeena baino laguntza txikiagoa esleitu bazaio edo lehentasunen hurrenkeran atzerago geratu bada; eta bigarrenik, aurrekontu-kontsignazio faltagatik dirulaguntzarik gabe geratu diren jarduketak laguntzeko, lehentasun hurrenkeraren arabera, betiere jarduketa aurtengo ekitaldian egitea posible bada, dirulaguntza ematen den eguna kontuan hartuta.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka, ebazpen berariazkoa edo ustezkoa izan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legean xedatutakoarekin bat, deusetan galarazi gabe aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, lege jurisdikzional horren 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

9.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Onuradunak betebehar hauek izanen ditu:

a) Dirulaguntzaren xedeko proiektua eta jarduerak deialdi honen oinarri, baldintza, betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua, betiere, eman zen kontzeptuetarako baizik ez erabiltzea.

b) Diruz lagundutako jarduketak eta guztirako gastua justifikatzea.

c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak edo, indarreko antolamenduaren arabera, eskumena duten beste organo batzuek egiten dituzten egiaztapen lanak eta kontrol tekniko eta finantzariorako jarduerak onartzea eta emandako dirulaguntzari buruz eskatzen dioten dokumentazio guztia eskura jartzea.

d) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzari xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako dirulaguntzen berri ematea.

e) Proiektua gauzatu ezin bada edo dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, entitate onuradunak jasotako dirua itzuliko du edo, hala denean, justifikatu ez den zatia.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

g) Hizkuntzaren erabilera ez sexistara egokitzea memoriak, proiektuak, komunikazioak eta diruz lagundutako jardueren ondoriozko gainerako idazkiak.

10.–Entitate onuradunak dituen gardentasun betebeharrak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 2. artikuluan aipatzen diren entitateek Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzak jasotzen badituzte eta bi inguruabar hauek gertatzen badira:

a) Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako zenbatekoa entitate onuradunaren negozio kopuruaren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoa izatea.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura.

Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitateek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateek haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoen informazioa emanen dute.

d) Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du aipatutako informazioa.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Telematika bidez aurkeztuko da informazio hori, Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaizkio.

Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori aurkezteko betebeharra betetzen ez bada, 59/2013 Foru Dekretuaren 7. artikuluak ezarritako ondorioak aplikatuko dira.

11.–Jarduketek bete beharreko baldintzak.

Osasun jarduerarako erabiliko da soilik eraikitako, handitutako eta/edo eraberritutako osasun kontsultategia.

Toki entitateak, egin beharreko jarduketetarako, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren araudi tekniko-sanitarioa aplikatuko du, eta, zehazki, honako hauek: Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduak sortu, eraberritu edo lekuz aldatzeko eta horien funtzionamendurako baimenak arautzen dituen irailaren 1eko 214/1997 Foru Dekretua eta Ospitaleratzerik gabeko osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduak baimentzeko gutxieneko baldintza tekniko-sanitarioak ezartzeko Osasuneko kontseilariak otsailaren 12an emandako 37/1999 Foru Agindua.

Halaber, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek eraikinean jardunen dutenez, kontuan hartu beharko dira erakunde horren Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzak ematen dituzten zehaztapenak.

Entitate onuradunak behar adinako publizitatea eman beharko dio diruz laguntzen diren jardueren finantzaketa publikoari, eta, zehazki, lanen eremuan kartel bat egonen da, obraren ezaugarriak eta finantzatzen dituen erakundea adierazita.

12.–Jarduketaren lanak egitea.

Dirulaguntza honen xedeko lanak 2020an gauzatu beharko dira, osorik edo partzialki.

13.–Gastua justifikatzeko epea eta modu balioduna.

Diruz lagundutako jarduketen eta horien gastuaren justifikazioa honako agiri hauek aurkeztuz eginen da:

–Kasuan kasuko fakturek jatorrizkoak edo notario batek edo administrazioak konpultsaturiko fotokopiak izan beharko dute. Obren ziurtagiriak, zuzendaritza fakultatiboak –halakorik badago–, jabeak eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatuak.

–Gastu horri dagozkion fakturen titularren banku-kontuetan egindako ordainketen justifikazioa.

–Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, adierazten duena, kontratistak hautatzerakoan, bete direla Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen aginduak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearenak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatze aldera kontratista eraginkortasunari eta ekonomiari begira hautatu dela.

–Toki entitateko idazkariaren edo kontu-hartzailearen ziurtagiria, emandako dirulaguntza zertan gastatu den, haren helburuari nola egokitu zaion eta obra adostasunez hartu dela adierazten duena.

–Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria, adierazten duena betetzen dela memoriak, proiektuak, komunikazioak eta diruz lagundutako jardueraren ondoriozko gainerako idazkiak hizkuntzaren erabilera ez sexistara egokitzeko betebeharra.

Behar denean, gastuaren egiaztagiriak edo dirulaguntza publikoaren xedea frogatzen ahal duen balio juridikoko edozein agiri aurkeztuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 27. artikuluan aipatutakoari jarraikiz.

Aurretik aipatu den dokumentazioa aurkezteko epea 2020ko azaroaren 30ean bukatuko da.

14.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntzaren ordainketa Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera eginen da.

Jarduketen gauzatzearen ordainketa dena batera egiten ahalko da diruz lagundutako jarduera bukatutakoan, edo zatika, zatikako justifikazioen (ziurtagirien) bidez, gastua eta jarduera egin direla frogatu ondoren, aurreko atalean adierazten den bezala.

Ordaindu beharreko zenbatekoa ezin izanen da emandako kopurua baino handiagoa izan.

Ordainketak konturako ordainketatzat hartuko dira, eta diruz lagundutako jarduketak erabat bukatzeari lotuak egonen dira.

Obrak 2021eko apirilaren 30a baino lehen jaso ez badira, hamaseigarren oinarri arautzailean xedatutakoari jarraituko zaio.

15.–Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioa egitea, alegia, beste batzuekin hitzartzea dirulaguntzaren xede den jardueraren erabateko edo hein bateko gauzatzea.

16.–Onuradunaren betebeharrak ez betetzea eta itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, diruz lagundutako jarduketa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo oinarri arautzaile hauetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da zenbat diru itzuli behar den, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita. Jardueraren benetako gastuaren %70 edo gehiago gauzatu denean, betebeharrak ia osorik bete direla iritziko zaio.

17.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Dirulaguntza hartzen duen entitatea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen dirulaguntzen arloko administrazio arau-hausteentzako zehapen araubidearen mende egonen da eta han ezarritako erantzukizunak izanen ditu.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. Tituluan xedatutakoari jarraikiz.

18.–Dirulaguntzaren oinarri arautzaileen eta dirulaguntza ematearen kontrako errekurtsoak.

Dirulaguntzaren oinarri arautzaileen eta dirulaguntza ematea erabakitzen duen ebazpenaren kontra, interesdun diren administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Administrazio publiko ez diren interesdunek, dirulaguntzaren oinarri arautzaileen eta dirulaguntza ematea erabakitzen duen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin bat.

19.–Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi hau eta haren oinarriak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz egin dira; beraz, oinarri arautzaileotan jasota ez dagoen guztian, lege hori oso-osorik bete beharko da.

Iragarkiaren kodea: F2001360