266. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

142E/2020 EBAZPENA, urriaren 29koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Arangurengo udal mugarteko Aranguren Ibarreko hustubidea berritzeko proiekturako. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona SA da.

2019ko azaroaren 22an, 0001-0015-2019-000122 espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaerari sarrera eman zitzaion Ingurumen Zuzendaritza Nagusian, ingurumen ukipenen azterlana eta lehengoratze plana barne. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartzen da. Foru dekretu horrek onetsi zuen ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko dituela lurzoru urbanizaezinean baimendu daitezkeen jarduerak ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, lurraldearen antolamenduari eta etxebizitzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan xedatutako ondorioak izanen dituela.

Proiektuaren xedea da Gongorako zabortegiko lixibiatuak ateratzeko hoditeria berritzeko obrak guztiz definitzea, ebaztea eta baloratzea; gaur egungo hoditeriaren ordez, gres beiraztatuko DN300 mm-ko beste bat jarriko da, 6.300 m luze, Mutiloako sarreran dagoen erregistro bateraino, Arazuriko araztegiko hoditeriara bideratuta. Horrez gain, Labianoko (baratzeak barne), Zolinako eta Taxoareko gaur egungo harguneen hondakin urak ere jasoko ditu. Gres beiraztatuko hoditeriarekin eginen diren berritze lanetan, PVCzko hoditeria zaharra martxan egonen da, eta ondoren deuseztatu eginen da, baita haren erregistro guztiak ere.

Gaur egungo kanalizazioaren egoera oso txarra da, hodien sestretan etenaldi handiak daude, bai eta deformazio asko ere; horiekin batera, arrakala eta haustura batzuk badaude, eta ondorioz hodi biltzailea ez da estankoa. Egoera hori okerragotu egiten dute maiz malda gutxiagoko tarteetan egiten diren jalkinek. Horien ondorioz, eremu batzuetan ur erretentzioak sortzen direlarik.

Gaur egungo hodi biltzaileak eskuineko aldetik Sadar ibaiaren ibilguari jarraitzen dion ardatz bat du. Hodi biltzaile berria trazadura horrekiko paralelo kokatuko da, gutxi gorabehera 6 metrora, zortasun zerrendaren barnean, eta, nagusiki alor landuak ukituko ditu.

Proiektatutako lanak Natura 2000 Saretik eta Nafarroako Naturagune Babestuen Saretik kanpo daude guztiz. Jarduketaren zati handiena alor landuetan dago. Hodia Sadar ibaiaren eskuineko aldetik igarotzen da, baina ibaia zeharkatu gabe eta ertzetan eraginik sortu gabe. Ingurumenean eragiten duen proiektuaren ekintza nagusia hau da: modu puntualean, zangak ireki aurretik, finken arteko drainatze-erreten edo errekasto txikiei lotutako landaredia kentzea. Hala, lizar eta zumar ale txikiak eta nagusiki sasiz, zuhandorrez, sasiarrosez eta lezka batzuez osatutako zuhaixka zerrenda bat kaltetzen ahalko dira. Hoditeriak horrelako drainatze-errekastoak zeharkatzen ditu 8 gunetan, baina horietan ez dago interes bereziko landaredirik.

Abelbideei eragiteari dagokionez, hoditeriaren trazadurak Milagro-Aezkoa errege altxonbidea eta P-26 iraganbidea zeharkatzen ditu. Horri dagokionez, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak aldeko txostena eman zuen 2020ko martxoaren 6an; baldintzak ebazpen honetan jaso dira.

+2.170 KP-aren eta +2.210 KP-aren artean hodi biltzaileak Noaingo akueduktu zaharraren tarte bat zeharkatzen du harrizko zubiaren arku bateko beheko aldetik. Proiektuak ondare historikoan eta arkitektonikoan sortzen ahalko dituen eraginei dagokienez, Vianako Printzea Erakundeak xedatutakoak beteko dira.

Eraginpeko eremuan ingurumena birgaitzeko, 150 zuhaixka (elorri zuria, aihenzuria eta zuhandorra) eta 25 lizar landatzea eta 2.500 m²-ko hidroereitea aurreikusten dira.

2020ko irailaren 22an Lurraldearen Antolamenduaren Atalak eskaerari buruz aldeko txostena eman zuen, baldintzak ezarrita. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du natur ingurunearen eta paisaiaren gaineko ukipenei dagokienez, baldin eta ebazpen honetan jasotzen diren prebentzio neurriak eta inpaktuak zuzentzekoak ezartzen badira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Aranguren Ibarreko hustubidea berritzeko proiekturako”, Arangurengo udal mugartean. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona SA da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatu beharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Edozein lur mugimendu hasi baino lehen, ukitzen den eremuko landare-lurra (gutxienez 40 cm) altxatu eta pilatuko da, oso-osorik erabil dadin lehengoratze-lanean.

–Erregistro putzu zaharrak kendu eta deuseztatuko dira. Hodi biltzaile zaharra egondako eremua lehengoratu eginen da dagokion moduan: laborantzarako edo landaketarako.

–Hoditeriak landaredun drainatze-erretenak edo errekasto txikiak zeharkatzen dituen guneetan, okupazio zerrendak behar-beharrezkoa den zabalera izanen du. Zerrenda horien gainean zanga berria irekiko da, baina lurren eta materialen pilatzeak bertatik kanpo eginen dira, landarediari ahalik eta kalte gutxien eragiteko. Edonola ere, ez dira kaltetuko makal edo lizar handiak.

–Trazadura Sadar ibaiaren landaredira hurbiltzen den kasuetan, babestu beharreko landaredia duten eremuetan balizak jarriko dira obrak hasi aurretik.

–Zuhaitzen bat inausi behar izanez gero, tresna egokiekin eginen dira lanak, mozketak garbiak izateko.

–Landaredia kendu beharreko obrak hasi baino lehen, abisu eman beharko zaio Iruñeko mugarteko Ingurumena Zaintzeko Taldeari, lanen zuinketa eta zuhaitzak mozteko lanak gainbegiratzeko.

–Proiektuarekin bat etorriz aurretik zuinkatutako lursailak bakarrik ukitzen ahalko dira. Lehendik dagoen bide sarea erabiliko da ahal den heinean, eta materialak landaredi naturaleko eremuetatik kanpo bilduko dira. Sadar ibaian dagoen landaredia ez da inolaz ere ukituko.

–Obrak gauzatzeko fasean ez da olio edo koiperik isuriko obra eremuetan.

–Obrak bukatuta, jarduketa eremua eta ingurua garbitu eginen dira, hondakin solido eta zabor guztiak kenduz.

–Hoditeriaren trazadurak Milagro-Aezkoa errege altxonbidea (3+800 KP) eta P-26 iraganbidea (1+211 KP) zeharkatzen ditu. Abelbideen gaineko kalteak gutxitzeko, honako baldintza hauek beteko dira:

  • Bidegurutzeen eta zangen zabalera teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak edo putzutxoak lur arrasean zehatz-mehatz berdinduko dira.
  • Lanak gauzatzeko fasean ezin izanen da altxonbidea erabat oztopatu; bestela, abereentzako eta oinezkoentzako iraganbide alternatiboa prestatu beharko da. Zangak irekitzearen ondorioz soberan geratutako material eta/edo landare lurra ezin izanen dira inolaz ere gaur egun larreak diren horietan utzi, ezta behin-behinekoz egiten bada ere.
  • Obrak bukatutakoan, inolaz ere ezin izanen da bidearen zoladura aldatu, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude, txosten honetan baimendutakoak salbu.
  • Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko egikaritze fasearen ondoren, ukitutako eremua lehengoratuko da altxonbideetan edo zortasun-eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak lehengoratzea, landareztatzea eta ereitea, etab) makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilarik eta obra-hondakindegirik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzeak eta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak.
  • Vianako Printzea Erakundearen aldeko txostena izan behar du proiektuak, historia eta kultura ondarea ukitzea baztertzeko.

Hirigintzari eta lurraldeari dagokienez:

–Baimen honek Aranguren Ibarreko hustubidea berritzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta ebazpen honetan ezartzen diren xedapenei jarraikiz.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean kokatu nahi diren beste jarduera batzuk azpiegitura honekin lotzea.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, eta/edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Egin gogo den jarduketak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Ibai arroko erakundearen baimena eskuratu beharko da, uraren arloan indarrean den legediarekin bat etorriz.

–Obrak egitean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarrean dagoen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluko ondorioak izanen ditu, bertan ezartzen baita lurzoru urbanizaezineko jarduketak baimentzeko prozedura.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Aranguren Ibarreko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Iruñeko mugartea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 29an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2012759