266. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

173E/2020 FORU AGINDUA, azaroaren 6koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita erretirodunen elkarteei eta adinekoen erakundeei dirulaguntzak emateko, 2020. urtean ekipamendu eta/edo programa informatikoak eta telefono gailuak eros ditzaten adinekoak teknologia berrietara hurbiltzeko eta haien gaitasun digitalak garatzeko. DDBN identifikazioa: 531985.

“Gizarte-intereseko beste xede batzuetarako %0,7ko funtsa” izenekoaren bi partidaren bidez finantzatzen da Eskubide Sozialetako kontseilariaren martxoaren 18ko 48E/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baita “Adinekoen Programa Globala” dirulaguntzaren deialdia adinekoen arloan esku hartzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat, 2020. urterako.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak urriaren 8an emandako 153E/2020 Ebazpenaren bidez, “Adinekoen Programa Globala” dirulaguntzaren deialdia ebatzi zen adinekoen arloan esku hartzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat, 2020. urterako. 302.076,97 euro geratu ziren esleitu gabe baimendutako gastu osotik.

Hala xedatzen baitu bere 7. artikuluan ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legeak, Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzekoak, behar adina deialdi egiten ahalko dira, harik eta unean uneko ekitaldian egokitzen den PFEZaren %0,7ko funts guztia agortu arte.

Bestalde, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusia (Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua) azterlan bat egiten ari da Eskubide Sozialetako Departamentuarekin eta T3RCER TIEMPO Adinekoen Elkarteen Konfederazioarekin elkarlanean, Nafarroako Foru Komunitateko 65 urtetik gorakoen eten digitalari buruz, gaitasun digitaletan trebatzeko plan bat garatzeko, helburu bikoitzarekin: batetik, erretirodunen elkarteei laguntza eta arreta ematea, eta, bestetik, 65 urtetik gorakoak prestatzea eta gaitzea gaitasun digitalen eta administrazio elektronikoaren arloan.

Gainera, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek (IKT) ematen dituzten onurak berberak dira adinekoentzat nahiz gainerako biztanleentzat: komunikazioa, informazioa, aisialdia, Internetetik eguneroko bizitza errazten duten zerbitzuak, baita etxean bertan ematen diren gizarte- edo osasun-zerbitzuak ere.

Aintzat hartu behar da adinekoek gainerako biztanleek dauzkaten eskubide berberak dauzkatela. Horrek esan nahi du aukera hori mugatzen duten traba guztiak kendu behar direla. Teknologia tresna garrantzitsua izan daiteke gizartearen eskubideak eta onurak egiaz gauzatzeko, gainerako biztanleen baldintza berberetan.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Orobat, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zuen. II. eranskineko B) apartatuan, “Bermatu gabeko prestazioak” izeneko 13. puntuan, dirulaguntzak ezartzen ditu hirugarren adinekoen arloko gizarte ekimeneko entitateendako, eta xedatzen du baliabidearen helburua dela hirugarren adinekoen autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko programak bultzatzea eta horiek garatzen dituzten entitateen elkartegintza sustatzea.

Azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta oinarri arautzaileak, legezkoak.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzen deialdia onestea, 2020. urtean ekipamendu eta/edo programa informatikoak eta telefono gailuak erosteko.

2. 302.076,97 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: 920005 93100 4819 231B35 PFEZaren %0,7ko funtsa. Adinekoen elkarteak. Funtzionamendurako dirulaguntzak 2020.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2020ko azaroaren 6an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak, erretirodunen elkarteei eta adinekoen erakundeei dirulaguntzak emateko, 2020. urtean ekipamendu eta/edo programa informatikoak eta telefono gailuak eros ditzaten eta Interneterako sarbidea ezar dezaten elkarteen lokaletan, adinekoak teknologia berrietara hurbiltzeko eta haien gaitasun digitalak garatzeko

1.–Dirulaguntzaren xedea eta programa.

Deialdi honen xedea da adinekoak teknologia berrietara hurbiltzea eta haien gaitasun digitalak garatzea, eta horretarako, ekipamendu eta/edo programa informatikoak eta telefono gailuak erostea, murrizteko erretirodunen elkarteetako eta adinekoen erakundeetako kideen artean dagoen eten digitala.

Foru agindu honen ondorioetarako, diruz lagungarriak izanen dira 2020ko urritik aurrera ekitaldi bereko amaiera bitarte erosten diren ekipamendu informatiko eta/edo teknologikoak, bai eta lokaletan Interneterako sarbidea instalatzeko gastuak ere, entitate horietako adineko kideek balia eta erabil dezaten, xedea baita teknologia berrien erabilera sustatzea eta ezagutza estimulatzeko programak garatzea, adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko, zahartze aktiboa izan dezaten.

2.–Entitate onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Nafarroako erretirodunen elkarteek eta adinekoen erakundeek jasotzen ahalko dituzte dirulaguntza hauek, baldin eta ekipamendu eta/edo programa informatikoen eta telefono gailuen eskaera aurkezten badute, bai eta beren lokaletan Interneterako sarbidea instalatzen badute ere, kideek aukera izan dezaten txandaka erabiltzeko, erabiltzaile guztien artean gaitasun digital handiagoa garatze aldera.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aurreikusitako debeku egoeraren batean dauden entitateak.

3.–Gastu diruz lagungarriak.

Honako hauetarako emanen da dirulaguntza: ekipamendu informatikoa erosteko (mahai gaineko ordenagailua, ordenagailu eramangarria, tableta, koloretako inprimagailua, laser-inprimagailua edo funtzio anitzekoa, eskanerra...), baita programa informatikoak (ofimatikako programak, antibirusak, ezagutzaren estimulaziorako programak...) eta telefono gailuak (smartphoneak) erosteko ere, eta Interneterako sarbidea instalatzeko gastuetarako.

Adinekoen erakunde edo erretirodunen elkarte bakoitzak nahi adina unitate erosi ahal izanen du ekipamendu bakoitzetik. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 2.000 eurokoa da.

4.–Eskaerak aurkeztea.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Nafarroako erretirodunen elkarteek eta adinekoen erakunde interesdunek eskaera aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren araberakoa. Eredua Nafarroako Gobernuaren web-orrian eskura daiteke.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Telematika bidez aurkeztuko dira eskaerak, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaizkio.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4.2. Aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.

Erakunde interesdunak aurkeztu beharko ditu dirulaguntzaren eskaera eta 2020ko urritik ekitaldi bereko bukaerara arte erositako ekipamendu eta/edo programa informatiko eta telefono gailu guztiak ordaindu izanaren egiaztagiriak eta fakturak.

4.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerarekin batera nahitaezko agiriak aurkeztu ezean edo oso-osorik ez badaude, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio horrela egin ezean haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarri bezala.

Orobat, instrukzio organoak deialdia ebazteko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa edo informazio osagarria eskatzen ahalko du edonoiz, baita oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak goitik behera betetzen direla frogatzekoa ere.

5.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalari esleitu zaizkio.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

6.–Arau orokorrak: dirulaguntzak emateko prozedura, lehentasunak eta balorazioa.

6.1. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honen xede den dirulaguntza emanen da aurkeztutako eskaerak baloratu ondoren.

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko diru zenbatekoa, guztira, aurrekontuan dagoen kontsignazioa baino handiagoa bada, zenbateko hori hainbanatu edo proportzionalki banatuko da deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaeretako zenbatekoen gainean.

6.2. Balorazioa.

Aurkeztutako eskaera guztiak baloratuko dira, aintzat hartuta 3. puntuan adierazitako baldintzak betetzen direla.

Erositako gailu bakoitzeko, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa hau izanen da:

• 200 euro telefono mugikorretarako (smartphone).

• 600 euro mahai gaineko ordenagailuetarako edo ordenagailu eramangarrietarako (softwarea barne).

• 200 euro tabletetarako.

• 150 euro eskanerretarako edo koloretako inprimagailuetarako, laser-inprimagailuetarako edo funtzio anitzekoetarako.

• Urteko harpidetzaren ordainketa adinekoen ezagutza estimulatzeko programa baterako.

• Interneterako sarbidearen instalazioaren ordainketa, 100 euro gehienez.

7.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaera guztiak ebaluatu eta gero, behin betiko balorazioa eginen da. Balorazio positiboa lortzen duten eskaeren artean, dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da ekipamendu informatiko eta/edo telefoniko bakoitzerako gehieneko zenbatekoaren arabera.

Balorazio negatiboa jaso duten eskaerek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Instrukzio organoak egindako ebazpen proposamenak ikusita, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emanen du.

Ebazpenak entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie, adierazita ebazpena emateko aintzat hartutako oinarriak, dirulaguntza hartzen duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ezesteko arrazoiak. Laguntza ematen bada, esleituriko zenbatekoa azalduko da.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, dirulaguntzak emateko ebazpenak Nafarroako Gobernuko webgunean argitaratuko dira. Argitalpen horretan honako hauek adieraziko dira: deialdia, dirulaguntzak aurrekontuko zer kredituri egozten zaizkion, entitate onuradunak, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.

Beren aldetik, entitateek egoki jotzen dituzten bitartekoen bidez eginen dute publizitatea.

Ebazpenak eman eta jakinaraziko dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.4 artikuluan legez ezarritako gehieneko epean. Epe hori bukatuta, entitate interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

8.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira “Adinekoen Programa Globala” izeneko dirulaguntzaren deialdian ekipamendu informatikoa erosteagatik ematen den amortizazioarekin (deialdi hori onetsi zen adinekoen arloan esku hartzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundeendako, 2020. urterako). Halaber, bateragarria izanen da xede bererako ematen den beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin.

Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo diruz lagundutako jardueraren berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

9.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Laguntzak aldi bakar batean ordainduko dira, deialdia ebatzi ondoren eta egiaztatu ondoren gailuak erosi direla; horretarako, gailu bakoitzari dagozkion faktura eta ordainagiria helaraziko dira.

Dirulaguntza ordaintzeko, kasu guztietan beharrezkoa izanen da irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoa betetzea, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak.

Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko da dirulaguntza, jarduera egin dela frogatu ondoren, eranskin honen 10. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

10. oinarria.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

Dirulaguntza justifikatzeko, 2020ko urritik aurrera ekitaldi beraren amaiera arte erositako ekipamendu informatiko eta/edo telefonikoen fakturak eta/edo ordainagiriak aurkeztu beharko dira.

II. ERANSKINA

Erosi behar diren ekipamendu informatiko eta telefonikoek izan behar dituzten ezaugarriak:

MAHAI GAINEKO ORDENAGAILUAK

Prozesadorea

Gutxieneko ezaugarriak

Bi nukleo, azken belaunaldikoa, bateragarria x86 arkitekturarekin

Memoria

Modulu kopurua eta edukiera

8 GB-eko modulu 1

Handitzeko aukera

16 GB bitarte

Slot libreak (derrigorrezkoa)

1

Barne memoria

Egoera solidoko unitatea SSD

1

Tamaina

2,5”

Interfazea

SATA

Edukiera

240~256 GB

Kontroladore grafikoa

Mota

HD txartel grafikoa integratuta

Memoria

Konfiguragarria (1 GB arte gutxienez)

Bereizmena

1920 × 1080 edo handiagoa

Monitorea

Mota

LED monitorea

Tamaina (hazbeteak)

19

Jatorrizko bereizmena

1920 × 1080 Full HD

Sare-moldagailua

Mota eta abiadura

Ethernet GB integratua

Audioa

Bozgorailuak

Integratuta

Teklatua

Ezaugarriak

102 teklako teklatu hedatua

Konexioa

USB

Sagua

Ezaugarriak

Sagu optikoa, bi botoiduna eta gurpilduna

Konexioa

USB

Web-kamera

Ezaugarriak

Gutxieneko bereizmena: 640* 480 pixel

Mikrofonodun entzungailuak

Ezaugarriak

Mikrofonodun entzungailuak

USB atakak

Ezaugarriak

Gutxienez ere 3.0 USB bat; guztira, 4 USB

Lizentzia

Sistema eragilea

W10

ORDENAGAILU ERAMANGARRIA

Prozesadorea

Gutxieneko ezaugarriak

Bi nukleo, azken belaunaldikoa, bateragarria x86 arkitekturarekin

Memoria

Modulu kopurua eta edukiera

8 GB-eko modulu 1

Slot libreak

1

Barne memoria

Egoera solidoko unitatea SSD

1

Tamaina

2,5”

Interfazea

SATA

Edukiera

240~256 GB

Pantaila

Mota

LED

Kontroladore grafikoa

Mota

HD txartel grafikoa integratuta

Memoria

Konfiguragarria (1 GB arte gutxienez)

Bereizmena

HD

Sare-moldagailua

Mota eta abiadura

Ethernet GB integratua

Hari gabeko konexioak

Bluetooth 2.0

Integratua

Wireless 802.11

Integratua

Audioa

Bozgorailuak

Integratuta

Web-kamera

Web-kamera

Integratua

Teklatua integratua

Ezaugarriak

Integratua

Sagua integratua

Ezaugarriak

Adierazi (Trackpoint, Touchpad, eta abar)

Kanpoko sagua

Ezaugarriak

Tamaina txikiko sagu optikoa, bi botoiduna eta gurpilduna. USB konexioa

Kanpoko I/O atakak

USB atakak

Gutxienez ere 3.0 USB bat; guztira, 3 USB

Audioa mikrofonoa/entzungailuak

1

Ethernet RJ45

1

Bateria

Gutxieneko iraupena jardunean

8 ordu

Pisua

Gehieneko pisua

2,3 kg, bateria barne

Lizentzia

Sistema eragilea

Windows 10

INPRIMAGAILUA: KOLORETAKOA, LASERRA EDO FUNTZIO ANITZEKOA

Inprimagailua edo funtzio anitzak

Tinta-injekziozko teknologia edo laser teknologia

Loturak

2.0 USB ataka

Gutxieneko memoria

16 MB

Papera automatikoki sartzeko erretiluak

A4

Gutxieneko edukiera: 25 orri

Papera sartzeko erretiluak handitzeko aukerak

A4

Edukiera: 250 orri

Tinta-kartutxoak

4 (kolore bakoitzeko bat) tinta-zurrustazko inprimagailuetarako

Paperaren tamaina

A4, A5, A6, gutun-azalak eta gutuna

Paper motak

Arrunta, gardenkiak, kartoi mehea, gutun-azalak eta etiketak

Euskarria

Windows 10

TABLETA

64 biteko prozesadorea, gutxieneko nukleo kopurua

4

Gutxieneko memoria

2 GB

Gutxieneko barne memoria

32 GB

Pantailaren tamaina (gutxienekoa)

8”

Konektagarritasuna

Wifi, bluetooth

Gutxieneko bereizmena

HD

Sistema eragilea

Android, IOS, Windows

SMARTPHONE-A

64 biteko prozesadorea, gutxieneko nukleo kopurua

4

Gutxieneko memoria

4 GB

Gutxieneko barne memoria

32 GB

Konektagarritasuna

Wifi, bluetooth

Pantailaren tamaina (gutxienekoa)

5”

Gutxieneko bereizmena

HD

Iragarkiaren kodea: F2013314