266. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

96E/2020 FORU AGINDUA, urriaren 28koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Urdazubiko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bat, harrobien aldeari dagokiona, Urdazubiko Udalak sustatua.

Ingurumeneko zuzendari nagusiak urriaren 9an emandako 131E/2019 Ebazpenaren bidez, ingurumen txosten estrategikoa egin zen Urdazubiko Udal Plan Orokorraren aldaketa egituratzaile bati buruz, harrobien aldeari dagokiona. Ebazpen hori 2019ko 209. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 22koan.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren abuztuaren 13ko 81E/2020 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onetsi zen Urdazubiko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bat, harrobien aldeari dagokiona, Urdazubiko Udalak sustatua. Foru agindu hori 2020ko 198. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 3koan.

Ondoren, 2020ko urriaren 5ean, Urdazubiko Udalak idatzi bat aurkeztu zion Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari; bertan, azaltzen zuen behin-behineko onespena lortu zuen agiri teknikoa bidali zenean “nahi gabeko falta egon zela, ez baitziren aldaketaren planoak bidali, ezpada haien zerrenda bakarrik, kasuan kasuko idatzizko agiriekin batera”, eta, hori horrela, zegozkion plano eginbidetuak erantsi zituen, behin betiko onetsitako agiriaren gainean zuzenketak egin zitezen.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da foru agindu hau ematea.

Adierazitakoarekin bat eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Indarrik gabe uztea Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak abuztuaren 13an emandako 81E/2020 Foru Agindua, behin betiko onesten duena Urdazubiko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bat, harrobien aldeari dagokiona, Urdazubiko Udalak sustatua.

2. Behin betiko onestea Urdazubiko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bat, harrobien aldeari dagokiona, Urdazubiko Udalak sustatua.

3. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrola onesteko egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onetsitako hirigintzako araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Adieraztea Ondare Arkitektonikoaren Atalak 2019ko urriaren 21ean egindako txostenean adierazitakoa bete beharko dela.

5. Foru agindu hau Urdazubiko Udalari jakinaraztea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan; zehazki, dagokion hirigintza arloko araudia argitara dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 28an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2012880