266. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko azaroaren 4an hartua, behin betiko onesten duena Galar zendean eskualdeko industria eremu bat (Comarca 2) ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzen duen espedientea. Galar zendeako Udalak sustatu du espedientea, eta aldaketaren helburua da 17. sailaren (17.1 eta 17.2 lurzatiak) eraikigarritasuna handitzea.

Nafarroako Gobernuaren 2020ko abuztuaren 1eko Erabakiaren bidez, hasiera eman zitzaion aipatu aldaketa espedientearen tramitazioari. Erabaki hori 2020ko 180. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 14koan.

Aldaketaren helburua da eraikigarritasuna handitzea, 3.012 m²-an, Galar zendean eskualdeko industria eremu bat (Comarca 2) ezartzeko UPSaren 17. sailean, 1.506 m² saila osatzen duten lurzati bakoitzeko (17.1 eta 17.2); horrela, 5.181 m²-ko eraikigarritasuna izanen lukete. Horren ondorioz, UPSaren aprobetxamendua 3.614,40 AU gehiagokoa litzateke. Hirigintzako gainerako determinazioek beren horretan diraute.

Espedientean, Iruñerriko Mankomunitatearen aldeko txostena dago jasota, 2020ko irailaren 15ekoa. Bestalde, 2020ko uztailaren 27an, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak aditzera eman zuen ezen “Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5.f eta 6.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera, planteatutako proposamena ez dagoela ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremuaren barruan”.

Espedientea jendaurrean egon den bitartean eta entzunaldian ez du inork alegazio idazkirik aurkeztu.

Amaitzeko, sustatzaileak agirian txertatu ditu Nafarroako Gobernuak espedientearen tramitazioari hasiera emateko erabakian adierazitako errekerimenduak.

Agiriak azterturik, ikusi da hala jendaurrean paratutako agirian nola behin betiko onesteko aurkeztutakoan, aditzera ematen dela, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaren sustatzailea delako 1. atalean, “Galar zendeako Udalak sustatu duela” aldaketa, eta akatsa atzeman da espedienteari hasiera emateko txostenean eta erabakian, non Nasuvinsa SA agertzen baitzen aldaketaren sustatzaile gisa; hori horrela, bidezkoa da aipatu akatsa zuzentzea espedientearen onespen erabakian.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2020ko urriaren 26ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Behin betiko onestea Galar zendean eskualdeko industria eremu bat (Comarca 2) ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzen duen espedientea. Galar zendeako Udalak sustatu du espedientea, eta aldaketaren helburua da 17. sailaren (17.1 eta 17.2 lurzatiak) eraikigarritasuna handitzea.

2. Erabaki hau eta espedientearen bitartez aldatzen den araudia, eranskin gisa jasoa, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren Atalari igortzea.

3. Erabaki hau jakinaraztea Iruñerriko Mankomunitateari eta Galar zendeako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabaki honek administrazio bidea amaitu duela eta haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko azaroaren 4an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

ERANSKINA

Araudia (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2013228