265. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3750E/2020 EBAZPENA, urriaren 29koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, aldatzen duena maiatzaren 8ko 1205/2017 Ebazpena (bere aldetik maiatzaren 8ko 1309/2020 Ebazpenak aldatua), Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak ematekoa; dirulaguntza horiek urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuan aurreikusita daude. DDBN identifikazioa: 501354.

Laneratze enpresek babesteko, jarraipena egiteko eta gizarte laguntzako esku-hartzeak egiten dituzte, eta, horiei esker, errazten dute gizarterako eta lanerako ohiturak hartzea, parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzen dutenak, eta lan merkatuan sartzeko ezinbesteko direnak.

Urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretuaren helburua da gizarteratze eta laneratze enpresen araubide juridikoa arautzea gizarte-bazterketaren kontrako politika publikoen barruan.

2019ko abenduaren 27an onetsi zen 340/2019 Foru Dekretua, urriaren 26ko 94/2016 Foru Dekretua aldatzen duena. Horren helburua da laneratze eta gizarteratze enpresen zeregina sendotzea eta baliabide ezin hobea bilakatzea lanean hasteko zailtasun bereziak dituzten pertsonak lan-merkatuan sar daitezen lortzeko.

COVID-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi egoera aurrekaririk gabeko osasun-krisia da, eta eragin ekonomiko eta sozial handia du. Nafarroako ekoizpen sareko sektoreek modu batera edo bestera jasan dute pandemia horren eragina.

Bereziki, Nafarroako gizarteratze enpresek krisi ekonomikoaren zartakoa pairatu dute, eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente (ABEEE) egoerak ezagutu dituzte, fakturazioa eta itxaroten zituzten mozkinak txikiagotzen zirela ikusiaz bat. Enpresa horiek denek egoera berriari aurre egin behar diote, eta beren ekoizpen prozesuak doitu behar dituzte. Horretarako ezinbestekoa da inbertitzea, bezero edo merkatu kuota berriak lortzeko, kostuak murrizteko, eta abar.

Nafarroako Gobernuak borondate argia azaldu du jarduera ekonomikoa sustatzearren eta enplegua sortzearren behar diren jarduketei heltzeko, unean uneko beharretara egokituz eta erantzun azkarra emanez.

Orain egiten den aldaketa honen xedea da Nafarroako gizarteratze enpresei inbertsiorako aukera hobeak eskaini ahal izatea. Horrela lagunduko da enpresa horietan lan egiten duten eta gizarteratze prozesuan dauden langileen lanpostuei eusten.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 8ko 1309E/2020 Ebazpenaren bidez, Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzen deialdia egiten da, 2020. urterako. Dirulaguntzak banatzeko prozesu hau ez da ebatzi, kreditu gehikuntza bat noiz emanen zain.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 8ko 1205/2017 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdia, Nafarroako laneratze eta gizarteratze enpresetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak ematekoa; hau da aldaketa:

1.1. Deialdiaren 5. a) oinarria aldatzea, testu hau izateko:

5.–Inbertsio diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak:

a) 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra egin eta ordaindutako inbertsioak izatea.

1.2. Deialdiaren 7. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

7.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa proiektatutako inbertsioaren %80rainokoa izaten ahal da, eta 30.000 eurokoa gehienez, gizarteratze eta laneratze enpresa bakoitzeko.

1.3. Deialdiaren 9. b) oinarria aldatzea, testu hau izateko:

9.–Eskaerak egiteko modua eta aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

1.4. Deialdiaren 13. oinarria aldatzea, testu hau izateko:

13.–Prozeduraren instrukzioa eta balorazio batzordea.

Prozeduraren instrukzioa egiteko eskumena duen organoa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzua izanen da.

Organo horrek balorazio batzordeari eskatuko dio, aurkezten diren eskaerak ikusita eta aurrekontuan erabilgarri dagoen diruaren arabera, txostena egin dezala ebaluazioaren emaitza azaltzeko.

Ebazteko orduan, lehentasuna izanen dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 8ko 1309/2020 Ebazpenaren arabera aurkeztu zirenek.

Balorazio batzordearen irizpena loteslea izanen da. Organo horrek kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua: Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuko zuzendaria.

Epaimahaikidea: Enplegu Inklusiboko Programen Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Lan Munduan Sartzen Laguntzeko Bulegoko teknikaria.

Instrukzio organoak, balorazio batzordearen ebaluazioa eta txostena ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.

1.5. Deialdiaren 17.1 oinarria aldatzea, testu hau izateko:

17.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

Dirulaguntza ordaintzeko, bide hauetako bat erabiliko da:

1.–Jarduera oso-osorik gauzatu ondoren, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera justifikatuta.

Onuradunak hurrengo urteko matxoaren 1a baino lehen aurkeztu beharko du espedientearen likidazioa egiteko behar den dokumentazio guztia: justifikazio-kontua, gastuaren frogagiriak eta memoria ekonomiko bat; azken horretan, lortutako diru-sarreren eta dirulaguntzarekin lotutako gastu diruz lagungarrien zerrenda sailkatua sartuko da. Ondorio horietarako, egiazki ordaindutako fakturen kopia aurkeztu beharko da, baita frogatako antzeko balioa duten bestelako kontabilitate agiriak ere, eginiko inbertsioak frogatuko dituztenak. Faktura bakoitzari ordainagiria erantsiko zaio, hau da, bankuko transferentziak edo bankuko karguak edo kontu laburpenak. Txekea ez da onartuko ordainagiri gisa.

Era berean, 11. oinarriko b) letran ezarritako kontzeptu guztien justifikazioa aurkeztu beharko da, balorazioan aintzat hartu baldin badira.

2. Aipatu deialdian 125.000 euroko gastu-gehikuntza baimentzea, 2020ko gastu-aurrekontuko “Laneratze enpresetako inbertsioetarako dirulaguntzak” izeneko 950001 96100 7709 241204 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2020ko urriaren 29an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2012873