262. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

1713/2020 EBAZPENA, urriaren 22koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdiak onesten baitira hautaproben bidez izangaien bi zerrenda egiteko, C mailako Laborategiko Zerbitzuetako ofizialaren lanpostua betetzeko (Nekazaritza espezialitatea), bat aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezien egoeran.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duenak, xedatzen du aldi baterako langileak deialdi bidez aukeratuko direla, eta deialdi horretan berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak bermatuko direla, bai eta publikotasun-printzipioak ere.

2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duenak, xedatzen du ezen Nafarroako Unibertsitate Publikoak, aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, bete nahi dituen lanpostuak eskainiko dizkiela bere funtzionarioei, horretarako dagozkion hautaprobetarako deialdia eginez, zeinak aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda osatzeko hautaprobekin batera eginen baitira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren beharrak asetzeko, bidezkoa da hautaprobetarako deialdiak onestea izangaien bi zerrenda egiteko, C mailako Laborategiko Zerbitzuetako ofizialaren lanpostua betetzearren (Nekazaritza espezialitatea), bata aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezien egoeran.

Kontuan harturik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Hautaproben deialdiak onestea, izangaien bi zerrenda egiteko C mailako Laborategiko Zerbitzuetako ofizialaren lanpostua betetzeko (Nekazaritza espezialitatea), bat aldi baterako kontratazioak egiteko, eta bestea prestakuntzarako, zerbitzu berezien egoeran. Halaber, deialdien oinarriak onestea.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-taula elektronikoan argitara dadila agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Giza Baliabideen Zerbitzuari eta izendatutako epaimahaikideei aditzera ematea, behar dituen ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 22an.–Joaquín Romero Roldán, Kudeatzailea.

I.–DEIALDIA, IZANGAIEN ZERRENDA BAT EGITEKO LABORATEGIKO ZERBITZUETAKO OFIZIALAREN LANPOSTUA (NEKAZARITZA ESPEZIALITATEA) BETETZEKO ALDI BATERAKO KONTRATAZIOAK EGITEKO.

Hauek dira deialdia arautuko duten

OINARRIAK

Lehena.

Deialdi honen xedea da hautaproben bidez izangaien zerrenda bat egitea, C mailako Laborategiko Zerbitzuetako ofizialaren lanpostua betetzeko (Nekazaritza espezialitatea), Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzearren.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hau subsidiarioa izanen da Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen dituen 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluaren Erabakiak ezartzen duenaren babesean egiten den beste edozein funtzionarioen zerrendaren aurrean.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharrekoak.

2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera dute, baldin zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta edukitzea, eta nahitaezko erretirorako gehieneko adina beteta ez edukitzea.

c) Batxilergoko edo Goi Mailako Heziketa Zikloko titulua edo haren baliokidea edukitzea, edo, bestela, titulua erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskatutako kategoria betetzeko aukera ematen duten ikasketa baliokideak alegatzen dituzten izangaiek baliokidetasun hori aitortzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute, edo Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak emandako ziurtagiria aurkeztu.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun ziurtagiria edo, hala badagokio, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da. Betekizun hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

d) Dagozkien eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak edukitzea.

e) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publiko baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B motako gidabaimena eta Produktu Fitosanitarioen Manipulatzailearen txartela izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitatea dutenek ere diziplina-zehapen edo zigor-kondenaren bidez beren estatuetako funtzio publikoetan aritzeko gabetuta ez egotearen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintzak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete behar dira, eta hautaketa-prozedurak edo kontratazio epeak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

Hirugarrena.–Hautaketa-prozesuaren garapena eta balorazioa.

Hautaketa-prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera eginen da.

Laugarrena.–Izangaiei aldi baterako kontrataziorako dei egitea.

Arau hauen arabera dei eginen zaie izangaiei, eta, behar denean, kontratatu: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 1993ko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikuluak eta ondorengoak; 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartu zuen Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duena; deialdi honen oinarriak; eta aplikatu beharreko gainerako arauak.

Deia egiteko, kontuan hartuko da, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 4. apartatuak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasunen bat daukaten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoko lanpostuetan sartzeko prozedura. Horretarako, % 33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua daukaten izangaiek desgaitasuna egiaztatu beharko dute, organo eskumendunak horretarako egindako dokumentuaren kopiaren bidez.

II.–DEIALDIA, IZANGAIEN ZERRENDA BAT EGITEKO LABORATEGIKO ZERBITZUETAKO OFIZIALAREN LANPOSTUAN (NEKAZARITZA ESPEZIALITATEA) PRESTAKUNTZARAKO ZERBITZU BEREZIEN EGOERAN ARITZEKO

Hauek dira deialdia arautuko duten

OINARRIAK

Lehena.

Deialdi honen xedea da hautaproben bidez izangaien zerrenda bat egitea, C mailako Laborategiko Zerbitzuetako ofizialaren lanpostua (Nekazaritza espezialitatea) prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran betetzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoan sortzen diren beharrak betetzearren.

Bigarrena.–Izangaiek bete beharrekoak.

2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete behar dituzte, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioa izatea, eta D maila edo multzokoa izatea.

b) Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzu ematen hiru urteko antzinatasuna izatea gutxienez.

c) Eszedentzian ez egotea, non eta eszedentziak ez duen ezartzen lanpostua erreserbatzeko eskubidea; edo Gobernu Kontseiluaren 2014ko azaroaren 25eko Erabakiaren xedapen iragankorrean adierazitako egoeran egotea –Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duen erabakia–.

d) Batxilergoko edo Goi Mailako Heziketa Zikloko titulua edo haren baliokidea edukitzea, edo, bestela, titulua erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiria, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskatutako kategoria betetzeko aukera ematen duten ikasketa baliokideak alegatzen dituzten izangaiek baliokidetasun hori aitortzen duen legezko edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute, edo Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak emandako ziurtagiria aurkeztu.

Atzerrian erdietsitako tituluak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan beharko du homologazioaren egiaztagiria, edo baliokidetzarena, halakorik badago. Baldintza hori ez zaie aplikatuko lanbide arautuen eremuan prestakuntza profesionalaren aitorpena Europako Erkidegoko Zuzenbidearen xedapenen babesean erdietsi duten izangaiei.

2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira oinarri hauetan ezarritako baldintzak, bai eta hautaketa-prozedurak edo prestakuntza-epeak dirauen bitartean ere.

2.3. Gorago aipatutako baldintzak betetzen dituzten funtzionarioek ezin dute aldi berean parte hartu aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda osatzeko deialdian eta prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aritzeko izangaien zerrenda osatzeko deialdian.

Hirugarrena.–Hautaketa-prozesuaren garapena eta balorazioa.

Hautaketa-prozesua bi deialdietako arau komunek ezartzen dutenaren arabera eginen da.

Laugarrena.–Prestakuntzako izangaiei dei egitea.

Izangaiei dei eginen zaie eta, behar bada, prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran deklaratuko, honako hauetan ezarritakoaren arabera: 2014ko azaroaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartutako Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen dituena, deialdi honen oinarriak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

III.–BI DEIALDIEN ARAU KOMUNAK

2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa da lege hori–, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Nafarroako Aldizkari Ofizialari dagokiona izan ezik (bi deialdien arau komunen 1. oinarrian aipatutakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/azl-en-deialdiak

Lehena.–Eskabideak aurkezteko epea.

Bi deialdietan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.–Eskabideak eta dokumentazioa.

A) Aurkezpen telematikoa.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide hauetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak (aldi baterako kontrataziorako izangaiak), “Hasi tramitea” botoia sakatuz.

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/pruebas-selectivas-formacion (prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezien egoeran), “Hasi tramitea” botoia sakatuz.

“Erantsi fitxategiak” eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira:

–Lehiaketan parte hartzeko eskabide ofiziala. Helbide hauetan eskura daiteke:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak (aldi baterako kontrataziorako izangaiak).

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/pruebas-selectivas-formacion (prestakuntzarako izangaiak, zerbitzu berezien egoeran).

–Deialdian eskatzen den titulu akademikoa egiaztatzen duen dokumentazioa.

% 33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hautaprobak egiteko denbora edo bitartekoak egokitzeko eskatu nahi badute, helbide honetan eskuragarri dagoen eskabidearen bidez adierazi beharko dute:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/kontratazio-zerrendak-osatzeko-hautaprobak

Horretarako, izangaiek beren kondizioa egiaztatu beharko dute, IMSERSOk edo autonomia-erkidegoko erakunde eskudunak emandako ziurtagiri baten bidez, edo Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen baten bidez, zeinak prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen baitu ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia izateagatik. Era berean, zilegi izanen dute eskatutako egokitzapena justifikatzeko komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa ere aurkeztea.

B) Aurkezpen presentziala.

Dokumentazioa telematikoki aurkeztu ezin daitekeen kasuetan baino ez da aurkeztuko presentzialki. Aforoa mugatua egonen da, eta hitzordua eskatu behako da aldez aurretik.

Halako kasuetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar da dokumentazioa (Arrosadiko campusa z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea z.g., 31500 Tutera).

Horretarako, hitzordua eskatu behar da aldez aurretik, behar besteko denboraz, mugatua egonen baita hitzordu kopurua. Hitzordua eskatzeko:

–Iruñean (kokaleku berria, Ikasgelategian): 948169032.

–Tuteran: 948417800.

Hirugarrena.–Izangaiak onartzea.

3.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesteko, azken horiek baztertzearen zergatiak azalduta, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratzeko aginduko du.

Bi deialdien arau komunetako bigarren oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea baztertzeko arrazoiak izanen dira, eta, gainera, horiek ezin izanen dira zuzendu.

Zerrendan azaldu ez diren izangaiek eta behin-behinean baztertutakoek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean. Zuzenketa hori bi deialdien arau komunetako bigarren oinarrian adierazitako moduan egin beharko da.

Aipatutako epean zerrendetan ez agertzearen aurka alegatu eta onartuen zerrendan egoteko eskubidea justifikatzen ez duten edo akatsa zuzentzen ez duten izangaiak behin betiko bazterturik geldituko dira.

Izangai bazterturik ez bada, izangai onartuen zerrendak zuzenean onetsiko dira behin betiko, zerrendan azaldu ez diren izangaien kaltetan gabe.

3.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzi ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpena emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrenda onesteko. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da zerrenda hori. Ebazpen horretan jakinaraziko da noiz eta non eginen den oinarri hauetan aipatzen den hautaproba.

Hautaprobetako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inola ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta ikusten bada izangairen batek ez duela betetzen eskatzen diren baldintzetakoren bat, bertan behera geratuko dira deialdian parte hartzeagatik erator litezkeen eskubide guztiak.

3.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egin beharreko jakinarazpena egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatzen duenarekin bat etorriz.

Laugarrena.–Proba.

4.1. Ebazpen honek onetsi dituen deialdietako hautaketa-prozesua proba hauen bidez eginen da; probak egun berean eginen dira, bata bestearen ondoren:

4.1.1. Lehenengo proba:

Test motako zenbait galdera teoriko erantzun beharko dira, idatziz. Galdera bakoitzak lau aukera izanen ditu erantzuteko eta I. eranskineko gai-zerrendan ageri diren gaiei buruzkoak izanen dira.

Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, formula honen araberakoa:

Nota = Erantzun zuzenak -

Erantzun okerrak

k-1

Non:

k = aukera kopurua galdera bakoitzerako.

Proba honi dagokion puntuazioa 30 puntukoa izanen da gehienez ere.

4.2.2. Bigarren proba:

Teoriko praktikoa izanen da, eta I. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiekin zerikusia duten kasu teoriko-praktikoak garatu eta erantzun beharko dira, idatziz.

Proba honi dagokion puntuazioa 30 puntukoa izanen da gehienez ere.

4.2.3. Hirugarren proba:

Lanpostuarekin lotutako proba praktikoa: izangaiek traktoreak gidatu eta lanabesak, ureztatze-muntaketak, ereintzak, landaketak, inausketak eta halakoak egin beharko dituzte.

Proba honi dagokion puntuazioa 40 puntukoa izanen da gehienez ere.

4.3. Hiru probak baztertzaileak izanen dira, eta baztertuta geratuko dira proba bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak.

Hirugarren proba gehienez 20 izangaik egiten ahalko dute, eta, beraz, eskatutako gutxieneko puntuazioa dutenak 20 baino gehiago badira txanda horretan, kalifikazio onenak lortu dituztenak igaroko dira. 20. postuan kalifikazio bera duten izangaiak badaude, posizio horretan berdinduta dauden pertsona guztiak igaroko dira. Gainerako izangaiak hautaketa-prozesutik kanpo geldituko dira.

Zerrendetan egoteko, izangaiek hiru probak gainditu behar dituzte.

4.4. Hautaprobarako deialdia dei bakar baten bidez eginen da, eta izangaiek epaimahai kalifikatzaileak adierazi duen tokian eta egunean bertaratu beharko dute, jardunak hasteko ezarri duen orduan. Deialdira agertzen ez diren izangaiak deialditik kanpo geldituko dira. Izangaiek nortasun agiri nazionala, AIZ, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Nortasuna esandako dokumentuen bidez egiaztatzen ez dutenak deialditik kanpo geldituko dira.

4.5. Desgaitasun aitortua izanik eskabidean eskaera egin duten izangaientzat, ariketak egiteko behar diren denbora eta baliabideetan izan litezkeen egokitzapenak ezarriko dira hautaprobak garatzeko.

Bosgarrena.–Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Silvia Arazuri Garín. Nekazaritza eta Baso Ingeniaritzako unibertsitateko irakasle titularra.

Ordezko epaimahaiburua: Ramona Barrena Figueroa. Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Manuel Isidro Chocarro Martín. Nekazaritza Zerbitzuetako ofiziala.

Ordezko epaimahaikidea: Jesús María Mangado Ederra. Laborategiko Zerbitzuetako ofiziala Ingeniaritza Sailean.

–Epaimahaikidea: Fernando Jiménez Lorente. Langileria Kudeatzeko Ataleko burua.

Ordezko epaimahaikidea: José Antonio Marañón Oricain. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

–Epaimahaikide idazkaria: Juan José Urdiain Asensio. Saileko Laborategiari laguntzeko arduraduna Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: José Irigaray Gil. Nekazaritza Zerbitzuetako ofiziala.

Onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira epaimahai kalifikatzaileko kideen izenak.

5.2. Administrazio prozedura erkidearen arauetan aipaturiko arrazoiren bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta horren berri eman deialdia egin duen organoari.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, aipatu egoera horietako bat gertatzen denean.

Baldin eta legeak ezartzen dituen abstentziorako edo errekusaziorako arrazoiak izaten badira, eta epaimahaiaren osaera aldatzen bada, hau jendaurrean jakinaraziko da, onartutako eta baztertutako izangaien zerrendekin batera.

5.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

Epaimahai kalifikatzailearen eraketak eta jardunak balio izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta epaimahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon behar dute bertan.

5.4. Hautaprobak aurrera egin ahala, deialdi honen oinarriak interpretatzetik eta aplikatzetik sortzen diren zalantzak Epaimahaiaren gehiengoak ebatziko ditu, eta deialdian kontuan hartzen ez diren arazoak konpontzeko behar diren neurriak hartuko ditu.

5.5. Epaimahai kalifikatzaileak aukera izanen du hautaprobetarako aholkulari adituak sartzeko. Aholkulariek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko.

5.6. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

Seigarrena.–Gainditu dutenen zerrenda.

6.1. Hautaketa-prozesua bukatzen denean, Giza Baliabideen Zerbitzuak zerrenda hauek argitaratuko ditu, bereizirik:

A) Aldi baterako kontratazioaren deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren arabera ordenatuta. Deia egiteko salbuespenei dagokienez, Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 25eko Erabakiaren 8. artikuluan ezartzen duenari jarraituko zaio, hain zuzen, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa arautzen duen erabakian ezarritakoari. Halaber, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 4. apartatuak ezartzen duena, zeinean arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeari buruzko alderdiak.

Puntuazioetan berdinketak egonez gero, hirugarren proban puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, bigarren proban puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bakar batez erabakiko da, horretarako deitutako jendaurreko ekitaldi batean.

B) Prestakuntza zerbitzu berezien egoeran egiteko deialdia gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazio osoaren arabera ordenatuta.

Puntuazioetan berdinketak egonez gero, hirugarren proban puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, bigarren proban puntuaziorik handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bakar batez erabakiko da, horretarako deitutako jendaurreko ekitaldi batean.

6.2. Epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileari igorriko dizkio arau honek aipatzen dituen zerrendak, onets ditzan, hautaketa-prozesuaren espediente osoarekin batera.

Zazpigarrena.–Izangaien zerrendak.

7.1. Behin betiko zerrendak.

Hautaprobaren espediente osoa jaso eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen ebazpen baten bidez, izangaien bi zerrenda onetsiko dira hautaprobak gainditzen dituztenekin, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko dira.

7.2. Deia.

Arau honek aipatzen dituen zerrendetan dauden izangaien deia 2014ko azaroaren 25eko Gobernu Kontseiluko erabakiek ezarritakoarekin bat etorriz eginen da –Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langileen administrazio araubidearen araberako kontratazioa eta administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioen prestakuntza eta lanbide-hobekuntza arautzen duten erabakiak–. Bermatu eginen da, gainera, lehentasuna izanen dutela prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran egonen diren izangaiek aldi baterako kontrataziorako izangaien aldean.

Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak baztertu eginen dira hautaketa-prozesutik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailearen ebazpen baten bidez, eta dagokien deialdian parte hartzetik erator litezkeen eskubide guztiak bertan behera geratuko zaizkie.

Zortzigarrena.–Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran aritzeko gehieneko denbora.

8.1. Lanpostu bat prestakuntzan betetzea onartzen dutenak arrazoi horrengatik zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratuko da, gehienez ere urte bateko aldirako, hasiera batean, eta aldi hori urte bateko aldietan luzatzeko aukera izanen da, gehienez ere sei urte bete arte. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran daudela deklaratzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, eta aldi jakin baterako izanen da.

8.2. Prestakuntzan sei urteko gehieneko epe hori bete eta gero, langile funtzionarioek automatikoki hasi beharko dute berriz ere zerbitzu aktiboan zerbitzu berezietan deklaratu zituztenean betetzen ari ziren lanpostuan, eta ezin izanen dituzte berriz ere zerbitzu berezietan deklaratu arrazoi beragatik. Izendapen libre bat edo bitarteko izendapen bat izan zuen lanpostu batetik badatoz, amaitutzat joko da egoera.

8.3. Prestakuntza-zerrenda batean baino gehiagotan daudenak sei urte egonen dira gehienez ere guztira prestakuntzarako zerbitzu berezien egoeran.

8.4. Prestakuntzarako zerbitzu berezien egoera, hasierako deklarazioa eta bere luzapen guztiak barne, sei urtetik beherako aldi baterako bada, zerrendan dagokion lekua izanen du berriz ere izangaiak aldi hori bukatzean.

Bederatzigarrena.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. http://www.unavarra.es webgunean argitaratutako Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsulta daiteke nola eginen den tratamendu hori, “Giza Baliabideak” atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautapen prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiako Bulegora jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

Hamargarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, oinarrien aurka eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak egindakoak ez direnean, zilegi da honako errekurtso hauetako bat jartzea, arau indardunekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa errektorearen aurrean, hilabeteko epean, aurkaratutako erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, aurkaratutako erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Epaimahai kalifikatzaileak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–Lurreko ura. Uraren dinamika eta lurrean duen mugimendua. Laboreen ur-beharrak. Ureztatzeko behar den ura zehaztea. Ureztatzearen iraupena eta maiztasuna. Ureztatzeko lurzoru motak. Ureztatzeko metodo nagusien ezaugarri orokorrak.

2.–Ongarritzea. Ongarri mineralak, organomineralak, gabezien zuzentzaileak eta hazkundearen estimulatzaileak. Definizioak, motak, formulak eta orekak. Ongarri likidoen, solidoen eta gaseosoen banaketa. Lurraren medeapen mota nagusiak.

3.–Neguko eta udaberriko zerealak. Espezie nagusien ezaugarri agronomikoak. Ekoizpen teknikak.

4.–Lekadunak, oleaginosoak, proteaginosoak. Espezie nagusien ezaugarri agronomikoak. Ekoizpen teknikak.

5.–Fruta-arbola hezurdunak. Landaketa sistemak. Landaketa teknikak eta diseinua. Elementu osagarriak. Formazio-inausketa eta mantentze-inausketa.

6.–Fruta-arbola pipitadunak. Landaketa sistemak. Landaketa teknikak eta diseinua. Elementu osagarriak. Formazio-inausketa eta mantentze-inausketa.

7.–Mahatsondoa. Landaketa sistemak. Landaketa teknikak eta diseinua. Elementu osagarriak. Formazio-inausketa eta mantentze-inausketa.

8.–Laborantzako tunelak. Motak, diseinua eta eraikuntzan erabilitako materialak. Tunelak instalatzea. Aireztapena. Tunel behartuak bideratzeko eta maneiatzeko arau orokorrak.

9.–Berotegiak. Motak, diseinua. Estaltzeko erabilitako materialak. Ezaugarri teknikoak. Dimentsioak ezartzea. Ingurumena kontrolatzeko eta kudeatzeko sistemak.

10.–Aspertsiozko ureztapena. Instalazioaren osagaiak. Iragazteko ekipoak. Fertirrigazio ekipoak. Kontrolerako eta automatizaziorako tresnak. Diseinu eta erabilera agronomikoa.

11.–Ureztatze lokalizatua. Instalazioaren osagaiak. Iragazteko ekipoak. Fertirrigazio ekipoak. Kontrolerako eta automatizaziorako tresnak. Diseinu eta erabilera agronomikoa.

12.–Nekazaritza lanak. Helburuak. Laborantza motak. Zehaztea noiz dagoen lurra egoera onenean laborantzarako. Lan ohikoenen deskribapena eta metodologia.

13.–Lurra lantzeko lanabesak I. Ongarritzeko makinak: motak, osagaiak, ezaugarriak, segurtasun-gailuak, erregulazioak, mantentze-lanak. Simaurra maneiatzeko tresneria. Ongarritzeko makinen kasuan bezala.

14.–Lurra lantzeko lanabesak II. Ereiteko makinak: motak, osagaiak, ezaugarriak, segurtasun-gailuak, erregulazioak, mantentze-lanak.

15.–Lurra lantzeko lanabesak III. Laboreak babesteko makinak: motak, osagaiak, ezaugarriak, segurtasun-gailuak, erregulazioak, mantentze-lanak.

16.–Doitasunezko nekazaritza. GPS eta autogidatze bidezko geoposizionamendu sistemak. ISOBUS teknologia duten lanabesak kontrolatzea.

Oharra: gaiei buruz eskatuko den edukia bat etorriko da deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean diren legeekin.

Iragarkiaren kodea: F2012527