262. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASCANTE

Ordenantza, Gizalegezko jokaeren sustapena eta espazio publikoen babesa arautzen dituena. Behin betiko onespena

Cascanteko Udalak, 2020ko uztailaren 31n egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza, Gizalegezko jokaeren sustapena eta espazio publikoen babesa arautzen dituena (iragarkia 2020ko 186. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 20an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsi da. Hona hemen haren testua.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Cascanten, 2020ko urriaren 2an.–Alkate udalburua, Alberto Añón Jiménez.

ORDENANTZA, CASCANTEN GIZALEGEZKO JOKAEREN SUSTAPENA ETA ESPAZIO PUBLIKOEN BABESA ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak saihestuta.

Ondasun eta espazio publikoak eta hiriko hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak babestea, gerta daitezkeen eraso, bestelakotze eta legez kontrako erabileretatik.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira, hala nola kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, zubiak eta zaldainak, igarobideak, tunelak eta lurpeko pasabideak, aparkalekuak, iturriak eta urmaelak, eraikinak, merkatuak, museoak eta kultur etxeak, ikastetxeak, hilerriak, igerilekuak, kirol guneak eta haien instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak eta landareak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, Udalaren garraio elementu eta ibilgailuak, eta gisa bereko edo antzeko gainerako ondasunak.

Halaber, eta apaindura publikoari dagokionez, ordenantza honen babes neurrien barrenean daude beste administrazio publiko batzuen eta erakunde publiko edo pribatuen ondasunak eta instalazioak, Cascanteko hiri altzarien atal badira, herritarrentzat badira edo zerbitzu publiko bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak badira, hala nola, markesinak, garraioko elementuak, kale-argiak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak, trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta mahai hankabakarrak, eguzki-oihalak, landareontziak, gauzak saltzeko makinak eta gisa bereko edo antzeko gainerako ondasunak.

Gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehatzeko ahalaren bidez.

Bizikidetzako arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.

Ordenantza honen edukia ez jakitea ez da aitzakiatzat hartuko, hura betetzen ez bada.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1.–Ordenantza honetan aurreikusten diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubide, ahalmen eta eginbeharrak, ezta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2.–Ordenantza honek herritarren gizalegezko balioei buruzko jarduerak eta hutsegiteak arautzen ditu; ez die, beraz, eragiten egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.

3.–Ordenantza hau Cascanteko udal-mugarte osoan aplikatuko da.

II. TITULUA

Herritarren portaera

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

3. artikulua. Bizikidetzarako printzipioak.

1.–Herritarrek bizikidetza errespetatu eta ondasun eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabili behar dituzte, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea errespetatuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritako ildoetatik.

2.–Herritarrek eskubidea dute hiriko bide eta eremu publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hori gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

3.–Ezin da bizilagunen atsedena hausten duen asotsik egin, ezta gaueko iskanbiletan parte hartu edo gaueko lokaletatik zalapartaka atera ere.

4.–Herritarrek ez dute eremu publikoan eginen abusuzko, bereizkeriazko edo larderiazko ekintzarik, ezta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.

II. KAPITULUA

Ondasunak hondatzea

4. artikulua. Hondatzea eta desitxuratzeak.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunen gainean, haien erabilera edo helburuaren kontrakoa bada, haien itxura zakartzea badakar edo haien estetika hondatzen badu, 1. artikuluan ezarri bezala.

5. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1.–Debeku da ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea (jabeen baimenik izan ezean).

2.–Aurreko apartatuan jasotako debekutik kanpo geldituko dira Udalaren baimena izanda, orubeetako hesi, obretako itxitura, mehelin edo antzekoetan egiten diren horma-irudi artistikoak.

3.–Udal baimena ematea aukerakoa da; hura ematen denean erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.

4.–Erabilitako materialak edo tresnak ken edo altxatu ditzakete agintaritzako agenteek, jarduerak Udalaren nahitaezko baimenik gabe egiten direnean.

5.–Eraikin publiko edo hiri altzarietako elementu batean pintadak egin, paperak ezarri, kristaletan arrastoa egin edo apurtu, kartelak itsatsi edo hondatzen duen beste edozein ekintza gauzatzen denean, bidezko kalte-ordaina eta garbitu, berria jarri edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua egozten ahalko dizkio Udalak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari. Horrez gain, dagokion zehapena ezarriko dio.

6. artikulua. Zuhaitzak.

Zuhaitzak babesteko neurri gisa, ondokoak debeku dira:

a) Kalte egin edo tratu txarrak ematea.

b) Zuhaitzetara igotzea.

c) Haiei edozein elementu itsatsi edo lotzea, Udalaren baimenik gabe.

d) Inguruan zaborrak eta hondakinak botatzea.

7. artikulua. Parke eta lorategi publikoak.

1.–Herritarrek hiriko parkeak eta lorategiak errespetatu behar dituzte.

2.–Parke, lorategi, lore-aska eta eremu edo leku publikoetan landatutako arboletako landare-espezieak ongi zaindu eta mantentzeko, debeku dira ondoko ekintzak:

a) Loreak edo landareak ebatsi, errotik atera edo hondatzea, eta oro har, parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak behar ez bezala erabiltzea.

b) Soropila hondatzea eta horren gainean kanpatzea, berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan izan ezik.

c) Arbolak moztu, kimatu edo haustea, baita parke eta lorategietan ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erabiltzea ere.

d) Azalak grabatu edo pintatzea, puntapaxak sartzea, haiei eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak paratzea.

e) Zuhaitzen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo haien gainean edozein motatako produktu toxikoak isurtzea.

f) Berdeguneetan zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo haiei kalte egin edo haien estetikari eta gustu onari eraso diezaiekeen beste edozein produktu botatzea.

g) Soropil eta lorategien gainean gorotzak uztea.

h) Parkeetara edozein animalia-espezierekin sartzea, askatuta edo lotuta.

i) Parke eta lorategietan sua edo sutzarrak egitea.

j) Edozein motatako ibilgailuetan ibiltzea (autoak, motoak, bizikletak etab.).

k) Zaldi-azienda edo beste animalia batzuk sartzea bazkatzera.

3.–Era berean, debeku da parkeetan egotea sartu eta ixteko ordutegi araututik kanpo, dauden seinaleek adierazitakoari kasurik ez egitea edo gune zehatz batzuetara sartzeko aldi baterako edo behin betiko murrizketei desobeditzea.

8. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

1.–Debeku da eremu publiko edo espazioetan dauden paperontziak edo edukiontziak nolanahi erabiltzea, kalteak eragin, haien estetika andeatu edo erabilera oztopatzen bada. Bereziki debeku da haiek mugitu, erauzi, erre, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.

2.–Hondakin solido txikiak, hala nola zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, paperontzietara bota behar dira, eta birziklagaiak izanez gero, bilketa sailkaturako eremu publikoan paraturik dauden edukiontziak erabiliko dira.

3.–Debeku da paperontzietara material, tresna edo objektu arriskutsuak botatzea, hala nola animaliak eta animalien hondakinak, xiringak eta estupefazienteen kontsumorako tresnak, eritasunak kutsatu edo barreia ditzaketen osasun laguntzako materialak, mota guztietako droga toxikoak, estupefazienteak eta gai kimikoak, erradiaktiboak, piroteknikoak edo leherkorrak, eta sutan dauden hondakin solido txikiak nahiz beste edozein gai.

9. artikulua. Urmaelak eta iturriak.

Debeku da urmael eta iturrietako instalazio edo elementuetan baimenik gabeko edozein erabilera egitea. Bereziki, debeku da barrenean sartzea, bainatzea, nork bere burua edo edozein gauza garbitzea, arrantzan egitea, animaliei edaten ematea eta garbitzea, gaiak eta gauzak haietara botatzea.

10. artikulua. Orubeen garbiketa eta mantentze-lanak.

1.–Jabeek zabor eta hondakinik gabe eduki beharko dituzte orube eta lursailak, eta behar bezalako baldintzetan, higienearen, osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren aldetik, barne hartuta arratoi-garbiketa eta desinfekzioa.

2.–Udalak ahalmena du 1. apartatuak aipatutako garbiketa lanak ikuskatu eta subsidiarioki egin daitezela agintzeko, orubeak publikoak nahiz pribatuak izan.

3.–Udal zerbitzua edo udalerria garbitzeko lana adjudikatua duen enpresa arduratuko da aurreko artikuluan aipatu diren lanak subsidiarioki egitea, eta gastuak kargatuko zaizkio egiteko betebeharra zuenari eta ordenantza fiskalek xedatzen dutenaren arabera, eta, gainera, ezartzen ahalko zaizkio dagozkiokeen zehapenak.

4.–Ez dago baimenduta lurzati pribatuetako zuhaixkek, sastrakek eta zuhaitzek espaloi eta bide publikoak hartzea.

III. KAPITULUA

Kartelak, pankartak eta gisakoak

11. artikulua. Publizitatea.

1.–Kanpoko publizitatea xede horretarako bereziki prestatutako lekuetan baizik ezin izanen da jarri, edozein euskarritan egonda eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere. Hartara, Udalak helburu horretarako berariazko euskarriak jarriko ditu, behar bezainbat eta zenbait lekutan, Gizalegezko Planaren esparruaren barnean. Establezimenduen titularrek ezin izanen dute eremu publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik ezarri, ez finkorik ez mugigarririk, baimenik izan ezean.

2.–Alde horretatik, debeku da eraikin publiko edo pribatuetako fatxadan (jabeen baimenik izan ezean), karrerapeetan, markesinetan, hiri altzarietan, arboletan, murruetan, tuneletan, lurpeko pasabideetan eta oro har, berariaz prestatutako lekuetatik kanpo edozein iragarki mota paratzea, udal baimenik izan ezean. Era berean, debeku da aipatu lekuetan edozein eranskailu, kartel, afixa, pankarta edo banderola ezartzea.

12. artikulua. Afixa, pankarta eta banderolak.

1.–Udalak eremu publikoan kartelak eta banderolak paratzea espresuki baimentzen ahalko du hurrengo kasuetan:

a) Hirian kultur, arte edo kirol gertaera garrantzitsuak egiten direnean.

b) Hirirako interesgarriak diren kontzertuak, ekitaldiak edo erakusketak egitea laguntzen dutenean.

c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendu lekuetan.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, eremu publikoan kartelak eta banderolak paratzea baimentzen ahalko da, adierazitako bat ez denean.

2.–Artikulu honek aipatutako baimenaren eskaerak hurrengo zehaztapenak bildu beharko ditu, gutxienez:

a) Kartel edo banderolen edukia eta neurriak.

b) Haiek paratzeko lekuak.

c) Paraturik egonen diren denbora eta egunak.

d) Haiek kentzeko eta eragindako kalteak konpontzeko konpromisoa, halakorik eragiten bada.

e) Banderolak kale-argi edo argiei lotzeko modua islatzen duen krokisa, euskarriaren pinturak edo galbanizatuak kalterik jasoko ez duela bermatuta.

3.–Kartel eta banderolak baimendu diren zehaztapenetara mugatuko dira.

4.–Kartel eta banderolek baimenaren baldintzak beteko dituzte, eta baimenaren eskatzaileak kenduko ditu emandako epea bukatu bezain laster. Bestelakoan, Udalak subsidiarioki eginen du hori, ordenantza honetako 32. artikuluan ezarritakoari jarraituz. (Zehapenen mailaketari buruzkoa da).

13. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.

1.–Debeku da bide edo eremu publikoetan mota guztietako eskupaperak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak barreiatu eta botatzea.

Udal zerbitzuek eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri eremua garbituko dute eta aparteko zerbitzuen kostua erantzuleei egotziko zaie, dagozkien zehapenak deusetan ukatu gabe.

2.–Etxez etxeko publizitatearen banatzaileek ezin izanen dute propaganda jarri eraikinetako atariaren eremutik kanpo.

3.–Propaganda banatu, informazioa eman edo sinadurak biltzeko mahaiek Udalaren baimena izan beharko dute aitzinetik.

IV. KAPITULUA

Herritarren jarduketak

14. artikulua. Ondasun, zerbitzu eta espazio publikoen erabilera arruntaren edo egokiaren aurkako jarduerak.

1.–Bide edo eremu publikoek zer xede duten, haren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute eragotzi horretarako prestatutako lekuetan oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria, legez aurreikusitako tokietan eta baldintzetan izan ezik.

Debeku da bide edo eremu publikoetan, pertsona edo ondasunei kalteak edo herritarrei eragozpen nabariak eragin diezazkieketen jarduerak egitea, zein diren ere, kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak kontuan hartuta.

Debeku hori ez da aplikatuko aurretik baimena lortu denean edo aipatu jarduerak egiteko berariaz prestatu lekuetan eta horrexetarako direnetan egiten denean, ezarritako baldintzetan.

2.–Eremu publikoetan ezin da inolako elementurik instalatu edo paratu, Udalaren baimenik izan ezean.

3.–Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren edozein portaera, eta bereziki, larrialdiko zerbitzuak maltzurkeriaz mugiaraztea.

15. artikulua. Sua eta jaiak.

1.–Debeku da erabilera publikoko eremuetan sua piztu edo izatea, baita piztutako metxak eraman edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak erabiltzea ere.

2.–Besta edo gertaera jakin batzuk direla eta, Udalak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan finkatuko ditu baimentzen diren su edo jarduerek errespetatu beharreko baldintzak.

16. artikulua. Asotsak.

1.–Herritar guztiek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu behar dituzte. Halaber, bizikidetza arrunta trabatzen duten asotsak egitea saihestuko dute, bai soinu-mailei buruzko ordenantzan ezarri bezala, bai Gizalegezko jokaeren sustapenari buruzko ordenantza honek arautzen dituen hurrengo baldintzen arabera:

a) Gidariek ez dituzte ibilgailuetako musika-ekipamenduak ozen jarriko. Ozentzat joko da, agintaritzako agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal dutenean.

b) Debeku da ibilgailuen motorrak martxan izatea maniobrak egiteko behar den denbora baino luzeagoan.

c) Debeku da mota guztietako asotsak edo suteak sor ditzaketen petardoak, suziriak, bengalak eta mota guztietako artikulu piroteknikoak botatzea, Udalaren baimenik gabe.

d) Debeku da patio, etxabe edo karrerapeetan, beren asots eta oihuekin auzoaren atsedenari traba egiten dioten animaliak edukitzea.

e) Debeku da garrasi egitea, abestea, ozenegi hitz egitea, musika-tresnak erabiltzea eta jotzea eraikinetan, jarduten den gela edo lokala behar bezala intsonorizatu gabeko eraikinetan, ezarritako soinu-mailak 35 dBA gainditzeko moduan, 8:00etatik 22:00etara, eta 30 dBA, 22:00etatik 8:00etara.

f) Obrak egunez eginen dira, arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak ordutegi berezia baimendu ezean.

g) Eremu publikoan nahiz hari begira, eraikinetan nahiz ibilgailuetan, ezin izanen da bozgorailurik erabili edo jarri, baimenik lortu ezean.

h) Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei traba egiten dieten jarduerak, batez ere gauaz.

2.–Eremu publikoan asotsik sortuz gero, ez dira gaindituko herritarren bizikidetzak behar dituen mugak. Eraikin eta jardueretan zaratak eginez gero begiratu beharko diren arauak izanen dira jarduera sailkatuei buruzko foru edo udal araudia eta Zaratak eta dardarak sortzen dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretua.

17. artikulua. Kea eta usainak.

1.–Herritarrek uko eginen diote kea, usaina edo hautsa sortzen duten jarduerak egiteari espazio publikoetan edo baimendu gabeko beste batzuetan, espazio horiei eragiten badiete, lasaitasuna galarazteko modukoak edo osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren kontrakoak direnean, indarra duen legedian ezarri mugak edozein direla ere.

Debeku horretatik salbu dira aldez aurreko baimenik gabe etxeetan egiten ahal diren lan batzuk, hala nola zola bernizatzea, hormak pintatzea eta abar.

2.–Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinetako fatxadetatik 10 metrora paratu beharko dira, gutxienez, eta haien keak 2,5 metroko altueratik goiti bideratu beharko dira, jendea distantzia hori baino hurbilago badago, Udalaren baimenik izan ezean.

3.–Zenbait jarduera garatzen diren espazio eta esparru publikoetan, aplikatuko da abenduaren 30eko 42/2010 Legea, zeinaren bidez aldatu baitzen abenduaren 26ko 28/2005 Legea, Tabakismoaren kontrako osasun neurriak finkatu eta tabako-produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituena, edo haren ordezko araudia.

18. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.

1.–Debeku dira jarduera edo eragiketa baimen gabe guztiak, zikintzen ahal badituzte erabilera publikoko bide eta eremuak, horretan barne direla orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak. Batzuk aipatzearren, debeku dira aipatu bide edo eremuetan automobilak garbitu, konpondu edo olioztatzea ezinbesteko kasua izan ezean, zigarrokinak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea, hautsontziak eta ontziak hustea, botilak haustea, zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea, eta gisako beste ekintza batzuk.

2.–Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzietara botatzera.

Hondakin solido txikiak, hala nola, zigarrokin itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak paperontzietan bota behar dira, birziklagaiak izan ezean: kasu horretan, eremu publikoan bilketa sailkaturako diren edukiontziak erabiliko dira.

Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatzea tresna edo objektu arriskutsuak, eta piztutako zigarrokinak edo beste edozein gauza. Horretarako, tresna edo gauzaki arriskutsutzat jotzen dira jendeari kalte egiten ahal dieten guztiak, hala nola xiringak eta gai estupefazienteak hartzeko lanabesak, eritasunak kutsatu eta zabaltzen ahal dituzten osasun laguntzako materialak, baita edozein droga toxiko, estupefaziente, botika eta produktu kimiko, pirotekniko edo gisakoak ere.

3.–Espresuki debeku da beirazko edozein objektu, osorik edo hautsirik, utzi edo lagatzea erabilera publikoko edozein lekutan.

4.–Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.

5.–Debeku da landareak baimenik gabe ureztatzea, soberako ura nolabait kalte daitezkeen etxebizitzetako objektu edo elementuen gainean eror badaiteke, edo eremu publikoan edo haren erabiltzaileengan kalteak egin baditzake.

6.–Debeku da ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon, edozein hondakin botatzea.

7.–Hondakinak bolumen handikoak badira, edo tamaina txikikoak izan arren multzo handia osatzen badute, debeku da eremu publikoan uztea, eta modu berezian bilduko dituzte horretarako antolatutako zerbitzuek. Debeku da bide publikoan uztea Hondakin Solidoen Mankomunitateak haiek jasotzeko funtzionamendurako aurreikusitakoak izan ezik.

19. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da bide publikoetan eta erabilera publikoko eremuetan kaka, pixa edo listu egitea.

20. artikulua. Animaliak.

1.–Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da haiek abandonatzea.

2.–Herritarrek lagun egiteko animaliak eraman ditzakete berekin espazio publikoetan, betiere uhal edo katez, edo legez ezarritako eran, parkeetan izan ezik, haien sarreretako seinaleek dioten moduan.

3.–Jabearen erantzukizun subsidiarioa ukatu gabe, animaliak daramatzaten pertsonek ez diete utziko espaloi, karrika, pasealeku, lorategi eta oro har, oinezkoak iragateko edo aisia hartzeko edozein lekutan kaka egiten.

Animalia daramanak gorozkiak bildu eta kendu beharko ditu beti, eta behar bezala bildu ondoan eremu publikoan dauden edukiontzietara bota eta zikindutako gunea garbitzeaz arduratu.

4.–Animaliek ezin izanen dute eremu publikoan gizakiek edateko dauden iturrietatik edan.

5.–Ezin izanen zaie tratu txarrik edo eraso fisikorik egin animaliei.

6.–Zezen ikuskizunak direla eta (entzierroak, zezenketak), jarduera horiek dituzten ohiko arauak aplikatuko dira.

7.–Animaliak ezin izanen dira bazkatu lorategi eta parkeetan.

8.–Debeku da edozein janari mota uztea (gordina, prestatua edo pentsu lehorra) animaliei bide publikoan jaten emateko Cascanteko Udalaren baimena duten elkarteek izan ezik, aldez aurretik baimendutako guneetan.

21. artikulua. Kanpatzea.

1.–Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik ezarri Kanpaldi libreak ingurumenaren aldetik gorde behar dituen baldintzak arautzen dituen uztailaren 19ko 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.

Agintaritzako agenteek atzera egiteko eskatuko diete kanpadenden, ibilgailuen edo eremu publikoa modu bidegabean okupatzen duten bestelako materialen erabiltzaile eta jabeei, dagokien salaketa baztertu gabe horregatik. Ezezkoa emanez gero edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitu ezin badira, agintaritzako agenteek haiek berehala kentzeko beharrezko baliabideak antola ditzakete. Halakoetan, arau-hausleek eta, haiekin batera, jabeek, beren gain hartu beharko dituzte sortu diren gastuak.

2.–Ezin izanen da eremu publikoan janaririk prestatu, berariazko baimenik izan ezean.

3.–Ezin izanen da biluzik egon erabilera publikoko espazio eta eremuetan, administrazioak horretarako prestatzen ahal dituen lekuetan izan ezik, horrek herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta eginbeharrak modu baketsuan erabiltzea trabatzen duenean. Inoiz inork ezin du, oro har, bide edo eremu publikoetan duen portaerarekin gainerakoen eskubidea gutxietsi, ezta haien jarduteko askatasuna ere, ezta oro har onartuta dauden bizikidetzako sineste eta arauak laidoztatu ere; ez da zilegi genitalak erakustea, ezta ordenantza honetan edo beste araudi aplikagarri batean debekatuta dauden jokabide edo jarduketak egitea ere.

22. artikulua. Merkataritzako jarduerak.

1.–Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz inguruetan edo baimendu lekuetan (terrazak eta gisakoak) zikinkeria sortzen duenean, establezimenduko titularrak eremu publikoan ukitutako zatia garbi utzi beharko du, deusetan ukatu gabe neurri zuzentzaileak eta derrigorrezko lizentziei aplika dakiekeen araubidetik ondorioztatzen diren gainerako betebeharrak.

2.–Terrazak, mahai hankabakarrak eta eremu publikoko beste instalazio batzuk dituzten kiosko eta establezimenduetako jabeek edo titularrek garbi utzi beharko dituzte okupatzen duten lekua zein ingurua, baita instalazioak berak ere.

Gainera, kioskoetako jabeek edo titularrek paperontzia jarriko dute inguruan, eta beren bizkar mantendu beharko dute.

Aipatu lekua eta inguruak etengabe garbituko dira eta, beti, establezimendua ixten den unean.

Estetika, higiene eta segurtasun arrazoiak direla eta, debeku da produktuak, terrazetako altzariak edo materialak terrazetan eta haien ondoan bildu edo pilatzea. Ezin izanen da inola ere baimendutakoa baino leku handiagoa okupatu, ezta aldi baterako elementurik –ez finkorik, ez zoladuran finkaturik– erabili ere Udalaren baimenik gabe.

Udalak edozein elementu edo altzari ken dezake, eremu publikoan baimenik gabe jarria bada, edo baimendutakoa baino leku handiagoa okupatzen badu; instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio hura kentzeko gastua, deusetan ukatu gabe dagokion zehapena.

3.–Eremu publikoan mahai hankabakarrak eta aulkiak paratzeko, zerga hori arautzen duen ordenantza fiskaleko arauak bete beharko dira.

23. artikulua. Diru-bilketak.

Ezin izanen da diru-bilketarako eskean ibili, horrek herritarren lasaitasuna trabatzen badu edo beste pertsona batzuen legezko eskubideak erabiltzea eragozten badu.

Horri dagokionez, arau-hauste administratiboa izanen dira larderiaz egiten diren edo herritarrak askatasunean ibiltzea oztopatzen duten diru-bilketak, besteak beste.

Administrazioak diru-bilketarako eskean ibiltzeko baimena ematen ahalko du interes humanitarioko edo sozialeko kasuetan.

24. artikulua. Establezimendu publikoak.

Edonor sartzeko establezimenduen jabeek edo titularrek, beste xedapen batzuk errespetatzeaz gain, bezeroen gizalegerik gabeko ekintzak edo ekintza gogaikarriak eragozten saiatuko dira lokaletan sartzean zein haietatik ateratzean.

25. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1.–Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sorrarazten bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak antolatzaileak izanen dira, eta administrazioak behartu ditzake lehengoratzera erabili edo hondatzen diren ondasunak.

2.–Udalak fidantza eratzeko eskatzen ahalko die antolatzaile horiei, garbiketa eta ingurumen lanetatik zein ekitaldia egitearen ondorioz sor daitezkeen bestelako kalte-galeretatik eratortzen den erantzukizuna bermatzeko. Kasuan kasuko eremu publikoa behar bezala geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.

3.–Ekitaldi publikoen antolatzaileek balizko kalteak bermatzen dituen erantzukizun zibileko aseguru-kontratua gauzatu beharko dute beti, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.

26. artikulua. Eskaletza.

Ordenantza honi dagokionez, eskean ibiltzea da erabilera publikoko bide edo eremu publikoetan limosna eskatzea, baita bestelako jarduera batzuk egitea ere, hala nola ibilgailuetako haizetakoak edo gainerako elementuak garbitzea edo baimenik gabe auto-aparkatzaile jardutea.

Debeku da dirua edo limosna eskean ibiltzea larderiaz edo modu gogaikarrian, hitzez zein obraz. Orobat, debeku da larderiaz edo modu gogaikarrian gauzak edo zerbitzuak diru truke eskatzea.

Eskean dabiltzanak adingabeak izanez gero, adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen legediak xedatutakoari helduko zaio.

Agintaritzako agenteek eskaletza debekatua eragotziko dute, eta beti eskaleari gizarte zerbitzu publikoen berri emanen diote derrigorrean, beharrezko laguntza eskatu ahal izan dezan, larderiaz edo modu gogaikarrian eskatzen duen ala ez alde batera utzita.

III. TITULUA

Zehapen araubidea

27. artikulua. Xedapen orokorrak.

1.–Zehatzeko ahala arlo honetan erabiltzeko, legez eta erregelamenduz ezarrita dagoen prozedurari jarraituko zaio, zehapenak ezartzeko.

2.–Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak dakienean gertaerak, arau-hauste administratiboa ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-haustea ere izan daitezkeela, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio eta geldirik utziko du zehapen prozedura –hasita badago– harik eta agintari judizialak bere iritzia eman arte.

Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

28. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, egiteak nahiz ez-egiteak izan, oso astuntzat, astuntzat edo arintzat joko dira.

29. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Oso astunak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:

a) Herritarren bizikidetza modu larri, berehalako eta zuzenean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez; betiere, Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Legearen IV. kapituluan (martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoak indargabetua) aurreikusitako tipoetan sailkatu ezin diren jokaerak badira.

Beti arau-hauste oso astuna izanen da zaratak egitea, lokal hartzailean 10 dezibelez (dBA) gainditzen bada ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga. Foru Dekretu horrek ezartzen ditu zaratak edo bibrazioak sorrarazten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak.

b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

d) Zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak larriki hondatzea.

e) Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Nolanahi dela ere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei haientzat prestatutako tokian iragan daitezen nahita eta modu larrian galaraztea, baimenik izan gabe.

f) Bide publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri zein higiezin izan, modu larri eta nabarmenean hondatzen dituzten ekintzak, herritarren segurtasunaren asaldatzeak eragindakoak ez direnean. Honako jokabide hauek arau-hausteak izanen dira beti:

1.–Seinale publikoak hautsi edo erauzi edo haietan pintaketak egin edo kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

2.–Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak nahita edo erru larriz erretzea.

3.–Eremu publikoan eta parke eta lorategietan dauden zuhaitzak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.

g) Ordenantza honetan aipatu diren animaliekin anker jokatu, tratu txarrak eman edo eraso fisikoak egitea, baita haiek abandonatzea ere.

h) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, pertsonen osasuna edo osotasun fisiko zein morala arrisku larrian jartzen dutenak.

i) Larrialdiko zerbitzuak bidegabeki eta maltzurkeriaz mugiaraztea.

j) Herriko argien edozein sistema nahita itzaltzea.

k) Urtebetean hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.

30. artikulua. Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak honako hauek dira:

a) Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, herritarren segurtasunaren babesari buruzko legedian tipifikatu gabeko jokaerak badira.

Beti arau-hauste oso astuna izanen da zaratak egitea, lokal hartzailean 3-10 dezibelez (dBA) gainditzen bada ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga. Foru Dekretu horrek ezartzen ditu zaratak edo bibrazioak sorrarazten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak.

b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu larrian trabatzea beste pertsona batzuei. Beti arau-haustea izanen da bide edo eremu publikoetan terrazak edo mahai hankabakarrak jartzea Udalaren baimenik gabe.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian trabatzea.

d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.

e) Osasungarritasun edo apaindura publikoa modu larrian trabatzea. Honako hauek arau-hausteak izanen dira beti:

1.–Estolderia-sarera edo eremu edo espazio publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ibiltzea eragozten dutenak edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.

2.–Eremu publikoan janariak edo edariak saltzea, Udalaren baimenik gabe.

f) Oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorriak nahita eragoztea haientzat prestatutako lekuetan.

g) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

31. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) Herritarren bizikidetza modu arinean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari zein mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, herritarren segurtasuna babesteari buruzko legedian tipifikatu gabeko jokaerak badira. Honako hauek arau-hausteak izanen dira beti:

1.–Zaratak egitea, lokal hartzailean 3 dezibelez (dBA) baino gutxiagoz gainditzen bada ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuaren 15. artikuluan ezarritako muga. Foru Dekretu horrek ezartzen ditu zaratak edo bibrazioak sorrarazten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak.

2.–Espazio publikoetan lagun egiteko animaliak eramatea uhal edo katez lotu gabe, horretarako baimenik izan ezean.

3.–Eremu publikoan su egitea.

b) Zerbitzu edo eremu publikoa erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea beste pertsona batzuei. Honako hauek arau-hausteak izanen dira beti:

1.–Bide edo espazio publikoetan terrazak edo mahai hankabakarrak paratzea, udal baimenik izan gabe.

2.–Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea baimenik gabe.

3.–Eremu edo espazio publikoetan terrazak edo mahai hankabakarrak paratzea, baimendu baino leku handiagoa okupatuta.

4.–Baimenik gabe kanpatzea.

5.–Eremu publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.

6.–Eremu publikoetan autoak garbitu edo konpontzea.

c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea. Honako hau arau-haustea izanen da beti:

1.–Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.

d) Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu arinean trabatzea. Arau-hauste arina izanen da beti:

1.–Eremu publikoak lagun egiteko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea.

2.–Propaganda edo publizitatea zabaltzea, ordenantza honetan ezarritakoa hautsita.

3.–Eremu publikoan pixa, kaka edo listu egitea.

4.–Eremu publikoan zaborra edo beste edozein elementu bota edo bertan uztea.

5.–Edozein janari mota uztea (gordina, prestatua edo pentsu lehorra) bide publikoan.

e) Zerbitzu edo eremu publiko bateko ondasunak modu arinean hondatzea. Arau-hauste arina izanen da beti:

1.–Edozein ondasun edo espazio publikotan pintaketak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.

2.–Zuhaitz, landare eta lorategi publikoetan kalteak sortzea.

i) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez egiteak, aitzineko artikuluetan aurreikusi ez direnak.

j) Ez edukitzea orubeak eta landa-lurrak eta hiri barneko lurrak behar bezalako baldintzetan, higienearen, osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren aldetik.

32. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei 750 euro arteko isuna ezarriko zaie, 31. artikuluaren a) eta b) apartatuetan aipatutakoei izan ezik; izan ere, horiei 60.1 eurotik 150.25 euro arteko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste astunei 750,01 eurotik 1.500 euro arteko zehapena ezarriko zaie, 30. artikuluko 2. paragrafoko a) apartatuan aipatutakoari izan ezik; izan ere, horri 151 eurotik 600 eurorainoko isuna ezarriko zaio.

Arau-hauste oso astunei 1.500,01 eurotik 3.000 euro arteko zehapena ezarriko zaie, 29. artikuluko 2. paragrafoko a) eta g) apartatuetan aipatutakoei izan ezik; izan ere, horiei 601 eurotik 3.005 euro arteko isuna ezarriko zaie.

33. artikulua. Kalteei ordaina ematea.

Ordenantza honetan adierazten diren bidezko zehapenak ezartzean, bestelakotu den egoera lehengoratzeko eskatuko zaio arau-hausleari beti. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konpondu edo ordainduko dituzte beti.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera tramitatuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.

Betebehapekoaren kontura eginen ditu Udalak egin beharrekoak, gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Betebehapekoari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraituko zaio.

34. artikulua. Erantzuleak.

1.–Ekitaldi publikoetan, antolatzaileak edo sustatzaileak izanen dira erantzule solidario, baita baimena eskatzen duena ere.

2.–Animaliak daramatzaten pertsonak eta modu subsidiarioan animalien jabeak erantzuleak dira animaliak gauza edo pertsonei sortutako kalte edo eraginengatik eta zikinkeriarengatik.

3.–Iragarlea eta zuzeneko egilea izanen dira, modu solidarioan, kanpoko publizitatearen inguruko arau-hausteen erantzuleak, eskuorrien bidezko publizitatea barne.

4.–Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak 21.1, 22.2 eta 24. artikuluetan bildu arau-hausteen erantzuleak izanen dira.

5.–Gainerako kasuetan, arau-hausteen zuzeneko egileak izanen dira ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak.

6.–Orokorrean, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidarioak, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteak prebenitzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.

7.–Arau-haustea dakarten jarduketak zenbait pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.

35. artikulua. Zehapenak mailakatzea.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Errepikatzea, urtebetean astuntasun handiagoko arau-hauste bat edo astuntasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egin badira, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

c) Nahita egitea.

d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

e) Zer kalte egin den eta haien larritasuna.

f) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

V. TITULUA

Errehabilitazioa

36. artikulua. Itundutako amaiera.

Bidezko zehapen ebazpena eman aurretik, komunitatearentzako zeregin edo lanak egiteko aukera eskaintzen ahal dio Udalak espedientatuari, ezar litekeen isun osoaren nahiz zati baten ordez; zein den arau-haustearen astuntasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.

Aukera hori arau-hausleen errehabilitazio bide bezala eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko.

Udalak prozedura bukatzeko, espedientatuak egin beharreko zerbitzua zehaztuko du ebazpenaren egintzan, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.

Kasu bakoitzeko inguruabarrak ikusita, Udalak kautelazko neurriak hartzen ahal ditu, zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen dela bermatzeko.

Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondoren, zehapen prozedura bukatutzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 85. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Hasierako arau-haustearen sailkapen bera izanen du arau-hausteak.

b) Zehapena mailakatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritako epea iragan ondoren.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Cascanten, 2020ko urriaren 2an.–Alkate udalburua, Alberto Añón Jiménez.

Iragarkiaren kodea: L2011990