262. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

77/2020 FORU DEKRETUA, urriaren 21ekoa, zeinaren bidez aldatzen baitira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak, irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsiak.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren, bai eta egitura organikoa arautu ere. Horren arabera, Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzak bi zuzendariordetza ditu gaur egun, Osasun Laguntza Integraturako Zuzendariordetza eta Farmazia Zuzendariordetza.

Zuzendaritza osatzen duten zerbitzuei dagokienez, orain, Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzua Osasun Laguntza Integraturako Zuzendariordetzaren mende dago organikoki, eta hark du eskumena osasun prestazioen kudeaketaren arloan, bi ikuspegitan:

–Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzuen zorroko prestazioen plangintzaz, garapenaz eta kudeaketaz arduratzen da, baina ez farmazia eta dietoterapiako prestazioez; esate baterako, arduratzen da prestazio ortoprotesikoez eta osasun garraioaz.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak hirugarrenekin ezartzen ahal dituen itunak prestatzen ditu zenbait prestazio eta asistentzia estaldura eman ahal izateko, O-NOZen osagarriak direlako edo O-NOZek ez dituelako.

Horrez gain, Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuak zenbait zeregin ditu esleiturik farmazia prestazioen kudeaketa arloan, esate baterako, banaketarako erreserba bereziak dituzten botikak farmazia bulegoetan eman daitezen baimendu edo ikus-onestea eta dietoterapikoak baimentzea.

Urteetan zehar koordinaturik eta harreman funtzional batez loturik egon dira Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzua eta Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzua, bai ikus-onespena nola kudeatu behar den definitzerakoan, bai hura preskripzio tresnetan ezartzerako orduan.

Sortu zenetik, Farmazia Zuzendariordetzak esparru-akordio eta kontratazio prozedura ugari bideratu eta kudeatu behar izan ditu, bai eta farmazia prestazioen itunetarako espedienteak ere, bai farmazia bulegoekin, bai zentro soziosanitarioekin.

Horregatik, antolamenduaren, plangintzaren eta baliabideen erabilera efizientearen ikuspuntutik, zentzuzkoa dirudi zuzendariordetza bera arduratzea Osasun Sistema Nazionalaren zorro erkide gehigarriko prestazio guztiez, eta horixe da, hain zuzen, aldaketa honen jomuga.

Modu horretan, egitura bera integratzeaz gain, zerbitzuek beren gain dituzten zereginak optimizatu nahi dira, eta, hala, baliabideen kudeatze lanak erraztu nahi zaizkio Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetza sortu berriari, zeinari gehitzen baitzaizkio Prestazioen eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuak esleiturik dituen eskudantziak.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2020ko urriaren 21ean egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak aldatu dira eta honela geldituko dira idatzita:

Bat. 30. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du:

30. artikulua. Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzaren egitura.

Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzak unitate organiko hauek izanen ditu bere egituran:

1. Osasun Laguntza Integraturako Zuzendariordetza.

a) Herritarren eta Erien Arretarako Zerbitzua.

b) Osasun Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasunerako Zerbitzua.

c) Kudeaketa Klinikorako eta Laguntzaren Ebaluaziorako Zerbitzua.

2. Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetza.

a) Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzua.

b) Medikamentuaren gaineko Aholkularitza eta Informaziorako Zerbitzua.

c) Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzua.

Bi. 35. eta 36. artikuluak aldatzen dira. Hona testu berria:

35. artikulua. Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzaren eginkizunak:

Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzak Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzaren menpe jardunen du zuzenean, eta eginkizun hauek beteko ditu:

a) Entitate publiko zein pribatuekin egin beharreko itunak edo kontratuak planifikatu, antolatu eta zuzentzea, Osasun Departamentuak itunetarako ezartzen dituen politikekin bat, Osasun Sistema Nazionalaren Zerbitzu Erkideen Zorroaren prestazioetarako eta Nafarroako Foru Komunitateak ezartzen duen Zorro Osagarriak biltzen dituenetarako.

b) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren farmazia prestazioen eta produktu dietoterapikoen kudeaketaren zuzendaritza teknikoa bere gain hartzea.

c) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ezarria duen Botikak Zentzuz Erabiltzeko Programa planifikatu, antolatu, zuzendu eta ebaluatzea, eta horren farmazia politikak zedarritzea.

d) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak entitate publiko edo pribatuekin farmazia prestazioaren eta produktu dietoterapikoen arloan sinatu beharreko itunen proposamenak egitea.

e) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko informazio farmazeutikoaren sistema integralaren eskakizunak ezartzea eta botiken aplikagarritasunen gaineko bilakaerak koordinatzea.

f) Gainerako prestazioen informazio sistemen eskakizunak ezartzea, modu integratuan, osasun informazioko gainerako sistemekin bat.

g) Farmazia Batzorde Zentralaren burutza-lanak egitea.

h) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan edo itunduetan erabiltzen eta errezetatzen diren botika berrien ebaluazio eta kalifikazio terapeutikoa bere gain hartzea.

i) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroen protokolo terapeutikoak eta gida farmakoterapeutikoak egitea sustatzea.

j) Erosketa zentralizatua bultzatzea eta irizpideak ezartzea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan eta itunduetan erabiltzen diren botiken erosketa optimizatzeko.

k) Sendagaien eta Osasun Produktuen Bermeei eta Erabilera Arrazionalari buruzko Legean botiken preskripzioan laguntzeko ezarritako sistemak sustatzea.

l) Medikazioa Bateratzeko Programak ezartzea trantsizio asistentzialetan eta horien betetze-maila ebaluatzea.

m) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren ospitalez kanpoko farmazia prestazioak kudeatzea.

n) Nafarroako Foru Komunitatea ordezkatzea Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluaren Farmaziako Batzorde Iraunkorrean eta botikekin edo farmazia prestazioekin zerikusia duten Estatuko kide anitzeko organo orotan.

o) Aurrekoekin loturik, Eriari Osasun Laguntza emateko Zuzendaritzak agintzen dizkionak.

36. artikulua. Prestazioen eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuaren eginkizunak.

Prestazioen eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuak Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzaren menpe jardunen du zuzenean, eta eginkizun hauek beteko ditu:

a) Osasun prestazioak jasotzeko eskubidea duten herritarrak horietara iristeko berariazko programak kudeatzea.

b) Herritarrei eskaintzen zaizkien prestazio eta zerbitzuei buruzko informazioa sustatzea.

c) Laguntza prestazioetarako eskaerak baloratu eta, behar denean, aintzat hartzea.

d) Erabilera publikoko sareko zentro itunduetara eriak bidaltzea baloratu eta kontrolatzea.

e) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak entitate publiko edo pribatuekin sinatzen dituen itunen jarraipena eta kontrola bere gain hartzea, Osasun Departamentuak itunetarako ezarritako politikekin bat.

f) Herritarrek indarra duen legediaren esparruan jasotzen ahal dituzten laguntzaz kanpoko prestazioak administratu, aintzat hartu eta ebaztea.

g) Zerbitzu eta zentro itunduetako tarifen eta prezioen proposamenak aztertu eta horien gaineko txostena egitea.

h) Aurrekoekin loturik, Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzak agintzen dizkionak.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Farmazia Zuzendariordetzari erreferentziak

Estatutu hauetan Farmazia Zuzendariordetza aipatzen den bakoitzean, ulertuko da Farmazia eta Prestazioen Zuzendariordetzari egiten zaiola erreferentzia.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Aurrekontu aldaketak.

Ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Garatzeko ahalmenak.

Ahalmena ematen zaio Osasuneko kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko urriaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2012361