261. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LERIN

Udal ordenantza, Leringo udal-mugarteko bide publikoen erabilera arautzen duena. Hasierako onespena

Leringo Udalak, 2020ko abuztuaren 5ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Leringo udal-mugarteko bide publikoen erabilera arautzen duen udal ordenantza. Erabaki hori 2020ko 186. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 20an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lerinen, 2020ko urriaren 6an.–Alkate udalburua, M.ª Consuelo Ochoa Resano.

LERINGO UDAL-MUGARTEKO BIDE PUBLIKOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN UDAL-ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 B artikuluan ezarritakoa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikulua eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Leringo bide publikoen sarea herritar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du udal-mugarteko nekazaritza finketako eta mendietako aberastasuna zaintzeko eta haietara iristeko. Ezinbesteko elementua da nekazariak, abeltzainak, herritarrak oro har, bisitariak eta iragaitzazkoak hartatik igarotzeko, eta hura kontserbazio egoera egokian izateak ongizatea ematen die herritarrei.

Landabideak eta mendiko pistak gero eta gehiago erabiltzen baitira, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedea hirukoitza da: Leringo natur ondarea zaintzea, erabiltzaile guztiek eta bereziki nekazariek, abeltzainek eta herritarrek modu orekatuan erabiltzea eta egoera onean mantentzea.

Aplikazio-eremua

2. artikulua. Ordenantza hau Leringo udal-mugarteko bide publiko guztietan aplikatuko da, baita areka, hustubide eta gainerako azpiegituretan ere, ibilgailuak bide publikoetan ibiltzeko behar badira.

Erabilera

3. artikulua. Pertsona guztiek erabiltzen ahalko dituzte Leringo bide publikoak.

4. artikulua. Bideetan erabiltzen ahal diren ibilgailuek zirkulatzeko baimena behar dute, trafiko arloan indarra duten xedapenen araberakoa, eta hertsiki bete beharko dituzte pisuaz eta tamainaz ezarritako zehaztapenak. Dena dela, berariaz debekatuta daude lehiaketak, lasterketak eta nekazariei, abeltzainei, txirrindulariei, etxeko animaliei, basa-faunari eta gainerakoei arriskua ekartzen ahal dieten gidatze molde arriskutsu guztiak. Salbuespen gisa, Udalak baimena ematen ahalko du ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak egiteko.

Erabilera debekatuak

5. artikulua. Leringo bide publikoen azpiegituretan erabilera hauek espresuki debeku dira:

a) Ez errespetatzea bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak.

b) Areketako lurra lantzea.

c) Nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera, soroetan nekazaritzako lanak egiten direnean.

d) Ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita.

e) Zuhaitzak landatzea edo finketan hesiak paratzea, bideekiko hiru metroko distantzia baino txikiagoa utzita.

f) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

g) Finketako hustubideak areketara ateratzea, proiektuan eta berrantolamendu obraren exekuzioan aurreikusita ez badago edo Udalak ez badu baimentzen.

h) Hustubideen sarea ez errespetatzea.

i) Urari finketatik bideetara ematea irteera, finketako sarbidean barna.

j) Ureztatze eremuetatik ura bideetara botatzea.

k) Bideetan egurra edo beste material batzuk uztea edo herrestan eramatea.

l) Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

Erabiltzaileen betebeharrak

6. artikulua. Hauek dira finken erabiltzaile eta jabeen betebeharrak:

a) Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak jarri, aldatu edo handitzeko, Udalari eskatu beharko zaio eta baimena eskuratu.

b) Garbi eduki beharko dira norberaren finketako areka gaineko pasabideak eta arekak, ura erraz igaro dadin.

c) Dauden seinaleetan ezarritako pisu eta abiadura mugak errespetatuko dira. Ibilgailu berezirik, ibilgailu motelik, azienda saldorik edo oinezkorik agertuz gero, abiadura mantsotuko da, are gehiago idorraldietan, hautsa metatzen baita. Seinalizaziorik gabeko bideetan ezin izanen dira honako muga hauek gainditu: Gehieneko pisuaren muga: 42 tona. Abiadura, gehienez ere: 40 euro/ordua.

d) Uhinbikoak deitzen diren metalezko hesiak baldin badaude, bere horretan utziko dira, segurtasuna dela eta. Hodiren bat hondatzen baldin bada, diametro bereko beste bat jarri beharko da haren lekuan.

Landa bideekin mugakide diren finkak hesitzea

7. artikulua. Landa bideekin mugakide diren finken jabe edo edukitzaileek behar den udal lizentzia eskatu beharko diote Udalari, finkak hesitu nahi badituzte.

Landa bideekin mugakide diren finketan landaketak egitea

8. artikulua. Landa bideekin mugakide diren finken jabe edo edukitzaileek, zuhaitzak landatu nahi badituzte, udal baimena eskatu beharko dute baldin landaketa, edozein puntutan, bide ertzetik bi metro baino gutxiagora egin nahi bada.

Bideetan gehiegizko erabilera sortzen duten jarduerak

9. artikulua. Bideetan edo bide zehatz batean gehiegizko joan-etorria sortzen duten jarduerak erabilera berezitzat joko dira, eta Udalak erabakitzen duenari jarraikiko zaio, haiek zaintzeko.

Ureztalurrak

10. artikulua. Landa bideekin mugakide diren ureztalurren jabe edo edukitzaileek ureztaketa gutxienez metro batera jarri beharko dute bide mugakidetik. Ureztaketa aspertsio bidezkoa bada, txapa bat jarriko da aspertsore bakoitzean ura bidera joan ez dadin, edo zatikako aspertsoreak paratu, urak bidea ez bustitzeko moduan.

Arau-hausteak

11. artikulua.

a) Arau-hausteak dira, indarrean diren xedapenetan ezarritakoez gain, ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzea, Udalak edo alkateak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoa ez betetzea, eta ordenantza honetan ezarritako baimenak ez eskatzea.

b) Arau-hausteak eta zehapenak astunak eta arinak dira.

1.–Arau-hauste astunak dira:

a) Landa bideen mugak adierazteko erabiltzen diren mugarri, zedarri edo adierazgarriak, oro har, aldatzea.

b) Landa bideetan baimenik gabeko obrak egitea, edozein motatakoak direla ere.

c) Oztopoak jartzea, atoiak edo nekazaritzarako beste ibilgailuak aparkatzea barne, alorretako lanak bukatutakoan; edo ibiltzea erabat galarazten duten edo bideetan dabiltzan pertsonentzat edo gauzentzat oso arriskutsu diren egintzak egitea.

d) Alorretako lanean estalitako arekak ahalik eta lasterren ez libratzea.

e) Ur ibilgu naturalak desbideratzea eta bidera botatzea.

f) Bideetan edozein azpiegitura paratzea Udalaren baimenik gabe.

g) Edozein landa bidetan baimenik gabe eginiko luberritze edo landaketa lanak.

h) Landa bideetan isurkinak edo hondakinak botatzea.

i) Ordenantzan aurreikusitako polizia, ikuskaritza edo zaintza eginkizunak eragoztea.

j) Urtebetean bi arau-hauste arin egiteagatik Batzordearen zehapena jaso izana.

2.–Arau-hauste arinak dira:

a) Ureztatzeko urarekin bideak ureztatzea.

b) Landa bideetan kalterik edo galerarik ekar dezaketen eginak edo ez eginak, nahiz eta joan-etorriak ez galarazi.

c) Administrazio baimenetan ezarritako baldintzak ez betetzea.

d) Ordenantza honetan ezarritako baldintza guztiak edo batzuk ez betetzea eta haien arabera egin beharrekoak ez egitea.

Zehapenak

12. artikulua.

1.–Zehapenak graduatuko dira ondoko hauek kontuan harturik: pertsonengan, ondasunetan eta ingurumenean duten eragina, erantzulearen inguruabarrak, berriro egin ote duen, parte-hartzearen gradua eta eskuratu dituen onurak.

2.–Arau-hauste arinak 30 eurotik 100 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira. Arau-hauste astunak 100 eurotik 1.500 eurora bitarteko isunekin zehatuko dira.

3.–Hirigintzaren arloko legedian edo plangintzan xedatutakoari aurka egiten dieten arau-hausteak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko Legegintzako Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera zehatuko dira.

Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.

Eragindako kalteak konpontzea

13. artikulua. Dagozkion zehapen penal edo administratiboak galarazi gabe, egindako kaltea konpondu beharko du arau-hausleak. Konponketaren xedea izanen da landa bidea zaharberritzea arau-haustea egin aurreko izatera eta egoerara eta sortutako kalte-galerak pagatzea.

Propio eginiko zehapen-prozeduran edo prozedura independente modukoan zehaztu daiteke konpontzeko betebeharra eta kalte-ordainak ordaintzekoa.

Udalak egin dezake konponketa arau-hauslearen kontura eta kostua hark ordaintzen duela. Arau-hausleak beti ordaindu beharko du egindako kalte-galeren balioa, kasu bakoitzean dagokion ebazpenak ezartzen duen epean.

Zehapen prozedura

14. artikulua. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera egingo da. Ebazteko ahalmena alkateari dagokio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2012283