261. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

417/2020 EBAZPENA, urriaren 9koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuko ikastetxe itunduetako eskola kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onesten dituena.

Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak ikastetxe itunduetako eskola kontseiluetako kideak eta zuzendariak berritzeko jarraibideak ezartzera datorren ebazpen hau onestearen aldeko txostena eman du.

Alderdi horiek Hezkuntza Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoan daude araututa, 54. artikulutik 58.era artekoetan, hain zuzen.

Bestalde, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 5.2 artikuluak agintzen du titularrak ikastetxeko eskola kontseilua eratu beharko duela. Era berean, foru dekretu horren 26. artikuluak zehazten du eskola kontseilua eratuko dela hauteskunde prozesuaren publikotasuna eta objektibotasuna eta eskola komunitateko kideen boto pertsonal, zuzen, berdin eta sekretua bermatuko duen prozedura bati jarraikiz.

Irakaskuntza ez-unibertsitarioen arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeari buruzko abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua aplikatuz, bidezkoa da ikastetxe itunduetako eskola kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko arauak onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetako eskola kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onestea. Hona hemen:

I.–Aplikazio-eremua.

1. Ebazpen hau Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe itunduetan aplikatuko da, baldin eta:

–Eskola kontseiluak lehenbiziko aldiz hautatu behar badituzte.

–Eskola kontseiluen zati bat berritu behar badute, hau da, erdietako bat berritu behar badute hartan egoteko hautatutako kideei dagokien kargualdia bukatu delako.

2. Erdietako bakar bat ere berritu behar ez bada, zuzendariak sektoreak osatzeko aplikatzen ahalko du ebazpen hau, eskola kontseiluen bi erdietako sektore batean edo gehiagotan postu hutsak daudenean.

II.–Hauteskunde prozesua prestatzea.

1. Ikastetxeetako zuzendariek hezkuntza komunitateko sektore bakoitzaren hautesle-errolda eginen dute, boto-eskubidea duten pertsonez osatua. Errolda hori jendaurrean paratuko da; hortaz, soilik agertuko dira, edo boto-emailearen izen-abizenak, edo haien NAN zenbakia (edo agiri baliokidearena).

2. Errolda hori behin-behinekoa izanen da. Haren kontra erreklamazioak aurkezten ahalko dira argitaratu eta hiru egun balioduneko epean. Behin betiko errolda hurrengo egun baliodunean argitaratuko da.

3. Halaber, hauteskunde batzordeko kide titular eta ordezkoak hautatzeko jendaurreko zozketak antolatuko dituzte, publikotasun eta berdintasun printzipioak bermatuz. Era berean, hauteskunde prozesuko jarduketak errazteko behar diren prestaketa neurriak hartu beharko dituzte.

III.–Hauteskunde batzordea.

1. Hauteskunde batzordea 2020ko azaroaren 10a baino lehen eratuko da, jendaurreko ekitaldi batean, hauteskunde prozedura antolatzeari ekiteko.

Hauteskunde batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Ikastetxeko zuzendaria, buru izanen dena.

–Irakasle bat.

–Ikasleen aita, ama edo legezko ordezkari bat.

–Ikasle bat, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailatik aurrerakoa.

–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat (AZL).

–Ikastetxeko titularra edo hark eskuordetzen duen pertsona.

Batzordeko kide guztiak, ikastetxeko zuzendaria eta titularra izan ezik, zozketa bidez hautatuko dira hautesle-errolda bakoitzean inskribaturik daudenen artetik. Ordezkoak modu berean hautatuko dira. Horretarako, errolda bakoitzeko pertsona bakoitzari zenbaki arrunt bat esleitzen ahal zaio, 1etik aurrera, eta zenbaki bat ausaz atera, 1etik errolda osatzen dutenen kopurura artekoa. Batzordeko kide izanen da zozketan ateratako zenbakia daukana, baita horren ondokoak ere, kasuan kasuko sektorea osatzeko behar diren titularrak izan arte. Ordezkoak izanen dira erabilitako azken zenbakiaren hurrengoak.

2. Hala ere, ebazpen honen I.2 puntuan azaltzen den kasuan, bete behar ez den sektorekoak diren batzordekideak batzordean parte hartzetik salbuesten ahalko ditu zuzendariak.

3. Hauteskunde batzordeak eskumen hauek izanen ditu:

a) Hezkuntza komunitateko sektore guztien hautesle erroldak onetsi eta argitara ematea; zuzendariak aurretik prestatu beharko ditu.

b) Ikastetxeko hauteskunde egutegia zehaztea.

c) Hauteskunde prozesua antolatzea.

d) Hautagai zerrendak aurkezteko epea ezartzea.

e) Hautagai zerrendak onetsi eta aldarrikatzea.

f) Boto-paperen ereduak onestea, egokia iritziz gero.

g) Hauteskunde-mahaien eraketa sustatzea, eta bai titularrak bai ordezkoak izendatzea.

h) Hautesle taldeek boto eskubidea zein ordutan erabil dezaketen zehaztea.

i) Hauteskunde-mahaien erabakien aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

j) Hautetsien aldarrikapena egitea eta aktak Hezkuntza Departamentura igortzea.

4. Aurreko puntuan xedatutakoaz gain, hauteskunde batzordeak eskumena izanen du hauteskunde prozesuan sor daitezkeen gatazkak ebazteko.

IV.–Hauteskunde-mahaiak.

1. Irakasleendako, ikasleendako, gurasoendako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileendako hauteskunde-mahaiak eratuko dira.

Hauteskunde-mahaiak, bozketa saioan lehendakari gisa aritzeaz gainera, bozketaren zuzentasuna begiratu, botoak zenbatu eta behar den akta eginen du.

2. Irakasleen sektorearen hauteskunde-mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan ariko dena–, ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslea eta antzinatasun txikiena duena. Azken horrek mahaiko idazkari lanak eginen ditu. Antzinatasun bereko irakasle bat baino gehiago baldin badaude, antzinatasun handienekoen artean irakasle zaharrena izanen da mahaikide, eta antzinatasun txikienekoen artean gazteena. Honako hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa: zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.

–Ikastetxean antzinatasun handiena duen irakaslearen ordezkoa: antzinatasun handiena duten irakasleen artean bigarrena.

–Ikastetxean antzinatasun txikiena duen irakaslearen ordezkoa: antzinatasun txikiena duten irakasleen artean bigarrena.

3. Gurasoen sektorearen hauteskunde-mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu lanetan ariko dena, eta lau guraso edo legezko ordezkari, zozketaz aukeratuak (III.1 puntuan proposatutako sistema bera erabiltzen ahalko da). Haietatik gazteenak idazkari lanak eginen ditu. Honako hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa: zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.

–Lau gurasoen edo legezko ordezkarien ordezkoak: beste lau guraso edo legezko ordezkari, zozketaz aukeratuak (III.1 puntuan proposatutako sistema bera erabiltzen ahalko da).

4. Ikasleen sektorearen hauteskunde-mahaiko kideak honako hauek izanen dira: ikastetxeko zuzendaria –mahaiburu lanetan ariko dena–, eta DBHko 1. mailatik aurrerako bi ikasle, zozketaz aukeratuak (III.1 puntuan proposatutako sistema bera erabiltzen ahalko da). Ikaslerik zaharrena idazkari gisa arituko da. Honako hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa: zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.

–Bi ikasleen ordezkoak: DBHko 1. mailatik aurrerako beste bi ikasle, zozketaz aukeratuak (III.1 puntuan proposatutako sistema bera erabil daiteke).

5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorearen hauteskunde-mahaiko kideak honako hauek izanen dira: zuzendaria, mahaiburu lanetan arituko dena, eta, langile horien artetik, ikastetxean antzinatasun handiena duena eta antzinatasun txikiena duena. Azken horrek idazkari lanak eginen ditu. Honako hauek izanen dira ordezkoak:

–Zuzendariaren ordezkoa: zuzendariordea edo, ikastetxean halakorik egon ezean, ikasketaburua.

–Ikastetxean antzinatasun handiena duen AZLko langilearen ordezkoa: ikastetxean antzinatasun handiena duten langileen artean bigarrena.

–Ikastetxean antzinatasun txikiena duen AZLko langilearen ordezkoa: ikastetxean antzinatasun txikiena duten langileen artean bigarrena.

Administrazioko eta zerbitzuetako langileen sektorean hautesleak bost baino gutxiago baldin badira ez da mahai hori eratuko, eta bozketa irakasleen hauteskunde-mahaian eginen da, beste hautetsontzi batean.

V.–Hautatu beharreko ordezkariak eta hautagaien zerrendak.

1. Sektore bakoitzeko kide guztiek eskubidea dute hautesle eta hautagai izateko. Eskola komunitateko sektore bakoitzaren ordezkariak sektore horretako kideek hautatu beharko dituzte, ez beste inork. Kideren bat bi sektoretakoa bada, bietan aurkez daiteke hautagai gisa, baina sektore bateko ordezkari baino ezin izanen da izan, bi sektoreetan ordezkari izateko hautatuz gero.

2. Ikastetxe itunduetan, eskola kontseiluak honako kide hauek izanen ditu:

–Zuzendaria.

–Ikastetxeko titularraren hiru ordezkari.

–Irakasleen lau ordezkari.

–Ikasleen gurasoen hiru ordezkari, bai eta legez eratuta dagoen eta ordezkaritza handiena duen guraso elkarteko ordezkari bat ere.

–Ikasleen bi ordezkari, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen ikasmailatik aurrerakoak.

–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat (AZL).

Ikastetxeko eskola kontseilua eratuta, horrek pertsona bat izendatuko du gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasun benetakoa eta eraginkorra bultzatzeko hezkuntza neurriak susta ditzan.

3. Ikastetxearen jardun eremuan ordezkaritza handiena duen enpresaburuen erakundeak proposaturiko ordezkari bat sartzen ahalko da eskola kontseiluan, hitza duela baina botorik ez, baldin eta ikastetxean 300 ikasle baino gehiago izan eta gutxienez ere bi lanbide arlo ematen badira, edo ikastetxeko ikasleen %25 gutxienez Lanbide Heziketako ikasketetan ari badira.

4. Hezkuntza Bereziko berariazko ikastetxeetan eta Hezkuntza Bereziko unitateak dauzkatenetan hezkuntza-arreta osagarriko langileen (HAOL) ordezkari bat ere izanen da eskola kontseiluko kide.

5. Ikastetxe itundu sortu berriak direnetan eta eskola kontseilua lehenbiziko aldiz eratu behar dutenetan, sektore bakoitzeko kide guztiak batera hautatuko dira. Lehenbiziko hautapenetik aurrera, eskola kontseiluaren erdia berrituko da lehenbizi, eta beste erdia gero, bi urtetik behin berritze bakoitza, ebazpen honen hurrengo puntuan xedatutakoaren arabera.

6. Eskola kontseiluaren zati bat berritzearen ondorioetarako, kide hautetsien bi erdietako bakoitza (horietan ez dira sartzen ikastetxean ordezkaritza handiena duen guraso elkartearen ordezkaria edo horren ordezkoa eta ikastetxearen jardun eremuan ordezkaritza handiena duen enpresaburuen erakundearen ordezkaria) honela eratuko da, ebazpen honen eranskinean azaltzen den moduan:

a) Lehenbiziko erdia:

–Ikastetxeko titularraren bi ordezkari

–Irakasleen bi ordezkari

–Gurasoen ordezkari bat

–Ikasleen ordezkari bat, DBHko 1. mailatik aurrerakoa

–Hezkuntza-arreta osagarriko langileen (HAOL) ordezkari bat, halakorik bada.

b) Bigarren erdia:

–Ikastetxeko titularraren ordezkari bat

–Irakasleen bi ordezkari

–Gurasoen bi ordezkari

–Ikasleen ordezkari bat, DBHko 1. mailatik aurrerakoa

–Administrazioko eta zerbitzuetako langileen (AZL) ordezkari bat.

7. Bi urtez behin berrituko dira, txandaka, lehen erdia eta bigarren erdia, ebazpen honen aurreko atalean haietako bakoitzerako ezarritako eraketarekin bat.

8. Hautagaitza hauteskunde batzordeari zuzendutako idazki baten bidez aurkeztuko da; hautagaiak idazki hori sinatu beharko du, eta, horrekin batera, NANaren edo agiri baliokidearen fotokopia aurkeztuko du.

9. Hautagai zerrendak onartzeko epea 2020ko azaroaren 10etik 16ra izanen da, eta hauteskunde batzordeak hurrengo egun baliodunean argitaratuko du hautagaien behin-behineko zerrenda.

Hautagai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendaren kontra, erreklamazioa jartzen ahal da hura argitaratu eta hurrengo egun baliodunean. Hauteskunde batzordeak hurrengo bi egun baliodunetan ebatziko du, eta hautagaien behin betiko zerrenda argitaratuko du hurrengo egun baliodunean. Hartzen den erabakiaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean; errekurtsoa jarrita ere, prozesua ez da etenen.

10. Sektore batean aurkeztutako hautagai kopurua berritu beharreko ordezkarien kopuruarekin alderatuz gero berbera edo txikiagoa bada, hauteskunde batzordeak besterik gabe aldarrikatuko ditu aurkeztu diren hautagaiak.

VI.–Bozketa prozesua.

1. Hauteskunde batzordeak ezartzen dituen egunetan eginen dira eskola kontseiluetako sektoreen ordezkarien hauteskundeak, betiere 2020ko azaroaren 23tik abenduaren 9ra bitarte, biak barne.

Bozkatzeko orduak hautesleen parte-hartzea errazteko moduan ezarriko dira. Bozketa zuzenekoa izanen da, sekretua eta eskuordetu ezinekoa.

2. Hauteskunde batzordeak berariazko boto-paper ereduak finkatzen ahal ditu. Boto-paper horietan hautagaien izenak agertuko dira, lehenbiziko deituraren arabera alfabetikoki sailkatuak. Gurasoen edo ikasleen sektoreetan hautagai-zerrenda bat baino gehiago izanez gero, hautagai bakoitzaren izenaren azpian beren elkartearen edo erakundearen izena agertuko da. Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto-emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan edo laukitxoetan, kasuan-kasuan, botoa zein hautagairentzat den adierazteko.

3. Bozkatzerakoan, hautesleek beren nortasuna frogatu beharko dute NANa edo agiri baliokide bat aurkeztuz, eta ez da botoa ematerik izanen hauteskunde-mahaian behar den frogagiria aurkeztu gabe.

4. Irakasleen ordezkariak hautatzeko, zuzendariak klaustro berezi baterako deia eginen du, hauteskunde-mahaia eratu dadin eta irakasleen ordezkariak hautatzeko bozketa egin dadin.

Irakasle bakoitzak gehienez hiru izen jarriko ditu bere boto-paperean, bete beharreko postuak lau badira; bi izen, hiru badira, eta izen bakarra, ordezkari bat edo bi aukeratu behar direnean.

5. Gurasoen sektoreko ordezkariak hautatzeko, bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde-mahaia eratuko da.

Guraso bakoitzak gehienez bi izen jarriko ditu bere boto-paperean, bete beharreko postuak hiru badira, eta izen bakarra, ordezkari bat edo bi aukeratu behar direnean.

Ikastetxeak baimena ematen ahalko du gurasoek posta bidez bozkatu dezaten, ikastetxean bertaratu gabe. Batzordeak ezarriko du zein egun eta ordutan bozkatu daitekeen posta bidez. Bi gutun-azal erabiliko dira: kanpokoan, izen-deiturak eta NANaren edo beste nortasun agiri ofizial baten zenbakia agertuko dira, eta hartan sartuko dira NANaren edo bestelako nortasun agiri ofizialaren fotokopia eta bigarren gutun-azala. Bigarrenaren barnean boto-papera sartuko da. Postaz bozkatzen duten hautesleek gutun-azal bikoitza hauteskunde batzordeak horretarako zehaztuko duen postontzian sartuko dute. Aldez aurretik, hautesleek eskubide hori erabiltzeko behar den dokumentazioa eskatuko diote hauteskunde batzordeari. Hauteskunde batzordeak gorde eginen ditu bozketa ixteko ezarritako ordua baino lehen posta bidez jasotako botoak, eta une horretan hauteskunde-mahaiari emanen dizkio. Hortik aurrera jasotzen diren botoak ez dira zenbatuko. Halaber, botoa bertaratuta eman dutenek postontzian ere botorik eman badute, postontziko boto horiek ere ez dira zenbatuko.

6. Ikasleen sektoreko ordezkariak hautatzeko (DBHko 1. mailatik aurrera), bozketa prozesua zuzenduko duen hauteskunde-mahaia eratuko da.

Ikasle bakoitzak, DBHko 1. mailatik aurrera, izen bakar bat adieraziko du boto-paperean.

7. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkaria hautatzeko, boto-emaile bakoitzak izen bakar bat adieraziko du boto-paperean.

8. Hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkaria hautatzeko bozketa irakasleen sektorearen hauteskunde-mahaian eginen da, beste hautestontzi batean. Hautesle bakoitzak hautagai bakarrari emanen dio botoa. Hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkaria eskola kontseiluko lehen erdiko parte izanen da, eta kargua utziko du hautatutako erdi horri dagokion epea bukatutakoan.

VII.–Postu hutsak betetzea.

1. Ebazpen honen I.2 puntuan ezarritakoari jarraikiz, zuzendariak hauteskundeetarako deia egiten ahalko du sektore bakoitzean diren postu hutsak betetzeko, erdi batean edo bietan, baldin eta postu hutsak ordezkoen zerrendaren bitartez betetzerik izan ez bada.

Postu hutsak esleitzeko orduan, agintaldi luzeena duen kide ordeztuaren postu hutsa esleituko zaio boto gehien bildu dituen hautagaiari.

Hautatzen diren ordezkarien agintaldia sektore bakoitzean ordeztutakoaren agintaldiak bukatu behar zuen egun berean bukatuko da.

2. Bi erdietako bat berritu behar duten ikastetxeek berritze prozesu hau bera erabiliko dute beste erdiko postu hutsak betetzeko, hala egokitzen denean.

Hala gertatuz gero, sektore bakoitzean boto gehien eskuratzen duten hautagaiei berritzen ari den erdiko postuak esleituko zaizkie, eta hurrengoek beste erdiko postu hutsak beteko dituzte. Azken ordezkari horien agintaldia sektore bakoitzean ordeztutakoen agintaldiak bukatu behar zuen egun berean bukatuko da.

3. Sektore bateko hautagaien kopurua bi erdietan bete beharreko postu hutsen kopurua adinakoa bada, hauteskunde batzordeak zehaztuko du erdi bati edo besteari esleitzeko prozedura.

VIII.–Botoak zenbatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea.

1. Hauteskunde-ekitaldietako bakoitzean, mahaia, bozketa bukatu eta gero, botoen zenbaketa egiten hasiko da.

Botoak baliogabetzeko irizpide orokorrez gainera (edukikoak eta formakoak), batzordeak ereduren bat onartzen badu boto-paperetarako, beste eredu batean ematen diren botoek ere ez dute baliorik izanen.

Gurasoen sektorean, botoen zenbaketa honela eginen da:

–Alderatuko dira, banan-banan, botoa postontzi bidez eman duten boto-emaileak eta bertaratu direnak.

–Botoa bertaratuta ere eman duten boto-emaileen kanpoko gutun-azalak (oraindik itxita daudenak) bereizi eta indarrik gabe utziko dira.

–Postontziko gainerako botoak, hau da, botoa bertaratuta eman ez dutenenak, bozketa presentzialean erabili den hautetsontzira sartuko dira, kanpoko gutun-azalak eduki behar duen dokumentazio guztia duela baieztatu eta gero.

–Botoak zenbatuko dira.

Botoak jendaurreko ekitaldian zenbatu ondotik, mahaikide guztiek sinatu beharreko akta eginen da, datu hauek bildu beharko dituena: aurkeztutako hautagaien zerrenda eta bakoitzak lortutako boto kopurua, eskola kontseiluko kide izateko aukeratuen zerrenda eta gerta daitezkeen postu hutsak betetzeko ordezkoen zerrenda, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta. Hauteskunde-mahai bakoitzak ikastetxeko hauteskunde batzordeari igorriko dio akta, hautetsien aldarrikapena egin dezan.

2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, hauteskunde-mahaiak zozketa bidez eginen du hautaketa. Hauteskunde batzordeari igortzen zaion aktan horren berri emanen da.

3. Hauteskunde batzordeak, mahaiek botoen zenbaketa eta aktak egin ondotik, hautetsien aldarrikapena eginen du. Batzordearen erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeko burua den aldetik, ebazpen honen eranskina igorri beharko du, beterik, Hezkuntza Departamentuko Ikasketak Antolatzeko Atalera (ordenacion.academica@navarra.es), sektore guztietako bozketak bukatu eta bost egun balioduneko epean, gehienez ere.

IX.–Kide izendatuak.

1. Hauteskunde batzordeak eskola kontseiluko kide izateko ordezkaria izenda dezala eskatuko dio ikastetxean ordezkaritza handiena duen eta legez eratua den guraso elkarteari, bai eta ikastetxearen jardun eremuan ordezkaritza handiena duen enpresaburuen erakundeari ere, halakorik dagoenean.

2. Guraso elkarteak aukeratzen duen ordezkariak ikasleen gurasoen hautesle-erroldan agertu beharko du. Haren kargualdia bi urtekoa izanen da, hau da, eskola kontseiluko erdietako bat berritzen den bakoitzean hura ere berrituko da, eta ikasleen guraso hautetsiek kargua uzteko ezarri diren kasu berberetan utzi beharko du berak ere kargua, eta, horretaz gainera, baita izendatzen duen guraso elkarteak erabakitzen duenean ere.

3. Ordezkaritza handiena duen guraso elkartea izanen da hautesle-erroldak onartzen diren egunean elkarteko kide diren familia kopuru handiena duena, guraso elkartearen idazkariak aurkeztu beharreko ziurtagirian adierazten denaren arabera. Hauteskunde batzordeak edozein unetan eska dezake egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztutako datuak egiazkoak direla frogatzeko.

4. Ikasleen guraso elkarteak izendaturiko ordezkariak kargualdia amaitu baino lehen uzten badu kargua, elkarteak beste ordezkari bat izendatu beharko du, aurrekoaren kargualdia amaitzeko falta den denbora horretan aritu dadin. Bi hilabeteko epean izendapenik egiten ez bada, gurasoen sektoreko ordezkoen zerrendan postua lortu ez zutenen artean boto gehien eskuratu zuen hautagaiak hartuko du postu hori, eskola kontseiluaren zati baten berritzea egin arte.

5. Ikastetxearen jardun eremuan ordezkaritza handiena duen enpresaburuen erakundeak izendatzen duen ordezkariaren kargualdia bi urtekoa izanen da, hau da, eskola kontseiluaren erdietako bat berritzean hura ere berrituko da. Ordezkari hori kargutik kentzen ahalko da hura izendatu zuen enpresaburuen erakundeak edo ikastetxeko titularrak hala erabakiz gero.

X.–Eskola kontseilua eratzea.

1. Hautetsiak aldarrikatzen direnetik hasi eta hamar eguneko epean, zuzendariak eskola kontseilua eratzeko bilkurarako deia eginen du.

2. Eskola kontseiluaren eraketa baliozkoa izanen da nahiz eta ikastetxeko eskola komunitateko sektoreren batek ordezkariak hautatu gabe izan, hari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik.

XI.–Prozesua bateratzea.

Uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 54. artikuluko 4. apartatuan xedatutakoa kontuan harturik, maila edo etapa bat baino gehiago duten ikastetxe itunduetan eskola kontseilu bakarra eratzen ahalko da; horrelako kasuetan, zuzendari eta irakasle klaustro bakarra izanen dute ikastetxe osorako.

XII.–Prozesuaren bermea.

1. Ikastetxe itunduetako titularrak, zuzendariak eta hauteskunde batzordeak hauteskunde prozedura antolatzeaz arduratuko dira, hezkuntza komunitateko sektore guztiek parte hartu ahal izateko bide egokienak emanez.

2. Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, ikastetxeetako zuzendariek eta hauteskunde batzordeek behar diren neurriak hartuko dituzte ikastetxeetako eskola kontseiluak behar bezala eratu daitezen; orobat, bermatuko dute kasuan kasuko prozesuetan eskola komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela, horretarako erraztasunak emanez.

3. Eskola kontseiluak eratu ondoren, ikasturtean zehar gertatzen diren aldaketa guztiak Hezkuntza Departamentuari jakinarazi beharko zaizkio. Eskola kontseiluko kide hautetsiak aldatuz gero, jakinarazpena egiteko, Ikasketak Antolatzeko Atalari igorri beharko zaizkio (ordenacion.academica@navarra.es) eraketa berria eta ordezkoen zerrenda, kasua bada (ebazpen honen eranskineko 1., 5b eta 6. apartatuak). Eskola kontseiluko kide ez-hautetsiak aldatzen direnean, aski izanen da jakinaraztea zer kide ateratzen den eta zein sartzen.

Bigarrena.–Ebazpen honen eta beronen eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.

Laugarrena.–Ebazpen honek eta dagokion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, 2020ko urriaren 9an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

Eskola kontseiluak hautatzea, haien zati bat berritzea edo sektoreak osatzea ikastetxe itunduetan (2020-2021) (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2011998