260. ALDIZKARIA - 2020ko azaroaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

219/2020 EBAZPENA, urriaren 14koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdia onesten baita erizain espezialista (Familiako eta Komunitateko Erizaintza) izateko 2 lanpostu huts merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

Abenduaren 12ko 100/2018 Foru Dekretuaren bidez, 2018ko lan publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen osasun arloko langileentzat, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Osasun Departamentuko Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako. Lan eskaintza hori Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorren gaineko uztailaren 3ko 6/2018 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokio.

Ikusirik Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko buruak egin duen proposamena merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzeko erizain espezialisten (Familiako eta Komunitateko Erizaintza) 2 lanpostu huts.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoa sortu eta haren estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 63/2012 Foru Dekretua aldatzen duen urriaren 14ko 242/2015 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea, merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatze bitartez betetzeko erizain espezialisten (Familiako eta Komunitateko Erizaintza) 2 lanpostu huts, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

2. Deialdiaren testua onestea, ebazpen honen eranskin gisa ageri dena.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeko 126.1. c) eta 126.3 artikuluetan xedaturikoarekin bat.

Iruñean, 2020ko urriaren 14an.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, M. Ángeles Nuin Villanueva.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honek arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio:

–11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duena.

–347/1993 Foru Dekretua, azaroaren 22koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko arauak ematen dituena.

–103/2017 Foru Dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

–110/2011 Foru Agindua, irailaren 19koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arautzen baitira aplikatu beharreko merezimendu baremoak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, salbu osasun arloko A mailako langileei (A.1 eta A.2 estamentuak).

–Gainerako arau osagarriak.

1.2. Deialdiaren ondoriozko egintzak bitarteko hauek erabiliz argitaratuko dira:

–Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Argitalpen hau ofiziala izanen da.

–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (aurrerantzean NOPLOI) iragarki-taulan (Leire kalea, 15. 31003, Iruña). Argitalpen hau ofiziala izanen da.

–O-NOZko enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu), honako hau aukeratuz: “Lekualdatze lehiaketa” esteka, “Deialdiak”, “Familiako eta Komunitateko Erizaintzako erizain espezialista (2018ko LEPa)”. Argitalpen hau informatiboa izanen da.

1.3. Deialdi honen xedea da erizain espezialisten (Familiako eta Komunitateko Erizaintza) 2 lanpostu huts merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez betetzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren NOPLOIn; lanpostuok 71422 eta 71423 zenbakiak dituzte plantilla organikoan (euskarazko B2 jakite-maila), eta destinoa, Iruñean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan.

1.4. Merezimendu-lehiaketa bidezko deialdi honetan sartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barreneko lekualdatze lehiaketa eta Estatuko lekualdatze lehiaketa.

Estatuko lekualdatze lehiaketan, Nafarroako Foru Komunitateko eremuan egiten den merezimendu-lehiaketaren ondorioz sortu eta LPEan sartutako lanpostu hutsetatik %10 eskainiko dira, zenbaki osotara ekarrita. Bestalde, Foru Administrazioan egindako merezimendu-lehiaketaren ondoriozko soberakinen kopurua hamar baino txikiagoa bada, kontuan hartuko da lanpostu hutsen kopuru hori hurrengo deialdien ondorioetarako, eta dagokion proportzioan eskainiko dira Estatuko lekualdatze lehiaketan, bakar-bakarrik, metatutako lanpostu hutsak 10 baino gehiago badira.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuz, 2 lanpostu betetzeko deia egiten da lan publikoaren eskaintzaren barruan. Aurretik, 0 lanpostu daudenez metatuak, lekualdatze lehiaketa honetan ez da lanposturik eskaintzen Estatuaren esparrurako, eta 2 lanpostu geldituko dira metatuak hurrengo deialdietarako.

1.5. Deialdi honen xede den lanpostu eskaintza aurrerago handitzen ahalko da, honako hauek gehitzen ahalko baitira: epaimahaiak zer egunetan igortzen dion lehiakideen zerrenda –lorturiko puntuen hurrenkeraren araberakoa– organo deitzaileari, egun horretan hutsik dauden lanpostuak.

1.6. Lehiaketa honen barrenean lanpostu hauek sartzen dira: hasieratik deialdian iragartzen diren lanpostuak eta lekualdatze-lehiaketa honetan beste lanpostu bat eskuratzen dutenek hutsik uzten dituztenak, betiere NOPLOIren plantillakoak badira.

Hala badagokio, aurreko atalean aipatutako lanpostuak ere sartuko dira deialdian. Kasu horretan, Osasun Sistema Nazionaleko plantillako langile finkoek lanpostu horiek hautatzen ahalko dituzte, bakar-bakarrik, lanpostu hutsak lan publikoaren eskaintzan sarturik badaude.

Dena den, izangaiek lekualdatze lehiaketan beste lanpostu bat lortu ondoren uzten dituzten lanpostu hutsak bete beharrekoak ez badira, dela “iraungitzeko” lanpostuak direlako, dela titularrek nahiz ordezkoek benetan betetzen ez dituztelako, ez dira eskainiko.

1.7. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa. Aurreikuspen hori ez zaie aplikatuko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lanaldi partzialean diharduten langile finkoei. Izan ere, langile horiek, lanaldi osoko lanpostu bat hartzearekin batera, funtzionario izaera eskuratuko dute. Funtzionarioen araubideko edo estatutupeko langileek, merezimendu lehiaketa bidezko lekualdatzearen bitartez, aukera izanen dute lanaldi partzialeko lan araubideko lanpostu bat eskuratzeko. Kasu horretan, borondatezko eszedentziara igaroko dira, funtzionario edo estatutupeko langile gisa.

Lekualdatze lehiaketaren bidez Osasun Sistema Nazionaletik NOPLOIra pasatzen diren langileek aukera izanen dute Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionario bihurtu eta bertako Langileen Estatutuan sartzeko, eta bi hilabeteko epea izanen dute aukera horretaz baliatzeko, lanpostuaz jabetu eta biharamunetik hasita, abenduaren 29ko 717/2003 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

1.8. Deialdi honetan lanpostua eskuratzen duten funtzionarioek, estatutupeko langileek edo lan kontratudun finkoek unean uneko xedapenen arabera dagozkien lansariak jasoko dituzte.

1.9. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

1.10. Lehiatuz gero euskaraz jakitea nahitaezko baldintza duten lanpostu elebidunetarako, eskatutako euskara maila frogatu beharko da, eta, horretarako, aurkeztu beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera behar den mailari dagokion titulua edo ziurtagiria, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat (ebazpen hori 2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 27koan).

1.11. Behar diren hautaprobak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoetatik edozeinetan euskara edo Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakin beharra duten lanpostuetan 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera sartu direnek, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten norberaren administrazio publikoko lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

2.–Betebeharrak.

2.1. Merezimendu-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langile izatea, zein diren ere haren araubide juridikoa eta egoera administratiboa.

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langile funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finkoa izatea, B maila edo taldekoa.

b) “Osasun arloko diplomadunak” estamentuko eta “Familiako eta Komunitateko Erizaintza” espezialitateko lanpostu batean aritzeko izendatuak izatea (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide zehatza arautzen duenak, eranskinean agertzen duen estamentu eta espezialitateetako izendapenen sailkapen indarduna).

c) Jarraikiz Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legeari, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Baldintza hori frogatzeko, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan arautzen den Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiak emandako ziurtagiri negatibo bat aurkeztu beharko da, edo NOPLOIri baimena eman ziurtagiri hori Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari eska diezaion.

2.1.2. Osasun Sistema Nazionaleko langileak:

a) Osasun Sistema Nazionaleko plantillako langile finkoa izatea, eta hartan jardunean aritzea edo lanpostua erreserbatua izatea.

b) Lehiaketan parte hartzen duen unean daukan lanpostuan urtebeteko zerbitzualdia egina izatea lanpostuaren jabe izanda, deialdi honetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileentzat 2.1.1.b) eta c) ataletan aipatzen diren baldintzak betetzea.

2.2. Parte hartzen duten pertsona guztiek, jardunean ez beste egoera batean badaude, frogatu beharko dute deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean jardunean hasteko legezko eta erregelamenduzko baldintzak betetzen dituztela.

2.3. Azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera euskarazko jakite maila zehatz bat frogatzeko betebeharra duten eta arau bidez ezarrita dauden lanpostu elebidunak eskuratu nahi izanez gero, jakite maila hori 1.10 oinarrian adierazitakoaren arabera egiaztatuko da.

2.4. Eskabidea aurkezten den unean bete beharko dira baldintzak, eta horien jabe izan prozedura osoan, lanpostua esleitzen den arte.

2.5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileak, lanpostu-erreserbarik gabeko eszedentzia egoeran badaude, jardunera itzultzen ahalko dira lekualdatze lehiaketa honetan parte hartuz.

2.6. Beren estamentu eta espezialitateko lanpostu huts bati atxikita behin-behinekoz itzuli direnek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze lehiaketa honetara, behin betiko destinoa esleitzearen ondorioetarako, eta ezin izanen diote destino horri uko egin.

3.–Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

3.1. Izena ematea eta merezimenduak aurkeztea.

Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek izena emateko eskaera telematika bidez aurkeztu beharko dute www.empleosalud.navarra.es/eu web-orriaren bidez, esteka honetan: “Lekualdatze-lehiaketa”, “Osasun arloko kategoriak”, “Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua”, “Familiako eta Komunitateko Erizaintzako erizain espezialista (2018ko LPEa)” hautatuz.

Merezimenduak ere telematika bidez aurkeztu beharko dira, goian adierazitako web-orriaren bidez eta deialdiaren baremoan zehaztutako atalei jarraikiz.

Honako merezimendu hauek ez dira aurkeztu beharko, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren eskura jarri, baremazioa egin dezan:

–Nafarroako Gobernu osoan egindako zerbitzuak.

–Web-orriaren bidez izangaiei erakusten zaizkienak, aurreko deialdiren batean baloratuak izateagatik NOPLOIren deialdien datu basean daudelako.

3.2. Baldintzak betetzen direla frogatzea.

1. Lehenago frogatu ez bada, 2.1.1.c) atalean eskatzen den baldintza frogatzen ahalko da NOPLOIri baimena emanez (horretarako, parte hartzeko eskabidean dagoen atala beteko da) edo bide telematiko beretik dagokion ziurtagiria bidaliz.

2. Euskara jakitearen betebeharra, hala bada, egoki den titulu ofizialaren bidez frogatu beharko da.

3. Estatuko lekualdatzearen bidez parte hartzen duten langileek deialdiaren 2.1.2 oinarrian eskatzen diren betebeharren frogagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera, horretarako ere prozedura telematiko bera erabiliz.

3.3. Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dira, eta lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezteko epearen barruan igorri, telematika bidez.

4.–Onartuen eta baztertuen zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea amaiturik, NOPLOIko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko buruak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko, ohartaraziz hurrengo bost egun balioduneko epean izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituztela, eta, hala behar izanez gero, akatsak zuzendu. Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta horien gainean ebazpena emanda dagoela, Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko buruak izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kide hauek osatuko dute lehiaketa honetako epaimahaia:

Epaimahaiburua: Mª José Pérez Jarauta andrea. NOPLOIko Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Eva Ardanaz Aicua andrea, NOPLOIko Gizarte Osasunaren Behatokiaren Ataleko burua.

Epaimahaikidea: NOPLOIko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Ordezko epaimahaikidea: NOPLOIko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Epaimahaikide-idazkaria: Miguel Garatea Crelgo jauna, Nafarroako NOPLOIko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko burua.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Emilia Luna Goñi andrea, NOPLOIko Profesionalen Ataleko burua.

Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera osatuko eta argitaratuko da epaimahaiko kideen zerrenda.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

5.4. Onartuen behin betiko zerrendan izangai bakarra badago, deialdia egin duen organoak deialdi honen 8. oinarria aplikatuko du zuzenean. Beraz, ez da beharrezkoa izanen epaimahaia eratzea, ezta jardutea ere.

6.–Merezimenduen kalifikazioa.

6.1. Epaimahaiak deialdi honen I. eranskineko baremoaren arabera baloratuko ditu izangaiek aurkeztutako merezimenduak. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arteko merezimenduak baloratuko dira, eta ez geroago lortutakoak.

6.2. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostuak “Osasun arloko diplomadunak” estamentuan eta “Familiako eta Komunitateko Erizantza” espezialitatean sailkaturik daudela, estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenaren arabera (O-NOZi atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskina). Balorazioa egitean, izangaiaren lanpostuaren izena ez badator bat aipatutako eranskinean agertzen den izendapenarekin, tratamendu bera emanen zaio, baldin eta, deialdian iragarritako lanpostuekin alderatuta, titulazio bera eskatu bazen, sartzeko probak berdinak izan baziren, eta eginkizunak, antzekoak.

Egindako zerbitzuak frogatzeko, aurkeztu beharko dira zentroko zuzendariak edo langileriaren buruak egindako ziurtagiriak, eta bertan nahitaez datu hauek jarri:

–Lantokia.

–Estamentua eta/edo espezialitatea.

–Zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera, guztira zenbat egun diren zehaztuta.

6.3. Epaimahaiak ez du behin ere onartuko alegatu ez den merezimendurik, edo jatorrizko agiri baten edo fotokopia konpultsatu baten bidez frogatu ez denik.

7.–Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa.

Epaimahaiak lehiatzaile guztien merezimenduen kalifikazioa eginen du. Ondoren, lehiatzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko du NOPLOIren iragarki-taulan (Leire kalea 15, Iruña) eta web-orrian, bakoitzak guztira lortutako puntuazioa adierazita. Bi zerrenda argitaratuko dira, merezimendu lehiaketa honetan parte hartzen duen esparru bakoitzerako bat (barnekoa eta Estatukoa).

Puntuazioetan berdinduz gero, lehentasuna izanen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan lehiaketako estamentuan eta espezialitatean lanean langile finko gisa denbora gehien daramala frogatzen duen izangaiak, eta, berdinketak hala ere jarraitzen badu, izangai zaharrenak.

Izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute, zerrenda horiek argitaratzen direnetik, alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek telematika bidez eginen dira, deialdiaren web-orriaren bitartez.

Interesdunek aurkezten dituzten alegazioak ebatzi ondoren, kalifikazio epaimahaiak merezimenduen behin betiko balorazioa argitaratuko du, oinarri honetan adierazitako moduan eta aipatutako hedabideen bitartez.

8.–Lanpostu hutsak aukeratzea.

8.1. Merezimendu-lehiaketa bidezko lekualdatzea honako kasu hauetan erabiltzen ahalko da langileak beren borondatez mugitzeko prozedura gisa:

a) Langileen atxikipen zentro batetik bestera igarotzeko, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 1.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

b) Lanaldi arrunt edo osoa duen lanpostu batetik lanaldi partziala duen lanpostu batera joateko eta alderantziz.

8.2. Hona hemen jarraitu beharreko prozedura:

a) Lanpostuak aukeratu aurretik, aukeratzen ahal diren zentroen zerrenda (edo, hala badagokio, lanpostuena) jarriko da parte hartzaileen eskura, hasieran iragarritakoak eta lekualdatzearen ondoriozkoak sartuta. Informazio hori jendaurrean jarriko da, NOPLOIren iragarki-taulan eta web-orrian.

b) Parte-hartzaileek telematika bidez eginen dituzte eskaerak 10 egun balioduneko epean, baremoaren behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik aurrera. Horretarako, web-orrian, deialdiaren fitxan adierazitako estekara jo beharko dute, eta lehentasun ordenaren arabera aipatuko dute zer lanpostu eta/edo zentro nahi duten, bai hasierakoak bai gerora sortutakoak.

c) Parte-hartzaile guztiek eginen dute eskaera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen barreneko lekualdatze-lehiaketakoak edo Estatuko lekualdatze-lehiaketakoak izan.

d) Estatuko lekualdatze lehiaketako izangaiek NOPLOIko plantillakoak diren eta LPEari lotuta dauden lanpostuak bakarrik edukiko dituzte aktibatuta hautatzeko.

e) Organo deitzaileak puntuazio ordenari eta ezarri diren gainerako irizpideei jarraikiz eginen du lanpostuak hautatu eta esleitzeko egintza.

Hautatzeko orduan, kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eremuko izangaiek lehentasuna dutela Estatuko lekualdatze prozesuko izangaien aldean.

f) Emaitzari buruzko informazioa NOPLOIren iragarki-taulan eta web-orrian agertuko da.

Lanpostu huts bat hautatzeak berekin dakar izangaiak esleitzen zaion lanpostua berariaz onartzea, eta ezin izanen dio uko egin.

8.3. Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako epean lanpostua aukeratzen ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xede diren lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

8.4. Lanpostu hutsak hautatzeko ezarritako epean, Estatuko lekualdatze prozesuko izangaiek beren oraingo administrazio egoera azaltzeko ziurtagiria aurkeztu beharko dute NOPLOIko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuan, kasuan kasuko jatorrizko administrazioak luzatua.

9.–Lanpostuak esleitzea eta betetzea.

9.1. Organo eskudunak, behar den ebazpenaren bitartez, lehiaketan eskuratutako lanpostuak esleituko dizkie lehiatzaileei, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du. Argitalpen horrek interesdunei egin beharreko jakinarazpena ordeztuko du urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.

Unitate organiko batean aldi baterako beteta dauden ezaugarri bereko lanpostu hutsen kopurua handiagoa bada unitate horretan lanpostua eskatu duten izangaiena baino, deialdiaren xedeko lanpostu batean denbora gehien kontrataturik daraman langilearen lanpostua esleituko da, zein den ere plantillan lanpostu horri dagokion zenbakia eta, kasua bada, lehiatzaileak egindako hautaketa.

9.2. Lehiatzaileek hamar egun naturaleko epea izanen dute lanpostuaren jabetza hartzeko, lanpostua esleitzeko ebazpena jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita. Dena den, izendatutako izangai asko izateagatik eta administrazio eraginkortasunerako beste arrazoi batzuengatik egokia denean, deialdia egin duen organoak lanpostuaren jabetza hartzeko egun jakin bat finkatzen ahalko du.

9.3. Esleipenaren gainean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada, eta horren ondorioz deialdia edo merezimendu lehiaketaren garapena edo ebazpena aurkaratzen bada, jabetza-hartzea ez da irmo bilakatuko, eta errekurtso horiek administrazio bidean edo administrazioarekiko auzien jurisdikzioan izaten duten ebazpenaren baldintzapean geldituko da.

10.–Errekurtsoak.

Administrazio bidea amaitzen ez duen deialdi honen kontra, eta deialdiko oinarri eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Legearen 126.1. c) eta 126.3 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Kalifikazio epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra (zeinek ez baitute administrazio bidea amaitzen) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, NOPLOIko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.2 artikuluarekin bat etorriz.

I. ERANSKINA

Baremazioa

1. atala.–Egindako zerbitzuak.

Honako hauek baloratuko dira:

1.1. Lehiaketaren xedeko estamentu eta espezialitatean edozein administrazio publikotako zentroetan egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 2 puntu.

1.2. Edozein administrazio publikotan, beste estamentu eta/edo espezialitate batean egindako zerbitzuak. Urte bakoitzeko, 0,3 puntu.

1.3. Egoiliar gisa edo egonaldia bitartean egindako zerbitzuak: Urte bakoitzeko, 0,9 puntu.

Egindako zerbitzu gisa hartuko dira funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finko gisa egindako zerbitzuak, baita aldi baterako egindakoak ere.

Ondorio horietarako, egindako zerbitzuak kalkulatzean, jarraikiko zaie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako zerbitzuen aitorpenari buruz ezarrita dauden irizpideei.

Egindako zerbitzuek urte natural oso bat hartzen ez badute, kontratuaren hasiera-egunaren eta bukaera-egunaren arabera dagokion puntuazio proportzionala esleituko da, egindako lanaldi mota edozein dela ere.

Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

Zerbitzu eginkizunetan edo goragoko kategoria batean egindako lanak benetan egin direneko lanpostuan eginak bezala kontatuko dira.

Zerbitzu berezietako egoeran egindako zerbitzuak jatorrizko lanpostuan eginak balira bezala kontatuko dira.

Atal honetan, guztira, 50 puntu emanen dira gehienez.

2. atala.–Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak.

Atal honetako merezimenduak baloratuko dira aukeratu nahi den lanpostuarekin zerikusia baldin badute, eta kontuan harturik azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoa, horren bidez arautu baitzen nola sartu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta nola bete bertako lanpostuak.

2.3, 2.5 eta 2.6 azpiatalei dagokienez, komunikazioak, txostenak eta argitalpenak baloratuko dira, ikerketa-lan beraren gainekoak badira ere, eta puntuazio horiek bateragarriak izanen dira.

Akta-liburuetan edo “abstract” direlakoetan egiten diren txostenak, posterrak eta komunikazioak ez dira argitalpentzat hartuko.

2.1. Hirugarren zikloko edo graduatu ondoko ikasketak:

a) Ikerkuntzako masterra edo ikertzeko nahikotasuna/Ikasketa aurreratuen diploma edo unibertsitateko aditua: 2 puntu.

b) Doktore gradua: 5 puntu.

c) Cum laude: 2 puntu gehituko dira.

Atal honetako a) eta b) letretan jasotako puntuazioak bateraezinak dira.

2.2. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan ikasle gisa parte hartzea. Ikasketa kreditu bakoitzeko, 0,10 puntu.

Ikastaroaren egiaztapena ordutan egiten bada, kreditu bat kontatuko da hamar orduko. Egiaztagirian orduak eta kredituak agertzen badira, ikastaroa baloratzeko, kredituak hartuko dira aintzat.

Ziurtagirian jardueraren iraupena ageri ez bada, ez da baloratuko; ikaslea ikasturte osoan aritu dela agertzen bada, 12 kreditu kontatuko dira.

Zatikiak hainbanatuko dira.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloko eta informatikako prestakuntza baloratuko da.

Atal honetan, erakunde antolatzailearen gaineko betekizunak betetzen ez dituzten prestakuntza ekintzak ere baloratuko dira, baldin eta Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean espresuki sartzen dira sindikatuek “Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen” barrenean antolatuak.

Titulu ofizialak ez dira merezimendu gisa baloratuko.

Osasun zientzietako espezialistek ikasle egoiliar gisa egindako prestakuntzaldiko orduak ez dira atal honetan kontatuko.

Gehienez ere 7 puntu emanen dira.

2.3. Biltzarretan, jardunaldietan edo bilkura zientifikoetan idatzizko txostenak, afixak edo komunikazioak aurkeztea:

–Nazioartean: Lehen hiru sinatzaileak: 0,2 puntu. Hurrengo hirurak: 0,1 puntu.

–Estatuan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,1 puntu. Hurrengo hirurak: 0,05 puntu.

–Autonomia erkidegoan: Lehen hiru sinatzaileak: 0,05 puntu. Hurrengo hirurak: 0,025 puntu.

Baloratu ahal izateko, sinatzailearen ordena agertu beharko da.

Ahozko komunikazioak ez dira baloratuko haien idatzizko onarpena ere aurkezten ez bada, ez eta mahai-inguruetan parte hartu izana ere.

Gehienez ere 5 puntu emanen dira.

2.4. Administrazioen edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea:

–Nazioartean: 1 puntu.

–Estatuan: 0,5 puntu.

–Autonomia erkidegoan: 0,3 puntu.

Lan zientifikoagatik edo ikerketa lanagatik emandako bekaren edo sariaren jasotzailea baizik ez da baloratuko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.5. Lanak ISSNa duten aldizkari espezializatuetan argitaratzea. Lehen hiru sinatzaileak: 0,3 puntu. Hurrengo hirurak: 0,15 puntu.

Gehienez ere 5 puntu emanen dira.

2.6. ISBNa duten liburu zientifikoetan laguntzaile gisa agertzea: 0,3 puntu argitaratutako liburu bakoitzeko.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.7. Irakasle lana:

a) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo egiaztatutako prestakuntza jardueretan: 10 orduko: 0,2 puntu.

Iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak ez dira baloratuko.

Baremoko b) atalean adierazitako irakasle lana ez da atal honetan baloratuko.

Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

b) Irakasle lana honelako eremu hauetan: osasun laguntzako praktiken tutore edo koordinatzaile gisa, osasun laguntzako praktiken irakasle koordinatzaile gisa, irakasle kliniko elkartu gisa, irakasle elkartu gisa, unibertsitateko ikastaroetako, masterretako edo adituen tutore gisa, osasun laguntzako praktiketako kolaboratzaile gisa eta langile egoiliarren tutore eta irakasle kolaboratzaile gisa. Ikasturte oso bakoitzeko: 0,25 puntu.

Ziurtagiriaren arabera ikasturte osoa frogatua ez badago, egindako denborari dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Gehienez ere 3 puntu emanen dira.

2.8. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak diren aldetik: hizkuntza bakoitzeko, 5 puntu gehienez.

Gaitasun agiririk edo balio bereko titulurik izan ezean, dagokion puntuazio proportzionala emanen da.

Tituluak eta ziurtagiriak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira. Maila horiek jasotzen dira Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean, horren bidez ezarri baitziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, jarraikiz Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

2.9. Izangaiek, 2.2 azpiataletik 2.7 azpiatalera bitartean ezarritakoari jarraikiz egokitzen zaien puntuazioaren ordez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aitortua duten lanbide karreraren mailari dagokion puntuazioa aukeratzen ahalko dute, honen arabera:

0. maila: 0 puntu.

I. maila: 15 puntu.

II. maila: 25 puntu.

III. maila: 40 puntu.

IV. maila: 50 puntu.

Honako atal honengatik gehienez ere 50 puntu emanen dira.

3. atala.–Euskaraz jakitearen balorazioa.

Euskaraz jakitearen balorazioa eginen da jarraikiz azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan xedatutakoari. Foru dekretu horren bidez arautu zen euskararen erabilera Nafarroako Administrazio Publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan.

Iragarkiaren kodea: F2012028